LAB sindikatuak planto egin ohi die inposatutako jai egunei, Euskal Herriarentzat lan egutegi propio baten aldarria egiteaz gain. Hala, urriaren 12an, “Hispanitate Eguna” delakoaren ospakizuna inposatzen zaigun neurrian, egoitzak zabalik izango ditugu, eta ohiko ordutegi eta lan jarduerari eutsiko diegu.
Espainiak Abya Yalako lurraldeak bortizkeriaz konkistatu eta kolonizatu izana eta bertan egindako gehiegikeriak gogoratu eta ospatzeko helburuz inposatua izan zaigun jai egunean, urriaren 12an, zer ospaturik ez dugu.
Urriaren 4koaren ondoren, gaur egin da bigarren greba eguna Bizkaiko ostalaritzan, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Sektoreko langileek patronalaren jarreraren aurrean egin dute deialdia eta greba honek, bete betean eragin die Bizkaiko hotelei eta kolektibitateei. Urriaren 12an egingo dute sektoreko hirugarren greba eguna.
Gaur, piketeak egin dituzte Gasca eta Basca enpresetako sukalde zentraletan goizeko lehen orduetan. Eta ondoren, Bilboko hainbat hotelen aurrean mobilizatu dira, Melia, Vinci, Domine, Hesperia, Albia eta Raddison. Eguerdian, kalejira egin dute Foru Aldundiaren egoitzatik Plaza Berrira.
Hotelen eta kolektibitateen sektoreko langileek soldatak izoztuta dituzte 2020tik. Negoziazio mahaian ez dago inolako mugimendurik eta datozen hilabeteetarako ez da bilerarik aurreikusten. Testuinguru honetan erabaki dute langileek grebara joatea.
Adierazi dute nazkatut daudela inflazioak, eta ondorioz prezioek, gora egiten duela ikusteaz eta eurek aldiz, duela hiru urteko soldata berdinekin jarraitzeaz. Gainera, hotelen okupazio-datuen lekuko dira egunero, eta Bizkaia gero eta erakargarriagoa da turistentzat.
Soldata prekarioak eta izoztuez gain, azpimarratu dute euren urteko lanaldia 1.750 ordukoa dela, Gipuzkoan 1.716 ordukoa denean aurten eta 1.709koa izango dela 2024an.
Oso jarraipen zabala izan du LAB, CCOO, STEILAS eta ELAk deitutako grebak campus guztietan. Zentro gehienetan klase gehienak bertan behera geratu dira. Zentroak irekita egon dira (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak, plantillaren laurden bat, ez zeuden grebara deituta), baina aktibitate akademikoa oso eskasa izan da, EHUko zuzendaritzatik jarraipena gutxiesten saiatu arren.
EHUko Ikasle Kontseiluak berak etenaldi akademiko batera deitu zuen urriaren 11rako. Izan ere, EHUko langileek pairatzen dituzten arazo, prekarizazio eta lan-baldintzen okertzeak ondorio zuzena dauka ikaslerian ere, ordezko irakasleekin sortutako egoerak kasu. Hain zuzen, irakaskuntzaren kalitatea nabarmen kaltetuta geratzen da.
Irakasleen bajak eta baimenak 800 eurotan kontratatutako lanaldi partzialeko irakasleen bidez betetzea grebara deitzeko piztailea izan da, baina ez eragile bakarra. Azken urteetan, eremu askotan, EHUko irakasle-ikertzaileen baldintzen okertzea pairatu dute: lan-zama handitzea, aldi baterako irakasle-ikertzaileei ikerketa-seiurtekoak ukatzea, lanaldi partzialeko irakasleei irakaskuntza-bosturtekoak ukatzea, plantillaren ezegonkortasun handia, ikertzaileen prekarizazioa, ikertzaile-ibilbidearen garapena oztopatzea, erretiroen akordioen deuseztapena, aldebakarreko campusen itxiera, burokrazia handitzea…
Neurri horiek EHUko zuzendaritzak aldebakartasunetik ezarri ditu, langileak ordezkatzen dituzten sindikatuokin negoziatzeari muzin eginez.
Horri gehitu behar zaizkio atzetik zetozen egoerak, non Eusko Jaurlaritzak erantzukizun nabaria baitaukan: erosahalmenaren galera metatua urteetan zehar, osagarrien izozketa 2006tik, lanaldi partzialeko ordezko irakasleentzat miseriazko soldatak ezartzen dituen 41/2008 Dekretua sortu eta indarrean mantendu, edota unibertsitateko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldatak hezkuntza ez unibertsitariokoenak baino baxuagoak izatea (unibertsitatean lanpostu iraunkorra lortzeko doktorea izatea beharrezkoa bada ere). Era berean, EHUra bideratutako finantzaketa ez da batere nahikoa. 2022an, EAEko Barne Produktu Gordinaren % 0,4 izan zen, duela hamarkada bat baino baxuagoa eta Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak (USLO) berak 2030erako helburu moduan planteatzen duen BPGren % 1-tik oso urrun.
Hori dela eta, campusak gelditzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza ordezkaritzen aurrean kontzentratu gara.
EHUko aktibitate akademikoa gutxienean utzi duen greba honen bitartez, EHUko irakasle eta ikertzaileek argi utzi diote EHUko zuzendaritzari norabidea aldatu behar duela, aldebakartasuna alboratu behar duela eta bere langileen kontrako neurriak gelditu behar dituela. Bikaintasuna behin eta berriro aipatzen badute ere, Shanghaiko ranking-arekin liluratuta badaude ere, lan-baldintza duinik ez duen plantillarekin ezin da kalitatezko unibertsitate bat garatu.
Era berean, langileek argi esan diote Eusko Jaurlaritzari unibertsitate publikoa ahultzen saiatzen bada aurrean izango dituela, eta EHUrako nahiko baliabide bideratu behar dituela, baita bere langileen soldatak duindu.
Borrokan jarraituko dugu beste unibertsitate eredu baten alde, euskal jendartearen zerbitzura eta non langileen lan baldintzak duinak diren. Eta horretarako, gaurko egunari jarraipena emateko, sindikatu deitzaileok datorren urriaren 25eko sektore publikoko greba egunera deitzen ditugu EHUko langile guztiak.
Gaur, urriak 10, Bilboko La Pau anbulantzien zentroaren aurrean informazio-piketeak martxan zeudela, Ertzaintzak grebalariak jazarri ditu. Langile bi lurrean indarrez atxiki ditu, eta horietako bat identifikatu dute.
❗️❗️ Greban diharduten anbulantzietako beharginen aurka gogor oldartu da Ertzaintza⬇️ pic.twitter.com/DBW8naeBHK
Bizkaiko hiriburuko Zorrotza auzoan dago La Pau anbulantzien egoitza nagusia, eta bertan modu baketsuan informazio-piketeetan ziharduten langileen aurka oldartu da polizia. Greba eskubidea defendatu eta mobilizazioan parte hartzera deitzeko asmoz lurrean jesarrita gelditu direnen artean langile bi indarrez atxiki dituzte, borraz lepoa estututa. Beharginetako bati herritarren segurtasunaren aurkako urraketa egotzi diote.
Gertakari horien ostean, osasun garraioko grebalariek manifestazioa egin dute Gurutzetako ospitaleraino, eta beren aldarrikapenak plazaratzen jarraitu dute bertan, patronalak negoziazioaren gain ezarritako blokeoa salatzeaz bat. Besteak beste, honakoak eskatzen ari dira: osasun garraioko langileen baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin parekatzea, plantillen erosteko ahalmenari eustea eta itundutakoa betetzeko bermea.
Hala, Bizkaian bezala, Araban nahiz Gipuzkoan ere kalera atera gara gaur, osasun garraioko langileentzako baldintza duinak jasoko dituen hitzarmena ahalbidetu dadila aldarrikatzera. Biharkoa ere greba eguna izango da, eta hitzordu nagusia Gasteizen izango da, Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egingo baitute 10:30ean.
LABeko sail sindikalak, Langile Batzordeak adierazitakoarekin bat eginez, haserrea adierazi du lan kontratu mota hori komitearen iritziaren aurka indarrean jartzeagatik, eta nabarmendu du halako modalitateek ez dutela tokirik industrian. Horrela, enpresako langileek mobilizazioei ekin diete gaur. Urriaren 11, 12 eta 13an ere kontzentrazioak egingo dituzte, 13:15ean eta 14:05ean.
Etxebarrian kokatutako Nemak metal arloko industria da. Inoiz ez da aldizkako finko kontraturik erabili, eta Langile Batzordeak argi dauka aldizkako finko deritzon lan kontratu mota honek ez duela lekurik metal industriaren sektorean. Kontratu mota honek ez dakar inolako hobekuntzarik langileentzat eta, aldiz, bai enpresarentzat.
Finkotasun osoa apurtzera datorren kontratua da; enpresari erabateko malgutasuna ematen dio, langileak ez direlako lotzen lan egutegi zehatz bati, eta lan kontratu hau ez dator ustekabeko produkzioari erantzutera, baizik eta lanaren malgutasuna eta ezegonkortasuna sortzera.
Langileari ez dio urte osoko lana ziurtatzen; beraz, betirako prekaritatera kondenatzen du langilea, kontratua “finkoa” den heinean. Langabezia pilatzea edo metatzea ukatzen du, aldizka eta urtero kaleratua izango baita langilea, langabezia kontsumitzera derrigortuta egonik (langabezia pilatuta baldin badauka).
Aldizkako finko kontratu mota hau aldizkako lana egiten den esparruetan erabiltzeko sortua da (geldialdi biologikoak egitera behartutako arrantzaleentzat, arrain freskoarekin lan egiten duten kontserba enpresetarako, eskoletako jangela edoeta autobusetan umeak eramaten dituzten begirale laguntzaileentzako, eta abar).
Kontratu mota hori ez da metaleko enpresentzat sortua, baina enpresariak, beste behin ere, inposatzera datoz, aldizkako lanaren erabilpen maltzurra eginaz, nahiz eta langileen kaltetan izan.
Azkenik, LABen eta Langile Batzordearen iritziari muzin egin eta Nemak hasi da jada kontratu mota hori erabiltzen. Hori dela eta, LABek, Batzordearekin bat eginez, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die Nemakeko langile guztiei.
Espero bezala, Eusko Jaurlaritzaren menpeko langileon lan baldintzak negoziatu beharko lituzkeen Mahai Orokorraren bilerak ez du berrikuntzarik ekarri, eta negoziazio kolektiboa ukatzen jarraitzen du. 2022rako inposatutako soldata igoeraren berri komunikabideetatik jaso zuten sindikatuek, eta 2023rako igoeran dagoeneko Madrilgo aurrekontuekiko menpekotasuna onartu du”
Mahaian parte hartzen eta greba deitzen duten sindikatuek aldarrikapenak luzatu dizkiote gobernuari, baina hark ez ditu aintzat hartu, eta sindikatuak errealitate ezberdin batean daudela iradoki du.
Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak behin eta berriz errepikatutako elkarlanerako deiak hitz hutsak direla argi dagoela salatu dute beste behin ere, eta autoritarismoa dela bere ezaugarria. Negoziazio kolektiboaren mahaiak antzerki huts bezala hartzen ditu Eusko Jaurlaritzak, eta neurriak inposatu egiten ditu, ahal eta nahi duelako. Ez du erabakiak bi aldeen adostasunez hartzeko konpromisorik hartu nahi, beste edozein lan eremutan egiten den moduan.
Sindikatuek urriaren 25erako greba deialdian salatzen dituzten arazoak betikotzeko asmoarekin jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak, eta, ondorioz, aldarrikapenak mantendu egiten dira. Urkulluk askotan errepikatzen duen autokritika delakoari behingoz heltzea eskatu diote, eta jendartearen eta langileen beharrei zintzotasunez heltzeko konpromisoa nahi dute.
Baldintzak aldatzen ez diren bitartean, LABek langileak mobilizazioetara eta grebetara deitzen jarraituko du, elkarlan sindikala eta langileen batasuna lehenetsiz.
Gaur, urriak 10, munduko hainbat tokitan, Abdullah Ocalan lider kurduaren askatasuna eta auzi kurduarentzat konponbide politikoa aldarrikatzen ari gara. Nazioarteko hainbat sindikatuk bezala, LABek ere deialdia babestu eta kurduen aldarrikapenak bere egin ditu.
Otsailaren 24ean, LABek, ELA-k, UGT-k, CCOO-ek, ESK-ak eta STEILASek, Ocalan eta gainontzeko preso politiko kurduen aldarrikapena exijitu genuen, gatazkari irtenbide demokratikoa bilatzeko nahitaezko baldintza dela ulertzen dugulako. Modu horretan sindikatu britaniarrek abiaturiko Freedom for Öcalan kanpainara batuz.
Kurdistan geo-estrategikoki oso garrantzitsua den eskualde bat da, Mendebaldeak gaur egun gehien eskatzen dituen baliabide natural batzuk dituelarik. Eta horregatik behin eta berriz herri kurduaren errealitatea eta egoera ahaztu da, estatu propiorik gabeko munduko herririk handiena izanik.
Gatazka honetan 40.000 pertsonek bizitza galdu dute orain arte, 4.500 herri inguru ebakuatu edo erre dira, eta milioika pertsona, lurralde ezberdinetan sakabanatuta, errefuxiatu bihurtu dira. Herri kurduaren, askatasunaren eta demokraziaren aurkako erasoak, kolonialismoak eta kapitalismoak sortutako hondamendien gainean eraikiak izan direnak, gaur egun ere jarraitzen dute.
Abdullah Ocalan, 1999ko otsailean, nazioarteko inteligentzia operazio batean bahitu eta Turkiara bidali zuten. Geroztik kartzelan egon da, eta ez diote baimenik eman kanpoko munduarekin harremanik izateko. Gainera, tortura eta tratu krudel eta iraingarriak jasan izan ditu.
Ocalanen segurtasun eta ongizateagatik inoiz baino arduratuagoak gaude, azken urtetan ez dakigulako ezer bere egoerari buruz, bilerak ekiditeko diziplina neurriak ezarri dizkiotela salbu. Inork ez daki bizirik hala hilda dagoen, eta bizirik egotekotan zein egoeratan dagoen.
Ocalan auzi kurduaren konponbidean parte hartzeko eta bere ideiak garatzeko aske izango balitz, auzi kurduarentzat konponbide politikoa aurkitzea askoz ere errazagoa izango litzateke. Tamalez, Turkiako lidergo autoritarioak egoera honi sekulako beldurra dio eta nazioarteko komunitatearen babesarekin Ocalan isolamenduan mantendu dute.
Aipatutako guztiagatik, Turkiak egoera honekin behingoagatik amai dezala exijitzen dugu, nazioarteko komunitateari aldiz, egoera honekin bukatzeko beharrezkoak diren mekanismoak martxan jar ditzala.
Atzo Nafarroarako Iruñean egin bezala, gaurko egunean, LAB, ELA, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT sindikatuok azaroaren 30erako EHko mugimendu feministak iragarritako Greba feminista Orokorraren EAEko deialdia erregistratu dugu Bilbon, Jaurlaritzaren egoitzan. Zaintza lanak kolektibizatu eta berrantolatzeko premia jarri du mahai gainean Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak.
“Pertsona guztiok ditugu zaintza beharrak eta zaintza guztion ardura da; zaintza lanak aitortu eta banatu behar dira eta gizonek dagokien ardura hartu behar dute”, adierazi du Aranburuk. Halaber, nabarmendu du bizi dugun zaintza krisiaren arrazoi nagusia ez dela bilakaera dmografikoa, baizik eta emakumeok* sistema bidegabea eta bideraezinaren aurrean errebelatzen ari garela.
“Lanaren banaketa sexual eta arrazistaren eraginez, zaintza lanak emakumeon* bizkar erortzen dira, eremu pribatuan edo lan merkatu arautuan prekarioan egiten diren lanak dira, kasu askotan emakume migratu eta arrazializatuen esplotazioan oinarritzen dira. Egoera hau eraldatzeko, urgentziazkoa da greba hau”, adierazi du koordinatzaile orokorrak. Hala, zaintzaleen baldintzak duintzea premiazkotzat jo du, eta instituzioak interpelatu nahi izan ditu, Zaintza Sistema publikoa eratzeko ardurari hel diezaioten.
Deitzaileak garen sindikatuok bat egiten dugu Euskal Herriko Mugimendu Feministak plazaratutako diagnostiko eta aldarrikapenekin.
Greba Feminista orokorraren aldarrikapen nagusia zaintza eskubide kolektiboa eraikitzea da, zaintzen egungo antolakuntza soziala eraldatuz eta Euskal Zaintza Sistema publiko-komunitario duina eraikiz. Gizarte osoa dago deituta, emakume zein gizon.
Azkenengo 3 urteetan zehar Euskal Herriko Mugimendu Feministak prozesu parte hartzaile emankorra eraman du aurrera, beste hainbat eragile sozial eta sindikalekin batera. Lanketa honen emaitza diagnostiko bateratu bat eta aldarrikapen amankomun batzuk izan dira. Eta aldarrikapen hauek egikaritzeko, greba feminista orokorra deitu dugu gaurkoan.
Greba feminista orokorrak lantokietan inzidentzia izateko helburua du, baita zaintzaren erdiguneko ardura izango duen zerbitzu publiko indartsu batzuen alde borrokatzeko ere, eta aldi berean horietatik haratago doa. Pertsona guztiak gara interdependenteak, hau da, guztiok dugu bizitzan zehar zainduak izateko premia eta baita zaintzeko ardura, guztiok interpelatzen gaitu.
Horretarako hurrengo aldarrikapenak ditugu:
Zaintza sistema duin baten alde: – Zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea. Zaintza zerbitzuetan pribatizazioarekin eta azpikontratazioarekin amaitu. Sistema publikoa garatu eta indartu behar da. – Etxez etxeko zerbitzua indartu eta garatu behar da. – Zaintza lanak transbertsalki landu beharra dago: hezkuntzan, osasungintzan eta lan eremuan. – Zaintzeko baimenak zabaldu behar dira: loturagramak aldarrikatzen ditugu familia eredu tradizionala gainditzeko eta nahi ditugunak zaintzeko.
Bizitza duinen alde: – Lan jarduna murriztu soldata murriztu gabe, hau da, zaintzeko denborak bermatu. – Zaintza-lanen birbanaketa gizonek haien ardura har ditzaten.
Zaintza langileen baldintza duinen alde:
-Etxe barruko erregimena desagerrarazi – Lanaren Nazioarteko erakundearen 189. hitzarmena bere osotasunean berretsi Etxeko lana lan-erregimen orokorrean sartu eta gutxieneko soldataren gainetik jarri – Zaintza sektoreetako langileen lan-baldintzak hobetzea
Azkenengo urteetan anitzak izan dira sektore feminizatuetan eta zaintza esparruetan emandako borrokak eta lorpenak ere. Emakumeak borrokaren lehen lerroan gaude. 2023an, alegia, Hego Euskal Herrian grebak egin dituztenen 2/3 emakumeak izan dira. Ezin da , beraz, borroka feministaren izaera eraldatzailea.
Greba Feminista Orokorrak jendarte osoa interpelatzen du. Zaintza guztion ardura da, eta horien antolaketa sozial eta ekonomiko justuago baten aldeko borroka ere bai. Denon bizitzak erdigunera ekartzeko, azaroaren 30ean denok kalera!
Enpresa emaitza baldintzatzen saiatu arren, Michelinen lan egiten duten pertsonek euren lan-baldintzak hemen negoziatu nahi dituztela erabaki dute.
LABek zorionak eman dizkie langileei erreferendum lotesle honetan parte hartzeagatik, lan-baldintzak nola arautzea nahi dugun bertan erabakitzeko. Langileen ia %70ek eman du bozka. Baiezkoak irabazi du, eta beraz, datozen egunetan batzordeak abian jarriko ditu lantokiartekoa uzteko beharrezko mekanismoak.
Sindikatu honen aldarrikapen historikoa da, urteak baitaramatzagu Gasteizko lantegiko lan-baldintzak hemen negoziatu behar direla aldarrikatzen. Azken hitzarmenari buruzko bozketan ere argi geratu zen langileek uko egin ziotela, baina bertako eremutik kanpo hartutako erabakiak ezarri zituzten. Gasteizko langileok mobilizatu egin ginen, grebak egin genituen hitzarmenak aldarrikapen garrantzitsuak jaso zitzan, hala nola igoerak KPIarekin lotzea, baina multinazionalaren zuzendaritzak zentroarteakoa erabili zuen borroka eta aspirazioak geldiarazteko.
Orain, Gasteizko lantegian lan egiten duten pertsonak izango dira beren lan-baldintzak nola arautzen diren erabakiko dutenak. Eta ez zentroarteko batzorde bat, non Arabako lan zentroaren errealitatea indargabetuta geratzen den enpresaren aldeko gehiengoekin.
LABek hemen lan egin, hemen erabaki aldarrikapena bultzatzen jarraituko du. Orain inork ezingo du aitzakiarik jarri plantillaren eskakizunei ez erantzuteko.