2026-08-02
HomeEkintza SozialaAniztasun FuntzionalaGorabiden 5 greba egun gehiago deitu ditugu ekainaren 12tik 16ra, eta ez...

Gorabiden 5 greba egun gehiago deitu ditugu ekainaren 12tik 16ra, eta ez dugu baztertzen greba mugagabea

Gorabideko Zentro Arteko Batzordeak Gorabideko eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunei leporatzen die egungo gatazkaren errudunak izatea.

Aldundiaren arduragabekeria, blokeo horri eusten dionez gero, oso larria da. Agerian geratzen da zeinen gutxi axola zaien zerbitzu publikoen kalitatea; bada, are gutxiago axola zaie zaintzen ditugun pertsonen eta haien senideen egoera.

Duela 20 egun baino gehiago, negoziazioaren desblokeoa errazteko proposamen berri bat helarazi genion Txema Francori, Gorabideko gerenteari. Gaur-gaurkoz Gorabideko Zuzendaritzak ez du erantzun, eta ez du ezertxo ere negoziatu Enpresa Batzordearekin. Gorabideko gerenteak sekulako nagusikeriarekin jokatzen du, eta hori bera oztopo gehigarria da hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko.

Bizkaiko Foru Aldundia salatzen dugu dibertsitate funtzionala duten pertsonen zaintzaren kudeaketan sistema gaiztoa ezartzeagatik. Aldundiko arduradun politikoei gogorarazten diegu zerbitzu hori bermatzeko ardura beraiek dutela. Bizkaiko Foru Aldundia da, diru-bilketa errekorra izanik, emakume langileen erosteko ahalmena bermatzeari uko egiten diona. Egia esan, txiroagoak eta prekarioagoak izatea proposatzen digute. Gainera, zerbitzuaren kalitatea okertzen ari da, gero eta tresna gutxiago baitaude akonpainamendurako eta hezkuntza-laguntzarako.

Elixabete Etxanoberi bilera eskatu diogu idatziz, baina ez dugu erantzunik jaso. Orain publikoki eskatzen diogu harrera egin diezagula, gure egoera eta proposatzen ditugun konponbideak zuzenean entzun ahal izan ditzan.

Konponbidea lortzeko, hona hemen gure aldarrikapen nagusiak:

– Erosahalmena berreskuratzea bermatzea. Gaur egunera arte % 17,49ko galera izan dugu gure soldatan.
– Gorabideko plantillaren herenari ezartzen dizkioten aldi baterako kontratuak, egutegirik gabekoak, deuseztatzea; izan ere, Gorabideko plantillaren herenakbaldintza tamalgarrietan jardun behar du horien ondorioz.
– Gehienbat emakumez osatutako lantaldearen baldintzak hobetuko dituzten kontziliazio-neurriak.

Negoziazioaren blokeoa ikusita, 5 greba egun gehiago erregistratu ditugu honako egun hauetarako: ekainak 12, 13, 14, 15, eta 16. Eta Gorabideko Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren arduragabekeriak jarraitzen badu, ez dugu baztertzen gure borrokan urrats irmoagoak ematea; are, greba mugagabea deitzeko aukera baloratuko dugu.

Egun hauetan hainbat mobilizazio egingo ditugu:

– Astelehena, ekainak 12, manifestazioa ETIBren egoitzatik
– Asteartea, ekainak 13, hileta elizkizuna Bizkaiko Foru Aldundian
– Asteazkena, ekainak 14, Interpelazioa Bizkaiko Batzarkideei
– Osteguna (ekainak 15) eta ostirala (ekainaik 16), kanpaldia eta etengabeko mobilizazioa Gorabideren egoitzaren aurrean, Bizkaia plazan.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.