2026-09-30
HomeEkintza SindikalaHezkuntza publikoan ordezkoen lan-baldintzak defendatu eta hobetzeko beharra aldarrikatu dugu

Hezkuntza publikoan ordezkoen lan-baldintzak defendatu eta hobetzeko beharra aldarrikatu dugu

EAEko Hezkuntza Sailak mahai negoziatzailera eramandako proposamenak ziurgabetasuna dakar, besteak beste, puntuazioari, kotizazioari nahiz uztaila kobratzeko erari dagokienez. Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako mobilizazioen bitartez, LABetik eskatu dugu ordezkoen araudi berria negoziatu dadila.

Datorren ikasturteari begira azken urteetan erabili izan den sistema alde batera utzi eta, ordezkoen udako kobrantzari lotuta, ikasturtean zehar proposamena eraman zuen Hezkuntza Sailak mahai negoziatzailera, sindikatu guztiek baztertu zutena eta indarrean ez dagoena.

Hezkuntza Sailaren proposamen horren arabera, ikasturtean zehar ordezkapenak egiten ibiliko direnei oporren likidazioa kontratu bakoitzaren amaieran egingo zaie. Bada, formula berri horrek hainbat ziurgabetasun sortzen ditu garrantzitsuak diren kontuen inguruan, tartean puntuazioa eta kotizazioa zein uztaila kobratzeko modua.

LABen aburuz, udako ordainketaren auzia ordezkoen lan-baldintzak hobetu behar dituen araudi berri baten negoziazioaren baitan landu behar da, urritik aurrera abiatuko den lan-hitzarmenari lotuta. Hezkuntza sailak bermatu behar du ordezko langileek ez dutela eros-ahalmenean galerarik izango, eta lan egindako 165 egun aitortzen zaizkiela ordainsariari (apartekoak barne), puntuazioari eta kotizazioari dagokienez.

Honi gehitu behar zaio Hezkuntza Sailak orain urte bat abuztuko oporren kobraketa zela-eta aldebakarrez hartu zuen neurria. Diskriminazio egoerak zeudelakoan ezarri zen neurri hori. Bada, uste dugu hori ere mahai negoziatzailean landu beharrekoa dela; izan ere, sindikatuei ez diete oraingoz langileen harreman juridikoaren eta hauen jardunaldiaren araberako diagnostikoa aurkeztu, ezta diskriminazio egoerak zein diren adierazi ere. Diagnostiko hori abiapuntutzat izan duen abuztuko oporraldien doiketa zertan oinarritzen den ezagutu nahi dugu, langileen arteko diskriminazio egoera horiek identifikatu ahal izateko eta denentzako irtenbide egokiak bilatzeko. Zentzu honetan, sindikatuaren ustez ezinbestekoa da zaintza lanen ondorioz lanaldi partzialean ari direnentzako neurriak etorkizun hurbilean aztertu eta negoziatzea.

Ordezkoen lan-baldintzak defendatu eta hobetzeko aldarria egin eta ordezkoen araudi berria negoziatu dadila eskatzen dugu, besteak beste, hurrengoetan sakontzeko:

  • Ikasturte osoko ahalik eta kontratu gehien egitea, plaza bakanteez gain. Horrez gain, urte osoko lanaldia abuztuaren 31ra artekoa izatea, lanpostu hauen jabetza iraila bukaeratik edo urri hasieratik aurrerakoa izanik ere. Kontratuok izango lirateke zerbitzu eginkizunetan ari direnen ordezkapenetarako, eszedentzien ordezkapenetarako, liberazio sindikalen ordezkapenetarako…
  • Ordezko langileei 165 egunak aitortzea eta egun kopuru horretara iristen ez direnentzat ere neurriak aztertu eta adostea, udako egun kopurua era proportzionalean zenbatuz.
  • Aurrekoarekin lotuta, ostiraletako kontratu amaierak igandeetan izan daitezen aztertzea.
  • Zerbitzuen aldi baterako etena delakoa birformulatzea, Osakidetzan bezala, zaintzagatiko baimena duten langile horiei zerbitzu aktiboan daudela aitortuz. Arazo asko eta diskriminazioa sortzen duen egoera da hau, zerbitzu publikoetako gainerako sektoreetan ez dagoena.
  • 2024ko abenduaren 31ra arte, egonkortzeko salbuespen prozesu guztiak bukatu arte, egun dauden lan-poltsak mantentzea. Eta hiru urtetik hiru urtera, hau da, EPE prozesu batetik bestera, bitarteko funtzionarioak edo ordezko irakasleak egonkortzeko egon litezkeen neurri gehigarriak aztertzea, egungo lan-poltsen araudia eta antzinatasuna urratu gabe.
  • Jardunaldi murriztua duten bitarteko funtzionarioentzako eta kultur sortzaileentzako bateragarritasun legea gainditzea, soldatan kalte ekonomikorik eragin gabe.
  • Bitarteko funtzionarioek, karrerako funtzionarioek nola, borondatez lanaldia murrizteko aukera izan dezatela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...