2024-05-07
HomeEkintza SindikalaArgi-ilunak bertako hitzarmenen lehentasuna ezartzen duen dekretuan

Argi-ilunak bertako hitzarmenen lehentasuna ezartzen duen dekretuan

Bertako hitzarmenen lehentasuna ezartzen duen duen errege dekretua publikatu berri da. LABek argi ilunak ikusten dizkio jasotako edukiari. Izan ere, Autonomia Erkidegoetako hitzarmenei lehentasuna ezartzen zaie Estatukoen aurretik, baina baldintza batekin: langileentzat Estatuko hitzarmenak baino onuragarriagoak izatea. Azken zehaztapen horrek bertako negoziazio kolektiboa Estatukoaren menpe jarraitzea ahalbidetuko du. Edonola ere, testuinguru berriak bertako negoziazio kolektiboa babestu eta dagoeneko estatalizatu diren eremuetan hitzarmen propioak berreskuratzeko aukera eskainiko. Hori ez da automatikoa izango ordea, eta LABek bertako negoziazio kolektiboa berreskuratu eta indartzeko lanean jarraituko du.

Urratsa da bertako hitzarmenei lehentasuna ezartzea. LABek behin baino gehiagotan aldarrikatu du euskal langileok gure lan baldintzak bertan erabaki ahal izateko eskubidea. Estatuko negoziazio kolektiboaren tutoretzarik gabe lan harremanak bertan erabaki eta garatzea ezinbestekoa dugu langileon lan eta bizi baldintzak hobetu nahi baditugu lan harremanetarako eta babes sozialerako marko propioa eraikitze bidean. Bide horretan gaur publikaturiko dekretua aurrerapausoa bada ere, bertako negoziazio kolektiboa Estatukoaren mende jarraitzea ahalbidetuko du, izan ere, kasu batzuetan Estatuko hitzarmena aplikatzea ahalbidetzen du arauak, langileentzat Estatukoa “onuragarriagoa” dela ulertzen denean hain zuzen ere. Euskal Herriari dagokionez bertako hitzarmenetako lan baldintzak oro har hobeak diren arren, “onuragarriagoa” zer den eta zer ez den eztabaida juridiko zabala izan daiteke, patronalak hain gustuko duen judizializazioari eta segurtasun juridiko ezari atea irekiz. Eta gainera, eta gure ustez garrantzitsuena dena, oraindik ere bertako negoziazio kolektiboak azken urteotan jasan duen Estatukoarekiko menpekotasunarekin jarraituko du neurri batean.

2012ko lan erreformak ondorio ezin kaltegarriagoak ekarri zituen Euskal Herriko langileriarentzat. Langileen aurkako hainbat neurri onartu ziren, besteak beste ordu arte ezagutzen genuen negoziazio kolektiboko egitura hankaz gora jarri eta beste neurri batzuen artean Estatuko hitzarmenei aplikatzeko lehentasuna ezarri zien gainerakoen (autonomiko, herrialdeko…) gainetik, Estatuko hitzarmenean hala jasoz gero. Eta hamaika hitzarmenek jaso zuten gure negoziazio kolektiboa kaltetzen zuen debekua, bertako negoziazio kolektiboari betoa ezarriz zuzenean.

Ondorio kaltegarri horiei aurre egiteko asmoz, estatalizazioari galga jartzeko balio izan digun akordiora iritsi ginen 2016an EAE-n (EAEko negoziazio kolektiboa babesteko Akordio Interprofesionala, ELA, LAB, CCOO, UGT eta Confebask-en artekoa). Akordio interprofesionalak bertako hitzarmenak babestu baditu, akordio hura gabe ez ziren posible izango gaur egun indarrean ditugun hitzarmen guztiak, ez ziren posible izango borrokaren ondorioz lortu ditugun garaipenak ere. Baina dagoeneko estatalizatzen hasia zen lan harremanen esparrua gurean ere, eta akordioaren ondoren ere ez dira falta izan hitzarmenen aplikatzeko lehentasunaren inguruko gatazkak. Patronala zirrikitu legal guztietaz baliatu da bere onura bilatzeko eta langileen kalterako izan diren sententziak bilatuz lan harremanen estatalizazioan urratsak eman dira. Hori guztiaren ondorioz, hitzarmen estatala duten gero eta langile gehiago ditugu, geure lan baldintzen inguruko erabakiak Euskal Herritik kanpo hartuz eta lan eta bizi baldintzen prekarizazioa azkartuz.

Testuinguru berriak bertako negoziazio kolektiboa babestu eta dagoeneko estatalizatu diren eremuetan hitzarmen propioak berreskuratzeko aukera eskaintzen du. Hori ez da automatikoa izango ordea. Erabakiorra izango da langileen antolakuntza eta determinazioa bertako hitzarmenen defentsan. LABek lan harremanetarako euskal esparruaren defentsan jarraituko du lanean, bertako negoziazio kolektiboa lehenetsiz, estatalizaturiko ahalik eta eremu gehienetan bertako mahaiak ireki eta langileei euren lan eta bizi baldintzak hobetzeko marko eta bideak eskainiz. Egin dezagun Euskal Herrian Madrilen posible ez dena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bi greba egun deitu ditugu Nafarroako ANFAS-en, hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

Greba egingo dute maiatzaren 8an eta 11n, zuzendaritzari soldata igoerak eta erosahalmena berreskuratzea eskatzeko, besteak beste. Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatzen dute lan baldintzak hobetzeko, azken 4 urteetan Gobernuak ANFASi bere aurrekontuaren bi heren dirulaguntzetan eman arren, lan baldintzak ez direlako hobetu.

Munduko Federazio Sindikalaren Herrien Koordinadorak garai berri bat hasi du

Maiatzaren 2an, arratsaldez, Munduko Federazio Sindikalaren Herrien koordinadorak bilera egin zuen. Sindikatu berriei ongi etorria emateaz gain, fase berri baten hasiera ekarri du bilera horrek, MFS-an afiliatutako estaturik gabeko nazioetako sindikatuen presentzia eta indarra gero eta handiagoa delako.

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.