2026-04-23
Blog Page 124

Jarraipen zabala Bizkaiko grafikagintzako ziklo berriko lehen greba egunean

Greba egunak eragin handia izan du sektoreko hainbat enpresaren ekoizpenaren geldialdian. Mobilizazioak jendetsuak izan dira, bai Eskumaldeko lehen orduko piketean, baita Mungiako eguerdiko manifestazioan ere.

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok beste 5 greba egun deitu genituen Bizkaiko grafikagintzaren sektorean, urriaren 29, 30, 31 eta azaroaren 4 eta 5erako (12 egun guztira, apiriletik). Izan ere, patronalak negoziazioen blokeo egoerarekin jarraitzen du. Cebekek, joan den urriaren 24an, ez zuen ezer jakin nahi izan sindikatuek beraien plataforman egindako azken mugimenduaz.

Gaurko greba egunak jarraipen zabala izan du. Grafo, Cartisa, Divipa, Arteos, edo Garcinuño bezalako sektoreko enpresa erreferentzialak geldirik daude eta ez dira produzitzen ari. Beste batzutan, Biolid, Comeco, eta Erabilen esaterako, nabarmenak izan da grebaren eragina. Mobilizazioak goizeko 5:30ean hasi dira Eskumaldean egin diren piketeekin eta 11:30ean manifestazio jendetsua egin da Mungian zehar.

Cebek patronalari negoziazioa blokeatzeko jarrera utz dezala eskatzen diogu, eta uler dezala sektoreko Bizkaiko langile klaseak hitzarmen bat berreskuratzea merezi duela (azkena 2009-2011koa izan zen), baldintza onekin, erosteko ahalmena bermatuz eta eduki atzerakoirik gabe.

Bihar eta etzi ere greba dago deituta sektorean. Bihar, manifestazioa egingo dute Basaurin, 11:30ean udaletxetik eta etzi, berriro ere Eskumaldean.

EAEko anbulantzia zerbitzuaren publifikazioaren alde lanean jarraituko dugu

Gaur, LAB sindikatuak bilera egin du EH Bilduko ordezkariekin Gasteizko Parlamentuan, anbulantzien sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi duen egoera kezkagarria aztertzeko. Bileran, bi aldeek anbulantzia zerbitzua publikoa izatearen aldeko iritzia partekatu dute, eta helburu horren alde elkarrekin lan egiteko konpromisoa berretsi dute. Neurri hori funtsezkoa da herritarrentzat eta langileentzat kalitatezko zerbitzu duina bermatzeko.

Funtsezko zerbitzu horren azpikontratazioak eta kudeaketa pribatuak behin baino gehiagotan erakutsi dute kaltegarria dela. Langileen lan baldintzak etengabe okertzeaz gain, herritarrentzako zerbitzu eskasean ere islatzen da. Horren adibide izan zen Larrialdiak enpresa, bere langileekin zor handia utzita zerbitzua egun batetik bestera utzi zuena, edo egungo kudeatzailea, Grup La Pau, hainbat gorabehera metatzen jarraitzen duena, hala nola anbulantzietako material eza, uniforme egokirik gabeko langileak, berogailurik gabeko baseak, estali gabeko txandak, udako aparteko ordainsaria oraindik ordaindu gabe izatea, etab. Gainera, azaro amaierarako aurreikusita zegoen kontratutik “modu ordenatuan” irtetea arazo gehiago sortzen ari da konponbideak baino, eta are nabarmenago uzten du kudeaketa eredua ez dela jasangarria.

LABen ustez, benetako arazoa azpikontratazioan eta enpresa pribatuen sarreran oinarritutako kudeaketa eredua da. Enpresaz aldatzea ez da irtenbidea, beste kudeatzaile bat sartzeak dauden arazoak luzatuko lituzke. Zerbitzuaz arduratzeko hautagai posible gisa aipatzen diren enpresa batzuek dagoeneko gatazkak dituzte beste eskualde batzuetan, hala nola HTGk, non Valladolideko langileak hilabete bat daramate greban.

Egoera honen aurrean, LABetik, benetako irtenbide bakarra zerbitzuaren publifikazioa dela defendatzen dugu. Kudeaketa publikoaren aldeko konpromiso hori beste sindikatu batzuek sinatu berri duten hitzarmena ez sinatzeko gure erabakian islatzen da. LABen, anbulantzia zerbitzu publiko eta kalitatezkoaren alde egiten jarraitzen dugu, eta Eusko Jaurlaritzari dei egiten diogu funtsezko zerbitzu baten pribatizazioa amaitu eta dagokion erantzukizuna bere gain har dezan.

Patronalaren utzikeria kriminalak eta instituzioen konplizitateak 50 laneko heriotza eragin ditu dagoeneko 2024an

Atzo goizean jakinarazi zuen Osalanek, joan zen urriaren 15ean altueratik erorita Zornotzako Maderas Etxeari enpresan larriki zauritutako R.I.U, 59 urteko langilea, joan zen ostiral arratsaldean, urriaren 25ean, hil zela zauriei ezin eutsiz. Langileak 14 urte zeramatzan lanean Dana-Air Aire Comprimido enpresan .

Era berean, Osalango iturriek jakinarazi dute joan zen urriaren 17an, 52 urteko L.M.B.A. langileak, istripu larria izan zuela Zierbenan, eta makina baten motorrak eragindako proiekzio baten ondorioz, aurpegian larriki zauritu zela. Atzo hil zen zaurien ondorioz Viuda de Sainz enpresan 5 urtetik gora lanean zeramatzan langilea.

Bi hauekin, gutxienez 50 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak. Lehenik eta behin, LAB sindikatuak elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die hildako langileen senide, lagun eta lankideei.

Patronalak eragiten duen urteroko zerrenda beltzak 50 langileren heriotzak jasotzen ditu dagoeneko 2024 honetan. Hauen artean, altueretako erorketek protagonismo handia hartu dute aurten ere. Oso ezagunak dira altueretako arriskuak ekiditeko ezarri beharreko segurtasun neurriak. Hauetako istripu bakoitzaren atzean enpresen utzikeria kriminala dago beti, izan ere, hainbat bitarteko ipini beharko lituzkete, legeak hala aginduta, uneoro segurtasun neurri ezberdinen aplikazioa bermatzeko uneoro. Eta ez dute egiten, sistematikoki.

Makinek eragindako istripu larri eta hilgarriak ere ugariak dira, nahiz eta langileen babeserako araudia oso zorrotza izan. Praktikan aldiz, ohikoa da enpresek makinen segurtasunerako araudia urratzea, eta honek ez die inongo oztoporik suposatzen. Inpunitatea onartezina da.

Utzikeria kriminal honen ondorioz, azken 10 urteotan, Euskal Herrian, gutxienez 82 langile hil dira altueratik erorita, gehienak eraikuntzaren sektorean. Zornotzako heriotza honekin, 10 dira arrazoi horrengatik hildako langileak urte hasieratik Euskal Herrian.

Egoera hau ez litzateke posible instituzioen konplizitaterik ez balego. Izan ere salatzen gatozen moduan, patronalari araudia ez betearazteko bitartekorik ez ipintzea ez da arazo administratibo bat, erabaki politiko bat baizik.

Protesta ekimenak

Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek pankarta erraldoiak jarri dituzte Bilbon (Pedro Arrupe zubian), Donostian (Kaian) eta Gasteizen (Andra Mari Zurian), honako lemarekin: “50 langile hil dira Euskal Herrian 2024an. Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte”

Gainera, laneko azken heriotza hauek salatzeko, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRUk osatutako intersindikalak kontzentrazioa egingo du datorren urriaren 31n, osteguna, Bilbon, 12:00etan, Confebask patronalaren egoitzaren aurrean.

Kaleratutako langileak berronartzea exijitu diogu Arancontari

Protesta bilkura egin dugu enpresak Donostian duen egoitzaren aurrean, langile biren kaleratzea salatzeko. Kaleratutakoen artean dago hauteskunde sindikaletarako LABen hautagaia.

Aranconta enpresako langileak 15 urte baino gehiago daramatzate lan hitzarmenik gabe, eta Langileen Estatutua eta LGS ezartzen dizkiete. Honek, azken urte hauetan bizitzaren garestitzeari aurre egiteko %30eko ahalmen ekonomikoa galdu dutela suposatzen du.

Egoera honen aurrean, Arancontako langileak LAB sindikatura hurbildu ziren beraien lan eta bizi baldintzak hobetzeko asmoarekin. Langileen kezkei erantzun eta jasaten duten egoerari aurre egiteko, LABek bidelagun izateko eskeintza egin zien langileei, horretarako antolakuntza eta borroka ezinbestekoak izan behar zirela adostuta.

Langileak antolatzeko lehen pausua langileen ordezkaritza bat izendatzea izanik, hauteskunde sindikalak egiteko asmoa adostu zuen LABek Arancontako langileekin. Irailaren 24an, hauteskundeak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu eta enpresari honen berri helarazi zion LABek. Hemendik aurrera hasi zen enpresa langileak jazartzen, eta honen ondorioz, enpresak bi langile kaleratu ditu inongo lotsarik gabe, tartean langileen ordezkari izateko hautagaia.

Langileen antolakuntzari eta askatasun sindikalari egindako eraso honen aurrean, borrokaren bitartez enpresari aurre egiteko antolatu gara. LABen argi daukagu ezin dugula eraso hau onartu eta gure baliabide sindikal guztiak erabiliko ditugula kaleratutako langileak berronartu eta hauteskunde prozesu demokratiko eta gardena egiteko eskubidea bermatu arte.

Langileon antolakuntzaren eta askatasun sindikalaren aurkako errepresioari ez.

Mutualitateekin hitzarmenik ez sinatzeko eskatu diogu EAEko Osasun Sailari

Uztailaren 31an, CEOE, CCOO eta UGTk mutualitateei kontingentzia arrunten kontrolerako ahalmen gehiago ematea adostu zuten. Orain Jaurlaritzaren eta Nafar Gobernuaren esku dago osasun sistemaren pribatizazioan urrats berri bat izango litzatekeen akordio horren garapena eragoztea eta mutualitateekin hitzarmenik ez sinatzea.

Ez da edozein momentutan datorren akordioa. Batetik, patronalak absentismoaren gaineko diskurtso faltsu eta manipulatuarekin, eskubide murrizketa berriei atea ireki nahi die, eta mutualitateak ditu horretarako bidelagun. Bestetik, EAEn, Osasungintzaren inguruko eztabaida irekita dago.

Mutualitateen esku-hartzea baztertu eta osasungintza publikoa lehenesteko beharra azpimarratu nahi du LABek. Jauzi honek suposatzen duen Osasunaren pribatizazioak, enpresen etekinak bermatzea du helburu, inoiz ez langileen osasuna.

Hau honela, kezkaz jaso dugu pasa den ostiralean EAEko parlamentuan Alberto Martinez Ruiz Osasun Sailburuak EH Bilduri erantzundako galderetan, mutualitateekin hitzarmenenaz esanikoa, “gaia aztertzeko” borondatea azaldu baitzuen. LABetik gogorarazi nahi diogu, gurean, gehiengo sindikalaren iritzia kontrakoa dela.

EAEren kasuan, Osasun Sistema eraberritzeko eztabaida irekita dago eta LABetik salatu dugun moduan, aurkeztu diguten diagnostikoaren laburpen dokumentuak gabezia handiak ditu, besteak beste, ez baitira jasotzen pribatizazioari buruzko datu guztiak, ez arrazoiak, ezta kostua ere. Ez da politika horien baloraziorik egiten eta LABentzat, pribatizazio politika horiek, sistema publikoa ahuldu eta gainbeheran jarri dute, pribatua indartu duten aldi berean. Orain, pribatizazio politika horiek zuzendu ez eta gainera, mutualitateei eskumen berriak ematea, Osakidetzak eskatzen duen eraldaketaren kontrako norabidean emaniko urratsa izango litzateke.

Estatu mailako akordio honek, bere 7. puntuan, behin-behineko ezintasunen kudeaketa eta langileen sendatzeari lotutako neurriak jasotzen ditu. Hala, planteatzen dena da “mutualitateen baliabideak erabiltzea, prozesu traumatikoetan diagnostiko eta tratamenduak denboran azkartzeko”. Gauzak horrela, hitzarmena garatuz gero, mutualitateak behin-behineko ezintasun egoera arruntean (hau da, laneko arrazoiengatikoa ez den bajan) dauden langileak tratatuko lituzke (zerrendaturik dauden traumatismoak gertatu diren kasuetan), Gizarte Segurantzaren Institutuak aurreikusitako sendatze denborak pasatakoan eta langilearen onespenarekin. Azken horri lotuta, Arartekoak berak ohartarazi du langileek presiopean eman dezaketela onarpena, eta, beraz, LABek ere onartezintzat jo du. Beraz, diagnosia eta tratamendua mutualitateak egingo luke, baina alta eta bajen erabakiak Osakidetzako familia medikuaren esku jarraituko luke, baldintzaturik.

Akordioan jasotakoak, LABen aburuz, sistema publikoaren ezintasuna islatzen du, esplizituki halakorik aitortzen ez bada ere. Patronalak eta mutualitateek aldarrikatu izan duten eskaera bati men egiten dio, zeinaren bidez enpresa-entitate horiek kontingentzia arrunten kudeaketaren zati handi bat eskuratuko baitute. LABek ohartarazi du, gainera, oraingoa mutualitateek eta gobernuek adostutako neurrietako bat baino ez dela, eta aurrerago gehiago etorriko direla, guztiak ere pribatizazioaren norabidean.

Akordioak osasun zerbitzu duala planteatzen du gizartearentzako. Bata, langile aktiboentzako, lehenbailehen produktibo izateari emango diena garrantzia, baliabide sanitario gehiago jarrita eta sendatzea baino, baja laburtzea helburua dutenak. Bestea berriz, produktiboa ez den gizartearen zatiarentzako, zeinari osasun sistema publikoa dagokion eta baliabide gutxiago bideratzen baitzaizkion, sendatzeak eta errekuperazioak presarik ez dutela eta.

Akordioak ez du argitzen tratamenduen irizpide eta erabakiak mutualitateen edo Osakidetzako sendagilearen esku geratuko liratekeen. Honek ekarriko duena zera da: traumatismo batzuetan alta azkarra bilatzeko asmoz, ikuspegi sanitariotik egokiak ez diren tratamenduak ezar daitezkeela, ondo sendatzea baino, kaltea arindu eta lehenbailehen lanera itzultzea helburu izanik. LABek gogorarazi du mutualitateek irizpide ekonomizista osasun irizpidearen aurretik ipintzen dutela beti. Erkidego bakoitzak mutualitateekin garatuko luketen balizko hitzarmenetan, eskumen hori mutualitateetako medikuen esku uzteko aukera egongo litzateke, eta LABen ustez, hori oso larria litzateke. Beraz, neurriak enpresa-medikuaren irizpidepean ipintzen du langilea, bermerik gabe eta gainera, familia medikuaren gaitasun eta erabakitzeko ahalmena murrizten du, osasun irizpidea ahulduz.

Arrazoiak soberan daude beraz, Madrilen adosturiko akordioaren inplementazioari ezezkoa emateko.

Aurreakordioa Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmenean #LortuDugu

Gaur, urriaren 28an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Eraikin eta Lokalen Garbiketako Hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dugu. 2021ean hasi ginen hitzarmena negoziatzen eta 30 bilera baino gehiago behar izan dira gauden lekura iristeko.

Aurreakordioaren eduki nagusiak honako hauek dira: soldata igoerak (2021-2022-2023an %0; 2024an %4; 2025ean %4; 2026an %4; 2027an %4,5 eta 2028an %4,25. 2021-2027 urteen (biak barne) baturak %20,5a gainditzen badu, soldata-taulak KPIen baturaren aldea kontuan izanik eguneratuko dira, %3,9ko topearekin; bigarrenik, bakanteen prozesua arautuko da; eta hirugarrenik, ultraaktibitatea, hitzarmena blindatzen dugu etorri daitezkeen lan erreformen aurrean.

Aurreakordioa sinatu dugun arren, ez dugu erabat lortu hitzarmenaren negoziaketaren hasieran langileen kolektiboak aurreikusitako erronka, hain zuzen, eros-ahalmenaren bermea lortzea. Garrantzitsua da gogoratzea hitzarmena pandemia hasi eta ondorengo hilabeteetan negoziatzen hasi ginela eta orduan, KPI altuak zeuden mahai gainean.

Negoziaketa guztian zehar enpresek jarrera itxia izan dute eta langileen presioa eta borrokari esker, enpresa eta Aldundia orain arteko proposamenarekin alderatuta eskaintza nabarmen hobea egitera behartu dituzte.

Bukatzeko, nahiz eta hasierako helburua guztiak ez lortu, bidea luzea eta neketsua izan da eta balioan jartzen dugu kolektibo honen borroka: 2022an 55 eguneko greba eta 2024an Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egindako ekimen eta mobilizazioak. Guzti honek bultzatu digu sindikatu modura akordio honi baiezkoa ematea.

LABen argi dugu langileen ekintza sindikala eta borrokak ekarri gaituela akordio honetara. Zoritxarrez, albo batera utzi behar izan ditugu egunerokotasunari aurre egiteko zenbait aldarrikapen, besteak beste, zaintzagatiko baimenen hobekuntzak, hala nola, dependentzia duten familia kideen zaintzarako murrizketa edo eszedentzia baimenak. Honen harira, lortu ez ditugun puntu horiek datozen negoziaketetan berrartu eta negoziatzera konprometitzen gara.

Argi dago borroka eta antolakuntzaren bidez gure lan eta bizi baldintzak hobetzea lortu dugula, horregatik, LABentzat ospatzeko moduko akordioa da, nahiz eta etorkizunean borrokan jarraitu beharko den. Bidea urratsez urrats egiten da, bidea elkarrekin eginez geraezinak garela jabetzen gara, horregatik borrokak merezi duela azpimarratzen dugu berriro.

Salatu dugu bete gabe jarraitzen duela EAEko Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako 60 urtetik gorako langileei lanaldia egokitzeko akordioak

Kontzentrazioa egin dugu Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrean.

Orain urtebete, 2023ko azaroaren 9an, Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako mahai negoziatzailean akordioa sinatu genuen, oraindik bete ez dena. Aurreko Hezkuntza Sailak ez zuen ezer garatu eta egun dugun ekipoak, guretzat nahikoa ez den proposamena bidali zigun ostiralean. Honen arabera ez da protokolo espezifikorik garatu, eta neurririk hartzekotan 2025ean aplikatuko lirateke.

Akordioan, sukaldeko eta garbiketako langileen osasuna zaintzeko Hezkuntza Saileko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak protokolo espezifiko bat garatuko zuela jasotzen zen.

Protokolo horrek ondorengoa ezarri behar zuen, aurrez aipatutako zerbitzuek langileei dei egingo ziela 60 urte bete ondoren lan-eremuan haien osasuna babesteko neurriak hartzea egokia den erabakitzeko, prebentziozko neurriak zein neurri aringarriak. Bere lanpostuari esleitutako funtzioak eta zereginak behar bezala garatzeko, egokitzapen horietan lanaldia herenean murrizteko neurriak sar litezkeelarik.

Sailak iaz emandako datuen arabera, neurriak 120 langileri eragingo lieke sukaldeetan eta 94ri garbiketan. 214 langile hauek urte guztian zehar deiaren zain egon dira euren jarduna aurrera eramanez.

Hezkuntza Saileko kategoria hauetan lan egiten duten langileak dira lan baldintza prekarioenak dituztenak. Kolektibo feminizatua da, egunero garbiketan 8 ordu eta sukaldean 8,5 orduko Ian fisikoa egiten dutenak. Paradoxikoki, hauxe da Hezkuntza Sailean adinagatik neurri aringarririk ez duen kolektibo bakarra.

Lanpostuen arriskuaren balorazio generikoa ez ezik, pertsona bakoitzaren banakako jarraipena egitea ere eskatu eta sinatu zen. Gero eta beharrezkoagoa den zerbait, lanpostuan urte asko daramatzaten eta adinean aurrera doazen langileei buruz ari garelako. Lanpostu hauek duten berezitasun eta lan kargen ondorioz, gero eta gehiago dira osasun arazo fisiko zein psikosozialak dituzten langileak.

Gauzak horrela, gatazka kolektiboa jarrita eta bitartekaritza saioak emaitzarik gabe bukatuta, Hezkuntza Sailaren kontrako demanda sartzeaz gain, mobilizazio dinamika hasi dugu.

Bestalde, aipatu behar dugu Hezkuntzako Saileko gainontzeko kolektiboetan ez bezala, honetan oraindik Hezkuntza Sailak ez duela lan hitzarmen berria negoziatzeko zirriborrorik aurkeztu. Honek guztiak argi erakusten du sailak zerbitzuetako langileekiko duen jarrera.

Langabezia tasa jaitsi da, aktibitate tasaren beherakadak lagunduta

Udan aldizkako kontratu finkoak eteten dira, bereziki sektore feminizatuetan.

Langabezia tasa %7,6ra jaitsi da Hego Euskal Herrian, pasa den urtean baino 12.900 langabe gutxiago daude eta 11.300 herritar gehiago lanean. Dena den, deigarria da, biztanleria hazi arren, langile gutxiago egotea aktibo moduan. Aktibitate tasa duela urtebete baino baxuagoa da, %55,94koa.

Aktibitate tasak 16 urtetik gorako biztanleriatik aktibo dauden herritarren proportzioa neurtzen du. Azken hiruhilekoan, 8.500 langabe gutxiago egon arren, 50.600 langile aktibo gutxiago daude eta 42.200 langilek utzi diote lan egiteari udako epealdia bukatuta. Beraz, aktibitate tasa txikiak kezka eragin beharko luke, biztanleriaren gero eta proportzio txikiagoa baitako aktibo, lan merkatuaren ezintasunaren adierazle.

Adinari eta sexu-generoari erreparatuta, gizonen langabezia tasa %8,2ra igo da. Emakumeen* artean, berriz, langabezia tasa txikiagoa da, %7koa hain zuzen ere. Aurreko urteko langabezia tasa irauli den arren, sexu-generoaren arabera, aktibitate tasa aztertzen badugu, gauzek bere horretan jarraitzen dute, emakumeen* aktibitate tasa txikiagoa baita. Izan ere, gizonen aktibitate tasa %60,09 den bitartean, emakumeena* %52,03koa da, ia emakumeen* erdiak lan merkatutik kanpo kokatzen du bere burua, eta azken urtean 3.200 emakume* gutxiago daude aktibo moduan.

Aipagarria da ere, egoera zaurgarrian dauden kolektiboen artean mantentzen den langabezia tasa altua. Gazteen artean langabezia tasa jaitsi den arren, oraindik %23,6koa da eta migranteen artean, Nafarroa Garaian %20,7koa eta EAEn %23,18koa.

Sektorearen araberako lan merkatuaren bilakaera aztertuz, azken hiruhilekoan, bereziki behera egin du langabeziak industria sektorean (1.600 langabe gutxiago) eta epe luzeko langabeen artean (4.900 epe luzeko langabe gutxiago).

Pasa den urtetik hona, aldiz, langabeen kopuruak behera egin du zerbitzutan eta epe luzeko langabeen artean, baina eraikuntzan eta industrian gora egin du. Epe luzeko langabe kopuruak behera egin duen arren, langabeen %50,94 dira.

Udako epea bukatuta, 12.700 kontratu gutxiago daude eta eten diren kontratuen herena emakumeena* da; hau da, 8.500 emakumeren* lan kontratua eten da. Nabarmentzekoa da, gizonen artean 4.200 kontratu gutxiago dauden bitartean, azken hiruhilekoan, 11.900 kontratu mugagabe gehiago egotea eta behin behineko 6.100 kontratu gutxiago.

Emakumeen* artean, joera alderantzizkoa da; izan ere, 12.500 kontratu mugagabe gutxiago dauden bitartean, behin behineko 3.900 kontratu gehiago sinatu dira. Aldizkako kontratu finkoekin langileoi egiten zaigun iruzurraren adibide garbia da. Izan ere, udan lan kontratuak eten eta langabezian uzten dute langilea, kurtso hasieran (aldizkako) kontratu finkoa eginez. Egoera honetan dagoen emakume* kopurua ikusita, bereziki sektore feminizatuetan baliatzen dute, prekarioak diren lan baldintzak gehiago prekarizatuz.

Lanaldiari dagokionean, gizon eta emakumeen* arteko arrakala ere nabarmentzekoa da, ia lau emakumetik* bat baitago lanaldi partzialarekin (%23,2a) eta 20 gizonetik ia bakarra (%5,9) dago lanaldi partzialean. Aipatzekoa da kontratu mota hau emakumeen* borondatearen kontra egiten dela, jardunaldi osoko kontratuak ukatuz. Era berean, nabarmentzekoa da udako zerbitzu kontratuak bukatzean kontratuen erdia partziala izan dela.

Langabezia tasak behera egin arren, egoera zaurgarrian dauden kolektiboak lan merkatutik kanpo kokatzen ari dira. Horren erakusle da migratzaile edota gazteen artean langabezia tasak altua izaten jarraitzen duela edota sektore prekarizatuetan, bereziki udan, aldizkako kontratu finkoen erabilera maltzurrak langileon lan baldintzak kaskartu edota ezegorkortzen dituela. Beraz, LAB sindikatuak borrokan jarraituko du sektore prekarizatuekin eskuz-esku, langile guztion lan eta bizi baldintza duinak eta bizitza bizigarriak eskuratu arte.

Kapitalaren pribilegio fiskalekin amaitzea eta enplegua eta zerbitzu publikoak hobetzeko neurriak hartzea eskatu dugu Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean

Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Soziala (KES) gaur bilduko da Iruñean, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Aurreproiektuari heltzeko. Bertan, LABek zerga erreforma sakona aldarrikatuko du, kapitalaren errentak eta dirutza handiak pribilegiatuak izateari utz diezaioten eta gainerako gehiengo sozialak bezala ordain dezaten, zerbitzu publikoak indartzeko beharrezko ekarpena handituz. Ildo horretan, LABek Maria Chiviteren bigarren gobernuari leporatu dio progresibitate fiskala hoztu izana, eta gaur egun oraindik ez duela zerbitzu publikoak indartzeko apustu estrategikorik.

LAB sindikatuak Nafarroako 2025eko aurrekontuei buruzko eztabaida langileen, lan eta bizitza duinaren aldeko neurriak hemen erabakitzea eskatzen duen kanpainaren barruan kokatu du.

LABen iritziz, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen aurreproiektuari heltzeko, lehenik eta behin diru sarrerak aztertu behar dira. Dirudienez, zergen bidez aurrekontuen %84,56 ordainduko da, eta espero den zerga sarrera BPGren %19,32 izango da. Hala ere, Europar Batasunean azken urteetan diru sarrerak %26 baino gehiago izan dira batez beste. Beste era batera esanda, Nafarroak Europan dagoen presio fiskala izango balu, zergen bidez 1.880 milioi euro gehiago izango genituzke aberastasuna aurrekontuen bidez birbanatzeko eta Nafarroako gizartearen lehentasunei erantzuteko; horien artean, bizi eta lan baldintzak hobetzea nabarmentzen da nagusiki, baita osasun publikoa indartzea eta etxebizitza erosteko aukerak handitzea ere.

Nafarroako Gobernuak inbertsio publikoaren aldeko apustuari eustea aipatu du. Baina apustu hori lotsatia eta hotza da, autokonplazientea eta eskasa. LABek uste du Nafarroako gehiengo sozialaren egungo egoera nabarmen hobetzeko aukera dagoela, baina horretarako borondate eta erabaki politiko nahikoa behar dela etorkizuneko erronka handiei modu positiboan aurre egin ahal izateko politika publikoetan egiturazko aldaketa sakonak egiteko.

Nafarroa, Europako batez bestekotik urrun

Osasungintzaren diru partidaren adibidea Nafarroako Gobernuak alde batetik, eta LABek bestetik, defendatzen dituzten jarrera ezberdinen isla da. Osasungintzara bideratutako kopurua %3,03 igo da. Aurrekontu partidarik handiena da, eta aurrekontuen %25,17 hartzen du. BPGren %5,34 da. Hala ere, Europar Batasunak azken urteetan BPGrekiko izan duen batez besteko inbertsioa %8tik gorakoa izan da. Proportzioei eutsiz, baina zerga sistema progresibo eta bidezkoago batekin, Nafarroak 418 milioi euro gehiago izango lituzke osasun publikoan inbertitzeko. Eztabaidak zintzoa izan behar du: ezinezkoa da Osasunbideko itxaron zerrenda murriztea eta Lehen Mailako Arreta hobetzea gehien dutenei zergak jaisten bazaizkie, Nafarroako enpresariek eta Isabel Diaz Ayuso PPko frontwomanak euren bileretan planteatzen duten bezala.

Gauza bera gertatzen da Hezkuntzarekin. Hezkuntzara bideratutako kopurua %2,88 igo da, hau da, aurrekontuen %17,27, eta BPGarekiko %3,67. Aitzitik, Europar Batasunak Hezkuntzako BPGarekiko izan duen batez besteko inbertsioa %4,7 baino handiagoa izan da azken urteetan. Proportzioei eutsiz, baina zerga sistema progresibo eta bidezkoago baten diru sarrerekin, Hezkuntzako inbertsioa 1.318 milioi eurokoa izango litzateke, BPGren %4,69, Europatik oso gertu. Progresibitate eta justizia fiskal handiagoko egoera batean, Carlos Gimeno arlo horretako kontseilariak bere prepotentzia eta ezintasunari amaiera eman liezaioke, irakaskuntza publikoko langileen errebindikazio zuzen eta beharrezkoei erantzuteko, sektoreko grebari amaiera emateko eta Nafarroako gizarteari kalitatezko hezkuntza publikoa emateko.

Joan den astean, LABeko 350 ordezkarik baino gehiagok manifestazioa egin zuten SNE-Nafar Lansareren Enplegu Agentzia Integralaren aurrean, lan-arloko premiazko neurriak eskatzeko. Nafarroako aurrekontu orokorren eztabaida une egokia da enpleguarekin lotutako neurri horiei heltzeko. Nafarroako Gobernuak kalitatezko enpleguaz hitz egin nahi badu, adibidez, berehala konpondu behar du zahar egoitzen Nafarroako lehen hitzarmenaren blokeoa, eta desgaitasuna duten pertsonak artatzeko eta esku-hartze sozialeko zentroetako langileen aldarrikapenei erantzun behar die. Era berean, gure errealitate sozioekonomikora egokitutako gutxieneko soldata propio bat ezartzeko beharra onartu behar du, baita asteko lanaldia 30 ordu murriztea ere, enplegua banatzeko eta zaintza lanak artatzeko. Gainera, onartezina da Gobernuak kalitatezko enpleguaren sarbidea sustatzeko pizgarrien erabilera (alferrikakoa delako aholkatzen ez duten adituen irizpidearen aurka) eta Nafar Lansarek kontratazioaren arloan duen zeregina indartzeari uko egitea. Horretaz gain, nolabaiteko geldialdia dago berdintasun politiketan.

Azkenik, Nafarroan lanean langile hildako kopuru jasanezinarekin, mingarria eta iraingarria da Nafarroako Gobernuak Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluan parte hartzen dugun agenteak baztertzea, besteak beste, LAB sindikatua, lan osasunaren eta lan ezbeharren arloko erabakiak hartzetik, eta Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluko UGT, CCOO eta CENeko enpresarien baino ez parte hartzea pribilegiatzea, beste adibide argi batean, betikoen arteko salerosketan. Aurrekontuek lan osasuneko zerbitzu publikoa indartzeko eta baliabide gehiago izateko beharrari erantzun behar diote.