2024-04-25
HomeEkintza PolitikoaIndarrez abiatu da Greba Feminista Orokorra

Indarrez abiatu da Greba Feminista Orokorra

Greba eguna goizetik hasi dugu Euskal Herriko hamaika txokotan. Gauerdian kazeroladak eta txapligoak entzun ditugu, goizaldean dultzaineroak ere ikusi ditugu kaleetan barrena. Ondotik, piketeetan elkartu gara. Greba feminista orokor honetan, lantokiak hustu eta kaleak hartzeko helburua dugu. Herri eta auzoetako Greba Komiteetatik antolatutako ehundaka mobilizazio hasi ditugu jada, errepideak hartuta, bideak itxita, gosariak prestatzen eta pikete informatiboekin.

Aldi berean, lanuzteetatik harago doan deialdia dela azpimarratu nahi dugu. Zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitza sostengatzeko, baina ez dute dagokien aitortzarik, ez politikoki, ez ekonomikoki ezta sozialki ere. Grebak izango duen eraginari ikuspegi zabalagoarekin begiratuko diogu gaur, bizitza sostengatzeko lanetan ari diren guzti horietan arreta jarriz. Hemen paradoxa batekin aurkitzen gara, zaintza lanetan ari direlako, greba eskubiderik ez dutelako edo gehiegizko zerbitzuak inposatu zaizkielako, greba egin ezin duten emakume horiek ez direla greba egin dutenen datuetan kontabilizatuko.

Horregatik guztiagatik, eguerdian, beste horrenbeste mobilizazio eta ekimen egingo ditugu herriz herri. Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen, etxeko eta zaintza langileen kolektiboetatik koordinatutako ekimenak egingo dira, zaintza langileen aldarrikapenak lehen lerrora ekarriz. Iruñan 12:30ean, Diputazioaren aurrean elkartuko gara, Donostian 12:30ean, udaletxetik mobilizazioa eta ekintza ezberdinak egingo ditugu, Gasteizen 13:00etan mobilizazioa egingo dugu Zumaquera Kaleko Lanbidetik hasita, eta Bilbon goizeko mobilizazio nagusiak, 12.00etan Udaletxearen aurrean eta ondoren 13:00etan Extranjeria aurrean egingo dira.

Egun osoko mobilizazioetara batzeko deia zabaltzen dugu, zaintza zerbitzuen pribatizazioa salatu, zaintza langileen egoera kolapsatuekiko ardura exijitu, sistema publikoaren alde egin eta zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatzeko.

Sektore publikoan

Zerbitzu publikoetan, lehen ordu hauetan ditugun datuak kontutan hartuz, grebaren jarraipena esanguratsua izaten ari da.

Horren adibide:

Komunikabideei dagokionez, EITB taldean grebaren jarraipena zabala izaten ari da, eta honela irrati eta telebista publikoan gutxienezko zerbitzuak baino ez daude martxan; informatiboak bakarrik ari dira emititzen. ETBn ez da programarik grabatuko, eta soilik informatiboak eta grabatutako programazioa dago. Horretaz gain Gara, Berria, Hamaika Telebista, Argia aldizkaria, Hala Bedi Irratia, Pikara Magazine eta eskualdeetako Hitzak greban daude.

Garraio publiko ez pribatizatuan ere, Eusko Tren eta Metron adibidez grebaren jarraipena, oso zabala izaten ari da, zerbitzu minimoak bakarrik lan egiten ari direlarik.

Hezkuntzan, lehen orduko datuak kontuan hartzen baditugu, hezkuntza publiko ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan, greba egiteko eskubidea dutenen artean grebak jarraipen zabala izango duela dirudi. Hezkuntza publikoan dauden 600 ikastetxeetan izango du lan uzteak eragina.

Sukalde eta garbiketan jarraipena oso zabala izango dela dirudi, eta sukalde asko itxita egongo dira . Haurreskoletan jarraipena ere zabala izango da.

Unibertsitatean ere grebak babes zabala izango du. Kanpusetan jarduera ia geratuta egongo da.

Itundutako ikastetxetan ere jarraipen zabal izango du, ikastola gehienek ateak itxiko dituztelarik , eta gainerako zentroetan jarraipena garrantzitsua izango da, lurralde eta eskualdeka desberdina izanik.

Udal esparruan ere, Grebaren jarraipena zabala izango dela dirudi, batik bat Gipuzkoan, non ia udal guztiek oso modu orokortuan bat egin duten grebarekin, bai zuzenean kontratatutako langileak, baita azpikontratatutako langileak ere. Aurreko egunetan egindako bozketetan greabrekin bat egin baitute, besteak beste, Irura, Anoeta, Mutriku, Aretxabaleta, Azpeitia, Ordizia, Oñati, Arrasate, Orio, Urretxu, Tolosa, Bergara eta Beasaingo udaletako langileak.

Bizkaian eta Araban ere jarraipen zabala espero da.

Gizarte Ongizate zerbitzuetan eta osasungintzan, ezarritako zerbitzu minimoak guztiz baldintzatuko dute grebaren jarraipena. Milaka langileri greba eskubidea ukatu egin zaie, zerbitzu askotan, zerbitzu minimoak %100ekoak direlarik. Adibidez, gaueko txandetan, ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan. EAG edo emergentzitako langileei ere 100 % zerbitzu minimoak ezarri zaizkie.

Osasungintzari dagokionez, lehen arretan grebak jarraipen zabalagoa izango du anbulategi batzuk itxita egongo direlarik.

Zahar egoitza eta eguneko zentroetan, zerbitzu minimoek guztiz baldintzatuko dute grebaren eragina . Gehiegizkoak izateaz gain, zahar egoitza gehienetan dauden egoilarrak dependentzia handiko graduak direnez greba egitea ia ezinezko egiten du, adibidez, 55 langileko zahar egoitza batean bostek besterik ezingo dute greba egin. Hori horrela, greba egin zezaketen langileen artean grebak jarraipen zabala izan du.

Etxez etxeko laguntzan ere greba egiteko eskubidea dutenen artean, jarraipen zabal izango duela dirudi.

Grebak jarraipen handia izan du industrian, batez ere Gipuzkoan.

Herrialde horretan, langile askok greba egitea erabaki dute, batzarretan bozkatu ondoren. Erabat geldirik dago ekoizpena honako enpresa hauetan: Indar (Beasain), Arcelor Mittal (Bergara), CIE Automotive, GKN edo Bellota (hirurak Legazpikoak), Polmetasa (Arrasate), Mondragon Assembly (Arrasate), Natra Zahor (Oñati), SNA Europe (Irun), Sammic (Azpeitia), Jose Maria Mendiola (Andoain), Kelsen (Zizurkil), IAT (Urnieta) eta Niessen (Oiartzun), besteak beste. Jarraipena oso handia izaten ari da Beasaingo eta Irungo CAF enpresetan.

Metroaren eta AHTren lanak ere geldirik daude Gipuzkoan. Errepideen mantentze-lanen plantilletan, gutxieneko zerbitzuen %100a ezartzeak grebaren jarraipen normalizatua eragozten du.

Bizkaian, grebak eragin berezia du Lea Artibaiko eta Durangaldeko industrian. Microdeco edo AKT Plásticos bezalako enpresek jarduera eten dute. Intzidentzia Bizkaia osoan ere nabaritu da, Kadaguako Lucart taldekoak bezalako enpresekin eta Cementos Lemonarekin


Araban ere greba egiten ari dira. Gasteizen, DHL eta Ferrovial bezalako enpresetan izandako eragina nabarmendu behar dugu, geldialdi handiak izanik industria-ingurune osoan. Aiaraldean, grebaren eragina berezia izaten ari da, Amurrio Ferrocarriles, JEZ Sistemas edo Artiach bezalako enpresetan.


Nafarroan, industria-sektoreko grebaren jarraipena desberdina izan da, eta eragin handiagoa izan du Iruñeko industria-ingurabideko enpresetan; izan ere, piketeak egin dira Arazuri Orkoien industrialdean eta Berrikuntzaren Hirian. Iparraldean eta Sakanan jarraipena garrantzitsuagoa izan da, Magotteaux eta Torraspapel bezalako enpresak nabarmenduz.

Sektore pribatuan:

Zerbitzu pribatuen sektorean, greba feminista orokorrak jarraipen desberdina izan du, eta intzidentzia handiagoa izan du Gipuzkoan eta Bizkaian.

Grebaren eragina, batez ere, administrazioaren azpikontratetan nabaritzen ari da, hala nola,

kiroldegietan (Bilboko, Erandioko edo Barakaldoko kiroldegiak), eskola-jantokietan (Berangoko ikastetxea, Atxuriko ikastetxea, Ermuko Anaitasuna, Algortako Zabala ikastetxea, etab.), lorezaintzan (Basauriko lorezaintza), garbiketan (Basauriko udala, Sarrikokoa edo Bilboko Artxandarte ikastola) eta abar.

Nafarroan, grebak jarraipen handia izan du sektore feminizatuetan, hala nola garbiketan eta eskola-jantokietan. Bertan, Ausolagun enpresan izandako eragina nabarmendu dute. Ausolagun sektoreko enpresa handiena da Nafarroan.

Grebak jarraipena izan du merkataritzaren sektorean ere, ehungintzan eta oinetakoetan bereziki, Tendamen eta H & M-ren jarraipena nabarmendu da. Elikagaien merkataritzaren arloan ere, Eroskin eragin nabarmena izan du grebak. Batez bestekotik gorako jarraipena duten beste sektore batzuk kirol- eta kultura-kudeaketakoak eta Iruñeko Udaleko berdeguneak mantentzeko azpikontratatutako enpresak dira.

Azalera handietako zentroetan jarraipena nabarmendu dezakegu (Alcampo eta abar). Gipuzkoan, halaber, grebaren jarraipena altua izaten ari da hotel esanguratsu batzuetan, azpikontratatutako garbikuntzan (Elgoibarreko Meka Lanbide eskolako garbitzaileak, Bergarako Ipintza BHI ikastetxekoak edota Azpeitiako IES Urola ikastetxekoak) edo lorezaintzan (ad: Hondarribikoa) eta polikiroldegietan (Hondarribiko Polikiroldegia ad. Itxita egongo da).

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.