LAB, CCOO, USO, ELA, UGT eta Independenteen sindikatuek osatzen duten edariak botilaratzeko PepsiCo konpainiako Etxabarri-Ibiñako batzordeak bi greba egun deitu ditu uztailaren 26 eta 27rako. Arrazoi nagusia 2021etik soldata izoztuta dutela da, eta ordutik ez da lortu enpresarekin horren inguruko akordiorik.
Gaur, uztailak 26, greba arrakastatsua izan dela esan dezakegu. Goizeko txandan produkzio lerro guztiak geldirik egon dira eta sartu diren langile bakarrak aldi baterako langileak izan dira.
Gure aldarrikapenak berdina izaten jarraitzen du: KPIa BAI ALA BAI! Gure aburuz, hau izan behar da gure bidezko aldarrikapenak lortzeko bidea.
Urteak daramatzagu langileen lan-baldintzen hobekuntzak negoziatzen, kontratazio hobeago batekin, zerbitzuaren birdimentsionamendua, prestakuntza gehiago, lan-hitzarmena betearazten… baina ezer gutxi edo ezer ezin izan da negoziatu zerbitzutik pasatu diren zuzendaritza ezberdinekin.
Azken urte honetan, egoerak okerrera egin du. Langraitzen, laster, bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia barri bat hasiko da martxan. Guztiok eskatzen genuen anbulantzia hori, baina ez egungo lan-eskubide asko galtzen duten langileen kudeaketarekin. Hilabeteak daramatzagu errespetatu beharreko lan-eskubide horien alde borrokan, eta Emergentziak Osakidetzako zuzendaritzaren aldetik ez dago borondaterik benetako negoziazio batekin konpontzeko.
Joan den hilean, Emergentziak Osakidetzako zuzendari gerenteak agerraldi bat egin zuen Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Bere adierazpenak, osatu gabeak eta partzialak izan ziren eta haserre handia sortu zuen Emergentziak Osakidetzako langile guztiengan.
Gainera, duela hilabete batzuetatik hona, Emergentziak zerbitzuan, urteko 365 egunetan 24 orduz gauden zerbitzua izanik, ez dira betetzen herritarrei arreta ezin hobea emateko ezarritako gutxienekoak ere. Hori langileen kudeaketa txarretik dator, aspaldidanik daramagunetik, eta ez da hobetu borroka sindikala eta banakakoak borrokatu duten arren.
Haserre eta jasanezintasun egoera honen aurrean, Legebiltzarrera itzuliko gara. Osakidetzako Emergentziak Zuzendaritzak benetako negoziaziorako borondaterik ez duela adierazteko eta langileentzako eta zerbitzuarentzako baldintza duinak eskatzeko, eta horrela, euskal herritarrei erantzun duina eman ahal izateko.
ELA, CCOO, LAB, SATSE, ESK, SME, UGT sindikatuek elkarretaratzea egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean. Horrez gain, Emergentziak Osakidetzan ordezkari garen sindikatuok Rebeka Ubera EHBilduko bozeramailearekin bildu gara, zerbitzuan bizi dugun egoeraren berri emateko eta horren aurrean neurriak hartzeko.
Azken istripu hilgarria gaur eguerdian gertatu da Gasteizko Talleres Aratz lantegian, makina batek behargina harrapatu duenean. Enpresa horrek azken hamarkadan utzi duen bigarren hildakoa da gaurkoa.
Istripuaren ezaugarriak aztertuta uler daiteke enpresak makinen araudia ez betetzeagatik hil dela langilea. Izan ere, makina baten manipulazioan harrapatze bat gertatzen bada, segurtasun bitartekoen falta adierazten du. Makina batek eragiten dituen arrisku guztiak aurreikusirik egon behar dute eta arrisku horietako bakoitzarentzako neurriak hartu behar dira. Makina guztiek bete behar dituzte printzipio horiek, euren ekoizpena zaharra izanik ere, egokitu egin behar dira. Hau enpresariaren ardura da eta horrela dago adierazita araudian.
Hori horrela izanik ere, jakin badakigu Euskal Herriko industrian, oro har, makina gehienek ez dutela segurtasun araudia betetzen, eta langileriak arrisku horiekiko esposizioa pairatzea ohikoa dela. Hau gertatzearen arrazoia da patronala ez duela inork kontrolatzen. Lan osasunerako araudia ez dio inork betearazten, eta nahiz eta Jaurlaritzak horren eskumena eta, beraz, betebeharra izan, ez du egiten.
Errealitate honek lanpostu arriskutsuak eta prekarioak sortzen ditu, patronalak kontrolik gabe jarduten duelako kapitalismoa muturreraino eramanaz, administrazioaren konplizitatearekin. Euskal Herrian gertatutako 32. lan-heriotza hau gertatu den egun berean Iruñean kontzentrazioa egin da duela egun gutxi zendutako garraiolariaren heriotza salatu eta beste behin ere prebentzioa eskatzeko, eta datorren asteazkenerako beste elkarretaratze bat dago deituta Arrasaten hildako eraikuntzako langileagatik. Herri berean, gainera, beste istripu larri bat gertatu berri da. Bada, LABek ezbehar lazgarri horiek guztiak arbuiatu eta behingoz patronalaren inpunitatearekin amaitu eta langileon osasuna eta bizitza lehentasun izan dadin exijitu du beste behin ere.
Eraikuntza lanetan ari zela istripu ez-traumatiko baten ondorioz hil zen hilaren 17an Construcciones Moyua enpresako behargina. Hurrengo egunean, berriz, JMA lantegian makina batek langile bat harrapatu eta larriki zauritu zuen. LABetik hildakoaren gertukoei samina adierazi nahi diegu, eta langile zaurituarekiko elkartasuna erakutsi. Datorren asteazkenean herrian egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen diegu herritarrei.
Pasa den astean, uztailaren 17an, Arrasateko eraikuntzako lan batzuetan Construcciones Moyua enpresarentzat lanean ari zela gizon batek bihotzekoa izan zuen. Ondoezik zegoela, ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen.
Uztailaren 18an, berriz, Arrasateko JMA enpresan lan istripu larria gertatu zen. Makina batek langile bat harrapatu eta zauri larriak eragin zizkion gorputzeko hainbat ataletan, baina batez ere aurpegian. Helikopteroz eraman behar izan zuten ospitalera.
Elkartasuna adierazi nahi diegu senideei, lagunei eta hurbileko guztiei, eta bi lan istripu horiek salatzeko intersindikalak (LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNE) deitutako kontzentrazio baterako deia luzatzen dugu. Asteazkenean izango da, hilak 26, 11:30ean Arrasateko Udaletxe plazan.
Azken honekin, jada 31 dira 2023. urtean lanean hildakoak Euskal Herrian. Ez da onargarria, 2022an 69 pertsonak lan istripuen ondorioz bizia galdu izana onargarria ez den moduan.
LABek hamaika aldiz salatu du erakundeen inplikaziorik eza, egoera honi aurre egiteko bitartekorik eta borondaterik eza, ikuskaritzarik eza eta, hainbatetan, enpresari batzuen eskrupulurik eza. Bada, azpimarratu behar da kopuru bakoitzaren atzetik, langile guzti horien atzetik, pertsona bat ez ezik, familia bat dagoela, lagunak, herri bat dagoela eta, oro har, langile-klase osoa dagoela.
Ezin da onartu, ezin zaio normaltasuna eman lanera joateari eta etxera ez itzultzeari. Horregatik, laneko heriotza guzti-guztiak salatzen jarraituko dugu.
Betiko arazoek, prebentzio faltak eta produkzioak, langilen osasunari eta bizitzari eragiten die. Patronalak onura ekonomikoak nahi ditu kosta ahala kosta, baina haiek dirua metatzeko dituzten interesak langileen osasunarekin eta ongizatearekin talka egiten du. Eta egoera hau ez da aldatuko arazoaren oinarrizko arrazoiei erreparatu gabe jarraituz gero, hau da, lan-baldintza kaskarrak eta peoi huts eta ordezkagarri gisa erabiltzen gaituen sistema. Langile-klasea horretaz jabetu eta lan-harremanen sistema eta eredua aldatu arte, batzuen irabaziak lehenesten dituen sistema honek jarraituko du, gehienon, langileon, segurtasunaren eta osasunaren gainetik.
2022/2023ko ekintza sindikaleko txostenak ikasturte honetan LAB aktore garrantzitsu izan den gatazken bilduma dakar. Agerraldia gatazken protagonista nagusi izan diren langileekin egin du sindikatuak: Gipuzkoako kiroldegietakoak, Bizkaiko merkataritzakoak, Osakidetzako garbiketakoak, Bizkaiko metalgintzakoak, Mercedes-ekoak, Gaude-koak, Gorabide-koak, Bizkaiko helduen egoitzetakoak eta justiziakoak.
Ikasturte gogorra izan da, baita pozgarria ere gatazkak modu on batean ixtea lortu duten langileentzat, baina testuinguru zail bati erantzun behar izan dio Euskal Herriko langileriak. Boterea eta aberastasuna gero eta esku gutxiagotan banatzen da, langileria eros-ahalmena galtzen ari da aurretik bazegoen desoreka handiagoa eginez, prekarizazio modu berriak ari dira sortzen, pobrezia zabaltzen, genero arrakalak estrukturalki mantentzen. Eta egoera honi aurre egiteko politika publiko arduratsuen ordez, zerbitzu publikoen eraispena ari gara jasaten, baita gero eta boteretsuagoa den elite ekonomiko horren mesedera egiten diren politikak ere.
Testuinguru horri aurre egin behar izan diolarik, eta LABek harro esan dezake euskal langileria prest azaldu dela bere lan eta bizi baldintzen aldeko borroketan buru belarri sartzeko, baita zerbitzu publikoen aldeko aldarrikapenak bururaino eramateko ere. Iaz borroka fase berri bat ireki zela esan zuen sindikatuak, eta aurten borroka fase hori indartu dela dio, aktibatutako borrokek eta greba kopuruak ere gorantz jarraitzen baitute.
Beraz, zeren alde aktibatu da langileria?
Nagusiki hitzarmenen defentsan, prekaritateari aurre eginez eta bizitza bizigarriak garatu ahal izateko bitartekoen alde. Prekaritatea modu integralean ulertzen du LABek, bizitzaren prekarizazioa bera borrokatuz. Hala, gatazka gehienen arrazoia lan-harremanen ondoriozkoa izan bada ere, erosahalmena mantentzea borroken zutabe garrantzitsu bat eta patronalaren aldetik pultsu garrantzitsu bat izan bada ere, lan harreman hutsa gainditzen duten aldarrikapenak izan ditu LABek gatazka gehienetan: zerbitzu publikoen hobekuntza, zaintza sistema publiko komunitario bat edota lizentziak, jardunaldi murrizketak, txandak…
Eta ze ekintza sindikal mota egin du LABek?
Sindikalismo feminista egin du eremu guztietan, ez bakarrik feminizatuetan, baita gainerakoetan ere. Hala, eremuz eremu aldarrikapenak eta egiteko moduak errealitatearen arabera egokitu ditu, zaintza lanak gauzatzen dituzten eremuen alde desoreka garbi bat eginez. Sindikalizatu gabeko eremuetan lanean jarraitu du, eta orain urrats berriak emateko prestatzen ari da, ekintza sindikal antirrazistarantz.
2022/2023 KURTSOA DATUETAN
204 borroka piztuta
108 borroketan greba erabili da. Beraz, greben presentzia borroken % 52,94an egon da
Sektore mailako borrokak 54 izan dira, horietatik 21 sektore feminizatuetan. Sektoreko borroken %59,26an egin da greba.
Enpresa mailako borrokak 150 izan dira. 23 feminizatuak.
Jarraian, informearen ondorio nagusiak:
1- BORROKAK MEREZI DU.
Aurtengo kurtsoan, langileen borroken ondorioz lortutako garaipen eta hobekuntzek nabarmen egin dute gora. LAB parte aktibo izan den langile borroken %45,10 itxita dago dagoeneko, hamar hilabetetan 92 gatazka itxi direlarik. Iaz %25ekoa izan zen itxitako gatazken kopurua.
Garaipen horiek lortu ahal izateko askotariko borroka moldeak erabili ditu LABek, sarri grebekin uztartuta; izan ere, langileek grebaren aldeko hautua egin duten gatazketan akordio eta garaipen gehiago lortu ditu sindikatuak, ia hamar puntuko aldea izanik greba deitu ez den gatazkekin alderatuz (%50-%40).
Sektore feminizatuetan batezbestekoa baino itxiera portzentaia baxuagoa izan arren, itxitako gatazken portzentaian 20 puntuko aldea baitago grebak egin dituzten eta egin ez dituzten eremuen artean. Edonola ere, kontuan izan behar da greba egiten den eremuek eragina dutela gainerako gatazkak desblokeatzeko. Are gehiago, kontuan hartuta azken urteetan greba eta mobilizazioak eremu desberdinetako sektore eta enpresatara iritsi direla, baita tradizio sindikal apalagoa izan dutenetara ere. Langileen ahalduntze kolektiboa gertatzen ari da eta patronalari mezu argia iristen zaio: gatazka ekidin nahi badu, edukiak eskaini behar ditu.
2- EMAKUMEEN LANA DEBALUATZEN DUTE.
Atentzioa ematen du grebak gainerako eremuetan baino proportzio handiagoan burutu arren, eta orokorrean grebak egin diren eremuetan askoz ere gatazka gehiago itxi direnean, sektore feminizatuetan, eta bereziki zaintza lanak burutzen dituzten eremuetan, gatazka gehien-gehienek irekita jarraitzen dutela.
Sektore feminizatuetan itxitako gatazken portzentaia heren bat baino baxuagoa da eta zaintza eremuen kasuan gatazken laurden bat soilik, batezbestekoa %45ekoa den bitartean eta industriakoa (sektore bereziki maskulinizatua), berriz, %68koa.
Datu horiek patronal eta administrazio publikoek oinarrizko lanei, zaintzakoei zein bestelakoei, ematen dioten balio eskasa agerian uzten dute. Oinarrizkoak ez diren lanetan, produkzioari gehiago lotutakoetan, industrian, greben eta mobilizazioen bidez patronala errazago mugiarazteak agerian uzten du desoreka hori.
3- ADMINISTRAZIO PUBLIKOA INPOSATZAILEA DA.
Administrazio publikoak eredu izan beharko luke langile publikoen lan baldintza duin eta egonkorrak eskaintzerakoan, eta ez da horrela izaten ari. Bestalde, salbuespen bakanen batekin, zabaldua dagoen joera da ez negoziatzea. Negoziazio kolektiboa hustu egiten da.
Datuek hala erakusten dute: itxitako gatazken batezbestekoa %45 pasatxo bada, azpikontrata eta kontzertatuetan %31,37ra jaisten da, eta administrazio publikoan edo enpresa publikoetan, %18,92ra.
Administrazio publikoa kudeatzen duten alderdiek ez dituztela politika publikoak zerbitzu publikoak indartzeko perspektiban garatzen, eta horrek berriz ere langileria kaltetzen du; izan ere, sektore pribatuari eta kapitalari begira eta bere mesedetan garatzen dituzte politika horiek.
Hemendik aurrera ere LABek borrokan jarraituko du oraindik irekita jarraitzen duten gatazketan, baita etorriko direnetan ere, helburu eta ikuspegi argi batekin: bizitza bizigarrien aldeko borroka, zaintza eremuetan eta feminizatuetan arreta berezia jarriz, bertako negoziazio eremuei lehentasuna emanez eta bere aldarri nagusietakoa den lan harremanetarako euskal esparrua edukiz betetzen.
Langileen batzarrak gehiengoz berretsi du LAB eta CCOO sindikatuek enpresa-zuzendaritzarekin lortutako aurreakordioa. Akordio honek, 150 langile baino gehiagorentzako erosteko ahalmena bermatzeaz gain, langileen lan- eta bizi-baldintzak nabarmen hobetzen dituzten neurriak dakartza.
Akordioak honako puntu nagusi hauek jasotzen ditu, LABek negoziazioaren hasieratik defendatu dituenak:
• 2022-2023-2024 KPI-a bermatzen du
• Lanaldia murriztea
• Aldi baterako ezintasun osagarria hobetzea
• Gaueko PLUSa %20- ra igotzea
• Kilometrajearen ordainketa handitzea
• Gidari kategoria berria C txartelarekin
LABek zorionak eman dizkie Gureak Ikuztegiko langile guztiei, eta oso positibotzat jotzen du aurreakordio hau, baina ez du ahaztu zein den Enplegu Zentro Berezien errealitatea. LAB sindikatuak konpromisoa hartu du Enplegu Zentro Berezietako langileak modu kolektiboan antolatzen jarraitzeko eta sektore osoko lan-baldintzak duintzeko eta hobetzeko borrokan jarraitzeko. Enpresa Hitzarmen Kolektiboak hobetzeko borroka egingo du, baina argi izanik sektoreko enpresa guztientzat lurzoru duin komuna sortzeko beharra dagoela, Euskal Herriko Hitzarmen Kolektibo baten bidez.
Bata Erandion (Bizkaia) hil zen asteburuan, istripu ez-traumatikoaren ondorioz; bestea, berriz, atzo, asteartea, Pitillas (Nafarroa) inguruan, kamioia gidatzen ari zela. Hildako pertsona horien gertukoei eta lankideei samina adierazi eta sektore horri bereziki eragiten dioten arriskuen aurrean prebentzio neurri eraginkorrak exijitu ditugu.
Okindegi bateko banatzailea Erandion
Joan zen igandean, Obrador AsuaBerri enpresan, goizeko ordu txikitan banaketa prestatzen ari zela, 61 urteko J.B.A langilea hil zen istripu ez traumatikoz, Osalanek jakitera eman duenez.
Nahiz eta patronalak zein Mutualitateek istripu ez traumatikoak kontingentzia arruntetan kokatu nahi dituzten arren, gero eta nabarmenagoa da laneko arriskuek zerikusi zuzena dutela heriotz hauetako askorekin. Lan karga, erritmoak, ordutegia eta lana pertsonari egokitze ezak eragin nabarmena du istripu mota hauetan, eta arrisku hauek ere prebentzio neurriak behar dituzte.
Banaketa garraioaren barnean kokaturik legoke, eta, hain zuzen ere, sektore honek pairatzen du arazo kardiobaskularrei lotutako heriotza-tasarik handiena (%33 sektore guztiak aintzat hartuta, baina %75 garraioan, 2022an). Bistan da beraz, badirela lanari lotutako arrisku faktoreak heriotza hauetan, eta patronalari zein gobernuei ardurak beren gain hartzea exijitzen diegu.
Garraiolari bat errepide istripuan zenduta Nafarroakoa Pitillas inguruan
Atzo, NA121 errepidean, Pitillas inguruan, beste garraiolari bat hil zen istripuz. 2023 urtean hil den 9. garraiolaria da honakoa. 2023 urtean, hilabeteko garraiolari bat baino gehiago hiltzen ari da bere lanpostuan.
Piensos Costa enpresako 56 urteko, C.P.Q langilea errepideko istripu baten ondorioz hil zen, kamioia gidatzen ari zela.
Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak, eta abar. Horregatik diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta borondate politikoa baino ez dela behar garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere. Hori dela eta, deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu langileei.
Prekarietatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu bete aldera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira.
LOSUren ezarpenaren aitzakiarekin UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileon lan baldintzak okertzeko arriskuan aurkitzen gara, ordezkapen politika jada murriztua are gehiago oker baitaiteke oraindik Ordezko irakasle irudi berriarekin.
EHUk erabaki du arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango direla nahiz eta irakasle-ikertzaileen lan-hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak arduraldi osokoak izan daitezela ahalbidetzen duten. Beraz, arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoei askoz jota soldata osoaren % 34,29 ordainduko zaie (kasurik onenean, hau da, beraien irakaskuntza zama % 75ekoa denean) eta gizarte segurantzan proportzio berdinean kotizatuko dute, plaza hutsak betetzen dituzten irakasleak salbu. Beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584 € eta 11.360 € artean egongo da, astean emandako klase kopuruaren arabera. EHU jada hasi da amatasun baimen zein bajen ordezkapenak era horretan egiten!
Jokabide hau guztiz onartezina da eta gure indar guztiarekin aurre egingo diogu. Areago, uste dugunean badirela irtenbideak berme juridikoarekin ordezkapenak osokoak izaten jarraitzeko borondate politiko eta negoziaziorako prestutasuna baino eskatzen ez dutenak.
Ordezkapen politika honek irakasle-ikertzaile GUZTIEN lan-balditzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean izango du eragina, eta gainera lan-hitzarmena eta lan-poltsen akordioa larriki urratzen ditu, zeintzuetan partzialtasuna murrizteko neurriak adostu ziren.
Ordezkapen politika berriak ondorio larriak izango ditu:
– lanaldi partzialean jardungo duten irakasleen kopurua handituz, arduraldi osoko irakasle baten herena kobratuz, alegia, soldata 800 €tik beherakoa izango da,
– ordeztu eta estali gabeko kreditu kopuruak handituz, irakasle guztion irakaskuntza zama ere gogortuz,
– irakaskuntzaren antolaketa lana zailduz Sailei, irakaskuntzaren beraren kalitatearen kontura zenbait kasutan (handituko dira, besteak beste, ikasgai batean hainbat irakasle edukiko dituzten ikasgaiak, askotan, gaian adituak ere ez direnak izango).
Honen atzean EHUk egiten duen Ordezko irudiaren interpretazio hertsia eta mugatua dago, baina baita Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate Publikoa finantzatzeko politika murritza ere, oso urruti dagoena Estatuko Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak berak agintzen duen ortzimugatik: BPGren %1a, 2030 urterako. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena % 0,4an dago.
Honen aurrean, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok ondorengoa exijitzen dugu:
Lanaldi osoko Irakasle eta Ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak, …) lanaldi osoko kontratuekin betetzea.
Lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, lan-hitzarmenean eta lan-poltsen akordioan kontratu horiek metatzeko lanaldi osokoak sortzeko mekanismoak aplikatuz.
Lanaldi partzialeko kontratuei soldata duina ezartzea klaseen prestakuntza eta zuzenketa lanak, oinarrizko koordinazioa eta kudeaketa, formakuntza eta irakaskuntzari loturiko ikerketa kontuan hartuz.
Eusko Jaurlaritzari modu esanguratsuan gehitzea EHUri bideratutako finantziazioa lan baldintza duinak bermatu eta zerbitzu publiko egokia emateko modua izateko eta UPV/EHUko zuzendaritzari finantzazio gehigarri horren beharra adieraztea eta publikoki lan egitea haren alde.
Horregatik guztiagatik eta baita urtez urte jasan dugun eros ahalmenaren galera eta lan baldintzen okertzea salatzeko (erretiroen hitzarmena bertan behera uztea, zentroen itxierak, ….) LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok, adierazten dugu gure asmoa mobilizazio dinamikak abiatu eta, negoziatzeko borondate eta planteamendu argirik ezean, Greba deialdia ere egiteko irailetik aurrera, ikasturte berriaren hasierarekin batera.
Langileek bizi duten egoeraren erantzuletzat jotzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundian orain arte Sergio Murillo buru izan duen Gizarte Ekintzako Saila eta Landalan enpresa esleipenduna, kudeaketa utziko duela iragarri duena. Orduz geroztik, kaleratzeak egon dira, lan-baldintzak nabarmen kaskartu dira eta zerbitzuaren etorkizuna kolokan dago. Hori guztia dela eta, langileek mobilizazioei ekingo diete.
Elorritxuetako (Vivero) zentroa Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzua da, Landalan enpresak kudeatzen duena, eta 50 langile baino gehiago ibili dira bertan lanean azken urtean. Orain dela urtebete inguru Landalanek zerbitzua emateari utziko ziola adierazi zien langileei eta komiteko ordezkariei. Ordutik, Landalaneko zuzendaritzarekin zein zerbitzuaren titularra den Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte ekintzako buru izan den Sergio Murillorekin hainbat bilera egin dituzte, komiteko kideekin batera, sindikatuek. Bilera horietan, Landalanek zerbitzua emateko aukerarik ez zuela ikusten esaten zuen, eta aldundiarekin zuen hitzarmena bukatzerakoan zerbitzua emateari utziko ziola iragarri zuen.
Horretarako, enpresa berriari subrogaziorako datu guztiak emango zizkiola agindu zuen, hitzarmen kolektiboak adierazten duen bezala. Ordutik hona, zerbitzua ematearen hitzarmena hainbatetan luzatu dute, eta langileen lan baldintzak hitzarmen batetik betera kaskartu dituzte, hilabetez hilabete langileen lan osasuna jokoan jartzeraino. Gogoan izan behar da Landalan urteetan zehar sektoreko hitzarmen kolektiboa errespetatu ez duen enpresa dela eta Bizkaiko Foru Aldundiak, hau guztia jakin arren, beste alde batera begiratu duela. Bitartean, ezkutuko kaleratzeak martxan jarri dituzte eta hainbat langile kaleratuak izan dira.
Zerbitzuaren egoerak urteak daramatza kaskarra izaten, eta egungo egoera oso larria da: ratio falta, 42 erabiltzailerentzako plaza itunduak izanik 82 erabiltzaile egotera ailegatu baitira, eta hori guztia langile gehiago jarri gabe, erabiltzaileentzako espazio duinik gabe eta haien bizi proiektua aurrera eramateko espazio gabe, material faltarekin, higienerako material faltarekin eta erre ziren koltxoiengatik eraikinean gertatutako sutearekin, besteak beste.
Bizkaiko Foru Aldundia eta Sergio Murillo guzti honen erantzule dira. Alde batetik, egoeraren berri izan dutelako eta langileei emandako hitza bete ez dutelako, langileei agindu baitzieten zentroa irekita mantenduko zutela. Ordea, bitartean lan zentroa pixkanaka-pixkanaka desegiten ari ziren. Eta bestetik, langileek zein egoiliarrek salatu duten bizi eta lan egoera kaxkarrak zeintzuk diren urteetan jakin dutelako eta beste albo batera begiratu izan dutelako, langileen lan eta bizi proiektuekin jolastuz.
Beste behin ere argi geratu da publikoak izan beharko liratekeen eta aldundiaren menpe dauden zerbitzuen pribatizazioak langileen miseria dakarrela. Horregatik, lanpostuen defentsan eta langile zein egoiliarren lan eta bizitza duinen aldeko borrokan, mobilizazio ziklo hasiko du sindikatuak. Orain arte egin bezala, langileak lehen lerroan jarriko dituzte. Lehenengo hitzordua uztailaren 28an izango da, Ugaskon, Gizarte Ekintzako bulegoen aurrean.