2026-04-21
Blog Page 132

Gutxieneko pentsioak osagarritzeko ordua da

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gaur aurkezturiko Herri Ekimen Legegilearekin bat egiten dugu LAB sindikatuan, eta gutxieneko pentsioa 1080€-tara berehala osagarritu dadin borroka egiten jarraituko dugu.

Gaur, Bilboko La Bolsan, hamaika pentsiodun batu dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako ageerraldian. Urte luzez aritu da kalean Mugimendua pentsio duinen aldeko borrokan eta LAB sindikatua bidelagun izan du, tartean 2020ko urtarrilean egindako Greba Orokorrean.

Orduko Greba Orokorrean Euskal Herrirako gutxieneko soldata eta pentsioa ezarri zedin aldarrikatu genuen, eta horrela egiten dugu orain ere. Euskal langileok modu duinean bizitzeko eskubidea dugu, horregatik bertako errealitate sozioekonimikora egokitutako diru sarrerak behar ditugu; hala gure bizitza laboralean nola berau amaituta erretiroa hartzean. Horretarako, LABek Gizarte Segurantza propioa eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren beharra defendatu dugu beti.

Euskal Herrian posible egin dezakegu. Bada oinarri nahikoa eta adostasunerako tartea urrats berriak emateko. LABek Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko ekimenekin batera, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Autonomia Erkidegoan gutxieneko pentsioa 1080€tara osagarritzeko proposaturiko bidearekin ere bat egiten du. Nafarroan garatzeeke dagoen Gobernu eta EHBilduren arteko akordioa gauzatzeko presioa ere egingo du sindikatuak.

Urgentziaz gutxieneko pentsioak osagarritu behar dira. Gutxieneko soldata erreferentzia hartuta, osagarritze hau egiturazkoa eta DSBEren prestaziotik kanpo egituratu behar da, pentsio kontributibo eta ez kontributiboei ekarpena egin eta genero arrakalari aurre egiteko.

Madriletik pentsio sistema etengabe murrizten ari diren honetan, langileen alde egiteko garaia da, lan eta bizitza duineen alde egiteko garaia.

Bizkaiko H&M-ko plantilla grebara, lanpostuen defentsan

H&Mk azken sei urtetako laugarren Enplegu Erregulazio Espedientea aurkeztu du, eta, gutxienez, Ballontiko denda ixtea eta bertako 29 lanpostuak suntsitzea proposatu du. Gutxienez esaten dugu, EEE deialdian beste denda batzuetako langileei eragiten dieten neurriak aplikatzeko aukera ere aipatzen duelako.

2018an Moyuako denda itxi, Max Centerrekoa ondoren, lanpostuak suntsitu 2020an… Online salmentaren eta gero eta denda gutxiago izatearen aldeko apustua egiten du arropa merkataritzako kate honek, eta dendetan gero eta langile gutxiago izatearen aldekoa. 2023an 775 milioi euroko irabaziak izan zituen enpresa bati buruz ari gara, aurreko urtekoak bikoiztu zituelarik.

Hemen lan egin, hemen erabaki

EEEak hemen eragiten badu, hemen negoziatu behar dela aldarrikatzen du LABek.

Enpresak Estatu mailan planteatu du enplegu-erregulazioko espediente hau, hainbat lurraldetan borrokan ari diren sindikatuak negoziazio-mahaitik kanpo uzteko eta Estatuko sindikatuekin alfonbra gorriarekin negoziatu ahal izateko. Sindikatu horiek beti sinatzen dituzte Enplegu Erregulazioko Espedienteak haiekin.

Horregatik, LABek exijitzen du negoziazioa EEE horrek eragina izango lukeen lurralde bakoitzean egin dadila, eta grebara aterako da, enpresa hemen esertzera eta beraiekin adostera behartzeko.

H&M-k ezin du online ereduan soilik oinarritutako eredu baten alde egin: teknologia berriak geratzeko badatoz, langileekin adostu beharko du eredu berriak nolakoa izan behar duen eta nola egin harantz trantsizioa, enplegu-suntsiketan oinarritu gabe. Norbaitek horretarako gaitasun ekonomikoa badu, honelako enpresak dira.

Beti langileon alde

Aurrekoetan bezala, LABek negoziazioa Bizkaira ekar dadin borrokatuko du: ELArekin batera greban hasiko da asteburuetan, negoziazioak irauten duen bitartean, eta eman beharreko pausoak baloratuko ditu. Lehenengo greba egunak asteburu honetan bertan izango dira, irailaren 27an eta 28an, eta mobilizazioak egingo dituzte merkatal zentroetan.

“H&M eta COS borrokaren eta elkartasunaren eredu izan dira orain arte, eta badakigu hala izaten jarraituko duela”, nabarmendu du LABek.

Nafarroako enplegu plana kritikatu dugu, edukirik gabekoa litzatekeelako, eta langileen aldeko benetako neurriak aldarrikatzeko kanpaina abiatuko dugu

LABen Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak gaur eman duen prentsaurreko baten bidez, kritikatu egin du Nafarroako enpresariek UGT eta CCOO eta Nafarroako Gobernua behartu dituztela soldata igoera eta lanaldia murriztea hurrengo enplegu planaren negoziaziotik at gelditzera; hartara, akordioa pisuzko edukirik gabe geldituko litzateke berriz ere. Ildo horretan, langileen aldeko neurri errealak aldarrikatzeko kanpaina bat jarri dugu martxan LABen –1.600 euroko gutxieneko soldata, 30 orduko lanaldia eta zerbitzu publikoak indartzea xede dituena–, eta, horren barruan, urriaren 10ean Burlatan mobilizatuko gara, Iturrondo Enplegu Agentzia Integralaren aitzinean.

LAB sindikatuan hilabeteak daramatzagu Nafarroako gehiengo sozialaren egungo egoera hobetzeko aukera azpimarratzen, etorkizuneko erronka handien aurrean egiturazko aldaketak gauzatzeko anbizioa aldarrikatuz. Izan ere, borroka sindikal eta sozialari esker, langileontzat garrantzitsuak diren auziak kokatu dira agenda politikoaren erdigunean, maila desberdinetan bada ere: soldatak, lanaldia, etxebizitza, zaintza, zerbitzu publikoak eta osasun sistema publikoa, autogobernua-estatus politikoa…

Baina Nafarroako enpresariak ez daude egoerak eskatzen duen mailan. CEN patronalak soldaten igoeraren eta lanaldiaren murrizketaren gaiak Nafarroako Enplegu Planaren negoziaziotik kanpo uztera behartu ditu UGT eta CCOO sindikatuak zein Gobernua. Hala ere, udazkenean horren propagandarako ariketa eginen dute aipatutako eragileak.

Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuak huts eginen du uste badu egungo egoera hobetu daitekeela edukirik gabeko akordioekin, diru laguntza batzuetara eta interes korporatiboetara mugatutako akordioekin. Murrizketak baztertzen ez diren testuinguru batean Gobernua, CEN, UGT eta CCOO eragileen arteko betiko argazkia zentzugabea eta mingarria izanen da herrialde honetako langileentzat. Nafarroako langileei ezertan mesede egiten ez diena. Are gehiago, dirua ez dagoenean zahar egoitzetako emakume langileentzat. Gobernuak ez dauka borondaterik patronalaren interesekin konfrontatzeko eta, hori egin ezean, ezin izanen zaio aipatutako arazoei benetako erantzunik eman.

Konfrontaziorik gabe ez dago sakoneko aldaketarik. Lantoki eta sektore mailako borroketan parte hartzen jarraitzearekin batera, Gobernua eta patronala interpelatzeko kanpaina jarriko dugu LABetik. Euskal Herrian, Nafarroan, langileen aldeko erabakiak hartzeko presio egitera goaz. Langileen alde, eta hemen erabaki nahi dugu, badagoen erabaki ahalmena erabiliz nahiz erabaki ahalmen hori handituz.

Zehazki, hiru dira kanpainaren bidez aldarrikatuko ditugun premiazko neurriak.

  1. 1.600 euroko gutxieneko soldata. Egun, Nafarroan enplegu bat izatea ez baita pobreziaren arriskutik urruntzeko bermea.
  2. 30 orduko lanaldia. Jardunaldi murrizketa ezinbesteko erronka da. Enplegua eta lana banatzeko eta zaintza kolektibizatzeko.
  3. Zerbitzu publikoak indartzea. Lehentasunez hiru eremutan: zaintza, osasuna eta etxebizitza.

Kanpaina horren barruan, urriaren 10ean, eguerdian, mobilizazio bat eginen dugu Burlatako Kultur Etxetik Iturrondo Enplegu Agentzia Integralera, Nafarroako langile guztientzako lan baldintza duinak eskatzeko.

Vicarliko batzordeak kaleratzeak eta erabateko ziurgabetasuna salatu ditu enpresaren egoeraren aurrean

Dagoeneko bost langilek jaso dute kaleratze-gutuna, eta datozen egunetan gehiago kaleratuko dituzten beldur dira. Langileek salatu dutenez, oso harreman txarra dute enpresarekin, eta nabarmena da konpainiako langile guztien egonezina. Inbertsio-funts batena den enpresa berehala saldua izateko zain dago.

Nafarroako Vicarliko enpresa batzordeak, LAB, ELA, CCOO eta UGTko ordezkariek osatua, enpresaren noraeza salatu nahi du. Enpresaren berehalako salmentak – gaur egun GPF Capital inbertsio-funtsaren jabetzakoa da- langileak dagoeneko ordaintzen ari diren erreakzioak eragin ditu.

Azken egunetan, bost langilek jaso dute kaleratze-jakinarazpena. Batzordeak salatu duenez, enpresak ez du inolako elkarrizketarik edo konponbiderik bilatu kaleratzeei ekin aurretik. Langileen ordezkaritza sindikalarentzat, konpainiak erabateko despotismoa eta totalitarismoa erabili ditu, eta langileen artean prekaritate, ziurgabetasun eta giro txar orokortuaren sentsazioa sortu du.

Enpresa-batzordeak dio ez duela ezer ulertzen. Enpresak ez die langileei entzun nahi izan, ezta alternatibak aztertu ere, eta ez du beste aukerarik baloratu. Konpainiak arrazoi objektiboak argudiatu ditu, eta kaleratzeagatiko gutxieneko kalte-ordaina eskaini die kalean utzi dituzten langileei.

Gainera, datozen egunetan kaleratze gehiago izatea espero da, eta horrek, ia ziurtasun osoz, Beriaingo lantokia ixtea ekarriko du. Horregatik, foru erkidegoko enplegua defendatzeko eskatu nahi dio Nafarroako Gobernuari, beste edozein interesen aurretik langileak jarriz. Era berean, gardena izan dadila eskatu dio batzordeak enpresari, sindikatuokin hitz egin dezala eta gure eskaerei erantzun diezaiela.

Kaleratutako langileen profila
Vicarlik kaleratu dituen langileak esperientziadun profesionalak dira eta beren lanarekin konprometituta daude. Enpresa batzordeak salatu du langileak kaleratzen ari dela, saldua izaterako orduan konpainia erakargarriagoa izan dadin.

Hori dela eta, enpresa batzordea osatzen dugun lau sindikatuok enpresari jakinarazi diogu plantilla eta sindikatuok borrokari ekingo diogula enpresaren noraezak bide horretatik jarraitzen badu.

Garbiñe Aranburu: “Mezu euskarafoboak orokortu nahi izatearen joera oso arriskutsua da”

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra ETB1 telebista kateko Egun On saioan egon da gaur goizean, Odei Esnaolak elkarrizketatuta.

Sindikatuak mahai gainean dituen lan-ildoez eta gaurkotasunari loturiko hainbat gairi buruz aritu da Aranburu, hala nola osasungintzaz eta EAEn eratu den osasun mahaiaz, euskara eskakizunen bueltan hedatzen ari diren diskurtsoez, lanaldi murrizketaz edota gutxieneko soldataz.

Esteka honetan ikus daiteke elkarrizketa osorik (0:51:00 minututik aurrera): https://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/egunon-euskadi/

Arabako egoitzetako egoeraren harira, administrazioaren erantzukizuna azpimarratu dugu

Sektorearen egoera prekarioaren ardura langileen gain jartzea ez dugu begi onez ikusten, hain zuzen ere beharginak baitira zerbitzua behar bezala ematea zailtzen dieten lan-baldintza prekarioak salatzen dihardutenak.

“Zaintza Araba” egoiliarren senideen elkarteak argitaratutako ohar baten harira, komunikabide ugarik Arabarren egoitzako zerbitzuaren baldintzei buruzko albiste baten berri eman dute.

Egiten ari den irakurketaren larritasuna salatu nahi dugu. Aipatutako oharrean adierazten diren gertakariak oso kezkagarriak diren arren, izugarri larria da sektoreko langileengan erantzukizuna kokatzea, horiek baitira, hain zuzen ere, euren lan-baldintzak urteak salatzen daramatzatenak: ratio guztiz eskasak, langileen ordezkapenik eza, gehiegizko lanaldiak, laneko segurtasuneko baliabide eta neurririk eza.

Beste behin ere, adinekoei arreta emateko zerbitzuen ardura duten administrazioen zabarkeria salatzen dugu. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak ez du adinekoei arreta emateko zerbitzuak modu egokian arautuko dituen dekretu berri bat egiteko ardura bere gain hartzen, eta Arabako Foru Aldundiak, dekretu hori egon ezean, ez ditu beharrezko neurriak hartzen egoiliarrei arreta egokia emateko, eta utzikeriaz jarraitzen du jokatzen.

Salatzen du aspalditik EAJk bultzatutako pribatizatutako zaintza eredua dela gaur egun egoitzetan dagoen errealitate tamalgarriaren erantzule, egoiliarrek ez ezik, langileek ere pairatzen dutena.

Horrelako gertaerek gaur egungo zaintza-sistemaren gabezia larriak eta honen pribatizazioaren ondorioak azpimarratzen ditugu. Era berean, salatzen dugu Arabako Foru Aldundiak uko egiten diola duen erantzukizunari, adinekoen arreta zerbitzuen baldintzak modu egokian arautuko dituen herrialdeko hitzarmen sektorialari dagokionez. Halaber, zaintza publiko eta komunitarioko sistema baten premia larria aldarrikatzen dugu, eta beste behin ere aldarrikatzen dugu plublifikaziorako bidea, egoiliarren zein sektoreko langileen bizi baldintza duinak bermatuko lituzkeena. Izan ere, zaintza ezin daiteke esku pribatuetan egon, are gutxiago Aldundiaren babesarekin. Instituzioek kudeaketa publiko zuzena bultzatu behar dute, eta pribatizazioari atea itxi. Pribatizazioak zaintza langileen eta egoiliarren miseria dakar, etekin ekonomikoek zaintza duinak baino garrantzi handiagoa hartzen dutelako. Horregatik, zaintza ereduaren premiazko aldaketa exijitzen dugu.

Sindikatuak ezin du onartu langileak jomugan jartzea, eta EAJ-PSOEri eta beraiek gobernatzen dituzten administrazioei erantzukizuna, inplikazioa eta erreparazioa exijitzen die.

EAEko Hezkuntza Sailak eskola jangelak arautzen dituen agindu bat argitaratu du, alde bakarretik, sindikatuokin eta hezkuntza-eragileekin adostu gabe

Joan den ostiralean, Begoña Pedrosa Lobato Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berriak agindu berri bat argitaratu zuen, EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako eskola jangelak arautzen dituena. Agindu hori sektoreko langileen ordezkariokin eta hezkuntza-eragileekin hitz egin gabe onartu du.

Agindu berrian, Hezkuntza sailburuak jasotzen du jangela funtsezkoa dela ikasleen hezkuntza-prozesu osoan, baina oraindik ere zerbitzu osagarri gisa hartzen da. LABek beti defendatu du jangela ikastetxeko beste gune bat dela, eta bertan ikasten eta irakasten jarraitzen dela. Halaber, bertako langileok hezkuntza-lana egiten dute, baina gaur egun oraindik ez dute aintzatespen instituzionalik.

Hezkuntza sailburu berriak aukera bat galdu du berriz ere jangelen kalitatea hobetzeko, arlo publikoaren bitartez. Argi dago ez zaizkiola batere axola langileak ezta jangela erabiltzen duten ikasleak ere. Agindu berrian ez dio erreparatu langileen aldarrikapenetako bat bera ere jasotzeari: ratioak hobetzea (begirale bakoitzeko ikasle gutxiago egotea), jangelako gutxieneko ordutegia (gutxieneko lanaldiak), funtzioak zehaztea, ikastetxearen erabakietan parte hartzea, hezkuntza-lanaren aitorpena eta formakuntza, besteak beste.

Agindu berriak zerbitzu publiko bat pribatizatzen jarraitzen du. Zerbitzu hori diru publikoarekin ordaintzen zaie enpresa pribatu batzuei, kudeaketa integrala egin dezaten. Kudeaketa horren barruan sartzen dira elikagaiak eta langileen soldata eta lan-baldintzak, eskola gutxi batzutan izan ezik (gero eta gutxiago); horietan, sukaldeko langileak Hezkuntza Sailekoak baitira. Garraiatutako janaria duen jangela bat ikastetxean bertan prestatzera pasatzen den bakoitzean (in situ jangela), sukaldeko langileen kudeaketa kolektibitateetako enpresa pribatuen esku geratzen da. 2019tik, sukaldarien soldata Hezkuntza Saileko sukaldarien soldataren %100ean parekatuta dago, eta 2023tik begiraleena ere bai. Nola jarrai dezakete Hezkuntza Saileko langileen soldata eta kostu ekonomiko berarekin azpikontratatutako langileak izaten? Are gehiago, nola ulertzen da Sailak berak jasotzea langileen orduko prezioaren puntuazioa lizitazioetan?

LABek beti defendatu izan du jangela kudeatzeko egungo eredua aldatu beharra, zaharkituta dagoelako, hezkuntza-komunitateak bertan parte har dezan, baina zalantzarik gabe, langileen kudeaketa Hezkuntza Sailari dagokio zuzenean.

LAB sindikatuak galdera bat egiten dio Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berriari: Jangelen zirkularra ere aldatuko al du alde bakarretik, aldez aurretik sindikatuekin eseri gabe, 2000ko martxoaren 22ko aginduarekin egin duen bezala, horrek zuzenean eragiten baitie jangeletako langileen lan-baldintzei eta zerbitzuaren kalitateari?

Orain da unea jangeletako langileak kalera ateratzeko. Hezkuntza Sailak langileen ordezkariekin eseri behar du eskola jangeletako langileen aldarrikapenak entzuteko, euren lan-baldintzak hobetzeko eta lanpostuei eusteko akordioak lortzeko, baita kalitatezko zerbitzua emateko beharrezko tresnak eskaintzea ere.

LAB sindikatuak dei egiten die sektoreko langile guztiei lan-baldintza eta bizitza duinen aldeko borroka-prozesua hasteko.

Lan eta bizitza duinen aldeko dinamika eskualdez eskualde zabaldu dugu

Lan eta bizi baldintza duinen aldeko neurriak aldarrikatu, eta horien gainean Euskal Herrian bertan erabakitzearen aldeko aldarria erdigunean jarri du LABek aurtengo ikasturtean. Langileen aldeko politikak behartzeko konfrontazioa beharrezkoa izango dela iritzita, lantoki eta sektore mailako borroketan parte hartzen jarraitu, eta, era berean, gobernuak eta patronala interpelatuko ditu LABek; nagusiki, hiru aldarrikapenekin: 1.600 euroko gutxieneko soldata ezar dadila, negoziazio kolektibo intersektorialaren bidez; lanaldia 30 ordura jaitsi dadila, digitalizazioak ekarriko duen enplegu suntsiketari erantzuteko, krisi ekosozialak eskatzen duen trantsizioari ekiteko, eta zaintza krisiari aterabidea emateko; eta zerbitzu publikoak indartu ditzatela. Halaber, neurrion gaineko erabakiak Euskal Herrian bertan hartzearen premia ere mahaigaineratu nahi du kanpainak.

Kanpaina Hego Euskal Herriko eskualde guztietara eramateko anbizioa du LABek, eta, asmo horrekin, ehunka ordezkari sindikal bildu ditu azken asteetan, hamalau batzarretan. Horietan, eskualde bakoitzean ikasturteko erronkak zein diren xehatu, eta, aldi berean, kanpainak ezarritako helburuak eguneroko jardun sindikalera nola eraman aztertu dute.

Negozioaren eta instrumentalizazioaren aurka, guztiontzako eskubideen alde

Irailaren 23an, behartutako prostituzioa helburu duen giza-salerosketaren aurkako nazioarteko egunean, LAB sindikatutik giza-salerosketa mota guztien aurkako jarrera berretsi nahi dugu: prostituzio behartua, nahitaezko lanak, derrigorrezko ezkontza, organoen salerosketa… Era berean, salatu nahi dugu erakundeek oraindik ere ez dutela nahikoa egiten krimen horrekin amaitzeko, eta alderdi politiko eta elkarte batzuek auzi hau instrumentalizatzea ere gaitzesten dugu.

Mugen sekuritizazioarekin eta pertsonen (batez ere lurralde pobretuetatik datozenen) mugikortasunaren kriminalizazioarekin “aurrera” egiten duen Europak pertsonen salerosketari aurre egin beharrean, garai honetako negozio handienetako bat bihurtu du: hainbat helburutarako, giza bizitzekin salerosten da. Atzerritartasun Legeak baliabiderik ez duten pertsonak salerosketa-sare eta legez kanpoko trafikoko sare mafiosoetara kondenatzen ditu. Europara iristen laguntzen diete, migrazio-zor handi baten truke, eta zor hori itzultzeko mehatxuak eta esplotazioa eguneroko ogia dira. Atzerritarrei buruzko Legeak berak eskatzen die, Europan jarraitzeko, beren bizitza eta senideena arriskuan jarriko dituen salaketa bat egitea.

Adierazi nahi dugu prostituzioaren diskurtso abolizionistak ez duela migrazio-prozesuetan arretarik jartzen, giza-salerosketa sexu-zerbitzuen eskaerarekin amaituko balitz bezala. Zorroztasun metodologikorik gabeko azterlanak erabiltzen dituzte (Espainiako Berdintasun ministroak joan den astean aurkeztu zuen bezala), trata instrumentalizatu eta sexu-lana kriminalizatzeko. Salatzen dugu beste giza-salerosketa mota batzuei ez zaiela ikusgarritasunik ematen eta salatzen ditugu giza-salerosketa etekina ateratzeko erabiltzen diren egitura guztiak.

Ezkutuko ekonomiak, subalternizazioak eta marjinalitateak babesgabetasun handiagoko zirkuituetan jartzen dituzte pertsona horiek. Sare horietatik ateratzeko erakundeen aurpegia garbitzeko diru laguntza handiak baino askoz gehiago behar da: ikuspegi integrala izango duten politika publikoak behar dira, pertsona horientzako oinarrizko eskubideak bermatzeko.

Salerosketaren biktimek behar dutena sexu-lanaren aurkako diskurtsoetan instrumentalizatuak izateari uztea eta izu-morala hedatzeari uztea da. Izan ere, lege punitibistek ere behartzen dituzte pertsona hauek klandestinitatera.