2025-12-29
Blog Page 224

Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntzako langileentzat lan-baldintzak hobetzea #LortuDugu

Hezkuntzan ez dago eraldaketarik langilerik gabe. Mahai Sindikal baten beharra azpimarratu izan dugu. Prozesuaren hasieran ez da egon horretarako aukerarik. Greba eta mobilizazioek Hezkuntza Saila mugiarazi dute, harremanak izan dira sindikatuak eta Hezkuntza Sailaren artean. LABek lan eskerga egin du. Proposamen zehatzak egin ditu aldebiko horietan eta lan horrek emaitzak eman ditu.

Sindikatu guztion eskaera izan da Hezkuntza Legea langileokin eraikitzea eta Hezkuntza Sailak heldu behar izan dio eskaerari horri. Lan baldintzez nahiz hezkuntza ereduaz adostasunak erdiesteko Mahai Sindikala deitzea lortu genuen. Mahai horren bileraren gai zerrendak ez zuen zalantzarako tarte handirik uzten: langileentzat garrantzitsuak diren gaiak zeuden bertan. Baita ereduari loturiko gaiak ere, euskalduntzea, segregazioa edo doakotasuna esaterako.

Fitxategi honetan daude jasota eduki nagusiak:

LABek ez du zalantzarik izan bileran egoteko. Ulergaitza da parte hartu ez duten sindikatuen jarrera. Ulergaitza da gai horiei buruz hitz egiteko esertzeari uko egitea. Adierazi dugu harridura sortu digula sindikatu batzuen jarrerak eta arduragabekeria iruditzen zaigula aukera hori baliatu nahi ez izatea. Langileen aurrean eman beharko dituzte azalpenak.

Atzo jaso genuen proposamen idatzia eta LABen ustez, langileen lan baldintzei dagokienean eduki oso garrantzitsuak daude, oinarri egoki bat jartzea lortzen da. Eta beste gai batzuetan ere badaude aurrerapenak.

– Eta zer egingo dugu hemendik aurrera?

  • Langileei azalduko diegu zer lortu den.
  • Eduki hauek, negoziazio eremu bakoitzeko aldarrikapen zehatzagoekin batera, mahai sektorialetan garatuko ditugu hemendik aurrera. LAB bada nor horretarako, negoziazio mahai bakoitzean gehiengoak beharko dira, baina gogoratu LAB lehen indarra dela sektore publikoan eta baita ikastoletan ere. Eta noski, beharrezkoa denean ekintza sindikala aktibatu eta mobilizazioak deituko ditugu.
  • Langileek azken urteetan eros ahalmena galdu dute. Soldaten gaia ez dago akordioan. Funtzio publiko osoko langileei eragiten dien afera da eta eremu osoan landu beharrekoa, gure ustez.
  • Ekainaren 7an Legebiltzarrera joango gara, hezkuntza legea hobetzeko proposamenak eramatera, besteak beste, hurrengo puntuetan eragiteko:
    • Zioetan Euskal Autonomia Erkidegoak bere hezkuntza-sistema propioa izateko eskubidea eta gainerako lurraldeekin harremana jasotzeko.
    • Euskal Curriculumak Euskal Herriko ondare linguistiko, kultural eta soziala aintzat har dadin eta berau hezkuntza-sistemaren egiturazko bide-lerroa izateko.
  • Eskola publikoa erdigunean jartzeko neurriak zehazteko.
  • Inklusioaren aldeko neurrien eta segregazioaren kontrako neurrien inplementazioa zehaztu eta araubideak berrikusteko, kohesio sozialaren printzipioaren arabera.
  • Euskalgintzarekin elkarlana sustatuko dugu B2 maila ikasle guztiek eskuratu dezaten bermeak borrokatzeko.

AKORDIOA LABURREAN

LAN-BALDINTZEI BURUZKOAK:

1. ARLO PUBLIKOAN

Azpisektore guztietan PLANTILAK MANTENTZEA

– Hurrengo urteetan jaiotze-tasaren beherakadak sortu dezakeen egoerari aurrea hartu.

– Eskola publikoa indartu, gela itxieren aurrean enpleguari eutsiz.

– Etorkizuneko Giza Baliabideak bermatu eta zeregin berrietarako baliatu: hizkuntza-proiektuak, euskararen irakaskuntza indartzeko, hezkidetza proiektuak garatzeko edota aniztasunaren trataerarako.

– Lanpostuak bermatu.

Azpisektore guztietan BEHIN-BEHINEKOTASUNA MUGATZEA

– Behin-behinekotasuna %5era mugatzea.

– EPE prozesuak hiru urtero egitea eta bertan 3 urtez dotazioa izan duten lanpostu guztiak ateratzea (ezingo dituzte estrukturalak diren lanpostuak ezkutuan izan).

– Irakasleen EPE ereduaren aldaketa negoziatzea.

– Behin-behineko irakasleen egoeraren azterketa langilearen adina eta antzinatasuna kontuan hartuz soluziobideak aztertzeko.

Azpisektore guztietan PLANTILAK ESLEITZEKO IRIZPIDEAK ADOSTEA

– Irakasleak: 2022an lortutako berrikuntza pedagogikoko figuraz gain, euskararen irakaskuntzarako programetarako, hezkidetzarako eta aniztasunaren trataerarako. Formazio eta laguntza-programa gehigarriak.

– Heziketa Berezia: aniztasun eta inklusiorako irizpideak, funtzioak zehaztea, ratioak adostea eta formazio-programak.

– Sukaldari eta Garbitzaileak: egungo beharrak eta etorkizunekoak aztertuz esleipen irizpideak negoziatu eta enplegu plana egin.

– Haurreskolak: egungo beharrak eta etorkizunekoak aztertuz esleipen irizpideak negoziatu.

Hezkuntza Laguntzaile Espezialistaren soldata Haur Hezitzaileekin PAREKATZEA

– Antzeko funtzio eta ardurak dituztenekin parekatu 2004, 2025 eta 2026an.

– % 10,4ko igoera.

Kolektibo feminizatu eta prekarioenen AITORTZARAKO NEURRIAK ADOSTEA

– SUKALDE ETA GARBIKETAKO langileen lanaren balio politiko, sozial eta ekonomikorako.

ENPLEGUARI LOTURIKO beste neurri batzuk ADOSTEA

– Gazteberritze planak aztertu eta adostea 60 urtetik gorako langileentzat.

– Langileen ordezkapenak era arin eta egokian kudeatzeko sindikatuekin negoziatu eta adostea.

Jangela ereduaren inguruko AZTERKETA egitea 2024-2025ean, langileen izaera barne

– Orain azpikontratatua, etorkizunean?

– Langileen kudeaketa publikorako ereduak aztergai

Langile kolektibo guztiak EUSKALDUNTZEA

– Lanpostu zerrendetan hizkuntza-eskakizunak zehaztu.

– Etengabeko euskalduntzea bultzatu eta plan berezituak euskaldunak ez diren kolektiboetan: lanbide heziketa eta sukalde eta garbiketako langileak.

2. ITUNDUTAKO ARLOAN: IKASTOLAK ETA GIZARTE EKIMENA

Arlo publikoko langileekin SOLDATA PAREKATZEA

– 2023 eta 2024an zehar azterketa.

– 2025-2026 / 2026-2027 kurtsoetan gauzatzea.

Langileen kontratazioa egiterakoan GARDENA DEN EREDUA EZARTZEA

– Berdintasun, Meritu eta Gaitasun printzipioetan oinarrituta eta eskaintzen publizitatea.

– Itundutako eskola bakoitzak Lanpostu Zerrenda 2 urtero egiteko betebeharra.

Arlo publikoko langileen lan baldintzekin homologatzeko AZTERKETA abiatzea

– 2023 eta 2024an zehar azterketa.

– Soldata ez den beste lan baldintzak. Prozesua zein baldintzetan burutuko den adostuko da ikastetxeen proiektua, koordinazioa eta formazioa bermatuz.

Adostasunezko publifikazio prozesuetarako araudia negoziatzea, langileak SUBROGATUZ

– Langile kolektibo bakoitzaren subrogazio-baldintzak adostu.

– Langile bakoitzaren egoerari erantzuteko irtenbide adostuak: titulazioa eskuratzeko moratoriak, euskalduntze planak, antzinatasuna bermatzea, lan-legepeko kontratazio, etab.

3. AZPIKONTRATAK

Azpikontratatuta dauden eremuen AZTERKETA eta EREDUA eztabaidatu

– Azterketa burutzeko prozedura, oinarrizko aztergaian eta irizpidea 2023an adostu.

– Emaitzarik onenak dituzten ereduak lehenetsi eta gauzatzeko plangintza garatu, garbitzaile, jangelako hezitzaile zein autobusetako langileak lehenetsiz.

EREDUARI BURUZKOAK:

DOAKOTASUNA

  • Baliabide publikoak jasotzen dituen edozein erakunderi exijitzen zaio kontuak argitzea eta halaxe da euskal hezkuntzan ere. Hori dela eta, ikastetxe guztiek urteroko kontuak modu gardenean publiko egingo dituzte administrazioak horretarako ahalbidetuko duen eran.
  • Hezkuntza administrazioak berariazko administrazio-unitate baten bidez ezarriko ditu kontrol mekanismoak, hezkuntza zerbitzua benetan doakoa izango dela bermatzeko. Administrazio-unitatea berehala sortuko da eta sortze-momentu berean hezkuntza sistemako ikastetxe guztien auditoretza planifikatuko du, 2025 ikasturterako ikastetxe guztien auditoretzak izateko.

5. EUSKARA

  • Hezkuntza sailak euskalduntzea bermatzeko hizkuntza-proiektuak garatzeko planifikazioa egingo du.
  • Hezkuntza Sailak hurrengoak bermatuko ditu:
    • Ikastetxe bakoitzak bere Hizkuntza Proiektua izateko baliabide-pertsonal eta material nahikoak; hezkuntza sailaren ardura izanik hizkuntza-proiektuak gauzatzeko aholkularitza, gidaritza, jarraipena eta ebaluazioa.
    • Hezitzaile orok hizkuntza-gaitasun nahikoa, goi-mailakoa, bere disziplinan jariotasunez eta aberastasunez bestelakoa dela bermatzeko dagozkion etengabeko prestakuntza-lerroak eskura izatea.
  • Ikastetxeko hezkuntza-komunitatearen parte diren familiei begirako euskalduntze programak, ikastetxeetan “euskara harrera hizkuntza izatea” izanik helburu.

6. SEGREGAZIOA

  • Eskola eskaintzaren plangintzak eta ikasleen onarpena arautzen duten mekanismoek ekitatea gauzatzeko ikasleen banaketa orekatua izango dute helburu funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste izaera batekoengatik bereizi ez daitezen. Hori dela-eta, bata zein bestea arautzen duten erreglamenduak etengabeko ebaluazio eta hobekuntza prozesuan egongo dira; gizarte kohesioa izango delarik eskola erabakitze eskubidearen gainetik egongo den printzipio gorena.
  • Eskola-plazen eskaintza benetako eskolatze-premietara egokituko da, ez dadin egon ez azpieskaintzarik, ez gaineskaintzarik.
  • Eusko Jaurlaritzan hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak elkarrizketa aktiboko prozesu bat abiaraziko du hezkuntza-komunitatearekin, eskola-segregazioaren aurkako itun bat lortzeko. Akordio sozial horren oinarrizko partaide izango dira hezkuntza arloan ari diren profesionalak ordezkatzen dituzten sindikatuak baita ere.

AKORDIOAREN JARRAIPENA

Akordio honetan adierazitako konpromisoak dagozkion negoziazio-mahaietara eramango dira, bertan berretsiak izan daitezen, dagozkien gehiengoak lortu ezkero, indarrean jartzeko.

EAEko matrikulazio prozesuaren harira LABen gogoeta

Aurtengo matrikulazio kanpaina dela eta, segregazioari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien inguruko harrabotsa izan da hainbat herritan. LABen ikuspegia honako hau da:

1. Eskola-segregazioari ez zaio konponbidea emango egun batetik bestera, baina haren kontrako bideari ekitea behar beharrezkoa da. Ikuspegi integralaz aritu eta neurri zehatzak hartu behar dira dira horretarako, izan ere, administrazioek orain arte hartu ez dituen erabakiek eskola-segregazioa areagotu besterik ez dute egin. Eskola eremuan nahiz jendartean politika publiko antirrazistak beharrezkoak dira. Instituzioek, eragileek nahiz norbanakoek, denok dugu zer egina erronka honetan.

2. Hezkuntza sistemak eraldaketa sakonak eskatzen ditu eta segregazioaren auziari konponbide egokia ematea da erronka nagusienetakoa. Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du behar besteko neurririk hartu, arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelako arrazoiengatik ematen diren segregazio egoerei erantzun egoki bat eman eta eskolaratze orekatu bat bultzatzeko. Herri mugimendua izan da behin eta berriz eskola segregazioari aurre egiteko neurriak eskatu dituena. Beranduegi bada ere, Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak gaiari heldu diote azken urte honetan. Zenbait neurri jaso dira hala hezkuntza akordioan nola hezkuntza lege egitasmoan, eta matrikulazio prozesua arautzeko onarpen dekretu berria onartu du. Azken honi dagokionez, Eusko Jaurlaritzak aldebakarrez eta gardentasunik gabe jokatu duela salatu izan du LABek: https://www.lab.eus/salatzen-dugu-eaen-ikasleak-onartu-eta-eskolaratzeari-buruzko-prozesu-berrian-administrazioak-aldebakarrez-eta-gardentasunik-gabe-jokatu-duela/.

3. Matrikulazio prozesuan zehar izan dira eskola hautatzeko eskubidea aldarrikatu dutenak. LABek errespetatzen ditu guraso eta familia bakoitzaren hautuak, baina segregazioarekin bukatzekotan ezin da eskola hautatzeko eskubidea erdigunean jarri. Euskal Herria herri gisa aintzat hartuta, gizarte kohesioa lortzeak hezkuntza politikaren helburu izan behar du. Aukera berdintasunean, inklusioan, euskaran eta euskal kulturan, hezkidetzan, justizia sozialean eta parte hartzean oinarritutako hezkuntza jasotzeko eskubidea aldarrikatzen du LABek, euskal herritar guztientzat, zernahi dela euren bizilekua, jatorria, errenta edo ama-hizkuntza. Eta horretarako, euskal eskola publiko komunitarioa eratzeko trantsizioa egitea proposatzen du LABek.

Arduradunaren kudeaketa penagarriaren ondorioz Nafarroako Hezkuntza departamentuko atal batean bizi den egoera jasanezina salatzen dugu

Arduradunak bere ataleko langileak tratatzeko aspalditik duen moduak lan giroa guztiz jasanezin bihurtzera eraman du. Horren ondorioz, lantokia lan-indarkeria normalizatzeko toki ezin egokiagoa bihurtu da.

Aurreko hilabeteetan, Hezkuntza Departamentuko zerbitzu jakin bateko langileek bereziki larria iruditzen zaigun informazioa helarazi zioten LABi. Prebentzio-sistemaz fidatuta, langile horiek Prebentzio Atalak egindako Arrisku Psikosozialen Ebaluazioan parte hartzera animatu genituen. Baina emaitzak ezagutu ondoren, oraindik ere bere horretan dirauen egoera penagarri hori salatzeko beharrean aurkitzen gara.

LABetik, gure kezka eta ezinegon sakona adierazi nahi dugu Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko arduradunak bere eguneroko lanean erakusten duen jokabideagatik: errespetu-faltak, arbitrariotasuna eta gaitzespen publikoak, bere menpeko langileen aldartean, osasunean eta lan egiteko moduan eragina dutenak.

Pertsona hori oso gaizki antolatzen ari da lana: profesional batzuk lanik gabe utzi ditu, hezkuntza-inguruneetako hirugarren pertsonekin hartutako konpromisoak betetzea eragozten duten debeku batzuk ezarri ditu, eta, are gehiago, lanpostu batzuen kokapena aldatu du inolako azalpenik eman gabe.

Komunikazioa erabat autoritarioa da, eta ez du biderik ematen taldearen ekarpenak, iritziak, irizpide desberdinak edo proposamenak jasotzeko. Langileek jasotzen duten tratuak ere ez ditu pertsonen arteko harreman onak sustatzen, elkarri laguntzea mugatzen duelako eta diskriminazioa eragiten duelako gune edo elementu komunitarioak erabiltzeko orduan.

Horrek guztiak laneko giroa zakartu baino ez du egiten, eta, beraz, baita zerbitzuaren kalitatea ere. Zuzendaritzak aspalditik erakusten duen euskararekiko mespretxuak lanpostu tekniko batzuk kentzea ekarri du, eta orain, horri gehitu behar zaio geratzen zen lanpostu tekniko bakarra ataletik kanpo atera dutela. D ereduko ikastetxeek aholkularitza eta laguntza ona zuten orain arte, Euskara Ataleko langileen ezagutza profesional handiari esker, baina azken aldaketa horien ondorioz, gaur egun batere babesik gabe geratu dira.

LABetik Hezkuntza departamentuari exijitzen diogu lehenbailehen har ditzala goian deskribatutakoen bidetik doazen jokabide guztiak geldiarazteko eta baztertzeko behar diren prebentzio-neurriak. Lantoki seguru eta erakargarri bat izateko, ezinbestekoa da giza harreman osasuntsuekiko eta lan giro onarekiko konpromisoa hartzea, eta, horrekin batera, langileen parte-hartzea errazten duen eta haien ahalegina aintzat hartzen duen errespetuzko tratua ematea.

Patronalak Bizkaiko eraikuntzako langileak pobreago bilakatu eta beren lan-baldintzak estatalizatu nahi ditu

Atzo, maiatzak 31, egindako bileraren ostean, Bizkaiko Eraikuntza sektoreko langileek oraindik ez dute soldata igoerarik izan 2023an. CCOOek eta UGTk 2021ean sinatutako azken hitzarmenean indarraldiaren azken bi urteetarako soldata igoerak, hau da, 2023koak eta 2024koak, adostu gabe utzi zituzten. Orduan, hitzarmena bere osotasunean adostu gabe sinatzearekin kritiko agertu ginen, eta ohartarazi genuen azken bi urteetako igoerak adostu gabe uzteak sektoreko langileentzat arriskua zekarrela.

Denborak arrazoia eman digu, eta inflazioak goia jo duen eta langileentzat hilabetea gainditzea geroz eta zailagoa den honetan, sektoreko soldatak izoztuta daude 2022az geroztik. ASCOBI enpresaburuen elkarteak, espero bezala, hitzarmenean soldata-akordiorik ez egoteak eskaintzen duen aukera aprobetxatzea erabaki du, sektorean sortutako aberastasuna ez banatzeko, eta are okerrago, Bizkaiko Eraikuntzan lan egiten duten pertsonen eros-ahalmena ez bermatzeko.

Atzo, azken bileratik 3 hilabetetara, patronalak honako soldata igoera proposatu zuen: 2023rako, %3,7 soldata-tauletan + % 2 Estatuko Eraikuntzako hitzarmeneko pentsio-funtsari egindako ekarpenetan; 2024rako, berriz, % 2 tauletan + % 1,25 pentsio-funts horretarako ekarpenetan. Proposatutako igoera horiek ez dute inolaz ere bermatzen langileen eros-ahalmena eta, horretaz gain, sektoreko lan baldintzak estatalizatzeko saiakera argia adierazten dute. Atzoko bilera akordiorik gabe amaitu zen eta, hori gutxi balitz, patronalak beste bilera baterako hitzordua jartzeari uko egin zion.

LABetik ASCOBIri exijitu diogu sektorean sortzen den aberastasuna modu justuan banatzeko, langileak pobretzeari uzteko eta Bizkaiko Eraikuntzako lan-baldintzak estatalizatzeko asmoarekin amaitzeko. Guzti hori bete ezean, aurrean izango gaituzte, eta gaurtik aurrera sektoreko langileen lan-baldintzak defendatzeko eman beharreko urratsak baloratzen hasiko gara.

LABen estrategia antirrazistaren nondik-norakoak aurreratu ditugu Iruñean, eta asteburuan jendaurreko aurkezpena egingo dugu Bilbon

Gaur Iruñean aurreratu dugu Bilbon larunbatean eginen dugun arrazakeriaren aurkako estrategia berriaren aurkezpen publikoa. Huerta de Peraltako Enpresa komiteko presidente eta LABeko ordezkari den Houssine Yagoubik, Iruñeko LABeko Txoko Antirrazistako ordezkari eta arlo soziokomunitarioko kide Cecilia Antolinek eta Idazkaritza Antirrazistaren arduradun Josefina Txefi Rocok azaldu dute nola sindikatuak helburu duen langile migratuen eta/edo arrazializatuen eskubideak eta antolaketa kolektiboa defendatzeko tresna baliagarriak eraikitzea.

LAB sindikatuak Sindikalismo Antirrazistaren Idazkaritza sortzea erabaki zuen 2022ko ekaineko azken kongresuan, sindikalismo berri baten aldeko apustuaren baitan. Izan ere, sistema kapitalista-kolonialak eta patriarkalak lehen, bigarren edo hirugarren mailako subjektuak sortzen ditu, eta desberdintasun horietatik etekinak ateratzen ditu. Bada, horri erreparatu eta aurre egiteko baliabideak jorratu ditu LABek, pertsona guztiek eskubide eta aukera berberak izan beharko lituzketela defendatzen duelarik.

Bada, Iruñeko aurkezpenean azpimarratu dugun bezala, LABen sindikalismo berria ez litzateke posible izango Huerta de Peraltako lankideen, etxeko langileen atalekoen, banaketa-plataformetakoen, garbitzaileen eta beste askoren ekarpenik izan ezean. Eta hori da, hain zuzen ere, aurrerapena Iruñean egin izanaren arrazoia, Nafarroako hainbat lurraldetan garatu diren prozesu indartsuen balioa nabarmentzea, hainbeste lagun migratzaile eta arrazializaturen konpromisoa, aste honetan LABek apustu berri hau aurkeztu ahal izatea ahalbidetu baitute nolabait.

Ildo horretan, LAB sindikatuan arrazakeriaren aurkako sindikalismoaren plan estrategiko bat daukagu jada, prozesu kolektibo baten emaitza izan dena. Bada, etzi, larunbata, Bilboko Bira Kultur Gunean (Alde Zaharreko Erronda kalean) egingo dugu jendaurreko aurkezpena, eta bertan aletuko ditugu xehetasun guztiak. 11:00etatik aurrera izango da hitzordua.

Ekintza egin dugu Medef patronalaren Baionako bulegoetan, erretreten erreformaren kontra ekainaren 6an kalera ateratzeko deia eginez

Gaur ekintza bat egin dugu Baionako Medef patronalaren bulegoetan, FSU eta Solidaires sindikatuekin batera. Afitxak kolatu ditugu atean eta banderola zintzilikatu dugu bertatik, “Hilabete bukaera, karrera bukaera, borroka bera!” lemarekin, ekainaren 6an erretreten erreformaren aurka egingo dugun mobilizaziorako deia eginez.

Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko bozeramaileak Macronen erretreten erreformaren aurkako borrokaren baitan kokatu du gaurko ekimena, honek langile eta herritar gehienen sustengua duela nabarmenduz. Frantses estatuko presidentearen jarrera ere gaitzetsi du LABeko ordezkariak:  “Erretreta sistema duina denontzat eta oro har justizia sozialaren aldeko borrokaren parean, Macron tematzen da, demokrazia eta askatasun printzipioak larriki suntsitzeraino”.

Medef patronala Macroni ematen ari zaion babesa ere salatu du Dufauk: “Geoffroy Roux de Bézieux bere lehendakariak erreforma hau babesten eta defendatzen du, beharrezkoa, finantziarioa eta kontablea dela esanez. Gure erretretako bi urte hoberenek haien irabaziek baino gehiago balio dute”.

Salaketa egiteaz aparte, gure aldarrikapen bideragarritasuna azpimarratu du LABeko ordezkariak: “Gure soldatak igotzea eta guztiontzako pentsio-sistema publiko eta duina diruztatzea posible da. Dirua bada, har dezagun dagoen lekuan eta justuki banatu dezagun. Borondate politikoa kontu bat besterik ez da”.

Erretreten erreformaren kontra eta jendarte-proiektu eta lan-mundu bidezkoagoak lortzeko konpromisoa berretsi du Dufauk, datorren ekainaren 6ko mobilizazioan parte hartzeko deialdia eginez. 10:30ean abiatuko da, Baionako Santa Ursula plazatik.

Michelin Lasarteko enpresa-batzordeak datozen grebetan parte hartzeko deia egin die langileei

Sindikatu bakar bat ere ez da akordiorako prest agertu enpresak eskainitako baldintzetan, eta maiatzaren hasieran enpresa batzordean hitzartutako gutxienekoen akordioan jasotakoa aldarrikatzen jarraitzen dute, hala nola KPIari lotutako erosteko ahalmenaren bermea. Ekainaren 2an, 3an eta 4an txandakako grebak egingo dira, eta 5ean fabrika osora zabalduko da deialdia.

Enpresako zuzendaritzak hitzarmen kolektiboaren negoziazio-mahaian egindako azken eskaintzaren ondoren, enpresa-batzordeak berretsi egin ditu maiatzaren 3an atal sindikal guztiek sinatutako gutxieneko akordioan ezarritako aldarrikapenak. Akordio horretan jasotzen zen soldata-kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea, metatutako erosteko ahalmenaren galera estaliko duten soldata-igoerak eta plataformak hileko ordainsari-sistemari buruz eta, bereziki, diru-sarreren gutxieneko soldatari buruz jasotakoari erreparatzea.

Batzordea akordio bat lortzeko eta gatazka saihesteko helburuz negoziatzen jarraitzeko prest agertu da eta hausnarketarako deia egin dio enpresako zuzendaritzari.

Gauzak horrela, ekainaren 2an, 3an eta 4an langileek langileek grebak egingo dituzte txanda ezberdinetan. Hilaren 5ean, astelehena, greba fabrika osoan egingo da.

Aurreikusitako mobilizazio-egutegia honako hau da:

  • Ekainak 2 eta 3: Kontzentrazioa atezaindegian, greba egitea tokatzen zaion txandaren hasiera baino ordubete lehenago.
  • Ekainak 5: – Elkarretaratzea atezaindegian 05:00etatik aurrera

– Kotxe-karabana Donostiako kaleetan barrena, 09:30etik aurrera

– Elkarretaratzea atezaindegian (13:00-14:30)

– Manifestazioa Lasarte-Oriako kaleetan barrena, atezaindegitik atera eta leku berean amaituko dena (hasierako ordua: 17:00)

Beste heriotza bat garraio sektorean, urteko bosgarrena

Atzo, 61 urteko garraiolari bat hil zen lan-istripuz Agurainen (Araba). Heriotza horrekin, dagoeneko 24 dira 2023an lan-istripuz Euskal Herrian hil diren langileak, horietako 5 garraiolariak. Hilabetero garraiolari bat hiltzen ari da lan istripuz. Hori da patronalaren ikuspegi ekonomizistan azaltzen ez den emaitza iluna. Honen aurrean, bihar, ekainaren 2an, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egingo dugu Gasteizen, Lakuako Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, 12:00etan.

Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. Iaz 11 garraiolari hil ziren lan-istripuz. Ez gara nekatuko lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla salatzeaz.

Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzek elikadura osasuntsua eramateko sortzen dituen trabak, etab. Horregatik diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu bete aldera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira. Lan istripu gehiagorik ez, ez garraioaren sektorean, ez beste inon!

Bizkaiko ostalaritzako beharginak pandemia ordaintzen jarraitzen dutela salatzen eta baldintza duinak exijitzen ari gara gaurko lanuzteetan

Sektoreko langileek soldaten igoerarik gabe jarraitzen dute 2020ko urtarrilaz geroztik. Denbora-tarte horretan, aldi baterako lan-erregulazioak jasan dituzte lehenik (sektorearentzat inoiz soluziorik ekarri ez zutenak), eta gero partzialak (langileen baldintzak erabat malgutzea ekarri zutenak). Hala, sektoreko hitzarmena negoziatzeko blokeoa behingoz eteteko exijitu dute.

Pandemiak utzitako eraginen harira, ostalaritzako langileek ikusi zuten gizarte osoa sektoreko enpresekiko elkartasuna adierazten ari zela. Bada, ordutik hona KPIa % 12 baino gehiago igo den eta sektoreko prezioek %15etik gora egin duten honetan, soldatek 0 euroko igoera izan dute. Sektoreko enpresek beren irabazi-marjinak handitu nahi dituzte, beste behin ere, langile-klasearen kontura. Sektoreko enpresek estutu egin nahi dituzte langileak Covidak utzitako faktura ordaintzen amaitu arte. Bada, beharginak ez daude halakorik onartzeko prest.

Sektoreko lan-baldintzak zer nolakoak diren aski ezaguna da, eta baldintza horiek ez betetzea ere ez da arrotz suertatzen biztanleentzat. Soldata-igoerarekin batera, ezinbestekoa da fitxaketa fidagarriak ezartzea. Gainera, badira babes handiagoa behar duten beste azpisektore batzuk, hala nola janari lasterreko enpresak eta riderrak, eta horiek negoziazio honetan sartzea eskatzen dute ostalaritzako langileek. Azkenik, kontuan hartu behar da hitzarmenak kolektibitateen sektoreari ere eragiten diola, hau da, eskola jangelei eta antzeko zerbitzuei. Sektore prekarizatu horretan, langile gehienak emakumeak dira, kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituzte, eta lan-karga handiak ere bai. Patronalak beren hitzarmena negoziatzeari uko egiten dion bitartean, dituzten baldintzak hobetu behar dituzte, gaur egun beren beharrak eta kezkak jasotzen ez dituen hitzarmen baten borrokarekin bat eginez.

Horregatik guztiagatik, eta askoz gehiagogatik, Bizkaiko Hitzarmenaren Negoziazio Mahaian ordezkaritza dugun sindikatu guztiok deitu ditugu gaurko lanuzteak. Goizean GASCA eta VASCA kolektibitateetako enpresen sukalde nagusietan egin duten bezala, eguerdian herrialdeko hotel nagusien aurrean egongo dira, eta 20:00etatik aurrera Bilboko tabernetako kale nagusiak zeharkatuko dituzte, Ledesmatik abiatuta.