2026-06-18
HomeEkintza SindikalaEAJk PSErekin dituen aliantzei men eginez hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak egiteko...

EAJk PSErekin dituen aliantzei men eginez hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak egiteko oztopo den EAEko hezkuntza lege berria onartu du

LABek ezezko borobila ematen dio gaur onartu den Hezkuntza Legeari eta borrokan jarraituko du hezkuntza-sistemak behar dituen eraldaketak gauzatu, burujabetzan sakondu eta eskola publikoa eta euskara ardatz dituen legea eskuratu arte.

Prozesu luzea izan da hezkuntza legea osatzekoa, hezkuntza komunitateko sindikatu eta eragileok 3 urte luzeko borrokan murgildu gaituena. LAB Sindikatuak burujabetzan sakondu lezakeen lege berria erdiesteko aukera baliatu eta eragiteko determinazioa izan du hasieratik eta hori lortzeko ez dira falta izan legeari egindako ekarpen edo alegazioak, mobilizazio eta grebak edota trantsiziorako proposamenak.

Hezkuntza akordioaren aurretik prozesu osoan eragiteko Dekalogoa aurkeztu genuen; batetik, hezkuntza-sistemaren antolaketa eta eredua errotik eraldatzeko, eta bestetik, langilean aintzat hartu eta lan-baldintzak hobetzeko.

Parlamentuan hainbatetan LABen ekarpen eta alegazioak aurkeztu ditugu: hezkuntza akordioari, lege zirriborroari zein lege aurreproiektuari. Mobilizazioak eta grebak burutu ditugu, beste sindikatuekin elkarlanean zein LABek bakarrik ere. Eremu guztietako langileak egon gara borrokan Haurreskola Partzuergo publikoan, eskola publikoetan, ikastoletan, gizarte ekimeneko ikastetxeetan eta jangeletako hezitzaileak ere.

Bada, prozesuaren bukaerara helduta aukera galdu du EAJk eta atea itxi dio hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak egiteko behar genuen legeari. PSErekin dituen aliantzei men eginez alderdi politikoen artean sinatu zuten hezkuntza akordioan adostutakoari muzin egin dio eta ituntze-sistema unibertsalean sakonduko duen zein hizkuntza ereduetan oinarrituko den legea onartu du.

Segregazioari aurre egiteko zenbait neurri positibo kenduta, onartu duten Legeak egiturazko aldaketei atea itxi eta egungo hezkuntza ereduaren gabeziak iraunaraziko ditu: hezkuntza eskumen mugatuak, euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak, mugarik gabeko ituntze sistema unibertsala, laikotasunik eza eta eskola publikoaren azpigarapena nahiz segregazioa dakarren hezkuntza sistema duala.

LABek urte guzti hauetan egindako determinazio berarekin jarraituko du borrokan onartu berri den lege honek beste 30 urte luzez iraun ez dezan eta hezkuntza sistemak behar dituen eraldaketak lortzeko zein Euskal Herriak bere hezkuntza burujabea antolatzeko duen eskubidea egikaritzeko behar dituen hezkuntza legeak eskuratu ditzan.

Sare publiko bakar deszentralizatuan antolaturiko eta euskararen murgiltze ereduan zein Euskal Curriculumean oinarrituriko hezkuntza sistema propioa behar dugu eta hori gaurdanik eraikitzen hasteko trantsiziorako tresnak. Gaur Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan onartutako legea ez da horretarako tresna, baizik eta kontrako norabidean doan legea. Hortaz, langileok ditugun tresnak eskutan LAB sindikatuak eragiten jarraituko du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.