2026-10-01
HomeIndustriaArte GrafikoakBizkaiko grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio mahaia eratu dugu

Bizkaiko grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio mahaia eratu dugu

Patronala behin eta berriz saihesten ahalegindu den arren, LABen ekimenez lortu da gaur arratsaldean Lan Harremanen Kontseiluan lehenengo bilera egitea.

Sektoreko azken hitzarmenaren indarraldia 2011ko abenduan amaitu zen. 2012an hitzarmena berritzeko mahaia eratu zen. Urtebetez hainbat bilera egin ondoren, eta akordiorik lortu gabe, patronalak negoziazioa amaitutzat eman zuen, eta Bizkaiko hitzarmena aplikatzeari utz ziezaion saiatu zen. Hala, Estatuko hitzarmena aplikatzea eskatu zuen, 2012ko lan erreforman oinarrituta. Patronalaren erabaki hori salatu ostean, epai baten bidez hitzarmenaren ultraktibitatea mantentzea lortu zen, sektoreko langile guztiei Bizkaiko Grafikagintzako hitzarmena aplikatzen zaiela bermatzeko. CEBEK patronalaren estatalizazio asmoei aurre egitea lortu zen horrela.

2018an beste saiakera bat egin zen negoziazioei berriro ekiteko, baina patronalak uko egin zion, negoziazio mahaiaren legitimitatearekin arazoak zituela argudiatuta, eta ez zen aurkeztu Lan Harremanen Konsteiluan deitutako bilera batera.

Ibilbide horrekin, 2023an gaude, eta sektoreko langileen lan eta soldata baldintzak izoztuta jarraitzen dute 2011. urteaz geroztik. Horrek sektorearen prekarizazioa ekarri du, eta erosteko ahalmenaren galera garrantzitsua. Ezin daiteke gauza bera esan irabaziak izaten ari diren sektoreko enpresa bereizgarrienei buruz.

Hori dela eta, LABen, delegatuekin batera, maiatzean negoziazio mahaiaren bilera deitzea erabaki genuen. Bilera horretan, berriro ere, negoziazioari oztopoak jartzen saiatu zen patronala, negoziazio mahaiaren legitimitatearekin arazoak zituela argudiatuz beste behin ere.

LABen argi geneukan ez geniola aitzakia gehiagorik emango CEBEKi, eta lehentasuna sektoreko langileak eta beren lan-baldintzak izango zirela. Azkenean, akordio bat lortu eta negoziazio mahai berri bat eratzeko data bat adostu zen. Bilera hori gaur egin da Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan.

Urrats hori egin ondoren, hurrengo fasea etorriko da, eta LABek bide hori egin nahi du sektoreko langileekin. Badakigu bide hori ez dela erraza izango patronalaren jarrera ikusita, baina ilusioz helduko dio. Beste bilera bat egingo da uztailaren 4an, eta bertan aurkeztuko dira plataformak. Hori dela eta, hurrengo egunetan, sektoreko langileen iritziak, kezkak eta eskaerak jasotzen arituko gara, hainbat bidetatik helaraziko dugun galdetegi baten bidez.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.