2026-10-03
HomeEkintza SindikalaUGT eta CCOO sindikatuek okindegien hitzarmena sinatu dute 30 langile baino gutxiagoko...

UGT eta CCOO sindikatuek okindegien hitzarmena sinatu dute 30 langile baino gutxiagoko lantokiak diskriminatuz

UGTk eta CCOO akordio batera heldu dira Okindegien hitzarmenerako, eta, horren arabera, 30 langile baino gutxiagoko enpresen soldata-igoera gainerako enpresen erdia izango da 2023an. Gainera, ez dute aitortzen igande eta jaiegunetako lana hitzarmeneko kategoria guztietarako.

UGT eta CCOO sindikatuek okindegien sektorean akordio bat sinatu dute, langileak lan egiten duten enpresaren tamainaren arabera diskriminatzen duena. Akordio horretan %3ko igoera jasotzen da 2023rako, baina PYMEetan %1,5ekoa izango da, 30 langile baino gutxiago izateko aitzakia bakarrarekin. Gure ustez, erabat onartezina da soldata-diskriminazio hori egitea.

Bestalde, ez dute jasotzen LAB sindikatuak denbora guztian mahai gainean jarri duen aldarrikapen nagusietako bat, hau da, igande eta jaiegunetako lana hitzarmeneko kategoria guztiei ordaintzea. Lortutako akordioak diskriminatzen jarraitzen du sektorearen zati bat, dendako saltzaileak nahiz banatzaileak bezala; izan ere, egun horietan lan egin behar izan arren, haiei ez zaie ordainduko elaborazio-kategoriek kobratzen duten fresko-plusa.

Azkenik, LAB sindikatutik arreta berezia jarri nahi diogu hurrengo hitzarmenak izango duen 5 urteko indarraldiari, luzeegia baita eta 2028ra arte lan-baldintzak hobetzea saihesten baitu. Izan ere, lanaldi-murrizketa lortu bada ere, 2025era arte ez da aplikatzen hasiko, eta 2027ra arte, murrizketa hori benetan lortu arte.

Beraz, LAB sindikatuarentzat akordio txarra da okindegien hitzarmenerako sinatutakoa. Azaldu dugun bezala, enpresa txikienetako langileak eta kategoria jakin batzuetakoak diskriminatzen dituen hitzarmena da, eta bost urte luzez ixten du atea egoera horri buelta eman diezaiogun.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...