Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.
LAB sindikatuak aurtengo ikasturtean aurrera eramandako borroken ezaugarri nagusien eta emaitzen inguruko balantzea aurkeztu dute Ekintza Sindikaleko arduradun Oihana Lopetegik eta koordinatzaile orokor Igor Arroyok, eta eginiko lanari esker euskal langileriarentzako lortu diren aurrerapausoak nabarmendu dituzte.
Oihana Lopetegik horrela laburbildu ditu aurtengo ikasturteko borroka eta gatazken nondik norakoak: ā190 borroka piztu ditugu, eta 84 borrokatan greba erabili da. Beraz, greben presentzia borroken % 44,21ean egon da. Sektore mailako borrokak 35 izan dira, horietatik 18 sektore feminizatuetan. Enpresa mailako borrokak 155 izan dira, horietatik 20 eremu feminizatuetan. Itxitako gatazken portzentaia %46,32koa izan da.ā
Hala, enpresetako gatazka kopuruak gorantz egin duela azaldu du, sektoreetakoek beherantz egin duten bitartean. Edonola ere, konfliktibitatea mantentzen dela dio. āIzan ere, sektoreetako gatazketara deituak zeuden langile kopurua askoz ere txikiagoa izan da ikasturte honetan aurreko kurtsoekin alderatuta. 2022ko abenduan %27koa bazen estaldura tasa, iazko ikasturteko borrokaldien ondorioz langile askok lortu zuten hitzarmena berritzea, eta 2023ko abenduan %52,3koa zen tasa hori, altua urte sasoi horretarako. Datu horrek ematen digu sektoreetako gatazken beheranzko joera ulertzeko giltzaā.
Sektoreko gatazka gutxiago, beraz, eta enpresetakoek gorantz egiten jarraitu dute. āHitzarmen kolektiboen defentsan izan dira batik bat (%51,18), baita ere patronalaren aldetik egon diren erasoei aurre egiten (%33,16): itxierak, kaleratzeak, aldi baterako enplegu erregulazio espedienteak edota jazarpen mota desberdinak: jazarpen sindikala, oso nabaria Amazon bezalako enpresa batean esaterako; eraso matxistak, zein bestelakoakā, zehaztu du Lopetegik.
Eremu prekarizatuetan antolatzen jarraitzen dutela ere azpimarratu du LABeko ordezkariak, Amazonen, Telepizzaen, enplegu zentro berezietan, nekazaritza eta abeltzantzan edo sektore feminizatuetan, kasurako. āEremu horietan antolatzeak langileen aldarrikapenak modu kolektiboan lantzea dakar, langileentzat onura zuzena lortuzā, azaldu du.
Gatazka horietan guztietan askotariko gaiak landu badira ere, ikasturtea oso modu nabarmenean ardaztu duten gaiak negoziazio kolektiboko marko propioaren defentsa, zaintza eskubide kolektibo gisa eta zaintzaileen lan baldintzak, eta zerbitzu publikoen defentsa izan direla adierazi du Lopetegik: āLege bidez bertako hitzarmenen lehentasuna onartzeaz gain, bertako hitzarmenak berreskuratzearen edo sortzearen alde lan handia egin da. Gainera, eros-ahalmena mantendu eta langileen lan baldintzak hobetzeko borrokak zerbitzu publikoen defentsarekin uztartu ditugu, baita zaintza eskubidearen aldekoarekin ereā.
Azpimarratzekoak diren bestelako elementu batzuk ere azaldu ditu, arreta berezia jarriz trantsizio ekosozialean edo euskararen alde egin diren mobilizazioetan: āAurten trantsizio ekosoziala gure borroketan izan beharreko lekua hartzen hasi da, Mecanerren bezala, enpleguaren defentsa trantsiziorako plan ekosozial baten aldarrikapenarekin batu delarik. Azkenik, euskararen aurkako oldarraldiak langileen mobilizazioa eragin du. Langileak zerbitzua euskaraz jasotzeko eta euskaraz lan egiteko eskubidearen defentsan mobilizatu diraā.
Borrokaren balioa
Ondoren, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok Euskal Herrian egindako borroka sindikalaren balioa nabarmendu du: āEuskal Herria antolakuntza eta borroka sindikalerako esparru autonomoa da, estatuekiko koordenada desberdinetan aritzen dena. Euskal sindikalismoak badu langileen eskubideak defendatzeko eta lan mundutik aldaketak eragiteko bokazioa eta indarraā.
Arroyoren hitzetan, bikoitza da euskal sindikalismoaren erronka: batetik, euskal langileon lan eta bizi baldintzak Euskal Herrian erabakitzea, bertako hitzarmenen eta bertako politika publikoen bidez; eta bestetik, ekintza sindikalaren eta negoziazio kolektiboaren bidez euskal langileon lan eta bizi baldintzak hobetzea. Bi helburu hauek eskutik doaz: estatalizazioak pobretzea dakar eta euskal esparruaren eraikuntza, berriz, lan eta bizi baldintzak duintzeko bidea.
Esparru propioaren eraikuntzan ikasturte honetan emandako aurrerapenak nabarmendu ditu Arroyok: ā2010/2012ko lan erreformek negoziazio kolektiboaren estatalizazioarekin batera enpresa eremuaren aldeko apustua eta negoziazio kolektiboaren ahultzea ekarri zuten. Testuinguru horretan LABek hasieratik defendatu zituen negoziazio eremu guztiak eta bereziki erreformen jopuntuan ziren sektoreko hitzarmenak: erreformen aurkako bi Greba Orokor eta ondorengo beste bi lanuzte orokor (aurreraeragintasun mugagabearen defentsan bata eta estatalizazioaren aurka bestea); 2013an bertako negoziazio esparruak babesteko Akordio Intersektoriala lortzeko saiakera, lau urte beranduago lortutako negoziazio kolektiboko egituraren inguruko Sektorearteko Akordioaren ernamuina izan zena; eta bertako hitzarmenen lehentasuna berrezartzeko egindako presio lana, ikasturte honetan fruituak eman dituenaā.
Bide horrekin jarraituz, aurrera begira beste hiru urrats ematea jarri dugu LABen helburutzat. Lehena, bertako hitzarmenak berreskuratu (Nafarroako grafikagintza edo Gipuzkoako egurgintza) edo berriak sortzea (Nafarroako adinekoen egoitzetan, enplegu zentro berezietan, etxeko langileena, EAE-n kimiketakoa edota Nafarroan kultur-teknikariena).
Bigarrena, bertako errealitatera egokitutako gutxieneko soldata ezartzea, hilean 1.600 euro gordinekoa, soldata baxuagoko hitzarmenekiko edota hitzarmenik ez duten eremuekiko (horietako asko feminizatuak eta arrazializatuak) dagoen arrakala murriztu eta langile ororentzat orube duin bat ezartzeko.
Eta hirugarrena, funtzio publikoaren gainean Estatuak ezarritako betoa gainditzea. EAJ eta Gobernuaren artean batzorde mixto bat ezartzeko akordioa aurrerapausotzat aurkeztu bazen ere, administrazio publikoetako langileen lan baldintzak eta lanpostuak sortzeko irizpideek estatalizatuta jarraitzen dute. Ildo honetan, Espainiako kongresuan tramitatzen ari den legeak euskal langileen erosmen ahalmenaren galera dakartzan soldatak igoera ezarri asmo dugu (eta horren aurka egitea eskatu berri die intersindikalak euskal alderdiei).