2026-05-01
Blog Page 1277

«Eskandalua Lanbiden»

Lanbideko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek LANBIDEko lan gatazkaren egoerari buruzko prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon. Alldi berean, langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko Lanbideko bulegoen aurrean.

Lanbideko LAB eta ELAren irakurketa
«ESKANDALUA LANBIDEN»
2011/01/01ean enplegu politika aktiboak eskualdatu ziren eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzua martxan jarri zen. Bere jarduera Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik (antzinako INEM), Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Formazioa Zuzendaritzatik eta baita Egailan Sozietate Publikotik zetozen langileekin hasi zuen. Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publiko bezala sortu zen Lanbide, Erakunde Autonomiaduna izatera pasatu zen 2011ko azaroan legebiltzarraren aginduz.

Erakundearen hasieran zegoen deskontrola kaosa bihurtu zen Lanbidek 2011 urte bukaeran bere gain hartu zituenean Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitza gastuetarako Prestazio Osagarria, ordura arte aldundien eta udalen esku zeudenak. Erakundeak bere langile kopurua handitu behar izan zuen eta legez ezarritako arauak errespetatu gabe egin zuen. Horren ondorio izan da epaitegietan hainbat prozesu aurrera eraman izana, eta epaileek Lanbideren ekintzak deuseztea.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak Lanbideko aldi baterako kontratazioei buruz atera berri duen txostenean argi eta garbi utzi du irregulartasun anitzak egon direla urte hauetan zehar.

Lanbidek 3 urte eta 3 hilabete daramatza Lanpostu-zerrenda gabe funtzionatzen. Legez LPZ administrazio guztientzat erakundeko lanpostu guztiak jasotzen dituen derrigorrezko dokumentua da.

Legebiltzarrak, aurreko legegintzaldian, EAJren eskaeraz, birritan eskatu zion gobernuari Lanbideko LPZ premiaz egitea.

Egungo gobernuak urte bat eta hiru hilabete daramatza agintean eta oraindik ez du onartu LPZ. Are gehiago, Erkoreka sailburuak Legebiltzarrean hartu zuen 2013 bukatzerako egiteko konpromisoa baina urrira arte ez zuten euren proposamena aurkeztu Arloko Negoziazio Mahaian.

Gobernuak proposatzen duen enplegu zerbitzu hau ez da nahikoa: DBEren 30000 jasotzailerentzat eta %9ko langabezia tasarentzat pentsatua dago eta, aldiz, gaur egunean DBEk 63.000 jasotzaile baino gehiago daude eta %17ko langabezia tasa. Hortaz gain, proposamen honek esanahi du: atzamarrez izendatutako lanpostuak jabetzan ematea, bizitza profesionalean zehar eskuratutako eskubideen galera, soldaten jaitsiera orokorra, 100 langile baino gehiagoren derrigorrezko mugikortasuna, 190 langileren kaleratzea eta formazio eta lan orientazioaren pribatizazioa.

Egoera honen aurrean, langileen 6 greba egun eta hainbat mobilizazioren ondoren, ELA, LAB eta Lanbideko langileak, EXIJITZEN DUGU:
1. Lanpostu-zerrendaren berehalako negoziazioa, akordiorako benetako borondatearekin.

2. LPZk egungo errealitate sozio-ekonomikoaren beharrei erantzuteko adinako langile kopurua jasotzea, kalitatezko Enplegu Zerbitzu Publikoa bermatzeko.
3. Zerbitzu gehiago ez pribatizatzea eta pribatizatuta daudenak lehengoratzea.

4. Langileen eskubideen errespetua: derrigorrezko mugikortasunik ez, kaleratzerik ez, atzamarrez izendatutako lanpostuak jabetzan emateari ez, Lasarte eta Sestaoko formazio zentroak ixteari ez, soldaten jaitsierarik ez eta eskuratutako lanbideen errespetua.

 

 

Lapatza ABEEari zigorra ezarri diote Deskargako heriotz istripuan izandako arduragatik

0

2013ko irailaren 18an Deskargako obretan lan istripuan 33 urteko langilea hil zen. Heriotz istripu honen aurrean, eta gertatutakoaren jarraipena egin ondoren, obra egiten ari den Lapatza enpresa batasunari 1,6 milioi euroko isuna ezarriko dio Gipuzkoako Aldundiak, segurtasun eta osasun arloan bere betebeharrak ez betetzeagatik edo bestela esanda, lan istripuan izandako arduragatik.

GI-632 errepideko lanei segimentua egiteko Jarraipen Batzordeko partaide den LAB sindikatuarentzat garrantzitsua da Osalanen eta Lan Ikuskaritzaren txostenak aztertu ondoren Aldundiak ateratako ondorioa eta hartutako erabakia.

Lan ezbeharren prebentzioan lan arloko segurtasuna bermatzea lehentasunezkoa da; hori horrela, obrak esleitzerakoan pleguetan jasotzen dena administrazioak betearazi eta enpresak bete egin behar du. Lan ezbeharren aurrean administrazioak ezin du ezikusiarena egin, gutxiago, obra publikoaz ari bagara, horietan esku hartze zuzena duela aintzat hartuta. Urteetan hitzarmenaren inkunplimendua obra publikoan behin eta berriro eman da eta ondorio lazgarriak izan ditu. Aspaldikoak dira sindikatuon aldetik administrazioari eginiko eskakizunak, egoera horri aurre egiteko neurriak hartu ditzan.

Hori horrela, norabide berean Gipuzkoako Aldundiaren eskutik etorritako arau forala begi onez ikusi izan du LABek, onartua izan denetik aurrera Aldundiak esleitutako obretan klausula sozialak txertatzea ahalbidetu baitu. Gisa honetako iniziatiben beharra eta garrantzia azpimarratzen jarraitzen dugu LABetik, areago, euskal langileen eskubideen defentsari dagozkion erabakiak berton erabakitzeko eskubidea eta ahalmena garatzea ahalbidetzen duela kontuan hartuta.

Obrak esleitzerakoan langileen segurtasuna zaintzeko neurriak bermatzea enpresen egitekoa da, eta neurri horiek betetzen direla zaintzea administrazioaren ardura, obretan arau hausterik egon ez dadin. Langileen osasunaren eta eskubideen defentsaz ari gara, eta Aldundiak hartutakoaren moduko erabakiek balio izan behar dute enpresak plegu arauetan ezarritakoa betetzera behartzeko. Norabide horretan urrats gehiago behar ditugu, Gipuzkoako Aldundiak urratutako bidetik, indar politiko guztiek apustu egin behar dute arau foralaren alde.

Deskargako heriotz istripuaren aurrean enpresak izan duen erantzukizuna eta ondorioak kontutan hartuta, LABek espero du gainerako enpresek ere aintzat hartzea aurrekaria, halakorik berriro gerta ez dadin, langileen eskubideei, osasunari eta segurtasunari behar dituzten berme guztiak emateko euren esku duten guztia egin dezaten, dagozkien arau guztiak betez.
 

  LAB«Aldundiak hartutakoaren moduko erabakiek balio izan behar dute enpresak plegu arauetan ezarritakoa betetzera behartzeko»

 

%70eko jarraipena Lanalden enpresako lan uztean

Atzo Lanalden enpresan % 70eko jarraipena izan zuen enpresa batzordeak deituriko lanuzteak. Lanuzte hauek lan hitzarmena eta lan harremanen kontseiluan adostutako akordioak behin eta berriro urratzeagatik, mehatxuengatik eta kaleratzeengatik salatzeko deialdia luzatu du batzordeak.

Bertako langileek, lanuztearen bitartez argi eta garbi erantzun diote enpresari bide okerreteik doala. Gaurko ere, martxoak 28, lanuzteak daude deituta, goizeko 11etatik 12ak arte eta arratsaldeko 17etatik 18ak arte Bilboko (Pablo Alzola 2) eta Derioko (seminario zaharra) eraikinetan.

Batzordeak enpresa bezeroak diren Eusko Jaurlaritza (SOS 112 eta Trafico 011), Foru Aldundia (Bizkaibus), Bilboko Udala (010, Alhondiga), Kutxabank, Euskaltel, Fagor, Naturgas (EDP) edo Lagun Aro jotzen ditu Lanaldenek duen jarreraren erantzule, beraien isiltasunak Lanaldenen jokabidea indartzen baitu. Enpresak bortizki apikatzen du lan erreforma langileen egoera prekarioa areagotuz.

Enpresaren jarrera aldatu ezean Lanaldeneko langileek lanuzteekin jarraituko dute lan harremanen normalizazioa lortu arte.
 

 

 

27 enpresa batzordek Alberto Pascualen kargugabetzea eskatu dute Lan Auzitegian


LAB sindikatua mozioak aurkezten ari da enpresaz enpresa Lan Auzitegiko Idazkari izateko Alberto Pascualen izendapena bertan behera uztea eskatzeko. Atzo 27 enpresa batzordetako ordezkariek kargugabetzearen arrazoiak jasotzen dituen idatzi bat errejistratu zuten Lan Auzitegian Nafarroako Lan Auzitegiko bokalei zuzendua.

Pascual Nafarroako Kutxako idazkaria izan zen eta Kutxaren harpilaketa eta desagerpenarengatik auziperatuta dago Entzutegi Nazionalean. Arrazoi honegatik LAB sindikatua bere kargugabetzea eskatzeko mozio bat aurkezten ari da Nafarroan enpresas enpresa. Aurkezturiko lantoki gehienetan mozioa aho batez onartu da; 10 enpresetan CCOOeko ordezkariek aldeko bozka eman dute eta 8tan UGTkoek. Argi geratu da, hortaz, enpresetan inork ez duela bat egiten UGT eta CCOOek Nafarroa mailan duten jarrerarekin. Horregatik, LABek berriro ere Alberto Pascuali babesa kentzea eskatze die UGT eta CCOOi. Hurrengo asteetan ere, LABek mozioak aurkezten jarraituko du lantokiz lantoki.

27 enpresa batzorderen idatzia Alberto Palcualen kargugabetzea eskatuz
NAFARROAKO LAN AUZITEGIKO BOKALEI
Lan Auzitegiak bitartekaritza funtzio garrantzitsua betetzen du Lan Harremanei dagokionez. Funtzio hori betetzeko, Lan Auzitegiak parte hartzea, gardentasuna edota kontsentsua bezalako irizpideen arabera jokatu beharko luke. 

Alta, Lan Auzitegiko kudeaketa aipatutako irizpideetatik urrun dago. Lehenik eta behin, Lan Auzitegia sortzean ordezkaritza sindikalaren %10 gainditzen duten bi sindikatu baztertuak izan ziren. Honela bada, sektoreko lan hitzarmen bat negoziatu eta sinatzeko konpetenteak diren sindikatuek ez dute parte hartzerik hitzarmen horren interpretazioa egiten duen instituzioan. Ordezkaritzaren %10etik gora duten sindikatuek lan hitzarmenak negoziatzeko zilegitasuna baldin badute, sindikatu denek Hauteskunde Sindikalak bezalako eremuak modu bateratuan kudeatzen badituzte, Lan Auzitegian parte hartzeko zilegitasuna ere badute. Areago eta gehiago, askatasun sindikalaren ikuspegitik positiboa litzateke %10era iristen ez diren sindikatuei ere parte hartzeko aukera emango balitzaie, hitzarmen sektorial batzuetan egiten den bezala. 

Oinarrizko arazo demokratiko honi, bigarren arazoa gehitu zaio: CEN, UGT eta CCOOeko bokalek Alberto Pascual izendatu dute Lan Auzitegiko Idazkari. Alarma sortu du izendapen honek, bi arrazoiengatik: 

• Esan dugun bezala, Lan Auzitegian parte hartzea, gardentasuna eta kontsentsua lehenetsi beharko lirateke. Alabaina, Pascualek Nafarroako Kutxan egin zuen kudeaketa ilunak, bere desagerpenera eraman zuena, ez du zerikusirik balore hauekin. 

• Bigarrenik, Alberto Pascual Entzutegi Nazionalean auziperatuta dago, Nafarroako Kutxako arpilaketarekin lotutako delituengatik. Ikusteko dago ea epaileak Pascual Jana inputatu, epaitu eta azkenik kondenatu egingo ote duen, baina edozein kasutan, hurrengo hilabeteetan ustezko ustelkeriazko prozesu judizialean murgilduta dagoen norbait Instituzio baten buru izendatzea, burugabekeria galanta da. 

Honela bada, langileen ordezkari bezala, Alberto Pascualen izendapena bertan behera uztea eskatzen dugu. Eta eskari hau ez dugu sindikatu baten edo bestearen ikuspegitik egiten, langileen interes orokorraren ikuspegitik baizik. Izan ere, ordezkatzen ditugun 27 enpresetatik gehienetan mozioa aho batez onartua izan da. 

ENPRESA BATZORDE / PERTSONAL BATZORDEAK: 
ACCIONA Windpower 
Aceros Moldeados 
AENA (Aeropuerto Noain) 
ARCELOR Lesaka 
ATARRABIAKO UDALA 
BERRIOZARKO UDALA 
BURLATAKO UDALA 
IRUÑEKO UDALA 
HEZKUNTZA 
FAURECIA Orkoien 
FCC RECOGIDA BASURAS 
GH Guemma Manutención 
GORVI 
GRAFTECH 
Industrias Laneko 
Instituto Navarro de Salud Laboral 
JANGARRIA 
LABORATORIOS CINFA 
Norton St. Gobain 
OSASUNBIDEA 
Sarrió Papel 
SAS 
Schlecker 
SCPSA 
SMURFIT KAPPA Sangüesa 
VISCOFAN Sakana 
VISCOFAN Kaseda


 

 

 

Lan Ikuskaritzak ETB artista kontratua duten albistegietako aurkezleei eta meteorologoei lan kontratuak egitera derrigortu du

0

LABek Euskal Telebistako albistegietako hainbat aurkezleren kontratazioetan iruzurra antzeman eta salaketa jarri zuen urrian Lan Ikuskaritzan. Kontua da kasu hauetan lan hitzarmenak jasotzen duen erredaktore posturako lan kontratua arrunta egin ordez artista kontratua egin izan diela zuzendaritzak.

Ikuskaritzaren agindua albistegietako aurkezleez gain meteorologoei ere lan kontratu mugagabe arrunta egitea izan da. Agindua maiatzaren 31 baino lehenago beteta egon beharko du.

Irregulartasun hauek ez dira berriak, eta LAB urteak daramatza salatzen. Aste honetan bertan Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beste txosten bat atera du, bertan kontratazioetan ematen diren irregulartasunak eta iluntasunak salatzen direla. Txostena zuzendaritzan Alberto Surio zegoen 2012 urteari dagokion azterketa bada ere, bertan salatzen diren kontuak Andoni Ortuzarren agintaldian sortuak ziren, eta gaur egun ere konpondu gabe jarraitzen dute. Hau da, Euskal Telebistan eta EITBNETen behin behineko kontratazioak egiteko ez dago lan poltsa gardenik. Bestetik, bigarren mailako zuzendaritza taldeko kideak kontratatzeko garaian 51 kideri kontratu mugagabea egin zaie deialdi publikorik gainditu izan gabe, eta esan bezala egoerak bere horretan dirau eta hitz hutsalez gain zuzendaritzari ez zaio egoera konpontzeko asmorik igertzen. Jestoreen sistema hori salatu izan du LABek behin eta berriz, aipatu irregulartasunez gain kostean eta kudeaketan ilunkeria, eta objektibotasun falta erabatekoa delako.
 

 

 

GEBISAko (A8) langileek lanuzteak iragarri dituzte hitzarmenaren alde

0

A8 autobidea Bizkaian kudeatzen duen GEBISA enpresako langileek lanuzteak egiteari ekingo diote, hitzarmen kolektiboaren alde. Lanuzteak martxoaren 31n eta apirilaren 4an egingo dira, bi orduz goizean, eta beste bi orduz arratsaldean. Datorren asteko astelehen eta ostiralean, 07:30etatik 09:30ak arte, eta 17:30etatik 19:30ak arte.

Langileek mobilizazioetara jo behar izan dute, akordio bat lortzeko enpresaren borondate eskasa dela-eta. Langileek azaroan aurkeztu zuten beren plataforma, eta erantzuna bi hilabete eta erdi geroago jaso zuten.

Zuzendaritza lan-erreformaz baliatu nahi da, Bizkaiko Foru Aldundiak azaroan eman zuen Jarraibide Teknikoari jaramonik egin barik. Eta hori oso larria iruditzen zaigu, zeren alde batetik erreformaz baliatzen dira lan-baldintzak hondatzeko, eta bestetik, ez diote jaramonik egiten Bizkaiko Foru Aldundiari (A8 autobideko Bizkaiko zatiaren jabea). Eta hortxe ikusten da zein jarraipen eskasa egiten dien Aldundiak bere kontratei.

Horrez gain, enpresak soldata-eskala bikoitza sartu nahi du; eta ondorioz, lehen, bigarren eta hirugarren mailako langileak egongo dira. Hori harrigarria egiten zaigu, Gebisak eskala bikoitza sartu nahi izatea Bizkaiko Foru Aldundian.

Hori gutxi balitz bezala, langileek denboran zehar lortu izan dituzten eskubideak baztertzen eta indargabetzen saiatzen dira.

Langileek, gainera, hitzarmena zaindu behar dute, eta lan-erreformatik blindatu; baina enpresa ez dago prest blindaje hori onartzeko. Hori dela-eta, lanuzteak egiteko deia zabaldu behar izan dugu, geure burua zaintzearren.

Ez dugu ahaztu behar enpresak orain dela urtebete baino gutxiago lortu zuela enkante hau, eta KPIrekin loturiko berrikuspena egingo diotela. Horrek pentsarazten digu enpresaren sakelak gizendu nahi dituztela, gure lan-baldintzen kontura.

Langileok aldez aurretik barkamena eskatzen dizkiegu erabiltzaileei, gogoz kontra hartu behar izan dugun neurri honen eragozpenengatik.
 

 

 

LABek herrialdeko hitzarmenaren defentsa egin du ADEGIk Tolosan egindako jardunaldian

0


"Adegi Lapurrak! Hitzarmenak zergatik ez?" lelopean, elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak gaur Tolosan. Goizeko 09.00etan eman zaio hasiera protestari, Tolosaldeko Lehiberri zentroan.

Adegik jardunaldia egin du bertan, "Jornada Técnica: Guia nueva cultura de empresa" izenburuarekin (patronalaren lan harreman ereduaz alegia), eta jardunaldia egiten den bitartean kanpoan izan da LAB hitzarmenen defentsan.
 

 

 

Eragile sozial eta sindikalak Kutxen likidazioren aurka azaldu dira

Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalak Kutxen likidazioaren aurka azaldu dira gaur Bilbon. Agiri baten bitartez Euskal Kutxen likidazioa salatu eta erabaki honen kontra euskal erakunde publikoei, alderdi politikoei, gobernuei, legebiltzarrei, foru aldundiei eta udalei behar besteko erabaki politiko eta legegileak har ditzaten eskatu diete.

Kutxen likidazioaren aurkako agiria
REAS (Red de Economía Alternativa y Solidaria) – PAH Kaleratzerik ez! – EKA-OCU (Kontsumitzaile Elkartea) – Bilboko Auzo-Elkarteen Federazioa – Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak – EZKER GOGOA – AHT Gelditu Elkarlana eta EHNE (Lehen Sektorea) – HIRU (Garraiolari autonomoak) – ELA – LAB – ESK – STEE-EILAS

Euskal Kutxak-Kutxabank likidatzen ari dira zerbitzu publikoari eta gizarte-ekintzari dagokionez. Helburu bakarra, Hego Euskal Herrian urte luzeetan zehar ereindako aurrezki eta aktiboak akziodunen eta espekulatzaileen esku jartzea da.

Kutxen bankarizazioa eta pribatizazioa, haien kontrol publiko eta sozialaren murrizketa latza, gizarte-ekintzaren argaltze etengabea eta jarraitutako hedapen-politika zoroa, banan-banan, suntsitzen ari dira euskal erakunde finantzario publiko bat sortzeko aukera.

Erabaki hauek eragotzi egingo dute aurrezkia eta kreditua Euskal Herriko gizarte osoaren onurarako erabiltzea, euskal produkzio-sare eraginkor bat mantentzea edota guztiok etxebizitza duin bat izan dezagun bermatzeko politikak garatzea, alokairuaren bitartez, esaterako.

Euskal Kutxen aginte-organuetan erabakiak hartzeko gaitasuna izan dutenak dira estrategia hau hautatu dutenak, eta ezin zaie norbere ardurei ihes egin finantza-sistemaren erreforma edota akordioak bete ez izana bezalako kontuak aipatuz.

Beste toki batzuetan, erreforma berdinekin, kutxek iraun egingo dute eta irtenbideak aurkitu dituzte haien kontrol publiko eta soziala mantentzeko. Hori bera posible litzateke hemen ere, orain arte izandako prozesuan atzera egingo balitz eta neurri politikoak eta legegileak hartuko balira kontrol hori handitzeko eta euskal eremua defendatzeko.

Arrazoi hauek guztiak direla eta, behean sinatzen duten antolakundeek euskal erakunde publikoei, alderdi politikoei, gobernuei, legebiltzarrei, foru aldundiei eta udalei eskatzen diegu behar besteko erabaki politiko eta legegileak har ditzaten:

Euskal Kutxen-Kutxabanken bankarizazio eta pribatizazioan atzera egiteko, euskal gizartea defendatzeko funtsezkoak diren ardatzak sendotuz: kontrol publikoa, Euskal eremua, bertarako inbertsioak eta erakundeon izaera soziala.

Euskal kreditua eta aurrezkia pertsonen eta gizartearen mesedetan kudeatzeko balioko duen euskal finantza-sistema publiko bat eraikitzeko.

Eta helburu honekin galdera eta mobilizazio-dinamika bat bultzatuko dugu, Euskal Kutxek akziodun eta espekulatzaile batzuen poltsikoetan buka ez dezaten.


 

 

 

LABek Bizkaiko Arrain Kontserba eta Gazigintzako sektorean lanuzteak deitu ditu hitzarmenaren alde

LAB sindikatuak lanuzteak deitu ditu martxoaren 28an eta apirilaren 4 eta 11n, Bizkaiko Arrain Kontserba eta Gazigintzako sektoreko enpresa guztietan herrialdeko hitzarmenaren alde.

Lanuzte desberdinak egingo dira (enpresa bakoitzean erabakiko delarik iraupena), guztiak 11:30 – 12:30 tartean, martxoaren 28an nahiz apirilaren 4 eta 11n. Bizkaiko kontserberetako langileei, gehienak emakumeak, uztailaren 7tik aurrera, eta PPko gobernuak inposaturiko lan erreforma baliatuz, lan baldintzak kaskartu egin dizkiete. Patronalak, adibidez Campos, Zallo, Ortiz, …, aldebakartasunez estatu mailako hitzarmena aplikatzeko erabakia hartu dute, eta bertako langileak zituzten lan eskubideak ez dira errespetatzen. Zituzten IT osagarriak, lizentziak, urteko ordu kopurua, eta kontratazio berriei soldata ere, estatuko hitzarmenak ezarritakoari jarraituz egiten dira.

Egoera hau berez oso prekarioak ziren lan baldintza batzuen okertzea baino ez du ekartzen, adibidez 900 € soldatak, lan oso gogorra, …, eta egoera honek langile profil oso zehatza dutenei kaltetzen die, batez ere emakumea eta produkzioan lan egiten duenari.

LABen argi dugu irtenbidea badagoela eta honen alde borrokatzen jarraitu behar dugula; berebiziko garrantzia duen herrialdeko hitzarmena aldarrikatuko du LABek lanuzte hauen bidez, sektore honetako langileeek bizi duten egoera salatzearekin batera.

Halaber, Jaurlaritzari eta gainerako instituzio eta alderdiei dei egiten diegu, gisa honetako egoeren aurrean, Euskal Herriko langileen lan baldintzak arautzen dituzten hitzarmen kolektiboen defentsan, apustu egin dezaten eta urratsak eraginkorrak eman, Lan Harremanen Euskal Esparruaren alde.