2026-11-05
HomeEkintza PolitikoaSindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.

50. urteurrenaren karietara, mobilizazio nazional jendetsua egin dugu LAB sindikatuko militanteok Iruñean, Gazteluko Plazatik abiatuta. Ondoren, Anaitasunan, ekitaldi politikoa eta sindikatuaren 50. urteurrenari loturiko ospakizunak egin dira: bazkaria, kontzertuak… Nazioarteko gonbidatuak ere izan dira; besteak beste, Asturies, Aragón, Galiza, Andaluzía, Katalunia, País Valencià, Frantziar estatua, Bretainia, Korsika, Sardinia eta Aostatik etorriak. Eta ekitaldian hitza hartu dutenak: Pambis Kyritsis Mundu Federazio Sindikaleko burua, Vietnamgo Lanaren Konfederazio Nagusiko Vu Manh Tiem eta Palestinako Langileen Batasun Nazionaleko Sousan Abdel-Salam. Azken honen hitzartzea izan da berezietan bereziena, eta Palestinarekiko elkartasunez mosaiko bat irudikatu dute Anaitasunan bildutakoek.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, hain zuzen ere, internazionalismoari keinu egin dio bere hitzartzearen hasieran. “Bizitza duinak eta bizigarriak” amesten dituzten herri guztiei elkartasuna adierazi die, inperialismoa eta kapitalismoa munduko langile guztien etsai diren eta esplotazioa, prekarizazioa edota gerra dakarten honetan.

Etxera etorrita, gurean langileak lanean gaixotzen eta hiltzen jarraitzen dutela gogoratu du, eta patronalaren inpunitateari aurre egiteko beharra azpimarratu. Anaitasunara hurbildu ezin izan direnekin ere gogoratu da, “presoak etxera” aldarrikatuz. Eta, nola ez, urtemuga borobila ere hartu du ahotan, orain arteko ibilbidea gogoratu eta aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsiz: “Energia gara. Indarra gara, eraldatzaileak gara, aldaketak eragiteko gaitasuna erakutsi dugu, eta gu geu aldatu gara: jaio, hazi eta zabaldu”. Aintzat hartzekoa da 50.000 afiliatuen langa igaro berri dugula LABen.

Bidean, baina, hainbat traba gainditu behar izan ditugu. Horren erakusle, Nafarroan apartheid sindikala pairatu eta gainditu izana, baita Ipar Euskal Herriko kasua ere: urteetan baztertua izan eta gogor borrokatu ostean, gaur intersindikalarekin batera pankartan egon da LABen ordezkaritza bat.

“Sustraiak sendo eta adarrak zabaltzen” ari da LAB, “borrokarako ilusioa, indarra eta determinazioa” dugun militanteon ahalegina oinarri: zerbitzu publikoen defentsan dihardutenenea, esplotazioari eta bazterketari aurre egiteko antolatu diren langile migratu eta arrazializatuena, pentsiodunena nahiz Ernairen eskutik gaur lehen lerroan egon diren gazteena.

Lantokietan, kalean zein instituzioetan borroka egitera deitu dute LABeko koordinatzaile orokorrek. Igor Arroyok esan du Euskal Herriaren etorkizuna ez dagoela idatzita, eremu sindikalean, sozialean zein instituzionalean ezker independentista hazten ari dela eta badagoela alternatiba: “Gogotik tira egiten ari gara bizitzaren alde, langile herriaren alde, birbanaketaren alde”. Hala, krisi ekosozialari aurre egiteko banaketa hirukoitzaren beharra nabarmendu du: enplegua, zaintza eta aberastasuna.

Horretarako lanean ari gara lantokietan (30 orduko lan astearen edota zaintza lanetarako baimenen alde), kalean (pentsiodunekin nahiz mugimendu feministarekin, etxebizitza-espekulazioari aurre eginez eta zerbitzu publikoak defendatuz) nahiz instituzioetan (politika publikoak langileen mesedetan jarri edota zaintza, osasun eta hezkuntza sistema publiko komunitarioak garatzeko). Badago alternatiba iruteko haria, eta burujabetzan aurrera egiteko unea da, “bizitza erdigunean izango duen eredu sozioekonomiko berri baterako trantsizioa ahalbidetzeko”.

Horregatik, konpromiso horri heltzeko prest gaude LABen: “Jo eta ke arituko gara lanean esplotaziorik gabeko Euskal Herria, patriarkaturik gabeko Euskal Herria, pertsona askez eta anitzez osatutako nazio askea lortu arte!”, amaitu dute koordinatzaileek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.