Urriaren 25eko eta 26ko lanuzteek plantilla osoaren babesa izan dute, eta beharginen ordezkariak Eusko Legebiltzarrean izan dira, alderdiekin bilera erronda egin eta konpromiso zehatzak hartzeko eskatu dietelarik.
Ikasturtea abiatzeaz bat jakinarazi zuen Stellantis multinazionalak Urdulizko Mecaner lantegi historikoa ixteko asmoa. Bada, orduz geroztik 6 greba egun egin dituzte langileek, guztiak ere erabateko jarraipenarekin. Asteon asteazken eta ostegunean atera dira kalera beharginak, eta ostegunekoan, hain zuzen, Gasteizko Legebiltzarrera hurbildu dira, bertan elkarretaratzea egiteaz gain, parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiekin (VOXekin izan ezik) biltzeko.
Enpresaren erabakia plan estrategiko baten barruan dagoela nabarmendu beharra dago, deslokalizazio-prozesu bat egin eta Urdulizko lantegia ixtearen helburua argia baita: irabazi-marjinak handitu eta kostuak murriztea.
Aldiz, Mecaner enpresa bideragarria eta lehiakorra da. Azken urtean, 606.000 euro irabazi ditu Mecanerrek, eta 16.000 milioi baino gehiago Stellantis taldeak.
Beraz, itxiera ez legoke justifikatuta, eta ekarriko lituzkeen ondorio negatiboak sekulakoak dira, bai lanekoak, baita sozialak ere; izan ere, zuzeneko eta zeharkako enplegua suntsitzea lekarke.
Stellantis taldeak EEE bat egin nahi, eta Urdulizko instalaziotik alde egin nahi du. Hori dela eta, gobernuek ziurtatu behar dute jaso dituen diru laguntza publikoak itzuliko dituela.
Bada, enpresaren utzikeria eta zitalkeria ikusita, Mecanerreko langileok kanpoko adituen laguntzarekin txosten bat egingo dugu, bideragarritasun-plan bat, lantegiaren ixteko aukeraren aurrean alternatiba bat ekarriko duena, betiere ikuspegi ekosozialetik.
Horregatik, txosten horretan jasotako alternatibaren aurrean lankidetza eta babesa ere eskatu dugu. Kalean jarraituko dugu saretzen, elkartasuna hauspotzen, alternatibak eraikitzen eta batez ere oraina ta geroa borrokatzen.
Gipuzkoako metaleko hitzarmenaren 23. artikuluak eta CAFeko hitzarmenaren 10.3 artikuluak jasotzen dute CAFeko langileei aplikatu beharko litzaieken bosturteko metatuen antzinatasunaren ordainketa.
Hala ere, eta erabat arbitrarioki, CAFek ez die antzinatasun-kontzepturik ordaintzen Beasain eta Irunen lan egin eta unibertsitate titulazioa duten 1.000 pertsona baino gehiagori.
Hainbat urtetan zenbait bidetatik eskatu izan dugu ordainketa hori, eta etengabeko aldarrikapena izan da hitzarmen kolektiboen negoziaketetan ere. Baina Zuzendaritzak inoiz ez dio jaramonik egin aldarrikapen horri, eta, horrekin, are gehiago bultzatu du kolektiboen arteko zatiketa.
Aipatzekoa da, halaber, enpresak ez duela langile horiek egindako aparteko orduak inola ere konpentsatzen. LABek dagoeneko salatu du gai hori, eta Lan Ikuskaritzaren erabakiaren zain dago oraindik.
Azkenik, eta LABek proposatuta, CAF Beasaingo Enpresa Batzordeak demanda kolektibo bat jarri zuen enpresaren aurka. Hain zuzen ere, CAFeko langile guztientzat, salbuespenik gabe, kasu bakoitzean metatutako antzinatasuna ordaintzeko eskatzen dute horren bidez.
Epaiketa hori datorren asteartean izango da, urriaren 31n, Donostiako epaitegian, eta epaileeek alde sozialari arrazoia ematea baino ezin daiteke espero. Era horretan, CAFeko langile guztiek dagokien antzinatasunaren kontzeptua jaso ahal izatea espero dute, inolako bereizketarik gabe.
Beste zenbait kasuetan bezala, berriro ere zuzendaritzaren jarrera lotsagabeak CAFen bertan konpondu zitekeen desoreka bat azalarazi eta epaitegian amaitzera behartu du.
Aurreko hiruhilekoan baino 13.600 emakume gehiago daude lan bila, bizi baldintza prekarioek lanaldi bikoitzera behartuta.
Hego Euskal Herrian langabeziak gora egin du aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, eta Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 2023.urteko 3. hiruhilekoan langabezia tasa %8,6 da.
Emakumeen langabeziak egin du gora gehien
Nabarmendu behar dugu emakumeen langabezia tasak egin duela gora gehien, %9,6ean kokatuz (pasa den hiruhilekoan baino 1,9 puntu altuago, hain zuzen ere). Emakumeen langabezia tasarik altuena 16-24 urte artean kokatu bada ere, pasa den urtetik hona 55 urtetik gorako emakumeen langabezia tasa da gehien igo dena, 3,6 puntu gora eginez (pasa den urtean baino 55 urtetik gorako 5.900 emakume gehiago daude langabezian).
Emakumeen %23ak du behin-behineko kontratua eta %23a jardunaldi partzialean dihardu
Kontratu mugagabeak %79,9a dira Hego Euskal Herrian, pasa den hiruhilabeteko zein urtetik ia aldaketarik gabe mantentzen dena. Emakumeen %77ak kontratu mugagabea duen bitartean, gizonen artean kontratu mota hau %82,8koa da. Jardunaldi partziala duten emakumeak %23a diren bitartean, gizonezkoak %5,7a dira. Hedatzen jarraitzen duen errealitatea, pasa den urtetik hona, emakumeen kontratu partzialak %1a igo baitira.
Lan merkatu gero eta prekarioagoan lan bila dabiltzan emakumeen kopuruak gora egin du
Langabeziaren gorakada honen atzean, lan bila dabiltzan emakumeen kopuruak (biztanleria aktibo gisa kontabilizatua Biztanleria Aktiboaren Inkestan) gora egin izana dago. Oro har, lan bila dabiltzan langileen kopuruak gora egin badu ere, modu nabarmenean egin dute gora lan bila dabiltzan emakumeen kopuruak (pasa den hiruhilekotik 13.600 gehiago eta pasa den urtetik 21.000 emakume gehiago) eta proportzionalki ere altuagoa da igoera (pasa den urtetik %3,27 gora egin dute lan bila dabiltzan emakumeak, gizonezkoen artean %0,51 igo da multzo hau).
Gero eta emakume gehiago lan bila aritzeak ez dio lan merkatuaren egonkortze edota lan baldintzen hobekuntzari erantzuten, baizik eta egoera sozioekonomiko prekario zein ezegonkorrak behartutako bizi egoera bati. Izan ere, KPI-aren igoerak oinarrizko elikagaien garestitzea ekarri du, soldata igoerak modu proportzionalean igo gabe, erosahalmenean galera suposatuz. Zentzu horretan, bizi unitateetako diru-sarrerak ez dira nahikoa eguneroko bizitzako gastuei aurre egiteko, eta pandemia garaian lan merkatuan lana bilatzeari utzi zioten emakumeek, bizi unitatearen sostengu ekonomikoa bermatzeko lan merkatura bueltatzen ari dira. Hau guztia emakumearentzat are eta prekarioagoa den eta sektore feminizatuetako lan baldintzak kaxkarragoak diren lan merkatuan. Zerbitzuen sektorean langabeziak gora egin izana (aurreko hiruhilabetean baino %41,88 langabetu gehiago eta pasa den urtean baino %21,39 gehiago) lotuta egon daiteke sektore honetan lana bilatzen dutenak gehienbat emakumeak izatearekin.
Testuinguru honetan, gogoratu behar dugu zaintza eta etxeko lanen ardura nagusia emakumeen gain dagoela oraindik ere (EUSTAT-en 2018ko etxeko lanen kontu satelitearen arabera, eremu pribatuan egiten diren etxeko eta zaintza lanen %67,2 emakumeek egiten dute). Beraz, prekarizaturiko lan merkatuak eta zaintza lanek zamatuta, lanaldi bikoitza handitzen ari da emakumeen artean.
Azaroaren 30ean Greba Orokor Feminista
Aberastasuna gutxi batzuen poltsikoetan metatzen jarraitzeko langileon lan eta bizi baldintzak prekarizatzen dituen eredua ez da bizigarria, desiragarria ezta bideragarria den aukera bakarra. Erabaki politikoa da.
LAB sindikatuak zaintza eskubide objektiboa eta unibertsala aldarrikatzen du. Beraz, egungo zaintza erregimena irauli eta sistema publikoa garatu behar da. Horretarako, zaintzak negozio izateari utzi eta pribatizazioarekin amaitu behar da. Zerbitzua hobetu eta zaintza erdigunean jar dadin, ezinbestekoa da zaintza sektoreko lan baldintzak duintzea eta babestea. Horregatik guztiagatik, azaroaren 30ean Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren alde greba egingo du LABek.
CAFek Beasainen eta Irunen dituen lantegietako batzarrek erabateko babesa eman diote (botoen % 90 baino gehiagorekin) Enpresa Batzordeak egindako mobilizazioen proposamenari. Hala, geldialdia egin dute gaur eguerdian, eta azaroan zehar beste sei egunetan ere hala egingo dute.
CAFek Castejonen (TRENASA) duen lantegiko langileek ere mobilizazio-proposamena berretsi zuten batzarrean. Horrela, CAFek Euskal Herrian dituen tren-fabrikazioko plantek bat egingo dute lehenengo aldiz hitzarmen kolektiboa berritzeko lanuzteen deialdiarekin, hitzarmen hori CAFek Nafarroan duen lantegian ere aplikatu ahal izateko (une honetan, hitzarmen honen aplikazio-eremua Beasaingo, Irungo eta Madrilgo lantegietarako da).
Hala, gaur bi orduz gelditu ostean, datozen asteetan Euskal Herriko CAFeko 3.500 langile inguruk honako lanuzte hauek egingo dituzte:
– Azaroak 7, asteartea: 3 orduko lanuztea.
– Azaroak 9, osteguna: 3 orduko lanuztea.
– Azaroak 14, asteartea: 4 orduko lanuztea.
– Azaroak 16, osteguna: 4 orduko lanuztea.
– Azaroak 21, asteartea: 5 orduko lanuztea.
-Azaroak 23, osteguna: 5 orduko lanuztea.
Zuzendaritzak egindako hirugarren proposamena ez da nahikoa, eta horregatik aktibatu da LABen ekimenez aurrera atera den mobilizazioen egutegi hau.
Enpleguaren defentsa, lanpostu finkoen sorrera, langile beteranoenen erretiro-baldintzak, konpainiaren errealitatearekin eta bizitzaren garestitasunarekin bat datozen soldata-igoerak, azpikontratak plantillan integratzea, hitzarmena tituludun langileentzat ere aplikatzea, langileen egunerokoan hobekuntza zehatzak egitea, lan-osasunari buruzko hainbat gai, telelanaren baldintzak eta Castejongo lantegia CAF SAren hitzarmenean sartzea dira, besteak beste, hitzarmen honen negoziazioan zuzendaritzarekin konfrontratu beharreko gaiak.
Euskal Herriko lantegietan gehiengoa duen ordezkaritza sindikala LABena da, eta hori da giltzarrietako bat CAFek lan eskubideetan eta borroka sindikalean erreferente izaten jarraitzeko. Patronalarekin aurrez aurre jartzea beharrezkoa da lan-baldintzak hobetzeko.
Urriaren 12tik 15era bitartean, LAB sindikatuko Alaitz Ajuriagerra eta Amanda Verrone kideak mugimendu sozialen Kontragailurrean parte hartu zuten Marrakexen. Topaketa horretan 60 erakunde sozial, ekologista, feminista, sindikatu, nekazari eta herri indigena baino gehiagok parte hartu zuten, Munduko Bankuaren (BM) eta Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) urteko bilera bertan izan zela baliatuz.
Kontragailurrari mobilizazio batekin eman zitzaion hasiera, 1945ean sortu zenetik BMk eta NDFk egindako zor ez-legitimoa kitatzeko aldarrikapenarekin. Ez ziren falta izan ere Palestinarekiko elkartasun keinuak.
Hurrengo egunetan 4 mahai inguru nagusi eta 50 tailer baino gehiago antolatu ziren, non hazkunde ekonomikoaren paradigma kapitalista kolokan jarri zen. Hego globaleko herrialdeen ahotsa ozen eta lehen eskutik entzuteko aukera izan genuen; ipar globaletik eragindako zor koloniala, ekologikoa eta klimatikoa aintzat hartu eta aldarrikatzeko beta izan zuten.
Herrialde guztien arteko sinergiak eta elkarlana sustatzearen beharra azpimarratu zen mahai inguru eta tailer guztietan. Ipar eta Hego globalaren artean zubiak indartu Iparraldeko herrien aurka ezarritako austeritate-politikei eta Hego globaleko egitura-doikuntzen politikei aurre egiteko, egungo sistema kapitalista elkarrekin eraisteko eta beste berri bat eraikitzeko premia islatuz.
Aldi berean antolatutako askotariko tailerrak finantza sistema koloniala, politika neoliberalak, justizia fiskala, soziala eta klimatikoa, izan zuten ardatz eta gutxi batzuetan parte hartzeko aukera izan genuen.
Esate baterako, “Trantsizio berde” faltsu baten izenean krisi klimatikoa larriagotzen ari diren mailegu-politika neoliberalak zalantzan jartzeko antolatutako tailerrean parte hartu genuen. Helburua politika eta paradigma sozioekonomiko alternatiboak elkarrekin diseinatzea izan zen, langileak protagonista hartuta eta justizia soziala eta justizia klimatikoa ardatz izan zuena.
Beste batean, ordea, zor publikoaren eta mineralen eta energiaren erauzketa-industrien arteko loturari buruzko esperientziak partekatzeko aukera izan genuen. Batez ere Afrikako herrialde ezberdinetako emakumeen aldetik entzun genituen industria horien inpaktu sozial, ekologiko eta ekonomikoak zeintzuk ari diren izaten eta zeintzuk diren aldarrikatzen dituzten eskakizun zehatzak: zorra kitatzea, eragindako kalteak (sozialak, ingurumenekoak, ekonomikoak…) konpontzea edo erreparatzea, justizia soziala bermatzea egungo eta etorkizuneko biztanleentzat.
Mahai inguru zentraletako lerroburuak ere elkarbanatu nahi ditugu hemen hausnarketarako:
Rachel Keke (Boli Kostakoa, sindikalista eta Frantziako Asanblea Nazionaleko diputatua):
Zorraren auzia egiturazkoa da eta kapitalaren krisi bakoitzean erreformak egiteko oso funtzionala.
Thomas Sankararen hitzei berriro helduz, zorra inperialismoaren beso armatua da. Zorra ordaintzen ez badugu, haiek ez dira hilko. Baina zorra ordaintzen badugu, gu hilko gara. Gure bizitzek zorrak baino gehiago balio dute.
Fadhel Kaboub (Ekialdi Ertainako irakaslea):
Ezin dugu sistema bat deskarbonizatu eta/edo demokratizatu oraindik deskolonizatu ez badute.
Bizi dugun krisi konplexu eta anizkoitz honen aurrean ez dago diskurtso sozial bateraturik.
Munduko finantza-sistemaren erabateko aldaketa behar dugu.
Lidy Nacpil (Filipinakoa eta Asian People’s Movement on Debt and Developmenteko kidea):
Paradigma aldaketa baterako elkarlana eta aliantzak sustatu behar dira. Gehiago eta indartsuago egin behar dugu lan sistema hau eraitsi eta beste bat eraikitzeko, berandu izan baino lehen. Izan ere, klima aldaketak eragindako tenperaturen gorakadaren ondorioz ezingo baikara planeta honetan bizi.
Hamza Hamouchene (Aljeriakoa etaTransnational Instituteko kidea):
Amerikarren eta mendebaldarren bizimodua ez da zalantzan jartzen ari eta erdigunean egon beharko luke.
Fatima Ouassak (Rifeko idazlea eta Front de Mèreseko kidea):
Europatik egin beharreko erreparazioa ekologista eta antikoloniala izan behar du. Egun Europako mugimendu ekologista ez dago egoerak eskatzen duen mailan. Konponbideak proposatzerako orduan, ez dira hegoaldera iristen, soilik iparralderako planteatzen dituzte alternatibak.
Erreparazioari eta konpentsazioari dagokienez, “migratzaile ekologikoak” integratu behar ditugu aldarrikapen edota eskakizunetan: klima-aldaketaren ondorioengatik mugitzeko eta zirkulatzeko askatasuna funtsezko eskubide gisa.
Aberastasuna banatzeko ATTAC Europak 3 zerga aplikatzeko proposamena planteatu zuen:
Finantza-transakzioen zerga;
Aberastasunaren gaineko zerga orokorra;
Nazioarteko korporazioen gaineko zerga erreala.
Marrakexeko Kontragailurrean parte hartzeak kulturarteko ikaskuntza baliotsuak ahalbidetu zizkigun, zorpetzea — finantzarioa ez ezik, klimatikoa ere badena — kapitalismoaren egiturazko problematika da. Mekanismo horrek ingurumenaren arpilatzea, gerra-eskaladak, emakumeen aurkako indarkeriak, langileen pobretzea, funtsezko zerbitzuen pribatizazioa, gizarte-eskubideen murrizketak eta herrien subiranotasunaren jazarpena eragiten ditu.
Asko dira ditugun erronkak Euskal Herrian nahi dugun trantsizio ekosoziala eraikitzeko. Horretarako, klase, subiranotasun eta kontra-botere sindikalismoaren rola zentrala da, indarrak bildu eta borroketako banderak batzeko, langileen protagonismoa munduko bazter guztietan sendotzen. Bide horretan, LABetik baieztatzen dugu herri gisa dugun erantzukizuna egungo eredua ez errepikatzeko; eta bide eman nahi diegu kontragailurrean jasotako aldarrikapen eta eskakizunei.
Adierazpena irakurtzeko esteka: Declaración de Marrakech: 79 años de explotación y destrucción neocolonial por parte del BM y del FMI, ¡basta ya!
LAB sindikatuko 40 pertsona inguruk, gehienak zahar egoitzetako langileak, Iruñeko Conde Oliveto kalea moztu dute gaur goizean, Nafarroako lehen hitzarmen sektoriala izanen denaren negoziazioek pairatzen duten blokeoa dela-eta protesta egiteko. Ekintza honen bidez, langileek Nafarroako Gobernuari eta patronalari jakinarazi nahi izan diete garaia dela hitzarmenaren negoziazioa mugitu eta desblokeatzeko.
Langileek eskatu dute orain dela hilabete batzuetatik geldirik dagoen negoziazioa berrabiarazteko. Blokeo horrek erakusten du patronalak ez duela batere interesik sektorearen lan baldintzak duintzeko. Negoziazioaren paralisia ez da inola ere onargarria eta, horregatik, LAB mobilizatu egin da sektoreko langileekin batera, behingoz desblokea dezaten.
Honek guztiak LAB sindikatuak negoziazioaren hasieratik aurrera eraman duen ildoari jarraitzen dio. Dagoeneko hiru urte joan dira ordutik eta, ekainean, LABek kolpea jo zuen mahai gainean eta negoziazioak berriz abiatzea lortu zuen; hala ere, egia da gero berriz gelditu zirela.
Iragan urriaren 20an, LABek 65 pertsona bildu zituen Nafarroako Jauregiaren aitzinean eginiko kontzentrazio batean, gaur kale mozketarekin eskatu duen gauza bera eskatzeko. LABek behar adina aldiz mobilizatzen jarraituko du Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmena egia bihurtu arte.
LABek lan-baldintza duinak aldarrikatzen ditu: hala nola, bajak absentismoarekin lotu gabe, gehiegizko klausularik gabe, inolako kontzepturen izozterik gabe, soldata eta lanaldi duinekin, lana, bizitza eta zaintzak kontziliatzen lagunduko dutenak, etab.
LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburu Radio Euskadiko Boulevard saioan izan da gaur goizean, Xabier GarcĂa Ramsdenek elkarrizketatuta.
Elkarrizketaren hasieran atzo, hilak 25, EAEko zerbitzu publikoetan izandako greba izan du hizpide. Deialdiak izandako erantzun zabala ikusita, balorazio oso positiboa egin du Aranburuk, eta adierazi du EuskoJaurlaritzak aintzat hartu beharko lukeela helarazi dioten mezua: “Bada ordua orain arte aldebakartasunaren eta negoziaziorik ezaren gobernua izan den horrek harropuzkeria alde batera uzteko eta sindikatuokin benetako negoziazioari ekiteko”.
Hala, Euskal Herriko langileok geure lan eta bizi baldintzak hemen negoziatu eta erabakitzeko premia azpimarratu du, eta instituzioak interpelatu ditu horretarako urrats eraginkorrak egin ditzaten.
Joan den urriaren 24an, CAFek Beasainen eta Irunen dituen lantegietako batzarrek erabateko babesa eman zioten (botoen % 90 baino gehiagoren babesarekin) Enpresa Batzordeak egindako lan-hitzarmenaren negoziazioa bultzatzeko lanuzteen proposamenari.
CAFek Castejonen (TRENASA) duen lantegiko langileek ere mobilizazio-proposamena berretsi zuten batzarrean. Horrela, CAFek Euskal Herrian dituen tren-fabrikazioko plantek bat egingo dute lehenengo aldiz hitzarmen kolektiboa berritzeko lanuzteen deialdiarekin, hitzarmen hori CAFek Nafarroan duen lantegian ere aplikatu ahal izateko (une honetan, hitzarmen honen aplikazio-eremua Beasaingo, Irungo eta Madrilgo lantegietarako da).
Horrela, datozen asteetan Euskal Herriko CAFeko 3.500 langile inguruk honako lanuzte hauek egingo dituzte:
• Urriak 26, osteguna: 2 orduko lanuztea • Azaroak 7, asteartea: 3 orduko lanuztea • Azaroak 9, osteguna: 3 orduko lanuztea • Azaroak 14, asteartea: 4 orduko lanuztea • Azaroak 16, osteguna: 4 orduko lanuztea • Azaroak 21, asteartea: 5 orduko lanuztea • Azaroak 23, osteguna: 5 orduko lanuztea
Zuzendaritzak egindako hirugarren proposamena ez da nahikoa, eta horregatik aktibatu da LABen ekimenez aurrera atera den mobilizazioen egutegi hau.
Enpleguaren defentsa, lanpostu finkoen sorrera, langile beteranoenen erretiro-baldintzak, konpainiaren errealitatearekin eta bizitzaren garestitasunarekin bat datozen soldata-igoerak, azpikontratak plantillan integratzea, hitzarmena tituludun langileentzat ere aplikatzea, langileen egunerokoan hobekuntza zehatzak egitea, lan-osasunari buruzko hainbat gai, telelanaren baldintzak eta Castejongo lantegia CAF SAren hitzarmenean sartzea dira, besteak beste, hitzarmen honen negoziazioan zuzendaritzarekin konfrontratu beharreko gaiak.
Euskal Herriko lantegietan gehiengoa duen ordezkaritza sindikala LABena da, eta hori da giltzarrietako bat CAFek lan eskubideetan eta borroka sindikalean erreferente izaten jarraitzeko. Patronalarekin aurrez aurre jartzea beharrezkoa da lan-baldintzak hobetzeko.
Atzo, urriak 24, Osasun Mahai Sektorialaren lehen bilera egin zen Osasunbideko zuzendaritza talde berriarekin eta bertan Gobernuak adierazi zuen, bertzeak bertze, oraindik ez duten osasun langileentzako karrera profesionaleko legea datorren urtean garatuko dela, urtarrilaren 1eko atzeraeraginarekin. LAB, akordio hau lortu zuen grebaren buru izan zen sindikatua, pozten da Gobernua ari delako sinaturikoa betetzen, baina jakinarazten du bere lana kontrolatzen jarraituko duela eta mobilizatzen segituko duela dena bete dezaten.
LABek elkarretaratzea eginen du azaroaren 10ean, Iruñean, Vianako Printzea Espezialitate Zentroaren ondoan, grebari esker lorturiko akordioa osorik bete dezaten eskatzeko eta zerbitzu publikoen alde. Izan ere, atzoko bileraren ondoren, LABek uste du aurrerapauso nabarmenak egin direla Osasunbideko karrera profesionala ezartzeko, Lehen Arretako zein Arreta Espezializatuko lan gainkargak aztertzeko lantaldeak sortzeko, eta esklusibotasuna betetzen dela kontrolatzeko taldea sortzeko; baina zehaztasun gehiago eskatzen du, bai denborari dagokionez, bai aurrekontuari dagokionez.
LAB Osasunbideko lan estamentu guztietan dago eta, sindikatu korporatibistak ez bezala, bertan lan egiten duten profesional guzti-guztien eskubideak defendatzen ditu eta guztion lan baldintzak hobetzearen alde egiten du, bazterketarik gabe. Ildo horretan, LABek begi onez ikusten du karrera profesionala Osasunbideko osasun langile guztiei aplikatzea, baina borrokatuko da langile ez sanitarioei ere aplikatzeko. LABek eskua luzatzen die gainontzeko sindikatuei sortuko diren lan mahaietan parte har dezaten; eskua luzatzen die, baita ere, Osasunbideko 6.000 pertsona baino gehiagori eragiten dien araudi honen sortzea sinatzeari uko egin zioten sindikatuei.
Jakina, LAB Lehen Arretako eta Arreta Espezializatuko lan gainkargako taldeetako kide izanen da. Sindikatu honek uste du Osasunbideko langileak une kritikoan daudela, eta orain arte sindikatu korporatibistek, elkargo ofizialek eta burutzek erabiltzen zituzten talde horietan egon behar dela. LABek ez du onartuko gutxi batzuen interesek gehiengoaren eskubide eta lan baldintzetan eragina izatea eta, horregatik, plantillako langile guztientzako neurriak aurkeztu eta eskatuko ditu.
Azkenik, esklusibotasunari dagokionez, LABek txalotu egiten du hori betetzen dela kontrolatzeko lantaldea sortzea, eta espero du talde horretatik esklusibotasuna blindatzea eta berrikustea profesional batzuek osasun publikoaren kontura egiten dituzten negozioen bateraezintasun kasuak.