2026-11-04
HomeEkintza SindikalaFCC enpresan kamioian erortzen diren edukiontziak kentzeko prozeduraren zorroztasun faltak Nafarroan lanean...

FCC enpresan kamioian erortzen diren edukiontziak kentzeko prozeduraren zorroztasun faltak Nafarroan lanean hildako zortzigarrena eragin du

Pasa den uztailaren 10ean, gaueko txandan, zabor edukiontzien hustuketan ziharduen FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) I.U. langileak, kamioiaren kabinaren gainera igo behar izan zuen hustuketa egiteko kontainerra trabatuta gelditu zelako. Bertan zegoenean, irristatu eta lurrera erori zen buruan kolpe larria jasoaz. Lan istripu horrek gaur arratsaldean hil egin du langilea. LAB sindikatuak bere elkartasuna eta doluminak helarazten dizkie bere familia, lagun eta lankideei.

Zabor bilketa normalean kamioiaren gidariak egiten du baina arazoak sortzen badira, hau da, kontainerra trabatzen denean, gidariek protokolo bat dute segurtasuna bermatzeko. Prozedurak, beste langile batzuen presentzia exijitzen du tartean errekurtso prebentiboarena, baita arduradunarena ere eta eskailera berezi batzuk erabili behar dira segurtasuna bermatzeko.

Gaueko txanda izanik, ez zegoen nahikoa langile eta prozedura ez zen abian ipini.

Langileek aspaldi ohartarazi zuten enpresa, mankomunitateko kamioi berriekin arazo asko sortzen zirela zabor bilketan. Gainera, nahiz eta “protokolo” bat eduki prozedura honetarako, langile guztiek ez zuten ezagutzen, edozein langile eramaten zuten prozedura hau aurrera eramateko, nahiz eta formakuntza ez eduki (pluma erabiltzeko eta altueran lanak egiteko formakuntza), eta normalean bakarrik goizetan betetzen zen protokoloa, jende gehien dagoen txandan.

Beraz, berriro ere FCC enpresak, zerbitzuari etekin ekonomiko gehiago ateratzeko behar direna baina langile gutxiago kontratatu ditu lan arriskutsu bat egiteko eta honek eragin du segurtasun protokoloan ezin abian jarri izatea, istripu hilgarri berri bat eraginez.

LABek salatu nahi du administrazioak esleitutako kontratuen garapenean ez direla segurtasun neurriak betetzen enpresa hauen interes ekonomikoak langileen bizitzaren aurretik daudelako. Administrazio orori eta euren kudeatzaileei eskatzen diegu, esleipenetan lan osasun klausulak barneratu ditzatela enpresa hauei prebentzio araudia betearazteko. Hamarkada luzeetan erakutsi bait digute behartzen ez bazaie ez dutela laneko osasunerako araudia beteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.