2026-05-05
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzaren ardura da negoziazioari uko egiten dion Confebask interpelatzea

Eusko Jaurlaritzaren ardura da negoziazioari uko egiten dion Confebask interpelatzea

Mobilizazioaren bidetik presioa areagotzeko prest da LAB, patronala mugiarazteko.

Gaur Lan Harremanen Kontseiluan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gutxieneko soldata bat lanbidearteko akordio bidez negoziatzeko lehen bilera burutu da. Bertan, sindikatuon artean adostasuna nagusitu da EAEko langileok Estatukoaren gainetik ezarriko den gutxieneko soldata bat behar dugula baieztatzean.

Confebaskek, ordea, uko egin dio lanbidearteko gutxieneko soldata bat hemen erabakitzeko mahaia eratzeari. Uko egin dio, beraz, negoziatzeko duen eta dagokion ardurari. Agerian geratu da Confebasken borondate eza.Patronalak negoziazio bideari bizkarra emateak argi erakusten du presio eta mobilizazio bidea soilik ulertzen duela. LAB prest dago presio hori areagotzeko eta mobilizazioak antolatzeko.

Gaurko negoziazio bileran, LABek berretsi du Estatuko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata EAEko langileontzat ez dela nahikoa. Euskal langileok, lan eta bizi baldintza duin eta bizigarriak garatzeko, gutxieneko soldata propio bat izateko beharra eta eskubidea dugu. Aberastasuna modu orekatuago batean banatzeko, negoziazio kolektiboaren estatalizazioak areagotu duen pobreziari mugak ezartzeko eta langileon arteko arrakalei aurre egiteko ezinbesteko tresna da gutxieneko soldata propioa. Langile guztiok gara honelako neurri baten onuradunak premiarik handiena dutenek, egoerarik zaurgarrienean daudenek, onura zuzena izango lukete, horien artean nagusiki emakumeak*, langile migratu eta arrazializatuek, gazteek eta aniztasun funtzionala duten langileak. Era berean, gutxieneko soldataren igoerak, langile guztien soldatak apaldu eta beherantz parekatzeko asmo patronalei muga jarriko lieke.

EAEn adostasun nahikoa badago horrelako akordio bat bultzatzeko. Sindikatuok, gaurko bileran ere, aho batez berretsi dugu EAErako gutxieneko soldata propioaren beharra, eta maila politiko eta instituzionalean ere gehiengoa posizionatu da horren alde. Confebaskek, ordea, gutxieneko soldata propio baten beharra aitortzea ekidin eta,esan bezala, mahaia eratzeari uko egin dio. EAEko patronalak bere ardurari eutsi behar dio, herri honen ongizatea bultzatzeko eta sektore zaurgarrienen egoera hobetzeko duen erantzunkizunari bizkar eman beharrean. Horretarako, eskatzen diogu gutxieneko soldata propio baten beharra onartzea, negoziazio mahaia eratzea eta fede onez negoziatzea.

Era berean, afera hau ez da patronala eta sindikatuen arteko elkarrizketara mugatu behar, EAEko jendarte osoari eragiten dion gaia izanik. Eusko Jaurlaritzak patronala orain inoiz baino gehiago presionatu behar du, batetik, Eusko Legebiltzarrak eskatu ziolako, eta bestetik, bere ardura ere badelako. Elkarrizketa eta negoziazioaren bideari atea ixten dion patronal baten aurrean, bere posizioa argia izatea dagokio.

Euskal Herriak, Estaturik gabeko herria izanik, ez du eskumen nahikorik bertako langileon egoera hobetzeko hain garrantzitsua den gutxieneko soldata ezartzeko garaian. Ezinbestekoa da lan harremanak arautzeko eskumen osoa eskuratzea, eta norabide horretan ekin diogu gutxieneko soldata bertan ezartzeko bi bide arakatzeari: Batetik, Herri Ekimen Legegilea, eskumen berriak lortu ahal izateko; bestetik, bertako eskumenen baitan patronalarekin langileontzat gutxieneko soldata bat negoziatzea. Gaurko Confebasken ezezkoak patronala mugitzeko mobilizazioaren bidea indartzearen ezinbestekotasuna erakutsi digu, eta era berean, Herri Ekimen Legegilearen aldeko indarrak biltzea.

LABek argi dauka bertako langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko bidean erabakigarria dela gutxieneko soldata propio bat ezartzea, eta horretan jarraituko du. Mobilizatzen, presionatzen, negoziazio bilerak behartzen eta eskumen berriak eskuratzeko lanean.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Greba eguna Gasteizko Shuton enpresan

Gaur, maiatzak 5, Shuton, S.L.U enpresako langileak lehen greba eguna egiten ari dira Gojainen, enpresari lan baldintza duinak eta hitzarmen justua exijitzeko. Bost hilabete...

LABek manifestaziora deitu du maiatzaren 16an Gimeno kontseilariaren kargu-uztea exijitzeko

Hezkuntza arloko langileen artean, aste gutxiren buruan, ia 2.000 atxikimendu bildu ditu “Nafarroako hezkuntzak okerrera egitearen erantzule nagusia” Gimeno dela eta horregatik “kargugabetu egin...

Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak zaintzaren inguruan antolatutako jardunaldietan parte hartzeko deia egiten du LABek

Aspalditik martxan duen zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borroka ildoaren barruan, Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak jardunaldi nazionalak egingo ditu datorren larunbatean, maiatzaren 10ean,...