2024-12-06
HomeEkintza SindikalaBalenciagako langileek mobilizazioei ekingo diete, ontziolaren etorkizunaren alde

Balenciagako langileek mobilizazioei ekingo diete, ontziolaren etorkizunaren alde

Prentsaurrekoa egin dute gaur Zumaian, eta enpresaren itxieraren aurkako manifestazioa iragarri dute. Azaroaren 29an izango da, 18:00etan, ontziolatik abiatuta. Era berean, abenduaren 4an Gasteizen mobilizatuko dira, Jaurlaritzaren inplikazioa eskatzeko.

Agerraldian egindako irakurketa:

Balenciagako langileak nazkatuta gaude, enpresako zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza eta Ekonomia Ministerioa errusiar erruletara jokatzen ari dira gure etorkizunarekin. Orain arte isilik egon gara; instituzioekin egiten ari ziren negoziazioak eta zordunen gehiengoarekin egindako akordioek enpresa aurrera ateratzea lortuko zenaren esperoan. Nazkatu gara.

Hilabeteak dira egoera pairatzen ari garela. Momentu honetan 5 ordainsari zor dizkigute (zenbait kideren kasuan gehiago). Gainera, egoera hau kudeatzen ari direnek itxitzat jo dute enpresa, horrekin gure etorkizuna eta Urola Kosta eskualdearen zati handi batena hiltzat emanez. Duela bi urte, Balenciagak 200 langile zuzen zituen plantillako kideak eta kontratetakoak batuz; hori guztia, lan-zentrotik kanpo sortzen zuen lana kontuan hartu gabe. Langile horien guztien etorkizuna zakarrontzira botatzen ari dira, Balenciaga bideragarria dela garbi daukagu; izan ere, badago etorkizunerako lan-karga. Finantziazioa lortzeko babesa baino ez da behar.

Suminduta gaude: aurre-konkurtso egoeran lortutako bideragarritasun plana boikoteatzen ari da COFIDES enpresa publiko-pribatua. Hartzekodunen konkurtsoa eskatu izanaren erantzule nagusia da momentu honetan COFIDES, hala gertatuko balitz, baita ontziola ixtearena ere. Akordioa ez onartzea gutxi ez, eta behin Balenciaga itxitakoan bere soberakinetatik diru gehiago lortzeko asmo miserablearekin plana geldiarazten saiatu dira azken hilabeteetan egin dituzten mugimenduekin. Deigarria da Madrileko gobernua hain estrategia nazkagarriarekin lotuta egotea.

Eusko Jaurlaritzarekiko haserrea ere ezin dugu ukatu. Enpresari babes osoa helarazten diola adierazten dion bitartean, bideragarritasun planari inpugnazioa jarri ziola jakin genuen. Ez dakigu zertan ari den. Benetako interbentzioa egiteko exijitu nahi diogu hemendik, hala zor digutela ulertzen baitugu.

Hori guztia esanda, argi eta garbi utzi nahi dugu egoera honen erantzule nagusia enpresako zuzendaritza dela. Azken urteetan eraiki ditugun itsasontzien kudeaketa negargarriak ekarri gaitu hartzekodunen konkurtsora. Langileok enpresa aurrera ateratzeko egin dugun esfortzua azpimarratu nahi dugu; izan ere, momentu honetan, 5 hilabeteetako nominak zor dizkigu (zenbait kideri gehiago). Egunero ari gara sufritzen, hipotekak eta seme-alaben ikastetxeak ordaindu beharrarekin jarraitzen baitugu, besteak beste. Hemen gertatzen ari denaren ondorio nagusiak pairatzen ari garenak gu gara. Negoziaziotan ez gaitu kontuan hartu enpresak, albo batera utzita izan gaitu.

Horrengatik guztiagatik, Balenciagako langieok gure etorkizunaren alde borrokan jarraituko dugu. Azaroaren 29an, ostiralean, arratsaldeko 18:00etan, manifestazioa egingo dugu “Balenciaga ez itxi” lelopean ontziolatik bertatik abiatuta. Zumaiako eta Urola Kostako bizilagun guztiei bertan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu, gure etorkizuna jokoan dagoelako. Garbi izan behar dugu enpresa bideragarria dela eta irekita mantentzeko aukerak badaudela, horregatik garrantzitsua da Gasteizen eta Madrilen gure ahotsa ozen entzutea. Ezin da onartu hainbeste pertsonaren etorkizuna jokoan uztea politikariei axola izan gabe.

Zumaiako manifestazioaren ondoren, Gasteizen ere mobilizazioak egingo ditugula esateko aprobetxatu nahi dugu momentu hau, Gasteizko zein Madrileko gobernuen inplikazioa exijitzeko. Instituzioekin bilerak lotzen hasiak gara. Atzo Zumaiako udalarekin bildu ginen, eta bere babesa adierazi ziguten. Aste honetan Gipuzkoako Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bilduko gara. Ostiralean, berriz, Madrileko gobernu ordezkaritzarekin Gasteizen (kontzentrazioa egingo dugu langileok atarian). Astilleros Balenciagak etorkizuna izango du, politikoek hala egitea erabakitzen baldin badute. Beraien esku dago enpresaren etorkizuna.

Horrez gain, datorren astean (abenduak 4) beste mobilizazio bat egingo dugu Gasteizen instituzioak interpelatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Abenduaren 6an ez daukagu ezer ospatzeko

Abenduaren 6a jai egun inposatua da Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioaren urteurrena dela eta. Ez ospatzetik harago, Euskal Errepublikaren aldeko konpromisoan berresteko eguna da LABentzat. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gure egoitzak zabalik egongo dira, ostiraletako ohiko ordutegian, 9:00etatik 14:00etara.

Langile baten kaleratze bidegabea eragin duen zigor-politika ari da aplikatzen PEPSICO

Enpresa batzordea Etxebarri-Ibiñako lantegiaren aurrean mobilizatu da, eta argi eta garbi esan du PEPSICOn ez dagoela inor soberan eta kaleratzea guztiz bidegabea dela. Horrez gain, kaleratutako lankidea lanera bueltatzea eskatu du.

LABek ez du Ilunion enpresaren akordioa sinatuko eta desadostasuna adierazteko mobilizatu da

LAB eta ELA sindikatuek deituta, Ilunion enpresako Beriain eta Noaingo lantegietako langileek, ONCE Fundazioarenak diren eta ikuztegi industrialeko zerbitzuak eskaintzen dituzten enplegu zentro berezietakoek, elkarretaratze bana egin zuten atzo, hitzarmen berriaren negoziazio mahaian sindikatu horiek alde batera utzi dituztela salatzeko. LABek ez du akordio hori sinatuko, langileen behar eta aldarrikapen nagusiak jasotzen ez dituela uste duelako.