2025-12-25
Blog Page 169

30 egunez greba mugagabean egon ostean, akordioa #LortuDugu Loiuko lorezaintza zerbitzuan

Elai Serbitzuak enpresako langileak arduratzen dira Loiuko lorezaintzako mantentze-lanak egiteaz, eta hasieratik argi izan dute borroka dela beren eskubideak defendatzeko daukaten tresna bakarra. Hilabete beranduago, arrazoia zeukatela esan dezakegu.

Soldatak KPIaren arabera eguneratu dituzte, atzerapenak kobratuko dituzte, dagozkien kategorien aitortza lortu dute eta, batez ere, enpresaren errespetua eskuratu dute. Orain enpresak badaki langileak ez direla apurrekin konformatuko.

EAJk PSErekin dituen aliantzei men eginez hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak egiteko oztopo den EAEko hezkuntza lege berria onartu du

LABek ezezko borobila ematen dio gaur onartu den Hezkuntza Legeari eta borrokan jarraituko du hezkuntza-sistemak behar dituen eraldaketak gauzatu, burujabetzan sakondu eta eskola publikoa eta euskara ardatz dituen legea eskuratu arte.

Prozesu luzea izan da hezkuntza legea osatzekoa, hezkuntza komunitateko sindikatu eta eragileok 3 urte luzeko borrokan murgildu gaituena. LAB Sindikatuak burujabetzan sakondu lezakeen lege berria erdiesteko aukera baliatu eta eragiteko determinazioa izan du hasieratik eta hori lortzeko ez dira falta izan legeari egindako ekarpen edo alegazioak, mobilizazio eta grebak edota trantsiziorako proposamenak.

Hezkuntza akordioaren aurretik prozesu osoan eragiteko Dekalogoa aurkeztu genuen; batetik, hezkuntza-sistemaren antolaketa eta eredua errotik eraldatzeko, eta bestetik, langilean aintzat hartu eta lan-baldintzak hobetzeko.

Parlamentuan hainbatetan LABen ekarpen eta alegazioak aurkeztu ditugu: hezkuntza akordioari, lege zirriborroari zein lege aurreproiektuari. Mobilizazioak eta grebak burutu ditugu, beste sindikatuekin elkarlanean zein LABek bakarrik ere. Eremu guztietako langileak egon gara borrokan Haurreskola Partzuergo publikoan, eskola publikoetan, ikastoletan, gizarte ekimeneko ikastetxeetan eta jangeletako hezitzaileak ere.

Bada, prozesuaren bukaerara helduta aukera galdu du EAJk eta atea itxi dio hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak egiteko behar genuen legeari. PSErekin dituen aliantzei men eginez alderdi politikoen artean sinatu zuten hezkuntza akordioan adostutakoari muzin egin dio eta ituntze-sistema unibertsalean sakonduko duen zein hizkuntza ereduetan oinarrituko den legea onartu du.

Segregazioari aurre egiteko zenbait neurri positibo kenduta, onartu duten Legeak egiturazko aldaketei atea itxi eta egungo hezkuntza ereduaren gabeziak iraunaraziko ditu: hezkuntza eskumen mugatuak, euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak, mugarik gabeko ituntze sistema unibertsala, laikotasunik eza eta eskola publikoaren azpigarapena nahiz segregazioa dakarren hezkuntza sistema duala.

LABek urte guzti hauetan egindako determinazio berarekin jarraituko du borrokan onartu berri den lege honek beste 30 urte luzez iraun ez dezan eta hezkuntza sistemak behar dituen eraldaketak lortzeko zein Euskal Herriak bere hezkuntza burujabea antolatzeko duen eskubidea egikaritzeko behar dituen hezkuntza legeak eskuratu ditzan.

Sare publiko bakar deszentralizatuan antolaturiko eta euskararen murgiltze ereduan zein Euskal Curriculumean oinarrituriko hezkuntza sistema propioa behar dugu eta hori gaurdanik eraikitzen hasteko trantsiziorako tresnak. Gaur Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan onartutako legea ez da horretarako tresna, baizik eta kontrako norabidean doan legea. Hortaz, langileok ditugun tresnak eskutan LAB sindikatuak eragiten jarraituko du.

Lortu dugu sindikatuek eta patronalek konpromisoa hartzea Nafarroako esku-hartze sozialeko bigarren hitzarmenaren eremu funtzionalaren inguruan

Estatuko Batzorde Paritarioko Idazkaritzak egindako mehatxuari buruz, azaroaren 8ko bileran, sindikatu guztiek (LAB, CCOO, UGT eta ELA) eta patronalek (ANEIS eta OEIS) aho batez hitz eman genuen eragile bakoitzak bere ikuspegia azalduko zuela Estatuko Batzorde horrek Nafarroako hitzarmenaren eremu funtzionalaren inguruan sortutako zalantzei buruz, bai eta dagozkien argudio juridikoei buruz ere. Hori guztia, azaroaren 23ko bilerarako.

LABen aldetik, lana eginda eraman genuen, eta gure txostenaren kopia bat eman genien gainerako alderdiei. Gainera, kopia hori aktari gehitu zitzaion eranskin gisa. CCOOk eta UGTk ez zuten ezer ekarri; CCOOk ez zuen arazorik ikusten eremu funtzionalarekin eta UGTk, berriz, hasieran adierazi zuen ez zuela %100eko segurtasunik. ELA ez da joan azken bi bileretara. Baina bere jarrera azaltzeko mezu elektronikoa bidali zuen: ez du eragozpen juridikorik ikusten.

Patronalei dagokienez, ANEISek eta OEISek ez zuten eragozpenik edo arrazoi juridikorik ikusi artikulu hori Nafarroan ez negoziatzeko. Iritzi guztiak argitu ondoren, konpromisoa hartu dugu, alde guztiok eta aho batez, inork ez duela hitzarmen berriaren aurka egingo, Estatuko Batzorde Paritarioan alegatutako arrazoiengatik.

LABek ez ditu ulertzen prozesuaren ia hasieratik sindikatu batzuek izan dituzten jarrerak: oinarririk gabeko mehatxuak egitea Madrilen, negoziazio-prozesua alferrik mantentzea, Nafarroako negoziazioan hartutako konpromisoak ez betetzea edo bileretara ez joatea.

Hala eta guztiz ere, LABek poza adierazi du orain arteko aurrerapenengatik, eta berretsi nahi du lanean jarraitzeko prest dagoela gutxietsita dauden langile hauen baldintzak duintzea lortzeko.

Irakaskuntza publikoko sindikatu gehienok Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin negoziazio bideak irekitzeko beharra planteatu dugu, irakasleak kezkatzen dituzten gaiei heltzeko asmoz, eta ez dugu baztertzen mobilizazioetara jotzea

Irakaskuntza publikoko irakasleek urte asko daramatzate erosahalmenaren galera handia jasaten, % 20tik gorakoa kasurik onenean. Oso une konplexuan gaude eta erronka asko ditugu aurre egiteko hezkuntzaren esparruan. Ez da negoziatu ikasleen hezkuntza arreta eta irakasleen lan baldintzak hobetuko dituen aldaketarik. Hobekuntzak aipatzen ditugunean, ratioen, zuzeneko irakaskuntza saioen, burokrazia zein gehiegizko lan zamaren jaitsieraz ari gara, baita soldaten eta plantilen egonkortasunaren igoeraz ere.

Horregatik, LAB, STEILAS, ANPE, AFAPNA, CCOO eta UGT sindikatuek eskaera egin diogu Hezkuntza Departamentuari lehenbailehen has dadin Mahai Sektorialean negoziazio prozesu bat, arrazoizko egutegi bat ezarriz, irakasleak kezkatzen dituzten gai horietan aurrera egin dezagun.

Gogoan izan behar dugu ikasturte honen hasieran, lehenbiziko Mahai Sektorialean, Carlos Gimeno kontseilariak negoziatzen hasteko prest zegoela adierazi ziela sindikatuei. Une honetan, Mahai Sektorialaren zenbait bilera egin ondoren, esperoan jarraitzen dugu.

Abenduaren 20ko Mahai Sektorialean, irakaskuntza publikoko irakasleen sindikatuok, negoziazio-bide berri bati ekiteko nahia adierazi genion Hezkuntza Departamentuari. Lehen bilera lehenbailehen egin beharko litzateke eta, horregatik, urtarrilaren 8 eta 12 bitarteko astean elkartzeko beharra ikusten dugu. Prest gaude helburu horiek lortzeko neurri guztiak hartzeko, eta, beharrezkoa bada, mobilizazioei ekiteko.

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko langileak ekintzara pasako dira, baldin eta zentroko zuzendaritzak klinikan lan-baldintza prekarioak mantentzeko erabakiari eusten badio

Altsasuko Josefina Arregui Klinika Psikogeriatrikoko langileek gogorarazi dute klinikan hitzarmen propioa dutela eta 2022ko abenduaren 31n amaitu zela haren indarraldia.

2023an Enpresa Batzordeak aurkeztutako bi puntu negoziatu behar ziren, soldatei eta lanaldiari dagozkienak, 2024ari hasiera emateko hitzarmen osoa eguneratuta. Hala, 2023. urterako % 3,5eko soldata-igoera eta urteko lanaldia 1.651 ordura jaistea proposatu zuen Batzordeak, ordu horiek gainditzen dituzten pertsonen lanaldia 1.710 ordukoa delako. Baina enpresako zuzendaritzak jakinarazi du ez dituela proposamen horiek onartzen.

Josefina Arregui klinikako langileak batzarrean bildu ondoren, egoeraren berri ematea erabaki dute, ados jarrita:

  • 2023an, 2022ko urte arteko KPIaren % 6,4ko igoerarekin abiatu ginen, eta erosteko ahalmen handia galdu genuen, iaz bezala, eta horrek are gehiago okertu ditu plantillaren lan-baldintza txarrak. Beraz, soldatak % 3,5 igotzeko gure eskakizuna ez da, inondik inora, gehiegizkoa.
  • Lanaldiari dagokionez, bi kolektibo daude klinikan: batzuk 1.651 ordutan eta beste batzuk 1.710 ordutan. Beraz, urtean lanaldia 1.651 ordura jaistea eskatzea oinarrizkoa eta beharrezkoa da hori gainditzen duten pertsona guztientzat. Egoeraren adibide argia da sektore publikoan mota horretako klinikek eta zentroek 1.592 ordu lan egiten dutela, guk egiten dugunaren oso azpitik.

Ondorioz, eta azaroaren 30ean egindako greba feminista orokorrarekin hasitako mugimenduarekin jarraituz, zainketen eskubideen alde, eta bereziki kontuan hartuta gure lan zentroa oso feminizatua dagoela eta zaintza-lanak etxetik kanpo zein etxean egiten dituzten langileez osatua dagoela, Josefina Arregui Klinika Psikogeriatrikoko plantillak eskatzen du kontuan har daitezela gure eskaerak 2023ko hitzarmena sinatzeko soldatari eta lanaldiari dagokienez, eta 2024rako hitzarmen berrian lan egin dadila lan-baldintza duinen alde, gure eskubideen alde eta gure osasun fisiko eta mentalaren alde.

Gure eskakizunak betetzen ez badira, 2024ko urtarriletik aurrera hainbat mobilizaziori hasiera emango diegu. Herritarrek beti babestu gaituzte eta oso eskertuak gaude.

Nafarroako optiketako langileen mobilizazioei esker hitzarmena #LortuDugu, soldatak igo, beheragoko bi kategoriak ezabatu eta urteko orduak murrizten dituena

LAB sindikatuak, ELA eta UGTrekin batera, aurreakordio bat sinatu zuen duela egun batzuk Nafarroako optiken hitzarmenerako. Azkenean, bihar, abenduak 22, izenpetuko da hitzarmen hori, eta 2021etik 2025era egonen da indarrean. Akordio horrek beheko bi kategoriak kentzea lortzen du —eta, beraz, gutxieneko soldata 1.500 €-ra igotzen du—, eta lanaldia 12 ordu murrizten du urtean. Langileen mobilizazioa funtsezkoa izan da patronalak aldarrikapen gehienak onar zitzan.

Urtebete baino gehiago negoziatzen aritu ondoren eta sektoreko zenbait mobilizazio egin ondoren, LAB sindikatuak, ELA eta UGTrekin batera, akordioa lortu du Nafarroako optika patronalarekin, eta hitzarmen bat sinatu dugu, 2021etik 2025era arteko indarraldia izanen duena. Sektoreko langileen mobilizazioari esker, patronala bere hasierako jarreretatik mugitzea lortu dugu, eta langileen aldarrikapen gehienak onartzea. Horrela, hemendik aurrera, hitzarmenak 12 ordu gutxiago izanen ditu urtean, larunbatetan lan egiteagatiko plusa handitu eginen da eta soldatak nabarmen igoko dira.

Hitzarmeneko beheko bi kategoriak kentzeari eta adostutako soldata-igoerei esker, sektoreko gutxieneko soldata 21.330 €-koa izanen da. Horrela, gutxien kobratzen ari ziren langileak eta hemendik aurrerako langile berriak izanen dira onuradunak. Gainera, hitzarmenaren indarraldian, soldatak KPIa igotzen den modu berean igoko dira.

Beraz, Nafarroako optiketako langileek beste hitzarmen bat izanen dute, lan baldintza hobeekin, soldata igoerekin eta soldata apalenak zituzten kategoriak kenduz, kontratazio berrietarako sarrerako soldata orain arte jasotakoa baino askoz handiagoekin.

Alternatiba ekosozialaren aldeko apustua ardatz hartuta mobilizatu dira Mecanerreko langileak gaurko greba egunean

Bilbon egin dute manifestazioa goizean, eta enplegu suntsiketa ekiditeaz gain lantegian jarduera sozialki eta ekologikoki jasangarria ezartzeko beharrizana azpimarratu dute. Horretarako, bada, irabaziak lehenetsi eta langileak hutsaren hurrengotzat hartzen dituzten multinazionalen aurkako neurriak ezarri eta alternatiba jorratzeko inplikazioa eskatu diete instituzio publikoei.

EITBren egoitzan hasita, Bilboko erdigunetik egin dute manifestazioa Urdulizko Mecaner lantegiko beharginek, San Tomas egunean ere kalean ikus ditzaten eta beren egoera sozializatzeko asmoz. Izan ere, Mecanerren jabe den Stellantis multinazionalak Uribe Kostako lantegia ixteko erabakia jakinarazi zuen, deslokalizazioaren hautua egin baitu, kostuak murrizteko helburu soilarekin, irabazi handiak izaten jarraitzen baitu enpresak. Bada, autogintzako lantegi hori oso garrantzitsua da eskualdean, urte luzeko ibilbidea baitu eta 150 pertsona inguru baitabiltza bertan lanean; horrez gain, baina, eskualdeko beste enpresa txiki askorentzako lana ere bermatzen du.

Hori guztia aintzat hartuta, langileek hasieratik azpimarratu dute gaur egun eskualdean dagoen ehun industrialari izugarrizko kaltea eragingo liokela Mecaner ixteak. Aldi berean, uste dute garaiotan bertako jarduna eraldatu eta alternatiba ekosozialista ezartzeko ordua dela. Horrenbestez, udalaren babesaz prozesu bat abiatu dute alternatiba horren nondik-norakoak zehazteko. Txostena osatu dute, baina nabarmendu dute behar-beharrezkoa dutela Eusko Jaurlaritzaren eta beste instituzio publikoen babesa beren asmoak aurrera eramateko. Bada, gaurko egunean manifestazioan zehar hainbat komunikabideren egoitzak zeharkatu dituztela aprobetxatuta, alternatiba ekosozialaren irizpideak biltzen dituen txostena banatu dute, argi erakusteko langileen borondatea irmoa dela eta proposatzen duten aukerak egingarriak direla.

SETEko langileek borrokan jarraitzen dute zor dietena behingoz ordain diezaien

Pasa den astean egin bezala gaur ere Hernaniko SETE enpresako langileok Abenduaren Greba eguna egin dugu Nominen ordainketa faltagatik. Horretaz gain, 2020-2022 urteetarako sinatutako enpresako hitzarmeneko igoera aplikatu nahi izan ez zutenez, salaketa jarri eta epaia irabazi ostean 2022ko eta 2023 igoerak zorpean ditugu eta hurrengo urteetarako hitzarmenaren negoziaketetan enpresak ez du aurrera pausurik ematen.

Hartzekodunen konkurtso bat pasa ostean, SETE saldu egin zen, baina jabe berriek nominak egunean jarri gabe jarraitzen dute. Hilabetero hilabetero ordainketak atzeratzen dira eta egoera hau urteetan luzatu da. Hori guztia dela eta, langileon bizi baldintzak erabat kaskartu dira eta askotan hileko nomina kobratu gabe lanera joaten gara dirua noiz jasoko dugun jakin gabe.

Egoera hau jasan ezina bihurtu da langileontzat eta gure familientzat eta honek greba deialdi hauek egitera eraman gaitu. ASKI DA esateko garaia da! Langileok ez dugu onartuko gure diruarekin jolasten jarraitzerik. Enpresak zor dizkigun nominak egunean jarri arte, astero Greba egingo dugu borroka eta elkartasuna baita langileok dugun aukera bakarra.

Argi-ilunak bertako hitzarmenen lehentasuna ezartzen duen dekretuan

Bertako hitzarmenen lehentasuna ezartzen duen duen errege dekretua publikatu berri da. LABek argi ilunak ikusten dizkio jasotako edukiari. Izan ere, Autonomia Erkidegoetako hitzarmenei lehentasuna ezartzen zaie Estatukoen aurretik, baina baldintza batekin: langileentzat Estatuko hitzarmenak baino onuragarriagoak izatea. Azken zehaztapen horrek bertako negoziazio kolektiboa Estatukoaren menpe jarraitzea ahalbidetuko du. Edonola ere, testuinguru berriak bertako negoziazio kolektiboa babestu eta dagoeneko estatalizatu diren eremuetan hitzarmen propioak berreskuratzeko aukera eskainiko. Hori ez da automatikoa izango ordea, eta LABek bertako negoziazio kolektiboa berreskuratu eta indartzeko lanean jarraituko du.

Urratsa da bertako hitzarmenei lehentasuna ezartzea. LABek behin baino gehiagotan aldarrikatu du euskal langileok gure lan baldintzak bertan erabaki ahal izateko eskubidea. Estatuko negoziazio kolektiboaren tutoretzarik gabe lan harremanak bertan erabaki eta garatzea ezinbestekoa dugu langileon lan eta bizi baldintzak hobetu nahi baditugu lan harremanetarako eta babes sozialerako marko propioa eraikitze bidean. Bide horretan gaur publikaturiko dekretua aurrerapausoa bada ere, bertako negoziazio kolektiboa Estatukoaren mende jarraitzea ahalbidetuko du, izan ere, kasu batzuetan Estatuko hitzarmena aplikatzea ahalbidetzen du arauak, langileentzat Estatukoa “onuragarriagoa” dela ulertzen denean hain zuzen ere. Euskal Herriari dagokionez bertako hitzarmenetako lan baldintzak oro har hobeak diren arren, “onuragarriagoa” zer den eta zer ez den eztabaida juridiko zabala izan daiteke, patronalak hain gustuko duen judizializazioari eta segurtasun juridiko ezari atea irekiz. Eta gainera, eta gure ustez garrantzitsuena dena, oraindik ere bertako negoziazio kolektiboak azken urteotan jasan duen Estatukoarekiko menpekotasunarekin jarraituko du neurri batean.

2012ko lan erreformak ondorio ezin kaltegarriagoak ekarri zituen Euskal Herriko langileriarentzat. Langileen aurkako hainbat neurri onartu ziren, besteak beste ordu arte ezagutzen genuen negoziazio kolektiboko egitura hankaz gora jarri eta beste neurri batzuen artean Estatuko hitzarmenei aplikatzeko lehentasuna ezarri zien gainerakoen (autonomiko, herrialdeko…) gainetik, Estatuko hitzarmenean hala jasoz gero. Eta hamaika hitzarmenek jaso zuten gure negoziazio kolektiboa kaltetzen zuen debekua, bertako negoziazio kolektiboari betoa ezarriz zuzenean.

Ondorio kaltegarri horiei aurre egiteko asmoz, estatalizazioari galga jartzeko balio izan digun akordiora iritsi ginen 2016an EAE-n (EAEko negoziazio kolektiboa babesteko Akordio Interprofesionala, ELA, LAB, CCOO, UGT eta Confebask-en artekoa). Akordio interprofesionalak bertako hitzarmenak babestu baditu, akordio hura gabe ez ziren posible izango gaur egun indarrean ditugun hitzarmen guztiak, ez ziren posible izango borrokaren ondorioz lortu ditugun garaipenak ere. Baina dagoeneko estatalizatzen hasia zen lan harremanen esparrua gurean ere, eta akordioaren ondoren ere ez dira falta izan hitzarmenen aplikatzeko lehentasunaren inguruko gatazkak. Patronala zirrikitu legal guztietaz baliatu da bere onura bilatzeko eta langileen kalterako izan diren sententziak bilatuz lan harremanen estatalizazioan urratsak eman dira. Hori guztiaren ondorioz, hitzarmen estatala duten gero eta langile gehiago ditugu, geure lan baldintzen inguruko erabakiak Euskal Herritik kanpo hartuz eta lan eta bizi baldintzen prekarizazioa azkartuz.

Testuinguru berriak bertako negoziazio kolektiboa babestu eta dagoeneko estatalizatu diren eremuetan hitzarmen propioak berreskuratzeko aukera eskaintzen du. Hori ez da automatikoa izango ordea. Erabakiorra izango da langileen antolakuntza eta determinazioa bertako hitzarmenen defentsan. LABek lan harremanetarako euskal esparruaren defentsan jarraituko du lanean, bertako negoziazio kolektiboa lehenetsiz, estatalizaturiko ahalik eta eremu gehienetan bertako mahaiak ireki eta langileei euren lan eta bizi baldintzak hobetzeko marko eta bideak eskainiz. Egin dezagun Euskal Herrian Madrilen posible ez dena.