2025-12-26
Blog Page 190

Udal eta foru administrazioko langileek euskararen aurkako erasoak salatzeko mobilizazioak egingo dituzte

Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon deitutako manifestazioan parte hartzeko deia zabalduko dute, oldarraldi judiziala gaitzetsi eta hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko helburuz.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretuaren aurkako ebazpena eman du berriki. Ebazpen honek 2016ko Udal Legea garatzen zuen dekretuaren zenbait artikulu baliogabetu ditu.

LABen ustez, eraso oso larria da eta toki administrazioko langileei are beharrezkoagoa zaie azaroaren 4ko manifestazioa indartzea.

Udal eta foru administrazioko langileek epaileen eraso ugari pairatu dituzte. Langileei ez zaie bermatzen euskaraz lan egiteko eskubidea. Herritarrei, oro har, urratu egiten zaie zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko eskubidea.

Euskararen erabileraren kontrako oldarraldi judiziala bete-betean nozitzen ari dira udal eta aldundietako langileak. Hala, nabarmentzekoak dira hizkuntza eskakizunak ezartzearen aurka egiten duten ebazpen judizialak.

Hori guztia dela-eta, azken urteotan oldarraldi orokor hau pairatu duten zenbait udal zein foru erakundetan, LABek mobilizazioak sustatu ditu azaroaren 4ko manifestazioari atxikimendua adierazteko: Uliazpi eta Gipuzkoako Foru Aldundia (urriak 31, ELArekin batera) Laudioko Udala (azaroak 2), Barakaldoko Udala (azaroak 2, ELArekin batera) eta Iruñean (azaroak 3), Hezkuntza Sailaren aurrean.

Azaroaren 4an, larunbata, 17:00etan Bilboko Euskalduna Jauregitik abiatuko da Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioa, eta honakoa izango da lelo nagusia: “Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat”. Udal eta foru administrazioko langileak bertan izango dira.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Greba Feminista Orokorrari babesa adierazi dio ikasturteko asanblada orokorrean

Gasteizen gara hamaika eragile sindikal eta sozial ikasturteko erronkak identifikatu eta elkarlanean horiei erantzuteko proposamenak adosteko.

Irailaren 30ean, Karta Sozialak deituta, 40 eragiletik gora bildu ginen Ozaetan, bizi dugun krisi ekosozialari elkarrekin aurre nola egin gogoetatzeko. Behin jardunaldiak pasata, ikasturteko asanblada orokorra egin dugu Karta osatzen dugunok, ikasturteko mugarri nagusiak zehaztu eta plangintza adosteko.

Greba Orokor Feminista izan dugu hizpide, eta zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokari atxiki gatzaizkio, baita greba batzordeetan parte hartzeko konpromisoa hartu ere. Era berean, azaroan zehar osasungintza publikoaren alde nahiz pentsioak 1.080 eurotan osagarritzearen alde egingo diren ekimen herritarretan ekarpena egiteko asmoa adierazi dugu.

Bestalde‚ ´Su Txikien Itsasoa‘ jardunaldiari segida emateko asmoz, hitzordu berri bat jartzea erabaki dugu gaurko egunean, bertan parte hartu zuten eragile zein dinamikara gehitu nahi dutenei irekita Antolatzaileen hitzetan, “krisi ekosozial larria bizi dugu eta, bakoitza bere borrokan ezinbestekoa bada ere, elkarrekin eta elkarlanean eraldaketa sozialari hauspoa emateko ekimen berriak behar ditugu“. Horregatik, udaberri-udarako mobilizazio indartsu bat prestatzeko proposamenari bide ematea erabakiz amaitu dugu gaurko asanblada orokorra.

Enplegu Zentro Berezietako langileek ere Greba Feminista Orokorrari atxikimendua eman diote

Gaur, LAB Sindikatuak Enplegu Zentro Berezietako ordezkarien batzar nazionala antolatu dugu Altsasun. Bertan sektoreko langileen beharrei erantzungo dion Ekintza Sindikalaren ezaugarritzeari ekin diogu. Horrez gain, azaroaren 30eko greba deialdiarekin bat egiten dugula adierazi dugu.

Horretarako, Abenduaren 3a Aniztasun Funtzionala duten pertsonen eguna izanik, abenduan 4an goizeko 10:30etan Gasteizko Parlamentuaren aurrean burutuko den mobilizazioan parte hartzeko gonbidapena ere luzatu nahi dugu; Alderdi Politiko guztiei dagokien erantzukizuna bere gain hartu eta hain diskriminatzailea den legedia sektore honetako pertsonen beharrizanetara egokitu dezaten exigitzeko.

Azkenik, sektoreko langileok azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrera batzeko deia ere luzatu nahi izan dugu, guztiok dugulako noizbait zainduak izateko beharra eta ondorioz, kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eta zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzeko eskubidea.

Borroka hau langile guztien borroka delako, Enplegu Zentro Bereziak Grebara! Langileak gara, ez esklabuak!

Bizkaiko grafikagintzako enpresek sektoreko beharginen lan eta bizi baldintzak okertzen tematuta jarraitzen dute

Bizkaiko grafikagintzako negoziazio-mahaiaren seigarren bilera egin dute gaur. Patronala sektoreari buruzko diskurtso oso katastrofistarekin etorri da, eta horrek ez dio mesederik egiten Negoziazio Mahaiari. Enpresen asmo bakarra da sektorearen bideragarritasunaren aitzakiapean langileen lan- eta bizi-baldintzak okertzea.

Sindikatuek ahaleginak egin dituzten arren, CEBEKek ez du inolako aurrerapenik egin nahi Hitzarmen Kolektiboaren ezein arlotan. Gaur inoiz baino argiago geratu da mahaia blokeatzeko arriskua larria dela. Patronalak nahitaezko malgutasuna ezartzen jarraitzen du, taulak KPIaren arabera eguneratzeari uko egiten dio (2011tik izoztuta daudela gogorarazi behar da), hitzarmenaren urteetarako planteatzen dituen igoerek ez dute erosteko ahalmena bermatzen, eta hitzarmenaren beste puntu batzueetan atzerapen handiak eragin nahian jarraitzen du.

LABen argi daukagu aktibazioa eta borroka dela bidea, patronalak ez baitu beste aukerarik uzten; ildo horretan, sektoreko langile guztiengana joko dugu blokeo-egoeraren eta patronalaren asmoen berri emateko. Bada, asmo horiei ahalik eta batasunik handienarekin aurre egin behar die sektoreak.

Hurrengo bilera abenduaren 14an izango da. Patronalak nahikoa denbora du bere jarrera aldatzeko, bilera hori probetxuzkoa izan dadin.

Polonian kartzelaratuta 20 hilabete daramatzan Pablo Gonzalez kazetariaren egoera salatzeko elkarretaratzea deitu dute EITBko langileen batzordeek

Larunbatean izango da, urriak 27, EITBren Bilboko egoitzaren aurrean, 10:10ean. Justizia, giza eskubideekiko errespetua eta prentsa askatasuna izango dituzte aldarri.

EITB Mediako langileek Pablo Gonzalez kazetariak bizi duen egoerari ikusgarritasuna eman nahi diote, euskal gizarteak ez dezan ahaztu sufritzen ari den bidegabekeria larria. Hala, familia eta lagunei babesa adieraztearekin batera, publikoki salatuko dute Gonzalezen eskubideen nahiz prentsa askatasunaren urraketa.

Gonzalez kazetaria lanean zebilela atxilotu zuten, eta 20 hilabete daramatza Poloniako espetxe batean giltzapetuta eta presondegi-erregimen bortitzean isolatuta. Oraindik salaketaren zehaztasunak ez dira jakitera eman, eta epaiketaren dataren berririk ere ez dago. Bada, horrek zalantzan jartzen du erabat Europako herrietako giza eskubideak eta prentsa askatasuna, EITB Mediako langileen batzordeek salatu duten moduan.

Deitzaileek herritarrei gogorarazi diete Pablo Gonzalez aska dezatela eskatzeko sinadura bilketa martxan dagoela, eta eta kazetarien lagunek kudeatutako webgunean nahiz X sare sozialeko Free Pablo Gonzalez kontuan jaso daitezkeela gaiari buruzko azken informazioak.

Erabateko jarraipena beste behin ere Mecanerren asteon deitutako greba egunetan

Urriaren 25eko eta 26ko lanuzteek plantilla osoaren babesa izan dute, eta beharginen ordezkariak Eusko Legebiltzarrean izan dira, alderdiekin bilera erronda egin eta konpromiso zehatzak hartzeko eskatu dietelarik.

Ikasturtea abiatzeaz bat jakinarazi zuen Stellantis multinazionalak Urdulizko Mecaner lantegi historikoa ixteko asmoa. Bada, orduz geroztik 6 greba egun egin dituzte langileek, guztiak ere erabateko jarraipenarekin. Asteon asteazken eta ostegunean atera dira kalera beharginak, eta ostegunekoan, hain zuzen, Gasteizko Legebiltzarrera hurbildu dira, bertan elkarretaratzea egiteaz gain, parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiekin (VOXekin izan ezik) biltzeko.

Enpresaren erabakia plan estrategiko baten barruan dagoela nabarmendu beharra dago, deslokalizazio-prozesu bat egin eta Urdulizko lantegia ixtearen helburua argia baita: irabazi-marjinak handitu eta kostuak murriztea.

Aldiz, Mecaner enpresa bideragarria eta lehiakorra da. Azken urtean, 606.000 euro irabazi ditu Mecanerrek, eta 16.000 milioi baino gehiago Stellantis taldeak.

Beraz, itxiera ez legoke justifikatuta, eta ekarriko lituzkeen ondorio negatiboak sekulakoak dira, bai lanekoak, baita sozialak ere; izan ere, zuzeneko eta zeharkako enplegua suntsitzea lekarke.

Stellantis taldeak EEE bat egin nahi, eta Urdulizko instalaziotik alde egin nahi du. Hori dela eta, gobernuek ziurtatu behar dute jaso dituen diru laguntza publikoak itzuliko dituela.

Bada, enpresaren utzikeria eta zitalkeria ikusita, Mecanerreko langileok kanpoko adituen laguntzarekin txosten bat egingo dugu, bideragarritasun-plan bat, lantegiaren ixteko aukeraren aurrean alternatiba bat ekarriko duena, betiere ikuspegi ekosozialetik.

Horregatik, txosten horretan jasotako alternatibaren aurrean lankidetza eta babesa ere eskatu dugu. Kalean jarraituko dugu saretzen, elkartasuna hauspotzen, alternatibak eraikitzen eta batez ere oraina ta geroa borrokatzen.

CAFek ez du tituludun langileen antzinatasunik ordaintzen

Gipuzkoako metaleko hitzarmenaren 23. artikuluak eta CAFeko hitzarmenaren 10.3 artikuluak jasotzen dute CAFeko langileei aplikatu beharko litzaieken bosturteko metatuen antzinatasunaren ordainketa.

Hala ere, eta erabat arbitrarioki, CAFek ez die antzinatasun-kontzepturik ordaintzen Beasain eta Irunen lan egin eta unibertsitate titulazioa duten 1.000 pertsona baino gehiagori.

Hainbat urtetan zenbait bidetatik eskatu izan dugu ordainketa hori, eta etengabeko aldarrikapena izan da hitzarmen kolektiboen negoziaketetan ere. Baina Zuzendaritzak inoiz ez dio jaramonik egin aldarrikapen horri, eta, horrekin, are gehiago bultzatu du kolektiboen arteko zatiketa.

Aipatzekoa da, halaber, enpresak ez duela langile horiek egindako aparteko orduak inola ere konpentsatzen. LABek dagoeneko salatu du gai hori, eta Lan Ikuskaritzaren erabakiaren zain dago oraindik.

Azkenik, eta LABek proposatuta, CAF Beasaingo Enpresa Batzordeak demanda kolektibo bat jarri zuen enpresaren aurka. Hain zuzen ere, CAFeko langile guztientzat, salbuespenik gabe, kasu bakoitzean metatutako antzinatasuna ordaintzeko eskatzen dute horren bidez.

Epaiketa hori datorren asteartean izango da, urriaren 31n, Donostiako epaitegian, eta epaileeek alde sozialari arrazoia ematea baino ezin daiteke espero. Era horretan, CAFeko langile guztiek dagokien antzinatasunaren kontzeptua jaso ahal izatea espero dute, inolako bereizketarik gabe.

Beste zenbait kasuetan bezala, berriro ere zuzendaritzaren jarrera lotsagabeak CAFen bertan konpondu zitekeen desoreka bat azalarazi eta epaitegian amaitzera behartu du.

Langabeziak gora egin du, bereziki emakumeen artean

Aurreko hiruhilekoan baino 13.600 emakume gehiago daude lan bila, bizi baldintza prekarioek lanaldi bikoitzera behartuta.

Hego Euskal Herrian langabeziak gora egin du aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, eta Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 2023.urteko 3. hiruhilekoan langabezia tasa %8,6 da.

Emakumeen langabeziak egin du gora gehien

Nabarmendu behar dugu emakumeen langabezia tasak egin duela gora gehien, %9,6ean kokatuz (pasa den hiruhilekoan baino 1,9 puntu altuago, hain zuzen ere). Emakumeen langabezia tasarik altuena 16-24 urte artean kokatu bada ere, pasa den urtetik hona 55 urtetik gorako emakumeen langabezia tasa da gehien igo dena, 3,6 puntu gora eginez (pasa den urtean baino 55 urtetik gorako 5.900 emakume gehiago daude langabezian).

Emakumeen %23ak du behin-behineko kontratua eta %23a jardunaldi partzialean dihardu

Kontratu mugagabeak %79,9a dira Hego Euskal Herrian, pasa den hiruhilabeteko zein urtetik ia aldaketarik gabe mantentzen dena. Emakumeen %77ak kontratu mugagabea duen bitartean, gizonen artean kontratu mota hau %82,8koa da. Jardunaldi partziala duten emakumeak %23a diren bitartean, gizonezkoak %5,7a dira. Hedatzen jarraitzen duen errealitatea, pasa den urtetik hona, emakumeen kontratu partzialak %1a igo baitira.

Lan merkatu gero eta prekarioagoan lan bila dabiltzan emakumeen kopuruak gora egin du

Langabeziaren gorakada honen atzean, lan bila dabiltzan emakumeen kopuruak (biztanleria aktibo gisa kontabilizatua Biztanleria Aktiboaren Inkestan) gora egin izana dago. Oro har, lan bila dabiltzan langileen kopuruak gora egin badu ere, modu nabarmenean egin dute gora lan bila dabiltzan emakumeen kopuruak (pasa den hiruhilekotik 13.600 gehiago eta pasa den urtetik 21.000 emakume gehiago) eta proportzionalki ere altuagoa da igoera (pasa den urtetik %3,27 gora egin dute lan bila dabiltzan emakumeak, gizonezkoen artean %0,51 igo da multzo hau).

Gero eta emakume gehiago lan bila aritzeak ez dio lan merkatuaren egonkortze edota lan baldintzen hobekuntzari erantzuten, baizik eta egoera sozioekonomiko prekario zein ezegonkorrak behartutako bizi egoera bati. Izan ere, KPI-aren igoerak oinarrizko elikagaien garestitzea ekarri du, soldata igoerak modu proportzionalean igo gabe, erosahalmenean galera suposatuz. Zentzu horretan, bizi unitateetako diru-sarrerak ez dira nahikoa eguneroko bizitzako gastuei aurre egiteko, eta pandemia garaian lan merkatuan lana bilatzeari utzi zioten emakumeek, bizi unitatearen sostengu ekonomikoa bermatzeko lan merkatura bueltatzen ari dira. Hau guztia emakumearentzat are eta prekarioagoa den eta sektore feminizatuetako lan baldintzak kaxkarragoak diren lan merkatuan. Zerbitzuen sektorean langabeziak gora egin izana (aurreko hiruhilabetean baino %41,88 langabetu gehiago eta pasa den urtean baino %21,39 gehiago) lotuta egon daiteke sektore honetan lana bilatzen dutenak gehienbat emakumeak izatearekin.

Testuinguru honetan, gogoratu behar dugu zaintza eta etxeko lanen ardura nagusia emakumeen gain dagoela oraindik ere (EUSTAT-en 2018ko etxeko lanen kontu satelitearen arabera, eremu pribatuan egiten diren etxeko eta zaintza lanen %67,2 emakumeek egiten dute). Beraz, prekarizaturiko lan merkatuak eta zaintza lanek zamatuta, lanaldi bikoitza handitzen ari da emakumeen artean.

Azaroaren 30ean Greba Orokor Feminista

Aberastasuna gutxi batzuen poltsikoetan metatzen jarraitzeko langileon lan eta bizi baldintzak prekarizatzen dituen eredua ez da bizigarria, desiragarria ezta bideragarria den aukera bakarra. Erabaki politikoa da.

LAB sindikatuak zaintza eskubide objektiboa eta unibertsala aldarrikatzen du. Beraz, egungo zaintza erregimena irauli eta sistema publikoa garatu behar da. Horretarako, zaintzak negozio izateari utzi eta pribatizazioarekin amaitu behar da. Zerbitzua hobetu eta zaintza erdigunean jar dadin, ezinbestekoa da zaintza sektoreko lan baldintzak duintzea eta babestea. Horregatik guztiagatik, azaroaren 30ean Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren alde greba egingo du LABek.

CAFeko langileak lanuzteak egiten hasi dira hitzarmenaren negoziazioa bultzatzeko

CAFek Beasainen eta Irunen dituen lantegietako batzarrek erabateko babesa eman diote (botoen % 90 baino gehiagorekin) Enpresa Batzordeak egindako mobilizazioen proposamenari. Hala, geldialdia egin dute gaur eguerdian, eta azaroan zehar beste sei egunetan ere hala egingo dute.

CAFek Castejonen (TRENASA) duen lantegiko langileek ere mobilizazio-proposamena berretsi zuten batzarrean. Horrela, CAFek Euskal Herrian dituen tren-fabrikazioko plantek bat egingo dute lehenengo aldiz hitzarmen kolektiboa berritzeko lanuzteen deialdiarekin, hitzarmen hori CAFek Nafarroan duen lantegian ere aplikatu ahal izateko (une honetan, hitzarmen honen aplikazio-eremua Beasaingo, Irungo eta Madrilgo lantegietarako da).

Hala, gaur bi orduz gelditu ostean, datozen asteetan Euskal Herriko CAFeko 3.500 langile inguruk honako lanuzte hauek egingo dituzte:

– Azaroak 7, asteartea: 3 orduko lanuztea.

– Azaroak 9, osteguna: 3 orduko lanuztea.

– Azaroak 14, asteartea: 4 orduko lanuztea.

– Azaroak 16, osteguna: 4 orduko lanuztea.

– Azaroak 21, asteartea: 5 orduko lanuztea.

-Azaroak 23, osteguna: 5 orduko lanuztea.

Zuzendaritzak egindako hirugarren proposamena ez da nahikoa, eta horregatik aktibatu da LABen ekimenez aurrera atera den mobilizazioen egutegi hau.

Enpleguaren defentsa, lanpostu finkoen sorrera, langile beteranoenen erretiro-baldintzak, konpainiaren errealitatearekin eta bizitzaren garestitasunarekin bat datozen soldata-igoerak, azpikontratak plantillan integratzea, hitzarmena tituludun langileentzat ere aplikatzea, langileen egunerokoan hobekuntza zehatzak egitea, lan-osasunari buruzko hainbat gai, telelanaren baldintzak eta Castejongo lantegia CAF SAren hitzarmenean sartzea dira, besteak beste, hitzarmen honen negoziazioan zuzendaritzarekin konfrontratu beharreko gaiak.

Euskal Herriko lantegietan gehiengoa duen ordezkaritza sindikala LABena da, eta hori da giltzarrietako bat CAFek lan eskubideetan eta borroka sindikalean erreferente izaten jarraitzeko. Patronalarekin aurrez aurre jartzea beharrezkoa da lan-baldintzak hobetzeko.