2026-10-01
HomeEkintza PolitikoaProzesu historiko baten emaitza izan den Greba Feminista Orokorraren arrakastaren ondoren, erantzukizunen...

Prozesu historiko baten emaitza izan den Greba Feminista Orokorraren arrakastaren ondoren, erantzukizunen ordua heldu da: zaintza sistema publikoa, orain!

Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren ondoren, agerraldi bana egin dugu Gasteizen (EAEko Lehendakaritzan) eta Iruñean (Nafarroako Gobernuan), atzoko egunaren balorazioa egin eta hemendik aurrerako bidearen berri emateko. Zaintzaren inguruko Herri Akordioa lantzeko bidean, bilera bana eskatu diegu Hego Euskal Herriko instituzio nagusiei.

Agerraldietan aurkeztutako irakurketa:

Greba egun historikoa, prozesu historikoa. Orain erantzukizunak: Zaintza sistema publikoa orain.

Zorionak Euskal Herriko txoko ezberdinetan kaleak hartu genituen guztioi. Zorionak Mugimendu Feministari, beste behin ere kaleak hartzeko, proposamen integralak egiteko eta antolatzeko dugun gaitasuna erakutsi dugulako. Zorionak ere, prozesura batutako eragile soziosindikalei, bidea elkarrekin egin dugu eta azaroaren 30eko egun historikoa lanerako eta parte hartzeko apustuari esker atera genuen aurrera. Berriz diogu, biba gu!

Behin eta berriro errepikatu dugu greba eguna garrantzitsua zela, baina are garrantzitsuagoa dela prozesua. Askotariko lanek elkartu gaituzte: asanbladak sortu, zeudenak mantendu, aliantza berriak josi, batez ere etxeko eta zaintza langileekin, zaintza eskubide kolektiboaren aldeko aldarria sozializatu, orain arte gai honekin iritsi gabeko sektoreetara iritsi, Mugimendu Feministatik egindako proposamenak gizonekin partekatu eta elkarlanerako espazioak sortu, erantzukizuna exijitu, hurrengo pausoak erabaki… amaigabea da zerrenda.

Hau guztia hasi genuenean, argi genioen sistema hau sostengaitza zela. Zaintza lanak feminizatuak, arrazializatuak, merkantilizatuak eta pribatizatuak egoteari uztea urgentea zela. Horiei aurre egiteko antolatu eta mekanismoak martxan jarri behar genituela argi genuen. Eta ari gara, helburu horiek betetze bidean lanean ari gara.

Atzoko eguna ere horren baitan kokatzen dugu. Gainera, bagenekien, GREBA FEMINISTA OROKORRAREN kontzeptua berria zela, eta ez zela erraza izango hori antolatzea, baina lortu dugu! Borroka molde berriak eta greban parte hartzeko modu berriak asmatu ditugu. Grebaren betiko iruditegia irauli dugu.

Izan ere, greba egitearen erabakia hartu genuenean, jakitun ginen hasieratik hutsune bat izango genuela. Jakitun ginen zaintza langile askok ezingo zutela egun osoko lan-uzterik egin, greba egiteko eskubidea urratzen zaielako. Kontraesan horren aurrean, greba egiteko modu ezberdinak bilatzeko bideak asmatu ditugu. Zaintza eta etxeko langileen elkarteetatik forma berriak proposatu dira. Egoteko forma politizatuz, beraz, hein batean lortu dugu prozesu aberasgarriago bat izatea, nahiz eta aurrera begira ere, bide luzea dugun egiteko.

Bestalde enpleguaren eremuari dagokionean, jarraipen eta babes handia izan zuen atzoko greba egunak. Aipatzekoa da zaintza eredu hau eraldatzearen beharra Euskal Herriko lan zentro gehien gehienetara iritsi dela: 1.500 komitetik gora atxikitu dira, piketeak egin ziren eremu eta sektore askotan, industriagune asko kolapsatuta egon ziren eta jarraipena zabala izan da:

Zaintzaren eremuan gehiegizko zerbitzu minimoen eragina agerikoa izan zen, baina horren gainetik jarduera ez normalizatua lortu zen, eta lanean aritu ziren emakume askok grebaren aldekotasuna adierazi zuten. Zahar egoitzetan eta eguneko zentroetan, zerbitzu minimoek guztiz baldintzatu dute, hala ere,  greba egin zezaketen langileen artean % 90ek baino gehiagok egin zuten greba. Etxez etxeko laguntzan ere greba egiteko eskubidea dutenen artean, jarraipen zabala izan zuen.

Hezkuntzan, EAEko eskola publikoetan, haurreskoletan eta Ikastoletan jarraipen handia jaso genuen, %70-75 bueltan, baita Nafarroako Ikastoletan ere, %90tik gora. Komunikabide ezberdinetan ere inzidentzia garrantzitsua izan zen, EITBn esaterako.

Salatzea ere, beste behin ere Osakidetzako milaka langileri greba eskubidea ukatu zietela.

Aipatzea, garraio publikoan izandako jarraipena, Eusko Tren eta Metron, zerbitzu minimoak bakarrik aritu ziren eta. Azkenik, industriari dagokionez, Gipuzkoan nabaritu zen gehien, enpresa garrantzitsuak itxita, baina baita Bizkaiko zonalde batzuetan ere, adibidez Durangaldean.

Greba honen beste erronketako bat, gizonen parte hartzea izan da. Esan beharra dugu gizon batzuek hartu dutela gaiarekiko ardura, eta asanbladetan eta kalean zegokien posiziotik aritu direla. Hala ere, beste askok ez dute hala egin. Eta gaurkoan ere atzoko mezu bera helarazi nahi diegu: hartu dagokizuen ardura!

Azkenik, grebako manifestazioetan esan bezala, euskal gobernuei zuzentzen gatzaizkie. Gaurkoan, greba egun historikoaren hurrengo egunean, EAEko Lehendakaritza aurrean eta Nafar Gobernuaren aurrean elkartu gara:, Gasteizen eta Iruñean. Eskakizun argi bat dugu zuentzat: mahai intersektorial bat sustatu dezazuela. Sektore anitzez osatutako lan eta eztabaida mahai bat. Honen osaketaren nondik norakoez, egin dugun Herri Akordioaz eta aurrera begirako pausuen gainean hitz egiteko, lehen bilera eskaera bat egin dizuegu.

Laster erantzun bat jasotzeko esperoan amaitzen dugu gaurko agerraldi hau.

Greba Feminista Orokorrarekin ez zen ezer amaitu. Orain herriz herri sortutako su txikiak piztuta mantentzea dagokigu. Aurrera begira ere zaintza eskubide kolektiboaren alde eta zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde lanean jarraituko dugu. Badugu zer asmatu, zer irabazi, zer sortu eta mantendu. Aldi berean mobilizazio berriak antolatuko ditugu eta Herri Akordioan sakontzen jarraituko dugu.

Gora borroka feminista!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.