2025-12-28
Blog Page 213

Akordioa GAUDEn: langile guztientzako %20,85eko eta zaintzaileentzako %53ko soldata-igoerak #LortuDugu

LABek zorionak eman nahi dizkie GAUDEeko langileei egindako borrokagatik eta lortutako akordioagatik. Beste behin ere, argi geratu da langileen arteko batasuna borroka-klabean jartzea eraginkorra dela eskubideak lortzeko eta gure lan-baldintzak hobetzeko, bai eta gurekin lan egiten duten pertsonek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko ere. GAUDEk aniztasun funtzionaleko pertsonekin egiten du lan, 150 langile ditu eta LABeko 9 ordezkarik osatzen dute bere enpresa-batzordea.

Langileek Bizkaiko Foru Aldundia egiten dute erantzule zerbitzuaren kalitatea prekarizatu eta senideak eta langileak aurrez aurre jarri nahi dituen sistema bat inposatzeaz, zerbitzu publiko honen titular gisa duen erantzukizunari muzin eginez.

Akordio honek duen garrantzia eztabaidaezina da, eta GAUDEko langileek egindako mobilizazio, lanuzte eta greba-egun ugarien emaitza da.

Hona hemen akordioan jasotako lorpenetako batzuk:

  • Eros ahalmena bermatzen duten soldata-igoerak, langile guztientzat % 20,85eko igoera finkoa dakartenak, eta berrikuspen-klausula bat, oraindik ezagutzen ez diren KPIak kopuru hori baino handiagoak izango balira.
  • Zaintzailearen kategoria kentzea eta haien parekatzea. Neurri honek,  langileen % 20ri baino gehiagori dakarkie Hitzarmenaren indarraldiaren amaieran %53,5eko soldata-igoera izatea. Soldata-eskala bikoitz hori ezabatzea aurrerapauso handia da prekaritatearen aurka, eta balio handia ematen diogu.
  • Lanaldia murriztea, urteko 1.592 orduak finkatu arte.
  • 35 orduko lanaldi-murrizketa 10 hirurteko dituzten langileentzat.
  • Lanaldi jarraituak errazteko neurriak.
  • Aldundiarekin hitzartu gabeko zerbitzuetan (Casa Zuazo eta aisialdi-zerbitzuetan) lan egiten duten langileen lan-baldintzak parekatzea.
  • Antzinatasunean zegoen muga ezabatu egiten da eta kontzeptu hori inolako mugarik gabe handitzea lortzen da.
  • Prestakuntzan hobekuntzak: GAUDEk bere gain hartuko ditu dietak, joan-etorriak eta 400 eurorainoko matrikularen kostua elkartetik kanpoko ikastaroetarako.
  • Euskararekiko konpromisoak. Enpresaren beharren benetako diagnostikoa egingo duen euskara-batzorde bat sortzeaz gain, enpresak konpromiso hauek hartzen ditu:
    • Barneko eta kanpoko komunikazio ofizial guztiak ele bitan egingo dira.
    • Ikastaroak, barnetegiak eta abar egiteko urteko diru-partida.
    • Leku ofizialetan euskara ikasteko erabilitako orduen % 25 lanalditzat hartuko da.

LABek besarkada handi bat eta bere esker ona helarazi nahi die GAUDEeko langileei, akordio honetan egindako borrokagatik eta lortutako aurrerapen handiengatik.

Hiru orduko lanuztea egin dute Acciona Energia-Eromeko langileek, enplegu suntsiketa salatzeko

Pasa den ekainaren 13an Acciona Energia-Eromeko zuzendaritzak beste lankide bat kaleratu zuen, indarrezko mugitze baten eta antolaketaren araberako kaleratze baten artean erabakitzea planteatu ondotik. Kasu berri horrek areagotu egin du langile kopuru murrizketaren aurreko langileen kezka, zeina etengabekoa baita Nafarroan. Gaur, enpresa batzordeak deituta, hiru orduko lanuztea egin dute, enplegu suntsiketa salatzeko. Tarte horretan, elkarretaratzea egin dute Acciona Energiak Sarrigurenen dituen bulegoen aurrean.

2021ean, noiz eta haize erroten sektorea eta energia berriztagarriena orokorrean handitzen ari zirenean, Acciona Energiako zuzendaritzak bere aktibo guztiak batzea erabaki zuen, modu horretan, EROM beraien hitzarmenean sartuz. EROM (Energias Renovables Operacion y Mantenimiento) Acciona Energiaren jabetzan dauden haize erroten parkeak, esklusibotasunean, mantentzen dituen enpresa filiala da.

EROM Acciona Energian sartzearen prozesuak, bere garaian zuzendaritzak etorkizunerako berme eta egonkortasun moduan saldu zuena, irailetik Nafarroan 15 subrogazio eta 13 kaleratze eragin ditu. Langileen gain dagoen presio honek, eman den lan baldintzen okertzearekin batera, azken hiru urteetan EROM Nafarroako langile kopurua %25 murriztu izana ekarri du: 225 langiletik 160 langilera.

EROM Nafarroako langile batzordetik eskandalagarritzat jotzen dute etengabeko enplegu suntsiketa hau eta dinamika hori geratzeko eskatu dute.

Kalitatezko enpleguaren faltak areagotu egin du genero arrakala

Aldizkako kontratu finkoen etetea joera da urte sasoi honetan, eta horrek bereziki eragiten die sektore feminizatuei. Lehentasunezkoa da 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzea, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa posible izan dadin.

Hego Euskal Herrian 134.644 langabe daude, duela urte bete baino 8.347 gutxiago. Langabeen artean %58,92 emakumeak dira, eta kopuru horrek zertxobait gora egiten du adinean gora egin ahala (25 urtetik gorako langabetuen %59,74a emakumea delako).

Kontratazioaren bilakaerari erreparatzen badiogu ordea, pasa den hilean baino 11.692 kontratu gehiago sinatu badira ere (%65,43a behin behinekoak), pasa den urtean baino 10.857 gutxiago izan dira.

Afiliazio datuak aztertzerako orduan, emakumeen kontratazioan jaitsi egin da eta aldizkako finkoak ere bai (emakumeen artean %1,25 eta gizonezkoen artean %0,29). Bi datuok gurutzatuz gero, ondoriozta dezakegu ezegonkortasunak emakumeak kolpatzen dituela bereziki eta aldizkako finkoen kontratazioak ez duela kalitatezko enplegua sortzen edota indartzen. Kontratazio figura honek, aldizkako prekaritatea sustatzen du. Zentzu honetan, urte sasoi honetan errepikatzen ari da aldizkako kontratu finkoen etetea (kontratu guztien %3,3a, pasa den hilean baino 0,7 puntu gutxiago), udako oporrak langabezia egoeran igarotzera kondenatuz zenbait kolektibo, hala nola jantokietako hezitzaileak edota ikastetxeetako garbitzaileak.

Generoaren araberako arrakala handitzen duen beste adierazle bat lanaldi partzialak dira. Ekaineko datuen arabera, emakumeen %25,8ak lanaldi partziala du, gizonen artean portzentaia %11koa den bitartean.

Testuinguru ezegonkor honetan, non gero eta langile gehiago dauden egoera zaurgarrian, LAB sindikatuak langile guztiontzat kalitatezko enplegua sortu eta indartzearen beharra aldarrikatzen du. Era beran, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzea lehentasunezkoa da, enplegua, zaintza lanak eta ondasunaren banaketa posible izan dadin. Langabeziak behera egitea berri ona izan arren, lan merkatuan instalatu den prekaritate zein ezegonkortasun egoerak asko kezkatzen gaitu. Izan ere, gaurko enpleguaren kalitateak eguneroko bizitzari aurre egiteko ez-nahikoa izateaz gain, etorkizunean bizitza duina bermatzeko aukera bera kolokan jartzen baitu.

CEBEK esku hutsik bertaratu da Bizkaiko Grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio mahaira

Gaur, uztailak 4, Bizkaiko Grafikagintzako Hitzarmen Kolektiboaren negoziazio mahaiaren hirugarren bilera egin da. Aurrekoan adostu zen bezala, sindikatuok gure plataformak aurkeztu ditugu. LABena sektoreko langileekin egindako ariketaren emaitza da, inkesta baten bidez galdetu baitzaie zer eduki jaso beharko lituzkeen hitzarmen hau berritzeko proposamenak.

Sektoreak oso argi utzi du zeintzuk diren negoziazio-mahaian landu beharreko gai nagusiak, eta argi eta garbi adierazten du lehentasuna erosteko ahalmenari eustean eta berreskuratzean dagoela, baina oso presente daude ordaindutako baimenak eta lana eta familia bateragarri egitea, lanaldia, berdintasuna eta lan-osasuna.

Inkesta horietan, Bizkaiko grafikagintzako langileek adierazi dute garrantzitsua dela sektoreak hitzarmen kolektibo eguneratua izatea, orain arte arautu ez diren gaiak jorratuko dituena, hala nola telelana, subrogazioa eta ABLEen erabileraren murrizketa.

Patronalak berriz, ez du aurreko bileretan hartutako konpromisoa bete, eta ez du bere plataforma aurkeztu. Hala ere, edukiak estatalizatzeko asmoa agertu du, hala nola lanbide-kategoriak, eta, horrez gain, hainbat soldata-taula sortzea, sektorea zatitzeko. Negoziazioa luzea eta gogorra izango dela ohartarazi du.

CEBEKi eskatzen diogu alde batera utz dezala bere lan-baldintzak hobetzea premiazkoa duen sektore bat are gehiago prekarizatzeko asmoa, eta bere proposamenetan negoziatzeko borondatea isla dezala.

Uztailaren 27an egingo da hurrengo bilera.

Osakidetzak aurreakordioa mespretxatuz gero, mobilizazioekin jarraituko dute garbiketako langileek

Osakidetzako garbiketako langileek agerraldia egin dute gaur Gurutzetako ospitalean, aspalditik zabalik dagoen lan gatazkaren azken berriak ezagutarazteko. Izan ere, pasa den astelehenean, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Lan Sailburuordetzak bilera batera deitu zituen sindikatuak eta enpresak, eta aurreakordio proposamen bat jarri zuen mahai gainean. Edukia aztertu eta eztabaidatu ondoren, bi aldeen gehiengoak ados jarri ziren, eta hala adierazi zuten akta bidez.

Handik astebetera, ordea, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak oraindik ez du aurreakordioari buruzko iritzirik eman, eta, hortaz, aurreakordioa, momentuz, “paper bustia” dela ohartarazi dute langileek. Osasun Sailak hitzarmen kolektiboari buruzko akordioa enpresei eta langileei zegokiela adierazi bazuen ere, behin gatazkaren amaiera hurbiltzen ari dela dirudienean, ez dirudi Osakidetza eta enpresak ados jartzen direnik langileei dagokiena ordaintzerako orduan, noiz eta negoziazio prozesua hasi zenetik bost urte igaro direnean eta langileak dagoeneko 90 egun baino gehiago irauten duen greba bat egitera behartu dituztenean.

Langileek Osakidetzari gogorarazi diote aurreakordio proposamen bat duela mahai gainean, eta, beraz, gatazka luze bati amaiera aemateko aukera. Arduraz jokatzeko eta proposamenean jasotakoari trabarik ez jartzeko eskatu diote. Hala ere, Osasun Sailak aukera “mespretxatzen” badu, langileek mobilizazioekin jarraituko dutela ohartarazi dute. Kasu horretan, udan mobilizazioei eutsi eta greba egun gehiago iragarriko dituela jakinarazi du gehiengo sindikalak.

LABek grebarako eskubidearen urraketa salatzen du eta hiru gazte grebalarien absoluzioa eskatzen du

LAB sindikatuak gogor salatu nahi du Fiskaltzak 18 urteko zigor eskaera gogorrak egin dituela beste hiru gazteren aurka, uztailaren 3an egingo den epaiketa batean. 2020ko greba orokorrarekin lotutako akusazioengatik egindako aepaiketak akordioekin ixteko erabilitako irizpidearen kontra egin du oraingoan Fiskaltzak. LAB sindikatuak uztailaren 3an eginen den elkarretaratzean parte hartzera deitzen du; 11:00etan izanen da, Iruñeko Justizia Jauregiaren parean.

Fiskaltzak uko egin dio akusatutako gazteak espetxean sartzea eragotziko lukeen edozein akordioari. Eta Fiskaltzaren estrategia aldaketa hori eskuin politiko eta mediatikoarekin lotutako interes politikoen ondorio dela dirudi.

Berriro ere istorio bera errepikatzen da. Hala ere, honek aldatu egin behar du. Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari eskatzen diegu neurriak hartzeko, estatu demokratikoetan gertatzen den bezala, Foruzaingoak, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak grebarako eskubidea errespeta dezaten. Onartezina da polizien esku-hartze bortitzek, patronalaren kontra-pikete gisa, mobilizazio baketsuak lehertzea, bidegabeki auzipetutako pertsonen bizitzak isunen eta epaiketen bidez baldintzatuz. Ez gara geldirik egongo errealitate horren aurrean. Isun eta epaiketa horiek behar diren lekuetan eta behar denean dakarten bidegabekeria salatuko dugu.

Nafarroako gazteen eskaerei eta beharrei erantzun gabe jarraitzen du gobernuak. Proposamenik eza eta ekimenen garapena eta etorkizun duina eragozten duten politikak pairatzen dituzte gazteek. Egoera horrek, hobetu beharrean, okerrera egin du: emantzipatzeko ezintasuna, langabezia eta lan-baldintza kaskarrak, azterketa-prozesuen pribatizazioa eta jarduera sozialaren kriminalizazioa jasaten dituzte, besteak beste.

Ondorioz, elkartasuna eta babesa adierazten diegu auzipetutako ikasle eta langile gazteei, baita “Grebalariekin bat” plataformari ere. Gainera, guztiak absolbitzea eskatzen dugu.

Egoitzetako patronalek gure hitzarmena blokeatu dute, Nafarroako Gobernuaren bitartekaritza aitzakiatzat hartuta

Gaur arratsaldean berriro egiaztatu dugu Nafarroako egoitzetako patronalek lan-hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen jarraitzen dutela, oraingo honetan open House programaren inguruko ziurgabetasuna aitzakiatzat hartuta. Patronalak negoziaziorako proposamen berri bat ekartzeko konpromisoa hartu zuen, eta berriro ere eskuak hutsik etorri da.

Argudiatu dutenez, Nafarroako Gobernua nola osatuta geratuko den ziurtatuta izan gabe, ezin dute proposamenik ekarri. Honek harritu egin gaitu, duela hilabete interes handia agertu baitzuten hitzarmena desblokeatzeko. Beste behin, LARES eta ANEA patronalek, euren erosotasunetik, sektoreko 5.000 langile baino gehiagoren lan- eta bizi-baldintzen hobekuntza baldintzatzen dute. Aurreko mahaian, LABek konpromisoak eta borondateak eskatu zituen, eta patronalek jarrera immobilista izaten jarraitu dute.

Nafarroako Gobernuak bi urte izan ditu negoziazio hau errazteko, eta mugimendu bat egin arren, gutxiegi izan ddela uste dugu. Jaurlaritzak ezin du beste alde batera begiratu sektorearen prekarietatearen eta egoitzetako erabiltzaileak jasotzen ari diren zaintzaren aurrean. Nafarroako Gobernuari dei egiten diogu benetako urratsak eman ditzan eta eskualdaketa egoki bat berma dezan, Nafarroako egoitzen lehen hitzarmena posible izan dadin.

Patronalak konpromisoa hartu du Nafarroako Gobernu berria eratzen denean berriz ere negoziazio-mahaira deitzeko. Gure aldetik, konpromisoa hartzen dugu egoera desblokeatzeko borrokan jarraitzeko, inplikatutako alderdien pasibotasunaren aurrean, eta sektoreko langileak kolektiboki antolatzen jarraitzeko.

UGT eta CCOO sindikatuek okindegien hitzarmena sinatu dute 30 langile baino gutxiagoko lantokiak diskriminatuz

UGTk eta CCOO akordio batera heldu dira Okindegien hitzarmenerako, eta, horren arabera, 30 langile baino gutxiagoko enpresen soldata-igoera gainerako enpresen erdia izango da 2023an. Gainera, ez dute aitortzen igande eta jaiegunetako lana hitzarmeneko kategoria guztietarako.

UGT eta CCOO sindikatuek okindegien sektorean akordio bat sinatu dute, langileak lan egiten duten enpresaren tamainaren arabera diskriminatzen duena. Akordio horretan %3ko igoera jasotzen da 2023rako, baina PYMEetan %1,5ekoa izango da, 30 langile baino gutxiago izateko aitzakia bakarrarekin. Gure ustez, erabat onartezina da soldata-diskriminazio hori egitea.

Bestalde, ez dute jasotzen LAB sindikatuak denbora guztian mahai gainean jarri duen aldarrikapen nagusietako bat, hau da, igande eta jaiegunetako lana hitzarmeneko kategoria guztiei ordaintzea. Lortutako akordioak diskriminatzen jarraitzen du sektorearen zati bat, dendako saltzaileak nahiz banatzaileak bezala; izan ere, egun horietan lan egin behar izan arren, haiei ez zaie ordainduko elaborazio-kategoriek kobratzen duten fresko-plusa.

Azkenik, LAB sindikatutik arreta berezia jarri nahi diogu hurrengo hitzarmenak izango duen 5 urteko indarraldiari, luzeegia baita eta 2028ra arte lan-baldintzak hobetzea saihesten baitu. Izan ere, lanaldi-murrizketa lortu bada ere, 2025era arte ez da aplikatzen hasiko, eta 2027ra arte, murrizketa hori benetan lortu arte.

Beraz, LAB sindikatuarentzat akordio txarra da okindegien hitzarmenerako sinatutakoa. Azaldu dugun bezala, enpresa txikienetako langileak eta kategoria jakin batzuetakoak diskriminatzen dituen hitzarmena da, eta bost urte luzez ixten du atea egoera horri buelta eman diezaiogun.

LAB alarde parekide eta publikoaren alde

Alarde eguna da gaur Irunen. Hogeita zazpi urte pasa dira gudariz jantzitako emakume* batzuk Irungo alardeko zenbait konpainiaren filetan sartzen saiatu zirenetik. Helburua: emakume* irundar gisa euren herriko alardean parte hartzea; emakumeok* ere jaietako protagonistak izatea.

Ekintza hark pauso bat gehiago ekarri zuen emakumeen* eskubideen aldeko borroka feministan. Emakumeen* partehartze librerik gabe jaiak ez dira ez parekideak ezta askeak ere. Kaleak emakumeenak* ere badira, jaietan eta egunerokoan libre izateko eta ibiltzeko emakumeen* eskubide osoa aldarrikatzen dugu.

Irunen 27 urtez ukazioa, gatazka, biolentzia, irain eta ezeztatze politikoa ezagutu ditugu,. Gatazka oraindik ez da gainditu. Baina urte horetan guztietan borrokan aritu diren emakumeei* esker aldaketarako aukerak sortu dira. Mugimendu feminista eraldaketaren ikur bilakatu da.

Gatazkari konponbidea emateko udalaren konpromiso eta borondate falta agerikoa da. LABetik eskaera zehatza egin nahi dugu: alarde parekide eta publikoa aldarrikatzen dugu.

Gora Alarde Parekidea!! Gora borroka feminista!!