2025-12-17
Blog Page 13

Hildako langile bat eta zauritu larri bat utzi ditu basogintzak, enpresa eta baso berean, hamar egunetan

10 eguneko epean, Leitzako ZUBILAGA SARALEGI S.L. enpresako bi langilek lan istripu larriak pairatu dituzte Sakanako Iturmendi herriko basoan. Urriaren 22an, 34 urteko langile bat helikopteroan atera behar izan zuten altueretako erori baten ondoren. Atzo, Iturmendiko baso eremu berean, 62 urteko E.A.D langilea adar batek jota hil zen basogintza lanetan ari zela.

Basogintza sektorea hilkortasun tasa handiena duen sektore bezala identifikatua du LABek. Hain zuzen, eraikuntzak berak baino 10 aldiz hilkortasun handiagoa eragiten du urtez urte. Bi hildako eragin ditu dagoeneko 2025ean, hiru 2024ean, eta larriki zaurituriko zerrenda luzea dago urtero. “Kontuan izanik sektorea ez dela 1000 langilera iristen Euskal Herria osoan, datuak beldurgarriak dira”.

LAB sindikatuak adierazi du istripu tasa honen atzean prebentzio neurrien ez betetze orokortua dagoela. “Basogintza patronalak ez du inongo osasun bermerik eskaintzen. Sektoreak langile prekarizatuenak erabiltzen ditu bere mozkinak bermatzeko, ez du tresneria egokia erabiltzen, eta formakuntza eskasa ematen die langileei”. Bada, sindikatuaren arabera, beste gako gehigarri bat istripu tasa honen atzean, lanaldiko ordu kopuru izugarria. “Ohikoa da goizaldetik iluntzerarte langileak basoan topatzea, honek urte-garaiaren arabera 12 ordutako jardunaldia suposatzen du”. Nekea beraz, arrisku faktore oso nabarmena da bereziki sektore honetan, istripuak eragiteko arrazoi garrantzitsua.

Nafarroan basogintza lanak batez ere eremu publikoetan garatzen dira eta hortaz, “administrazioak baditu tresnak patronalaren araudi hausteak mugatzeko”, salatu du LABek . “Hain zuzen esleipen pleguak erabili daitezke araudiaren ez betetzea isuntzeko, lanorduak kontraktualki mugatzeko eta beste hainbat baldintza ipintzeko, halanola Errekurtso prebentiboaren presentzia baso-lan guztietan behartzeko”.

Egoera hau salatzeko, lan osasunerako intersindikala osatzen duten LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde, HIRU ETA CGT-LKN sindikatuek ekimen berezia antolatu dute azaroaren 10ean Gaztelu Plazan.

TUVISA, ordezkaritza sindikalaren eskubideen aurka

LABetik, TUVISAko zuzendaritzak ordezkaritza sindikalaren aurka duen jarrera salatu nahi dugu.

2024ko martxoan, Iratxe González gure ordezkariak bere lanak normaltasun osoz egiten denbora bat eman ondoren, TUVISAko zuzendaritzak erabaki zuen gure atal sindikala ukatzea eta Iratxe delegatu izendatu izana ez onartzea, askatasun eta ordezkaritza sindikalerako eskubidea nabarmen urratuz.

Askatasun sindikalen aurkako eraso horren aurrean, LAB behin eta berriz saiatu zen enpresak zuzenketa egin zezan, baina TUVISAk, bere jarrera autoritario eta antidemokratikoa alde batera utzi gabe, nahiago izan zuen gure eskaerei jaramonik ez egitea, eta auzitara jotzeko bide bakarra utzi zigun.

2025eko martxoaren 17an, epaitegiek arrazoia eman ziguten eraso horren aurrean, eta zuzendaritzak amore eman behar izan zuen, ez bakarrik eragindako kalte larria aitortuz, baita enpresari kalteordain bat ordaintzera behartuz ere.

Bere garaian, bazirudien gai hori hor amaituko zela, baina, gure harridurarako, enpresak, bere jarrera diktatorialarekin jarraituz, errekurtso bat jarri zuen berehala. Jakinda horrek esan nahi zuela prozesu berri hori ebatzi arte Iratxek ezingo zuela delegatu gisa jardun, eta espero zuela egoera hori hauteskundeak egin arte luzatzea. Horrela, ondorio praktikoetarako, TUVISAko plantillaren zati handi batek bere botoaren bidez esleitu zion ordezkaritza gauzatu ezinik jarraituko zuen.

Justiziak arrazoia eman digu urriaren amaierako aste honetan bertan, ordezkaritza sindikala ukatzeko neurri hori legez kanpokoa dela adieraziz. Beraz, 2022ko abendutik, hautatua izan zenetik, egon behar genuen eszenatokian gaude.

Espero dugu TUVISAko zuzendaritzak ez duela eskubide sindikalak murrizten saiatuko, eta ez duela beste helegite bat jarriko LABen, gure ordezkari sindikalaren eta duela ia bi urte hautatu zuten langile guztien aurka. Onartuko duela, azkenean, langileok eskubideak ditugula, horrek samindu edo min eman badiezaieke ere.

LABetik argi daukagu gure lanak zuzendaritzak ukatu nahi dituen eskubide guztiak atsedenik gabe defendatzeko ildoan jarraituko duela.

Confebasken neurrira egindako aurrekontuak aurkeztu ditu Pradalesen gobernuak

Gutxieneko soldataz eta pentsioaz eztabaidatzeari uko egin ostean aurrekontu neoliberalak aurkeztuta, Pradalesek Urkulluren ildoa bere egin du, bai formari eta bai funtsari dagokionez.

Azaroaren 6an mobilizazioak egingo ditu LABek lau hiriburuetan, zaintza sistema publikoa eraikitzeko norabidean inbertsio handiagoa aldarrikatzeko.

Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak eta Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak agerraldia egin dute gaur, aste honetan aurkeztutako EAEko aurrekontuen balorazioa egiteko. Perezek aste honetan zabaldu diren lerroburuen atzean dagoen iruzurra salatu du: “Ohi bezala, aurreko urteko aurrekontuekiko zer nolako igoerak dauden nabarmendu du gobernuak, baina alderaketa hori iruzurtia da, KPIa urtero igotzen den heinean, aurrekontuak ere igotzea logikoa baita. Ezkutatu nahi dutena da, ordea, Jaurlaritzak zerga erreformari uko egin diola da, 1.000 milioitan zorpetu dela eta diru hori, nagusiki, armagintza industriarako eta patronalari mesede egiteko baliatuko duela da”.

Bilbon egindako agerraldian, Ekintza Sozialeko arduradunak adierazi du Pradalesen gobernuak baliatu egingo duela Madrilek lege dekretu bidez irekitako aukera Euskadi Eraldatuzen bidez industria plana diruz hornitzeko, eta plan hori sindikatuon parte hartzerik gabe eta patronalaren neurrira diseinaturikoa dela. “1.000 milioiko zorpetze hau kapital errentei presio fiskala igotzeari uko egin ondoren gauzatu dute. Hurrengo urtean interesak ordaindu beharko ditugu oraingo diru bilketa sistema injustuaren bidez, eta, gainera, zentimo bakarra ere ez da bideratzen politika sozialetara. Den-dena testuinguru belikoa aukeratzat jotzen duen industria planaren mesedetara bideratzen da; langileak babestetik urrun, enpresen errentagarritasuna bermatzeko”.

Horrela, osasungintzan eta hezkuntzako inbertsioetan %53 igo dutela jaso duten titularren atzean dagoena aletu du Perezek.

Osasungintzan 210,2 milioi euro gehiago (osotara 5.321,7 milioi) iragarri dira. Alabaina, 210,2 milioi horiek ez dira Osakidetza dimentsionatzeko eta indartzeko plantillari, zerbitzu-zorroari edo osasun mentaleko sarea egituratzera bideratuko. Kolaborazio publiko-pribatuan sakontzen jarraitzeko finantzazioa da; osasungintzari bideraturiko sailak langile propioz egin ditzakeen lanak kanporatzeko, hain zuzen. Zentzu horretan, gogoratu behar da, orain arte, LAB sindikatuak 303.000.000€ esku pribatuetara pasatzea geldiarazi duela. Gauzak horrela, BPGrekiko osasungintzara bideratutako kopurua mantendu egin da, eta hori BPGrekiko %5,04 da, Europako Batasuneko azken urteetako (2019, pandemia aurretiko datua) batez besteko gastua BPGrekiko % 9,9 baino handiagoa izan denean.

Hezkuntzari dagokionez, % 5,44ko igoera zehaztu da (195,3 milioi gehiago; osotara, 3.789,1). 195,3 milioi horietatik, 80 milioi langileon mobilizazio eta greben ondoriozkoak izan dira, LABek sinatu dituen hezkuntza publikoko lan hitzarmenetan jasotako neurrietarako baitira. Hezkuntzan ere, BPGrekiko bideratutako kopurua mantendu egin da. BPGrekiko %3,59 da, azken urteetan Europako Batasuneko batez besteko gastua BPGrekiko %6,6 baino handiagoa izan denean.

Titularrak, ordea, aipatutako zorpetzea ezkutatuz, gehien igo diren partidetan eman ditu Noel D’Anjou Ogasun sailburuak; etxebizitza, unibertsitateak eta segurtasuna. Jakintzaren eta unibertsitate sarearen aldeko apustua egin dela adierazi da, baina inbertsio hori ez da iristen legeak finkatzen duen BPGren %1 izatera. Asteazkenean bertan, EHUko errektoretzak beharrezkoa duten aurrekontuen erdia soilik jasoko duela salatu zuen; besteak beste, langileen lan baldintzak duintzeko aukerari ateak itxiz.

Testuinguru ekonomikoak sortutako ziurgabetasun egoeraren aurrean, bizitza bizigarriak izateko herritarroi segurtasuna gizarte prestazioek eta zerbitzu publikoen indartzeak ematen digute. Alta, kontrakoa saldu nahi izan bada ere, aurrekontu hauetan herritarron segurtasunean ez da batere inbertitu. Azken honen partida 12,5 milioi eurotan jaitsi da, eta DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarena soilik %2,5 igo. Gogorarazi beharra dago gutxieneko pentsioak osagarritzeko DSBEren eredua defendatu zuela Jaurlaritza honek eta argudio horrekin itxi ziola atea Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 145.000 sinadurekin sustatuko herri ekimen legegileari. Bada, aurrekontu hauekin aurten ere EAEko pentsiodunei ez zaie gutxieneko pentsioa gutxieneko soldataraino osagarrituko, eta egun indarrean dagoen genero arrakala bere horretan mantenduko da.

Perezen azken gogoeta Jaurlaritzak aurkezturiko partidarik handienaren ingurukoa izan da, Denis Itxasok gidatzen duen Etxebizitza eta Hirigintza Sailarena. Etxebizitza politikari bideratutako kopurua 442 milioi izango dira. Etxebizitza langile sektore zabalak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusietako bihurtu dela nabarmendu Perezek, eta, etxebizitzarako sarbidea zailtzen ari bada, politika publikoen bidez etxebizitzaren negozioari galga jarri baino berau hauspotzen delako dela salatu.

Euskal Etxebizitzako Behatokiak adierazitakoaren arabera, 103.000 herritar daude Etxebiden izena emanda, eta Itxaso sailburuak berak adierazi du soilik %60ri ematen zaiola nolabaiteko babesa, izan babestutako etxebizitza bidez (gutxienak) edota prestazio bidez (gehien-gehienak). Aurrekontu proiektu honetan, ordea, Visesari eta Alokabideri emandako diru partidekin, martxan direnez gain, babestutako 800 etxebizitza berri baino gutxiago eraikiko dira. EAJk eta PSEk eraikuntzaren aldeko apustu nabarmena egin duten honetan, horretara heltzen dira aurrekontuekin: 800 etxebizitzara. Hori bai, kolaborazio publiko-pribatu honek baditu onuradunak, etxebizitza bakoitzeko 50.000 euroko diru laguntza jasotzeko aukera eskaintzen baitzaie eraikitzaileei, eta, gainera, alokairu eskuragarria deritzonaren bidez batezbestekotik gorako prezioan merkaturatuko dira. Gasteizen, adibidez, era honetako etxebizitzak 889 eurotako prezioan alokatuko dira, hiriburuko batez besteko prezioa 739 eurotakoa denean.

Nabarmena da etxebizitza parke publikoa handitu beharra dagoela eta hori ezin dela eraikuntza ziklo berri baten bidez lortu. “Hilabeteak daramatzagu salatzen EAJren eta PSEren etxebizitza politika higiezinen patronalaren menpekoa dela eta etxebizitzarekin negozioa egiten jarraitzeko diseinatu dela, eta aurrekontu proiektuak hori berretsi besterik ez du egiten”, adierazi du Ekintza Sozialeko eledunak.

Arroyok salatu du Confebasken neurrira egindako aurrekontuak direla aurkeztutakoak: “Hiru eskaera nagusi ditu Confebaskek, eta Pradalesek azken asteotako erabakiekin (gutxieneko soldataz eta pentsioez eztabaidatzeari ezetz esan eta gero) hiruei egin die men: bat, enpresarientzat zerga baxuak; bi, langileentzat soldata baxuak; eta hiru, diru publikoa negozioa egiteko bideratzea, izan nagusiki langileon errentekin ordainduko den zorpetzea enpresen errentagarritasuna bermatzeko erabiliz edota zerbitzu publikoen pribatizazioaren bidez, enpresek Osakidetzaren edota zaintzaren kontura negozioa egiten jarraitzeko”.

Nafarroako aurrekontuak ere CENen neurrira eginak daudela esan du Arroyok: “EAErekin alderatuta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan progresibitate handiagoa dago, baina enpresarien eta errenta altuen pribilegio fiskalari eusten zaio. Bestalde, zenbait zerbitzuen publifikazioa egin bada ere, azkenekoa osasun garraioan, ez dago zerbitzu publikoen garapenerako apustu estrategikorik”.

EAEra bueltatuta, Pradales operazioa iruzur hutsa dela baieztatu du Arroyok: “Urkulluren gobernuarekiko distantzia irudikatu nahi izan du, baina, azkenean, ildo bera hartu du, bai formari dagokionez, baita funtsari dagokionez ere. Formari dagokionez, gutxieneko soldataz eta pentsioaz eztabaidatzeari ezezkoa eman dio Jaurlaritzak, kasik 300.000 herritarren babesa zuten bi herri ekimen legegileri muzin eginez; Osasun Mahaian muzin egin die sindikatuok egindako publifikazio eskaerei; eta aurrekontuetan ez dira aintzat hartu azken hilabeteetako eskaera sozialak. Funtsari dagokionez, politika neoliberalei eutsi die Pradalesek, bai aurrekontu politikan baita osasungintza edota zaintza bezalako eremuetan”.

Hain zuzen ere, zaintza eremuko langileen aldarrikapenak aintzat har daitezen exijitzeko, Pribatizatutako zaintzako langileok langile publikoak gara! lelopean mobilizazioak antolatu ditu LABek azaroaren 6rako, lau hiriburuetan.

EAEko aurrekontuei begira LABentzat lehentasunezkoak diren eskaerak:

  • Gutxieneko pentsioa gutxieneko soldataraino osagarritzeko 310 milioiko diru partida.
  • Jaurlaritzaren menpeko langile guztiek, zuzenak zein azpikontratatuak izan, bizitzaren garestitzearen dinamika betean, 1600 euroko gutxieneko soldata jasotzeko partida sortzea (Osakidetzako zerbitzuetako langileen artean zelariak zein administrari laguntzaileak, Jaurlaritzako “Laguntzako Langileen Talde Profesionala” zein Enplegu Zentro Berezietako langile guztien % 70 baino gehiago —esaterako, Katea Legaiako, Gureak Laneaneko, Lantegi Batuakeko, Ilunion Lavanderia Euskaldunako edota Centro de Ayuda Especialeko langileak—).
  • Etxeko langileen kontratazioaren jarraipenerako, jardunaldiaren erregistrorako eta lan osasuneko neurrien kontrolerako ikuskaritza eta kontrol publikorako unitate espezifikoa sortzeko diru partida.
  • Enplegu Zentro Berezietako langileen sektoreko lehen lan hitzarmenerako diru partida.
  • Telelaguntza zerbitzua publifikatzeko diru partida.
  • Gizarte zerbitzuen legearen baitako zaintza zerbitzuetan azpikontrataturiko langileen ratioak bateratzeko eta hobetzeko finantzazioa.
  • Osasun sistema publikoa indartzeko finantzazioa, lehen mailako arretara eta publifikazioak egitera bideratua, eta ez pribatizaziora. Horrez gain, behin-behinekotasuna jaisteko salbuespenezko egonkortze neurrietarako finantzazioa, ezkutuan dauden 7000 lanpostu estrukturalak sortu eta langileak egonkortzekoa, plantilla dimentsionatzekoa, mediku-erizain ratioak gutxitzekoa eta zerbitzu-zorroa baliabide publiko eta propioekin zabaltzekoa.
  • Osasun mentaleko zerbitzua publikotik indartzeko baliabide gehigarrietarako eta Osasun Mentaleko Sarea egituratu eta publifikatzeko finantzazioa.
  • Anbulantziak publifikatzeko planerako eta zerbitzurako behar den diru partida.
  • Eskola publikoa eta Haurreskolak Partzuergo Publikoa sistemaren ardatz izateko inbertsioaren gehikuntza. Azpiegituretan inpaktuzko inbertsioa behar da, eta lan hitzarmenak betetzeko eta garatzeko finantzazio nahikoa behar da: zerbitzuetako langileen ratioak betetzeko, plantillak esleitzeko irizpideen ondoriozko lanpostu eta neurri berriak ezartzeko haurreskoletan eta heziketa berezian; eta irakasle funtzionarioen kolektiboan ordu lektiboaren jaitsieraren ondoriozko konpentsazioak sortu ditzakeen lanpostu berrien sorkuntzarako.
  • Ikastoletako langileak eta gizarte ekimenekoen soldatak langile publikoenekin 2027rako ekiparatzeko, urte honi dagokion finantzazioa.
  • Hezkuntzan azpikontrataturik dauden eremuetan publifikazio planak egiteko diru partida (jangela, garbiketa eta garraioa).
  • Trantsizio ekosozialean eragin asmoz, krisian dauden enpresetan edota langile batzordeen eskariz eraldaketa produktiboa gauzatzeko, erosketa publikoa gauzatzeko funtsa.
  • EAEn babes publikoa galdu eta merkatu pribatuan sartuko diren etxebizitzak lehentasunez erosteko eksubidearen bidez erosteko funts berezia.

Atomizazioak, gehiegizko kontrolak eta azken batean prekarietateak, hil egiten du

Atzo beste lan istripu hilgarri baten berri izan genuen, kasu honetan GRUSAR LOGÍSTICA Y DISTRIBUCIÓN enpresako (AMAZONen azpikontratako) 39 urteko D.J.G. langilea. Hesirik gabeko trenbide-pasagune batean gidatzen ari zen furgoneta trenak harrapatu zuenean, Zallan. Ditugun informazioen arabera, langileak trenbidearen bi aldeetan egin behar zituen banaketak, harrapaketa gertatu zen puntuan, hain zuzen ere.

LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena adierazi nahi diogu familiari, hildako langilearen lankideei, eta oro har, langile klase osoari.

2025 urtean, urtarriletik hona, gutxienez 58 langile hil dira beren lanpostuetan edo lanpostuengatik; 10 Araban, 13 Bizkaian, 13 Gipuzkoan, 1 Iparraldean eta 19 Nafarroan (baita 2 kanpoan ere)

Istripu hau ez da kausala, Amazonek bultzatutako lan harremanen eredu bati erantzuten dio, lan erritmo altuetan, presioan eta kontrolean oinarritzen dena. Izan ere, garraiolari bakoitza une oro geolokalizatuta dago kontrataren eta Amazonen bidez, eta kontrol deiak jasotzen dituzte, edozein arrazoirengatik (trafikoa, meteorologia, etab.) APPak ezarritako erritmoa betetzen ari ez direnean.

Amazonek azpikontratatutako enpresa sare bat erabiltzen du, lan baldintza prekarioak aplikatzen dituena bere irabazi multimilionarioak handitzeko, garraiolarien bizitzaren kontura.

Bizkaian Amazonen 5 azpikontrata daude:

CITYLOGIN IBERICA S.L.
GRUSAR LOGISTICA Y DISTRIBUCION
BESAIDE LOGISTICS SLU
FLASH DELIVERY SOCIEDAD LIMITADA
E-BOX LAST MILLE, S.L.

Bizkaian 300 banatzaile baino gehiago daude eta 10 lanordu baino gehiagoko lanaldiak betetzen dituzte, jaiegunetan lan egiten dute eta, entrega guztiak betetzen ez badituzte, zigortu egiten dituzte. Enpresa horietan, aldi baterako kontratuak nahi bezala egiten dira; gainera, kontuan izan behar da enpresa horiek guztiek ABLEetako behin-behineko langileak erabiltzen dituztela, eta horrek are prekarioagoa egiten du lan-harremana.

Hau ez da istripu bat, iragarritako heriotza baten kronika da lan baldintza txar batzuei erantzuten dielako, langile hauek arriskuan jartzen dituen prekarietate bati.

Honen aurrean argi daukagu mobilizazioa eta borroka dela bide bakarra. Horregatik, datorren azaroaren 3an goizeko 10etan mobilizazio batera deitzen dugu, Amazoneko instalazioen sarreran, LAB-ESK-STEILAS-ETXALDE-HIRU Sindikatuek deituta.

LABek Osakidetzako zuzendaritzari Palestinako genozidioa finantzatzeari uzteko exijitzen dio

LAB sindikatuak idatziz eskatu dio Osakidetzari enpresa israeldarrei erositako produktuak ordezkatzeko alternatibak aztertzeko eta estatu sionistako enpresa garrantzitsuenaren, Teva Farmaceutics-en, botikak banatzeari, erosteari edo preskribatzeari uzteko exijitu dio.

Osakidetzak Tevari erosten dizkion botiken gehiengo zabalak merkatuan alternatibak ditu, asko generikoak eta Europan jatorria dutenak.

Euskal osasun-zerbitzu publikoak ez du kolaboratu behar Palestinako lurraldeen okupazio israeldarra ahalbidetzen duen genozidioaren ekonomiarekin. Horretarako, era guztietako harremanak berrikusi behar dira, bereziki merkataritza-harremanak, harreman horiek finantzatzen baitituzte Palestinako okupazioa eta bere herriaren genozidioa.

Langileek eta erabiltzaileek kontziente izan behar dugu Teva farmazia-etxeko botika bat preskribatzen edo kontsumitzen dugunean genozidioa finantzatzen ari garela.

Osakidetzak 7 milioi eurotik gorako balioa duten botikak erosi dizkio farmazia-etxe honi 2023tik 2025eko urtea barne. Hau gelditu behar da, eta ez dugu onartu behar diru publikoa Israelgoa bezalako estatu genozida baten eskuetan amaitzea.

Nafarroako Osasunbidea dagoeneko hasi da Osakidetzarako eskatzen ditugun neurri horiek hartzen, beraz, posiblea eta beharrezkoa da.

Horregatik, gaur idatzizko eskaera baten bidez eta hilaren 31n Osakidetzako mahai sektorialean presentzialki eskatuko dugu Osakidetza Palestinako genozidioaren finantzatzaileetatik kanpo mantentzea bilatzen duten neurriak hartzea, LABentzat oso larria den gaia.

Era berean, ekimenak aurkeztuko ditugu ESI-etako plantillaren ordezkaritza-organo guztietan, Palestinako genozidioak Osakidetzan kolaboratzailerik izan ez dezan. 

FIBERTECNIC-eko langileek beren aldarria legebiltzarrera eraman dute

5 egun greba egin dituztenean beren hitzarmenaren berritzearen alde, Jaurlaritzak AERNNOVA taldeko enpresako honetako langileak ere kontuan hartzea eskatu dute.

Gasteizen dagoen Fibertecnic enpresako langileek gaur 5garren greba eguna dute haien hitzarmenaren defentsan. Aernnova taldeko enpresa kimiko honetan 165 langile inguruk egiten dute lan, eta greba egunen jarraipena oso arrakastatsua izaten hari da produkzioan, hau erabat etenda dagoelarik.

Negoziazioa maiatzan hasi bazen ere, 9 bilera burutu ostean ez dago aurrera pausurik. Enpresa tematuta dago kategorien progresioa okertzearekin, ez du inolako hobekuntzarik proposatzen eta, langileen adin batez bestekoa oso altua denean, ez du ezta ere errelebo kontratua bermatu nahi. Azken honek langileen erretiratze duina eta gazte-berritzea suposatzen, enpresaren etorkizuna sendotzeko.

Gauzak horrela, pasa den astean, Pradeles lehendakaria buru, Eusko Jaurlaritzak agerraldia egin zuen Aernnova taldeko buruekin, enpresaren errotzea eta kalitatezko enplegua aldarrikatuz. Fibertecnic-eko langileek gogorarazi nahi diote Gobernuari errotzea eta enpleguaren kalitatea langieen lan baldintzeko lotura zuzena duela. Horregatik, legebiltzarrera hurbildu dira gogorarazteko behargin hauek greban daudela, eta enpresari egiten ari zaion zuriketa honen aurrean, langileen baldintzak ez hobetzeko erabakia hartuta dutela salatzeko.

Azkenik, Enpresa batzordeak erabaki du azaroaren 5 eta 6 beste bi greba egun deitzea. LABetik adierazten dugu, negoziazioak ez badu aurrera egiten, borrokaren intentsitatea handitzearen alde egingo dugula.

LABek uko egin dio ZF Aftermarketeko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteari eta kritikatu du sindikatu sinatzaileen ‘konfiantza itsua’

LABek balorazio negatiboa egin dio ZF Aftermarket enpresarekin gehiengo sozialak sinatutako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteari, eta uste du akordio horrek sindikatu sinatzaileen enpresarekiko ‘konfiantza itsua’ islatzen duela. Sindikatuaren arabera, espedienteak ez du etorkizuneko bermerik eta ez ditu langileak behar bezala babesten.

Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea produkzio eta antolakuntza arrazoiengatik aurkeztu zen, baina LABek salatu duenez, “lehen egunetik, enpresak proposatutako konponbide bakarra Txinako plantara produkzioa ateratzea izan da, produktiboago izateko”. Sindikatuak salatzen du ez dela beste proposamenik egin, nahiz eta ordezkariek aho batez eskatu enpresari.

Sindikatuak adierazi duenez, enpresak “ez du etorkizunerako edo bideragarritasunerako planik aurkeztu, argudiatuz sei astetik harago ezin dutela ezer aurreikusi, ez produkzio, ez inbertsio, ez berme aldetik”, eta hori guztia kontraesanean dago, LABen ustez, “urtebeterako espedientea justifikatzen saiatzen ari direnean”.

LABek kritikatu du 2023ko kontu auditatuen ondoren, enpresa taldeak dibidenduak banatu arren, “ez direla %100eko soldata osagarriak sinatu kaltetutako langileentzat”. Sindikatuaren arabera, ia urte osoa emango dute langile batzuk erregulazioarekin, eta horrek kalte nabaria ekarriko die haien langabeziari, sinatutako egutegiaren arabera.

Sindikatuak zalantzan jarri du zenbait sindikatuen jarrera, “sinatutakoa publikoki goraipatu dute eta lanpostuen bermetzea lortu dutela esan dute, egia ez denean”. Hori ikusita, LABek ez du akordioa sinatu, nahiz eta negoziazioetan azken momenturarte proposamenak aurkeztu dituen.

Azken bileran, hasieratik sindikatu guztiek adostutako mugak ez zirela bete salatu du LABek. Sindikatuaren esanetan, orduak igaro ahala, muga guztiak gainditzen joan ziren, azkenik sindikatu batzuk enpresak aurkeztutako guztia sinatzeko prest zeudelarik.

Hortaz, LABek balorazio negatiboa egin dio espedientari, “enpresaren etorkizuna kontuan hartu gabe adostu” delako, eta bestelako kasuak gogorarazi ditu, hala nola Berrioplanoko MOVINORD edo Esquirozeko BSH, non, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak ondorio latzak izan dituzten.

BM-ek ez ditu errespetatzen Aiaraldeko langileak 

BM-ek Amurrio eta Laudioko langileen eskubideak murriztu nahi ditu

Duela bi urte, BM-ek Gasteizeko eta Arabako denda guztiekin akordio berria negoziatu eta sinatu zuen, Aiaraldeko (Amurrio eta Laudio) dendak alde batera utzi zituelarik. Ordutik eta bereziki azkenengo urte osoan zehar, enpresako ordezkariek BM Aiarako komiteri eta langileei akordio berria negoziatuko zela eta eskubiderik galduko ez zutela esan eta konprometitu ziren. 

Negoziatzeko garaia heldu denean, enpresak lehenengo negoziaketa hainbatetan atzeratu du eta azkenean benetako negoziaketari uko egin dio. Zuzendaritzak unilateralki nahi dituen baldintzak inposatzen saiatzen ari da langileei. Gaineratu behar da, BM Lan Harremanetarako Kontseiluan (LHK) bideratutako eta proposatutako kontziliazioari eta mediazioari uko egin diola Irailean.

Langileak akordioa gabe usteaz gain, langileei eta langileen ordezkariei gezurretan ibili dela argi esan dezakegu. Hainbat bilera, akta eta elkarrizketetan, enpresako ordezkariek akordio berri bat negoziatu eta akordatuko zela esan zuten eta konprometitu ziren, eta ez hori soilik langileek ez zutela eskubiderik ezta erosteko ahalmenik galduko hainbatetan ere aipatu zuten.

Baina egoeri muzin eginez, enpresa bere baldintzak inposatzen ari da eta edozein negoziazio eta akordio mota ukatzen du. Gaur egun, Amurrioko eta Laudioko BMko dendak dira egoera tamalgarri honetan dauden bakarrak. 

Honetaz gain, eguneroko lan-baldintzei eta lan kargei dagokienez, egoera prekarioa hobetu beharrean enpresa ez da plantilla indartzen ari, langileak ez dira ordezkatzen eta horietako batzuei ez zaie kontratua berritzen ari, are gehiago egoera guztiaren ondorioz langile batzuek enpresa ustea erabakitzen ari dira.

Hau gutxi ez balitz, azken hilabeteetan hainbat langileek eta langileen ordezkariek, presioa eta xantaia pairatu behar izan dute, bai dendetan zein enpresak langileentzat antolatutako jardunaldi batzuetan.

LAB ez dago inposizio horien aurrean isilik geratzeko prest. Langileen eskubideak eta baldintza duinak defendatzea legitimoa da. Horregatik, udan zehar hainbat ekintza sindikal egin dira, eta egoera ez dela aldatu edo hobetu ikusita, gaur, urriak 29, 3 orduko lanuztea egin dugu Amurrioko eta Laudioko dendetan, eta BMk Bilbon dituen bulegoen aurrean mobilizatu gara. 

Eusko Jaurlaritza: aurrekontuetan EHUrako beharrezko finantzaketa bermatu! unibertsitate publikoa lehenetsi!

2026ko EAEko aurrekontuen eztabaida hasi da Legebiltzarrean eta ezinbestekoa da unibertsitate publikoaren azpifinantzaketa beste behin ere agerian uztea. Izan ere, 2026rako EHUra bideratutako finantzaketa zertxobait igotzea aurreikusten bada ere, EHUko beharrak betetzetik oso urrun egoten jarraituko du, baita USLOk helburu moduan markatutako BPGren % 1etik ere. Aldi berean, unibertsitate pribatuetara bideratutako baliabideak, izan finantzaketa zuzena izan beste baliabide publikoen lagatzea, gero eta handiagoa da.

Unibertsitate publikoarekiko utzikeria interesatua dagoela berretsi behar dugu, EHUk dituen gabezi endemikoei aurre egitea ahalbidetzen ez duena.

EHUko irakasle-ikertzaileon oinarrizko soldatak bigarren hezkuntzako irakasleen oinarrizko soldatak baino baxuagoak dira eta erosahalmenaren galera oso nabaria izan da. Datu bat emateagatik, 2008tik irakasle agregatu eta unibertsitate titularren soldatek % 24,3ko galera izan dute. Horri gehitu behar zaio soldatak osatzeko 2006an sortutako osagarriak izoztuta mantentzen direla, urte horretatik hona KPIa % 46,6 igota.
Horrez gain, prekaritate egoera lazgarriak mantentzen dira. Ordezko irakasleak arduraldi osoan kontratatu ahal izateko bidea topatu bada ere, arduraldi partzialean jarduten duten irakasleek 400 eta 800 arteko euro kobratzen jarraitzen dute, egiten dituzten ezinbesteko aktibitate batzuk aitortuak izan gabe. Ikuspegi ekonomikotik, behintzat, unibertsitateko irakasle-ikertzailea izateko egin beharreko fondo-lasterketak ez du erakargarria egiten lanbide hau, eta jakintza arlo batzuetan gero eta irakasle lanpostu berri gehiago hutsik geratzen ari dira. Horrek ondorio larriak izango ditu epe ertain eta luzean, unibertsitate publikoaren sail batzuetan irakasle nahikorik egongo ez baita.

Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZELen) kasuan azken 15 urteetan gauzatutako erosahalmenaren galera % 18,2koa izan da, eta zerbitzu eta sail askotan langile gehiago behar da. Ordainsari-maila txikieneko lanpostuak berrikusi egin behar dira, eta bizitzaren benetako kostuarekin bat datozen soldata-baldintza duinak bermatu. Irakaskuntza, ikerketa eta gainerako aktibitateak era egokian garatzeko TEKAZELen lana ezinbestekoa da. Hala ere, Europako beste herrialde batzuetan irakasle-ikertzaile/TEKAZEL ratioa 2koa den bitartean, EHUn 2,76koa da.

Unibertsitate publikoak euskal jendartearen formazioa, ikerketa edota ezagutzaren transferentziaren beharrei erantzun ahal izateko ezinbestekoa da plantilla nahikoa izatea, promozionatzeko eskubidea bermatzea, lan-baldintza duinak izatea eta langileak zaintzea. Beharrezkoa da doktorego-tesietarako kontratu kopurua handitzea, ikerketarako baliabide nahikoa bermatzea, behar diren instalazio berriak martxan jartzea, eraikinen mantentze-lanak egitea (zentro batzuetan ohitu gara urteroko itoginetara…), zerbitzu batzuen pribatizazioarekin bukatzea, baita sailak eta zerbitzuak ondo hornitzea ere.

Era berean, errektoretza taldeari EHUrako beharrezko finantzaketa lortzeko jarrera irmoa exijitzen diogu. EHUko zuzendaritzaren erantzukizuna da jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitate publikoaren beharrei erantzuten dien finantziazioa kemenez defendatzea Eusko Jaurlaritzaren aurrean.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak bideratzen duen finantzaketak oso baxua izaten jarraitzen du. Izan ere, 2025erako EHUri egindako ekarpena 2024ko Euskal Erkidego Autonomoaren Barne Produktu Gordinaren % 0,46 izan da, Unibertsitate Sistema Lege Organikoak 2031erako markatzen duen BPGren %1etik oso urrun. Okerrena da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzaren sailburuak medio batzuetan egindako adierazpenetan argi uzten duela ez dutela inolako asmorik kopuru horretara hurbiltzeko. Horrez gain, bi hizkuntza ofizialetan aritzen diren unibertsitateek gain-finantzaketa lortzeko USLOk eskaintzen duen aukera ere ez du aipatzen. Europako Estatu askotan unibertsitate publikoen finantzaketak BPGren % 1 gainditzen duen bitartean, EHU finantzatzeko ardura dutenak bere oraina eta etorkizuna kolokan jartzen ari dira kontzienteki.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak alfonbra gorria jartzen die unibertsitate pribatuei, hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatuz. Guztion itsasontzi indartsua izan beharko litzatekeen EHU pixkanaka-pixkanaka hondoratzen ari dira, unibertsitate pribatuen flota gero eta anitzagoa eta indartsuagoa den bitartean, instituzioetatik erraztasun guztiak emanda eta diru publikoz era zuzenean zein ez-zuzenean finantzatuta.

Horregatik, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza batzordean EHUko egoera eta beharrak azaltzen ari gara gaur. Horregatik, aurrekontuak definitzen ari diren honetan, eredu pribatizatzaile eta neoliberalaren aurrean euskal jendarteak behar duen unibertsitate publikoa defendatzea eta behar duen finantzaketa bermatzea exijitzen diegu alderdi politiko guztiei eta, bereziki, EHU indartzeko ala ahultzeko erabakia bere esku duten Eusko Jaurlaritzari eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuari.

Unibertsitate publikoaren defentsan, EHUrako beharrezko finantzaketa bermatu!