2026-11-02
HomeEkintza SindikalaEAEko Hezkuntzako sukalde eta garbiketako grebak %70tik gorako jarraipena izan du

EAEko Hezkuntzako sukalde eta garbiketako grebak %70tik gorako jarraipena izan du

LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako grebak jarraipen zabala izan du. Hezkuntza Saileko Sukalde eta Garbiketako 1.000 langile daude gaurko grebara deituak. Salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak kolektibo honen greba eskubidea baldintzatu nahi izan duela. Gehiegizko zerbitzu minimoak ezarriz, hauek ezartzen dituen aginduan egindako akatsak azken orduan zuzenduz eta zerbitzu minimoen aplikazioan interpretazio zorrotzegiak erabiliaz.

Hau horrela izan arren, greba egiteko aukera izan duten langileen artean, grebak %70etik gorako jarraipena izan du. Besteak beste, aipatzekoak dira, gutxieneko zerbitzuak kenduta langileen %100ak greba egin duen ondorengo eskoletako sukaldeak:

Gipuzkoan: Donostiako Ikasbiden, Hernaniko Meaben, Urretxuko Gain Zurin, CEIP Errekalde Oñatin, Hondarribiko Talaian Egape Urnietan eta Mutrikun.

Bizkaian: Bilboko San Inazio eta CEIP Pio Baroja, CEIP Mendia Balmasedan, CEIP Concha Karrantzan, eta CEIP Orozko.

Araban: Gasteizko Gamarran, Araiako herri eskolan, Dulantzin eta Langraitzen.

Garbiketan langile gehienek arratsaldez egiten dute lan, baina egun hauetan jasotako datuen arabera grebaren jarraipena oso zabala izango da esparru honetan ere. Jarraipena erabatekoa izango da besteak beste Bergarako Ipintza eskolan, Donostiko Zubiri Manteo, Zarautzeko eskolan, Elgoibarrekoan, Gasteizko Hizkuntza Eskolan eta Francisco de Vitorian.

Grebak izandako babesaren erakusle da Bilbon “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean izandako giza katean ehundaka langile elkartu izana.

Kolektibo hau da zalantzarik gabe feminizatuena den Hezkuntza saileko esparrua. Baita lan baldintza prekarioenak dituena ere eta pribatizazio prozesu handiena bizi duena. 2009 urtetik hitzarmena, eta ondorioz lan baldintzak, eguneratu gabe dituzte langileek.

Hitzarmena berritzeko grebetako aldarrikapen nagusiak hauek dira: lan zamak arintzeko bazkaltiar eta garbiketa ratioak hobetzea eta lanaldiak murriztea; erretiroa aurreratzeko gazteberritze planak adostea; galdutako eros-ahalmena berreskuratzea; funtzioak definitzea eta kategoriak egokitzea; enplegua egonkortzea eta pribatizazio zein fusio edo itxieren bidez lanpostu suntsiketak eragozteko neurriak hartzea, ordezkoen lan baldintzak hobetzea, lizentziak eta baimenak hobetzea eta lan osasuna,berdintasunaeta euskara planak garatzea.

Azkenengo negoziazio mahaia urtarrilaren 27an izan zen, sailak deituta. Halaber azken urteetan gertatu ohi den moduan, ez zen fundamentuzko edukirik mahai gaineratu eta gainera greba deialdia bertan behera uzteko aurreakordio proposamena egin zigun. Edukirik gabeko bilerak deitzeari uzteko eta aldarrikapen hauei erantzungo dion proposamena jorratzeko eskatu diote gaurkoan langileek Hezkuntza Sailari.

Gaurko egunari jarraipena emanez, bihar ere greba eguna da hezkuntza publikoko sukaldeetan eta
garbiketan. Kontzentrazioak burutuko ditugu EAEko hiru hiriburruetako Hezkuntza ordezkaritzetan,
goizeko 11.30ean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....