2024-04-30
HomeEkintza SindikalaBasurtuko Ospitalean langileentzako uniformeak eta erabiltzaileentzako izarak eta mantak falta dira

Basurtuko Ospitalean langileentzako uniformeak eta erabiltzaileentzako izarak eta mantak falta dira

Bilboko Basurtuko Ospitalean aspalditik bizi den egoera salatu nahi dugu, lentzeriako material gutxi dagoelako. Hain zuzen ere, langileen uniforme eta neurri urritasun kezkagarria dago kategoria guztietan, eta, bestalde, izara eta manta falta dira ospitaleratutako pertsonen oheetarako.

Adierazi nahi dugu ikuztegi-zerbitzua (banaketa, bilketa eta garbiketa) pribatizatuta dagoela Bilbo-Basurtu ESIan, eta  Ilunion enpresari esleitu zaiola.

Uniformerik ez izateak arazoak eragiten dizkie ospitaleko langileei; izan ere, beren kategoriako koloreko jantzirik ezean, beste kategoria batzuetako koloreak eta neurri desegokiak konbinatu behar izaten dituzte. Ondorioz, ezin da identifikatu pertsona bakoitza zein kategoriatakoa den, eta langileek deseroso lan egin behar dute, egokiak ez diren neurriak jantzi behar dituztelako.

Bestalde, izararik, oheko arroparik eta mantarik ez izateak gainkarga dakarkio pazienteen oheak egiten dituzten erizain-laguntzaileen lan-zamari, beste zerbitzu batzuetara joan behar baitute jantzi horien bila. Era berean, egoera horrek zuzenean eragiten du ospitaleratutako pertsonen ongizatean.

LAB sindikatuak askotan salatu du egoera hori ESIko hainbat arduradunen aurrean, baina jakinarazi digute zerbitzua enpresa pribatu bati esleitu zaiola, eta Ilunion enpresa esleipendunari eskatu zaiola arazo horiek lehenbailehen konpontzeko. Uniformeen gaiarekin, konponbide gisa, uniformeak banatzeko sistema berri batean itxaropena jarri da, txipen bidezko sistema automatikoa duen karrusel batean, proba fasean dagoena eta egun hauetan martxan jartzen ari  dena, pixkanaka.

LABek uste du ez dela nahikoa egiten ari dena. Karrusel sistemak ekarriko dituen ustezko hobekuntzen zain, ez dugu uste sistema hori panazea eta arazo guztietarako erantzuna denik. Gainera, oheko arropa eta mantak sistematik kanpo geratzen dira. Ez da nahikoa Ilunion enpresaren kudeaketa kaskarrak eragiten dituen arazoak konpondu nahian inpintzen ari diren partxeak.

Ondorioa argia da. Arazo nagusia gure ESIaren funtzionamendu egokirako funtsezko zerbitzu baten pribatizazioa da. Berriz ere ikusten dugu zerbitzu publikoen pribatizazioak, onurak ekarri beharrean, arazoak, kalitatearen galera eta, gehienetan, gastu handiagoa baino ez dakarrela. Ez dugu ulertzen nola den posible hitzartutakoa betetzen ez duen azpikontratatutako enpresa batek diru publikoa jasotzen jarraitzea. Ez du balio kexuekin. Konponbidea kontratua bertan behera uztea da hitzartutakoa ez betetzeagatik, eta publifikazio-prozesu bat abiaraztea, ikuztegi-zerbitzua berriro publikoa izan dadin Bilbo-Basurtu ESIan. Zerbitzu honen esleipena arautzen duen baldintza-agirian bertan jasotzen denez, “Bost akta negatibo betebehar bat ez betetzetzat joko da, eta BILBO-BASURTU ESIak eskatuta kontratua deuseztatzeko arrazoia izan daiteke. Gehienez ere 30 eguneko epea egongo da zerbitzua amaitzeko, eta horrek ez du inolako konpentsazio ekonomikorik ekarriko Bilbo Basurtu ESIaren kalte-ordain gisa, eta esleipendunak fidantza galduko du“. Beraz, arazo hau urrunetik datorrenez, ez dugu ulertzen zergatik ez zaion kontratua eten Ilunioni, beste ESI batzuetan arazoak izan dituen enpresa, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta eta Santa Marinan, kasu.

Ez da onargarria Ilunion bezalako enpresa batek, ONCE Gizarte Taldekoa denak, dirulaguntza publiko ugari jasotzen dituenak, salaketa sindikal asko dituenak plantillari ezarritako lan-baldintzengatik, eta gure ESIan bost urtean 12 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua poltsikoratzen duenak (3 urteko hasierako kontratua gehi balizko bi urteko luzapenak eta gehikuntzak), hain kalitate txarreko zerbitzua eskaintzea, uniformerik eta ohe-arroparik eta mantarik ez izatea eguneroko ogia bihurtuz Basurtuko Ospitalean.

Ildo horretan, gogorarazi nahi dugu Osakidetzako zuzendaritzak osasun publikoaren pribatizazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen duela, adostutakoa ere bete gabe. Urteak dira Bizkaian ikuztegi publikoko zerbitzu bat izan behar genuela, lurraldeko Oskaidetzako zentro guztien eskaerari erantzuteko. Hala hitzartu zen gaur egun indarrean dagoen eta ordutik berritu ez den 2007, 2008 eta 2009ko Lan Baldintzen Akordioan, 12. atalean, honako hau adierazten baita: “12. ATALA – Zerbitzuak kanpora ateratzea. “Osakidetzak, akordio hau sinatzean, bere gain hartzen du erakunde publikoak Bizkairako ikuztegi-zerbitzu propio bat sortzeko berariazko konpromisoa, eta konpromisoa hartzen du zerbitzu hori akordioaren indarraldian martxan jartzeko, Osakidetzako zentroek azpikontratatutako zerbitzuak arian-arian bere gain hartzeko, dagozkien kontratuak amaitu ahala” (ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren 13. atala).

Beraz, LABetik honakoa eskatzen diegu Bilbao-Basurtuko ESIko eta Osakidetzako zuzendaritzei:

– Bilbo-Basurtu ESIan,  pleguak betetzea eta Ilunionekin egindako kontratua bertan behera uztea behin eta berriro hitzartutakoa ez betetzegatik.

– Bilbo-Basurtu ESIan ikuztegi-zerbitzua publiko bihurtzeko prozesua abian jartzea.

– Mahai Sektorialean hitzartutakoa bete eta Bizkairako garbitegi publiko bat abian jartzea, Osakidetzak herrialdean dituen zentro guztien eskaerari erantzuteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Basogintza intentsiboak 22 urteko langilea hil du Artzentalesen

Joan zen astean Artzentalesen basogintza lanetan larriki zaurituriko M.A.A, 22 urteko langilea, azkenean hil egin da zauri larrien ondorioz.

Akordio historikoa #LortuDugu Ranzari Enplegu Zentro Berezirako, langile gehienek berretsita

Joan den martxoaren 22an, LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen Santurtziko lantokiko gerentziarekin, eta apirilaren 19an langileen batzarrean berretsi zen. Bada, orain hitzarmena sinatu dute.

Jarraipen zabala Bizkaiko Grafikagintza sektorearen grebaren bigarren egunean

Lehen orduko piketea osatu duten 200 pertsona baino gehiagok egiaztatu ahal izan dute Cartonajes Erabil bezalako enpresa garrantzitsuetan ekoizpena geldirik dagoela.