Gaurkoan Eraikuntza sektorean 2023 eta 2024 soldata-igoera lortzeko lehen greba egin da. Patronalak eutsi dio bere jarrerari, eta, horregatik, sektoreko langileei mobilizatzea beste erremediorik ez zaie geratu, erosteko ahalmenari eutsiko dioten soldata-igoerak ziurtatzeko.
Oraindik daturik ez daukagu baina aipatzekoak dira, besteak beste, Ansareo saneamenduak lantokia, greba % 100ekoa izan baita, eta Egoin enpresa ere bai, zeinetan langile gehienek greba egin duten. Gainera, langileek goizean elkarretaratzea egin dute enpresaren aurrean, beren eskubideen alde.
Aurrekoa esanda, LABetik sektoreko sindikatu guztiei dei egiten diegu mobilizazioak koordinatzeko, sektoreko langileei proposamen bakarra egiteko, gutxienez KPIaren soldata-igoera lortzeko.
GarbiƱe Aranburu Koordinatzaile Orokorrak iritzi-artikulua idatzi du, IƱigo Urkullu EAEko Lehendakariak maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzen inguruan egindako adierazpenen harira.
Urkulluk udal eta foru hauteskunde emaitzen inguruko adierazpenak egin ditu. Bere tesia, honako hau: langileon greba eta mobilizazioek EAJri kalte egin diote. Ematen du orain konturatu dela Urkullu langileok badugula zer esana eta badugula eragina esparru politiko-instituzionalean. Orain arte langileon greba eta mobilizazioak gutxietsi ditu; orain, kontutan hartu beharreko aldagai politikoa da beretzat. Poza eman digu horrek, aurtengo Maiatzaren lehenean genion moduan, langileok eremu guztietan, lantokietan, kalean eta instituzioetan ere gure indarra baliatu behar baitugu.
Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren politika publikoen arduradun gorena izanik, bere kezka nagusia, herritarren ongizatea zaintzea izan beharko luke eta galdetu beharko lioke Urkulluk bere buruari zer dagoen langileen ondoezaren atzean; zeintzuk diren langileen aldarrikapenak eta zer egin dezakeen langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko.
Urkullu ez dago prest horrelako galderei heltzeko. Udazkenean egin genuen alde bikoan āurteetan gurekin biltzeari uko egin ondotik lehenengozā patronalaren lehendakari izateari utz ziezaiola eskatu genion. Prezioek gora egin duten bitartean, patronalak soldatak tamaina berean igotzeari uko egin dio eta jarrera horri erantzunez euskal langileok greba eta mobilizazioetara jo dugu. Urkulluk ez du langileon eros-ahalmena defendatu, aitzitik, Patronalaren bidelagun izan da soldaten aurkako erasoan. Gogora dezagun langileon pobretzea ekarriko lukeen Errenta Itunaren aldeko jarrera adierazi eta langileoi esfortzuak eskatu izan dizkigula.
Beste adibide bat: 2020ko urtarrilean Greba Orokor arrakastatsua egin zen Euskal Herrian, besteak beste, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko. Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu zion EAEko gutxieneko soldata ezarriko lukeen lanbide arteko akordioa lortzeko kudeaketak egin ditzan. Eta pentsiodunen mugimenduak behin eta berriz eskatu dio pentsioak 1080 eurotaraino osatzeko. Aldarrikapen horiek milaka langileren egunerokoa hobetuko lukete, bidezkoak eta egingarriak dira. Hala ere, kasu bietan Urkulluk beste alde batera begiratu du, adierazpen edo mezu bakar batean ere ez die tarterik eman.
Entzungor egin du eta lan gatazketan geroz eta oldarkorrago agertzen da, enpresarien mezuak ontzat emanez eta askotan, gehiegitan, Ertzantza interes patronalen zerbitzura ipiniz. Polizia ereduan aldaketa beharra ez da oraingoa, orain arte Lehendakari jaunari kezkarik ez diola sortu badirudi ere.
Bada besterik ere. Urkulluren Gobernuak lan baldintzen inguruko ardurak dituen esparruetan, hala nola, administrazio publikoko langileen kasuan, eros-ahalmenaren galera ontzat eman du. Pedro Sanchezen Gobernuak Iberdrola eta Petronor moduko enpresen interesak apur bat kaltetu ditzakeen zerga erreforma egin eta berehala altxa zuten ahotsa. Ez da horrelakorik gertatzen langile publikoen soldatarekin, ontzat ematen da Estatuko inposateka, beste hainbat gaietan bezala.
Jaurlaritzak CONFEBASKekiko duen menpekotasunaren adierazle gorena da zerga politikarekin gertatzen dena. Uko egiten dio zerga erreforma progresiboari, aberastasunaren birbanaketari. Autogobernuaren ikuskera mugatua du, autogobernua elite ekonomiko baten mesedetarako bakarrik dela ulertzen du.
Zerbitzu ugari pribatizatu ditu eta azpikontratatuko enpresei klausula sozialak eskatzeari uko egin dio Urkulluren Gobernuak. Osakidetza eraisten ari da, ez jendartearen kontrakotasunik eta erantzunik gabe, ikusi besterik ez dago Osasun Plataformek deituriko mobilizazioen arrakasta, baita sindikatuko deituriko grebena ere.
Zaintzaren eremua EAJrentzat negozio iturri da, uko egiten dio Zaintza Sistema Publiko Komunitario baten eraikuntzari. Zaintza duina ez dugu bermatua eta zaintzaileak prekarietatean lan egitera kondenatu nahi ditu. Sindikatuekin hitz egin eta negoziatzeari uko egin dio, hezkuntza sailaren salbuespena salbuespen. Hezkuntza Sailak, greba eta mobilizazioei kasu egin eta sindikatuok aintzat hartu behar izan gaitu. Gure sindikatuak baditu langileen lan baldintzak hobetzeko proposamenak eta, beste aldean negoziatzen duen bat topatzen dugunean, akordioetarako borondatea ere bai.
Gauzak horrela, ez da harrigarria langile ugarik hauteskundeetan EAJri bizkar eman izana. Baina Urkulluk bere ildoa berrikusi baino nahiago du etxetik kanpo errudunak bilatu. Ez omen dago motiborik hainbeste greba egiteko, hemen lan baldintzak hobeak omen dira. Noski, sindikalismo borrokalari sendoa dagoelako herri honetan, ez politika publiko aurrerakoiak ditugulako edo ez enpresariak eskuzabalagoak direlako. Langileen antolakuntza eta borroka dira bizi baldintza duinagoak izateko arrazoia.
Urkulluk greben atzean interes alderdikoiak daudela iradoki du. Ari liteke fede txarrez, baina izan liteke ere grebalari gutxi ezagutzen dituela. Edozein kasutan ere, EAEko lehendakariak langile jendearengandik urrun jarraitzen du. Eta langile jendeak erakutsi du badela nor lantokietan, kaleetan eta hautes-ontzietan. Badela nor eraldaketa soziala eta aldaketa politikoak bultzatzeko.
Batzorde Iraunkorrak enpresako zuzendaritzarekin gaur egin duen bileran, enpresak proposamen berri bat egin du. LABek positibotzat jo du zuzendaritzak bilera honetan izan duen negoziatzeko jarrera. Hasieratik jarrera hori bera izan balu, gatazka ez zatekeen une honetan dagoen bezala enkistatuko.
Oraindik ez da negoziazioa amaitu, baina bihar goizean eta arratsaldean egingo den langileen asanbladari helaraziko dio proposamena sindikatuak, lanuzteak bertan behera utzi nahi dituzten ala ez erabaki dezaten.
Beraz, biharko goizeko eta arratsaldeko lanuzteak mantenduko dira eta hurrengo astekoak batzarrean erabakiko dira.
Gaur, ekainak 8, sektore ezberdinetako langilez osatutako Gora Garbitzaileak kolektiboko hainbat kidek eserialdia egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren atarian, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko lankideei elkartasuna adierazteko.
Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko lankideak borroka luzea egiten ari dira beren lan-baldintzen alde, eta honezkero bi hilabete baino gehiago daramate greban. Alde batetik, enpresa esleipendunek jarrera itxiarekin jarraitzen dute eta ez dute beren irabazien zati txiki bat ere partekatu nahi. Eta, bestalde, bezeroak, Osakidetzak, beste alde batera begiratzen du, eskuak garbitzen ditu eta langileei ez die jaramonik egiten, erabateko begirune falta erakutsiz.
Hori dela eta, Osakidetzako zuzendaritzaren erantzunik eza eta inplikaziorik eza ikusita, Gora Garbitzaileak ekimenak berriro ere elkartasuna adierazi die greban dauden lankideei, eta, ildo horretan, eserialdia egin du Eusko Legebiltzarreko sarreran, gobernu-taldearen eta, bereziki, Osakidetzako arduradun nagusiaren, Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren, arreta erakartzeko.
Hala ere, ordezkari publikoek langileei jaramon egin eta euren aldarriak entzun beharrean, polizia autonomikoak indarrez atera ditu.
Gora Garbitzaileak LAB sindikatuak babestutako dinamika bat da, langile klase osora zabaldu nahi dituena ekintza sindikala tresna eta praktika bezala eta garaipenen konkista.
Era berean, kolektiboak ohartarazi nahi du langile klasearen kontura onura bakarrik bilatzen duten enpresen gainetik; herritarren arazoak konpontzeko gai ez diren agintari arduragabeen gainetik; eta kasko eta borren gainetik, beren lan baldintzak duintzeko borrokan ari den langile guztiei elkartasuna zabaltzen jarraituko duela.
LABetik gure elkartasuna adierazi nahi diegu datozen hilabeteetan Tubacexeko grebaren ondorioz auzipetutako 7 pertsonei. Auzipetutako 7 pertsonen artean Tubacex-eko langileak daude eta baita eskualdeko bizilagunak. Tubacexeko grebaren ondorioz kaltetutakoen eta auzipetutakoen kolektiboak jakitera eman duenez, 20 urteko espetxe-zigorra eskatzen diete guztira greban parte hartzeagatik, eta epaiketetako batzuk laster izango dira.
Horrez gain, ezin konta ahala isun, mehatxu eta neurriz kanpoko egozpen jasan behar izan dituzte langileek greban zehar eta grebaren ondoren. Izan ere, zigor eta egozpen bakoitza modu indibidualean gauzatu bada ere, guztion borroka kolektiboaren aurkako eraso zuzena izan dira.
Leporatzen dizkieten gertaerak muntaia judizial berri bat dira, Tubacexeko grebatik sortutako elkartasun guztia kriminalizatzeko.
Argi utzi nahi dugu hori guztia kriminalizazio-estrategia bat besterik ez dela, hainbat boterek egiten dutena Tubacexeko greban aktiboki parte hartu zuten eta horretarako eskubideak defendatu eta erabili zituzten langile guztiak zapaltzeko.
Jasaten ari garen jarduera guztiekin, errepresioaren mezua bidali nahi badute ere, guk oso argi daukagu: langileen borroka kriminalizatzen saiatu arren, zure lanpostuaren eta lan-eskubideen alde borrokatzea ez da delitua.
Errepresioaren aurrean, batasunak eta elkartasunak izan behar dute beti gure erantzuna. Tubacexeko grebarekin langileek egiaztatu ahal izan duten bezala, bidegabekerien aurrean langileen borroka da bide bakarra.
Horregatik guztiagatik, prozesu judizialetan auzipetutako guztiak absolbitzeko eskatzen dugu. Eta beren borroka sindikalaren ondorioz langileen aurkako abiatu dituzten prozesu eta jarduera guztiak bertan behera uztea eskatzen dugu. Orain arte bezala, elkartasunez eta borrokaz erantzungo dugu!
LABetik dei egiten dizuegu ekainaren 11an, 12:00etan Laudioko Tubacex-eko lantegiaren aurrean egingo den agerraldira joateko.
Era berean, hemendik aurrera egiten diren deialdietan parte hartzeko deia ere luzatu nahi dizuegu.
Gorabideko Zentro Arteko Batzordeak Gorabideko eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunei leporatzen die egungo gatazkaren errudunak izatea.
Aldundiaren arduragabekeria, blokeo horri eusten dionez gero, oso larria da. Agerian geratzen da zeinen gutxi axola zaien zerbitzu publikoen kalitatea; bada, are gutxiago axola zaie zaintzen ditugun pertsonen eta haien senideen egoera.
Duela 20 egun baino gehiago, negoziazioaren desblokeoa errazteko proposamen berri bat helarazi genion Txema Francori, Gorabideko gerenteari. Gaur-gaurkoz Gorabideko Zuzendaritzak ez du erantzun, eta ez du ezertxo ere negoziatu Enpresa Batzordearekin. Gorabideko gerenteak sekulako nagusikeriarekin jokatzen du, eta hori bera oztopo gehigarria da hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko.
Bizkaiko Foru Aldundia salatzen dugu dibertsitate funtzionala duten pertsonen zaintzaren kudeaketan sistema gaiztoa ezartzeagatik. Aldundiko arduradun politikoei gogorarazten diegu zerbitzu hori bermatzeko ardura beraiek dutela. Bizkaiko Foru Aldundia da, diru-bilketa errekorra izanik, emakume langileen erosteko ahalmena bermatzeari uko egiten diona. Egia esan, txiroagoak eta prekarioagoak izatea proposatzen digute. Gainera, zerbitzuaren kalitatea okertzen ari da, gero eta tresna gutxiago baitaude akonpainamendurako eta hezkuntza-laguntzarako.
Elixabete Etxanoberi bilera eskatu diogu idatziz, baina ez dugu erantzunik jaso. Orain publikoki eskatzen diogu harrera egin diezagula, gure egoera eta proposatzen ditugun konponbideak zuzenean entzun ahal izan ditzan.
Konponbidea lortzeko, hona hemen gure aldarrikapen nagusiak:
– Erosahalmena berreskuratzea bermatzea. Gaur egunera arte % 17,49ko galera izan dugu gure soldatan. – Gorabideko plantillaren herenari ezartzen dizkioten aldi baterako kontratuak, egutegirik gabekoak, deuseztatzea; izan ere, Gorabideko plantillaren herenakbaldintza tamalgarrietan jardun behar du horien ondorioz. – Gehienbat emakumez osatutako lantaldearen baldintzak hobetuko dituzten kontziliazio-neurriak.
Negoziazioaren blokeoa ikusita, 5 greba egun gehiago erregistratu ditugu honako egun hauetarako: ekainak 12, 13, 14, 15, eta 16. Eta Gorabideko Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren arduragabekeriak jarraitzen badu, ez dugu baztertzen gure borrokan urrats irmoagoak ematea; are, greba mugagabea deitzeko aukera baloratuko dugu.
Egun hauetan hainbat mobilizazio egingo ditugu:
– Astelehena, ekainak 12, manifestazioa ETIBren egoitzatik – Asteartea, ekainak 13, hileta elizkizuna Bizkaiko Foru Aldundian – Asteazkena, ekainak 14, Interpelazioa Bizkaiko Batzarkideei – Osteguna (ekainak 15) eta ostirala (ekainaik 16), kanpaldia eta etengabeko mobilizazioa Gorabideren egoitzaren aurrean, Bizkaia plazan.
Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroaren jarduera kudeatzen duen Miguel Servet Fundazioko enpresa-batzordeak, sortu berria denak eta LABeko 9 kidek osatzen dutenak, agerraldia egin du gaur IruƱean. Bertan salatu dute Nafarroako osasun-ikerketa publikoa IdiSNA fundazio pribatuaren bidez kudeatu nahi izatea, eta ez Miguel Servet Fundazio publikoak. Alderdi politikoekin bilerak egitea eskatuko dute, Nafarroan erabat publikoa den osasun-ikerketako institutu batekin konpromisoa har dezaten eta konpromiso politiko hori hurrengo Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoetan jaso dadin eskatzeko.
Guztia, IdiSNA Carlos III.a Osasun Institutuak osasun-ikerketako institutu gisa egiaztatzeko aitzakiarekin izan dela adierazi dute, eta asmo honek ekarriko lukeela lanpostuak galtzea, egiturak bikoiztea, gastu publikoa handitzea eta, horrela, ikerketa publikoaren kontrola publikoa izaten jarraitzea saihestea.
Adierazi dute 2018tik, Osasunbidearen estatu mailako 72 ikerketa proiektu eta Nafarroa mailako 44 Miguel Servet Fundazioak (Navarrabiomed) kudeatu dituela eta 28 IdISNAk. 2019tik aurrera, estatu mailako proiektuak ez ezik, Osasun Saileko Nafarroa mailakoak ere aurkeztu ditu IdiSNAk, betiere ikertzaile nagusiak IdiSNAri atxikitako langileak baziren. 2022an, 95 proiektutatik 55 kudeatzen zituen Miguel Servet Fundazioak eta 40 IdISNAk.
2023tik aurrera, IdiSNAri atxikitako ikertzaile nagusia duten unitateetako giza baliabideetako laguntza-espediente guztiak (ikertzaileak kontratatzeko aukera ematen duten laguntzak) IdiSNAk eskatu eta kudeatzen ditu, eta, ondorioz, 18 espediente publiko kudeatzen ari dira erakunde horretan.Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā
IdiSNAk bere gain hartzen badu estatu eta Nafarroa mailako ikerketa-proiektu guztien kudeaketa, hari atxikitako ikertzaile nagusiarekin, gaur egun Miguel Servet Fundazioak kudeatzen dituen proiektuen % 50 IdiSNAra igaroko dira, eta horri gehitu behar zaizkio jada IdiSNAk kudeatzen dituen giza baliabideen espedienteen % 90. Beraz, 2023an Miguel Servet Fundazioa eta Navarrabiomed-etik egin diren finantzazio publikoko 57 eskaeretatik 32 IdiSNAk eskatu ditu.
Miguel Servet Fundazioak bi txosten objektibo eskatu zizkien institutuak egiaztatzen adituak ziren bi aholkularitzari, Nafarroako testuinguruan kudeaketa-eredurik onena zein izango zen identifika zezaten. Bi txostenek ez dute gomendatzen IdiSNAk kudeatzea proiektuak, saiakuntza klinikoak eta berrikuntzaren eta teknologia-transferentziaren kudeaketa.
Hala ere, Osasun Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate (NUO) Gerentziak erabaki dute, adituen gomendioei entzungor eginez, nazioarteko saio klinikoak eta proiektuak ere IdiSNAtik kudeatzea.
Horrek guztiak finantza-baliabideak eta lan-karga nabarmen murriztea dakar, eta horrek arriskuan jartzen ditu Miguel Servet Fundazioaren bideragarritasuna eta bertako langileen lanpostuak.
Horregatik guztiagatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta bere erakundeek egindako ikerketa Miguel Servet Fundazioak kudeatzen jarraitzea defendatzen dute bertako langileen ordezkariek.
Joan den astean, Madrilen egin zen Osasunaren Informatikako Espainiako Elkartearen Kongresu Nazionalean, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak esan zuen osasunerako eskubidea babestu beharreko ondasun publikotzat hartzen bada bakarrik duela zentzua. Hau da defendatu nahi dutena. Eta Miguel Servet Fundazioaren patronatuari eskatzen diote horrela ager eta defenda dezala ondasun komun hori eta ikerketa publikoa Nafarroako osasun-sistema publikoaren aurrerabide-eragile gisa.Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā
NUPeko errektorearen inbestidura-ekitaldian, Nafarroako Gobernuko presidenteak berak hurrengo urteetan aurre egin beharreko erronkak aipatu zituen: Osasun Zientzien Fakultate berriko laborategiak eta ekipamendua, NUOrekin eta Navarrabiomedekin batera, ekosistema biosanitario publiko bat dira, ikerketa sustatzen, teknologia berriak ezartzen eta asistentzia-teknika berriak garatzen lagunduko duena, eta Osasunbideko pazienteak izango dituzte onuradun nagusi.
Langileen ordezkariek Nafarroako Parlamentuko indar guztiei eskatu diete: arlo publikoa babes dezatela, konpromisoa har dezatela eta lan egin dezatela Nafarroako osasun-ikerketa publikoa % 100ean kudeatzen jarrai dadin, bidegarritasuna eta nafar guztien interesak bermatzeaz gain, Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioan lan egiten duten pertsona guztien enplegua berma dezan, baita IdiSNAk giza baliabideen laguntzak ematen dizkien lankideena ere, Miguel Servet Fundazioak eurak bezala kontratatu beharko lituzkeenak.Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā
Horren guztiaren ondorioz, lehenbailehen alderdi politikoekin bilerak egitea eskatuko dute, Nafarroan erabat publikoa den osasun-ikerketako institutu batekin konpromisoa har dezaten eta konpromiso politiko hori hurrengo Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoetan jaso dadin eskatzeko.
Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroa
Navarrabiomed zentro mistoa da NUPekin batera, ikerketa biomedikoa sustatzeko eta Nafarroako sektore biosanitarioaren lehiakortasuna bultzatzeko. Halaber, lotura bat sortzen da ikerketa-zentroaren, ospitalearen eta unibertsitatearen artean, funtsezkoa baita hiru eragileen artean sortzen den ezagutza asistentzia-praktikara eraman dadin.
Osasun Departamentuaren antolaketa orokorraren barruan, Miguel Servet Fundazioa Foru Komunitateko Osasun Administrazioaren laguntza zientifiko eta teknikorako erakundea da, osasun-arloko ikerketa eta berrikuntza sortu, sustatu, bultzatu eta garatzeko eta prestakuntza-jardueretan laguntzeko (269/2019 Foru Dekretuaren 3. artikulua).Ā Ā Ā
Gaur jakitera eman da Espainiako Poliziaren Buruzagitzak konpentsazio-jaiegunak eskaini dizkiela Irungo Atzerritarren eta Mugen Brigadako agenteei, uztailaren 1etik aurrera pertsona migratzaileak atxilotzearen truke.
Geroago, salaketa baten ondorioz, agindu hori baliogabetu zen arren eta sinatu zuen ikuskatzailea espedientatu zuten arren, LABek uste du gertatutakoa salagarria eta oso larria dela.
Euskal Herriko hainbat lurralde eta auzotan, hainbat gizarte-taldek salatzen dituzte polizia-kidegoen praktika arrazistak, sistematikoki oinarrizko eskubideak urratzen dituztenak, hala nola arraza-profil etnikoagatiko kontrolak eta pertsona arrazializatuen kolektibo jakin batzuek bereziki jasaten dituzten gehiegikeriak.
Gaur ezagutzera eman den albistea Irun eta Hendaia arteko mugan egunero bizi dugun indarkeriaren errealitatearen beste adibide bat da. Adierazpen instituzional hutsak soberan daude, eta benetako borondate politikoa falta da praktika horiek amaitzeko; izan ere, ez dira banakako kasuak, botere publikoek emandako zigorgabetasunean babesten direnak baizik.
LAB sindikatuak irmoki gaitzesten du erakunde publikoek arrazakeria estrukturala sustatu eta saritzea. Izan ere, erakunde horiexek dira eredu izan beharko luketenak oinarrizko eskubideen babesari eta bermeari dagokionez. Era berean, berriz ere eskatzen dugu muga berriro irekitzea eta behingoz amaitzea profil etniko edo politikoagatiko zein arrazagatiko kontrolak nahiz berehalako kaleratzeak. Azkenik, Espainiako poliziak behingoz gure lurraldea uzteko eskatzen dugu.
Bermeoko baxurako arrantzako itsasontzia, momentuz behintzat, portuan amarratuta geratuko da. Albiste txarra Bermeoko portuarentzat, Euskal Herriko arrantzarentzat eta, bereziki, bertako arrantzaleentzat. Aurrez inolako informaziorik eman gabe kaleratu dituzte beharginak, baldintza tamalgarrietan lan eginarazten zituztenak.
Maiatzaren 8an jaso zuten arrantzaleek albistea, portuan itsasoratzeko prest zeudenean armadoreak ez zirela irtengo esan zietenean, ezelako arrazoirik eta azalpen garbirik eman gabe. Arrantzaleek, zer gertatzen ari zen ulertu ezin eta zein egoeratan geratuko ziren argi ez zutenez, kofradiara jo zuten informazio bila; bertan jakinarazi zieten enpresak langile guztiak bajan emanda zeuzkala gizarte segurantzan.
Ez aurreabisurik, ez kontratu bukaera edo kaleratze gutunik, ez finikito, ez kalteordainik, ezta kaleratuak izan zirenaren inguruko azalpenik ere ez zuten jaso.
Guzti hau gutxi balitz, langileen egoera orain arte ez da hobea izan. Gizarte segurantzan altan egotearen zortea erdiek baino ez zuten; izan ere, zortzi arrantzaletik lau kontratu gabe zeuden lanean. Hau beste edozein enpresatan oso larria bada, itsasoan lan egiten dutenentzat are eta larriagoa da, ezinbestekoak diren segurtasun, salbamendu, lehen laguntza edo sorospen kurtsoak jaso gabe daudelako.
Azken gertaera hauek, zoritxarrez, ez dira kasu isolatuak. Beti Euskal Herria arrantzontziko arduradunek egin dutena arrantza sektorearen bilakaeraren isla da; sektorearekiko instituzioek duten utzikeriak eta armadoreen interes pribatuek langileriaren zapalkuntza eta arazoak areagotzea dakar:
– Urtero eta gutxika urritzen doan flotaren arazoa, eta kasu askotan, itsasontziekin batera, arrantzarako kuotak eta lizentziak betiko joaten direla Euskal Herritik. Bitartean, instituzioek ez dituzte arrantzaren etorkizuna bermatzeko plan eta neurri zehatzak hartzen.
– Legearen gainetik daudela uste duten eskrupulurik gabeko enpresariak.
Eskubideak garatu, borrokatu zein defendatzeagatik lana galtzeko beldurra duten langileez aprobetxatzen direnak.
Paperik gabe, inolako eskubide aitorturik gabe eta bizitza aurrera ateratzeko edozein lan baldintza onartzeko beharrizana daukaten migratzaileez aprobetxatzen direnak.
Zoritxarrez horrelakoak ikusten ditugu oraindik gaur Euskal Herrian. XXI. mendeko esplotazioaren aurpegi bilakatzen ari da arrantza sektorea gurean.
Langileon eskubideak errespetatzeko, lan baldintza hobeak lortzeko eta injustizia guzti hauekin bukatzeko, antolatu eta borrokatu beharra daukagu, inork ez digulako ezer oparituko.
Beti Euskal Herria arrantzontziko arazoak patronalaren eta instituzioen arrazakeriari erantzuten dio, eta bereziki Euskal Herriko arrantza-sektoreari eragiten dio; izan ere, langile asko migratu eta arrazializatuak dira, Espainiako atzerritarrei buruzko legeak baldintzatuta daudenak, eta horrek ezkutuko ekonomian egotera behartzen ditu, oinarrizko eskubideak ukatzen zaizkielarik.
Horregatik, LAB sindikatutik exijitzen dugu langile hauen eskubideak urratuak direnean administrazioek ere beren gain har ditzatela dituzten erantzukizun politikoak eta beraien lanaren baldintzen jarraipen eraginkorra egin dezatela, erregularizatzeko mekanismo posibleak bermatuz lan eta bizi baldintza duinak eduki ditzaten. XXI. mendeko arrantza esklabismoarekin amaitzeko ordua da.