2026-11-13
HomeIdazkaritzakOcalan askatzea eta auzi kurduarentzat konponbide politikoa eskatu ditugu

Ocalan askatzea eta auzi kurduarentzat konponbide politikoa eskatu ditugu

Gaur, urriak 10, munduko hainbat tokitan, Abdullah Ocalan lider kurduaren askatasuna eta auzi kurduarentzat konponbide politikoa aldarrikatzen ari gara. Nazioarteko hainbat sindikatuk bezala, LABek ere deialdia babestu eta kurduen aldarrikapenak bere egin ditu.

Otsailaren 24ean, LABek, ELA-k, UGT-k, CCOO-ek, ESK-ak eta STEILASek, Ocalan eta gainontzeko preso politiko kurduen aldarrikapena exijitu genuen, gatazkari irtenbide demokratikoa bilatzeko nahitaezko baldintza dela ulertzen dugulako. Modu horretan sindikatu britaniarrek abiaturiko Freedom for Öcalan kanpainara batuz.

Kurdistan geo-estrategikoki oso garrantzitsua den eskualde bat da, Mendebaldeak gaur egun gehien eskatzen dituen baliabide natural batzuk dituelarik. Eta horregatik behin eta berriz herri kurduaren errealitatea eta egoera ahaztu da, estatu propiorik gabeko munduko herririk handiena izanik.

Gatazka honetan 40.000 pertsonek bizitza galdu dute orain arte, 4.500 herri inguru ebakuatu edo erre dira, eta milioika pertsona, lurralde ezberdinetan sakabanatuta, errefuxiatu bihurtu dira. Herri kurduaren, askatasunaren eta demokraziaren aurkako erasoak, kolonialismoak eta kapitalismoak sortutako hondamendien gainean eraikiak izan direnak, gaur egun ere jarraitzen dute.

Abdullah Ocalan, 1999ko otsailean, nazioarteko inteligentzia operazio batean bahitu eta Turkiara bidali zuten. Geroztik kartzelan egon da, eta ez diote baimenik eman kanpoko munduarekin harremanik izateko. Gainera, tortura eta tratu krudel eta iraingarriak jasan izan ditu.

Ocalanen segurtasun eta ongizateagatik inoiz baino arduratuagoak gaude, azken urtetan ez dakigulako ezer bere egoerari buruz, bilerak ekiditeko diziplina neurriak ezarri dizkiotela salbu. Inork ez daki bizirik hala hilda dagoen, eta bizirik egotekotan zein egoeratan dagoen.

Ocalan auzi kurduaren konponbidean parte hartzeko eta bere ideiak garatzeko aske izango balitz, auzi kurduarentzat konponbide politikoa aurkitzea askoz ere errazagoa izango litzateke. Tamalez, Turkiako lidergo autoritarioak egoera honi sekulako beldurra dio eta nazioarteko komunitatearen babesarekin Ocalan isolamenduan mantendu dute.

Aipatutako guztiagatik, Turkiak egoera honekin behingoagatik amai dezala exijitzen dugu, nazioarteko komunitateari aldiz, egoera honekin bukatzeko beharrezkoak diren mekanismoak martxan jar ditzala.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...