2025-12-29
Blog Page 218

Dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari EAEko ikastetxeetako jangeletako eta eskola-garraioko langileen lan-baldintzak hobetzeko

Ekainaren 2an iragarri genuen hezkuntza eremu osoko langileen lan baldintzak hobetzeko oinarrizko akordio bat lortu genuela EAEko Hezkuntza Sailarekin, arlo honek behar dituen eraldaketa sakonak ezinezkoak baitira langileak aintzat hartu gabe. Akordio horretan aintzat hartzen ziren hezkuntzan azpikontratatuta diharduten langileak ere. Zehazki jasotzen da jangela ereduaren inguruko azterketa egiteko konpromisoa, baita hau langile publikoekin betetzeko aukera aztertzekoa ere.

Lan-baldintzei buruzko akordioan jasotako edukiak mahai sektorial bakoitzean garatu beharko dira. LAB sindikatua lehen indarra da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mendeko jangeletan eta eskola-garraioan. Horregatik, LAB prest dago jangela ereduari eta bertako eta eskola-garraioko langileen lan-baldintzei buruzko hausnarketa- eta negoziazio-prozesuari ekiteko.

Jangelak ezinbesteko espazio hezitzaileak dira gure haur eta gazteentzat. Elikadura osasuntsu eta gertuko baten alde ezinbesteko da esku pribatuetatik askatzea, bai eta egun dauden ratioak berraztertzea ere.

Egungo jangela ereduak ez ditu asetzen haurren elikadura beharrak eta gainera, langileak egoera prekarioan ditu, eta hori haurrek ere nozitzen dute. Egungo eredua sostengaezina da beraz, eta bistan da eraldaketa bat beharrezkoa dela. LABetik ez gara Hezkuntza Sailak egiten duenaren zain geratuko, baditugu gure proposamenak akordioan jasotako konpromiso hori gauzatzeko. Hezkuntza Sailari aurkeztuko dizkiogu eta negoziazio mahaietan defendatuko ditugu, eta beharrezkoa denean ekintza sindikala aktibatuko dugu.

Beraz, LAB sindikatuak dei egiten dio Hezkuntza Sailari ondorengo gaiei heltzeko:

Jangeletan

  • Jangela hezkuntza-gune bihurtu behar da, eta, horretarako, beharrezkoa da ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuan sartzea.
  • Langileen hezkuntza-lana aitortzea.
  • Indarrean dauden araudiak aldatzea:2000ko martxoaren 22ko Agindua, EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako jangelak arautzen dituena derrigorrezko hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan.
  • Ikastetxeko erabaki-organoetan parte-hartze aktiboa izatea, ikastetxeko gainerako langileek bezala.
  • Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen zirkularra, kudeaketa zuzeneko jangelen funtzionamenduari buruzkoa (ratioak, funtzioak, lanaldiak, jangela-ordutegia…).
  • Itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako jangeletako langileen eta sare publikoko jangeletako langileen soldatak parekatzea.
  • Kudeaketa-eredu berria (ez bakarrik kudeaketa zuzena), langileak zuzenean Hezkuntza Sailekoak bihurtuz (birmoldaketa).

Eskola-garraioan

  • Indarrean dagoen araudia aldatzea. Zehazki, 69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzkoa, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak finantzatua.
  • Araudian autobuseko langileentzat eta patioko zaintzaileentzako ratioak sartzea.
  • Ikastetxeko erabaki-organoetan parte-hartze aktiboa izatea, ikastetxeko gainerako langileek bezala.
  • Itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako langileei sare publikoko ikastetxeetako langileen gutxieneko lan-baldintzak aplikatzea.

LABen ustez, orain inoiz baino beharrezkoagoa da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen ordezkaritzaren arteko elkarrizketa-prozesuari ekitea, aurreko puntuei eta EAEko Hezkuntza Lege berriari buruzko akordioan jasotakoei ekiteko.

Gorabideko langileak kanpaldia egiten ari dira Bizkaia plazan, zuzendaritzaren eta aldundiaren negoziatzeko borondaterik ezaren aurrean

Gorabide elkarteak, adimen desgaitasuna duten pertsonen familiek osatuak, 37 zerbitzu kudeatzen ditu Bizkaia osoan. Enpresa honetan 600 pertsonak lan egiten dugu eta aniztasun funtzionala pairatzen duten ia 5000 lagun artatzen ditugu.

Gorabideko Zentro Arteko Batzordeak Gorabideko eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunei leporatzen die egungo gatazkaren errudunak izatea.

Aldundiaren arduragabekeria, blokeo horri eutsita, oso larria da. Agerian geratzen da zeinen gutxi axola zaien zerbitzu publikoen kalitatea, eta are gutxiago axola zaie zaintzen ditugun pertsonen eta haien senideen egoera.

Duela 20 egun baino gehiago, negoziazioaren desblokeoa errazteko proposamen berri bat helarazi genion Txema Francori, Gorabideko gerenteari. Gaur egun, Gorabideko Zuzendaritzak ez du erantzunik eman, eta ez da Enpresa Batzordearekin ezer negoziatu. Gorabideko gerentea negoziatzeko gaitasunik eza eta nagusikeria baino ez da erakusten ari. Hala, Hitzarmenaren negoziazioari heltzeko oztopo bat da.

Elixabete Etxanoberi bilera eskatu diogu idatziz, baina ez dugu erantzunik jaso. Publikoki eskatzen dizugu harrera egin diezaguzula, gure egoera eta proposatzen ditugun konponbideak zuzenean entzun ahal izan ditzazun.

Bizkaiko Foru Aldundia salatzen dugu aniztasun funtzionala duten pertsonen zaintzaren kudeaketan sistema gaiztoa ezartzeagatik. Aldundiko arduradun politikoei gogorarazten diegu zerbitzu hori bermatzeko ardura beraiek dutela. Bizkaiko Foru Aldundia da, diru-bilketa errekorra izanik, emakume langileen erosteko ahalmena bermatzeari uko egiten diona. Egun erosahalmenaren galera gure soldataren 13,49% da. Txiroagoak eta prekarioagoak izatea, horixe da proposatzen digutena. Gainera, zerbitzuaren kalitatea okertzen ari da, gero eta tresna gutxiago baitaude heziketa-laguntzarako.

Agerian geratzen da ez Aldundiak, ez Gorabideko gerentziak, ez dutela konponbiderik bilatu nahi. Horregatik, 48 orduko etengabeko mobilizazioa egiten dihardugu Gorabideren egoitzaren aurrean. Gorabideren eta Bizkaiko Aldundiaren jarrera arduragabea mantentzen bada, mobilizazioak areagotuko ditugu eta greba mugagabea deitzea baloratuko dugu.

Bi greba egun deitu ditugu ekainaren 29rako eta 30erako Bizkaiko eraikuntzaren sektorean

CCOOk ekainaren 9rako eta 16rako 4 orduko lanuzteak eta ELAk egun beretan 24 orduko grebak deitu zituztenean, LABetik esan genuen beharrezkoa zela borroka planteamendu eraginkor bat egitea, eta eraginkortasun hori ez zela bermatzen bi deialdi desberdin horiekin, lanuzteak eta grebak, deitzeaz gain, landu eta aurrera eraman behar direlako.

Hala eta guztiz ere, 24 orduko greba egunekin bat egitea erabaki genuen, lanuzteen eta greben helburua partekatzen dugulako, hau da, eros-ahalmena bermatzea eta sektorean sortzen ari den aberastasuna banatzeari uko egiten dion patronalaren asmoei aurre egitea.

Joan den ekainaren 9an egin zen lehen greba eguna eta horren ostean patronalak eros-ahalmena bermatzen duten igoerarik adostu nahi ez duelako jarreran jarraitzen du, sektoreko langileak gehiago pobretu nahian. Patronalaren immobilismo horrek erantzun sendoagoa eta ahalik eta borroka planteamendu bateratuena eta eraginkorrena eskatzen du, LABen aldarrikatzen dugun bezala. Hori dela eta, sektoreko beste sindikatu batzuekin batera, ekainaren 29rako eta 30erako bi greba egun deitu ditugu, eta egun horietan sektorea gelditzeko eta kalera irteteko dei egiten diegu langileei.

LABeko liberatuen batzarra: militantzia eredu bizigarri baterako gogoeta kolektiboa

LABek badu altxor handi bat.  Bere komunitatea. Afiliatuak, ordezkariak, liberatuak… guztien ekarpena da ezinbestekoa LABek proiektua bultzatu eta sostengatzeko, eta horretaz jakitun, eremu bakoitzeko kideek garatu behar dituzten ekarpen, funtzio, eskubide eta betebeharren gaineko gogoeta elikatzen ari da sindikatua.

Ariketa kolektibo horrek gaur beste argazki eder bat utzi digu: LABeko liberatu guztiak elkarrekin batzartuta, militantzia ereduaz hausnartzen. Pertsonak erdigunean izango dituen eredu bizigarri baten norabidean aurrera doa sindikatua. Zaintza-beharrak, bizitza pertsonala zein bestelako militantzia esparruak uztargarri egiteko bokazioz neurri berri ugari adostu dira batzarrean. 

Erronka berriei modu kolektiboan heltzen jarraitzen dute, beraz, LABeko liberatuek.

Sindikalgintza feministari buruzko topaketa internazionalistak egin ditugu Basoan

Azken urte hauetan sindikalgintza feministari buruz hausnartzen eta eztabaidatzen aritu gara: zer den, nola egiten den, zer esan nahi duen, zer suposatzen digun. Gure gorputz-lurraldeetan errotuta dagoen sindikalgintza feminista eta, beraz, gure sindikatuen artean historikoki landu dugun esperientzia internazionalistatik edaten duena.

Bide horretan, uste genuen hausnarketa horiek sindikatu lagunekin sozializatzea eta konpartitzea oso aberasgarria izan zitekeela guztiontzat, urteak baitaramatzagu haiekin borroka ezberdinak partekatzen. Elkarrekin ikasteko, gure sindikatuetan feminismotik eragiteko esperientziak partekatzeko eta partekatzen ditugun nazioarteko espazioetan ereiteko. Espazio horiek, aspalditik, errealitate matxistaren isla ere badira, eta eraldatu egin nahi ditugu.

Hala, ekainaren 9, 10 eta 11n elkartu gara Basoako gunean (Artea, Arratia), sindikatu desberdinetako emakumeen topaketa ez-mistoan.

Hasiera batean LAB sindikatuak bultzatutako gunea da, baina CUT Galiza, Intersindical Canaria, Intersindical Alternativa de Catalunya, La Intersindical eta Intersindical Valenciana sindikatuetako kideekin batera landu eta antolatu da.

Ez dira gutxi izan partekatu ditugun gogoetak eta ikaskuntzak. Gure sindikatuetara eramateko konpromisoa hartzeaz gain, agenda feminista internazionalista partekatu bat eraikitzeko lehen urratsak eman ditugu.

Hezkuntza publikoan ordezkoen lan-baldintzak defendatu eta hobetzeko beharra aldarrikatu dugu

EAEko Hezkuntza Sailak mahai negoziatzailera eramandako proposamenak ziurgabetasuna dakar, besteak beste, puntuazioari, kotizazioari nahiz uztaila kobratzeko erari dagokienez. Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako mobilizazioen bitartez, LABetik eskatu dugu ordezkoen araudi berria negoziatu dadila.

Datorren ikasturteari begira azken urteetan erabili izan den sistema alde batera utzi eta, ordezkoen udako kobrantzari lotuta, ikasturtean zehar proposamena eraman zuen Hezkuntza Sailak mahai negoziatzailera, sindikatu guztiek baztertu zutena eta indarrean ez dagoena.

Hezkuntza Sailaren proposamen horren arabera, ikasturtean zehar ordezkapenak egiten ibiliko direnei oporren likidazioa kontratu bakoitzaren amaieran egingo zaie. Bada, formula berri horrek hainbat ziurgabetasun sortzen ditu garrantzitsuak diren kontuen inguruan, tartean puntuazioa eta kotizazioa zein uztaila kobratzeko modua.

LABen aburuz, udako ordainketaren auzia ordezkoen lan-baldintzak hobetu behar dituen araudi berri baten negoziazioaren baitan landu behar da, urritik aurrera abiatuko den lan-hitzarmenari lotuta. Hezkuntza sailak bermatu behar du ordezko langileek ez dutela eros-ahalmenean galerarik izango, eta lan egindako 165 egun aitortzen zaizkiela ordainsariari (apartekoak barne), puntuazioari eta kotizazioari dagokienez.

Honi gehitu behar zaio Hezkuntza Sailak orain urte bat abuztuko oporren kobraketa zela-eta aldebakarrez hartu zuen neurria. Diskriminazio egoerak zeudelakoan ezarri zen neurri hori. Bada, uste dugu hori ere mahai negoziatzailean landu beharrekoa dela; izan ere, sindikatuei ez diete oraingoz langileen harreman juridikoaren eta hauen jardunaldiaren araberako diagnostikoa aurkeztu, ezta diskriminazio egoerak zein diren adierazi ere. Diagnostiko hori abiapuntutzat izan duen abuztuko oporraldien doiketa zertan oinarritzen den ezagutu nahi dugu, langileen arteko diskriminazio egoera horiek identifikatu ahal izateko eta denentzako irtenbide egokiak bilatzeko. Zentzu honetan, sindikatuaren ustez ezinbestekoa da zaintza lanen ondorioz lanaldi partzialean ari direnentzako neurriak etorkizun hurbilean aztertu eta negoziatzea.

Ordezkoen lan-baldintzak defendatu eta hobetzeko aldarria egin eta ordezkoen araudi berria negoziatu dadila eskatzen dugu, besteak beste, hurrengoetan sakontzeko:

  • Ikasturte osoko ahalik eta kontratu gehien egitea, plaza bakanteez gain. Horrez gain, urte osoko lanaldia abuztuaren 31ra artekoa izatea, lanpostu hauen jabetza iraila bukaeratik edo urri hasieratik aurrerakoa izanik ere. Kontratuok izango lirateke zerbitzu eginkizunetan ari direnen ordezkapenetarako, eszedentzien ordezkapenetarako, liberazio sindikalen ordezkapenetarako…
  • Ordezko langileei 165 egunak aitortzea eta egun kopuru horretara iristen ez direnentzat ere neurriak aztertu eta adostea, udako egun kopurua era proportzionalean zenbatuz.
  • Aurrekoarekin lotuta, ostiraletako kontratu amaierak igandeetan izan daitezen aztertzea.
  • Zerbitzuen aldi baterako etena delakoa birformulatzea, Osakidetzan bezala, zaintzagatiko baimena duten langile horiei zerbitzu aktiboan daudela aitortuz. Arazo asko eta diskriminazioa sortzen duen egoera da hau, zerbitzu publikoetako gainerako sektoreetan ez dagoena.
  • 2024ko abenduaren 31ra arte, egonkortzeko salbuespen prozesu guztiak bukatu arte, egun dauden lan-poltsak mantentzea. Eta hiru urtetik hiru urtera, hau da, EPE prozesu batetik bestera, bitarteko funtzionarioak edo ordezko irakasleak egonkortzeko egon litezkeen neurri gehigarriak aztertzea, egungo lan-poltsen araudia eta antzinatasuna urratu gabe.
  • Jardunaldi murriztua duten bitarteko funtzionarioentzako eta kultur sortzaileentzako bateragarritasun legea gainditzea, soldatan kalte ekonomikorik eragin gabe.
  • Bitarteko funtzionarioek, karrerako funtzionarioek nola, borondatez lanaldia murrizteko aukera izan dezatela.

Bizkaiko grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio mahaia eratu dugu

Patronala behin eta berriz saihesten ahalegindu den arren, LABen ekimenez lortu da gaur arratsaldean Lan Harremanen Kontseiluan lehenengo bilera egitea.

Sektoreko azken hitzarmenaren indarraldia 2011ko abenduan amaitu zen. 2012an hitzarmena berritzeko mahaia eratu zen. Urtebetez hainbat bilera egin ondoren, eta akordiorik lortu gabe, patronalak negoziazioa amaitutzat eman zuen, eta Bizkaiko hitzarmena aplikatzeari utz ziezaion saiatu zen. Hala, Estatuko hitzarmena aplikatzea eskatu zuen, 2012ko lan erreforman oinarrituta. Patronalaren erabaki hori salatu ostean, epai baten bidez hitzarmenaren ultraktibitatea mantentzea lortu zen, sektoreko langile guztiei Bizkaiko Grafikagintzako hitzarmena aplikatzen zaiela bermatzeko. CEBEK patronalaren estatalizazio asmoei aurre egitea lortu zen horrela.

2018an beste saiakera bat egin zen negoziazioei berriro ekiteko, baina patronalak uko egin zion, negoziazio mahaiaren legitimitatearekin arazoak zituela argudiatuta, eta ez zen aurkeztu Lan Harremanen Konsteiluan deitutako bilera batera.

Ibilbide horrekin, 2023an gaude, eta sektoreko langileen lan eta soldata baldintzak izoztuta jarraitzen dute 2011. urteaz geroztik. Horrek sektorearen prekarizazioa ekarri du, eta erosteko ahalmenaren galera garrantzitsua. Ezin daiteke gauza bera esan irabaziak izaten ari diren sektoreko enpresa bereizgarrienei buruz.

Hori dela eta, LABen, delegatuekin batera, maiatzean negoziazio mahaiaren bilera deitzea erabaki genuen. Bilera horretan, berriro ere, negoziazioari oztopoak jartzen saiatu zen patronala, negoziazio mahaiaren legitimitatearekin arazoak zituela argudiatuz beste behin ere.

LABen argi geneukan ez geniola aitzakia gehiagorik emango CEBEKi, eta lehentasuna sektoreko langileak eta beren lan-baldintzak izango zirela. Azkenean, akordio bat lortu eta negoziazio mahai berri bat eratzeko data bat adostu zen. Bilera hori gaur egin da Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan.

Urrats hori egin ondoren, hurrengo fasea etorriko da, eta LABek bide hori egin nahi du sektoreko langileekin. Badakigu bide hori ez dela erraza izango patronalaren jarrera ikusita, baina ilusioz helduko dio. Beste bilera bat egingo da uztailaren 4an, eta bertan aurkeztuko dira plataformak. Hori dela eta, hurrengo egunetan, sektoreko langileen iritziak, kezkak eta eskaerak jasotzen arituko gara, hainbat bidetatik helaraziko dugun galdetegi baten bidez.

Aurrerapen txikiak baino ez dira egon Osakidetzako Mahai Sektorialean

Azken greba-deialdiek eragin dituzten arazo handiei aurre egin ez bazaie ere, Osakidetzak urrats txiki batzuk eman ditu Garapen Profesionalari eta %4aren ordainketari dagokienez.

Osakidetzako Mahai Sektorialak gaur egindako bileran, aurrerapauso txikiak eman dira duela ia urtebetetik blokeatuta zegoen negoziazioan. Izan ere, sindikatuok bileretara joan gabe generaman pasa den urritik. Bi greba egunen ostean, eta negoziatzeko borondatea erakusteko, gaur berriro Mahaira joatea erabaki dugu.

Atzo adierazi genuen bezala, bileraren gai-zerrendak ez zuen jasotzen sindikatuok azken hilabeteetan behin eta berriz eskatu ditugun bi puntuetako bat bera ere. Puntu horiek mobilizazioen eta pasa den hilean deitutako bi greba-egunen aldarrikapenen parte dira.

Gauzak horrela, atzo, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berriro eskatu genuen, egoera desblokeatzeko eta Mahai Sektorialaren bileretan berriz parte hartzeko (bilera horiek benetako eduki negoziatzailea izan behar dute), berehala konpondu beharreko bi gai jorratzeko gaurkoan: Osakidetzak Garapen Profesionalaren azken zirriborroa erretiratzea eta 2022ko deialdi arrunta egitea, eta %4ko osagarriaren ordainketaren gatazka negoziatzea eta konpontzea (gogora dezagun Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek 27 greba-egun baino gehiago egin dituztela arrazoi horrengatik).

Gaurko bileran aurrerapauso txikiak eman dira bi gai horietan. Aurrerapen horiek ez dira nahikoak, baina badirudi bi gai horiei buruzko negoziaziorako atea irekitzen dutela Osakidetzak. Azpimarratu behar da, zalantzarik gabe, Osakidetzaren mugimendu horiek bi greba-egunek eta azken hilabeteetan egindako gainerako mobilizazioek izan duten jarraipen garrantzitsuaren ondorioz gertatu direla.

Hala ere, ez da aurrerapausorik eman oinarrizko beste gai batzuetan. Ildo horretan, berriz ere planteatu zaigu ordutegi-murrizketak eta itxierak aplikatzea Lehen Arretan udan zehar. Hori da Osakidetzak behin eta berriz aplikatzen duen irtenbidea, atzean dagoen benetako arazoari ez heltzeko: langileei eskaintzen zaizkien lan-baldintza eskasak. Behin eta berriz erabiltzen da profesional faltaren aitzakia, baina arazo hori konpontzeko, kolektiboaren lan-baldintzak hobetu behar dira.


SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Osakidetzari eskatu diote benetako negoziazioari heltzeko, edukiekin, Osakidetzaren arazo handiei buruz (asko dira), lan-baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arreta hobetzeko helburuarekin.

Bizkaiko Ostalaritza Elkarteari negoziazioa behingoz ahalbidetzeko eskatu diogu

Sektorean greba deitu dugu hilaren 29 eta 30ean, argi adierazteko zerbitzuen eta Frantziako Tourraren irteera bezalako makro-ekitaldien hiria ez dela posible egungo lan-baldintzekin.

Ekainaren 1ean egindako greba partzialeko greba arrakastatsuaren ondoren, Bizkaiko Ostalaritza Elkarte arduragabea immobilismoan ainguratuta dago, sektoreko langileen aldarrikapenei entzungor eginez eta langile horiek pobretzen jarraitzeko asmoarekin segitzen duelarik.

Gipuzkoan akordioa lortu da, eta Araban prentsaurrekoa deitzea nahikoa izan da negoziazioa suspertzeko; Bizkaian, berriz, ez dute entzun nahi eta ez diote erantzun nahi beren plantillen premiazko beharrei.

Soldaten igoerarik gabe jarraitzen dugu 2020ko urtarriletik. Denbora horretan, aldi baterako lan-erregulazioak jasan ditugu (sektorearentzat inoiz soluziorik ekarri ez zutenak), gero partzialak (gure baldintzak erabat malgutzea ekarri zutenak); gizarte osoa sektoreko enpresekiko elkartasuna adierazten ari zela ikusi genuen, eta ikusi dugu denbora horretan KPIa % 12 baino gehiago igo dela, gure soldatak 0, sektoreko prezioak % 15 baino gehiago igo direla, gure soldatak 0. Sektoreko enpresek beren irabazi-marjinak handitu nahi dituzte, beste behin ere, langile-klasearen kontura.

Sektoreko enpresek estutu egin nahi gaituzte COVID faktura ordaintzen amaitu arte. Ez dugu onartuko!

Guztiok ezagutzen ditugu sektoreko lan-baldintzak zein diren, eta baldintza horiek ez betetzea ere ez zaie arrotz suertatzen biztanleei. Soldata-igoerarekin batera, ezinbestekoa da fitxaketa fidagarriak ezartzea. Gainera, badira babes handiagoa behar duten beste azpisektore batzuk, hala nola janari lasterreko enpresak eta riderrak, eta horiek negoziazio honetan sartzea eskatzen dugu.

Azkenik, kontuan hartu behar da hitzarmen honek kolektibitateen sektoreari ere eragiten diola. Sektore prekarizatu horretan, langile gehienak emakumeak dira, kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituzte, eta lan-karga handiak dituzte. Patronalak bere hitzarmena negoziatzeari uko egiten dion bitartean, bere baldintzak hobetu behar dituzte, gaur egun bere beharrak eta kezkak jasotzen ez dituen hitzarmen baten borrokarekin bat eginez.

Nahikoa arrazoi Bizkaiko Hitzarmenaren Negoziazio Mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiok borrokan egoteko. Argi utziko dugu zerbitzuen eta makro ekitaldien hiria ez dela posible lan-baldintza hauetan. Horregatik, grebara deitzen dugu ekainaren 29an eta 30ean.