2025-12-13
Blog Page 1225

Patronalak hitzarmenei jarritako betoa gainditzeko borrokan jarraitzeko apustua berretsi du LABek

0

LABek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko metalgintzan deituak izan diren negoziazio mahaietan parte hartuko duela jakitera eman du. Argi utzi du, baina, edozein hitzarmenak ez duela balio. Negoziazio Kolektiboaren blokeoa gainditzeko egindako proposamenean berresten da LAB.

NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA-METALGINTZAKO MAHAIAK

UGT sindikatuak PRECOn erregistratutako eskaera batean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako metaleko mahai negoziatzaileak biltzeko bilerak eskatu ditu eta LABen azken proposamena arduragabetzat jo du.

Deialdi honen harira LABek ondokoa adierazi nahi du:

– Egun ez dago mahai negoziatzailerik patronalak negoziazioak apurtu egin zituelako uztailaren 7an, eta ez hori bakarrik, ordutik hona igarotako denbora tartean argi utzi dute ez dutela metaleko hitzarmenak negoziatzeko inolako borondaterik. Sektorearen desarauketaren aldeko apustu argia egin dute.

– LABek patronalak sektoreko hitzarmenei jarritako betoa gainditzeko borrokan jarraitzeko apustua egin zuen. Hitzarmena ez delako negoziazio mahaian lortzen, borrokaren bidez baizik. Are gehiago, erreformaren ondorengo testuinguruan.

– Hainbat mobilizazio egin ditugu sektoreko hitzarmenen defentsan eta borroka hori lantokietara ere eraman dugu. Beti enpresako negoziazioa alternatiba ez dela ulertuta, beti sektore eta enpresa eremu osagarriak direla ulertuta, beti enpresako negoziazioetan ere sektore hitzarmenaren beharra azpimarratuz.

– Borroka emaitzak ematen ari da, hainbat dira beraien herrialdeko patronalak (SEA, ADEGI, FEVEM) ezarritako irizpideei muzin egin eta enpresako hitzarmenak sinatzen ari direnak. Honek erakusten duena da negoziazio mahaiak blokeatzeko ahalmena duen CONFEBASKek gero eta enpresari gutxiago ordezkatzen dituela.

– LABek oso argi du herrialdeko hitzarmenak nahi dituela. Enpresaz enpresako neogziazioak ez ditu gure helburuak asetzen, batetik sektoreko langile guztiei irtenbide bat ematen ez zaielako eta bestetik enpresatan negoziatzeko aukera dutenek ere, sektoreko hitzarmenaren gutxieneko erreferentzia hori mantentzea beharrezko dutelako.

– Baina ez du edozein hitzarmenek balio. Hitzarmen horiek gutxieneko eduki batzuk bermatu behar dituzte: KPIari lotutako soldata igoerak eta lan erreformaren aurkako klausulak.

– Hitzarmenak bere horretan ez dira helburu. Hitzarmen txar bat ez da hitzarmenik ez izatea baino hobea. Estatuan eta Nafarroan ikusten ari garen errealitatea da hau, hitzarmen gehienak sinatuak daude baina langileen egoera ez da hobea. Soldatak gehiago erortzen dira edota deskuelge gehiago daude.

– Horrelako edukiak izango dituzten sektore hitzarmenak beharrezkoak eta bideragarriak dira. Patronala, ordea, ez dago prest.

– Negoziazio kolektiboaren blokeoak, orohar, eta bereziki metalaren egoerak, lan harremanen desarauketa dakarte. Hau langileentzat bidegabea izateaz gain kaltegarria da ere gure eredu produktiboarentzat, ekonomia errealarentzat. Batetik sortzen duen ziurgabetasun eta konfliktibitate giroagatik, eta bestetik, lan harreman eredu honek ezinezko egiten duelako balioa erantsian, berrikuntzan, prestakuntzan… oinarritua egongo den eredu ekonomiko lehiakorra. Aldiz blokeo eta desarauketa honek jarraitzen badu, geratzen den bakarra, lan kostuen etengabeko merkatzean kokatuko da.

– Egia izanik hitzarmena patronala eta sindikatuen artean negoziatu behar dela, Jaurlaritzak ere badu zeresanik honetan. Uztailaren 5ean patronalak ez zigun sindikatuoi bakarrik esan ezetz, Gobernuari berari ere.

– Ordutik hona Eusko Jaurlaritzak, ekidistantzia bat mantendu nahi izan du. Egungo lan harreman erabat patronalaren aldekoan, hori ezinezkoa da. Desoreka erabatekoa da eta esan dugun moduan negoziazio kolektiboaren egoerak eragin zuzena du ekonomia errealean.

– Beraz, Jaurlaritzak ezin du beste aldera begiratu eta desblokoan eragiteko zeregina du. Berriro diogu, egin dugun proposamena guztiz bideragarria delako eta horregatik egin diogu guk proposamena.

– Negoziazio mahairik egotekotan LABek parte hartuko du eta bere proposamena eramango du. CONFEBASKek benetako borondatea duen baieztatu nahi dugu.

– Azkenik, eta bukatzeko gogoratu nahi diogu UGTri LABek ez duela inolako elkarlan sindikalik apurtu. Agian, proposamena defendatzeari uko egin, eta mobilizazioak ahaztu dituztenek dute erantzunkizuna. Guk ez dugu egin genuen proposamenari ezezkoa emateko arrazoirik ikusten, baino hitzez haratago konpromisoak eskatzen ditu egoerak, langileon eskubideak bermatu nahi baditugu.

Euskal Herrian, 2014ko maiatzaren 21ean

 

 

 

Mobilizazioak maiatzaren 30ean Arabako industriaren defentsan

0

Arabako 6 enpresa erreferentzialetako ordezkari eta langileekin batera, LAB sindikatuak mobilizazio eguna deitu du industrian datorren maiatzaren 30erako. "Arabako Industriaren defentsan. Enplegu duina!" lelopean bi hitzordu izango ditu egunak. Lehena goizean eta Eusko Jaurlaritzan amaituko den kotxe-karabana eta bigarrena, arratsaldeko 19:00etan SEAren aurrean burutuko den mobilizazioa.

LAB sindikatuak, ALESTIS, AERNNOVA, CEGASA, CONDESA, LAMINACIONES ARREGUI, eta SIDENOR GERDAU enpresetako ordekari eta langileekin batera, maiatzaren 30ean Arabako industriaren defentsan burutuko den mobilizazio egunaren berri eman dute prentsaurrekoan. Maiatzaren 30an izango da, eta helburuak hauek izango dira:

– Enpresa hauen egoera kalera ateratzea eta langileak mobilizatzea enplegu duinaren defentsan.
– Arabako ehun produktiboaren defentsa egiteko.
– Mobilizazio horretatik aurrera, enpresa bakoitzean enplegu, lan baldintzen eta ehun produktiboaren defentsan ekimen berriak proposatzea.

Agerraldian 6 enpresa hauek Arabako ehun produktiboan duten garrantzia azpimarratu da, eta era berean, zuzendaritzen gestio txarra dela eta, bankuen ehun produktiboa eta familiak ez finantziatzeko hartutako erabakia medio eta instituzioen pasibotasunaren erruz, pairatzen ari diren egoera oso kezkagarria dela salatu dute.

ALESTIS, AERNNOVA, CEGASA, CONDESA, LAMINACIONES ARREGUI, eta SIDENOR GERDAU enpresen egoera

ALESTIS: gero eta lan karga gutxiago daukate, proiektuak ez dituzte hona ekartzen, eta bitartean UGT eta CCOO enpresarekin negoziatzen dute Andaluzian, EREan egin bezala, lan baldintzak okertzea (jardunaldia luzatu, soldatak produktibitateari lotu, malgutasun gehiago,..) eta gero hemen aplikatu nahiko digute. Lantoki-arteko komitea osatu nahi dute hitzarmen orokor bat adosteko eta horrela hemengo langileon gainetik pasatu nahi dute.

AERNNOVA
: erabateko malgutasuna nahi dute. Hitzarmenaren negoziazioan lan jardunaldia herrialdekoa baino handiago izatea proposatu zuten, komiteak baztertu zuenean ERE bat eta lan baldintzen aldaraztearen bidez inposatu digute. 4 aldiz aldatu digute egutegia. Proiektuak atera dituzte eta orain berriro hitzarmena negoziatzean proiektuak agertzen eta desagertzen dira beraien interesen arabera.

CEGASA
: azken urteetako gestioa erabat kaxkarra izan da, erabaki okerrak hartuz eta zorra gero eta gehiago handituz. Horrekin batera, langileoi ez zaigu benetako informazioa helarazi, ezin izan dugu ezertan parte hartu eta orain konkurtsoan gaude, lanpostu asko eta asko galtzeko arriskuan.

CONDESA
: lehengai falta dago, nahiz eta enpresak iaz etekinak izan. Taldeak zorrak ditu bankuekin, Arcelor Mittalek arazoak jartzen ditu bobinak hornitzeko, eta horren aurrean zuzendaritzak suspentsio ERE bat planteatu zigun, gure langabezi prestazioaz beraien arazoak konpontzeko. Trukean, enplegu berme minimo bat eskatu dugunean ezezko borobila jaso dugu. Prozesu honetan zehar ez digute inolako informaziorik eskaini.

LAMINACIONES
 ARREGUI: 358 langileetatik 140 bat besterik ez dira gelditzen eta produkzioa orain arte ez da martxan jarri, taldeak hemengo lantokiak abandonatuta edukita. Orain, gatazkaren 2. urteurrenaren bezperan, kaleratze kolektibo bat abiatzeko beste prozedura baten berri jaso dugu.

SIDENOR
 GERDAU: laminadoko trena kendu nahi dute aurten eta hori lantoki honen arima izanda, baliteke hemendik 3-4-5 urtera ixtea. Gainera, orain taldeak Ascometal Frantziako enpresa erostekotan dabil eta horrek ondorioak eduki ditzake gurean.

  


 

 

123 enpresa ezberdinetako ordezkari sindikalek Gure Esku Dago dinamikak ekainaren 8rako deitutako giza-katearekiko bere konpromezua erakutsi dute

Ekainaren 8an Gure Esku Dago dinamikak Durango eta Iruñea banatzen dituen 123 kilometroko giza-katea osatzea bilatzen du. Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidearen aldeko ekimen honi babesa emanez, gaur, 123 enpresa ezberdinetako ordezkari sindikalek (ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, HIRU eta EHNE sindikatuko kideak) euskal langileei bertan parte hartzeko deia luzatu die.

Agerraldiko irakurketa
Ekainak 8: giza-katearekin gure konpromisoa

Gaur komunikabideen aurrean agertzeko bildu garen ordezkariok 123 enpresatako ordezkari sindikalak gara. Zergatik kopuru hori? 123 kilometro daudelako Iruñea eta Durango artean, Gure Esku Dago ekimenak datorren ekainaren 8an milaka pertsonak osatuko duten giza-kate baten bidez lotzeko aukeratu dituen hiriak. Horrela gure babesa adierazi nahi diegu Gure Esku Dago ekimenak finkatu dituen helburuei, baita antolatuko dituen ekitaldiei ere, batik bat aipatutako ekainaren 8ko giza-katea.

• Gure Esku Dago Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika bat da.

• Erabakitzeko eskubidea, eskubide demokratiko eta unibertsala da. Nazioarteko legedian jasota dago eta erabakitzeko eskubidearen alde egitea ekintza demokratiko bat da.

• Ekimenaren ezaugarriak aniztasuna, askotarikotasuna eta partehartzailea dira; bere aterpean egiten ari gara antolatu diren tokian tokiko taldeen jarduerak.

• Bere helburu nagusia euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen alde herritarrak erakarri eta aktibatzea da. Uste osoa dugu erabakitzeko eskubideari dagokionez honelako dinamiken bidez egingo dugula aurrera.

• Jendartean dagoen aldarrikapen bati aukera bat eman nahi diolako eta bere zilegitasuna bultzatu, erabakitzeko eskubidea gauzatuz. Herritarrak martxan jarri nahi ditu, eta banakoak batu eta antolatuz egingo du aurrera. Horrela, erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo sozial, sindikal, politiko eta instituzionalak lortzeko lana garatuko da.

• Jarrera integratzailez eta errespetuz lan egin nahi duelako, modu positiboan, erabakitzeko eskubidearen inguruan herritarrak batzeko helburuaz. Dinamikak bi oinarri ditu: aniztasuna eta dibertsitatea. Desberdinen arteko konplizitatea bilatzen du, ekintza komun eta eragingarriak egiteko agertoki egoki eta eroso batean.

• Dinamikaren hiru oinarrizko ideiekin bat gatozelako:
◦ Nazio bat gara
◦ Erabakitzeko eskubidea dugu
◦ Etorkizuna bertoko herritarren esku dago

Horregatik, ziur gaude milaka ordezkari sindikalen eta langileren sentipena islatzen dugula, gaur hemen bildu den ordezkaritza sinboliko honek dei egiten du ekainaren 8an Gure Esku Dago dinamikak antolatu duen ekitaldian parte hartzera.

Bilbon, 2014ko maiatzaren 20an

ELA – LAB – ESK – STEE/EILAS – HIRU – EHNE

 

 

Langile bat hil da EHUk Leioan duen campusean lanean ari zela

Atzo goizean beste langile batek bizia galdu zuen Euskal Herrian, bigarrena 48 ordutan. Langilea EHUko Leioako campuseko liburutegiko teilatuan ari zen lanean.

LAB: “Lan baldintza txarrak erabakigarriak dira lan istripuak gertatzeko”

Gaur maiatzak 20, heriotza ekarri duen lan istripu berri bat suertatu da EHUn. Oraingo honetan LAUMORA enpresako 45 urteko langilea hilik suertatu da Leioako kanpusaren teilatuan lanean ari zelarik.

Heriotza honekin, dagoeneko (eta gutxienez) lanak eragindako 17. hidakoa dugu 2014 urtearen hasieratik hona.

LAB sindikatuak, EHUko eraikin publikoan gertatutako istripua salatu egin nahi du eta azpimarratu nahi du ere eraikuntza sektorean gertatu izana, azpikontrata bat tartean delarik, hain zuzen ere.

Askotan salatu izan ditugu laneko eta kontratazioaren baldintza txarrak, prekarietatea, behin-behinekotasuna, azpikontratazioa etab, langile klaseak jasan egiten dituen istripuen eragileak baitira.

Gaurkoa are larriagoa da kontuan hartzen badugu, erakunde publikoan gertatu dela; erakunde publikoak izan behar bait dira aitzindari eta eredugarriak arlo honetan. Aldiz,
irizpide eta neurri ekonomizistak ezartzen dira, kapitalismoaren helburu berberakin: ahail eta gasturik txikiena eta denbora galerarik txikiena ere, beti ere horren prezioa axola gabe.

Guzti horrengatik beharrezko ikerketak egitea eta ardurak argitzea exigitzen du LABek.

Era berean, istripu honen gaitsetzpena egin nahi dugu, horretarako LAB sindikatuak, biharko deitutako ordu beteko lanuztearekin bat egiten du. Lanuztea, eguerdiko 12:00etatik 13:00tara burutuko da, Leioako kanpusean; eta gehiengo sindikalak (ELA; LAB; STEE-EILAS; HIRU; EHNE) deitutako kontzentrazioara joateko deialdia (liburutegiaren aurrean) ere egiten du, eguerdiko 12:00etan kanpus aurreko Mikel Laboa enparantzan

 

 

 

LABek sindikatuon arteko elkarlana beharrezko ikusten du Osakidetzaren erasoei aurre egiteko

0

Azken mahai sektoriala izan eta gero, Osakidetzaren aldetik berriro ikusi genuen ez zeukala inongo borondaterik EZER negoziatzeko eta mahai sektorialera eramaten dituen gaia gehienak bezala, aldebakartasunean hartutako erabakiak dira eta mahai sektoriala erabiltzen du, behin eta berriz langileon eskubideen erasoen berri emateko, muzin eginez negoziazio kolektiboari.

Azken urte hauetan Jaurlaritzak, eta baita Osakidetzak oinarrizko legedi estatalak behartu dituela argudiatuz eta aitzaki horretaz baliatu Madriletik aplikatutako neurri ezberdinak bereak egin ditu hala nola, ordezkapenak mugatu, lanaldia, luzatu, paga…….. aldebakartasunez langileoi inposatutako neurri guzti hauek gehiengo sozial eta sindikalek behin eta berriz, oinarrizko legediaren gainetik, neurri hauek atzera bota ditzatela eskatu dugu.

Testuinguru honetan LAB sindikatuak Mahai Orokorrean defendatutako jarrera berdina mahai sektorialean defendatuko dugu : lanpostu publikoak suntsitu dituzten neurriak atzera botatzea. Horretarako ezinbestekoa da 35 orduko lanaldia bermatzea, enplegua sortzeko plan bat mahai gainean jartzea eta aldebakartasunez hartutako neurri guztiak atzera botatzea.

LAB sindikatuarentzat aldarrikapen guzti horiek egingarriak izateko jakin badakigu ezinbestekoa dela elkarlana eta azken ikasturte hauetan hori trasladatu dugu mahai orokorrean zein sektorialean. Osakidetzak egindako neurrien aurrean langileok erantzun behar dugu eta neurri horiek atzera egiteko ezinbestekoa dugu erantzun bateratua izatea. Bide horretan aurreko ikasturtetik lanean ari gara eta lanean jarraitu behar dugu. Izan ere, itxaropenaz ikusten dugu zelan Osakidetzaren aurkako sindikatuon frente komuna osatzeko irailean abitu genuen bideak aukera berria eskaintzen digun oraingo honetan. 

Bada garaia Osakidetzaren aurrean langileon desadostasuna eta gure eskubideak errespeta ditzatela adierazteko. Bada garaia behingoz mahai sektorialean langileon interesak eta osasun publikoa defendatuko dituen benetako negoziazioa aldarrikatzeko.

Beraz, argi izan LAB sindikatuak bai mahai sektorialean eta baita bilera intersindikaletan ere defendatuko duen jarrera hauxe izango dela: enplegua sortu ( 35 orduko lanaldia berreskuratzea, ordezkapenak betetzea…), langileon soldata %17ko galera , paga, garapen profesionala eta noski, kanosoak eta moskosoak ere berrekuratzea. Guzti honetarako, jakin ezazue LAB sindikatuak prestutasun osoa duela beste sindikatuokin elkarlana abiatzeko, konpromiso irmoak eta serioak hartzeko unea baita.

GORA LANGILEON BORRROKA!!!!!!
 

 

 

ELA eta LABek Gipuzkoako Garbitasunean deitutako grebaren balorazio positiboa egiten dute

0

Maiatzak 12,13,14,15, eta 16rako deitutako Gipuzkoako Garbitasuneko grebaren balorazio positiboa egiten dute ELA eta LAB sindikatuek. Duintasunaren alde eta lan prekaritatearen aurka egindako lanagatik lurralde osoan izandako mobilizazioetan parte hartu duten langile guztiak zoriondu dituzte. Datorren maiatzaren 27an bilera dute patronalarekin eta egindako borrokak hitzarmen duin bat negoziatzeko aukerak emango dituenaren esperantzarekin azaldu dira.

ELA eta LAB sindikatuen balorazioa
ELA eta LAB SINDIKATUOK MAIATZAK 12,13,14,15, eta 16rako DEITUTAKO GREBA DEIALDIA POSITIBOTZAT BALORATZEN DUGU

ELA eta LABek aste honetan lurralde osoan deitutako mobilizaziotan parte hartu duzuen guztiak zoriondu nahi zaituztegu.

1.- Duintasunaren alde eta lan prekaritatearen aurkako borroka garbitasunean.
Gipuzkoa garbitasuneko alorra emakumez osatutako alorretan jasaten diren lan baldintzen adibide argia da: sozialki baloratzen ez den lana eta gaizki ordaindua. Hau da emakumeak gizartean eta lan merkatuan jasandako desberdintasunaren zergaitia.

ELA eta LABek zera azpimarratu nahi dugu: Langile hauek, gehienak emakumeak izanik, dauden egoera zailetik lan baldintza eta bizitza hobeago baten alde egin duten borroka.

2.- Grebaren jarraipena:
Grebaren jarraipena udaletxeetako eraikinetan handia izan da Eibar, Soraluze, Azkoita, Ordizia, Tolosa, Urnieta, Gabiria, legazpia o lazkaon, baita ere estadu ko administrazioko eraikinetan: Gizarte segurantza edo zerga agentzian.

Grebak jarraipena izan du kursaal, Eitb, Miramar jauregia ,INE, Habe, Ficoba, pisu tuteladoak ,Once,OTA, oncologikoan.
Eskoletan jarraipena izan du Donostiako Jesuitak, Marianistak, Santa Teresa, Tolosako hirukiden, Beasaingo Murumendi Beasain edo Aspazen besteak beste.

Garbitasuna azpikontratuta duten enpresa handitan grebaren jarraipena altua izan da: ibermatica, inasmet, nieseen, tekniker, Ampo, Gkn,Rodisa, Ulma, CAF, Cie, Orkli edo indarren.

Urbil, bretxa eta carrefourren ere geldialdiakin bat egin dute.
Zentru txikitan: portalak , ofizina edo bankutan jarraipena txikia izan da.

Langile hauek ISS, EULEN, PILSA, GARBIALDI, ONE, AUZOLAN CLECE, GARNICA, INITIAL enpresetakoak dira.

3.- Greban izan diren inzidentziak:
ELA eta LAB sindikatuok bigarren egunetik, greban zeunden langileak ordezkatu dituztela salatzen dugu.
SUMAN ALDAPETA, SANTA TERESA Donostian, HIRUKIDE Tolosan, eta ULMA FORJAS, INDAR edo CAFen.
Era berean Eibarko udaletxeko bost eskoletan greba eskubidearen aurka egin dute. (Beste enpresa batek garbitusuneko lanak egin ditu) eta HABEko zentroan ere.
Langile hauek EULEN, 1NE eta AUSOLAN enpresetakoak dira.
ELA eta LABek salatu nahi dugu greba eskubidea oinarrizko eskubidea dela eta enpresa hauek grebaren eragina gutxitzeko bertan behera uzten saiatu direla. ELA eta LABek salaketa aurkeztu ditugu inspekzioan eta zigortze neurriak hartzea eskatzen diogu.

4.- Hitzarmenaren negoziaketa.
Garbitasuneko enpresek ez dute inongo proposamenik egin aste honetan.

ASPEL patronala EULEN, PILSA, SAMSIC IBERIA edo CLECE moduko estadu mailako enpresaz osatua dago. Gipuzkoan presentzia handia dutenak dira.

Enpresa hauek irabaziak izan dituzte azken urteetan. Hala ere soldatak orain bost urtera jaitsi nahi dituzte eta garbitasuneko hitzarmenean dituzten eskubide batzu kendu.

ELA eta LABek benetazko negoziaketa eskatzen diegu: lan erreforma alde batera utzi eta KPIra lotutako soldata igoerak. Era berean Gipuzkoako hitzarmenari dagozkion erabakiak Gipuzkoan hartzea eta ez Madriden.

Langileak borrokan daude beraien lan baldintzak hobetzeko eta patronalak ezin du jarraitu aldarrikapen justu hauek entzun gabe.
Datorren maiatzak 27an bilera dugu patronalarekin. Espero dugu patronalak aste honetako borroka gogoan hartu eta garbitasuneko alorra arautuko duen hitzarmen bat negoziatzea.

 

 

 

Bizkaiko patronala langileon eskubideak kaskartzeko legeak ematen dizkion zirrikituak aprobetxatzeko nahian dabilela salatu du LABek

0

LAB sektoreko hitzarmenaren defentsan eta FVEMek patronalaren jarrera salatzeko elkarretaratzea egin zuen atzo. "FVEMek benetan nahi al du sektoreko hitzarmena?" lelopean, estatu mailako hitzarmena eta lan erreforma nola aplikatu behar duten aztertzeko Bizkaiko Metaleko patronalak antolatutako jardunaldien atarian izan zen LAB sektoreko hitzarmena defendatzen jarraituko duela esateko.

LABek pasa den maiatzaren 9an EAEko metaleko hitzarmenak berritzeko proposamena aurkeztu zuen Lan Harremanetarako Kontseiluan.

Beraz, LAB Bizkaiko metaleko hitzarmena berritzeko aukera eskaintzen ari da. LABek Bizkaiko metaleko hitzarmena nahi du eta proposamen hau CEBEK berak beste sektoreetan iada onartu du (Merkataritza, Elikagaigintza…)

FVEMek, Bizkaiko metaleko patronala denak, hitzez herrialdeko hitzarmenaren alde dagoela dio baina benetan nahi al dute? Gaurkoak erakusten du ezetz. FVEMek, enpresariek estatu mailako hitzarmena eta lan erreforma nola aplikatu behar duten ihardunaldia antolatu du gaurko.

Hau da, LABek proposamena aurkeztu duen bitartean, Bizkaiko patronala legeak ematen dituen zirrikituak aprobetxatzeko nahian dabil, langileon eskubideak kaskartzeko asmo bakarrarekin.

Eta Eusko Jaurlaritzak zer esan behar du honen aurrean? Jarraituko al diote sostengua ematen?

Beraz, Bizkaitar guztientzat metaleko hitzarmena lortzea posible da. Patronalak ez du nahi, LABek ez die utziko. Sektoreko hitzarmena defendatzen jarraituko du. Gaurko mobilizazioa horren adierazgarria da.
 

 

 

ADIFen kontratu guztiak ikertzea eta eragile sozial eta sindikalen parte hartzea bermatuko duen auditoria sozial bat egitea eskatu du LABek

0

Azken egunotan AHTaren inguruan ezagutu ditugun albisteen aurrean, LABek ardura politikoak eskatzeaz gain, AUDITORIA SOZIALA burutzea, obrak eta lizitazioak betirako bertan behera gelditzea eta aurtengo aurrekontuetan AHTarentzat bideratu beharreko diru publikoa gastu sozialera aldatzea eskatzen du.

Nerbioi gainean, Zaratamon, eraikitako zubia ezertarako erabiliko ez dela izan da AHTaren inguruan irakurri dugun azken albistea. Zementozko lardaskeria erraldoi honetan beste 11 milioko bidegabekeria bat langileon kontura. Hau jendarteari eta langileoi lapurtzea eta aurpegira barre egitea da. Ez gaude, eta ez gara inoiz egon diru publikoa horrela zakarrontzira botatzeko moduan.

Edozein kasutan, ez zen horrelakorik egin behar. Sarri esan dugun bezala sozialki, ekonomikoki eta ekologikoki Abiadura Handiko Trena euskal herritarrontzat guztiz kaltegarria da, eta gainera, ez digu inolako garraio arazorik konpontzen, edozein kasutan, areagotu baino ez luke egingo. Berriz ere, atzeraezinezko zementozko kalte erraldoia inposatu digute langileoi eta herritarroi orohar. Beti jakin izan dugu, administrazioa eta eraikuntza enpresa handien artean interes harremanak eta mesedeak bazirela, orain agerikoak dira, Zaratamoko zubi hau adibide bezala.

Oso hasarre gaude, badakigulako gainera, hau ez dela era honetako azken albistea izango. LABek hamarkadak daramatza esaten makro proiektu honek eraikuntza enpresa jakin batzuen interes ekonomikoei baino ez diela erantzuten, eta administrazioak milioika euro kontu publikoetatik oparitzen dizkietela. Ba nahikoa da. Aurten eta hemendik aurrera aurrekontu publikoetatik azpiegitura honen partida kentzea exijitzen dugu, eta dagoeneko aurrekontuan agertzen dena, hain beharrezkoa dugun gastu sozialerako erabili dezatela.

Aspaldian, gure esanak betetzen ari dira: Guardia Zibila eta fiskaltza ADIF entrepresa publiko espainiarra ustez diru publikoa desbideratzeagatik ikertzen ari da; Madrilek Eusko Jaurlaritzarekin AHTari loturiko zor ekonomiko batzuk kitatu gabe ditu oraindik, eta era berean, Lakuak kreditu ezberdinak ordaindu behar ditu AHTaren lanak garatu ahal izateko, AHTaren obretan ustez korrupzio kasua eman delakoan Corsán-Corvian entrepresa ikertzen ari da fiskaltza, eta jakin dugunez, Euskal Herriko AHTaren lau eremuz arduratzen da diogun enpresa hau. Hau dena nahikoa ez balita, orain inoiz erabiliko ez den Zaratamoko zubiaren albistea datorkigu.

Lotsagarria da langileon zergetatik diru publikoa beharrezkoa ez dugun obra faraoniko honetan xahutzea, eta izenik gabekoa da enpresa pribatu eta administrazio publikoaren artean herritar eta langileoi horrela lapurtzea interes espekulatiboetarako.

LABek, ikertzen ari diren kasuez gain, ADIFek esku artean izan dituen guztiak ikertzea eskatzen du; horrekin batera, auditoria sozial bat ere eskatzen du, egoera larri honen aurrean, ustezko korrupzio kasu hau izebergaren punta izan daitekeelakoan. Auditoria bat behar-beharrezkoa dela irizten dugu non eragile sindikal eta sozialen parte hartzea bermatuko den. Halaber, AHTaren etorkizuneko bideragarritasunaren inguruko informe bat ere eskatzen dugu Gobernuen aldetik, eta informe hori lantzerakoan ere eragileon esku hartzea beharrezkoa jotzen dugu, gaur baita eguna, diru publikoan dakarren xahuketa aintzat hartuta, datozen urteetan herritarron, euskal jendartearen etorkizuna zer neurritan hipotekatua izango den ezkutatzen zaiguna.
 

 

 

MAIATZAK 17: Homofobiaren eta Transfobiaren aurka, lantokietan ere defenda dezagun aniztasun sexuala

Itxura batean, legeek ez dituzte diskriminazioak onartzen sexu orientazioa eta nortasuna direla medio. Teorian inor ez litzateke inongo erasoren biktima izan beharko bere aukera sexuala adierazteagatik. Baina eguneroko bizitzan lesbianek, gayek, bisexualek eta transexualek (LGTB) beste errealitate bat erakusten digute. Ideologia heterosexuala jaun eta jabe da, eta ondorioz, homofobiak indarrez dirau kalean, eskoletan, familian,… Homofobiak mespretxatzen, zokoratzen eta jazartzen segitzen du.

Aurreiritziak, estigmatizazioa eta desberdintasuna oso present daude lantokietan. 10 LGTB pertsonetatik 7-k onartzen dute modu bateko edo besteko diskriminazioa jaso izana. Eta horri gehitu behar zaizkio lan munduan dauden nagusien autoritarismoa eta alde bakarreko boterea, lan baldintzen kaxkartzea, prekarietatea, …

Zenbat langilek adierazi ahal dute bere aukera sexuala, stressa eta antsietaterik gabe, lan ingurune erasokor batean? Zenbat enpresek onartzen dituzte, normaltasunez, sexua aldatzen duten pertsonak? Zenbat enpresek planak martxan jarri dituzte aniztasun sexualaren alde eta sexu diskriminazioen kontra? Zenbat enpresetan langileek adierazi ahal dute haien noratsun sexuala askatasunez?

Homofobia eta transfobiaren aurkako nazioarteko egunaren atarian, LAB sindikatuak jendartean eta lantokietan homofobia, lesbofobia, transfobia eta orohar, sexu orientazio zein genero identitate ezberdinen aurka ematen diren eraso eta diskriminazioekin amaitu eta desagertarazteko konpromisoan berretsiz, jendarte anitzaren aldeko apustua egiten du. Apustu honen atzean dago, heteropatriarkatuak bultzatzen dituen estereotipo, aurreritzi eta oztopoak gainditzeko aldarrikapena eta LGTB pertsonen zapalkuntza eta eskubide ukapenen aurkako borroka. Lan munduan ere, gora aniztasun sexuala!