2026-01-10
Blog Page 226

Nekane Olalde: “Emakumeon* lana ikusgarri egin behar da”

Maiatzaren 28a da Emakumeen* Osasunaren Nazioarteko Eguna. Testuinguru honetan, LABek emakumeok* osasunerako eta lan osasunerako dugun eskubidea aldarrikatzen du. Sektore feminizatuetako emakume* langileoi ahotsa emateko helburuarekin Nekane Olalde elkarrizketatu dugu. Ermuako Abeletxe egoitzako gerokultorea da eta 14 urte daramatza honetan lanean. Sektore feminizatuetako lan osasunaren egoera “penagarria” dela adierazi arren, borrokarako eta gauzak aldatzeko determinazioa erakusten ditu.

Zein da zuen egoera lan osasunaren aldetik? Ze arazo daukazue?

Abeletxen beti izan da larria egoera, beti ibil gara eskas. Denetariko arazoak ditugu, hezurretakoak, psikosozialak… Tratu txar psikologikoak egiten dizkigute eta horrek oso estres handia sortzen digu. Gutxienekoekin ari gara lanean eta egoera penagarria da.

Nola gauzatzen da tratu txarra?

Badakit hitz potoloa dela, niri inork ez dit muturreko bat ematen, ez da fisikoa, baina ez dituzte bajak estaltzen, ez ordu sindikalak, ez eszedentziak ez ezer. Beti ari garenez gutxienekoekin lanean, honek esfortzu gehigarri bat egitera behartzen gaitu, %200era egin behar dugu lana, eta estres handia eragiten digu honek. Nik neuk bihotzeko bai izan nuen ia 2017an. Gauez lan egiten dut eta bakarrik egoten naiz 33 egoiliar artatzeko, eta dena zure gain dago.

Ez da bakarrik ahalegin fisikoa, baita eskumuturrak, bizkarrezurra… Bajan dauden lankideak ditut estresagatik, arazo muskulu-eskeletikoengatik, antsietateagatik. Gainera, zigortu egiten gaituzte gure lana uste duten bezala ez egiteagatik, eta horrek estres handiagoa sortzen du. Beti zaude beldurrez. Beste kontu bat da mutulitateek egiten dutena, beti ukatzen baitute osasun-arazoak lanak sortutakoak direla.

Eta nola aurre egiten diezue egoera horiei?

Enpresaren aurkako etengabeko borroka da. Bizitza osoa ematen dugu garabiek edo orga beroek funtziona dezaten eskatzen, bajan dagoen jendea, ordu sindikalak edo eszedentziak ordezkatzeko eskatzen; bestela, ezin da lana aurrera atera. Beldur handia dago, emakumeak* gara denok, langile migrante asko dago, 800 euroko alokairua ordaindu behar duena gure 1.100 euroko soldatekin, lanaldiaren % 50 edo 33ko kontratuekin (azken horiek dira ohikoenak Abeletxen). Damoklesen ezpata buru gainean dugula egin behar dugu lan. Gainera, materiala egoera txarrean dago. Lau garabi ditugu eta ez dabil bat ere. Eta enpresa beti ibiltzen da materialarekin zuhurkerian, merkeena eta kalitate eskasenekoa erosten dute.

Oraindik ere lan eremuan asko dago egiteko?

Bai. 23 asteko haurdun zegoen lankide bati baja ukatu zioten, eta hori gure lana fisikoa dela batez ere. Beste lankide batek 7 hilabeteko umekia galdu zuen sukaldeko orga batek sabelean jo zuenean. Adibidez, sindikatuaren lan-osasuneko ikastaroan 40 kiloko kutxa bat lurretik nola altxatu azaldu ziguten, baina nik nahi dut norbaitek azal diezadala nola mugitu 100 kilo pisatzera irits daitekeen adineko bat. Planteamendua industrian oinarritzen da, gehienbat gizonek lan egiten duten sektoreetan.

Lan arriskuen prebentziorako politika publiko eta pribatuetan generoaren ikuspegia falta dela uste duzu?

Erabat, orain arte ikusezinak izan baikara. Nik menopausia daukat, hezurretan deskaltzifikazioa eta beste sintoma batzuk sortarazten dizkidana. Eta inork ez du horretan pentsatu. Niri esaten didate 67 urte eta 4 hilabete bete arte lan egin behar dudala. Zuk uste duzu ni adin horretara arte egon naitekeela lanean hezurrak ditudan bezala edukita? Egin al da horri buruzko baloraziorik? Lan-arriskuen legea metalerako eta gizonentzat egina dago, ez feminizatutako beste sektore askotarako eta emakumeontzat*. Sexu-jazarpenaren kasuan, ez dugu egoiliarren balizko jazarpen-egoeren aurrean babesteko mekanismorik. Emakumeongan* eta sektore feminizatuetan ere pentsatzen hasi behar dugu.

10 urtean, emakumeon* laneko gaixotasunak % 44 gehitu dira eta hori aitortutakoak baino ez dira, badakigulako askoz gehiago direla. Gaixotasun profesional gehienak ez daude aitortuak. Ondorio fisikoetaz gain, arrisku psikosozialak ere badaude?

Abeletxen, arrisku psikosozialek eragiten duten bajen % 40, eta iraupen luzeeneko bajak arrisku hauek eragindakoak dira. Badaukat lankide bat etxera joaten zela gaizki egindako lan baten sentsazioarekin, eta horrek gainditu egiten zuen. Erakundeek tratu txarrak ematen dizkiete egoiliarrei, eta hori modu askotara gerta daiteke, adibidez, egoiliar bati esaten diogunean oraindik ezin duela komunera joan, ezin dugulako eraman daukagun lan-zamagatik.

Horretaz gain, askotan emakumeon* gain gelditzen dira zaintza lan gehienak, lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak sortuz. Horrek, gure ongizatean, gorputzetan eta osasunetan eragin negatiboak dakartza.

Lanaldi bikoitza dugu. Gaur egun dena pixka bat hobetu bada ere, normalean emakumeok* gara etxea eramaten dugunak. Lanera noanean saiatzen naiz etxeko arazoak atean uzten, guztiarekin sartzen banaiz, asko kostatzen baitzait. Eta egoitzatik atera eta etxera noanean laneko kontuak bertan uzten saiatzen naiz. Erabat estresatzen zaituen lan bikoitza da. Denbora guztian % 200 ematen egon behar dugu, eta zenbat denboran eutsi ahal diogu % 200 emanez? Gure osasunaren kontura egiten dugu guzti hori. Lehen goiz eta arratsaldez lan egiten nuen, eta gauez hasi nintzen lanean, lana ez zedin hain estresagarria izan niretzat. Pertsonekin lan egiten dugunez, lana etxera eramaten dugu, eta gure akatsek eroriko edo kolpe txarren bat eragin diezaiekete.

Zein da egoera honen aurrean aldarrikatzen duzuena?

Lan-osasunaren arloan, emakumeok* ez gara esistitzen. Arriskuen ebaluazioak emakumeon* gaixotasunak ere kontuan hartuta eguneratu beharko lirateke. Gurea bezalako sektoreetan ez dago aitortutako laneko gaixotasunen zerrendarik, are gehiago, mutualitatera zoaz eta artrosiarekin jaio zarela esaten dizute. Eta galdetzen duzu ia hori ez ote den lanaren ondorioz izango. Geure burua erakutsi behar dugu. Arriskuen ebaluazioak egiteko irizpideak eguneratu behar dira, emakumeok normalean egiten ditugun lanak kontuan hartuta: jendaurrekoak, zaintza-lanak…

Gizartea hasi da gu ikusten. Abeletxen 3 gizon eta 121 emakume* ari gara lanean, eta haien aldagela gurea baino handiagoak da ia. Emakume* langileok agerikoagoak izan behar dugu, eta kontuan hartu behar dira emakumeen adinak sortutako egoerak, hala nola menopausia. Ez gaituzte kontuan hartzen, adibidez, maskara lantoki guztietatik kendu da, baina guk harekin lanean jarraitzen dugu.

Lan osasunean ikuspegi feminista behar dela aldarrikatu dugu

Gaur, Emakumeen* Osasunaren Nazioarteko Egunean, lan osasunean begirada feminista txertatzearen beharra aldarrikatu dugu. Izan ere, gaur-gaurkoz ez dago genero ikuspegirik lan arriskuen prebentziorako politiketan.

LAB sindikatuaren irakurketa osoa hemen:

Lan osasuna ikuspegi feministatik ulertzeak esan nahi du segurtasun eta higiene arrisku klasikoetatik harajo joatea, sexuaren araberako lan banaketaren ondorioak gure ongizatean, gorputzetan eta osasunean dituen eragin negatiboak kontuan hartzea eta sektore feminizatuetako gaixotasun profesionalak aitortzea; hala nola, aitortu gabeko zaintza lanei lotutako arrisku psikosozial guztiak.

Hamar urtean emakumeen* lan gaixotasunak %44 handitu dira, datuen arabera, baina errealitatea gordinagoa da, emakumeek* bizi duten prekaritate egoeragatik eta Mutua Patronalek ukatu egiten baitute patologiek lanarekin zerikusia dutenik.

Lantoki osasungarriak lortzetik eta emakumeen+ osasunaren berezitasunak kontuan hartzetik oso urrun gaude oraindik. Horregatik, lan osasuna ikuspegi feministatik ulertzeko unea dela aldarrikatu dugu, baita lan osasunean prebentzio praktika eraginkorrak behar ditugula ere.

Lan-hitzarmenaren negoziazioan aurrera egitearen aldeko mobilizazioak iragarri ditugu Michelin Gasteizen

Datorren astean protesta ekimenak eta grebak egingo dira, enpresak mahaitik altxatzea erabaki baitu negoziazioa oraindik amaitu ez denean.

Aldarrikapen nagusiak dira, alde batetik, KPIari lotutako soldata berreskuratzea eta bermatzea, hau da, erosteko ahalmena galdu gabe. Gainera, langileek lanaldia murriztea eta Team Building delakoa kentzea eskatu dute. Azkenik, diru-sarreren soldata kentzea ere aldarrikatzen dute.

Horregatik guztiagatik, maiatzaren 30ean elkarretaratze bat egingo da ate nagusian, 13:00etatik 14:30era. Egun horretan bertan, arratsaldean, manifestazioa egingo da Gasteizko kaleetan barrena, 18:30ean Bilbo plazatik abiatuta.

Aurreikusitako greba-egutegiari dagokionez, txandaka antolatuko da, eta lanuzteak maiatzaren 31n eta ekainaren 2an, 3an eta 5ean egingo dira.

Gipuzkoako kiroldegien hitzarmenean aurreakordioa #LortuDugu

Sektorea erregulatzea dakar akordioak, lan baldintzak nabarmen duindu eta eskalekin amaituz: soldata igoera garrantzitsuak lortu dira eta urteko lanaldia 96 ordu jaitsiko da.

Hitzarmenik gabe 10 urte baino gehiago eman ondoren, LABek, sektoreko sindikatu nagusiak, aurreakordioa erdietsi du Gipuzkoako kiroldegien hitzarmena berritzeko. Sektoreko langileen lan-baldintzak duintzeaz gain, sektoreko hitzarmen kolektiborik ez egotearen ondorioz sortu diren eskala bikoitzekin eta hirukoitzekin amaitzen duen hitzarmena da. Hauek dira aurreakordioaren gai nagusiak:

  • Indarraldia: 2023-2027.
  • Ultraktibitatea: mugagabea. Behin indarraldia amaituta, hitzarmena aplikatzen jarraituko da hura ordezkatuko duen beste hitzarmen bat sinatu arte.
  • Soldatak:
    – 2023: 2012ko kiroldegien hitzarmeneko soldata-taulekiko % 12ko igoera.
    – 2024, 2025, 2026 eta 2027. urteetarako, aurreko urteko KPIaren araberako igoerak.
  • Urteko lanaldia: 1592 ordu (astean 35 ordu). 96 orduko murrizketa.
  • Konpentsazio ekonomikoa: 2024-01-01etik aurrera hitzarmena aplikatzen hasten zaien langile guztiek igarotako urte bakoitzeko KPIren pareko ordainsaria jasoko dute.
  • Gainerako puntuak: kiroldegien aurreko hitzarmeneko artikuluei eutsiko zaie.

Hauteskunde sindikalek agertoki berria ireki dute Gipuzkoako kiroldegietan: 2013an, LABek %28ko ordezkaritza zuen sektorean, 7 ordezkarirekin; 2023an, %50 lortu du, eta 28 ordezkari. Indar korrelazioa aldatu eta gehiengoa lortuta, LABek sektoreko hitzarmenaren negoziazioa sustatu du — ELAren zentrokako estrategia gaindituz— hitzarmen sektoriala delako kiroldegietako langile guztien lan-baldintzak hobetzeko tresnarik eraginkorrena.

Sektoreko langileek LABengan jarri duten konfiantza eskertu eta egindako borroka txalotu nahi du sindikatuak.

Lizarrako Ospitaleko gerentea berehala kargutik kentzea eskatu dugu, esklusibotasuneko praktika txarrei kasurik ez egiteagatik

Atzo jakin bezala, Nafarroako Ustelkeriaren Aurkako eta Jardunbide Egokien Bulegoak egiaztatu du Osasunbideko esklusibotasunean zenbait praktika txarren “zantzu argiak” daudela. Praktika txar horiek, adibidez, Garcia Orcoyen Ospitaleko zerbitzuburu bati eragiten diote zuzenean, baina ospitaleko gerenteak, Yolanda Montenegrok, ez ikusiarena egin du eta, horregatik, eskatu dugu hura berehala kentzeko kargutik.

Legegintzaldiaren hasieratik salatu dugu Lizarrako osasun barrutian egiten ari den kudeaketa txarra: zerbitzuburuen dimisio orokorrak, bat-bateko obrak, etxeko ospitalizazioa ixteko ahalegina, Tuterako espezialistengana bideratzea… Eta arazo horien guztien aurrean Osasun Departamentuak ez du inolako ekintza zuzentzailerik egin, eta Lizarrako osasun barrutiko profesionalen lan-baldintzen prekarizazioa ekarri du, eta, horrekin batera, herritarrentzako arretaren eta irisgarritasunaren kalitatea okertu da.

LAB sindikatuan oso argi daukagu gerentzia honen helburua arreta publikoa kentzea eta oztopatzea dela, interes pribatizatzaileak sustatuz eta Lizarrako osasun barrutiak behar bezala funtziona ez dezan lan giro deserosoa sortuz.

Behin baino gehiagotan eskatu diogu zuzendaritzari zerbitzuburuaren egoera zuzentzeko, esklusibotasunaren kobrantza, zerbitzuburutzarekin eta kontsulta pribatuko jarduerarekin bateratzen baitzuen. Jakina, zaku zulatuan erori izan da eskaera hori. Arlo guztietan eragina duten praktika txar horiek Sindikatu Medikoak esklusibotasuna kentzeko eta praktika horiek arautzeko egindako eskaeraren ondorio dira.

LABetik, Lizarrako osasun barrutiko lehen indar sindikal gisa, berehalako neurriak eskatzen ditugu pribatizazioa sustatzen duten, “praktika txarrak” ezkutatu eta errazten dituzten eta lan-egoera onartezinak sortzen dituzten agenteak kentzeko. Arlo publikoaren defentsan langileok, herritarrek eta eragile politikoek fronte argi eta komuna egin behar dugu.

Hezkuntza Departamentuak sindikatuekin eginiko bilera antzuak kritikatu ditugu, hauteskundeei begira bere burua zuritzeko baino ez baititu erabili

LAB sindikatuak irmo kritikatu du Carlos Gimenok gidatzen duen Hezkuntza Departamentuak ez duela legealdi honetan inolako interesik izan Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Ituna betetzeko eta horretan aurrera egiteko. Departamentuak berandu deitu zuen lehen bilera, sindikatuon mobilizazioen bezperatan deitu izan ditu bilerak, eta bilera horietan inoiz ez ditu bete gabeko puntuak betetzeko konpromisorik hartu nahi izan Ituna aurreko Gobernuak sinatu zuelako aitzakia erabilita.

Sindikatuok behin eta berriz Hezkuntza Itunaren Jarraipen Batzordea elkartzea eskatu ondoren, joan den otsailaren 8an Hezkuntza Departamentuak dei egin zien, lehen aldiz 2022-2023 ikasturtean, otsailaren 13an -Nafarroako Foru Administrazio osoan deitutako grebaren bezperan- bilera batera joateko. Batzorde horretan ez zen ezustekorik izan, Nafarroako Gobernuak eta, zehazki, Hezkuntza Departamentuak berriz ere adierazi zuen itun hori ez zela berea, aurreko Nafarroako Gobernuak sinatu zuela eta ez zegoela aurrekontuan jasota. Beraz, haren ustez eta erabakiz, ezin ziren aplikatu irakaskuntza publikoan kalitate hobeko zerbitzua ematea ahalbidetuko zuten hobekuntzak.

Martxoaren 27an, Hezkuntza Departamentuak jokaldi bera errepikatu zuen. Hezkuntza Itunaren Jarraipen Batzordea deitu zuen apirilaren 3ko Hezkuntzako grebaren bezperan. Orduko hartan puntu bakarra egon zen gai-zerrendan, “ANPE aferak” izenekoa; lotsagarria, tratatuko ziren puntuak Itunak jasotzen dituen bete gabeko puntuak izanik. Deialdiari erantsitako dokumentuak 13 puntu zituen, eta ia bat ere ezin zen negoziatu aurrekonturik ez omen zegoelako. Hezkuntza Departamentuak lantalde batzuk sortzeko aukera baino ez zuen proposatu. Edukirik gabeko bilera hori Hezkuntza Departamentuak prentsari sindikatuokin lortutako lorpen eta ustezko itun gisa saldu zion, maiatzaren 28an egingo diren hauteskundeei begira, noski.

Maiatzean, Foru Administrazioko hauteskunde sindikalen eta Parlamentuko hauteskundeen garaian, sindikatuok hiru lantaldetara deitu gaitu Departamentuak. Hala, Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko akordioak negoziatzen eta horietan aurrera egiten ari diren itxura egiten dute, baina errealitatea da benetan ez dutela Hezkuntzan inbertitu nahi, horretarako Nafarroako Gobernuaren etorkizuneko osaeraren ziurgabetasunean babestuta.

Ikusteko dago datorren legegintzaldian Gobernuan eta Hezkuntza Departamentuan nor egongo den talde horietan egindako lanari jarraipena emateko. Baina ziurta daitekeen gauza bakarra da legegintzaldi honetan Hezkuntza Departamentuak ez duela inolako interesik agertu Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Ituna betetzeko eta horretan aurrera egiteko, eta, beraz, segur aski, lantalde horietan ematen ari den denbora alferrikakoa izango dela eta, beraz, baieztatuko da Gobernuak igande honetan egingo diren Parlamenturako hauteskundeen aurrean aurpegia zuritzeko baino ez dituela baliatu.

Gasteizko tranbiako langileak greban daude gaur, enpresak inposatutako aldebakarreko aldaketak arbuiatu eta behar bezalako lan baldintzak eskatzen

Atzo, maiatzak 25, goizeko eta arratsaldeko asanbladatan bildu ziren langileak eta, kontrako botorik gabe, negoziazioekin jarraitzeko, enpresako zuzendaritzari azken proposamen bat bidaltzea erabaki zuten. Baina Euskotreneko zuzendaritzak ez dio proposamen horri erantzun ere egin. Eta hori EuskoTrenen egungo zuzendaritzak negoziatzeko duen gaitasun hutsaren erakusgarri bat besterik ez da.

Negoziazioak 2022ko irailean hasi ziren, baina ez dira bizkortu maiatzaren 26ko greba deitu arte. Bitartean, zuzendaritza honek trabak baino ez ditu jarri, apirilaren 11rako deitutako greba bat legez kanpoko greba gisa salatuz edo langileen batzarra egitea eragotziz.

Apirilaren 11n tranbia Salburuararte hedatu zenetik, Gasteizko tranbiaren gidariek zuzendaritzak inposatutako lan-txandak dituzte. Lan-txanda horiek iraupen luzea, lan-karga handia eta denbora gutxiko etenak dituztenez, estresa eta segurtasunik eza eragiten dute.

Horregatik guztiagatik, LABek babestu egiten du langileek hilaren 26ko grebari eusteko hartutako erabakia, eta etorkizuneko mobilizazioetan egoten jarraituko dugu lan-txanda duinak lortu arte, zeintzuen bidez segurtasuna bermatuko den eta, horrela, kalitatezko zerbitzua emango den.

Asuncioneko langileek borrokan jarraitzen dute hitzarmen duinaren eta ospitale berriaren bestelako eredu baten alde

Asunción klinikako langileek 3 eguneko lanuzteak eta 7 greba egun egin dituzte orain arte maiatzean, euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde borrokan.

Langileek 2021etik berritu gabe dute hitzarmena, eta urte hauetako KPIa kontuan hartuta, eros-ahalmena %12,2an galdu dute. Hitzarmen berriaren bidez lortu nahiko lukete, besteak beste, galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, KPIari erreferentzia egingo dioten soldata igoerak eta 35 orduko lan astea.

Asuncion klinikak Tolosaldeko herritarrei zerbitzu publikoa ematen die, eskualdeko ospitale bezala funtzionatzen du, eta langileek lan baldintza duinak izan behar dituzte.

Enpresak orain arte ez du erakutsi negoziatzeko benetako borondaterik, eta berriki sindikatu eta langileoi epaileak arrazoi eman digun bezala, neurrigabeko zerbitzu minimoak ezartzeko ahalegin guztiak egin ditu, greba zapuztu nahian.

Oraingo egoeran, langileak gero eta pobreagoak dira, eta honek, ezinbestean, zerbitzuaren okertzea dakar. Izan ere, langileen eta herritarren urte askotako aldarrikapenei esker Tolosan eraikiko den ospitale berriaren Plan Funtzionala ezagutu berri dugu.

Plan funtzional honek ezartzen du eraikiko den ospitalea eta eskualdean emango den osasun zerbitzua nolakoa izango den, eta azterketa zorrotzago baten faltan, honakoa salatzen dugu:

  • Ospitale berriko langileen beharrak ezartzen dituzten taulan, agertzen diren kategoria ezberdinen artean, sukalde edo garbitasuneko langilerik ez da agertzen
  • Asuncion ospitalean 333 langile daude gaur lanean, eta ospitale berriak 320,5 langile behar dituela diote, dagoeneko OSIan dauden 56 langileri beste 264,5 gehituta. Ez da esaten zer gertatuko den Asuncionekin, ezta bertan dauden langileekin ere.
  • Gaur egun Asunción klinikan ematen diren zerbitzu guztiak emateko asmorik ez daukate, plan funtzionalak ingresoa izan dezaken edozein zirujia ezabatzen baitu, besteak beste. Ez da kirofanoetaz ezer esaten. Inguruko beste eskualdetako ospitaleek dituzten zerbitzuak ere
    ez dira agertzen, obstetrizia eta larrialdi pediatrikoak adibidez.

LAB eta ELA sindikatuok salatu nahi dugu ospitale berrirako aldarrikatzen ari garen hiru ezaugarrietatik bat bera ere ez duela betetzen, eta beraz, Eusko Jaurlaritzari plana aldatu dezala eskatzen diogu. Horrez gain, igande honetako hauteskundeetatik eratorrita Tolosan eta eskualdean osatuko diren udal gobernuei ospitale berriak izan behar dituen ezaugarrien alde lan egiteko konpromisoa eskatzen diegu:
– %100ean publikoa izatea
– Zerbitzu guztiak dituena
– Gaur egun Asuncionen dauden langile guztiak bertan egotea

Lan Ikuskaritzak arrazoia eman digu eta behin-behineko 130 kontratu finko egitera behartu du CAF #LortuDugu

Joan den apirilaren 25ean, LABetik lan-ikuskaritzaren aurrean salatu genuen trenak ekoizten dituen Beasaingo CAF enpresa iruzurrezko erabilera egiten ari zela ekoizpen gorabeherengatiko behin-behineko kontratuekin.

Une honetan CAFen egiten diren behin-behineko kontratuak guztiz aurreikus daitezkeen lanak gauzatzeko dira. Hori horrela, behin-behinekotasun horren iraupena gehienez hiru hilabetekoa izan beharko litzateke (90 egun). Baina enpresak, modu arruntean, urtebeteko behin-behineko kontratuak aplikatzen ditu.

Enpresarekin gaia landu arren, ateak itxi zizkion egoera bideratzeko aukerari. Hori dela eta, CAFeko LABen sail sindikaletik lan-ikuskaritzara jo eta salaketa jarri genuen.

Azkenik, arrazoia ematen digun ebazpena jaso berri dugu. Azken egun hauetan enpresak gutxienez 130 langile finko egin behar izan ditu, eta horretaz gain, beste langile batzuen egoera ere zuzendu beharko du, horiek ere finko eginez. Horrez gain, aurrerantzean ere behin-behinekotasuna mugatuta geratuko da.

Hurrengo asteetan enpresa hitzarmenaren negoziaketari ekingo diogu CAFen. Bada, LAB sindikatuan argi daukagu ebazpen honek hurrengo hitzarmeneko enplegu politikaren negoziaketa markatuko duela.