2025-02-10

«Eskandalua Lanbiden»

Lanbideko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek LANBIDEko lan gatazkaren egoerari buruzko prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon. Alldi berean, langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko Lanbideko bulegoen aurrean.

Lanbideko LAB eta ELAren irakurketa
«ESKANDALUA LANBIDEN»
2011/01/01ean enplegu politika aktiboak eskualdatu ziren eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzua martxan jarri zen. Bere jarduera Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik (antzinako INEM), Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Formazioa Zuzendaritzatik eta baita Egailan Sozietate Publikotik zetozen langileekin hasi zuen. Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publiko bezala sortu zen Lanbide, Erakunde Autonomiaduna izatera pasatu zen 2011ko azaroan legebiltzarraren aginduz.

Erakundearen hasieran zegoen deskontrola kaosa bihurtu zen Lanbidek 2011 urte bukaeran bere gain hartu zituenean Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitza gastuetarako Prestazio Osagarria, ordura arte aldundien eta udalen esku zeudenak. Erakundeak bere langile kopurua handitu behar izan zuen eta legez ezarritako arauak errespetatu gabe egin zuen. Horren ondorio izan da epaitegietan hainbat prozesu aurrera eraman izana, eta epaileek Lanbideren ekintzak deuseztea.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak Lanbideko aldi baterako kontratazioei buruz atera berri duen txostenean argi eta garbi utzi du irregulartasun anitzak egon direla urte hauetan zehar.

Lanbidek 3 urte eta 3 hilabete daramatza Lanpostu-zerrenda gabe funtzionatzen. Legez LPZ administrazio guztientzat erakundeko lanpostu guztiak jasotzen dituen derrigorrezko dokumentua da.

Legebiltzarrak, aurreko legegintzaldian, EAJren eskaeraz, birritan eskatu zion gobernuari Lanbideko LPZ premiaz egitea.

Egungo gobernuak urte bat eta hiru hilabete daramatza agintean eta oraindik ez du onartu LPZ. Are gehiago, Erkoreka sailburuak Legebiltzarrean hartu zuen 2013 bukatzerako egiteko konpromisoa baina urrira arte ez zuten euren proposamena aurkeztu Arloko Negoziazio Mahaian.

Gobernuak proposatzen duen enplegu zerbitzu hau ez da nahikoa: DBEren 30000 jasotzailerentzat eta %9ko langabezia tasarentzat pentsatua dago eta, aldiz, gaur egunean DBEk 63.000 jasotzaile baino gehiago daude eta %17ko langabezia tasa. Hortaz gain, proposamen honek esanahi du: atzamarrez izendatutako lanpostuak jabetzan ematea, bizitza profesionalean zehar eskuratutako eskubideen galera, soldaten jaitsiera orokorra, 100 langile baino gehiagoren derrigorrezko mugikortasuna, 190 langileren kaleratzea eta formazio eta lan orientazioaren pribatizazioa.

Egoera honen aurrean, langileen 6 greba egun eta hainbat mobilizazioren ondoren, ELA, LAB eta Lanbideko langileak, EXIJITZEN DUGU:
1. Lanpostu-zerrendaren berehalako negoziazioa, akordiorako benetako borondatearekin.

2. LPZk egungo errealitate sozio-ekonomikoaren beharrei erantzuteko adinako langile kopurua jasotzea, kalitatezko Enplegu Zerbitzu Publikoa bermatzeko.
3. Zerbitzu gehiago ez pribatizatzea eta pribatizatuta daudenak lehengoratzea.

4. Langileen eskubideen errespetua: derrigorrezko mugikortasunik ez, kaleratzerik ez, atzamarrez izendatutako lanpostuak jabetzan emateari ez, Lasarte eta Sestaoko formazio zentroak ixteari ez, soldaten jaitsierarik ez eta eskuratutako lanbideen errespetua.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko eraikuntzako patronalak ez du sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko inolako asmorik

Gaur, 2025eko otsailaren 10ean, Bizkaiko Eraikuntzaren Sektoreko Hitzarmen Kolektiboa berritzeko 4. negoziazio mahaia izan da.

Lortu dugu! 16 urteren ondoren Haurreskolak Partzuergo Publikoko lan hitzarmena sinatu du LABek

Beste behin borrokak merezi duela baieztatu dugu. Azken urteetan hamaika greba eta mobilizazio burutu ostean, azken biak pasa den urtarrilean eta eskola publikoko greba ziklo honen otsaileko bi greba egunen atarian, Eusko Jaurlaritza posturaz aldatzera behartu dugu.

LABen iritziz urgentea da etxeko langileentzako hitzarmena

LABeko etxeko langileen atal sindikalak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako etxeko enpleguarekin lotutako kolektibo eta erakundeekin batera, kaleak hartu ditu berriro ere sektore horretako lan-baldintza jasanezinak salatzen jarraitzeko eta langile horientzako eskubideak aitortzeaz arduratu beharko luketen erakundeen interes falta salatzeko. Hala, mobilizazioa egin du gaur Bilbon, Justizia Jauregiaren aurrean. Bihar asteartea, Donostian mobilizatuko da, Lan Ikuskaritzaren aurrean, eta asteazkenean Iruñean beste horrenbeste egingo du, Udaletxe plazan.