2024-05-07
Blog Page 2

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.

50. urteurrenaren karietara, mobilizazio nazional jendetsua egin dugu LAB sindikatuko militanteok Iruñean, Gazteluko Plazatik abiatuta. Ondoren, Anaitasunan, ekitaldi politikoa eta sindikatuaren 50. urteurrenari loturiko ospakizunak egin dira: bazkaria, kontzertuak… Nazioarteko gonbidatuak ere izan dira; besteak beste, Asturies, Aragón, Galiza, Andaluzía, Katalunia, País Valencià, Frantziar estatua, Bretainia, Korsika, Sardinia eta Aostatik etorriak. Eta ekitaldian hitza hartu dutenak: Pambis Kyritsis Mundu Federazio Sindikaleko burua, Vietnamgo Lanaren Konfederazio Nagusiko Vu Manh Tiem eta Palestinako Langileen Batasun Nazionaleko Sousan Abdel-Salam. Azken honen hitzartzea izan da berezietan bereziena, eta Palestinarekiko elkartasunez mosaiko bat irudikatu dute Anaitasunan bildutakoek.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, hain zuzen ere, internazionalismoari keinu egin dio bere hitzartzearen hasieran. “Bizitza duinak eta bizigarriak” amesten dituzten herri guztiei elkartasuna adierazi die, inperialismoa eta kapitalismoa munduko langile guztien etsai diren eta esplotazioa, prekarizazioa edota gerra dakarten honetan.

Etxera etorrita, gurean langileak lanean gaixotzen eta hiltzen jarraitzen dutela gogoratu du, eta patronalaren inpunitateari aurre egiteko beharra azpimarratu. Anaitasunara hurbildu ezin izan direnekin ere gogoratu da, “presoak etxera” aldarrikatuz. Eta, nola ez, urtemuga borobila ere hartu du ahotan, orain arteko ibilbidea gogoratu eta aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsiz: “Energia gara. Indarra gara, eraldatzaileak gara, aldaketak eragiteko gaitasuna erakutsi dugu, eta gu geu aldatu gara: jaio, hazi eta zabaldu”. Aintzat hartzekoa da 50.000 afiliatuen langa igaro berri dugula LABen.

Bidean, baina, hainbat traba gainditu behar izan ditugu. Horren erakusle, Nafarroan apartheid sindikala pairatu eta gainditu izana, baita Ipar Euskal Herriko kasua ere: urteetan baztertua izan eta gogor borrokatu ostean, gaur intersindikalarekin batera pankartan egon da LABen ordezkaritza bat.

“Sustraiak sendo eta adarrak zabaltzen” ari da LAB, “borrokarako ilusioa, indarra eta determinazioa” dugun militanteon ahalegina oinarri: zerbitzu publikoen defentsan dihardutenenea, esplotazioari eta bazterketari aurre egiteko antolatu diren langile migratu eta arrazializatuena, pentsiodunena nahiz Ernairen eskutik gaur lehen lerroan egon diren gazteena.

Lantokietan, kalean zein instituzioetan borroka egitera deitu dute LABeko koordinatzaile orokorrek. Igor Arroyok esan du Euskal Herriaren etorkizuna ez dagoela idatzita, eremu sindikalean, sozialean zein instituzionalean ezker independentista hazten ari dela eta badagoela alternatiba: “Gogotik tira egiten ari gara bizitzaren alde, langile herriaren alde, birbanaketaren alde”. Hala, krisi ekosozialari aurre egiteko banaketa hirukoitzaren beharra nabarmendu du: enplegua, zaintza eta aberastasuna.

Horretarako lanean ari gara lantokietan (30 orduko lan astearen edota zaintza lanetarako baimenen alde), kalean (pentsiodunekin nahiz mugimendu feministarekin, etxebizitza-espekulazioari aurre eginez eta zerbitzu publikoak defendatuz) nahiz instituzioetan (politika publikoak langileen mesedetan jarri edota zaintza, osasun eta hezkuntza sistema publiko komunitarioak garatzeko). Badago alternatiba iruteko haria, eta burujabetzan aurrera egiteko unea da, “bizitza erdigunean izango duen eredu sozioekonomiko berri baterako trantsizioa ahalbidetzeko”.

Horregatik, konpromiso horri heltzeko prest gaude LABen: “Jo eta ke arituko gara lanean esplotaziorik gabeko Euskal Herria, patriarkaturik gabeko Euskal Herria, pertsona askez eta anitzez osatutako nazio askea lortu arte!”, amaitu dute koordinatzaileek.

Bazterketa sindikala gaindituta, aberastasunaren banaketa aldarrikatu du LABek Baionan

Urte luzez pairatutako bazterketa sindikala gaindituta, intersindikalarekin batera pankartan izan da LAB gaur Baionan, Maiatzaren Lehenean.

Langile-klaseak sortutako aberastasuna birbanatzea premiazkoa da, eta horixe aldarrikatu dugu.Gerlak, prekaritatea eta bizitzaren beraren suntsipena besterik ez dakarren sistemaren aurrean, langileon bizitzak erdigunera ekarribehar direla ozen esan dugu. 

Parean daukagu egunetik egunera autoritarioagoa eta neoliberalagoa den Frantziako Estatua.Haren politikei aurre egiteko konpromisoa berretsi dugu gaur. Gure lansariak eta pentsioak defendatuko ditugu, egiturazko soladata arrakalarekin amai dadin exijituko dugu, zerbitzu publikoak indartu daitezen aldarrikatuko dugu… 

Horretarako, ordea, herri mailako tresnak behar ditugu; hala nola, Lan Kode eta Gizarte Segurantzako Kodea. Norabide horretan lanean segiko dugu: kolektibitateetan, enpresetan zein karrikan. Langileek euren erabaki ahalmenaz jabetu, eta hemen baldintza duinetan bizi eta lan egindezaten borroka jarraituko dugu. Hori da LABen konpromisoa.

Basogintza intentsiboak 22 urteko langilea hil du Artzentalesen

Joan zen astean Artzentalesen basogintza lanetan larriki zaurituriko M.A.A, 22 urteko langilea, azkenean hil egin da zauri larrien ondorioz.

Lehenik eta behin gure elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoaren senide, lankide, lagun eta gertukoei.

Lan-osasunaren eguneko biharamunean, pil-pilean jarraitzen dute lan istripuek; baso-lanetan, obretan altueretatik erorketak, arazo kardiobaskularren ondorioz hildako garraiolariak, makinen harrapaketak, in itinere izandako istripuetan eta abar. Behin eta berriro errepikatzen diren patroiak, eta odolste honen aurrean ez patronalak ez Eusko Jaurlaritzak ez dute inongo neurririk hartzen, ardura guztia eurena izanda ere.

Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan, baso-enpresen bideragarritasuna mugatua da, foru-arauak ad hoc izan arren haientzat. Baso-istripuen atzean zuraren ustiapen intentsiboa ezkutatzen da, lan-harreman prekarizatuetan oinarritzen dena etekinak lortzeko, eta, horretarako, laneko segurtasun-baliabideetan aurrezten dute.

Sektore hau ezaguna da prebentzio-baliabiderik ez izateagatik, prestakuntza faltagatik, lan-tresna desegokiengatik, lan-erritmo oso altuko lanaldi luzeengatik, ahalegin fisikoengatik, baso-landaketetan malda handiak dituzten eremuengatik eta ekzetera luze bategatik.

Izan ere, ez da kasualitatea Bizkaiko zuraren hitzarmena 2003tik berritu gabe egotea. Sektore horretan hilkortasun-tasa hain da handia, ezinbestekoa dela pairatzen duten prekarietate bortitzarekin amaitzeko neurriak hartzea baita sektore horretan lan egiten duten pertsonen osasuna bermatuko duten prebentzio-neurri eguneratuak jasotzea ere.

Ez da lehen aldia Osalani eta Eusko Jaurlaritzari basogintza-sektorerako neurri bereziak eskatzen dizkiogula. Oraingoan berriro egiten dugu, baina erantzuna antzua dela ikusiko dugu.

Osalanek, lan-ikuskaritzak eta Eusko Jaurlaritzak dute egoera aldatzen hasteko giltza, eta behingoz jarduteko eskatzen diegu.

Jakina, faktore horiek jarduerak berak ezkutatzen dituen arriskuei gehitu behar zaizkio. Ezin dugu ahaztu hildako langileak 2 hilabete baino ez zeramatzala FORESTAL BEJARANO E HIJO, SL enpresarentzat lanean. Kezkagarria da lanean hasi diren 30 urtetik beherako langileen heriotza-tasa. Ezin dugu odoluste hau onartu. Ezin dugu lanean heriotza bakar bat bera ere onartu. Ezin dugu lanaldiaren ondoren gure etxeetara ez itzultzea onartu.

Horregatik guztiagatik, maiatzaren 2an, 11:00etan, Bilbon, Bizkaiko Aldundiaren aurrean intersindikalak bultzatutako mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu.

Akordio historikoa #LortuDugu Ranzari Enplegu Zentro Berezirako, langile gehienek berretsita

Joan den martxoaren 22an, LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen Santurtziko lantokiko gerentziarekin, eta apirilaren 19an langileen batzarrean berretsi zen. Bada, orain hitzarmena sinatu dute.

Ranzariko hitzarmena etenda zegoen 2010etik. Azken hauteskunde sindikaletan sartu zen lehen aldiz LAB sindikatua ordezkaritza sindikalarekin, eta lehen indarra izan zen espezialisten hauteslekuan, Ranzariko langileentzat hitzarmen duin bat lortzeko konpromisoarekin. Bada, bete dute asmoa, eta honako hobekuntza hauek sinatu dituzte:


– 2 urteko indarraldia duen hitzarmena: 2024 eta 2025 urteetakoa
– Probaldia murriztea
– % 75eko errendimendu txikiko kontratuak desagertzeko konpromisoa
– Norberaren eginkizunetarako lizentzia-egunak gehitzea: 1-3 egun
– Antzinatasunagatiko opor egun gehigarriak.
– Heriotzagatiko eta ezgaitasunagatiko aseguruen zenbatekoa handitzea.
– Hobekuntzak aldi baterako ezintasunagatiko prestazioetan. Lehen hilabetea: %75, eta ospitaleratze kasuetan: %100.
– Sekzio bakoitzean jantzi-mota eta -kopurua handitzea
– Kategorien izendapen berriak mailen arabera
– Lanpostuen balorazioa egiteko konpromisoa, maila bakoitzeko konpetentziak/gaitasunak/trebetasunak argitzeko eta objektibizatzeko.
– Ordainsariei dagokienez, 3. eta 4. mailetako batez besteko soldata-igoera % 20koa da.
– Plusen igoera
– 2025. urteko soldata-igoera: Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) ekitaldi horretarako ezarritako igoeren, EAEko KPIaren edo Ranzari Mankomunitaterako Aurrekontuen Legean islatutako igoeraren artean onuragarriena den ehunekoaren arabera egingo da.

Soldata-taulak LGStik bereizi dira, eta oinarrizko soldata ezin dela LGSa baino txikiagoa izan adostu da. Horrez gain, plus guztiak finkagarriak izango dira, eta ezin izango dira konpentsatu, ezta xurgatu ere.


LABek negoziazio-mahaian defendatu duenez, ez ditu Madrilgo erabaki politikoen esku utziko Ranzariko langileen soldatak; horregatik, sindikatuaren jarrera argia da (gainerako sindikatuena ez bezala) soldatak LGStik bereizteari dagokionez. “Hemen lan egiten dugu, hemen negoziatzen dugu, hemen borrokatzen gara eta hemen adosten dugu”.

Azkenik, LABek lantalde espezifiko bat sortu du Hego Euskal Herriko Enplegu Zentro Berezietan oinarritua.
Enplegu Zentro Bereziek merezi duten garrantzia eman eta enpresa arrunterako trantsizioa bultzatzea du helburu, legedia bete dadin, eta ezgaitasun bat izate hutsagatik langileek jasaten duten prekarietateari eta diskriminazioari aurre egitea.

Jarraipen zabala Bizkaiko Grafikagintza sektorearen grebaren bigarren egunean

Lehen orduko piketea osatu duten 200 pertsona baino gehiagok egiaztatu ahal izan dute Cartonajes Erabil bezalako enpresa garrantzitsuetan ekoizpena geldirik dagoela.

ELA-LAB-CCOO-UGT sindikatuek 4 eguneko greba deialdia egin zuten Bizkaiko Arte Grafikoen sektorean, apirilaren 29rako eta 30erako, eta maiatzaren 22rako eta 23rako. Greben arrazoia da sektoreko patronala, CEBEK, Hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari dela, murrizketa planteamenduekin eta sindikatuek Negoziazio Mahaian helarazitako edukiei jaramonik egin gabe. Sektoreko hitzarmena 2011tik dago amaituta. Sektoreko azken greba 2007an izan zen.

Grebaren bigarren eguna jarraipen garrantzitsua izaten ari da. Sektoreko enpresa erreferentzialak, hala nola Cartonajes Erabil, Cartisa, Biolid, Grafo, Arteos Digital, Dascor, Divipa eta Garcinuño, praktikan geldirik eta produkziorik gabe daude.

Mobilizazioak goizeko 5: 30ean hasi dira, 200 laguneko pikete batekin, Amorotoko Cartonajes Erabil enpresaren lantokien aurrean. Ondoren, goizean, piketeak Bilboko sektoreko enpresa ezberdinetan ibili dira. Amaitzeko, 11:30ean manifestazio handia egin da Bilboko kaleetan zehar, Bizkaia plazatik CEBEK patronalak Mazarredo zumarkalean duen egoitza berrira arte.

Grebaren bigarren egun honekin amaituko da arte grafikoen sektorerako deitutako greben lehen zikloa. Maiatzaren 22rako eta 23rako deitutako greba egun berriak aurrera eramango dira maiatzaren amaiera baino lehen sindikatuen aldarrikapenetarako behar bezalako akordiorik lortzen ez bada.

Grebaren bi egun hauetan, sektoreko langileek argi utzi dute patronalaren azken proposamena ez dutela onartzen, eta horregatik, ELA-LAB-CCOO-UGT sindikatuok CEBEK patronalari exijitzen diogu negoziazioa blokeatzeko jarrera utz dezala, eta mahai gainean jar ditzala baterako plataforma sindikalean jasotzen diren edukiak, sektoreko langileen baldintzetan hobetzeko eta aurrera egiteko eduki batzuk.

Gipuzkoako bidaiarien garraio hitzarmenean aurreakordioa #LortuDugu

LAB sindikatuak, UGT eta CCOO sindikatuekin batera, aurreakordio esanguratsua lortu du Gipuzkoako Bidaiarien Garraioaren Hitzarmenean. Hitzarmen hori 2018tik egon da erorita, eta orain 2022tik 2025era arteko indarraldia izango du. Lorpen nabarmenen artean, honako hauek daude:

  1. Lanaldia: Urteko lanaldia 1777 ordu arte murriztea ezartzen da, eta asteko 37.5 lanorduak arautzen dituen dekretua automatikoki aplikatzeko konpromisoa hartzen da.
  2. Soldata igoera: Urtero KPIaren araberako soldata-igoera, hau da, % 17,5eko igoera adostu da, 2018tik aurrerako KPIen batura eta hurrengo urteetarako KPIaren araberako eguneratzea barne hartzen dituena.
  3. Errelebo kontratua: Errelebo kontratua bermatzen da baldintzak betetzen dituen ororentzat.
    4.Asteburuak: 8 asteburu ematen dira langile diskrezionalentzat; horietatik 5 langileak aukera ditzake eta 3 enpresak. Asteburu horiek uztailean, abuztuan, azaroan, abenduan, urtarrilean eta otsailean hartu ahal izango dira.
  4. Dietak: Dietak soldaten (KPI) kopuru berean igoko dira, eta Zerbitzu Erregular Orokorreko langileak sartuko dira. Ordu-tarteak ez dira aldatzen.

Aurreakordio hori LAB sindikatuko ordezkariek eta afiliatuek onartu beharko dute, eta haiek erabakiko dute berrespena.

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok Gizardatzi eta Geroani eskatzen diegu alde batera utz dezatela 2022az geroztik sektorea hitzarmenik gabe egotera daraman jarrera boikotatzailea

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok 2022. urteaz geroztik hitzarmenik gabe gaude, eta zortzi greba-egun baino gehiago egin ditugu, baita mobilizazio ezberdinak zein barau egunak ere, egiten dugun lana aintzat hartuko duen hitzarmen bat lortzeko helburuarekin.

Joan den martxoaren 27an, LABek eta ESK-k proposamen berri bat argitaratu genuen. Proposamen hori martxoaren 18ko negoziazio-mahaian Gizardatzek eta Geroanek egin zutenari erantzutera zetorren. LABen eta ESKren proposamena langileei bidali zitzaien, baita erakunde guztietako zuzendaritzei eta Gizardatz eta Geroan erakundeei ere. Apirilaren 16an Lan Harremanen Kontseiluan erregistratu zen. Gizardatzek eta Geroanek martxoaren 18an negoziazio-mahaian egin zuten proposamen zitalari erantzutea zen ekimen horren helburua, akordiorako aukera oro urruntzen duen proposamena, alegia. Gizardatzen eta Geroanen erantzuna apirilaren 17ko greba-egunaren deialdiaren aurretik langileei zuzendutako informazio-buletin bat izan zen. Bertan, alderdi honi edozein proposamen aurkezteko “bide ofizialak” erabiltzea eskatzen zaio, baina LABen eta ESKren proposamen berriaren edukiak baloratu gabe.

LABek eta ESK-k uste dugu ez dagoela “modu estraofizialik”, are gehiago, uste dugu garai honetan bide guztiak beharrezkoak direla. Eta Gizardatzi eta Geroani eskatzen diegu boikotatzeko jarrera hori alde batera utz dezatela, dagokien erantzukizuna beren gain hartzeko eta negoziazio-klabean jartzeko.

Horregatik guztiagatik, LABek eta ESK-k mobilizazioen ziklo berri bat ireki dugu, Gizardatzek eta Geroanek Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko Hitzarmena blokeatzeari utz diezaioten eskatzeko:


• Gaur, apirilak 29, kalejira Foru Aldunditik Lan Harremanen Kontseiluraino. Bertan, Bizkaiko Esku-hartze sozialeko 32. negoziazio-mahaia egongo da.

• Mobilizazioak areagotuko ditugu hainbat erakunderen aurrean, sektorea hitzarmenik gabe egotearen erantzule direla adierazteko.
• Maiatzaren 13an, 24 orduko itxialdia.
• Maiatzaren 14an, sektoreko greba.

CAFeko amiantoaren auzian lan osasuna bermatzeko urratsak eskatu ditugu

Lan Osasunaren Eguna pasa berri den honetan, CAF lantegiko beharginek agerraldia egin dute, gaiarekin zerikusi zuzena duen kontu bati buruzko argibideak emateko: amiantoa.

Gogorarazi dute azken 10 urte hauetan gutxienez 587 langile hil direla lan istripuz. Aurreko urtean, 2023an, Euskal Herrian bakarrik, 59 langile hil ziren lan istripuen ondorioz eta aurten dagoeneko 21 dira lan istripuek sortutako heriotzak. Zifra hauek onartezinak dira, eta CAFen egoera zehatza ere ez da gutxiagorako:

Tamalez, CAF-en duela 23 urte bere erabilpena debekatu zen amiantoak bete-betean jo gaitu berriro. Orain arte, amiantoaren eraginpean lan egiteagatik, 61 langile joan zaizkigu CAF-en, eta zoritxarrez egoera hau ez da bukatzen.

CAF-en instalazioetan zegoen amiantoa kentzeko, desamiantatze plan bat jarri zen martxan eta azken urteetan nabeetan gelditzen zen amiantoa kentzeko lanak aurrera eraman dira.

2023ko abuztuan 8. Nabeko desamiantatzeari ekin zion enpresak. Horretarako RERA enpresa bat kontratatu eta OSALAN-ek onartu behar duen laneko plana aurkeztu zuen.

Lanak burutu ondoren eta protokoloak bete arren, tailerrak zikinak zeudela ikusirik eta langileen kezkak defendatuz, prebentzio delegatuok larrituta enpresari egoeraren berri eman genion. Enpresak egoerari behar zuen garrantzia kentzen ziola ikusirik, OSALANi eta Lan Ikuskaritzari berehalako arrisku egoera salatu genion.

Argi salatu nahi dugu enpresa eta administraritzaren arduragabekeria, protokoloak eskatzen duenaz aparte, lan hauen jarraipena egitea eta langileen osasuna bermatzea beraien ardura bait da.

Produkzioa gelditzeak enpresari suposatzen diona jarri dute langileen osasunaren babesaren aurretik. Laguntza eske joan ginenean, OSALANek eta Lan Ikuskaritzak ez zigun inongo babesik eman behar genuen momentuan. Neurriak berandu hartu dira, ehundaka langile amianto zuntzak arnasteko arriskuan jarriz.

Europa mailan gaur egun dauden desamiantatze protokoloak nahikoa ez direla argi geratu da 2023-ko lanetan eta hau gutxi ez eta fabrikan azken urteetan burutu diren desamiantatzeak aztertuz protokoloak bete arren nabeak ez zirela ondo garbitu ikusten ari gara egiten ari garen ikuskapenetan.

Gertakari hauekin CAF-en bizi dugun egoeraz aparte Sindikatu eta partidu politikoei dei egiten diegu protokoloen berritzearen garrantziagatik borrokatu dezaten. Datozen urteetan gure herriko eskola, enpresa, instalazio e.a.-etan desamiantatzeak bidertu
egingo dira, Europatik datozen neurriak betetzeko eta burutu beharko diren desamiantatze lanak seguruak izan daitezen, protokoloak eta hauen jarraipena eraginkorra izatea ezinbestekoa da.

Bestalde, gaurko agerraldiaren helburua izan da, batetik, 2001. urtean amiantoaren erabilpena debekatu arte lanean aritu ziren CAF-eko langileak eta burutu diren desamiantatze lanetan kutsatzeko arriskuan egon diren langileak, balizko kutsatuen zerrenda ofizialean sartzeko egindako eskaria enpresak bete dezan, langile hauei jarraipen medikua egiteko.

Bestetik, amiantoaren kasuan bezala, osasun baldintza txarretan lanean egon diren langileen koefiziente murriztaileen eskaera eta gobernuak amiantoarengatik kutsatutako langileentzako sortutako konpentsazio funtsaren inguruan dauden eskaerak, behingoz onartu eta martxan jarri ditzaten eskatzeko. Gaixotutako pertsonak eta familiarrek bizi duten egoera zaurgarria onartzea eta bidea erraztea ezinbestekoa da.

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Imegarreko langileak grebarako duten eskubidea erabiltzen ari dira, eta legitimitate osoa dute mobilizatzeko eta piketeak egiteko. LABen jarrera oso argia da: zuzendaritzaren harrokeriaren eta mehatxuen aurrean, langileok inoiz baino elkartuago gaude, eta gure esku ditugun borroka- eta elkartasun-mekanismo guztiak jarriko ditugu edozein motatako erasoak gelditzeko. Gure babes osoa ematen diegu borroka eredugarria burutzen ari diren Imegarreko langileei, eta gure babes osoa ere salatuta izan den kideari. Zuekin gaude.