2026-07-14
Blog Page 1245

LABek epaitegietara joko du D eredua urratzen duen legea bertan behera geratu dadin eskatzeko

Justiziako Goi Auzitegiak bertan behera utzi du Balear Uharteetan "eredu hirueleduna" ezartzeko TIL Dekretua. Nafarroan ere legea urratzen ari dira PAI eredua (Balear TILaren bertsio forala) ezarri nahia eta horregatik LABek epaitegietara joko du horretarako prest dauden sindikatu guztiekin batera, 37/2014 Dekretua bertan behera geratu dadila eskatzeko.

Balear Uharteeetako Goi Auzitegiak bertan behera utzi du TIL eredua ezartzeko Balearetako Gobernuak ezarri zuen Dekretua. Auzitegiaren arabera, aipatutako Dekretua egiteko orduan Gobernuak ez zuen bertako Unibertsitatearen informerik jaso eta gainera Dekretuaren eraginaren gaineko azterketa egiten zuen Memoria ez nahikoa zen. LABen iritziz, Balear Uharteetan bezala, Nafarroan ere legea urratzen ari da PAI eredua (Balear TILaren bertsio forala) ezartzeko. Ez Balearetako PPri ezta UPNri ere ez zaie axola hezkuntzaren kalitatea; biek ala biek hezkuntza erabili nahi dute beren fobia ideologikoen arabera. Eurentzat, dena da zilegi katalanaren eta euskararen kontra egiteko bada.

Beste sindikatuek ez bezala, LABek hasiera-hasieratik eman zion ezezkoa UPNren Gobernuaren asmoei, honek ingeleraren ustezko irakaskuntza D ereduaren kontrako armatzat erabili nahi zuelakoan. Arrazoi pedagogiko, sozial, kultural eta laboralak jarri genituen mahai gainean. Baina gainera, PAI programa korrika eta presaka ezartzeko obsesioak legea urratzera eraman du Nafarroako Gobernua.

Izan ere, 37/2014 Dekretua hezkuntza kalitatearen, ikasleen eskubideen nahiz irakasleen eskubideen kontrako eraso larria da. Batetik, Haur hezkuntzako espezialitatea ez duten irakasleak hezkuntza ziklo horretan klaseak emateko gaitzen ditu: barrabaskeria hutsa. Bestetik, beharrezko ingeles titulazioa (C1) ez duten irakasleak ingelesezko klaseak emateko gaitzen ditu, Gobernuari ikasleek hizkuntza hori ikasten ote duten ezer gutxi axola zaiola erakutsiz; gainera, gerta liteke C1 titulua edo ingelesezko magisteritza duten irakasleak orain arte ez-nahikotzat jotzen zen titulazioa (B1 eta B2) duten irakasleen atzetik geratzea zerrendetan.

Arrazoi hauengatik, LABek epaitegietara joko du horretarako prest dauden sindikatu guztiekin batera, 37/2014 Dekretua bertan behera geratu dadila eskatzeko.
 

 

 

Etxe langileek prestazio guztiak jasotzeko duten eskubidearen aldeko mobilizazioa bihar Bilbon

Bihar, Irailak 25, Bizkaiko Etxe Langileen Elkarteak eta hainbat eragile Sozial eta Sindikalek "Etxe langileentzat ere prestazio guztiak" lelopean mobilizatuko dira Bilboko GIzarte Segurantzaren bulego aurrean goizeko 10:30etan.

Mobilizazio honek etxe langileak langabezia kobratzeko duten eskubidea aldarrikatu eta bestetik langile hauek LANBIDE eta Gizarte Segurantzaren aldetik pairatzen ari dituzten gehiegikeriak salatzea izango du helburu.

PREKARIETATERIK EZ,
ENPLEGU DUINA ETXELANGILEENTZAT!!

"Etxe langileentzat ere prestazio guztiak"
Eguna: Irailak 25, 10:30etan.
Lekua: Gran Via 89.
 

 

 

Pobreziaren kriminalizazioa eta arrazakeria salatu eta pertsona orok oinarrizko eskubideak bermatuak izatea exijitzen du LABek

Gasteizeko eta Arabako PP-a gizarte-laguntzak jasotzen dituztenen aurka egiten ari den kanpainak gure erabateko arbuioa bakarrik jaso dezake. Behin eta berriro, batzuetan hauteskunde-arrazoiak direla medio, bestetan, haren politiken porrota ezkutatzeko, alderdi popularrak, oraingoan Marotok eta De Andresek, ez du zalantzarik izan, sektorerik ahulenak erabiliz, haien buruak doilorki zuritzeko.

Eta egin, beraiek, lan erreformekin, eragin dituzten itxaropen ezaz, amorruaz eta sufrimenduaz baliatuz egin dute, non hauen ondorioz, milaka lagun langabeziara bidali dituzten, non babes politiketan egiten ari diren murrizketek milaka pertsona iraupen luzeko langabezia-babesik gabe uzten duten, non bankari eman laguntzek lotzen gaituzten zorraren uztarrira, non higiezinen espekulazio politikak jendea etxebizitzarik gabe uzten duen,… PP-rentzat errazena petxeroa bilatzea eta prekarietateari eta pobreziari aurre egiteko erabiltzen diren aurrekontu publikoek uzten dituzten papurrengatik borroka gaitezen eragitea da. Ozen esan behar da ordea, beraiek dira errudunak!

PP gezurretan ari da, eta aski ongi daki. Diru-sarrerak bermatzeko errenta legean jasotzen den eskubidea da, eta hura eskuratzeko, baldintza zorrotzak bete behar dira (egoera ekonomikoa, laborala, erroldatzea). Jakin badaki gezurretan ari dela, prestazio hau jasotzeko pertsonen duintasuna bera zalantzan jarri ohi duen etengabeko kontrol-sistema jasan behar delako (gastu pertsonalen justifikazioa). Jakin badaki gezurretan ari dela, prestazio honen zenbatekoak, txirotasun-atalasetik oso azpitik dagoena, ia ez duelako ahalbidetzen bizitza egokia. Horratx haur-txirotasunaren datuok. PP-k badaki gezurretan ari dela, baina zergatik egiten du?

Ba, helburu garbia duelako. Eta harekin batera, neoliberalismoaren esparruan dabiltzan guztiek, nagusi diren botere ekonomikoaren eta patronalen aldeko neurriak hartuz dihardute. Badakite bidegabea, gorabeheratsua eta eskubiderik gabeko gizarte eta ekonomia-ordena ezartzeko indarkeria erabili behar dela: beldurra eta xantaia enpresetan hedatu behar delako; sasi-lanak kontrolatzen dituelako eta haiek onartzera behartzen duelako; zatiketa eta zigorraren mehatxua erabiltzen duelako. Esplotazioa gero eta handiagoa izatea, enplegu politika atzerakoiak, langabezia, zigor-kodearen erreformak, gizarte-laguntzetan gertatu murrizketak, eskubideak desagertu izana, xenofobia eta pobrefobia, gizarte-ezinegonaren kudeaketa,… hauek guztiak eskaintzen ari zaizkigun eta etorkizunean eskainiko dizkiguten atalak dira.

Horrengatik, LABek ezinbestekoa deritza gizarte-mobilizazioari, politika horiei aurre egiteko eta justizia-sozialean oinarritzen den sistemara hurbiltzeko. Honen harira, Eskubide Sozialen Gutuna sustatzen dugu, hura, egungo gizarte-ordenarekin, prekarizazioarekin, kontsumismoarekin, indibidualismoarekin, arrazismoarekin eta patriarkalismoarekin eteteko prozesuan aurrera egin nahi dugun baliabidea da. Zilegitasuna kendu behar diogu eredu sozial bidegabe baten menpean jarri nahi gaituzten diskurtso orori. Guztiontzat eta inor baztertu gabe eskubide sozialak bermatuko dizkiguten baliabideak eskuratu behar ditugu. Eta batez ere, Euskal Herrian bizi garenon artean, ekoizpena, kontsumoa, aberastasunaren banaketa eta elkarbizitza eskubideak bermatuko dizkiguten tresnez hornitu behar dugu.

 

 

 

Kutxa-Kutxabanken pribatizazioaren kontrako plataformak giza katea egingo du bihar Donostian

Bihar osteguna, hilak 25, Kutxako administrazio kontseilua fundazio bankarioaren patronatoa izendatzeko bilduko da. Honen aurrean Kutxa-Kutxabank-en pribatizazioaren kontrako eta Euskal Herrirako sistema Finantziario publiko baten aldeko plataformak Donostian, goizeko 11etan Udaletxetik irtengo den giza katea deitu du. Pribatizazioaren aurka ere, gaur, hilak 24, mobilizazio ezberdinak deitu dira Ordizia (12:00etan Plazan) eta Eibarren (18:30etan Julian Etxeberria kalean).

Argudio politiko, ekonomiko edo legalik gabe, espekulatzaile eta bankeroen mesedetan kutxak likidatzea erabaki duten horiek, beren bide orria jarraitzen dute: Kutxa-Kutxabank-en pribatizazioa da datorren asanbladara eramango duten proposamena. Ez zaie inporta gehiengo sozial eta sindikala kontra egotea, ez zaie inporta euskal jendarteari bere iritzia emateko aukera lapurtu izana edo FDG bezalako instituzioek erakutsi izana legez ez dela derrigorrezkoa egiten ari diren hori egitea.

PNV, PP eta PSEren eskutik Gipuzkoako jendarteari egiten zaion espoliazioak bere alde du oraingo honetan CCOOren bozka. CCOOk Kutxa-Kutxabank-en izaera publiko eta soziala mantentzearen alde bozka dezake eta honela proposamena aurrera aterako da, ala PNV, PP eta PSErekin batera bozka dezake kutxak pribatizatu eta likidatuz, eta hau da egingo duena.

Hilaren 25ean Kutxa-Kutxabank-en pribatizazioaren kontrako eta Euskal Herrirako sistema Finantziario publiko baten aldeko plataformak Donostian, goizeko 11etan Udaletxetik irten eta Kutxan (Gabiria kalea) amaituko den giza katean parte hartzeko deia luzatzen du; denbora dago, alternatiba ere badago, borondatea besterik ez da falta Kutxa-Kutxabank pertsonen eta euskal ehun prodiktiboaren mesedetara, eta ez akziodun espekulatzaileen irabaziak handitzeko, egongo den erakunde finantziario publiko bat izan dadin.
 

 


Eusko Jaurlaritzak KZgune sarea suntsitzen eta langileak kaleratzen ari da

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek KZgunea sarea suntsitzen eta langileak kaleratzen ari direla salatu dute. Zerbitzua kudeatu zuten azpikontratek 15 langile kaleratu zituzten 2013ko martxoan eta beste 35 langile 2014ko udan.

Jaurlaritzako ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen irakurketa
Eusko Jaurlaritzak KZgune sarea suntsitzen eta langileak kaleratzen ari da

«Azken hamabi urteotan doako internet zerbitzua izan dugu gure herrietako KZguneetan. Proiektua 2001an sortu zen Berrikuntza Publikoaren Planaren eskutik. 2012an 279 KZgune martxan ziren, eta 91 dinamizatzaile aritu ziren 56.000 lagun artatzeko. 10.000 ikastaro burutu ziren. Erabiltzaileak, batez ere, izan dira bazterkeria sozialean dauden pertsonak, adineko pertsonak eta langabeak.

Zerbitzua kudeatu zuten azpikontratek 15 langile kaleratu zituzten 2013ko martxoan eta beste 35 langile 2014ko udan, gainontzeko langileei ohartu egin diete beste 30 bat lagun kaleratuko dituztela diru publiko gehiagorik jasotzen ez badute. Jakin dugu kaleratzeak KZguneetako zuzendariak eskatua izan dela, beraz, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu batetik, gai hori argitzea, eta, bestetik, Jaurlaritzak berak kalte-ordainak ez finantzatzea.

KZguneen zerbitzuaren kalitatea gutxitzen ari da EAJko Gobernuaren erabakiaren ondorioz; dagoeneko zenbait proiektu ezerezean geratu dira. Gela kopurua mantenduko bada ere, 10.000 bizilagun baino gehiagoko herrietan baino ez dute izango lanaldi normalizatua. Zenbait KZgune itxi egin dira, aldi baterako gutxienez, eta hainbat ikastaro ere bertan behera geratu dira langile berriek ez dutelako formazio edo kualifikazio nahikorik. Erabiltzaileen gogobetetze mailak nabarmen egin du behera. Baliteke egoera hau Gobernuak sustatutakoa izatea, zerbitzua txikitu edo, agian, itxi dela justifikatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Sindikatu guztiok –ELA, LAB, CCOO eta UGT– bat egiten dugu langileekin eta euskal herritarrek Interneterako sarbidea izateko duten eskubidearen defentsan agertu diren Udaletxeekin. Eusko Jaurlaritzari berari, herritarrei eta Legebiltzarreko taldeei eskatu nahi diegu ez onartzeko zerbitzu honen kaltetzea, ez eta KZguneetako langileen kaleratzea ere.

Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu batetik, arduraz jokatzeko eta UTEa derrigortzeko kaleratutako langileetatik nahi duten guztiak haien lanpostuetan berriro hartzera, lehengo lan-baldintza berberekin; eta bestetik, kontratatutako langile berriak lanean jarraitzea, ez baitira enpresaren kudeaketa txarraren erantzuleak.

KZguneetako langileentzako lan baldintza duinak ere eskatzen ditugu. Ez baita bidezkoa Jaurlaritzak onartzea langileak urtean 12.500€ gordineko soldata izatea azpikontratak langile bakoitzeko 30.000€ eskuratzen dituenean urtean, beste finantzabide batzuez gain (adibidez, Lanbidek langabetuentzat ematen dituen ikastaroei dagokiena).

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorreko Sindikatuok beste behin ere exijitu nahi dugu zerbitzu publiko gehiagorik Administraziotik kanpo ez ateratzea.»

 

 

Ainhoa Etxaide EITBen: «Alternatiba eskaintzeko baldintzak sortuko badira mugitu beharra dago»

0

Gaur Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusia, EITBko "Egun On Euskadi" eta "ETB Hoy" albistegietan elkarrizketatua izan da egungo egoera politiko eta ekonomikoaren inguruan. Politika gaietan Eskoziako Erreferendumaz galdegin diotenean, Euskal Herriak behar eta eskatzen duen aldaketarako erabakitzeko eskubideak duen garrantzia azpimarratu du eta ekonomia gaietan murgildurik, Enplegu Legea, sindikalgintzaren papera, Negoziazio Kolektiboa eta beste sindikatuen jarrera, Kutxabank, LOMCE eta Osasungintzan ematen ari diren murrizketak, besteak beste, izan ditu hizpide.

Ainhoa Etxaide en los informativos "ETB Hoy" de EITB

Ainhoa Etxaide EITBko Egun On Euskadi saioan 

 

 

 

UITBBk Urtzi eta Telle euskal gazte eta Alfon Vallecaseko gaztearen aldeko erresoluzioa onartu du

0

UITBB Eraikuntzako nazioarteko sindikatu elkarteak bere 4. Europear herrialdeko bilkuran Urtzi eta Telle euskal gazte eta Alfon Vallecaseko gaztearen aldeko errezoluzio bat onartu du aho batez. Errezoluzioa LABek aurkeztua izan da Danimarkako Copenhage hirian Irailak 20 eta 21ean UITBB Eraikuntzako Nazioarteko sindikatu elkartearen Europako adarraren bilkuran.

Erresoluzio honetan gizarte protesta eta borroka Europa guztian zehar egun jasaten duen kriminalizazioa salatzen da. Bi eredu hauek Europan, espainiar Estatuan eta bereziki Euskal Herrian gizarte protesta eta gizarte borroka kriminalizazio saiakera bateko testuinguruan uler daitezke soilik. Elkartasuna adierazteaz gain, kriminalizazio eta zigor prozesuak jarrai ez dezaten, euskal gazteak kartzelara sar ez ditzaten eta Vallecaseko gaztearen epaiketa aurrean abosluzioa eskatzen du. Bukatzeko beste eragile sindikalei horrelako egoerak salatu eta argitaratzeko deia luzatzen du.

LAB ordezkatu dutenak Industri Federazioko kidea den Alberto Cristóbal, eta Nazioarteko Idazkaritzako Gaizka Zuriarrain izan dira.

Europar eremuko bilkura honetan Eraikuntza sektorean egun dagoen egoera, arazoak, eta etorkizunerako krisi kapitalistari aurre egiteko erronka eta estrategiak aztertu dira.
Etorkinen bizi eta lan baldintzak, eta Europa iparraldean ultraeskuindar indarrek izan duten gorakada ere tokia izan dute ausnarketetan.

Euskal Herriko ordezkaritzaz gain beste batzuen artean Chipre, Danimarka, Finlandia, Galiza, Grezia, Portugal, Bielorrusia, Erresuma Batukoak egon dira.

LABek eginiko interbentzio bukatzeko Rafa Diez, LABeko Idazkari nagusi ohiaren egoera azaldu zen.
 

 

Osakidetzak publiko egin behar du EPEko Administrari Laguntzaile kategoriaren formakuntza baloratzeko irizpide aldaketa

0

Berriz ere, Osakidetzaren EPE prozesuaren amaigabeko irregulartasunen aurrean gaude, EPE bat, bide batez esan behar da, denboran luzatzen dena 2011n egiten zuten izangaien desesperaziorako.

Administrari laguntzaile kategoriako formakuntza neurtzeko irizpideak aldatu zirela jakin genuenean, Osakidetzako Zuzendaritzari azalpenak eskatu genizkion. Jaso genuen erantzunak pilota Epaimahaiaren (PSE-ren gobernuak izendatu zuena eta ordezkari sindikalik ez daukana) teilatuan uzten du eta ez digu ezer argitzen. Presioei eta gai publiko egiteari esker, Epaimahaiak prentsan ohar bat argitaratzera behartuta ikusi du bere burua, esateko dena legearen arabera egin dela, erreklamazioen gaineko erabakiek modu logiko batean aldatu dituztela zerrendak, eta izangaien espedienteen “azterketa zehatza” egitea erabaki dutela. Zoritzarrez, diru publikoarekin ordaindutako oharrak ez dio mamiari heltzen.

Oso normala da behin-behineko eta behin betiko zerrenden artean aldaketak izatea, baina inongo erreklamaziorik egin ez zuten dozenaka izangaiek formakuntzako 10 puntu galtzea ez da hain arrunta. Gorako helegiteen erantzunaren zain egon gabe, Epaimahaiak berak eta Osakidetzak zehatz-mehatz zein diren aldaturiko irizpideak esatea premiazkotzat jotzen dugu.

Dena legala bada, ez du zertan arazorik izan irizpide horien berri publikoki emateko. Bestela, administrazioak ez duela garden jokatzen pentsatzen jarraitzeko arrazoi gehiago baino dizkigute emango. Zoritzarrez, adibideak ez dira falta. Osakidetzan bertan, oraindik ez dugu ahaztu 1990ko EPEko putxerazoa.

Gauzak horrela, LABek gardentasuna aldarrikatzen jarraituko du, hala nola zerbitzu publikoen eredu berria Euskal Herrian, euskalduna, eraginkorra eta pertsonen eskubideen defentsa lehenesten duena.
 

 

 

LABek auzi politikoen amaiera exijitzen du

0

Gaur 28 gazte indendentista epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean lan politikoa egiteagatik. LABek lehenik eta behin elkartasuna adierazi nahi die guztiei eta Euskal Herrian, urte luzez iraun duen euskal gaztediaren kontrako jazarpen estrategia ankerra behingoz amaitu dadin eskatzen du.

Herri honetan, urte luzez, lan politikoa egiten duenari kondenak ezarri zaizkio. Gazteek herri honekiko duten konpromisoa eta militantzia bahitu nahi dute, lehen sostengaezinak ziren eta gaur are sostengaezinagoak diren argudioak eta erabakiak baliatuz. Hau da Espainiar Estatuak aro politiko berri honetan duen eskaintza: Euskal gaztedia independentista eta lan politikoa zigortzea. Mugimendu bakar bat ere ez, atzera egiteko ez bada.

Espainiar Gobernuari exijitzen diogu, euskal gaztediaren kontrako biolentzia eten, eta has dadila behingoz, garai berriek eskatzen duten moduan erantzuten. Herri honetan gatazkaren konponbide demokratikoaren aldeko aldarria gero eta ozenagoa da. Herri honek ez du onartuko bere oraina eta etorkizuna gartzelaratzerik.

Auziperatuei elkartasuna helarazteko, Euskal Herriak eskatzen duen aldaketaren bidean urratsak eman daitezen eta eskubide politiko eta sozialen alde LABek bat egiten du euskal gaztedia libre eta legala aldarrikatuz Loiolan osatu den herri harresian eta deituko diren mobilizazioaten parte hartzera.