2025-12-23
Blog Page 151

Salatzen dugu ETBko zuzendaritzak hainbat programa ekoizteko zerbitzuak azpikontratatzen dituela, Unitate Mugikorra eta lantaldea libre egon arren

EITBko zuzendaritza nagusiak ETBko hainbat programaren produkzioa esternalizatzeko joera hartu du, EITBko Unitate Mugikorra (UM) eta lantaldea libre egonda ere. 

Denboraldi honetan, “Biba Zuek!” saioa, adibidez, Miramongo estudioetatik kanpo egin da egun berezi batzuetan, eta programa horiek New Media enpresak ekoitzi ditu, EITBko zuzendaritzak eskatuta:

  • Donostiako Zinemaldia, irailaren 25etik 29ra. Guztira, 5 egun, 5 programa. Donostiako Aiete auzoan dagoen eraikin batean egin ziren.
  • Durangoko Azoka, abenduaren 7an. Landakogunetik egin zen programa.
  • Sagardotegien denboraldiaren hasiera, urtarrilaren 16an. Alorrenea Sagadotegitik egin zen programa.

Egun horietan guztietan Pixel produktorarekin burutu ziren aipatu saio bereziak, eta baliabide tekniko guztiak haiek jarri zituzten, baita errealizadorea ere.

Bitartean, Miramonen Irregular Txandan (IT) dagoen ETBko lantaldeak ez zuen ezer egitekorik izan, eta UMa ere libre zegoen.

Gainera, azpimarratu behar da horrelako eskaera bereziak ikasturtearen hasieran egiten direla, eta, ondorioz, aurreikuspen handiarekin antolatu daitezkeela EITBko lantaldea eta UMa erabiltzeko eskaerak.

Zergatik azpikontratatzen ditu zuzendaritzak lantalde oso bat eta UM bat EITBkoak libre baldin badaude?

Galdera hori sarritan egin diogu zuzendaritzari, eta, aurrekariak ikusita, “Biba Zuek!” programa Alorrenea sagardotegitik egindako saio berezia EITBko baliabideekin ekoizteko eskaera egin genion. Hau izan zen erantzuna:

“Ondo dakizuenez, baliabideen kudeaketa eta honen arrazoiak Zuzendaritzari dagozkio. Hala ere, gogoratu arazi, EITB ez den enpresa batek kanpo produkzio bat egin behar duenean, orohar, bere baliabideekin, edo honek kontratatutako baliabideekin, egin behar duela”.

Alabaina, hori gezurra da, eta horren erakusgarri da, adibidez, ETB1eko Urtezaharreko kanpaikaden programa berezia Oriok ekoiztu zuela, ETBko UMarekin eta ETBko lantaldearekin. 

Horrenbestez, zuzendaritzak ez du irizpide objektiborik eta gardenik erabiltzen, programa bat kanpoko enpresa batek noiz eta nola egin behar duen erabakitzeko.

EITBko zuzendaritzari eskatzen diogu zerbitzuak nahieran eta justifikaziorik gabe esternalizatzeko joerari utz diezaiola eta argitu dezala zein den benetako arrazoia Miramongo eta Bilboko estudioetatik kanpo egiten diren programak azpikontratatzeko, ETBko lantaldeak eta Unitate Mugikorrak lanik gabe eta libre daudenean.

LABek Munduko Federazio Sindikalak Sao Paulon egindako Kontseilu Presidentzialean parte hartu du

Pasa den asteburuan Munduko Federazio Sindikalaren Kontseilu Presidentziala egin zen Sao Paulon, Brasilen. Munduko Federazio Sindikala 1945 urtean sortutako elkartea da. 133 herrialdetako 105 milioi langile inguru ordezkatzen ditu. Kontseilu Presidentziala bere zuzendaritza gune nagusia da, kontinente desberdinetako 50 kidek osatutakoa.

LAB Munduko Federazio Sindikaleko afiliatua da 2005. urtetik eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorra Kontseilu Presidentzialeko kide da. Bere hitzartzean, hiru erronka nabarmendu ditu Arroyok. Batetik, klase borrokaren ikuspegi historikoa ekologismoa eta feminismoa bezalako mugimendu sozialek egiten duten borrokarekin uztartzeko beharra defendatu du. Bigarrenik, sindikatuak langile sektore guztietara eta, bereziki, prekarizatuenak dauden horiengana, gerturatzea proposatu du. Eta azkenik, herri bakoitzaren burujabetzaren defentsa eta nazio desberdinetako langileen arteko borroka bateratua txanpon beraren bi aurpegitzat jo ditu.

Bestalde, LABen 50. urteurrenaren harira, Munduko Federazio Sindikaleko Idazkari Nagusi Pambis Kyritsis Euskal Herrira etorri eta Maiatzaren Lehenean parte hartzera gonbidatu du Arroyok eta honek gonbidapena onartu du.

Hona hemen Kontseilu Presidentzialean adostutako ildo nagusiak:

  • Inperialismoaren aurkako jarrera eta herri bakoitzaren burujabetzarako eskubidearen defentsa. Palestinarekin elkartasuna eta Israel egiten ari den genozidioaren arbuioa. Ildo berean, Kubarekiko elkartasuna eta Estatu Batuek ezarritako blokeoaren salaketa.
  • Gutxi batzuen etekinak lehenetsi eta desberdintasunak areagotzen dituen esplotazio kapitalistaren salaketa. Lan eskubideen aurkako erasoei nahiz pribatizazio politikoei aurre egiteko apustua.
  • Klase sindikalismo autonomo eta borrokalariaren aldeko apustua. CSIk ordezkatzen duen sindikalismo sistemikoari kritika.
  • Kontinente desberdinetan gertatzen ari den eskuin muturraren hazkundeari aurre egiteko determinazioa.

Era berean, Kontseilu Presidentzialak kide berrien sarrera onartu du, horien artean Espainiako estatuko nazioetako zenbait sindikatu daude. Honela, LABek parte hartzen duen herrien koordinadoran jada, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako (Printzipatua eta País Valencià), Kanariak, Galiza, Asturies eta Aragoiko 120.000 langile daude Munduko Federazio Sindikalean afiliatuta.

Lan eta bizi baldintzak ez dira hobetzen eta prekaritateak egiturazkoa izaten jarraitzen du

Araba, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaian 141.582 langabe daude; beraz, pasa den urtetik %2,13a jaitsi da langabezia Hego Euskal Herrian. Enplegua, ordea, sektore prekarioetan sortzen ari da, lan baldintza prekarioekin eta egoera zaurgarrian dauden herritarren bizitzetan inpaktu zuzenagoa eraginez. Hego Euskal Herrian, 25 eta 64 urte arteko bi herritarretik bat prekaritate egoeran bizi da, enplegua izan arren, bizitza duina bermatzeko diru-sarrera nahikorik gabe.

Zaintza lanen ardura nagusia bizkar gainean hartuta, gero eta emakume* gehiago ari da lan merkaturako igarobidea egiten. Azken urtean, 15.357 emakume gehiago afiliatu dira. Emakume hauen enpleguaren kalitatea dago ezbaian, ordea, sortu diren enpleguak baldintza prekario nabarmenak dituztelako:

  • Azken urtean emakumeen* artean egin diren kontratu berrien %61,45ak lanaldi partzialekoa izan da. Egun, emakumeen %26,8a dago lanaldi partzialean, gizonen artean proportzio hau %11,3koa den bitartean.
  • Azken hilabetean, aldizkako finkoen kopurua jaitsi den arren, kontratu mota hau dutenen artean, %64,67a emakumea* da.
  • Azken hilabetean behin behineko kontratuak jaitsi diren arren, emakumeen* artean proportzio txikiagoan murriztu dira. Izan ere, otsailean jardunaldi osoko behin behineko kontratazioa gizonen artean %9,3koa den bitartean, emakumeen artean %13,9koa da, nabarmen altuagoa.

Langabeziak gora egin duen kolektiboen artean, 25 urtetik beherakoak kokatzen dira. Izan ere, gazteen artean langabezia %4,04 igo baita. Aurreko enplegurik gabekoen kopuruak ere gora egin du eta atzean honako bi arrazoi azpimarratuko ditugu gaurkoan:

  • Batetik, inaktibo izatetik lana aktiboki bilaera pasa diren herritarrak multzo honetan kontabilizatzen dira, urte bete edo gehiago lan egin gabe daudela ulertzen delako.
  • Bestetik, langile migratuen %28,22a aurreko enplegurik gabekoak dira, lana bilatzen hasi berriak.

Egoera honi guztiari erantsi behar zaio, azken hilabetean, afiliatu berrien %84a zerbitzuak sektorean eman duela izena; beraz, baldintza prekario zein ezegonkorrak nagusi diren sektorean ari da enplegua sortzen.

Azkenaldian LAB sindikatutik esaten ari garen bezala, langabeziak lan merkatu eta enpleguaren kalitatearen adierazle izateari utzi dio. Izan ere, langabezia jaitsi arren, langileen lan zein bizi baldintza orokorrak ez dira hobetzen eta egiturazkoa den prekaritateak jendartearen dualizazioan sakontzeko baldintzak birproduzitzen ditu, lan eta kapital errenten arteko arrakala handituz. Langileon lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen eredu sozioekonomiko berria ezinbestekoa zaigu, kapitalari boterea disputatuko eta zaintza erdigunean jarriko duena.

San Juan de Dios ospitaleko langileek elkarretaratzea egin dute Iruñean, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko

San Juan De Dios Ospitaleko enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du Iruñean, Osasunbidearen egoitzaren parean, Oliveto kondearen kalean. 2023-2024 hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren egoeraren berri eman dute. 2023ko abenduan, Grupo Independiente eta LABek osatutako enpresa-batzordeak, negoziazio-plataforma aurkeztu zuen, eta abenduaren 15ean mahaia eratu zen, urtarriletik aurrera negoziazioari ekiteko.

Bilera bakar baten ondoren, otsailaren 8an hain zuzen, ospitaleko zuzendaritzak aldebakartasunez eten zuen hitzarmenaren negoziazioa, Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bereziaren sinaduraren geldotasuna argudiatuta.

San Juan de Dios Ospitalearen eta Gobernuaren arteko harremana duela 8 urtetik hona kontzertu bidez arautu gabe dago, eta Aberaste Bidegabearen egoeran kokatzen da. Egoera hau, lehenbailehen aldatu behar dela ulertzen dugu, eta inplikatutako erakundeei dei egiten diegu lan-prekaritatea baino sortzen ez duen egoera konpontzeko.

Egoera horrek, bestalde, ez du esan nahi aurrera egin ezin dutenik eta hitzarmena negoziatu ezin dutenik; izan ere, langileak egunez egun lan egiten dute, eta enpresak 8 urte hauetan emandako zerbitzuengatik kobratu du. Horregatik, San Juan de Dioseko zuzendaritza negoziatzera esertzea exijitzen dute.

Urte hauetan, eta are gehiago pandemiaren ondorioz, asistentziaren kalitatea okertzen ari dela ikusi dute, langileen rotazioa etengabea izaten ari da, eta horrek, ekipoak hondatzen ditu. Lan-karga handiak dituzte, une askotan jasanezinak.

Batzordeak, hitzarmenaren negoziazioei berriro ekitea exijitzen du. Zuzendaritzari seriotasuna eta konpromisoa eskatzen dizkiote pazienteei arreta egokia bermatzeko, lanean prekarioak ez diren langileekin. Ospitaleak 80 urte daramatza Nafarroako Osasunaren zerbitzura: 500 langile inguru dira, eta jardueraren %95 Osasunbideatik dator.

Ertzaintzak Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioan egindako karga bortitza salatzen dugu

LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuok eta Martxoak 3 elkarteak salatu nahi dugu ERTZAINTZAk karga polizial bortitz ikaragarria egin duela, zauritu asko utziz eta hainbait persona atxilotu dituela, gutxienez 3, ditugun datuen arabera. Manifestazioan, urtero bezala, adin guztietako milaka eta milaka pertsonak zeharkatu dituzte Gasteizko kaleak, duela 48 urte Espainiako Poliziak egindako sarraskia gogoratuz, Egia, Justizia eta Erreparazioa exijituz, eta pertsona guztientzako etorkizun justua aldarrikatuz.

Ertzaintzak neurriz kanpoko dispositiboa prestatu du El Corte Ingles ondoan, Bakea kalearen amaieran. Puntu horretan karga guztiz basatiak egin dituzte, ez bakarrik borrekin eta dozenaka foam pilotekin, polizi-furgonetekin ere oldartu dira manifestarien aurka. Oldarraldi horren ondorioz, furgoneta bat gazte baten gainetik igaro da, zaurituta utziz, eta anbulantzia batek artatu behar izan du. Gazte horrekin batera, hamarnaka pertsona zauritu dituzte, eta horietako baten batek konortea galdu du.

Esan bezala, dozenaka foam pilota jaurti dituzte Bakea eta Posta kaleetan, Tolosan polizia-karga batek gazte bat larri zauritu eta aste gutxira. Hori ez ezik, ekitaldia egiten ari zen Foruen Plazara kargatzeko sartu nahi izan du Ertzaintzak Posta kaletik, jendez gainezka bazegoen ere, baina sindikatu deitzaileen antolakuntzako pertsonek hori saihestu dute. Salatu nahi dugu, halaber, hasierako ekitaldian parte hartu duten txistulariei ere eraso egin diela Ertzaintzak, eta danbor bat hautsi dutela.

Horregatik guztiagatik, karga bortitz hori erabat gaitzesten dugu, eta Ertzaintzan erantzukizunak argitzea eta atxilotutako pertsonak aske uztea eskatzen dugu. Halaber, Eusko Jaurlaritzako eta Ertzaintzako arduradunei eskatzen diegu utz diezagutela martxoaren 3a gogoratzen eta gure aldarrikapenak egiten haien erasoak jasan gabe. Gure elkartasuna helarazi nahi diegu ere zauritutako persona guztiei.

Nolanahi ere, Ertzaintzaren karga bortitza gorabehera, azpimarratu nahi dugu milaka eta milaka pertsona egon direla oroipen-ekitaldian eta manifestazioan. Horietako batzuk martxoaren 3a lehen pertsonan bizi izan zuten, beste batzuk gazteagoak, familia osoak,… Guztiek parte hartu nahi izan dute garai hartan hildako eta zauritutako pertsonei eta beraien borrokari egindako omenaldian, eta aldi beran aitortza berezia eskaini nahi izan diete orduan borroka eta bizitza bera posible egin zituzten emakumeei eta gaur egun zaintza sektorean beren eskubideak aldarrikatzen eta borrokatzen ari direnei.

Erakunde publikoen inplikazio aktiboa funtsezkoa da Mecanerrek etorkizuna izan dezan

Atzo, ehunka pertsonek manifestazioa egin zuten Urdulizen, Stellantisek Mecaner ixteko asmoa erakutsi eta 6 hilabetetara. Bide latza izaten ari da. Bidean topatutako oztopo eta erresistentziek zaildu egiten baitute agertoki berriak zabaltzea.

Itxiera onartzera kondenatu nahi gaituztenen aurrean, langileok tresna bat
sortu dugu: trantsizio ekosozialeko plana), Mecaner-en itxieraz hitz egin ordez honen etorkizunaz hitz egiteko aukera ematen diguna.

Eta etorkizun horrexegatik borrokatzeko prest gaude; gure etorkizuna zein eskualdeko eta bere industriaren etorkizunarengatik. Etorkizun horrek, nahitaez, sozialki bidezkoagoa eta ekologikoki iraunkorragoa izan behar du.

Baina bide hau ezin dugu egin administrazioen eta gizartearen ekarpenik eta parte-hartzerik gabe. Erakunde publikoen inplikazio aktiboa funtsezkoa da eta guk argi dugu; jabetza eta kudeaketan parte-hartze publikoa izatea da Mecanerren etorkizunerako bermerik handiena.

LABetik eskerrak eman nahi dizkiegu bide honetan enpleguaren defentsan eta etorkizunaren aldeko borrokara batu zareten udal, eragile eta herritar orori.

Badakigu oraina eta etorkizuna borrokan irabazten dela, gure lanpostuak, Euskal Herriko industria eta langileon lan eta bizi duinak borrokan irabazten direla, horrela erakutsi ziguten martxoaren 3an Gasteizen.

Elkarretaratzea egin dugu CEN patronalaren aurrean Nafarroako kimika sektoreko hitzarmenaren alde

Estatalizazioarekin eta horrek dakarren prekarietatearekin amaitzeko garaia dela adierazi dugu ELArekin batera egindako kontzentrazioan.

Nafarroako Kimika Hitzarmena bultzatzeko hainbat bilera egin ondoren (sektoreko langileen aldarrikapen historikoa da), LAB eta ELA sindikatuok akordio bat lortu genuen CEN patronala deitzeko, negoziazioari ekiteko aukeraren inguruan duten jarrera ezagutzeko. Bilera horretan jakinarazi genuen zenbait batzorde eta enpresetako ordezkariek aldarrikapenarekin bat egiten zutela, UGTkoak barne kasu batzuetan.

Aipatzekoa da sindikatuen arteko bileretara UGT eta CCOO sindikatuak ere deitu zirela, eta deialdiari jaramonik egin gabe, Nafarroako Kimika Hitzarmena aldarrikatzearen aurka publikoki agertu ziren ondoren. Gogora dezagun EAEn sindikatu arteko deialdiarekin bat egin zutela eta sektorerako hitzarmen autonomikoa babesten dutela UGTk eta CCOOek EAEn.

LABek eta ELAk hainbat bilera egin ondoren, CENek ez zuen hitzarmen berriaren negoziazioari ekiteko konpromisorik hartu, eta hainbat enpresatan testeo txiki bat egiteko “konpromisoa” hartu zuen, denborak zehaztu nahi ez baditu ere. Horrela, Estatuko hitzarmenaren baldintzei eutsi zien: soldata txikiak, lanaldi luzeak eta eskubide gutxi.

Gaurko egunean, LABek eta ELAk elkarretaratzea egin dugu CENen egoitzaren aurrean, alde guztiek, patronalak, UGTk eta CCOOk, sektorearen aldarrikapenari erantzun diezaioten. Argi izan dezatela lanean jarraituko dugula lan baldintzak Euskal Herrian eta, beraz, baita Nafarroan ere negoziatu ahal izateko.

Bidelanen hitzarmen kolektiboa sinatzea #LortuDugu

2023ko urtarrilean hasi zen negoziazioaren ondoren, Bidelan AP8n hitzarmena sinatu dugu 4 urterako, 2023/2026rako, LAB buru duen batzordearen eta Bidelan enpresaren artean.

Batzordea osatzen duten ELAko eta CCOOko ordezkariekin batera plataforma bat sortu genuen, urte luze honetan negoziazioaren ardatza izan dena. Gorabeherak eta desadostasunak izan arren, enpresak hasieratik izan du elkarrizketarako eta adostasunetara iristeko prestutasuna. Lortutakoen artean daude urte bakoitzerako KPIaren igoera (gutxienez % 2 atzeraldi kasuan) eta lanpostuen finkapena.

Zaintza, enplegua eta ondasunaren banaketa aldarrikatu ditugu Gasteizen, Martxoaren 3ko sarraskiaren 48. urteurrenean

Ekitaldia egin du LABek Gasteizen, Martxoaren 3ko sarraskiaren 48. urteurrenean, Enbor beretik sortuko dira leloarekin. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak adierazi du 1976 hartan jaio berria zela sindikatua: “Hasieratik argi izan genuen gure lekua non zegoen. 76ko martxoaren 3aren parte izan ginen eta LABentzat urtemuga garrantzitsua izaten jarraitzen du”.

LABek 50. urteurrena du aurten. Horren harira eta sindikatuaren bilakaera aipatuz, Aranburuk zehaztu du “sustraiak ondo oinarrituta, enborra sendo eta eta adarrak zabalduz” joan dela LAB: “Zabalduz joan gara; Euskal Herriari aukera berriak zabaltzen ari gara, LAB langile guztien tresna izan dadin”.

Aranburuk zehaztu du LAB aitzindaria izan dela proposamen berritzaile eta eraldatzaileak egiten, eta hor kokatu du banaketa hirukoitza; enplegua, zaintza eta aberastasunaren banaketa, hain zuzen ere: “Hau bezalako proposamenekin hauspotzen ditu LABek bere eguneroko borroka eta ekintza soziosindikala. Eta horren ondorio da bizitzen ari garen greben eta mobilizazioen areagotzea”.

Zaintza lan guztiak ezinbestekoak direnez, gaineratu du beharrezkoa da lan horiek aitortza politikoa eta ekonomikoa izatea.

Lanaldi murrizketaren beharra ere hizpide izan du Aranburuk: “30 orduko lan astea defendatzen dugu, enplegu eta zaintza lanak berrantolatzeko”. Ildo horretan, zaintzagatik lanaldia eteteko aukera planteatu du.

Enpleguaz, “administrazioak herritar guztiei bermatu beharreko eskubidea dela” adierazi du Aranburuk, “eta horren faltan, gutxieneko soldataren adinako kalte-ordaina ordaindu beharko luke”.

Ondasuna banatzeko bideak ere hizpide izan ditu Aranburuk. Batetik, soldatak duintzea, “erosahalmenaren galerari aurre egiteko soldatak hobetzea”, 1.400 eurotako gutxieneko soldata helburu moduan kokatuta. Bestetik, “zerga politika progresiboa, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko diru gehiago bildu eta diru publikoa egoki erabiltzeko”.

Aranburuk gaineratu du EAJren eta PSEren egungo EAEko gobernuak aldaketa behar duela: “Aldaketa gero eta gertuago ikusten dugu; gu ere bagara aldaketa horren motore eta jarraitu dezagun aldaketa hori bultzatzen”.

Horrez gain, Aranburuk adierazi du “ekintza sindikal borrokalariarekin, eta negoziazio kolektiboak eskaintzen dizkigun aukerak baliatuz, euskal esparrua zabaltzen” ari garela. Borondaterik balego, egungo eskuduntzekin, langileen mesedetan politika publiko ausartagoak egin litezkeela adierazi du. “Baina ez gara horrekin konformatzen: egungo autogobernu maila gainditu behar da. Hemen erabaki behar ditugu gure lan eta bizi baldintzak, eta, horretarako, estatus politikoak berritu behar dira”, gaineratu du.

LABen izaera soziopolitikoa ere aldarrikatu du Aranburuk, negoziazio kolektibora mugatuko ez den sindikatua baita. “Azken 50 urteotan bezala, klase borrokan eta askapen borrokan eragile aktibo izango gara, herri honek eta langileok behar ditugun eraldaketa soziala eta aldaketa politikoak bultzatuz”.

50. urteurrena eta mobilizazioa

LAB bere 50. urteurrena ospatzen ari da 2024 honetan eta horrek ere bere lekua izan du Aldabe Gizarte Etxean egindako ekitaldian. Horrela, urteurreneko artelana erakutsi dute bertan berau egin duen Zirika artistak eta Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak. Artelanak zuhaitz bat irudikatzen du, sustrai sendoak eta adar zabalak dituena. Izan ere, Zabaltzen da LABen 50. urteurreneko leloa.

Ekitaldian Igor Chillon LABeko Gasteiz-Lautada-Errioxako arduradunak ere hartu du hitza, eta aipatu du Araban LABek inoiz izandako zabalkunde handiena duela gaur egun. Azken hamarkadetan herrialdeko borroketan sindikatuak izan duen paper garrantzitsua ere nabarmendu du. Era berean, militantziari aitortza ere egin diote, agurra dantzatuz. Ekitaldiaren ondoren, ehunka lagunek manifestazioa egin dute Zaramaga auzoraino.