2025-12-26
Blog Page 121

Cementos Rezola enpresan greba mugagabea deitu dugu ekainaren 28tik aurrera

Enpresak 56 langileri eragingo lioken Enplegu Erregulazio Espedientea aplikatu nahi du.

Donostiako Añorga auzoan kokatzen da Cementos Rezola enpresa. Bertan, Enplegu Erregulazioko Espedientea (ERE) bat aplikatu nahi du enpresak. ERE honek plantilaren heren bat eragingo lioke, guztira 56 langileri.

CO2 isurketak argudiatzen ditu enpresak neurri hau aplikatzeko, eta ondorioz, Añorgan Clinkerra egiteari utzi nahi dio.

Enpresa batzordeak argi dauka Trantsizio Ekosozial justu bat egitea behar-beharrezkoa dela bai enpresa honetan eta beste zenbaitetan. Baina trantsizio hau langileen eskutik egin behar dela ere argi dute. Hau da, lan postuak bermatuz. Pasa den ekainaren 18an hasi zen kontsultaldia, eta enpresak hartu nahi dituen neurriak zentzugabeak direla ikusita, gaur ekainaren 21ean langileen batzarra burutu da. Bertan, ekainak 28tik aurrera greba mugagabe batera joatea erabaki dute, lanpostuen defentsan.

Bizkaiko ikuztegietako eta tindategietako langileek mobilizazioa egin dute hitzarmen duinaren aldarria kalera eramateko

Bilboko Plaza Eliptikoan eta Guggenheim museoaren aurrealdean elkartu dira izarak eseki eta herritarrei beren egoeraren berri emateko. Turismoaren igoerak garbitegi handiei mesede egiten dien bitartean, beharginei lan-karga areagotu eta baldintzak kaskartu baino ez dizkiete egiten.

Langileen oharra

 Turismoa gora, enpresen irabaziak gora… baina labanderietako soldata eta lan baldintzak behera!

Joan den urtean, turisten etorrerek %82 egin zuten gora Bizkaian, igarotako gau kopurua handiagoa da eta hotelen presentzia, handiagoa. Gainera, turismoa dagoeneko ez da soilik udara mugatzen.

Horrek eragin zuzena du ikuztegien eta tindategien lan-bolumenean, hotelen sektoreak zerbitzu horiek azpikontratatzen baititu. Beraz, turismoak mesede egiten die garbitegi handiei, baina aberastasun hori ez da plantilletara iristen.

Bizkaiko ikuztegietako eta tindategietako langileek 2007tik ez dute sektoreko hitzarmenik. Hainbat negoziazio-saio egin ditugu, baina ez dugu emaitzarik eman, patronalaren blokeoa dela eta, sektoreak bizi dituen zailtasun ekonomikoetan oinarritzen baita. Denbora horretan, erosteko ahalmenaren galera izugarria izan da: LGSaren %30 baino gehiago kobratzetik azpitik egotera igaro da, bizitza asko garestitu den garaietan, hain zuzen ere. Lanaldia ez da murriztu, ez da hobekuntzarik izan lizentzietan, ezta kontziliazioan ere, ez da jarduerarako plus egokirik sortu…

Apirilean, sektorean ordezkaritza duten sindikatuok negoziazio-mahaia deitu genuen berriro, hitzarmen honi beste aukera bat emateko asmoz: lan- eta soldata-baldintzak eguneratzea eta hobetzea premiazkoa da.

Aldiz, CECOBI-ATILAVI patronala premisa argi batekin etorri da mahaira: soldatak desizoztea beste eskubide batzuei uko egitearen mende egotea nahi dute. Besteak beste, honako helburu hauek dituzte: antzinatasuna mugatzea, bajak ez osatzea, soldata-igoera negargarriak, tindategietako asteburuko librantzak kentzea, etab.

Guk argi daukagu, jarrera hauen aurrean, kalera irtengo gara!

18 urte daramatzagu hitzarmenik gabe…

Miseriazko soldatei, EZ! Bizitza duinen alde borrokan!

Tindategiak eta garbitegiak hitzarmen duin baten alde zutik!

Euskal Herrian justizia, erreparazioa eta errekonozimendua oinarri izango dituen harrera baten alde

LAB sindikatutik, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren bueltan, errefuxiatuen eta desplazatuen eskubideak, beharrak eta aukerak defendatzeko apustuan sakondu nahi dugu. Asilo-eskubidea nazioarteko giza eskubidea da; Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, Genevako Konbentzioan eta Espainiako Konstituzioan jasota dago. Arrazoi desberdinak tarteko, jazarpen edo indarkeria mehatxupean dauden pertsona jakin batzuei babesa emateko konpromisoan datza.

114 milioi pertsona baino gehiago bizi dira mundu osoan gerraren, indarkeriaren eta oinarrizko eskubideen urraketa larrien ondorioz beren lurraldeetatik bortxaz aldenduta. Inoiz erregistratu den zenbakirik altuena. 2023an, 163.220 pertsonak eskatu zuten asiloa Espainiar estatuan. Bada, 8 eskaeratik bakarra onartu da. Ukrainarrak dira “onuradunen” suertatu direnak, % 98,9ko onarpena izan baitute beren eskariek. Hego Euskal Herrian 8.324 asilo-eskaera erregistratu dira, baina 1.732 plaza baino ez daude harrerarako. Eta larrialdie egoeretarako udal-zerbitzuetan hitzordu bat izateko bi edo hiru hilabeteko itxaronaldia egoten da, batez beste. Zerbitzu horietan premia handiko egoerak kudeatzen dira, jantokietara edo aterpetxeetara joateko txartelak, kasurako.

Zifra horien atzean nazioarteko babes-sistema kolapsatu eta defizitario batean harrapatuta dauden pertsonak daude. Hala, sistema horiek pertsona errefuxiatuen, desplazatuen eta migratuen babes eraginkorra oztopatzen duten trabaz josita daude, eta pertsona horiek ez dira zuzenbideko subjektu gisa aitortzen..

Hau ez da kasualitatea. Europa gotortuaren gidalerroak argiak dira: mugen sekuritizazioa, nekropolitika eta mehatxutzat jotako pertsona horien estigmatizazioa eta jazarpena lurraldeen barnealdean. Migrazio eta Asilorako Europako Itun berriak joera hori berresten du, oinarrizko eskubideak urratzen dituzten hainbat egoera ahalbidetzen dituelako, hala nola pertsonak berehala itzularaztearena, edo mugetan kartzela gisakoak ezartzearena, zeintzuetan trantsitoan dauden pertsonak bertan hainbat egunez atxiki ahal izango diren (umeak barne) eta screening motako kontrolak egin ahal izango zaizkien inolako kontrol judizialik gabe eta osasun arretarik eman gabe. Zer esanik ez haien herrialdeetarako sarbidea ukatzen duten herrialdeen eta “birkokatzen” duten pertsona bakoitzeko 20.000 euro jasotzea onartzen dutenen arteko akordio opakuez. Halakoetan, gainera, ez da aurreikusten birkokatutako pertsona horiei ematen zaien tratuari buruzko jarraipenik egitea.

Premiazkoa da egungo eredua desmuntatzea, heriotzaren eredua baita: elkartasuna kriminalizatzen du salbamendu operazioak oztopatuz eta ez ditu barne hartzen bisa humanitarioen, pasabide seguruen edota sarbide legalen aukerak; Frontex bezalako polizia-agentzia baten eskuetan uzten du mugak knotrolatzeko boterea, baliabideak eta aurrekontua; arraza nahiz etnia profiletan oinarritutako kontrolak, polizia gehiegikeriak eta Atzerritarren Barneratze Zentroak areagotzearen bitartez pertsona horiek jazarri, kriminalizatu eta estigmatizaten ditu; diskriminazioa darabil eta enplegu, etxebizitza eta osasun baldintza duinak eskuratzeko eskubidea ukatzen du.

Gaurkoa bezalako egun batean, LAB sindikatutik uste dugu premiazkoa dela birpentsatzea zer ulertzen dugun babesleku, asilo eta harrera gisa. Egin dezagun posible Euskal Herrian justizia, erreparazioa eta errekonozimendua oinarri dituen harrera-lurralde bat. Gu, gure tokitik eta posiziotik, dagokiguna lantzen ari gara: arrazakeriaren aurkako sindikalismoaren aldeko apustua egiten, guztiontzako etxe izan dadin.

Ontzat jo dugu Iruñeko eremu urdinean lorturiko akordioa, bertze sindikatuek sinatutako aurreko hitzarmena nabarmen hobetuko baitu

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok akordio bat sinatu genuen atzo Dornier enpresako hitzarmena berritzeko. Iruñean araututako aparkaleku zerbitzuaren enpresa esleipenduna da Dornier —“eremu urdina” izenez ezaguna—. LABen iritziz, positiboa da atzo sinaturiko akordioa, aurreko hitzarmena nabarmen hobetzen duelako. Orduko hura bertze hiru sindikatuek babestu zuten, baina ez LABek, egiaztatu ahal izan denez, erosahalmena galtzea ekarri baitzuen.

ELAk, UGTk eta CCOOk 2020an sinatutako Dornier-en hitzarmenaren ondorioz, Iruñeko eremu urdineko langileek % 7,2ko erosahalmena galdu zuten. Orain, lau zentral sindikalek sinatutako hitzarmen berriarekin, eta hiru urteko indarraldiarekin, soldata igoerak gutxienez % 10ekoak izanen dira; eta KPIaren berme-klausulari esker —aurreko hitzarmenean ez zegoena—, langileek ziurtaturik dute ez dela gertatuko aurreko hitzarmenarekin gertatu zen erosahalmenaren galera penagarria.

Negoziazioa zaila izan da, bai borrokako batasun sindikalari eusteari dagokionez, bai patronalari aurre egiteari dagokionez. Baina langileek azken hauteskundeetan LAB sindikatuari eman zioten babesari esker —lehen indarra izatera pasatu baitzen—, eta markaturiko helburuak lortzeko plantillak erakutsi duen irmotasunari ezker, azkenean, borrokak bere fruituak ekarri ditu. Gogoan izan behar da langileen gehiengo zabal batek lanuzte partzial eta greba ugari egin dituela; gainera, ekainaren 24tik uztailaren 7ra greba egiteko deialdia egin zen. Hori guztia erabakigarria izan da patronala langileen jarreretara eramateko orduan.

Soldata igoerez gain, akordioak bertze bi hobekuntza ere jasotzen ditu: norberaren aukerako sei egun (indarraldian) eta egun horietako bat finkatzea 2027tik aurrera.

Gasteizko kale garbiketako langileen homologazioa defendatzera atera gara kalera

Gasteizko kale garbiketako plantilla elkarretaratzea egin du jendartean ezagutarazteko zein egoera bizi duten eta argi esateko honi ez diotela konponbiderik eman nahi, ez enpresa esleipendunak, ezta udalak berak ere.

Hilabete asko daramatzate negoziatzen, denbora gehiegi. Iaz, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok homologazio itunarekin lortutako guztia hitzarmenean jasotzeko asmoaren berri eman genuen. Enpresaren ezezkoaren aurrean, udalarekin biltzeko erabakia hartu genuen eta honen erantzuna izan da ez duela bermatzen kontratuaren pleguetan homologazio-ituna agertuko denik.

Egoera hau oso kezkagarria da. Homologazio ituna alde bakarretik hautsi daiteke, bai atal sozialak bai udalak hala erabakitzen badute. Horrek ibilbide juridiko luzea hastea ekarriko luke. Guk, aldiz, eskubideen galera saihesteko, hauek hitzarmenean jasotzea baino ez dugu nahi.

Horren aurrean, udalak ezin duela hau bermatu adierazteaz gain, gai hau eztabaidatzeko baldintza bezala jarri du batzordearen ardura dela lan absentismoa murriztea. Absentismo horren zergatiak ezagutzeaz ez dira arduratu, ez udala ez enpresa, ezta egoeraren benetako balorazioa egiteaz ere. Egoera horiek, kasu askotan, saihestu ahal izango lirateke enpresak istripuak, lan-kargak eta abar ez gertatzeko egindako proposamenak aztertuko balitu.

Plantilla elkartu bat behar-beharrezkoa da egoera honetan. Izan ere, gure lanpostuak eta lan baldintzak ezin dira defendatu gure osasunaren kaltetan, udalak nahi duen bezala. Gure lan baldintzak eta eskubideak bermatu behar ditugu, inongo oztoporik gabe. Ezin ditugu galdu hainbeste denbora eskaini eta hainbeste lan egin izanaren ondorioz erdietsitako lan baldintzak.

EAJ eta PSEren Jaurlaritza berriak langileoi bizkar ematen jarraituko du

Lehengo lepotik burua: horrela laburtu daiteke lehendakari berria izango den Imanol Pradalesek gaur aurreratutako egitasmoa. Ez dago asmorik orain arteko politika publikoetan aldaketa sakonik egiteko; areago, EAJren eta PSEren arteko akordioan azken lau urteetako kudeaketa goraipatu egiten da. Langileon aldarrikapenei bizkar emanda bizi izan den gobernua izan da, zalantzarik gabe. Lau urte hauetan, lantokietan eta kaleetan borroka sindikal eta sozial ugari egon da. Langileok zerbitzu publiko sendoen beharra, erosahalmenaren galerari aurre egin eta soldatak duintzearen beharra, pentsio duinak eta zaintza sistema publikoa aldarrikatu ditugu.

Horri guztiari bizkar emanda aritu da aurreko gobernua. Orain, berriro, pertsonak erdigunean jarri behar direla, inor ez dela atzean utzi behar edota aberastasuna banatzearen beharraz hitz egiten digu. Aurkeztu duten akordioan ez dago horretarako neurririk. Akordioak ez ditu jasotzen euskal langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko benetako aldaketa lekarketen neurriak. Honako hauek dira, LABen iritziz, hutsune nagusienak:

  1. Aberastasuna birbanatzeko soldatak duintzea ezinbestekoa da. Akordioan kalitatezko enpleguaz hitz egiten dute, baina neurri eraginkorrik proposatu gabe. Bi euskal langiletik batek 1.400 euro gordin baino gutxiagoko diru sarrerak ditu. Egoera horri aurre egiteko, ezinbestekoa da bertako gutxieneko soldata bat ezartzea, negoziazio kolektibo intersektorialaren bidez eta gehiengo sindikalarekiko errespetuz gauzatutako prozesu baten bitartez, akordio zabalak ezinbestekoak baitira lehentasunezkoa izan beharko lukeen afera hau jorratzeko. Hori zen, hain zuzen ere, 2020ko Greba Orokorreko aldarrikapen nagusienetako bat, eta Eusko Legebiltzarrak berak duela urtebete baino gehiago eskatu zion Jaurlaritzari bere esku dagoen guztia egiteko horretarako. Confebaskek ez du horrelako akordiorik bultzatu nahi, eta ez Urkulluk ez PSEren Enplegu Sailak ez du ezertxo ere egin. Pradalesek, ostera, aipamen hutsean utzi du kontua, eta orokorkeriak baztertu eta neurri zehatz eta egingarriak martxan jartzea premiazkoa dela uste du LABek. Gainera, lan baldintza kaskar horiek milaka eta milaka gazteren emantzipazioa ezinezko egiten dute, eta gaur egun etxebizitza eskubidea ameskeria bilakatu da. Akordioak, zentzu horretan, ez du etxebizitza eskubidea bermatzeko nahiko neurri jasotzen.
  2. Era berean, pentsiodunen mugimenduak nahiz gehiengo sindikalak 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko egindako eskariei entzungor egiten diete EAJ eta PSEk. Hego Euskal Herrian badira 200.000 pentsiodun 1.080 euro gordin baino gutxiago jasotzen dutenak; horietako gehienak, Euskal Autonomia Erkidegoan.
  1. Ez da jasotzen zerbitzu publikoak indartzeko neurri zehatzik. Egoera bereziki da larria Osakidetzan. Kalitatezko osasun sistema publikoa dugula esateak Osakidetzaren gainbeherari erantzun egoki bat emateko asmorik ez dagoela erakusten digu. Sistema publikoa ahuldu eta eremu pribatua indartzearen aldeko apustuari eusten diote. Ez dago ratioen hobekuntza, langileen kontratazioa (berau mugatzen duten neurriak bertan behera utziz), inbertsioaren areagotzea eta hori guztia posible egingo lukeen zerga erreformarik. Zerbitzu publikoetako sindikatuok greba eta mobilizazio ugaritan egindako aldarrikapenei muzin egiten diete EAJk eta PSEk. Autogobernuaz hitz egin bai, baina langile publikoen soldatak eta erreposizio tasak bertan negoziatzeko eskaerari irtenbiderik eman gabe jarraitzen dute.
  1. Zaintzari buruz hala mugimendu feministak nola sindikatuok zaintza sistema publiko komunitario bat eratzeko egindako proposamenek ez dute tokirik gobenu akordioan. Zaintzarekin negozioa egiten jarraitu nahi da, pribatizazio berriei ateak irekitzen zaizkie, makroegoitza pribatuen aldeko apustua eginez. Zaintza eraldatu gabe, gero eta zaintza behar handiagoak dituen jendarte batean ezinezkoa da zaintza duina bermatzea. Era berean, zaintza eraldatu gabe, zaintzako langileak, emakumeak*, migratuak eta arrazialiazatuak nagusiki, prekaritate eta esplotazio egoeran lan egitera kondenatu nahi dituzte, eta erretorikoa da aukera berdintasunaz hitz egitea.
  1. Industria politikari buruz ere aldaketarik ez da sumatzen. Trantsizio ekosozialak eskatzen duen eraldaketa gidatu baino, lankidetza publiko-pribatua dute eredu; hau da, industria politikarik eza. Diru publikoa esku pribatuetara bideratu eta azken hamarkadan gure industriarentzat estrategikoak diren eremuak transnazionalen esku utzi ditu EAJ-PSEren Jaurlaritzak. Industria lurraldean errotu, lanpostuak sortu eta ekoizpen ereduan egongo diren aldaketei aurrea hartzeko industria politika sendoa beharrezkoa da, eta ez da halakorik ageri EAJ-PSEren akordioan. Erronka energetikoei aurre egiteak desagerraraziko dituen enpleguen aurrean ez dago enplegu politika sendorik, eta ez da lana banatu eta berrantolatzeko horren beharrezkoa den lanaldi murrizketaren gainean zehaztasunik jasotzen. Bizitza sustengatzeko ezinbestekoak diren eremuetan enplegu gehiago eta duinak sortzeko asmorik ere ez da adierazten.
  1. Azkenik, agortua dagoen eredu autonomikoa gainditzeko anbizio falta erakusten du akordioak. Lan eta bizi baldintzak hemen erabaki nahi ditugu, inolako injerentziarik gabe, eta horrek egungo marko juridiko politikoak gainditzea eta berritzea eskatzen du. Euskararen ezagutzaren zabalpenean eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta bizi ditugun erasoaldiei erantzuteko planifikaziorik eza ere anbizio falta horren seinale da.

KPI igoeraren araberako soldata igoerak lortu ditugu Nafarroako bi enpresa txikitan

Autobusetako bidaia laguntzaileen Azafatas de Navarra eta desataskatzeak egiten dituen Iraola Arteta enpresa txikietan -biak ala biak Nafarroa Garaikoak- akordio onak lortu ditu LAB sindikatuak langileen lan baldintzak duintze aldera. Lehenbizikoan KPI Kontsumo Prezioen Indizearen igoeraren gaineko soldata igoerak lortu dira, eta bigarrenean KPIren araberakoak eta bertze hobekuntza batzuk.

Azafatas de Navarra enpresak autobusetako bidaia laguntzaileen zerbitzua eskaintzen du. Enpresa txikia da, 10 langilekoa, eta delegatu bakarra du, LABekoa. Eskola ikasturteen arabera funtzionatzen du eta soldata igoerak ere halaxe aplikatuko dituzte: 24-25 ikasturtean %3,1eko igoera; 25-26 ikasturtean KPI + 0,5; 26-27 ikasturtean KPI + 1; eta 27-28 ikasturtean KPI + 1,5. Horretaz landara, akordioan lortu da ohiko kontingentzietan soldataren %100 ordaintzea lehenbiziko hiru egunetan eta %90 laugarren egunetik hemezortzi hilabete egin arte.

Iraola Arteta enpresak, berriz, ataskatu diren hodiak garbitzen ditu eta 34 langile ditu. Duela gutxi arte ELAko bi delegatu zituen eta LABeko bat. Baina azken hauteskundeetan LABek eraman zituen jokoan ziren hiru delegatuak. Enpresa horren kasuan, lorturiko akordioak bi urteri eragiten die. Hala, soldata igoerei dagokienez, 2024an %5.5eko igoera izanen dute langileek, gehi 300 euroko sari bat, eta 2025an KPIren igoera bermatuko zaie. Horretaz aparte, urtean egin beharreko orduak pixka bat jaitsiko dizkiete, eta larunbateko lanaren, aparteko orduen eta lokalizatutako lanaldiaren sariak hobetuko dituzte.

LAB sindikatutik bi enpresa horietako langileak zoriondu nahi ditugu eginiko lanagatik eta erdietsitako emaitzengatik eta, era berean, nabarmendu nahi dugu enpresa handi zein txikietan hagitz garrantzitsua dela sindikatuaren inguruan antolatuta egotea, hain zuzen ere, ekintza sindikalak emaitza onak eman ditzan.

Mondelezeko grebalarien eta zuzendaritzaren arteko lehen bilerak bortz minutu baino ez zuen iraun, enpresako ordezkarien harrokeriagatik

Atzo, ekainak 19, Vianako (Nafarroa Garaia) Mondelez galleta fabrikako zuzendaritzak eta langileen ordezkaritza sindikalak lehenbiziko bilera egin zuten, iragan ekainaren 10ean hitzarmen justu baten alde langileak greba mugagabean hasi zirenetik. Bilerak bortz minutu eskaseko iraupena izan zuen, enpresako ordezkariek grebalarien aldarrikapen anitz negoziatzeari uko egin baitzioten.

LAB sindikatuaren ustez, probokazioa eta iraina dira hamar egun baino gehiago kalean daramatzaten grebalariei enpresak atzo erakutsi zien egoskorkeria; izan ere, bere ordezkarien arabera, ez du ezer negoziatuko antzinatasunaren inguruan, ez du ezer negoziatuko aldi baterako ezintasunen estaldurak hobetzeari buruz, ez aparteko ordainsariak parekatzeari buruz, ez eta lanaldi-murrizketari buruz ere: horiek guztiak greba mugagabearen aldarrikapenak dira.

Enpresaren ordezkariek -une orotan zinpeko bi guardaren laguntza izan baitzuten- atzo erakutsi zuten harrokeriak LABen jarrera sendotu bertzerik ez du egin, mobilizazioak areagotzeari dagokionez, hitzarmen justuagoa lortzeko bidean.

Röchling Automotive Araian hitzarmena sinatu dugu

Enpresa, Asparrenan kokatua, inguruko kimika-enpresarik handiena da, 140 langilerekin.

Hainbat hilabetez negoziatu ondoren, aurreko hitzarmena berritzen duen testua sinatu dugu. Hitzarmen berri honek hiru urteko indarraldia izango du, 2024-2026 bitartean: aurreko hitzarmenetarako eskubide bakar bat ere ez galtzea dakar, KPIaren gaineko igoerak ditu urtero, 12 orduko jaitsiera datorren urtetik aurrera, 55 urtetik gorakoentzako gaueko lana borondatezko gisa ezartzen du, adingabeen zaintzagatiko murrizketa 14 urtera arte luzatzea, mugikortasun geografikoa hobetzea eta partida ekonomiko bat adostu da langileek fisioterapiara jo ahal izateko.

Hori guztia langileen babesaren emaitza da. Hasiera-hasieratik negoziazioarekin buru-belarri aritu dira, besteak beste, plataforma egiteko LABetik aurkeztu genuen inkesta betez eta prozesu osoan zehar erakutsitako interesarekin jarraituz, azken batzarretara arte, zeinean negoziatutakoari oniritzia eman zitzaion.

LABetik akordioaren balorazio positiboa egiten dugu, baina, aldi berean, zapore gazi-gozoa uzten digu. Zoritxarrez, oraingo honetan ezinezkoa izan da negoziazioari batzorde batu batekin aurre egitea. LABen lanean jarraituko dugu iraganean hain emaitza onak eman dituen batasun sindikal hori lortzeko.