2026-04-24
Blog Page 137

Idiazabalgo JASO Tower Cranes-en grebara goaz

Joan den astean zuzendaritzak zortzi lankide kaleratzeko hartutako erabakiari aurre egin asmoz, grebara jotzea erabaki du langile batzarrak.

Ez dugu enpresaren erabakia onartzen, ez eta erakutsitako jarrera ere. Jada hartua zuen erabaki bat jakinarazteaz gain ez du bestelako aukerak negoziatzeko inolako borondaterik erakutsi. Horregatik, greba eta mobilizazioaren bidea da JASOko langileei geratu zaien aukera bakarra.

Hala, aste honetan greba egingo dugu ostegunean eta ostiralean (hilak 12 eta 13), datorren astean asteazkenetik ostiralera (hilak 18, 19 eta 20), hurrengoan asteartetik ostiralera (hilak 24, 25, 26 eta 27) eta, irtenbiderik ezean, greba mugagabeari ekingo diogu handik aurrera. Dei egin nahi diegu langile guztiei grebara batu daitezen eta mobilizazioetan par har dezaten, batuta lortuko dugulako.

Kaleratzeak atzera botatzeko eta negoziatutako irtenbide bat bilatzeko helburuz, denon lanpostuen etorkizunaren defentsan borrokatuko gara. Hori dela eta, dei egin nahi diogu enpresari egoera gehiago gaiztotu aurretik akordioetara iristeko borondatearekin hitz egitera eser dadin.

Nazio askapenean eta eraldaketa sozialean egindako bidea eta egiteko duguna aldarrikatuko ditugu Gasteizen

LAB sindikatuak 50 urte bete ditu aurten eta urtean zehar hainbat ekimen egin ditugu LAB Zabaltzen lelopean, nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen mende erdi egin dugula gogoratu, eta, aldi berean, etorkizunera begira bide horretan jarraitzeko konpromisoa berritzeko. Bada, irailaren 14an Araba mailako egun osoko egitaraua izango dugu Gasteizen, hain justu, sindikatuak betidanik kalea hartzeko ohitura duen hirian. Arabari eta Gasteizi begirako eguna izango da, bertako borrokek LAB indartu dutelako eta, aldi berean, LABek Arabako langile klasearekiko duen konpromisoa berretsi nahi duelako.

Izan ere, Araban ere sindikalismo berria indar handiz ari da zabaltzen: borrokak aktibatzen, lan eta bizi duinak defendatzen, gure balioak eta egiteko moduak hedatzen eta baita gure presentzia handitzen ere. LAB jada Arabako hirugarren sindikatua da, eta afiliazioan eta ordezkaritza mailan inoizko kopuru altuenak ditu egun.

Kaleak aldarrikapenez bete, hamarkada hauetako borrokak balioan jarri eta urteurrena giro onean ospatzeko asmoarekin, egun osoko egitaraua prestatu du sindikatuak Gasteizen, belaunaldiz belaunaldi izan garena, bagarena eta izango garena lotuz:

-11:00etatik aurrera, Andra Mari Zurian: Infogunea. Bertan, informazio sindikalaz gain, sindikatuaren oinarriak, ildoak eta proiektuak modu ikusgarrian azalduko ditugu.

-12:00etan Andra Mari Zuritik: Aldarrikapen-kalejira. Gasteizko kaleetan borroka desberdinak ikustaraziko ditugu, ekimen ikusgarrien bitartez. Bukaeran ekitaldi txiki bat egongo da Andra Mari Zurian.

-14:30ean Sumendin: Bazkari herrikoia. LABeko belaunaldi desberdinak bilduko gara, eta esperientziak partekatu. Bukaeran, bazkaloste musikatua izango da, Gorka Etxeberria abeslariaren eskutik.

-20:00etatik aurrera Garraxi tabernan DJak egongo dira.

Hezkuntzako sindikatuok irailaren 26an Nafarroako irakaskuntza publikoan egingo dugun greba erregistratu dugu

Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza publikoko sindikatu guztiok (LAB, STEILAS, ANPE, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT) 2024ko irailaren 26rako, ostegunerako, greba deialdia erregistratu dugu Iruñean, Hezkuntza Departamentuan.

Administrazioaren aurrean sektore publikorako lan-hobekuntzak denbora luzez aldarrikatu ondoren, Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak ez diete jaramonik egin gure eskaerei: ratioak jaistea, erosteko ahalmena berreskuratzea, lan-gainkarga murriztea eta irakaslegoaren egonkortzea.

Horregatik guztiagatik, irakaskuntza publikoko irakasleak ordezkatzen ditugun sindikatuok adierazi dugu nazkatuta gaudela administrazioaren negoziazio faltarekin.

Mobilizatzeko unea iritsi da, eta dei egin diegu irakasle guztiei irailaren 26an grebarekin bat egin dezaten.

40 laneko heriotza 8 hilabetetan

Abuztuaren 25ean, Bermeoko Pesquería Vasco Montañesa SA (PEVASA) enpresarako lanean ari zen P.M.S. arrantzalea hil zen Dakar (Senegal) inguruko uretan. Itsasontzian arrantzan ziharduen langile bermeotarraren heriotza ez traumatikotzat jo da ofizialki. Honekin, 2024an gutxienez 40 langile hil dira lan istripuz, horietatik 6 abuztuan.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta samina adierazi nahi dizkiegu hildakoaren senide, lagun eta lankideei.

Salatu behar dugu mota honetako istripuak aztertzeko eta argitzerako orduan ikaragarrizko trabak eta gardentasun eza aurkitzen ditugula. Era berean, nabarmendu behar da heriotza ez traumatikoen atzean faktore ezberdinak daudela eta lan karga, erritmoak, estresa eta jarduera mota honetan presente dauden faktoreek eragin zuzena dutela.

LABetik irmoki salatu nahi dugu heriotza hau. Arrantza sektorean gertatzen diren diren eskubide urraketak, hitzarmen duinen falta, segurtasun neurririk eza, etenik gabeko lanaldiak edo sektorearen ezaugarri diren lan neurri gogor eta arautu gabeak dira heriotza hauen errudunak.

Heriotza hauek eragiten dituztenak ez dira aurretik aipatutako arrazoiak bakarrik. Euskal Herriko enpresak dira Senegalgo eta beste hainbat lekutako itsasoak ustiatzen eta arpilatzen dituztenak, hemengo agintarien laguntzarekin. Ezaguna da Eusko Jaurlaritzak atunontzi handiak dituzten eta altura handiko flora kudeatzen duten enpresen alde egiten duen apustu irmoa. Baliabideak arrantzaleen segurtasuna bermatzeko erabili beharrean, armak erosteko ematen diete dirua, hauekin piraten erasoetatik babesteko.

Baxurakoa bezalako beste arrantza arteak gutxiesten dituzte, askoz ere jasangarriagoak eta hurbilagoak direnak, eta plan estrategiko baten beharrean itotzen ari direnak.

Arrantza sektore osoak behar du lan baldintzen aldaketa eta arauketa legala. Aski da orain dela urte askotako araudiekin eta ohiturekin lanean aritzeaz. Arautzeak eragina izango luke istripu eta heriotzen tasan.

Eusko Jaurlaritzaren arrantza politikek beste herrialdeetako itsasoak arpilatzea soilik dute helburu. Enpresek bertako herritarrak kontratatzen dituzte baldintza prekarioetan lan egin eta lanean bizia galtzeko. Sasoi bateko sistema kolonialak erabiltzen dituzten enpresak diru publikoz laguntzen dituzte eta gainera, baldintzarik gabeko babesa eskaintzen diete. Politika hauek ere badira itsasoan gertatzen diren arrantzaleen istripuen erantzule.

Horregatik, lan osasuneko baldintza egokiak bermatu ditzaten exijitzen diegu enpresei, eta Eusko Jaurlaritzari, ereduaren inguruko norabide aldaketa eta lan osasuneko neurriak betetzen direla berma dezala.

Euskal Osasun Sistema Publiko indartsu bat lortzeko helburuarekin hartu dugu parte Osasun Itunaren Mahaian

Azken hamarkadetan EAJk lideratutako Gobernuen eskutik ezarri diren politika neoliberalek Osakidetzaren gainbehera ekarri dute. Osasun pribatua indartzeko publikoa ahultzeak ondorio larriak ekarri ditu: zerbitzu publikoa eta bertan lan egiten dutenen lan baldintzak okertu dira.

Osasun sistema publiko indartsu bat behar dugu eta hori da mahai honetan, mahai sektorialean, lan zentroetan eta kalean aldarrikatu eta borrokatuko duguna. Mahaian parte hartzeak ez du esan nahi bukaerako itunean egongo garenik. Hori negoziazio kolektiboan eman beharreko aldaketekin eta osasun sistema indartzeko hartu beharreko neurriekin egongo da lotuta.

Herritarrak mobilizatu egin dira. Langileak ere borrokatu dira eta borrokatzen jarraitzen dute, eta hori izan da Osakidetza eraldatzearen eztabaida ireki duena. Langileak eta herritarrek osasun politiken aldaketa exijitzen dute, okerrak izan diren politikak alboratuz, pribatizazio, kontzertazio eta externalizazio politikak edo langileekin eramandakoak, esaterako.

Horrekin lotuta, gaur Gobernuak aurkeztu duen diagnosian asko harritu gaitu langileekin eramandako politiken eta hauen ondorioen inguruko azterketarik ez egotea (lan baldintzak, behin behinekotasuna, langile eskasia, ….) ezta pribatizazio politiken eraginaren inguruko azterketarik. Bi gai hauek, beste batzuekin batera, eragin oso handia izan dute Osakidetzaren gainbeheran eta ondorioz ematen ari den osasun zerbitzuaren okertzean.

LABek ekarpenak egingo dizkio Gobernutik eginiko diagnosiari, hau zuzendu eta osatzeko, beti ere lan baldintza egokiak dituen eta zerbitzu egokia ematen duen Osasun Sistema Publiko indartsu bat lortzeko helburuarekin.

Nafarroako Administrazioko Nukleoko Langileen Batzordeak bi batzar antolatu ditu Hezkuntza Laguntzako Espezialisten kolektiboak urrirako planteatu duen grebaz jarduteko

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio-Erroko Langileen Batzordeak Hezkuntza Laguntzako Espezialistei (HLE) zuzendutako bi batzar (bata Iruñean eta bestea Tuteran) antolatuz hasi du ikasturtea. Gainera, kolektibo horretako sindikatu guztiekin bat eginda antolatu ditu. Kolektibo horrek 500 langile inguru biltzen ditu, oso feminizatuta dago eta gainera, gehienek, kontratu partzialak sekulako egonkortasun eza jasan behar dituzte.

Batzar hauen helburua datorren urrirako greba bat prestatzea izan da, kolektiboaren lan egoera zein horrek hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleekin egiten duen hezkuntza esku-hartzea hobetzea helburu duena.

HLE kolektiboak negoziazio mahaia irekitzea eskatzen du, aurreko legealdiaren hasieran Hezkuntza Departamentuak aldebakartasunez apurtu baitzuen. Zentzuz jokatuko dutela espero dugu: Hezkuntza eta Funtzio Publikoa ordezkaritza sindikalarekin negoziatzera eseriko direla eta ez dugula egoera hori behartzeko grebara jo beharrik izango.

Egoera zaurgarrienetan dauden langile kolektiboetan egin du gora nagusiki langabeziak

Ezinbestekoa da kalitatezko enplegua sortzeko politika publikoak garatzea.

Azken hilabeteetan salatu izan dugun moduan dagoeneko langabezia tasa ez da neurgailu fidagarria lan merkatuaren egoera neurtzeko. Enplegu prekarioak biderkatu izanak langileen egoera irakurri ahal izateko langabezia baino elementu gehiago aztertzea eskatzen du. Edonola ere, langabeziak izan duen igoera ikusirik, ezinbestekoa da enplegu prekarioak sortzeak langabeziaren igoeran daukan eragina aztertzea. Izan ere, egoera zaurgarrienetan dauden langile kolektiboen langabeziak egin du gora nagusiki.

Egoera horren aurrean, ezinbestekoa dugu kalitatezko enplegua sortzeko politika publikoak garatzea: Euskal Herrirako gutxieneko soldata bat ezartzetik hasi, langileen artean sortzen ari diren arrakalak ezabatzeko urratsak ematearekin jarraitu edota negoziazio kolektiborako eskubidea urraturik duten sektoreetan eskubidea egikaritzeko pausuak emanaz, etxeko langileak kasu.

Hilabete honetan langabeziak gora egin du %2,45, Hego Euskal Herrian 140.770 langile direlarik lan bila daudenak.

Datuak sakonago aztertuta badira ezberdintasunak langabeziak eragiteko orduan. Langabeziak egoera kalteberena bizi duten langile kolektiboei eragiten die bereziki, lan eremuan bizi duten prekaritate egoeraren ondorio ere badelako ezegonkortasuna eta horren ondoriozko langabezia igoera. Azken hilabeteetan behin baino gehiagotan salatu izan duguna ekarri nahi dugu gaurkoan gogora, sortzen ari zen enplegua prekarioa eta ezegonkorra zela, alegia. Gaurko datuek hori berau berresten dute, izan ere, emakumeen*, gazteen eta langile migratuen langabeziak egin du bereziki gora abuztuan. Sektoreei dagokienez, zerbitzuen sektoreak izan du langabeziaren igoera nabarmenena. Azken urteetan bizitzen ari garen tertziarizazio prozesuak lan prekarioagoa sortzen du, ezegonkorragoa, eta hilabete honetako langabeziaren datuek joera horren arriskua erakusten digu.

Iaz baino 2.948 langabe gehiago badaude orokorrean, horietatik 2.062 emakumeak* dira (%70), eta lan bila izena emanda duten langabeen %59,20 ere emakumeak* dira. Gazteei dagokionez, igoera orokorra bikoiztu du euren langabezia igoerak, pasa den urtetik hona %5,84 igo baita gazte langabeen kopurua. Langile migratuak dira azkenik bataz bestekoaren gaineko langabezia igoera izan dutenak, azken urtean 1.382 migratu gehiago ari baita lan bila.

Afiliazioari dagokionean ere joera bera azpimarratzen dugu: behera egin du orokorrean, eta batik bat emakumeei* eta gazteei eragin die jaitsiera horrek, gazteen artean %8,4 jaitsiz eta emakume* gazteen artean %10,6.

Gainera, iaztik hona sorturiko afiliazio handiena (%89,56) zerbitzuen sektorean izan da, afiliazio osoaren %73ra iritsiz. Euskal Herrian gero eta langile gehiago ditugu zerbitzuen sektorean lanean, sektore industrialen pisua murrizten ari da, eta horrek, tamalez, langileen lan baldintzen prekarizazio batera garamatza.

Cementos Rezolako langileen borrokari esker, enpresak behartutako kaleratzerik ez egitea lortu da

Ostiralean Cementos Rezola Añorgako langileen batzarrak enpresak egindako azken proposamena bozkatu eta gero, gaur zuzendaritzarekin bilera egin du enpresa batzordeak.

Langileen batzarra hartutako erabakiaren aurrean enpresak bere proposamena hobetu du, honen ondorioz ez da behartutako kaleratzerik egongo. Hori dela eta, enpresa batzordearen gehiengoak, hau da LABek, erregulazio espedientea epaitegietara ez eraman eta greba bertan behera uzteko konpromisoa hartu du.

Ohar honen bidez argi utzi nahi dugu lortutakoa ekainaren 28tik hona egindako borroka guztiaren fruitua dela eta langileen borrokak merezi izan duela.

Gora langileon borroka!

Nafarroako Industria legean kalitatezko enplegua eta aberastasunaren banaketa bermatzeko anbizioa erakusteko eskatu dio LABek Gobernuari

Gaur goizean agerraldia egin du Mikel Irujo Industria kontseilariak datorren Industria legearen prestaketan egindako azken aurrerapenen berri emateko. Horrelako agerraldien titular arranditsuez landara, LAB sindikatuak foru legearen behin betiko zirriborroa jasotzeari itxaronen dio, behar bezala aztertu eta baloratzeko, baina ohartarazi nahi du Industria Federazioko delegatuak aktibatuak dituela Nafarroako Gobernuari exijitzeko sektorean trantsizio ekologiko baten bidean jar dadila, sektorearen etorkizuna bermatuko duena, kalitatezko enplegua defendatuko duena eta aberastasuna banatuko duena.

LAB sindikatuak hilabeteak daramatza azpimarratzen aukera badagoela Nafarroako gehiengo sozialaren egungo egoera hobetzeko, etorkizuneko erronka handien aurrean egiturazko aldaketak gauzatzeko anbizioa aldarrikatuz. Eta egungo egoera hobetzeak esan nahi du atzean utzi behar direla jarrera autokonplazienteak, eta aurrera egin behar dela Nafarroako langileen bizi eta lan baldintzak duintzeko bidea. Horregatik, positiboa da Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Mikel Irujo Industria kontseilariak ere legegintzaldi honetako lehentasunei aurre egiteko anbizioaz hitz egiten hastea.

Industria indartzea eta eraldatzea da lehentasun horietako bat, sektorearen etorkizuna horren esku baitago. Horrela, LABek egoki eta estrategikotzat jotzen du sektorearen beharrezko trantsizio ekologikoari ekitea etorkizuneko Industriari buruzko foru legearen inguruko eztabaidaren bidez, Nafarroako ekonomian, lurraldean eta langileengan duen pisua kontuan hartuta.

Nafarroako Gobernuak eskura ditu hilabete hauetan LAB sindikatuak egindako ekarpenak eta lana. Ekainean, LAB sindikatuko Industria Federazioko dozenaka delegatuk beraien konpromisoa eta determinazioa erakutsi zuten, sektorearen etorkizunari eta haien lanari balioa emateko. Orain, Nafarroako Gobernuak erakutsi behar du baduela anbizioa, beti aseezinak diren enpresariek jartzen dituzten zailtasun eta oztopoen gainetik, kalitatezko enplegua bermatuko duten aldaketak ezartzeko eta Nafarroako industriako milaka langileek sortzen duten aberastasuna behar bezala banatzeko.