2026-01-02
Blog Page 219

Hezkuntza publikoan ordezkoen lan-baldintzak defendatu eta hobetzeko beharra aldarrikatu dugu

EAEko Hezkuntza Sailak mahai negoziatzailera eramandako proposamenak ziurgabetasuna dakar, besteak beste, puntuazioari, kotizazioari nahiz uztaila kobratzeko erari dagokienez. Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako mobilizazioen bitartez, LABetik eskatu dugu ordezkoen araudi berria negoziatu dadila.

Datorren ikasturteari begira azken urteetan erabili izan den sistema alde batera utzi eta, ordezkoen udako kobrantzari lotuta, ikasturtean zehar proposamena eraman zuen Hezkuntza Sailak mahai negoziatzailera, sindikatu guztiek baztertu zutena eta indarrean ez dagoena.

Hezkuntza Sailaren proposamen horren arabera, ikasturtean zehar ordezkapenak egiten ibiliko direnei oporren likidazioa kontratu bakoitzaren amaieran egingo zaie. Bada, formula berri horrek hainbat ziurgabetasun sortzen ditu garrantzitsuak diren kontuen inguruan, tartean puntuazioa eta kotizazioa zein uztaila kobratzeko modua.

LABen aburuz, udako ordainketaren auzia ordezkoen lan-baldintzak hobetu behar dituen araudi berri baten negoziazioaren baitan landu behar da, urritik aurrera abiatuko den lan-hitzarmenari lotuta. Hezkuntza sailak bermatu behar du ordezko langileek ez dutela eros-ahalmenean galerarik izango, eta lan egindako 165 egun aitortzen zaizkiela ordainsariari (apartekoak barne), puntuazioari eta kotizazioari dagokienez.

Honi gehitu behar zaio Hezkuntza Sailak orain urte bat abuztuko oporren kobraketa zela-eta aldebakarrez hartu zuen neurria. Diskriminazio egoerak zeudelakoan ezarri zen neurri hori. Bada, uste dugu hori ere mahai negoziatzailean landu beharrekoa dela; izan ere, sindikatuei ez diete oraingoz langileen harreman juridikoaren eta hauen jardunaldiaren araberako diagnostikoa aurkeztu, ezta diskriminazio egoerak zein diren adierazi ere. Diagnostiko hori abiapuntutzat izan duen abuztuko oporraldien doiketa zertan oinarritzen den ezagutu nahi dugu, langileen arteko diskriminazio egoera horiek identifikatu ahal izateko eta denentzako irtenbide egokiak bilatzeko. Zentzu honetan, sindikatuaren ustez ezinbestekoa da zaintza lanen ondorioz lanaldi partzialean ari direnentzako neurriak etorkizun hurbilean aztertu eta negoziatzea.

Ordezkoen lan-baldintzak defendatu eta hobetzeko aldarria egin eta ordezkoen araudi berria negoziatu dadila eskatzen dugu, besteak beste, hurrengoetan sakontzeko:

  • Ikasturte osoko ahalik eta kontratu gehien egitea, plaza bakanteez gain. Horrez gain, urte osoko lanaldia abuztuaren 31ra artekoa izatea, lanpostu hauen jabetza iraila bukaeratik edo urri hasieratik aurrerakoa izanik ere. Kontratuok izango lirateke zerbitzu eginkizunetan ari direnen ordezkapenetarako, eszedentzien ordezkapenetarako, liberazio sindikalen ordezkapenetarako…
  • Ordezko langileei 165 egunak aitortzea eta egun kopuru horretara iristen ez direnentzat ere neurriak aztertu eta adostea, udako egun kopurua era proportzionalean zenbatuz.
  • Aurrekoarekin lotuta, ostiraletako kontratu amaierak igandeetan izan daitezen aztertzea.
  • Zerbitzuen aldi baterako etena delakoa birformulatzea, Osakidetzan bezala, zaintzagatiko baimena duten langile horiei zerbitzu aktiboan daudela aitortuz. Arazo asko eta diskriminazioa sortzen duen egoera da hau, zerbitzu publikoetako gainerako sektoreetan ez dagoena.
  • 2024ko abenduaren 31ra arte, egonkortzeko salbuespen prozesu guztiak bukatu arte, egun dauden lan-poltsak mantentzea. Eta hiru urtetik hiru urtera, hau da, EPE prozesu batetik bestera, bitarteko funtzionarioak edo ordezko irakasleak egonkortzeko egon litezkeen neurri gehigarriak aztertzea, egungo lan-poltsen araudia eta antzinatasuna urratu gabe.
  • Jardunaldi murriztua duten bitarteko funtzionarioentzako eta kultur sortzaileentzako bateragarritasun legea gainditzea, soldatan kalte ekonomikorik eragin gabe.
  • Bitarteko funtzionarioek, karrerako funtzionarioek nola, borondatez lanaldia murrizteko aukera izan dezatela.

Bizkaiko grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio mahaia eratu dugu

Patronala behin eta berriz saihesten ahalegindu den arren, LABen ekimenez lortu da gaur arratsaldean Lan Harremanen Kontseiluan lehenengo bilera egitea.

Sektoreko azken hitzarmenaren indarraldia 2011ko abenduan amaitu zen. 2012an hitzarmena berritzeko mahaia eratu zen. Urtebetez hainbat bilera egin ondoren, eta akordiorik lortu gabe, patronalak negoziazioa amaitutzat eman zuen, eta Bizkaiko hitzarmena aplikatzeari utz ziezaion saiatu zen. Hala, Estatuko hitzarmena aplikatzea eskatu zuen, 2012ko lan erreforman oinarrituta. Patronalaren erabaki hori salatu ostean, epai baten bidez hitzarmenaren ultraktibitatea mantentzea lortu zen, sektoreko langile guztiei Bizkaiko Grafikagintzako hitzarmena aplikatzen zaiela bermatzeko. CEBEK patronalaren estatalizazio asmoei aurre egitea lortu zen horrela.

2018an beste saiakera bat egin zen negoziazioei berriro ekiteko, baina patronalak uko egin zion, negoziazio mahaiaren legitimitatearekin arazoak zituela argudiatuta, eta ez zen aurkeztu Lan Harremanen Konsteiluan deitutako bilera batera.

Ibilbide horrekin, 2023an gaude, eta sektoreko langileen lan eta soldata baldintzak izoztuta jarraitzen dute 2011. urteaz geroztik. Horrek sektorearen prekarizazioa ekarri du, eta erosteko ahalmenaren galera garrantzitsua. Ezin daiteke gauza bera esan irabaziak izaten ari diren sektoreko enpresa bereizgarrienei buruz.

Hori dela eta, LABen, delegatuekin batera, maiatzean negoziazio mahaiaren bilera deitzea erabaki genuen. Bilera horretan, berriro ere, negoziazioari oztopoak jartzen saiatu zen patronala, negoziazio mahaiaren legitimitatearekin arazoak zituela argudiatuz beste behin ere.

LABen argi geneukan ez geniola aitzakia gehiagorik emango CEBEKi, eta lehentasuna sektoreko langileak eta beren lan-baldintzak izango zirela. Azkenean, akordio bat lortu eta negoziazio mahai berri bat eratzeko data bat adostu zen. Bilera hori gaur egin da Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan.

Urrats hori egin ondoren, hurrengo fasea etorriko da, eta LABek bide hori egin nahi du sektoreko langileekin. Badakigu bide hori ez dela erraza izango patronalaren jarrera ikusita, baina ilusioz helduko dio. Beste bilera bat egingo da uztailaren 4an, eta bertan aurkeztuko dira plataformak. Hori dela eta, hurrengo egunetan, sektoreko langileen iritziak, kezkak eta eskaerak jasotzen arituko gara, hainbat bidetatik helaraziko dugun galdetegi baten bidez.

Aurrerapen txikiak baino ez dira egon Osakidetzako Mahai Sektorialean

Azken greba-deialdiek eragin dituzten arazo handiei aurre egin ez bazaie ere, Osakidetzak urrats txiki batzuk eman ditu Garapen Profesionalari eta %4aren ordainketari dagokienez.

Osakidetzako Mahai Sektorialak gaur egindako bileran, aurrerapauso txikiak eman dira duela ia urtebetetik blokeatuta zegoen negoziazioan. Izan ere, sindikatuok bileretara joan gabe generaman pasa den urritik. Bi greba egunen ostean, eta negoziatzeko borondatea erakusteko, gaur berriro Mahaira joatea erabaki dugu.

Atzo adierazi genuen bezala, bileraren gai-zerrendak ez zuen jasotzen sindikatuok azken hilabeteetan behin eta berriz eskatu ditugun bi puntuetako bat bera ere. Puntu horiek mobilizazioen eta pasa den hilean deitutako bi greba-egunen aldarrikapenen parte dira.

Gauzak horrela, atzo, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berriro eskatu genuen, egoera desblokeatzeko eta Mahai Sektorialaren bileretan berriz parte hartzeko (bilera horiek benetako eduki negoziatzailea izan behar dute), berehala konpondu beharreko bi gai jorratzeko gaurkoan: Osakidetzak Garapen Profesionalaren azken zirriborroa erretiratzea eta 2022ko deialdi arrunta egitea, eta %4ko osagarriaren ordainketaren gatazka negoziatzea eta konpontzea (gogora dezagun Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek 27 greba-egun baino gehiago egin dituztela arrazoi horrengatik).

Gaurko bileran aurrerapauso txikiak eman dira bi gai horietan. Aurrerapen horiek ez dira nahikoak, baina badirudi bi gai horiei buruzko negoziaziorako atea irekitzen dutela Osakidetzak. Azpimarratu behar da, zalantzarik gabe, Osakidetzaren mugimendu horiek bi greba-egunek eta azken hilabeteetan egindako gainerako mobilizazioek izan duten jarraipen garrantzitsuaren ondorioz gertatu direla.

Hala ere, ez da aurrerapausorik eman oinarrizko beste gai batzuetan. Ildo horretan, berriz ere planteatu zaigu ordutegi-murrizketak eta itxierak aplikatzea Lehen Arretan udan zehar. Hori da Osakidetzak behin eta berriz aplikatzen duen irtenbidea, atzean dagoen benetako arazoari ez heltzeko: langileei eskaintzen zaizkien lan-baldintza eskasak. Behin eta berriz erabiltzen da profesional faltaren aitzakia, baina arazo hori konpontzeko, kolektiboaren lan-baldintzak hobetu behar dira.


SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Osakidetzari eskatu diote benetako negoziazioari heltzeko, edukiekin, Osakidetzaren arazo handiei buruz (asko dira), lan-baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arreta hobetzeko helburuarekin.

Bizkaiko Ostalaritza Elkarteari negoziazioa behingoz ahalbidetzeko eskatu diogu

Sektorean greba deitu dugu hilaren 29 eta 30ean, argi adierazteko zerbitzuen eta Frantziako Tourraren irteera bezalako makro-ekitaldien hiria ez dela posible egungo lan-baldintzekin.

Ekainaren 1ean egindako greba partzialeko greba arrakastatsuaren ondoren, Bizkaiko Ostalaritza Elkarte arduragabea immobilismoan ainguratuta dago, sektoreko langileen aldarrikapenei entzungor eginez eta langile horiek pobretzen jarraitzeko asmoarekin segitzen duelarik.

Gipuzkoan akordioa lortu da, eta Araban prentsaurrekoa deitzea nahikoa izan da negoziazioa suspertzeko; Bizkaian, berriz, ez dute entzun nahi eta ez diote erantzun nahi beren plantillen premiazko beharrei.

Soldaten igoerarik gabe jarraitzen dugu 2020ko urtarriletik. Denbora horretan, aldi baterako lan-erregulazioak jasan ditugu (sektorearentzat inoiz soluziorik ekarri ez zutenak), gero partzialak (gure baldintzak erabat malgutzea ekarri zutenak); gizarte osoa sektoreko enpresekiko elkartasuna adierazten ari zela ikusi genuen, eta ikusi dugu denbora horretan KPIa % 12 baino gehiago igo dela, gure soldatak 0, sektoreko prezioak % 15 baino gehiago igo direla, gure soldatak 0. Sektoreko enpresek beren irabazi-marjinak handitu nahi dituzte, beste behin ere, langile-klasearen kontura.

Sektoreko enpresek estutu egin nahi gaituzte COVID faktura ordaintzen amaitu arte. Ez dugu onartuko!

Guztiok ezagutzen ditugu sektoreko lan-baldintzak zein diren, eta baldintza horiek ez betetzea ere ez zaie arrotz suertatzen biztanleei. Soldata-igoerarekin batera, ezinbestekoa da fitxaketa fidagarriak ezartzea. Gainera, badira babes handiagoa behar duten beste azpisektore batzuk, hala nola janari lasterreko enpresak eta riderrak, eta horiek negoziazio honetan sartzea eskatzen dugu.

Azkenik, kontuan hartu behar da hitzarmen honek kolektibitateen sektoreari ere eragiten diola. Sektore prekarizatu horretan, langile gehienak emakumeak dira, kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituzte, eta lan-karga handiak dituzte. Patronalak bere hitzarmena negoziatzeari uko egiten dion bitartean, bere baldintzak hobetu behar dituzte, gaur egun bere beharrak eta kezkak jasotzen ez dituen hitzarmen baten borrokarekin bat eginez.

Nahikoa arrazoi Bizkaiko Hitzarmenaren Negoziazio Mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiok borrokan egoteko. Argi utziko dugu zerbitzuen eta makro ekitaldien hiria ez dela posible lan-baldintza hauetan. Horregatik, grebara deitzen dugu ekainaren 29an eta 30ean.

Donostiako ospitalera eraman ditugu Osakidetzako garbiketako langileen aldarrikapenak

Goizean langileak eraikinean sartu dira eta eserialdia egin dute zuzendaritzaren bulegoaren aurrean. Hala, bilera baterako hitzordua eskatu dute, bi hilabete eta erdiz greban daramaten honetan, beren aldarrikapenei bide eman behar zaie eta. Hitzarmenaren negoziaketan orain arte jasotako homologazio printzipioa mantentzea da eskakizun nagusietako bat.

Enpresa esleipendunei, Osakidetzari berari nahiz Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuari interpelatzen jarraitzen dugu Osakidetzako garbiketako borrokaren baitan. Gaurkoan, intersindikaleko langileekin batera Donostia Ospitalera eraman dugu ekintza, eta eserialdiaren bidez haizatu ditugu gure aldarrikapenak beste behin ere.

B hilabete eta erdi dramatzagu dagoeneko gure hitzarmena defendatzeko greban, eta 5 urte igaro dira negoziazio prozesua abiatu zenetik. Bada, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuen esleipendun diren enpresekin berrogeita hamar bat bilera eginda ere, negoziazioaren erabateko blokeoa agerikoa da.

Lan-baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin homologatzea helburu duen hitzarmena da. Horiek izan dira, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru alderdiok (enpresak, langileok eta Osakidetza) onartu genituen joko-arauak, eta horien arabera jardun dugu urteetan eta urteetan. Hala ere, enpresak eta Osakidetzako zuzendaritza homologazio-printzipioa hausten ari dira, uko egin baitiote Osakidetzako langileei azken urte hauetan aplikatu zaien gaiak egokitzeari eta aplikatzeari.

Kanpaldiak, manifestazioak, eserialdiak edota errepide mozketak egin izan ditugu denbora honetan guztian, eta argi utzi dugu borrokan jarraitzeko prest gaudela, ez baitugu onartuko atzera-pausorik lan-baldintzetan.

Kale garbiketa eta zabor bilketaren negoziazioaren paralisia salatzeko manifestazioa deitu dugu

Larunbat honetan izango da, hilak 17, Donostian.

Ekainaren 12an egindako azken bileran, Gipuzkoako kale-garbiketako hitzarmenaren negoziazio-mahaian egiaztatu da patronala blokeo egoera sustatzen dabilela, eta horrek negoziazioetan aurrera egitea oztopatzen du. Blokeo horren balorazio oso negatiboa egiten dugu LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok.

Ez dugu ahaztu behar sektore honetan 1.500 pertsona baino gehiago ari direla lanean: kale-garbiketa, zabor-bilketa, zabortegiak, erraustegiak, hondartzen garbiketa, gaikako bilketa, birziklatze-plantak, estolderia, etab.

Urtarrilean sindikatuek 28 puntu eta landu beharreko gaiak biltzen zituen plataforma aurkeztu zuten, sektoreko lan-baldintzak hobetzeko asmoz. Hala ere, lau hilabetez zain egon ondoren, patronalak ia proposamen guztiak baztertu ditu. Hitzarmenaren idazketan aldaketa puntual bat eta lizentziekin lotutako lege-egokitzapenak baino ez dituzte onartu. Gainerako proposamenak erabat baztertu dira, eta murrizketak ere planteatu dira, hala nola baja-osagarrietan eta txanda-kontratuetan.

Negoziazioaren eta langileen erosteko ahalmenaren galeraren testuinguruan, sindikatuok manifestazio jendetsua deitu dugu ekainaren 17rako, 12:00etan, Donostian.

Manifestazio honen helburua hitzarmen duin bat eskatzea da, kale-garbiketako sektoreko langile guztientzat lan-baldintza bidezkoak eta duinak bermatuko dituena.

Era berean, argi utzi nahi dugu ez dugula etorkizunean mobilizazioak egiteko aukera baztertzen, baldin eta patronalaren jarrera aldatzen ez bada.

Plantilla guztiei eskatzen diegu bat egin eta Donostiako kaleak betetzeko, hitzarmen duin baten aldeko borrokan dugun batasuna eta erabakitasuna erakutsiz.

‘Su txikien itsasoa’, trantsizio ekosoziala elkarlanean jorratzeko

Trantsizio ekosozialaren bidean, irailaren 30ean Ozaetako GaraiON Sorgingunean egingo diren topaketak aurkeztu ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, beste hainbat eragilerekin batera.

Su txikien Itsasoa deituriko ekimena aurkezteko elkartu gara gaur hainbat eragile. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta elkarlan eta konfluentzia espazio gisa jaio zen eta egun ditugun erronkei erantzuteko ere, eragile ezberdinen arteko aliantzen garrantziaz sinetsita gaude. Horregatik jarri dugu martxan Su Txikien Itsasoa ekimena, trantsizio ekosoziala elkarrekin pentsatzeko.

Asko gara Euskal Herrian borrokan gabiltzanak, krisi ekologikoari, pobretzeari, eskubide sozialen galerari… aurre egiteko, eta feminismotik, ekologismotik, langileen eskubideak eta bizi baldintzak erdigunean jarriz, gerraren aurka eginez, bizitza bizigarrien alde eta abar luze bat, denon artean eraikitako eta denontzako trantsizio ekosozial justu bat eraikitzeko. Ekimen honen helburua guztion arteko harremanak estutzea, sinergiak sortzea eta partekatzen ditugun zoru komun eta erronken inguruan aritzea da

Su Txikien Itsasoa ekimenak Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalen zein herri mugimenduen arteko topaketa-jardunaldi bat antolatzea proposatzen du. Zertarako? Trantsizio ekosozial justurako ardatz nagusiak eta funtsezko aldarrikapenak zeintzuk diren eztabaidatu eta zoru komuna adosteko, eta horren alde modu ahalik eta koordiantuenean eta jarraituenean egiteko agenda sozial partekatuaz aritzeko. Behar-beharrezkoa deritzogu gure arteko zoru komuna eraikitzeari, eta ekimen honek ekarpena egin nahi dio helburu horri.

Jardunaldi-topaketa irailaren 30ean egingo dugu Ozaetako GaraiON Sorgingunean, beraz data gorde, izena eman eta bertaratzera gonbidatu nahi ditugu eragile sozial, sindikal eta herri mugimendu ezberdinak eta hauen parte diren kideak.

Gainera, eztabaida prozesuan eraikitze aldera “hitz egin eta entzun” logikan oinarrituta egiten ari garen prozesuan parte hartzeko gonbita ere luzatu nahi dugu. Honen helburua eztabaidaren oinarria ahalik eta eragile gehienen artean eraikitzea da, bakoitzak ditugun egitasmo, kezka eta lan ildoetatik. Horrela, irailaren 30ean jakintza eta esperientzia horiek konpartitu, eta trantsizio ekosoziala eraikitzeko funtsezko bezala jotzen ditugun ardatzak sakondu nahi ditugu.

Hori da gaur Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik aurkeztu eta zabaldu dugun egitasmoa, Euskal Herriko eragile sozial, herri mugimendu, sindikatu edota militante sozialei irekia. Berriro diogu, sinetsita gaude su txikien itsasoa piztu behar dugula, trantsizio ekosoziala elkarrekin pentsatu, eta horren eraikuntzan elkarrekin ekiteko. Irailaren 30ean ikusiko dugu elkar!

Eusko Jaurlaritzak ateratako zahar egoitzen dekretu berria ez da nahikoa sektorean dauden beharrak asetzeko

Azterketa sakonago bat egiteko beharrean egonik ere, argi adierazten dugu beste behin ere Eusko Jaurlaritzak alde batera utzi dituela langileen aldarrikapen historikoak.

Planteatzen diren neurriek ez dituzte sektoreko langileen beharrak jasotzen; izan ere, ratioetan egin diren aldaketak ez dira nahikoa izango sektorean gaur egun dauden lan kargak baretzeko. Langile eta egoiliarrei tratu txarrak ematen jarraituko duten ratio batzuk aurrerapen gisa saldu nahi dituztela salatu du LABek. Langile falta ez da konponduko eta lan kargak ez dira gutxituko, horrek dakarren guztiarekin.

Aurrerapen handi gisa saldu nahi dute 50 egoiliarreko langile bat egotea gaueko ratioan; hala ere, 2000. urteaz geroztik, Katalunian jada badago 35 egoiliarreko gaueko langile bat eta eskuragarri egongo den beste bat egotea jasotzen duen ratioa. Gaueko ratioaz gabiltzanean, postura-aldaketez, hezetasun-aldaketez, sendaketez, erortzeko arriskuez… ari gara. Jakina, aipatutako neurria LABen proposamenetik oso urrun dago. Izan ere, sindikatuaren ustez 15 egoiliarreko 2 langile beharrezkoak dira.

Dekretuak, teorikoki, erdigunean jartzen du pertsonengan zentratutako arreta. Zuzeneko arreta hori eman ahal izateko, ezarritako ratioa ez da nahikoa, eta, beraz, sektoreko langileen lan- eta bizi-baldintzek okerrera egingo dute berriro. Pertsonengan zentratutako arretan sakontzeko dekretua hobekuntza arkitektonikoei buruzkoa da, eta langileen lan-baldintzak bigarren mailan uzten ditu.

Dekretuak mugarik gabeko kontratu partzialak ahalbidetzen ditu, hau da, mota honetako kontratuei ez dizkie mugak ezartzen. Bada, ezagun den moduan, sektore honetan milaka langile miseriazko kontratu partzialekin ari dira lanean.

LABek ez du inolako zalantzarik: dekretu honek ez die sektoreko beharrei erantzuten. Egoiliarren beharrak erdigunean kokatzen direla azaltzen dute, eta honekin ere zalantza asko ditu sindikatuak, ez direlako mendekotasunak eta egoitzetan dauden egoiliarren profil anitz guztiak kontutan hartzen.

LABek salatzen du dekretu hau adinekoen egoitzetako pribatizazio-sistemaren aurpegi garbiketa bat dela, eta honek langileengan eta egoiliarrengan dituen ondorio larriak gaitzesten ditu. Dekretu hau langileen eta zaintza-sistema gizatiarrago batean alde inplikatuta eta interesatuta dauden kolektibo eta gizarte-eragileen bizkarrera egin da.

Sindikatuak dekretua sakonki aztertuko du eta ez ditugu mobilizazioak baztertzen.

Biharko deitutako mahai sektorialaren bileran gure aldarrikapenak jorratzeko eskatuko diogu sindikatuok Osakidetzari

Bidalitako gai-zerrenda ikusita, egiaztatu dugu Osasun Sailak ez dituela aintzat hartzen ez langileak ez herritarrak.

Osasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, Osakidetzak Mahai Sektoriala biltzeko deialdia egin du biharko, ekainak 14. Horren edukia ikusita, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok salatu dugu Osakidetzak bere jarrera inposatzaileari eusten diola eta mahai sektoriala erabiltzen jarraitzen duela existitzen ez den negoziazio baten itxura emateko. Horrek garrantzia berezia du, kontuan hartzen badugu oraingo honetan deialdia jarraipen oso garrantzitsua izan duten bi greba-egunen ondoren egin dela.

Zehazki, Osakidetzak ez ditu gai-zerrendan sartu sindikatuok azken hilabeteetan behin eta berriz eskatu izan dizkiogun puntuak. Puntu horiek mobilizazioen eta bi greba-egunen aldarrikapenen parte dira. LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk behin eta berriz eskatu dugu egoera desblokeatzeko eta Mahai Sektorialaren bilerei berriro ekiteko (bilera horiek benetako eduki negoziatzailea izan behar dute), bi gai zehatz berehala ebazteko: Osakidetzak Garapen Profesionalaren azken zirriborroa erretiratzea eta 2022ko deialdi arrunta egitea; eta % 4ko osagarriaren ordainketaren gatazka negoziatzea eta konpontzea (gogora dezagun Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek 27 greba-egun baino gehiago egin dituztela arrazoi horrengatik).

Bidalitako gai-zerrendak ez ditu gai horiek aintzat hartzen, eta Osakidetzak aldebakarrez erabaki dituen edukiak zerrendatzera mugatzen da. Horregatik, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berriro eskatu diogu Osakidetzari gai-zerrendan sartzeko adierazitako puntuak, eta jakinarazi diogu bilerara joango garela gai horiek jorratzera. Negoziatzeko benetako borondatea erakusteko eta bi puntu horiei heltzeko eskatu diogu Osakidetzari.

Adierazi behar da, sindikatuen aldarrikapenei entzungor egiteaz gain, Osasun Sailak gai-zerrendan sartu dituela informazio-eduki hutsa duten gaiak, Osakidetzak aldebakarrez erabaki baititu gai horiek. Adibide gisa, Lehen Arretako zentroetako eta Etengabeko Arreta Guneetako ordutegiak planifikatu dira udan: Osakidetzak zentroei eta, batzuetan, herritarrei beraiei jakinarazi die zein izango diren arretaren baldintzak. Baldintza horiek Osasun Sailaren aldebakarreko erabakia dira, eta, berriz ere, zentroak medikurik gabe irekitzea barne hartzen dute.

Azken hilabeteotan langileak zein herritarrak oso haserre agertu dira Osakidetzaren gainbeherarengatik, deitutako bi greba-egunen jarraipen garrantzitsuarekin eta egin diren mobilizazio jendetsuekin agerian geratu den bezala. Gogoratu behar da, halaber, mahai sektorialean presentzia dugun sindikatuok behin eta berriz salatu dugula Osakidetzak negoziazioa erabat blokeatu duela; izan ere, Mahai Sektoriala edukirik gabeko foro bihurtu da, eta ez da inolako negoziaziorik egiten.