2025-12-26
Blog Page 183

Bizkaiko kiroldegietako beharginek mobilizazioak abiatu dituzte

Abenduaren 11n eta 12an lanuzteak egingo dituzte, lan-baldintza duinak jasoko dituen eta Kirol Lege berriak aipatutako betebeharretan oinarrituko den hitzarmena aldarrikatzeko asmoz.

Kiroldegietako langileek argi dute euren ogibidea merezi duen aitortza. Osasunaren zaintza aktiboaren eskaintza publikoaren izenean saltzen dituzte beren zerbitzuak; beraz, lan-baldintzak garatu egin behar dira, profesionalizazio maila garatu den neurri berean. Besteak beste, Kirol Lege berriak exijitzen dituen betebeharrak isla izan behar du hitzarmen berrian.

Horregatik, elkarretaratzea egin dugu gaur, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta, gure haserrea adierazteko eta hurrengo mobilizazioak iragartzeko. Izan ere, abenduaren 11rako eta 12rako lanuzteak deitu ditugu goiz zein arratsaldez (9:30etik 11:30era eta 17:30etik 19:30era).

Gipuzkoako esku hartze sozialeko langileek Aldundiaren egoitzaraino eraman dituzte euren aldarrikapenak

Donostian manifestazioa egin ondoren, eserialdia egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Adierazi dute hilabete igaro direla Gipuzkoako Esku-hartze sozialeko IV. Hitzarmen kolektiboa negoziatzeari ekin ziotenetik. Hedatzen patronalak sindikatuekin izandako bigarren bileran eragin ekonomikoa zuten gai guztiak irailean negoziatuko zituela adierazi zien arren, orain argi utzi die Aldundiaren eta Udalen onespenik gabe ezingo duela inolako akordio ekonomikorik sinatu; gainera, salatu dute Aldundiak gaur gaurkoz ez duela KPIa bermatzeko inolako konpromisorik adierazi.

Egoera honen aurrean, euren aldarrikapenen berri eman dute gaurko protestan:

Alde batetik, Aldundia eta Udal Gobernu ezberdinak izanik eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatearen, bai eta langileon baldintzen arduradun nagusiak, datozen legealdian zehar langileon ordezkari diren sindikatu eta zerbitzuen kudeaketaz arduratzen diren enpresetako zuzendaritzekin elkarlan bat abiatu dezatela sektoreak dituen erronkei eutsi eta lan baldintzak hobetzeaz gain, zerbitzuen kalitatea ere hobetzeko: eros ahalmena bermatuz, lan-kargak gutxitzeko neurriak hartuz (ratioak aldatuz eta hobetuz), lana eta bizitzaren kontziliaketa hobe baterako neurriak ezarriz eta langile helduenen jubilazioa erraztuz edota klasifikazio profesionala eguneratuz. Horretarako, LAB, ELA eta CCOO sindikatuekin hitzartutako bileran, langileen lan-baldintzak hobetzera zuzenduriko konpromezuak hartzeko exijitzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiken Departamentuari.

Bestetik, Hedatzen patronalari bere hitza bete eta benetan negoziatzeko eskatzen diote. “Ez dugu ahaztu behar Hedatzen patronala dela mahaian alderdi sindikalarekin batera esertzen dena, eta ondorioz, edukiak negoziatzeko ardura duena. Horregatik, KPIa bermatu eta sektoreko langileen lan baldintzak hobetzen dituen akordioa sinatu dezan eskatzen diogu”, gaineratu dute.

Azkenik, Gipuzkoako herritarrei adierazi nahi diete, gaur-gaurkoz aurrera pausurik egon ez denez, Ekintza Sindikala martxan jarri dutela, blokeo egoera honi irtenbide eman eta lan baldintzak hobetuko dituen Hitzarmen Kolektiboa erdiesteko. “Azken finean, jokoan dagoena ez baita gure eros ahalmena edo gure lan baldintzen hobekuntza bakarrik, kalitatezko zaintza eta gizarte zerbitzuak jasotzeko gipuzkoar guztiok dugun eskubidea baizik”, azpimarratu dute.

Lizarrako Osasun Barrutiaren desegitea berresten duten datuak erakutsi ditugu

2019az geroztik, Nafarroako Gobernuak 0 euro bideratu ditu Lizarrako Osasun Barrutian itxaron zerrendak murrizten saiatzeko. Ordutik eta 2022ra bitartean, lehen kontsultarako itxaronaldiaren batez bertzeko atzerapena 23tik 75 egunera igo zen. Horiek bi datu ofizial bertzerik ez dira, askoren artean, Estellerrian osasun arreta publikoa abandonatu eta eraisten ari direla frogatzen dutenak. LAB sindikatutik eskualdean datu horiek ezagutaratzen ari gara, salaketa kanpaina baten bidez.

Nafarroako Osasun Informazioko Sistemaren, Kontuen Ganberaren eta Osasunbidearen beraren datu ofizialak bildu ditu LABek, berriz ere egiaztatzen dutenak nola ari diren desegiten Estellerriko herritarren kalitatezko osasun laguntza publikoa. Datu horiekin guztiekin, sindikatuak diptiko bat eta kartel bat egin ditu, inguru osoan zehar zabaltzen ari dena, egoera salatzeko eta herritarrei ikusarazteko beren larruetan sufritzen ari direnak ez direla sentsazio hutsa, Administrazioaren datu ofizialek deskribaturiko errealitate gordina baizik.

2019-2022 aldian Osasun Departamentuak 0 euroko inbertsioa egin zuen Lizarrako barrutian itxaron zerrendak murrizteko; Iruñeko barrutian, berriz, hiru milioi eurokoa izan zen (346 kontratu berri sortu zituen), eta Tuteran, berriz, ia 400.000 eurokoa (eta 120 kontratu). Datu horrek argi eta garbi erakusten du Estellerriko herritarrak jasaten ari diren diskriminazioa. Eskualdeak 62.000 pertsona inguru ditu; horietako 15.000 pertsona 65 urtetik goitikoak dira eta 8.000 pertsona 14 urtetik beheitikoak, eta horiek guztiak mugitzera behartzen dituzte osasun arreta ona jasotzeko.

Aipaturiko aldi horretan, lehen kontsultarako itxaron zerrendako batez bertzeko atzerapena 23tik 75 egun naturalera igo zen. Era berean, ebakuntza kirurgikorako batez bertzeko atzerapena 57 egunetik 109ra pasatu zen. Izan ere, plantilla osoa ez dute indartu. Aitzitik, espezialista finkoen kopurua 61etik 33ra pasatu zen. Egun, langile gehiago daude behin-behineko egoeran (432) finko baino (372). Lan egoera hori dela-eta, espezialista eta Lehen Arretako mediku askok alde egiten dute lan ezegonkortasunagatik eta garatzeko aukerarik ez dutelako.

LAB sindikatuak ulertzen du hainbat faktorek eragin dutela desegite hori, eta horien artean dagoela aurreko gerentziaren kudeaketa txarra. Gerentzia hori aldatu ondoren, antolamendu arazoak konponduko direla espero izatekoa da. Baina inbertsio faltaren ondoriozko arazoak Parlamentuan eta Gobernuan konpondu behar dira, eta berehala konpondu behar dira, horretan baitatza Estellerriko herritarren osasuna.

Positibotzat jotzen dugu Arcelor Mittal Sestaon ordainsari aldakorraren %10aren erreklamazioan lortutako garaipena #LortuDugu

Garaipen hori da, hain zuzen ere, erreklamazio judiziala eta ekintza sindikala uztartzea beharrezkoa denaren adibide argia, eta LABek bakarrik eraman du uztarketa hori aldarrikapen horretara.

Aste honetan iritsi da LABek, CCOOk eta UGTk Sestaoko Arcelor Mittalen jarri genuen erreklamazio judizialaren aldeko epaia. Erreklamazio horren bidez, enpresak, justifikatutako inolako arrazoirik gabe, ordaintzeari utzi zion ordainsari aldakorraren %10a ordaintzea eskatzen genuen. Horrek esan nahi du hilean 100.000 euroko soldata-masa ordaindu gabe utzi nahi zuela enpresak, eta epaia eman ondoren, ordaindu egin beharko diela langileei.

LABen eta ELAren aldetik, lanuzte eta mobilizazioekin indartu zen erreklamazio hori. Deialdi horien balioa ukaezina da, eta aspaldian lantegian lortzen ez zen aktibazioa ikusi ahal izan zen.

Mobilizazioei balioa ematen diegu, zorionez edo zoritxarrez, oso ondo ezagutzen dugulako Arcelor Mittaleko zuzendaritza, eta, horregatik, uste osoa dugu epai horren aurkako errekurtsoa aurkeztuko duela. Jarrera horren aurrean, aipatu dugun aktibazio hori oso garrantzitsua izango da enpresaren erabakia baldintzatzeko eta sindikatuek arrazoi dutela frogatuta geratu den egoera ez luzatzeko.

Horregatik guztiagatik, ohar hau baliatu nahi dugu, langileak zoriontzeaz gain, lantegiko zuzendaritza intepelatzeko, epai hau errekurritzeko prozesurik has ez dezan; izan ere, hori kaltegarriagoa izango litzateke eurentzat langileentzat baino.

EAEko hainbat herri eta hiritako udalbatzetan Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko mozioak erregistratu ditugu

Aurreko ikasturteetarako matrikulazioarekin alderatuta, eskaeren kopurua %55 igo da, 1229 eskaera gehiago jaso zirelarik apirileko matrikulazio aldian.

0-3 urte bitarteko haurrei hezkuntza zerbitzua eskaintzen dien Haurreskolak Partzuergo Publikoan 2023-2024 ikasturtetik doakotasuna ezartzea lortu du LABek, azkeneko urteetan eragileekin eta familiekin egindako lana eta hainbat greba eta mobilizazio egin ostean. Neurri honek hasieratik eragin zuzena izan du familien eskaera kopuruan. Izan ere, 2023-2024 ikasturterako matrikulazioak izugarrizko gorakada izan zuen. Aurreko ikasturteetarako matrikulazioarekin alderatuta 1229 eskaera gehiago jaso ziren apirileko matrikulazio aldian, eskaeretan %55eko igoera dakarrelarik. Haurreskolak Partzuergoan matrikulazio epe berriak irekitzen dira hilabetero; beraz, ikasturtean zehar zentroen betetze maila igotzen doa.

Haurreskolak Partzuergo Publikoaren Zuzendaritza Batzordearen hitzetan, lehen haurtzaroko hezkuntza eta zaintza kalitate handiko zerbitzu publikoa, unibertsala, eta doakoa izan dadin nahi da”.

Gauzak horrela, zerbitzuaren unibertsaltasuna helburu eta jaiotzatik haurrek izan behar duten aukera berdintasunean hezkuntza jasotzeko eskubidea berma dadin, LAB Sindikatuak EAEko Haurreskolak Partzuergoko zentroen betetze mailaren jarraipen etengabea egin du ikasturte hasieratik. Detektatu zuen partzuergoko hainbat haurreskolatan urrirako ez zegoela plaza librerik, eta ondorioz, zentro horietan ezingo dutela familia gehiagok izena eman. Beste hainbat zentrotan, ordea, matrikulazioaren bilakaera ikusita familia ugari kanpoan gelditzeko arriskua dagoela detektatu du sindikatuak.

Egoera ikusirik eta hau iraultzeko asmoz, Haurreskolak Partzuergoa Eusko Jaurlaritza eta udalen artean sortutako erakundea izanik, EAEko hainbat hiri eta herritako udalbatzek eskaintza handitzeko erabakia hartu dezaten mozioak aurkeztu ditu LAB sindikatuak, Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzea eskatuz. Hasteko, Bilbo, Santurtzi, Bastida, Getxo, Irun, Lasarte, Donostia eta Zallako udaletan erregistratu dituzte mozioak, gai hau mahai gainean jarri eta eskaintza handitzeko erabakia har dezaten. Eta hurrengo asteetan ere norabide berdinean jarraituko du LABek.

Bat egiten dugu larunbat honetan EH Bilduk Bilbon deitutako nazio manifestazioarekin

Nazioa gara! Horixe da larunbat honetan Bilboko kaleak beteko dituen nazio manifestazioaren aldarri nagusia. LABek aipatu aldarriarekin bat egiten du, eta honakoa eransten: nazioa bagarelako, euskal langileon bizi baldintzak bertan erabaki nahi ditugu, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparrua behar dugu.

Planetaren muga biofisikoak agerian geratu diren honetan, bi egitasmo estrategikoren artean hautatu beharra dago. Lehena Kapitalak ezarri nahi duena: mugatuak diren baliabideez eskuratzeko, munduko herrien, langileen, emakumeen* edota migratzaileen aurkako desjabetze berriak inposatzea, ondasuna eta boterea are eta gehiago kontzentratuz.

Aldiz, Euskal Herrian, ezkertiar eta independentistak garenok beste norabide baten aldeko hautua egin dugu: trantsizio ekosoziala eta birbanaketa politikak uztartuko dituen egitasmo estrategikoaren norabidea. Banaketa hirukoitzean oinarrituko den egitasmoa: enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa.

Egitasmo hori garatzeko, nahitaezkoa da Euskal Herriak burujabetza politiko eta ekonomikoa erdiestea. Eta mugaren bi aldeetan irekitzen ari den eskenatoki politiko berriak bide horretan aurrera egiteko aukera ematen digu.

Ildo horretan, langile jendeari lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dizikion Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru Propioa eratzea dugu datozen urteotako erronka. Estatuetatik bide horretan jartzen diren beto eta mugak altxatzea, Estatuetan posible ez diren aldaketa horiek Euskal Herrian posible egiteko. Ezkerreko independentisten artean, eragile sozial, sindikal eta politikoen arteko agenda sozial partekatua beharrezkoa da.

Aipatutakoak kontutan hartuta, EH Bilduk larunbat honetarako deitu duen nazio manifestazioarekin bat egiten du LAB sindikatuak.

Eibarko Mercadonak eginiko kaleratzea gaitzetsi dugu elkarretaratze baten bidez

Joan den astean Eibarko Mercadonan kaleratze bat egon zen. Ez da lehena, eta, zoritxarrez, ez da azkena izango. Oraingo honetan, emakume langile bat kaleratua izan da disziplinazko kaleratze baten bidez, gezurrezko arrazoiak argudiatuz.

Praktika hau oso ohikoa bihurtzen ari da Mercadona bezalako supermerkatu kate handietan. Sektore feminizatua izanik, eta prekarizatua aldi berean, langileak kontrolpean izatea da enpresa hauen helburua. LAB sindikatuan ez gaude hau onartzeko prest.

MERCADONAko langile komitea CCOO eta UGT sindikatuek osatzen dute gehiengoz, eta honen ondorioz, beraien lan hitzarmena estatu mailakoa da. Erabakiak eta lan eskubideen arautzea Euskal Herritik kanpo hartzen dira, hemengo errealitate sindikalaren aitortza ukatuz.

Lan-baldintzei dagokienez, soldata-taula baxuak dira nagusi eta lanaldi partzialak dituzte orokorrean. Honek enpresari aukera ematen dio lanaldi malguak inposatzeko, ekoizpenaren une bakoitzeko langile-kopurua doitzeko. Lanaldi eta ordutegi horiek zailtasun handiak eragiten dizkiete langileei beren lana eta familia bizitza uztartzeko.

Gainera, erostetxe horietan sindikatuen aurkako politika egiten da, biltzeko eskubidea zailduz, zerrenda sindikaletan dauden langileak psikologikoki presionatuz, sindikalistak lanetik baztertuz edo patronalak kontrolatutako sindikatu horiak sortuz.

Onartezina iruditzen zaigu Eibarko Mercadonaren politika laborala eta langileekiko duen jarrera. Hori guztia dela eta, elkarretaratzea egin dugu gaur, hilak 16, eguerdiko Otaola kaleko dendaren aurrean, azken kaleratzea salatu dugularik.

Osakidetzak eraikin bat eraitsiko du segurtasun arrazoiengatik, LABek egindako presioen ondorioz

Zamudioko Ospitaleko Terapia Okupazionaleko eraikina da, amiantoz egina.

Zamudio Ospitaleko Terapia Okupazionaleko eraikina amiantoz egina dago. Orain arte ez da ezer ere egin minbizia eragin dezakeen elementu horrekiko esposizioa saihesteko. Orain, LABek egindako presioa tarteko, Osakidetzak eraikina eraistea erabaki du. Sindikatuaren ekintza azpimarratzekoa da, hura izan baita erabaki hori hartzera behartu duena. Osakidetza ez da pazienteen eta langileen segurtasuna zaintzen ari, LABek neurriak eskatu izanaren ondorioz bere pasibotasunak izan dezakeen oihartzun mediatikoa zaintzen baizik.

Amiantoaren eraginpean egoteak eragindako gaixotasunen diagnostiko goiztiarra da bizirauteko aukera bakarra. Identifikazio eta tratamendu goiztiarrek bizi-kalitatea eta biziraupen-indizea areagotzea dakarte.

Amiantoarekin gaixotzen diren langileen zerrenda egunez egun handitzen ari da, eta kasu honetan Osakidetzako Osasun Mentaleko langile bati egokitu zitzaion. Horren ondorioz, LABen kezka handitu zen eta presio gehiago egin zuen, egoera jorratzeko garaia behar baino gehiago atzeratzen ari baitzen.

Kontuan izan behar da amiantoarekiko esposizioaren eta gaixotasunaren artean 20 eta 60 urte bitartean igaro daitezkeela. Horregatik, amiantoaren eraginpean egon diren pertsona guztiei jakinarazi die LABek komeni dela aldian behin osasun-azterketak egitea.

Osakidetzak luze gabe amiantoa erretiratu behar du eraikin guztietatik, eta amiantoaren eraginpean dauden edo egon diren langileen (erretiratuak edo ez) erregistro bat sortu. Egiten ari diren jarraipena oso mugatua da, bereziki aintzat hartuta amiantoaren esposiziopean dauden eta egon diren langileen kopurua.

Zuzendaritzak ez du gaia serio hartzen eta duen larritasuna minimizatzen saiatzen da. Osakidetzak gaia ezgaitasunez eta utzikeriaz jorratzen du, bere ardura nagusia propaganda mediatikoa saihestea delarik, nahiz eta, kasu honetan bezala, langileen zein pazienteen segurtasuna jokoan egon.

Gogora ekarri behar da amiantoa ekoiztea, erabiltzea eta instalatzea debekatuta dagoela 2002az geroztik, eta Osakidetzan oraindik ez dagoela hura ezabatzeko plan seriorik. Bai langileek, bai pazienteek, egunez egun amiantoarekin bizitzen jarraitzen dute, jasaten ari diren arriskuaz jabetu gabe eta lan-osasuneko departamentuen jarraipenik jaso gabe hain garrantzitsua den diagnostiko goiztiarra egin ahal izateko.

Premiazkoa da Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak amiantoa kentzeko politika aktibo bat abian jartzea eta herritarren osasuna serio hartzen hastea. Langileek pazienteak zaintzen dituzte gaixotasuna dutenean eta horien prebentzioan; Osakidetzak, ordea, ez ditu langileen oinarrizko eskubideak zaintzen. LABek nabarmendu duenez, Osakidetzaren eraikinetako eta gainerako eraikinetako amiantoa ezabatzea da herritar guztien osasuna babesteko modu seguru bakarra.

LABek lan-ingurune kaltegarri oro identifikatzen jarraituko du, eta salaketaren eta borrokaren bidez horiek ezabatzen saiatuko da, lanera joatea osasunerako arriskutsua izan ez dadin.

EAJ eta PSOEren arteko akordioak ez die EAEko sektore publikoaren grebaren aldarrikapenei erantzuten

Azaroaren 10ean EAJk eta PSOEk konpromisoa hartu zuten Madrilgo Gobernuari egonkortasuna emateko. EAJ eta inguruko medioak dagoeneko saltzen hasi dira sinatutako akordioak autogobernuarentzat eta langileontzat ekarriko dituen balizko onurak. Bada, testuak dioena ikusita eta EAJren ibilbidea ezagututa, LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioan ikusten dugu lortutakoa ez dela hainbesterako eta lan handia daukagula aurrean.

1. Birjartze tasak ez dira desagertzen, eta balizko soldata igoerek ez dute erosahalmena bermatzen.

2. Akordioak ez ditu langile publiko guztiak barnebiltzen; soilik “erabateko lehentasuna” izendapena duten lanpostu eta sektoreak.

3. Negoziazio Kolektiboa ukatzen da, eta gobernuen inposizioa bermatzen. Langile publikoon soldatak eta enplegua ez dira negoziazio kolektiboan adostuko. Ituneko Hitzarmeneko Bitariko Batzordean negoziatuko dira, non langileok parte hartzerik ez dugun, soilik Madrilgo eta Gasteizko gobernuak baitaude. EAJk eta bere administrazioek ez dute inoiz negoziazio kolektiboa defendatzeko borondaterik izan eta eroso daude erantzukizuna kanpoko joko zelaian utzita.

4. Madrilek inposatzen amaituko du beti. Langileok euskal administrazioetan akordiorik lortuko bagenu ere, jarraipen batzordeetan Estatuak betoa edukiko du. Horretarako, EAEko zein Nafarroako Gobernuak sostengatzen dituzten alderdiek «legegile bakoitzak euren enplegu publikoaren arauetara eramateko» konpromisoa hartu dute.

Greba eta mobilizazioekin, trena mugitzea lortu dugu. EAJren eta Urkulluren autoritarismoa tiraderan gordetzea lortu dugu eta mugitu egin behar izan dute. EAEko Mahai Orokorra deitu behar izan zuten, eta Madrilen gaiari garrantzia eman behar izan diote. Urduri eta kezkatuta daude dagoeneko arazoa estaltzea lortzen ez dutelako.

Beraz, martxan jarri dugun trena errail egokian kokatzeko mobilizazio gehiago behar da; EAJren borondate falta baldintzatu behar dugu. Izan ere, akordio politiko horrekin argi gelditu da borondate kontua dela. Urriaren 25ean greba eta mobilizazio arrakastatsuak egin genituen EAEko sektore publikoan eta aste hauetan ere hainbat eremu publikotan grebak eta mobilizazioak egiten ari dira.

Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra lantzea da orain gure lehentasuna, eta hurrengo egunean bertan abenduaren 19ko sektore publikoko greba prestatzen hasiko da LAB.