Diru publikoko 129 milioi euro bideratuko dira enpresa pribatuen jarduera finantzatzeari, eta lanpostuak suntsituko dira Osakidetzan. Osasuneko Mahai Sektorialaren deialdiarekin bat eginez, LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur, Osakidetzaren bulego nagusien aurrean, biltegien pribatizazio-proiektua salatzeko.
Sagardui Sailburuak iazko apirilean iragarri zuen plataforma logistiko bat eraikiko zela EITBren egoitza zaharrean, Iurretan. Plataforma horrek gaur egun Osakidetzako biltegietan egiten den jardueraren zati handi bat bereganatuko du; izan ere, titulartasun publikoko biltegiak dira, eta langile publikoek kudeatzen dituzte.
Osasun Sailak erabilitako eufemismoak gorabehera, zerbitzu publiko baten pribatizazio baten aurrean gaude, interes pribatuen mesedetan, eta horrek, diru publikotik milioika euro esku pribatuetara bideratzea ez ezik, Osakidetzan lanpostuak suntsitzea ere ekarriko du. Horrela, urtarrilaren 23an, Osasun Sailaren proiektua ofiziala bilakatu zen lizitazioaren argitalpenarekin. Guztira, 129 milioi euroko lizitazio baten aurrean gaude.
Ildo horretan, gogoratu behar da 2023an Osasun Sailak 269 milioi euro erabili zituela pribatizatuta dituen zerbitzuak ordaintzeko, hau da, aurreko urtean baino %9 gehiago. Orain planteatzen den pribatizazioak beste urrats bat ematen du arlo publikoa pribatizatzeko eta sektore pribatua aberasteko apustu horretan, guztion diruaren kontura. Argi dago, Osakidetzak bizi duen egoera larria ikusita, kopuru horiek zuzenean inbertitzeak funtsezko hobekuntza ekarriko lukeela, bai plantillaren lan-baldintzetan, bai herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatean.
Osakdietzako biltegietan 180 pertsonak egiten dute lan. Gaur egun, 180 pertsona horien etorkizuna airean geratzen da, batez ere aldi baterako langileena. Duela hilabete batzuk, Sagardui sailburuak adierazi zuen ez zela lanposturik suntsituko. Baieztapen horren atzean, benetako errealitatea ezkutatu nahi zuen: aldi baterako izendapen asko amaitutzat emango dira, eta langile finkoak beste zerbitzu batzuetan birkokatuko dira, horretarako eskubidea baitute. Plantillaren erdia baino gehiago aldi baterakoa den eremu batean, enplegua galtzeko arriskua agerikoa da.
Sindikatuok Osakidetzari eskatu diogu proiektua geldiarazteko eta zerbitzuaren kudeaketa eta plantilla publikoa izaten jarraitzeko.
Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren eta Nafarroako Praktika Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren zenbait ebazpenek berretsi eta onartu egin dituzte LAB sindikatuak Osasunbideko esklusibotasuna gaizki erabiltzeari buruzko 11 salaketak. LAB sindikatuak salaketa horiek duela urtebete egin zituen, eta kasu horiek agerian uzten dituen kontrolik eta utzikeriarik eza azpimarratu nahi du, eta Gobernuari eskatzen dio bere erantzukizunak bere gain har ditzala eta, arduradun zuzena den heinean, konpon dezala “Osasunbideko eskandalua”, horretarako behar diren neurri guztiak hartuz eta lanbide medikoaren duintasuna kaltetzen duten zeinbaitzuen interes korporatibo eta politikoak aintzat hartu gabe.
LAB sindikatuak aurkeztutako salaketa guztietan (11 guztira) konfirmatu da Osasunbidean kontrol falta eta utzikeria egon dela eta jardunbide desegokiak izan direla. Horixe ondorioztatu da Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren zazpi ebazpenetan, non salatutako kasuei buruzko ebazpena ematen baita. Gainerako lau kasuei dagokienez, ez da jarduketarik hasi, fakultatibo horiek une honetan ez daudelako Administrazioan lanean (Osasunbidea eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa arduratu beharko dira kasu horietaz), baina egiaztatu da haietako bakar bati ere ez zitzaiola baimenik eman eginkizun publikoak jarduera pribatuarekin bateratzeko. Jokabide hori falta oso larritzat tipifikatuta dago, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren arabera pertsona horiek zerbitzutik bereizi litezke horregatik.
Horrez gainera, espedienteak Nafarroako Praktika Egokien aldeko eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak ere aztertu ditu eta LABek salatutako egoera berretsi du. Hortaz, epea sei hilabetez luzatzea erabaki ondoren, salatu diren gertakariak eta horien ondorioak sakon ikertuko ditu, Osasunbideari zuzenean eragiten dioten neurrian. Era berean, arlo pribatuan ere lanean aritu direnek bidegabeki jasotako esklusibotasun-osagarria itzultzeko espedienteak ere aztertuko ditu.
LAB sindikatuak uste du Nafarroako Sindikatu Medikoaren (NSM), VOXen, UPNren eta Medikuen Elkargoaren (sindikatuarekin biltzeari uko egin dio) jokaerak eta eskakizunek interes korporatibo eta politiko dituzte, eta horrek kalte egiten diola mediku lanaren duintasunari. Izan ere, praxi txarraren lehen kasua salatu eta konfirmatu zenetik urtebete bete denean, eragile erreakzionario eta eskuin muturreko horiek berriz exijitu dute publikoki esklusibotasuna ken dadila, azken gertakari horiek beren mesederako aprobetxatu nahian. Horixe da, eta ez besterik, LABek zuzendu nahi duen jokabide onartezina. Horregatik, LABek ez du inoiz eraginpeko profesionalen nortasuna eman, eta etorkizunean ere ez du emango.
Interes korporatibo horiek aterabiderik gabeko egoera batera eraman ditu Nafarroako Gobernua, mediku asko eta, bereziki, osasun sistema publikoa. Gauzak horrela, LABek ez du onartuko NSMri inolako pribilegiorik ematea eta, are gutxiago, sindikatu horrek beto-eskubidea erabiltzea. Amaitu da mahai esklusiboen garaia, non langile bakar batzuen interes ekonomikoak asetzea eta negozio pribatuak bultzatzea bilatzen baitzen, osasun sistema publikoa, langile guztien baldintzak eta herritar guztien eskubideak hobetzeaz ahazturik.
Hartara, LABek Nafarroako Gobernuari exijitzen dio bere gain har dezala dagokion erantzukizuna eta behar diren neurriak har ditzala Osasunbidean gertatzen ari den eskandalu horri amaiera emateko, horren erantzule zuzena baita. Horrekin batera, Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren ebazpenei men egin diezaiela eskatzen du, eta horren arabera ikuskatu, kontrolatu eta jardun dezala, betiere medikuen lanbidea eta osasun sistema publiko osoa defendatzearren.
Era berean, exijitzen diogu bete dezala Osasunbideko langileekin sinatutakoa eta jar dezala martxan mekanismo bakar bat jarduera pribatuari buruzko bateragarritasun- eta esklusibotasun-arauak betetzen direla monitorizatzeko eta kontrolatzeko. Ez dago aitzakiarik, eta LABek ez du inola ere onartuko mahai paraleko bat eratzea NSMrekin, hori bailitzateke otsoa artaldea zaintzen jartzea.
Azkenik, Gobernuari exijitzen diogu bete ditzala bateraezintasun-erregimenari buruz dagozkion eginkizunak, eremu pribatuan lan egitea eskatzen duen pertsona orok horretarako baldintzak betetzen dituela bermatzen duen lege-sistema baten bidez; eta sistema horretan oinarrituta eskura dezatela, hala badagokie, esklusibotasunaren osagarria.
Agerraldia egin dugu gaur Sestaon, martxoaren 17an bertan egingo dugun mobilizazioa iragartzeko. “Langileon Ezkerraldea eta Meatzaldea bizirik! Enplegu duinak, bizitza duinak” izango da manifestazioaren lema, eta 12:00etan hasiko da, udalerri honetako plazatik.
Ezkerraldea zein Meatzaldeko egoera izan dituzte hizpide agerraldian. Desindustrializazio politikaren ondorio zuzena industriaren eraispena da. Ordainetan, zerbitzuen sektoreko zentro komertzialak, logistikoak eta biltegiak ekartzen dizkiete. Ehun industriala suntsitu eta ekonomiaren tertziarizazioaren erakusle diren adibide batzuren berri eman dute prentsaurrekoan, bertako langileen eskutik.
Trapagarango Tubos Reunidosen kasuan, urtarrilaren 23an jakinarazi zioten enpresa-batzordeari ekoizpen- eta antolaketa-arrazoiengatik aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea (ABEEE) hasteko asmoa zutela. ABEEE horrek Trapagarango lantegiko 319 langileri eragingo lieke, eta otsailaren 26tik uztailaren 31ra luzatuko litzateke. 100 laneguneko %50eko aplikazioa izango luke.
Ziurgabetasun horri gehitu behar zaio Trapagarango altzairu-fabrikako euren 80 lankide Amurrioko lantegira eraman zituztela abenduan, kaleratu ez zituzten arren, euren fabrikako langile kopurua neurri handi batean murriztuta.
Trapagarango MFS automozio enpresa ere izan dute hizpide gaurkoan, adibide ona baita eskualdea desindustrializatzen ari dela erakusteko. Automobilgintzako osagaien sektorean aritzen dira, gehienbat motelgailuentzako piezen ekoizpenean. Hartzekodunen konkurtsoan sartu dira, eta oraingoz dakiten gauza bakarra da inbertsio-funts batek higiezinaren erosketan interesa izan dezakeela, industria-jardueraren jarraipenari buruz, ordea, zalantza asko daude. Jarduerarekin jarraituz gero, argi dago enplegua galduko dela. Amazonen parean kokatuta daude, leku estrategiko batean etorkizun hurbil batean, logistikan, merkataritzan edo aisialdian diharduten enpresentzako leku bihur dezaten, industria sektoreko baino lan baldintza eta soldata prekarioagoekin.
Amazonena izan da aurkeztutako hirugarren abibidea, banaketan aritzen diren multinazional handiek ezarri nahi dituzten lan-harreman berrien erakusle garbia. Amazonek zentro logistikoen eredu bat ezarri nahi du, “presioa egiteari uzten badiogu sektoreko gainerako enpresek kopiatu nahiko duten eredu bat”, adierazi dute. Ez da kasualitatea logistika-zentroan lan egiten dutenek dituzten benetako baldintzak jasotzen dituen hitzarmen propioa negoziatzea ukatzea, ezta banaketa-lanak bere gain ez hartzea ere, Amazonentzat ia soilik lan egiten duten enpresekin erabat azpikontratatuta duen zerbitzua.
24 orduko zerbitzua saltzearen truke, presio handiarekin lan egitera behartzen dituztela aipatu dute, gaueko txandetan, kontratu partzial kopuru handiarekin, ordutegi malguekin… “baina ez dugu amore emango. Tinko jarraituko dugu gure lan-baldintzak negoziatzera eseri daitezen”, adierazi du bertako langileak.
Sestaoko Vicinayn, duela hilabete eskas, arrazoi produktiboengatik ABEEE bat aplikatu nahi zietela iragarri zieten. Enpresak horrelako neurri bat ezarri nahi duen hirugarren aldia da lau urtean. Langileek adarjotzea dela uste dute: “Neurri horren aurrean, antolatzea eta modu kolektiboan aurre egitea beste aukerarik ez genuen ikusten”.
Lankideen aktibazio eta batasunari esker, halako presioa egitea lortu zuten, non enpresak atzera egin eta ABEEEa atzera bota beste erremediorik ez baitzuen izan: “Soilik ekintza sindikalaren bitartez, langile klasearen mobilizazioen eskutik baino ezin dugu lortu etekin ekonomikoak handitzea bakarrik helburu duten enpresariei aurre egitea”, adierazi dute.
“Enpresa hauek bizi duten egoerak etorkizun hurbil zalantzagarria uzten digu Ezkerraldeko eta Meatzaldeko langileoi”, adierazi dute, egoera nondik datorren ere aipatuz, “EAJ eta PSOEren desindustrializazio politikaren adierazleak dira. Ez dira gatazka puntualak, baizik eta estrategia politiko zehatz baten emaitza”.
Nahikeria politiko baten mesedetan prekaritate gordinera kondenatu nahi dituztela gaineratu dute: “Gureak bezalako eskualdeetan industriak izan duen pisua eta enplegu emaria gutxitu nahi dute. Enpleguak desagerrarazten dituzte. Merke ateratzen zaizkie kaleratzeak. Enplegu bat galtzen den bakoitzean etorkizuneko lanpostu bat desagertzen da”.
Honetaz gain, ziurgabetasuna euren eguneroko ogia dela gaineratu dute: “are gehiago zerbitzuen sektoreko enpresak ezartzen badizkigute. Zentro komertzialen, logistikoen eta biltegien lur bilakatu nahi dituzte gure bazterrak. Politika honek eskualdea prekaritatera kondenatzen du erabat”.
Era berean, adierazi dute enpleguaren berrantolaketak langileak erdigunean kokatu behar dituela ezinbestean, eta banaketa hirukoitza aldarrikatu dute lan baldintza duinetan lan egiteko, hau da, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunen banaketa. “Bizitzak erdigunean egon daitezen borrokatuko dugu”, gaineratu dute.
Borondate orokortu honi erantzun orokor bat emateko garaia dela adierazi dute: “Anbizioz jokatzea dagokigu, mugimendu soziosindikal indartsu bat egituratzeko premia daukagu. Lan eta bizi baldintza duinen alde beharrezkoak diren ekimen anitzak artikulatu, eta prozesu konpartitu baten aldeko deiadarra zabaldu nahi dugu”.
Horregatik, mobilizaziorako deia egin dute: “enpresetan gertatzen dena kaleetara ateratzeko apustua egiten dugu”, konponbideak nondik etorri beharko lukeen zehaztuz: “kalitatezko enplegu egonkorra sortzeko Ezkerraldea eta Meatzaldeko herritarrentzat neurri ordenatu, adostu eta integralak behar ditugu, erakunde eta instituzioek duten eskumenen baitan ardurak har ditzaten eskatzearekin batera”.
Martxoaren 17an kaleak hartzeko deiarekin amaitu dute prentsaurrekoa: “ozen oihukatuko dugu etorkizun duina behar eta nahi dugula. Aski da gure izerdiarekin enpresariek patrikak betetzen jarraitzea”. Dei egin diote LABen komunitateari, eta jendarteari oro har, egoera honen aurrean erantzuteko eta mobilizatzeko.
Agerraldia egin dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan, zaintzaren arlo desberdinetan dagoen pribatizazioa eta honetan Aldundiak duen papera salatzeko. Arlo honetan ari diren langileen izaera publikoa ere aldarrikatu ditugu, ratioak handitzea eta KPIaren araberako soldata igoerak bermatzeko eskariekin batera. Otsailaren 16an aldarrikapen hauen aldeko mobilizazioak egingo ditugu Donostian: 8:00etan, kotxe karabana, Garberatik hasita eta 11:30ean, elkarretaratzea Aldundiaren egoitzaren aurrean, Gipuzkoa plazan.
Aski ezaguna da Gipuzkoako herritarrentzat zaharren egoitzetan, esku hartze sozialean, etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta aniztasun funtzionalean lanean diharduten langileen egoera larria. Horrela, langileek bizi duten egoeraren erantzule zuzena diren Gipuzkoako Foru Aldundiko agintarien jarrera salatu nahi dugu. Urteak dira gure gobernariek, patronalarekin eskutik, zaintza lanekin lotutako lanpostuak pribatizatzeari ekin ziotenetik. Ordutik negozio bilakatu dira zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, aniztasun funtzionalari loturiko zerbitzuak, esku hartze sozialean barnebiltzen direnak… Enpresa pribatuen irabaziak bihurtu dira lehentasuna, kalitatezko zaintza eta gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubidearen ordez.
Joera kapitalista horretan, zaintzako langileen merkantilizazio eta prekarizazio prozesuan sakondu da eta benetan funtsezkoak diren zeregin horiei etekin ekonomikoa ateratzeko apustua egin dute urteetan.
Gipuzkoako Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren menpe dauden azpisektore guztiak antzeko egoeran aurkitzen dira, pribatizazioaren eraginez:
– KPIaren bermerik ez dago zaintza eta gizarte zerbitzuetako langileentzat. Soldata igoerak Langileen Legezko Ordezkaritzaren eta patronalaren artean hizarmen bidez adostu behar diren arren, negoziazio kolektiboak erabat baldintzatzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA), zerbitzu gehienen titular eta finantziatzaile nagusiak izanik, berak mugatzen duelako enpresa-elkarte gehienen negoziaziorako gaitasun ekonomikoa. Gaur-gaurkoz, aipaturiko sektoreetan ez dago langileei erosahalmena bermatzeko inolako ziurtasunik.
– Gehiegizko lan karga jasanezinak ezartzen ditu GFAk zerbitzu guztietan; kasu askotan, gainera, ratio horiek ere ez dira betetzen. Ratioak hobetzea premiazko kontua da, gehiegizko lan karga langileen osasun fisikoan eta psikosozialean kalte larriak eragiten ari delako. Eta, nola ez, zerbitzuaren kalitatean ere eragin ukaezina izaten ari delako.
LAB sindikatuan argi dugu eredu aldaketa baten beharra agerikoa dela eta zaintza sistema publiko-komunitariorantz bidea egiten jarraitu behar dugula. Une honetan zerbitzu hauek pribatizaturik badaude ere, lan publiko bat egiten ari diren langileak dira. Langile publikoak dira. Ezinbestekoa da pribatizazioarekin amaitzea eta, zaintza lanetan dihardugun langileon lan baldintzak duintzeaz gain, zaintza lanei zor zaien aitortza sozial, politiko eta ekonomikoa emateko urratsak egitea.
LABek iniziatiba berriak hartuko ditu bertako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) lortzeko bidean. Sindikatu eta patronalen adostasuna beharko lukeen Akordio Markoa erdiestea da gure proposamena, lan harreman guztientzat gutxieneko 1.400 euroko soldata ezartzeko helburuz. EAEko parlamentuak Eusko Jaurlaritza interpelatu zuen helburu horren alde urratsak emateko. Bide horretan, gainerako sindikatuei, Confebaski zein Eusko Jaurlaritzari bilkurak eskatuko dizkiegu bide hau egiteko dauden balizko adostasunak arakatu eta urrats berriak emateko helburuarekin.
Madrilen iragarri zuten Estatu mailako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata %5ean igotzea gauzatu berri da. Igoera positiboa bada ere, gutxieneko soldata horrek ez du egungo errealitatean bizitza duina bermatzen, erabat eznahikoa baita. Zer esanik ez Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari erreparatuz gero; izan ere, urrun geratzen da gure egunerokotik gaur Madrildik inposatu nahi diguten gutxieneko soldata, urrun LABek aldarrikatzen duen eta Europako Karta Sozialaren jarraibideen arabera 1.400 eurokoa litzatekeen gutxieneko soldatatik.
Hego Euskal Herriko langileriak bertako LGS bat behar du, premia du horretarako. Milaka dira hileko 1.400 euroko soldatara iristen ez diren langileak, milaka euren oinarrizko beharrizanak bermatuta ez dituzten langileak. Hego Euskal Herriko langileen artean bitik batek ez du bere beharrak asetuko dituen behar besteko diru-sarrerarik: langabezian dagoelako, ez daukalako enplegurik edo 1.400 euro azpiko soldatak dituelako.
LAB premia horri erantzungo dion iniziatibak hartzera doa. EAEko Parlamentuak 2023ko martxoan Eusko Jaurlaritza EAE mailako gutxieneko soldataren akordio bat bultzatzera interpelatu zuen. Ordutik ez da bide hori garatzeko urratsik eman ez Eusko Jaurlaritzaren aldetik eta ezta patronalaren eskutik ere. Hutsune horren aurrean, LAB izango da EAE-n iniziatiba hartuko duena: gainerako sindikatuei bilerak eskatuko dizkiegu gai hori lantzeko, baita Eusko Jaurlaritza eta Confebask-i ere. Nafarroan ere lanean jarraituko dugu gutxieneko hileko 1.400 euroko soldata lortzeko helburuz.
Gure proposamena lan harreman guztiak arautuko dituen Akordio Marko bat egitea da. Bertako sindikatu eta patronal nagusien artean adostu beharko afera litzateke, zuzenean lan-harreman orori aplikagarri izango litzaiokeen gutxieneko soldata propioa lortzea helburu.
LABetik bide horretan jarraituko dugu lanean, lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparru propioa xede, pausuak eman ditzagun gutxieneko soldata propioaren erdieste bidean.
Gaur, LAB sindikatua CONFEBASK eta CEBEK patronalen aurrean mobilizatu da Bilbon, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kimika sektoreko 20.000 langileen lan baldintzak hemen negoziatzeko borondate eza salatzeko. Patronalek urtarrilaren 10erako sektoreko sindikatu nagusiek egin genuen bilera deialdira joateari uko egin ondoren etorri da mobilizazio hau. Bilera horren helburua kimikaren sektoreko lehen hitzarmen autonomikoaren negoziazio mahaia eratzea zen.
LABentzat, bertako hitzarmenak estatuko hitzarmenetatik blindatzea lehentasunezko borroka izan da beti. Alegia, negoziatzeko eskubidea hemen mantentzeak langileontzat lan baldintzak hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.
Aldarrikapen horrekin bat datoz EAEko kimika sektoreko langileak, eta hala erakusten dute sektoreko erreferentziazko enpresetan jaso ditugun 100 mozioek eta Bizkaiko ordezkariekin batera gaur egindako mobilizazioak.
LABen prest gaude hitzarmen honen aldeko borroka azken muturreraino eramateko. Helburu hau aliantzen eta sektoreko langile guztien aktibazioaren bidez lortuko da. Ildo horretan, LAB, sektoreko gainerako gehiengo sindikalarekin batera, ADEGI eta SEA patronalen aurrean mobilizatuko da datozen asteetan.
Enplegu-Erregulazioko Espedientearen kontsultaldia hasteko hilabete falta dela, fase erabakigarrian gaude, bai Mecanerren etorkizuna, bai eskualdearen eta haren industria-ehuna jokoan daudelako. Horregatik, LABeko eta ESKko Atal Sindikalok (gehiengoa dugu batzordean) egoerari buruzko gure irakurketa plazaratu nahi dugu.
LABek eta ESK-k argi daukagu, amore ez emateko erabakia hartu dugu, oraindik badago partida jokatzeko. Azkeneraino jarraituko dugu borrokan Mecanerren etorkizunagatik eta bere lanpostuengatik. Horregatik, gure estrategia, Mecanerren bideragarritasuna frogatzea, itxierari alternatibak bilatzea, eta langile guztiei mesede egingo dien irtenbide kolektibo baten alde borrokatzea izan da eta izaten jarraitzen du.
Horretan aurrera egin dugu nabarmen azken asteetan; mobilizatu egin gara Stellantis gurekin negoziatzera eser dadin, grebak eta piketeak egin ditugu, udalekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta alderdi politikoekin bildu gara, hitzaldiak eta aurkezpenak antolatu ditugu maila sozialean. Eta aditu batek egindako txosten bat egiten ari gara, teknikoki pisua izango duena kontsulta-aldiari begira eta ikuspegi ekosozialetik alternatibak bilatzeko tresna izango dena. Txosten hau ezinbesteko lan-tresna da lantegiaren bideragarritasuna frogatzeko eta Eusko Jaurlaritzari prozesuan laguntzeko eta inplikatzeko exijitzeko, trantsizioaren aldeko apustua egin dezan eta bere industria-ehuna defendatu dezan. Eta era berean, Stellantis Mecaner irekita mantentzera behartzeko tresna bat da.
LABeko eta ESK-ko Atal Sindikalek Mecaner ixtea saihesteko borrokan jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, Stellantis interpelatzen, alternatibak bilatzen eta Eusko Jaurlaritzari eta erakundeei erantzukizuna bere gain har dezatela eskatzen. Eta hori langileria batu eta irmo batekin egin nahi dugu, bere etorkizunaren alde borrokatzeko eta bere industria-ehuna defendatzeko prest dagoen eskualde batekin batera.
Horregatik, otsailaren 8an, ostegunean, egingo den langileen asanbladan proposamen hau egingo dugu bi atal sindikaletatik:
2 greba-egun eta asteroko mobilizazioak, kontsulta-aldira arte, irailaren 1ean hasi genuen prozesuari eta borrokari ekarpena egiteko.
Urdulizen manifestazio handi bat antolatzea Mecanerren deslokalizazioaren eta itxieraren aurka. Indarrak batzeko unea da, Mecanerren itxiera saihesteko eta alternatibak bilatzeko, ahalik eta babes sozial politiko eta instituzional handiena bilatuz.
Erakundeei dei egiten diegu beren esku dagoen guztia egin dezaten, eta herritarrei itxieraren aurkako eta Mecanerrentzat alternatiba ekosozial baten aldeko borrokan parte har dezaten.
Lan-hitzarmen berri baterako aurre-akordioan LABek ekainaren 1eko akordio laboralean adostu zituen enplegua mantentzeko neurriak jaso dira, lan zametan eta birkokapen prozesuetan aurrerapausoak daude, baina ekiparazioari uko egin zaio.
Gizarte Ekimeneko lan-hitzarmena berritzeko borrokan hamalau greba egun egin ondoren, langileen indarraren ondorioz patronalak mugiarazi ditugu eta azkenik lan-hitzarmen berri baterako oinarriak jartzen dituen proposamena aurkeztu da. Aurrekoakordioan jasotakoen artean dago gizarte ekimeneko langileen soldaten %16ko igoera. Halaber, LABek ez du ulertzen zergatik uko egin zaion mahai gainean zegoen langile publikoekiko soldaten ekiparazioari, %18ko eta %20ko igoerei, hain zuzen ere. LABen ustez langileen borrokaren ondoriozkoa den garaipen nagusienetakoa den honi uko egin diote gainerako sindikatuek patronalek ontzat ematen bazuten ere. Gauzak horrela, LABek aurreko akordioa ez du sinatu eta bere oinarriekin baloratuko du erabaki definitiboa hartzeko.
Horretaz gain, aurre akordioak hurrengoak jasotzen ditu:
Administrazio eta Zerbitzuetako langileei 25 orduko lanaldi murrizketa; ez dozente titulatuei, haur hezkuntzako lehen zikloko irakasleei eta hezkuntza laguntza espezialistei 20 orduko lanaldi murrizketak; eta haur hezitzaileei 38 orduko lanaldi murrizketa.
Berehalakoak diren lan-zamak arintzeko neurrietan 24-25 ikasturtean etapa guztietan ordu osagarri bat gutxiago hau norberaren lanetarako izanik.
Lanbide Heziketan bikoizketak arautzeko prozedura zein konpentsazio ordu gehigarriak.
Birkokapen akordioa bermeduna izateko ikastoletan bezalaxe lan-hitzarmenean txertatzeko klausula ezberdinak jaso dira, besteen artean sektorean langilearen antzinatasuna aitortuz.
Ikastoletan bezalaxe jaiotze-tasaren jaitsieraren aurrean enplegua mantentzeko prozedura jasotzen du akordioak. Akordioaren ondorioz, ondorengo hilabeteetan negoziatu eta adostuko dira kategoria berriei dagozkien lanpostuak euskara eta hizkuntza gaitasuna indartzeko, behar bereziak dituzten ikasleei arreta hobetzeko, hezkuntza berrikuntzan sakontzeko, kudeaketa hobetzeko eta langileen lan zamak arintzeko neurri berriak. Eta horrekin batera, 60 urtetik gorako langileen gazte berritze planak gauzatzeko neurri zehatzen azterketa ere.
Bukatzeko, LABek greba eta mobilizazioetan parte hartu duten langileak zoriondu nahi ditu eta lan-hitzarmenaren zein enplegua mantentzeko neurrien garapenean orain arte bezala era aktibo batean parte hartuko duela adierazi. Halaber, patronalei adierazten die akordio honen gauzatzean arreta berezia jarriko duela, Gizarte ekimeneko langileek dagokiena lortzeko borrokatuz eta hezkuntzako sare publiko bakar, propio eta deszentralizatua eskuratzeko bidean langile guztiei eskaintza integrala eginez.
Otsailaren 1ean, Eusko Legebiltzarrak berriz ere baztertu zuen pentsio baxuenak DSBEren bidez ofizioz osagarritzeko aukera. Hau da, ezarritako baldintzak betetzen dituzten pentsiodunek prestazioa jasotzeko eskaera izapidetu behar izan gabe. LABen defendatzen dugu DSBE ez dela pentsioak osatzeko metodo egokia, enpleguko eta gizarte-segurantzako politikek bermatu behar dituztelako erretiro duinerako baldintzak. Hala ere, Espainiako pentsio-sistemak aurreikusitako murrizketen bidez, premiazkoa iruditzen zaigu Euskal Herriko pentsiodunak ezartzen zaien prekaritatetik ateratzea.
2023an DSBEa jasotzen zuten pertsonen kopuruak gora egin du, 2022ko kopuruarekin alderatuta, eta gaur egun 55 mila pertsonak baino gehiagok kobratzen dute prestazio hori. Hala ere, duela bi urte, Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Europako Sareak (EAPN Euskadi) ohartarazi zuen 30 mila pentsiodun izan zitezkeela, pobrezia-egoeran edo pobrezia-arriskuan egoteagatik prestazioa jasotzeko eskubidea izanik, eskatzen ez zutenak; hau da, DSBE jasotzen zutenen erdia baino gehiago.
Datu horiei gehitu behar zaie 1.080 eurotik beherako pentsioa jasotzen dutenen artean % 65 baino gehiago emakumeak* direla. Hala ere, Lanbideren datuen arabera, 2023ko azaroan 14.179 pentsiodunek soilik osagarritzen zituzten pentsioak DSBEarekin (8.628 emakumek* eta 5.551 gizonek).
Hainbat arrazoi daude pentsiodun askok pentsioaren osagarria ez eskuratzeko. Horien artean daude administrazioak eskubide horri buruz emandako informazio eskasa, haren izapidetzearen digitalizazio eta konplexutasun gero eta handiagoa, eta babes eta inklusiorako sistemaren inguruan, bereziki DSBEaren inguruan, eraikitako aurreiritzi aporofobo, xenofobo eta arrazistak. Aurreiritzi horiek indartu egin dituzte EAJk eta PSEk onartutako diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemari buruzko legearen erreformak eta joan den urtarrilean indarrean sartu zen DSBEaren azken erregelamenduak.
Euskal Herrian bizi eta lan baldintzak gogortzen ari diren unean, Eusko Legebiltzarraren erabakia arbuiatzen dugu, EAJ, PSE eta EP-IUren botoekin hartutakoa eta EH Bilduk aurkeztutako proposamena baztertzen zuena, eskubide hori duten pentsiodunei DSBEa ofizioz ordaintzea ukatzeko. Erabaki horrek DSBEaren eraginkortasuna mugatzeaz gain, adinekoei ezarritako kalteberatasuna handitzen du. Bereziki, pentsioetan ere islatzen den soldata-arrakalaren ondorioz, erabaki horrek gehien eragingo dienak emakumeak* izango dira. Erabaki horrek lehentasuna ematen dio “gastuaren” kontrolari, pertsonen babesari baino, eta Eusko Jaurlaritzak pobreziari aurre egin nahi ez izateko, baizik eta ezkutatzeko duen asmo historikoa errepikatzen du.
Ezin dugu ahaztu Espainiako Gobernuak eta sindikatu eta patronalek onartu duten pentsioen azken erreformak aurreikusten duela 2024rako 65 urtetik gorakoentzako kotizaziopeko gutxieneko erretiro-pentsioa hilean 825 eurokoa izango dela, bere kargura bikotekiderik ez badago, eta 1.033 eurokoa, halakorik badu. Kotizazio gabeko gutxieneko pentsioa, gehienbat emakumeek* jasotzen dutena, hilean 517 euro eskasekoa izango da. Pentsio-sistema horrek pobrezia eta desberdinkeriak sortzen ditu, eta, horren ondorioz, gaur egun, Eusko Jaurlaritzak gizarteratzeko tresnen bidez osatzen ditu pentsioak, hala nola DSBEaren bidez.
LABen uste dugu pentsioak eta soldatak bereizi ezin diren eskubideak direla. Horregatik, urteak daramatzagu gutxieneko pentsioaren zenbatekoak LGS erreferentzia izan behar duela aldarrikatzen. Gainera, zenbateko horrek gutxienez 1.080 eurokoa izan beharko luke 14 ordainsaritan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak planteatzen duenaren arabera, betiere euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak defendatutako 1.260 euroen helburua kontuan hartuta.
LABen apustua pentsioen sistema publiko eta propioa bermatzea da, lan-baldintza duinen bidez bidezko pentsioak bermatuko dituena. Bide hori hemen eta orain eraikitzen dugu, Euskal Herriarentzako estatus politiko berri baten eraikuntza eta dauden eskumenetatik abiatuta eskubideen aldarrikapena uztartuz. Horregatik guztiagatik, Eusko Legebiltzarraren erabakia salatzen dugu; izan ere, sistematikoki, ez ditu aintzat hartzen euskal langileria osoak eta, bereziki, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako aldarrikapenak.