2026-10-02
HomeEkintza SindikalaHamar greba egun gehiago deitu ditugu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

Hamar greba egun gehiago deitu ditugu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

Grebak urtarrilaren 17, 18, 23, 24 eta 25ean eta otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20an izango dira. Aurrez egindako bederatzi greba eguni gehitzen zaizkie eta Lan Hitzarmenaren negoziaketa dugu helburu LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok.

Langileek bederatzi greba egun egin dituzte jadanik, apirilaren 25ean lehena, urrian hiru greba egun eta abenduan bertan bost greba egun. Greba hauek langileen babes zabala izan dute, %65ekoa bataz beste.

Helburua 2021eko abendutik iraungita dagoen Lan Hitzarmena berritzea da. Onartezina eta arduragabekeria da abenduko bost greba egunen ostean mahairik deitu gabe eta proposamenik egin gabe jarraitzea Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronal nagusiek.

Beraz, sindikatuok urtarrila eta otsailerako beste hamar greba egun deitzea erabaki dugu. Grebak urtarrilaren 17, 18, 23, 24, eta 25erako eta otsailaren 6,7,8, 19 eta 20rako deitu ditugu.

Sindikatuok adostasunetara iristeko borondatea eta prestutasuna dugu, eta patronalei arduraz jokatzeko eta Lan Hitzarmena berritzea ahalbideratuko duten edukiak eta proposamenak egiteko eskatzen diegu.

Izan ere, azken hilabeteetako greba dinamika honek behartuta patronalen aldetik mugimenduak egon badira ere, ez da ez negoziaketa errealik egon ez eta proposamenik mahai gaineratu ere. Horrela, Patronalek azaroaren 27rako negoziazio mahaia deitu zuten arren, ez zuten proposamenik ekarri bertara.

Hezkuntza Sailak ere bilera batera deitu gintuen sindikatuok abenduaren 5ean, baina bilera hura ere aurrerapausorik gabe amaitu zen. Hezkuntza saila ez da edozein eragile eta badu zeresanik langile hauen lan baldintzen inguruan; beraz gatazka bideratzeko esku har dezala galdegiten diogu.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialei aurre egiteko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.

Lan Hitzarmenaren negoziaketarako sindikatuon aldarrikapen nagusiak

IRAUPENA

2022-2024 (2021eko soldatak barne).

LAN ZAMAK ARINTZEKO NEURRIAK

  • Irakasleak: eskola orduen murrizketa esanguratsua.

Murrizten diren eskola orduak ordu osagarri bihurtzea eta ordu osagarri horiek lan pertsonalerako izatea.

  • Irakasle ez diren langile tituludunak: Irakasleen urteko lanaldi berdina
  • Kolektibo guztietan ordezkapenen erregimena hobetzea

SEKTORE FEMINIZATU ETA PREKARIONENTZAT HOBEKUNTZAK

  • HH Lehen zikloko langileen HH bigarren zikloko langileekiko homologazioan pausu garrantzitsuak
  • Hezkuntza Laguntza Espezialistak (EAE) lanaldi osoak bermatzea eta ordu osagarriak gehitzea arreta zuzenekoak murriztuz
  • AZP urteko lanaldi murrizketa esanguratsua, lan zamak neurtzeko eta mugatzeko neurriak ezarriz

SOLDATAK:

  • KPIaren bermea
  • Aurrez galdutako eros ahalmena berreskuratzen joatea.
  • DBH 1 eta DBH 2ko irakasleen soldata parekatzea

ENPLEGUA. LANPOSTUAK MANTENTZEKO

  • Birkokapen prozedurari buruzko erreglamendua Hitzarmenean jasotzea eta betearazteko bermeak ezartzea
  • Birkokapen akordio mugagabea bermatzea

LANBIDE HEZIKETA

  • Lanaldi irregularra arautzea: Asteko ohiko eskola orduak gainditzeko baldintzak negoziatu eta hitzarmenean txertatu:

Ordu lektibo eta osagarrien proportzioa mantendu beharko da

Konpentsazioa egon beharko da

  • FCTs: 6 ordu astean ikasturte osoan; ez bakarrik praktika garaian
  • Tailerretan bikoizketa arautu
  • Lanbide Heziketako lege berriak ekar ditzaken aldaketen aplikazioa negoziatzea

BEHIN BEHINEKO KONTRATAZIOA ETA ALDIZKAKO KONTRATAZIO FINKOA

  • Lanaldi osoko kontratu mugagabeen nagusitasuna jasotzea
  • Aldizkako kontratu finkoen erabilpenik ez dela egongo jasotzea arau orokor bezala.

LAN OSASUNA

  • Behin behineko ez gaitasun osagarria baja-denbora efektibo osoan.
  • Arrisku psikosozialak, bai prebentzioan baita identifikatutako gabeziak konpontzeko planak ezarri ikastetxe guztietan, jazarpen-protokolak barne

EUSKARA PLANAK

  • Plantilla osoarentzat, irakasleak ez direnak barne

BERDINTASUN PLANAK

  • Hitzarmeneko zentro guztietan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.