2026-09-20
HomeEkintza SindikalaEz dugu parte hartuko Osalanek antolatutako Arrisku Psikosozialei buruzko XIV. Jardunaldietan, iruzurra...

Ez dugu parte hartuko Osalanek antolatutako Arrisku Psikosozialei buruzko XIV. Jardunaldietan, iruzurra zuritzeko ariketa direlako

Lanera itzultzea errazteko mekanismoak baja psikosozial luze baten ondoren izenburupean egingo diren jardunaldietan aritzeko gonbidatua izan da LAB, baina parte hartzeari uko egin dio, arrisku eta baja psikosozialak lanak eragindakoak direnik aitortzen ez delako.

Dagoeneko arazo psikosozialak dira Euskal Herriko langileen artean lehen laneko arrisku faktorea, eta errealitate hori ukatzea langileriari egiten zaio iruzurrik handienetakoa da.

Arrisku psikosozialak, funtsean, lanaren kontzepzio, antolaketa eta kudeaketa desegokiaren ondorioz sortzen dira, baita ingurune soziolaboral eskasaren ondorioz ere; izan ere, faktore horiek, berez edo elkarren artean konbinatuta, arazo psikologikoak, fisikoak eta sozialak sor ditzakete, eta horiek pairatzen dituzten langileentzat ondorio oso negatiboak ekar ditzakete.

LAB sindikatuak behin eta berriz salatu du enpresek eta prebentzio zerbitzuek ez dituztela ebaluatzen arrisku psikosozialak, eta ildo beretik, sarritan kritikatu du lanak sorturiko arazo psikosozialak ez dituztela ez mutualitateek ez Espainiako Estatuko Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak ere.

Gaixotasun arrunt bezala kalifikatzen dituzte, prebentzio logika guztia hankaz gora jarriz. Nekez hartuko dituzte enpresek neurriak ez badira lanak eragindako arazotzat hartzen.

Absentismoa agenda politikoan dagoen garai honetan, salatu behar dugu arazo psikosozialak, esan bezala langileari lanak eragindako osasun arazo hedatuena, gaixotasun arrunt bezala hartzean, enpresek ardura saihesten dutela eta arazoaren zama guztia osasun sistema publikoaren eta langilearen bizkar uzten dutela.

Osalanen gaurko jardunaldia ez da protokolo eraginkor baterako oinarria izango, okerra baita jartzen duen abiapuntua.

Bestelako gogoeta eta urratsak eskatzen ditu LABek: kalifikatu daitezela gaixotasun mentalak laneko gaitzen zerrendan, indargabetu dadila mutualitateek jokatzen duten paper maltzurra, eta funtsean, beharrezkoak diren aldaketak egin daitezela enpresek eragindako arriskuen ardura har dezaten, neurriak eraginkorrak izateko. Hortik aurrera has gaitezke protokoloetaz hitz egiten.

Amaitzeko, aldarrikatu nahi dugu Osalanek gaitasun exekutiboa bereganatu behar duela, behingoz, lan ikuskaritzarekin batera, enpresei laneko osasunerako araudia betearazteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.