2026-06-17
HomeEkintza SindikalaLABek adierazi du aniztasun funtzionaleko langileak langile publikoak direla eta sektorearen publifikazioa...

LABek adierazi du aniztasun funtzionaleko langileak langile publikoak direla eta sektorearen publifikazioa eskatu du

3.000 langile ari dira lanean Bizkaiko aniztasun funtzionalaren sektorean, Gorabide, Apnabi, Avifes, Gaude edo Fekoor bezalako enpresentzat. Horiek guztiek zerbitzu publikoa eskaintzen diete aniztasun funtzionala duten pertsonei. Zerbitzu horiek EAEko Gizarte Zerbitzuen Legean jasota daude, eta horien arduraduna Bizkaiko Foru Aldundia da. Gaur egun, zerbitzua erakunde pribatuek kudeatzen dute, Bizkaiko Aldundiarekin egindako hitzarmenen eta diru-laguntzen bidez.

LABen ustez, ukaezina da aterki bat sortu behar dela elkarte guztientzat, sektorearen publifikazioa izan behar dena. Aterki hori sektore publikoarekin langileen lan baldintzen ekiparazioaz lor liteke, Bizkaiko aniztasun funtzionaleko negoziazio sektorialaren esparru barruan. Horrek zerbitzu hobea emango lieke erabiltzaileei eta sektore feminizatu eta prekarizatu honetan lan egiten duten pertsona guztien lan-baldintzak hobetuko lituzke.

LABek sektorearen publifikazioa du helburu nagusia. Bizkaiko Foru Aldundiak eman beharko lituzkeen zerbitzuak azpikontratatutako enpresek kudeatzen dituzte, lan publikoa baldintza prekarioagoetan eginez, eta LABen argi daukagu aniztasun funtzionaleko langileak langile publikoak direla.

Bizkaiko hitzarmen sektoriala lortzeak zera esan nahi du, publifikazioaren bidean Aldundiari eta erakundeei konfrontazio gune bat irabaztea. Sektoreko langile guztien baldintzak hobetzea eta guztiek era batera edo bestera jasaten dituzten egiturazko arazoei aurre egitea ahalbidetuko duen konfrontazio gunea irabaztea suposatzen du.

LABek badaki hitzarmen sektorial bat egiteko aukerak deseroso sentiarazten dituela erakundeak eta Foru Aldundia. LAB sektore gisa beharrezko pausoak ematen ari den bitartean, zerbitzuaren publifikazioaren alde borrokatzeko eta hitzarmen sektoriala negoziatzeko, patronalak, erakundeek eta

Bizkaiko Foru Aldundiak ez dute mahaia eratu nahi, eta haien borondate eza mozorrotu nahi dute hitzarmen hau negoziatzeko legitimatuta ez egotearen aitzakiarekin. Honekin lotuta, LABek gogoratu nahi du Aldundiko Gizarte Ekintza saileko arduradun Amaia Antxustegiri bilera eskatu ziola duela 3 hilabete eta oraindik ez duela erantzunik jaso.

LABen iritziz, sektoreko hitzarmena enpresen zein Aldundiaren interesen aurka doa, langileen zerbitzua eta lan-baldintzak prekarizatzen jarraitu nahi baitute. Horregatik, sektorearen publikotasuna jarri nahi du LABek borrokaren erdigunean. Lan-baldintzak langile publikoen baldintzekin parekatu nahi ditu, jakinik zerbitzuak Bizkaiko Foru Aldundiak eman beharko lituzkeela, eta ez familia-batzordeek, azpikontratatuta dituzten zerbitzu gisa.

LABek argi du konfrontazio espazio horrek sektoreko langile guztien baldintzak hobetzea eta, era batera edo bestera, sektore osoak jasaten dituen egiturazko arazoei aurre egitea ahalbidetuko lukeela.

Sektoreak senitartekoen elkarteen esku 40 urte baino gehiago eman ondoren, Aldundiak bere gain hartu behar ditu zerbitzu horiek, titulartasuna eta erantzukizuna berari baitagozkio. Aldundiak eman behar du zerbitzua, eta ez pribatizatzen jarraitu.

Hori dela eta, LABek Aniztasun funtzionaleko langileok langile publikoak gara izeneko kanpainari ekingo dio, eta, horren barruan batzar irekiak egingo ditu bere egoitzetan eskualdez eskualde: otsailaren 15ean, 11:00etan, Bilbon; otsailaren 18an, 11:00etan, Durangon, eta 20an 18:30ean, Barakaldon. Era berean, mobilizazio bat egingo du martxoaren 15ean, larunbatean, 12:00etan, Bilboko Unamuno plazatik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.