2025-12-31
Blog Page 1207

LABek TMAko langileek jasaten duten jazarpena salatu du epaitegien aurrean

LABek elkarretaratzea egin du Bilboko epaitegien aurrean Etxebarriako Talleres Mecánicos Arakistain (TMA) enpresako lan gatazkarekin lotuta Gernikako epaitegiek bi militanteri ezarritako behin-behineko neurriak salatzeko. Enpresako buruek 7 langileren aurka salaketa penalak aurkeztu eta gero, haietako biri urruntze agindua ezarri diete. Gaur egin da langileon aurkako epaiketa eta horrekin lotuta LABek protesta egin du epaitegien aurrean.

Asier Imaz, LABeko Industria Federazioko Idazkariaren adierazpenak

LAB Sindikatuak gaur kontzentrazio honetarako deia egin du salatzeko bere bi militanteri Gernikako Instrukzioko Epaitegiak, Audientzia Probintzialaren aginduz, jarritako behin behineko neurriak. Neurri hauen arabera langile hauen eta Rafael Zabala enpresariaren artean 500 metro egon behar dira gutxienez.

Egoera hau eman da oraindik epaitegi merkantilak TMA enpresaren itxieraren aurrean azken erabakiak hartu ez dituenean, eta Rafael Zabala eta Patxi Aristrain enpresariaren erantzukizunak zehaztu ez dituenean. Printzipioz konkurtsoaren administrariak adierazi du deskapitalizazio prozesu antolatu bat egon daitekeela. Langileek beraien ekintza sindikalaren bidez bermatu dute deskapitalizaio hau gelditzea.

Neurri hauekin ekintza sindikal eredu hau baldintzatu nahi da. Neurri hauekin soldatak kobratu barik eta enplegua barik geratu direnak erasotzen dira deskapitalizazio bat egin duena babesten den bitartean.

Baina egoera hau ezin daiteke era isolatu moduan ulertu. Langileen kontrako kriminalizazio prozesua aurrera doa. Integrala da. Grebetan grebalarien kontrako ebazpenak gero eta gogorragoak dira, gogoratu behar dugu beste hainbat kasuen artean Bilbotar bi grebalarien kontra dagoen 2,5 urteko kartzela zigorra.

Integrala da dekretuz dekretu, erreformaz erreforma langile eta gizartearen kontrako eraso integral bat antolatzen ari delako. Defentsa indibidual eta kolektiborako bideak suntsitzen diren bitartean, mobilizatzeko eta protesta egiteko eskubidea erasotzen da. Gogoratu behar ditugu pasadan astean Madrilen onartutako errepresio bide berriak.

Beraz, ebazpen hau eskubideen kontrako eraso integral honen atzean dagoen bultzada politikoa ikusten dugu. Babestuak izan behar direnak, ahulenak direnak, langileak eta herritarrak epaituak eta kriminalizatuak.

 

 

 

Decathlonek uztailaren 25ean irekitzeko duen asmoaren aurka azaldu dira sektoreko sindikatu guztiak

0

Decathlonek igande eta jai egunetan irekitzeko hartu duen erabakiaren aurka azaldu dira gaur merkataritza sektoreko sindikatu guztiak (ELA, LAB, CCOO eta UGT), eta mobilizazio ezberdinak iragarri dituzte hau salatzeko. Bihar, hilak 18, giza kateak izango dira Donostia, Bilbo eta Gasteizen eta uztailaren 24 eta 25ean elkarretaratzeak deitu dituzte Bilbo, Gasteiz eta Donostiako Decathlon denden aurrean.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen irakurketa
IGANDE ETA JAI-EGUNETAN DECATHLON ITXITA!
Atsedena eta lana uztartzeko gure eskubidearen alde!
Kontsumo iraunkor baten alde!
Denda txikiz jositako hiri eta herri bizien alde!

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok kanpaina bati ekin diogu, Decathlonek igande eta jai-egunetan irekitzeko duen asmoaren aurka. Legeak igande eta jai-egunetan irekitzeko ematen dion aukeraz baliatuz kateak "0 irekiera" orain arteko egoerarekin haustea erabaki du, nahiz eta horretarako urratu behar euskal gizartearen, sindikatuen, kontsumitzaileen eta dendari txikien gehiengoaren nahia.

Ez da lehen aldia izan Decathlonek jai-egunetan irekitzeko asmoa iragarri duela; baina aurrekoetan atzera egin du azkenean, eta itxita geratu da. Oraingo honetan hautatutako eguna uztailaren 25a da, egun horretan hurrengo hirietako zentroak ireki nahi ditu: Bilbao, Donostia, Irun eta Gasteiz.

Decathlon bezalako saltegi handiak igande eta jai-egunetan irekitzeak ondorio ezin txarragoak dakartza, lan-ikuspegitik ez ezik, gizarte-ikuspegitik ere bai, gainera gezurrekin bidezkotzen dute:

1. EZ du areagotuko kontsumoa: egunez eta denda-motaz aldatzen da, besterik ez. Madrilen urteko 365 egunetan irekitzen dute, eta salmentak estatuko batez bestekotik behera erori ziren.
2. EZ du enplegurik sortuko: denda txikietako enplegua suntsitzearen trukean, enplegu prekarioa (lanaldi partzialean) sortzen du saltegi handietan. betiko dendetan probintzia-hitzarmenak aplikatzen dira; saltegi handietan, ordea, estatu-mailako saltegi handietako hitzarmena aplikatzen da, askoz baldintza txarragoak dituena.Enplegu hori, gehienbat, emakumeena da. Hau bezalako sektore feminizatuan, igande eta jai egunetan irekitzen bada ia ezinezkoa litzateke laneko bizitza familiarekin uztartzea edota asialdiaz disfrutazea.
3. Kontsumitzaileek EZ dute eskatu: Kontsumitzaileen bi elkarteak —EKA eta EKE— merkataritza-ordutegiak liberalizatzearen aurkakoak dira. Haiek diotenez, kontsumitzaileek duten ordutegia nahikoa zabala bada. Gainera, neurriaren ondorioek ez diete onura egiten, alderantziz. Alde batetik produktuen ugaritasuna urrituko litzateke, denda txiki asko itxitakoan saltegi handiek beti berdina eskaintzen dutelako. Bestetik hiriguneak hustuko lirateke, merkataritza urrunago egongo litzateke kontsumitzaileengandik, eta garraiobideak erabili beharko lirateke.

Horregatik guztiagatik lau sindikatuok kanpaina bati ekin diogu, hurrengo mobilizazio hauen bidez:

Uztailak 18:
• Giza kateak 12:00etataik 13:00etara hiru hiriburuetako erdialdeetan
• Gasteiz: Andra Mari Zuriaren plaza-Corte Ingles- Andra Maria Zurira.
• Bilbo: Arriaga plazatik irten eta Decathlonera arte.
• Donostia: Bulebarreko Bretxa-Askatasunaren Etorbidea- Bulebarrera.
• Informazio-standa, Decathlon-en aurrean.

Uztailak 24:
Elkarretaratzea, 18:00 – 19:00, irekitzeko asmoa duten Decathlon-en aurrean.
Uztailak 25:
Elkarretaratzea, 09:30etatik aurrera, irekitzeko asmoa duten Decathlon-en aurrean.
 
  

 

 

SEA Arabako metaleko langileei lan erreforma inposatzeko apustuan berretsi da

0

LABek gaur goizeko Arabako Metaleko mahai negoziatzailean patronalak berriz ere erakutsitako jarrera salatu eta Jaurlaritzari halako jarreraren aurrean ixilik jarraituko duen galdetu dio.

Halaber, SEA bere planteamenduetan berretsi da. Hau da, metaleko hitzarmena berritzeko negoziazioak hasi zirenetik, orain dela 3 urte, jarrera gogor bera mantendu izan du. Ez du inongo urratsik eman.

Soilik 2014 eta 2015erako % 0’5ko soldata igoera ziztrin baten truke (2011,2012 eta 2013 0, soldata izozketa), eta beti ere BOTHAn argitaratzeari baldintzatuta (beraz, % 0’5koa baino txikiagoa), hainbat eskubideen galera bilatzen du (malgutasun orduak 70etik 120ra handitzea, lizentzietako eskubideak galdu, delegatu sindikalaren eskubideak, etab) eta hitzarmenaren inaplikazioa erraztea, ORPRICCErako ateak erabat irekiz.

Hori bakarrik ez, hitzarmena indarrean dagoela berresten duen TSJPVren sententziari helegitea jarri dio. Bateragarria al da fede onarekin hitzarmen berri bat negoziatzea eta egunean dagoen, patronalak berak sinatu zuen hitzarmena, ez errespetatzea?

Halako jarreraren aurrean, Eusko Jaurlaritzak ixilik jarraituko al du?

Halako planteamendu eta jarrerarekin, ezin da inolako akordiorik lortu.

LAB, patronalarekin alderatuta, 3 urte hauetan zehar etengabe aritu da planteamendu berriak egiten. Beti ere, akordio justu bat lortzeko helburuarekin eta langileentzat aplikagarria eta eskubideen bermea izango duen hitzarmena lortzeko asmoarekin. Negoziazio mahaian idatziz aurkezturiko proposamenak honen adierazgarri dira zein herrialdeko hitzarmenaren aldeko mobilizazioak.

Baina patronalaren jarrera larria eta arduragabea izanik, are larriagoa da halako jarrera mantentzen uzten dieten sindikatuena. Zer gehiago behar da CCOO, UGT eta ELA sindikatuek LABekin bat egin dezaten herrialdeko hitzarmenak defendatzeko? Patronalaren jarrera kritikatzeaz haratago, herrialdeko hitzarmenak defendatzeko zer egiteko prest dauden argitu beharko dute.

 

 

 

LABi erantzunez Udalhitz hitzarmena berritzeko Toki-administrazioaren Negoziazio mahaia deitu da

Martxoan LABek Negoziazio Mahaia biltzeko eginiko eskariaren harira, ostegun honetan, hilaren 17an, EUDELek UDALHITZ hitzarmena berritzeko Toki-administrazioaren Negoziazio Mahaira deitu ditu sindikatuak. LABek hiru ardatz lehenesten ditu: lan-sariak, enplegua eta zerbitzu publikoen eredu berria eraikitzeko neurriak hartzea.

LABek mahaia biltzeko eskaria egin zuen Udal eta Foru administrazioko langileok 2010etik gure lan-baldintzak jasotzen dituen hitzarmena negoziatu ezinik gaudelako. Ordutik, instituzioetako arduradunek Estatuko oinarrizko legeek gure negoziazio esparrua ukatzen dutela esaten dute, alegia, gure esparruan Estatutik datozen murrizketak aplikatu besterik ezin dela egin.

Negoziazio Kolektiboan LAB sindikatuak hiru ardatz nagusi lehenesten ditu, langileon lan-baldintzak hobetzeko beste neurriei garrantzia kendu gabe, jakina. Gai hauei heltzeko eta ondorioz negoziatzeko eta adosteko borondatea egon beharko litzateke EUDELen aldetik, akordioa erdiestea nahi izango badugu. Hauexek dira, bada, hiru ardatzok:

-Lan-sarien inguruko akordioa: hitzarmenaren indarraldirako soldata igoerak adostea, 2012ko abenduko paga ordaintzea eta azken urteotan langileok galdutako eros- ahalmena berreskuratzeko akordioa.

-Enplegua: azken urteotan enpleguaren suntsiketa eragin duten neurriak atzera botatzea (ordezkapenak mugatzea, jubilatzen diren pertsonen lanpostuen amortizazioak, lanaldiaren luzapenak…) eta enplegu berria sortzeko neurriak martxan jartzea, beharrezkoak diren EPEak eginez.

-Herritarren onurarako zerbitzu publikoen eredu berria eraikitzeko neurriak. Alde batetik, kudeaketa publiko eta gardenaren bermea –pribatizazioak geldituz eta errebertsio planak sustatuz– eta, bestetik, ezinbesteko neurriak diren hauek: zerbitzuak euskalduntzeko eta genero berdintasuna bermatzeko planak, eta zerbitzu publikoen definizio eta garapenean langileen iritzia kontuan hartzeko eta langileen parte hartzea bermatzeko neurriak, besteak beste.

Aurrekoaz gain, funtsezkoa da balizko akordioak betetzeko instituzioen konpromiso irmoa, alegia, bertako negoziazio esparrua aintzat hartuta euskal langile eta instituzioen artean erdietsitako akordioak defendatzea, bidean egon litezkeen oztopo eta eragozpenak –Estatuko neurri legalak edota murrizketak– modu adostuan gaindituz. Alde biek printzipio honekiko atxikimendua adieraztea ezinbestekoa jotzen dugu LABetik.
 

 

 

TMAko langileen kontrako jazarpenari STOP!

LABek gogorki salatu nahi du Etxebarriako Talleres Mecanicos Arakistain (TMA) enpresako langileak jasaten ari diren errepresioa. Datorren ostegunean, hilak 17, elkarretaratzea burutuko du Bilboko Epaitegien aurrean "Enpleguaren defentsan, langileon borroka ezinbestekoa" lelopean.

TMA, Patxi Arakistainek Etxebarrian zuen enpresa zen eta 2013ko apirilean Rafael Zabala Fernandezek enpresako boterea hartu zuen.

PATXI ARAKISTAIN eta RAFAEL ZABALA FERNANDEZek, TMA suntsitu eta langileak kalera bota zituzten, 8 hileko greba mugagabe baten ondoren:

• Enpresaren itxiera eman orduko, Rafael Zabalarekin hainbat akordio egin zituzten, langileekiko zorrak kitatzen hasteko, PRECOn bertan. ZABALAK EZ ZUEN ADOSTUTAKOA BETE.

• Langileak 4 hileko zorrarekin kaleratuak izan ziren eta FOGASAk ordaindu zuen (langile batzuek 4.000 € ere galdu zituzten orduan). ZABALAK EZ ZUEN EZER ORDAINDU.

• Kaleratze indemnizazioak FOGASAk ordaindu zituen (18.000 €ko topearekin, langile batzuren indemnizazioa 60.000 eurotakoa zenean). RAFAEL ZABALAK EZ ZUEN EZER ORDAINDU.

• Rafael Zabala Fernandezek, langileekin adostu zuen, bukatuta zeuden pieza batzuen salmenta, langileekiko zuen zorra kitatzen hasteko. Hori ere ez zuen bete.

• Konkurtso prozesuan, enpresak hainbat irregulartasun egin ditu (administratzaile konturtsalak ere egiaztatzen du hau epaitegian aurkeztutako txostenean): materialaren salmenta administratzailaren baimenik gabe, makinak desagertu dira, kapiala mugitzea administratzailearen baimenik gabe, epaile aginduak ez betetzea,…
 

Hau dena gutxi balitz, Rafael Zabala Fernandezek, salaketa penalak jarri zituen hainbat langileren kontra, lan gatazka kalera ateratzeagatik eta legalki komunikatutako manifestazio eta kontzentrazioen aurrean.

Momentu honetan, 7 langileren kontrako salaketak daude eta epaitegiek, salaketak batzen ari dira sumario bakarrean. 

Baina Rafael Zabala Fernandezek haratago jo nahi izan zuen eta bi langileren kontra (bata langileen ordezkaria izandakoa enpresa itxi arte), urruntze neurri kautelarra eskatu zuen. Gernikako epaitegiak eskaera ukatu bazuen ere, lan gatazka kolektibo baten aurrean bi pertsonan kontrako neurri kautelarrak zentzurik ez zuela argudiatuz, Bizkaiko audientzia probintzialak neurria onartu du. Beraz, epaiketaren zain dauden bitartean bi langileri urruntze agindua ezarri diete.

Guzti hau, beraien lanpostuak eta eskubideak defendatzeagatik.

Ostegun honetan, uztailak 17, izango da epaiketa, Bilbon. Eta horri lotuta ELKARRETARATZEA egingo du LABek 10.30etan Bilboko epaitegien aurrean (Buenos Aires kalea). 

LAB Sindikatuak argi du, enpleguaren defentsan, langileen borroka ezinbestekoa dela. Langileak dira, beraien lanpostuen defentsa bermatu dezaketen bakarrak.

LAB Sindikatuak, gogor salatu nahi du gaur eguneko legediak enpresariei ematen dien inpunitatea eta langileen babes eza. Enpresariek edozer egitea libre duten bitartean (langileen bizitzak suntsitu ditzazkete), langileak beraien eskubideen defentsan borrokatzeagatik eta enpresarien irregulartasunak kontralatu nahi izateagatik epaituak izango dira eta aldentze neurriak sufritu behar dituzte. 

Ezin ditugu onartu langileriaren kontrako injustizia gehiago. Langile klasea kriminalizatzeari utzi behar zaio, horrelako enpresariak babesten diren bitartean. 

Justiziak ezin ditu biktimak kriminalizatu eta errudunak babestu, nahikoa da!
 

 

 

Ez dago berrikuntzarik Hiriko eta Epsilon kasuetan

LABek argi esan nahi du ez duela inongo berrikuntzarik sumatzen Hiriko eta Epsilonen eman den kudeaketa publikoan. Berriro ere agerian geratzen da gobernu baten kudeaketa eredua, diru publikoa esku pribatuetara pasatzera dedikatzen den gobernu eredua. Diru publikoa esku pribatuetara kontrol barik, berme barik; berriro ere klientelismoa sustatzen da eremu publikoaren kudeaketaren bidez.

Emergentzia sozialeko egoera honetan, pobreziaren hedapena nagusitzen ari den momentu honetan, publikoak ziren 60 milioi euro zaborretara doaz. 60 miloi hauek kudeaketa eredu baten porrotaren adierazle argiak dira, pribatizazioan oinarritutako ereduaren porrota. Ez gaude herri proiektu baten porrotaren aurrean, kudeaketa eredu zehatz baten porrotaren aurrean gaude. Gogorrena da porrot hau opor fiskalen sententzia eta gero eta Euskal Herriko langileen aurrezkiak pribatizatu nahi direnean, Kutxabanken eraldaketarekin, ematen dela. Kudeaketa eredu honek aurrera egiten du porroten gainetik, beraz, galerak sozializatu eta irabaziak pribatizatzen duen eredu neoliberala aurrera doa, jakinda lapurreta bat dela. Sindikatu honek erantzukizun politikoak eskatzen ditu.

Teknologiaren aldeko apustua, balio erantsiaren aldeko apustua egin behar dugu, noski baietz. LABek benetan apustu hori egiteko behar den determinazioa eskatzen dio eremu politiko-instituzionalari, apustu erreala eremu publikotik, ez diru publikoa pribatizatuz. Determinazioa eta kontrola, herri apustu bat egitera bagoaz, bermatu behar dugulako apustu horrek sortuko dituela eremu industrialak behar dituen barne sinergiak. Aski da, espekulatzaileak kanpora, egin dezagun behingoz ekonomia errealaren aldeko apustua.
 

 

 

Mendaroko RTS lantokian mobilizazioak hasi dituzte enpresa hitzarmenaren alde

0

Komiteak aurkezturiko plataformaren aurrean enpresak hartutako jarreraren aurrean RTS lantokiko langileak mobilizatzeko erabakia hartu dute. Atzo egindako 4 ordukoa lanuztearen ondoren, datorren astean eta zuzendaritzaren jarrera aldaketarik ez badago, asanbladak berretsitako 3 greba egun iragarri ditu komiteak.

Lanuzteen bozketan 78 langilek alde bozkatu zuten eta 35ek kontra.

Komitea osatzen duten 3 sindikatuek ( CCOOO, LAB, ELA) enpresaren zuzendaritzari plataforma bateratua aurkeztu zioten. Langileen eskaerak 3 oinarri dituzte: 1. KPI ari loturiko soldata igoerak. 2. Lan erreformaren aurkako klausulak, alderdi biek sinaturikoak bete egingo delaren bermea izan dezaten langileek. 3. Enpresa hitzarmenak, herrialdeko hitzarmenarekiko lotura izan dezala.

Hurrengo astean, enpresak jarrera aldatzen ez baldin badu, beste 8 orduko 3 greba egun egingo dute langileek, astelehen, asteazken eta ostiralean. Lanuzte hauek, era ezberdinetako mobilizazioen bitartez ezaugarrituko dira: manifestazioak, kotxe karabanak, akanpadak…

Esan beharra dago azken 2 urteetako datu ekonomikoen arabera enpresako jabeek ia 1,5 miloi eurotako irabazien banaketa egin dutela.
 

 

LABek armada sionista israeldarrak Palestinako herriaren aurka Gazan egiten ari den sarraski berria salatzen du

0

Gaza, gaur egun, munduko aire zabaleko kartzela handiena da, munduko biztanle dentsitate altuena duena, non ia 2 miloi palestinar bizi diren lur-zerrenda estu batean. Honela izanik, Gazaren aurkako edozein erasok biztanleria zibil – umeak barne – ugariaren erailketa suposatzen du, 2009an, 2012an gertatu eta egun gertatzen ari den bezala.

Mendebaldeko ikus-entzunezko ofizialek diotenaren aurka, bereizi-gabeko bonbardaketa hauek ez dira 3 kolonoen auziaren erantzuna, zapalkuntza inperialista sakontzeko eta herri Palestinarra zatitu eta ahultzeko interesen azken trikimailua baizik.

Egun hauetako 88 zibilen erailketak eta 500 baino gehiagoko zaurituak Gazaren biztanleriaren aurkako azken bidegabekeria da. Israelek egindako bidegabekeria berri bat mendebaldeko gobernuen ez-ikusiaren laguntzaz. Berriro ere gogoratu beharra dago Gazako biztanleriak 2006 geroztik bidegabea eta ankerra den blokeo bat jasaten ari dela, urte horretan eduki zituzten hauteskundeetan Hamas alderdia hautatu izanagatik. Argi geratzen da Israeldar gobernuak eta beraien aliatuak diren mendebaldeko gobernuek zer ulertzen duten “demokraziatzat”.

Bidegabea den egoera honen aurrean, LABek Palestinar herriarekin elkartasuna adierazi nahi du eta armada sionistak egiten ari den sarraski berri honi amaiera eman diezaioten exijitzen du. Era berean hurrengoa exijitzen dugu:

– Bidegabea den Gazako biztanleriaren aurkako blokeoari amaiera eman diezaiotela.
– Azken sarraski honen arduradunak nazioarteko instantzietan epaituak izan daitezela.
– 1948 geroztik Palestinar herriak jasatzen duen egoerari irteera negoziatu eta zuzena ematea, preso politikoen askatzea eta errefuxiatuen herriratzea baliatuz.

Egoeraren larritasunaren aurrean LABek Israeldar estatuaren aurkako BDS kanpainari gure sostengua adierazi nahi dio eta Euskal Herriko langileria eta jendearteari kanpaina horrekin eta hurrengo egunetan Euskal Herrian deituko diren mobilizazio desberdinekin bat egiteko deialdia zabaltzen du.
 

 

 

LABek Bizkaiko Suhiltzaile Etxeetan dagoen langile falta salatzen du

Laneko Osasun Batzordeak uztailaren 2an egin zuen bileran, suhiltzaile-etxeetan dagoen arazoa azaldu genuen: langileak falta dira, plaza hutsak ez direlako betetzen eta bajak eta bestelako gorabeherak ez direlako ordezkatzen.

Egoera kezkatzeko modukoa da, eta uste dugu kinka larrian egon baino lehen konpondu behar dela. Bere garaian, plazak betetzeko sistema bat adostu zen dotazioa bermatzeko, baina ez da betetzen suhiltzaile-etxe guztietan, eta egoera oso kezkagarriak ematen ari dira: Derion, adibidez, pertsona bat gutxiago dago txanda guztietan.

Egoera larria izan arren, badirudi oraingoz ez dutela arazoko konpontzeko asmorik. Funtzio Publikoaren zuzendariordeak uko egin dio LABek planteatuko gaia Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordean aztertzeari. Argudio gisa, esan du ez dela segurtasunaren arloko gai bat (!!!) eta, planteatzekotan, negoziazio mahaian planteatu beharko litzatekeela.

Beste behin ere, begirune eza erakutsi du organo bateratu honekiko; bere kortijoan izango balitz bezala aritzen da batzordean, eta ez du nahi eztabaidarik arriskuagatik erantzun bat behar duten arazoen inguruan.

Gure ustez, egoera konpontzeko modua aztertu behar da. Beste administrazio batzuetan (Donostiako Udala, adibidez), behar diren plazak betetzeko, Estatuak jarritako oztopoen aurrean, urteko programa-kontratuak egin dituzte, egoera nolabait konpontzeko.

Aurrekoaz gainera, Aldundiaren plangintza faltaren ondorioz, gaur egun, 2013ko plazen deialdia amaitzeko urte erdi falta denean, plaza hutsen kopurua (46) deialdian sartutako kopuruaren (23) bikoitza da. Bizkaiko Foru Aldundiari proposatzen diogu indarrean dagoen deialdian plaza kopurua handitzeko, horretarako aukera baitu. Orain arte epaimahaik bete dituen ordu guztiak (1.500 baino gehiago) konpentsatzeko modu bat izango litzateke.

Edonola ere, ez dugu etsiko eta behar den foro guztietan planteatuko dugu gaia, uda ostean arazoak larriagotu egingo direla uste baitugu.