2026-01-19
Blog Page 1204

Getxon gertatu den lan istripuan langile bat hil izana salatzen du LABek

Dagoeneko 29 dira Euskal Herrian aurten hildako langileak.

Atzo eguerdian Getxoko jaialdi baterako prestaketa lanetan langile bat hil zen (zabaldutako datuen arabera Andorrakoa omen da hildako behargina). Atzoko heriotz istripuarekin Euskal Herrian dagoeneko 2014ean 29 langile dira lanean hil direnak.

Getxon gertatu den kasuak azpikontrazio bat izan daitekeela pentsatzera eramaten gaitu, eta horrela balitz, administrazioak lituzke ardurak, orain gutxi Leioan EHUn gertatu zen antzera. Azpikontratazio egoerek horrelako egoera larriak dakartzate, larriagoa dena, egoera horren arduraduna administrazio publikoa denean. LAB sindikatutik istripua eragin duten gertaerak eta horien erantzukizunak lehenbailehen argitzea eskatzen dugu.

Gehiengo sindikalak deituta ostegun honetan, hilak 28, Getxoko Ajedrez plazan goizeko 11.00etan heriotz istripu hau salatzeko mobilizazioa egingo da. LABek bertan parte hartzera deitzen du.
 

Abuztuan aparteko 1000 ordutik gora egingo da Metro Bilbaon

0

Aste Nagusiko eta Munduko Saskibaloi Txapelketako zerbitzu gehitzeak eraginda. Zuzendaritzak nahiago ditu ezohiko ordu horiek behin behineko langileekin egin enplegua sortu baino.

LAB sindikatuak salatzen du abuztuan 100 txanda osagarritik gora egingo direla Aste Nagusirako eta Munduko Saskibaloi Txapelketarako gehitutako zerbitzuak bete ahal izateko, hiriarteko trenak prentsa oharrean aitortu duenez. Zuzendaritzak duela urtebete zuen bi hitzordu horien berri baina aurreikuspenik ez izateak Metro Bilbaoko gidari eta geltokietako langileei aparteko orduak eragitea dakar.

Enpresa batzordeak zuzendaritzarekin izan zuen azkeneko bileran, abuztuaren 6an, LABek txanda horiek egiteko aparteko orduak egiteaz gain, ordu horiek geroago atseden ordu gisa berreskuratzeko aukera ere eskaintzeko proposatu zuen. Enpresak onartu zuen proposamena baina aitortu zuen txanda gehienak, %80tik gora, jada esleituta zeudela ordurako.

LABek gogorarazi nahi du duela hilabete gutxi kanpoko hautaprobak izan direla Bezeroen Arretan, Gidatzen eta Eremu Teknikoan aritzeko langileak bilatzeko. Geltokietarako hautatu dituzte jada 11 pertsona, honezkero lanerako prestatuta daudenak, baina gidatzeko, ordea, atzeratuta doa prozesua eta, hartara, oraindik ez dago arlo hori indartuko duen behin behineko langilerik. Aurreikuspen falta horri gehitzen bazaio enpresako zuzendaritzak, hiriarteko trenaren 19 urteotan, beti nahiago izan duela aparteko orduak ordaindu enplegua sortuko lukeen beste edozein neurri baino. Oraingoan txanda osagarri eta txanda luzatuen artean abuztuan eta iraileko lehenengo egunetan aparteko 1.000 ordu inguru sartzea ekarriko du. LABek zorrotz aztertuko ditu tarte horretan ordaintzen diren aparteko orduak, Langileen Estatutuak inork urtean ordaindutako 80 orduko lege mugarik gainditu ez duela egiaztatzeko.

LAB sindikatuak eskatzen du Metro Bilbaon aparteko orduak ZERO izan daitezen, edo oso gutxi izan daitezen, zerbitzua okerren doan egoeretara mugatuz, baina ez daitezen erabili zerbitzu bereziak eskaintzeko eta zerbitzua areagotzeko. Aparteko orduak ez dira lan banaketarekin bateragarriak. Metro Bilbaoren jarduera eremuan langabezia tasa kezkagarria dago eta aparteko orduak egiteak ez du indize horiek jaisten laguntzen. Bizkaiko Foru Aldundiak dioenez, munduko txapelketa horrek 314 enplegu berri sortu eta lehendik zeuden 581 lanpostu mantenduko ditu ostalaritzan, eraikuntzan, denda txikietan, higiezinen jardueretan, edari eta argindar alorretan. Eremu pribatuan denak. Bizkaiko Foru Aldundiaren beraren mendeko Metro Bilbao bezalako enpresa publiko batean, ordea, enplegu egonkor eta kalitatezkoa sortu beharrean aparteko orduak egitea sustatzen da. .
 

Ercilla hoteleko langileek protestan jarraitzen dute euren eskubideen alde eta lan erreformaren kontra

0


LAB, CCOO eta CNT sindikatuen deialdiari jarraituz, langileek 14 hilabete daramatzate kontzentrazioak egiten, gutxienez hilean behin, jasaten ari diren egoeraren aurrean: soldatak 2010etik hona izoztuta, azken urtean soilik 3.000 euro gutxiago suposatzen duten soldata murrizketak, hobekuntza sozialak galtzea, etab.

Bilboko Aste Nagusian zehar, bost kontzentrazio egin dituzte, astelehenetik ostiralera.
 

 

 

Argi dugu mobilizazioa eta borroka direla lan istripuekin eta hauek ekartzen dituzten kausa eta faktoreekin bukatzeko daukagun arma bakarra

25 hildako lan istripuz Euskal Herrian 2014ean, 6 heriotza Nafarroan.

Pasa den larunbatean, abuztuaren 23an, 43 urteko R.F.S La Hornilla (Errioxa) ogibidez mekanikoa zen langilea lan istripu baten ondorioz hilik suertatu zen. Hain zuzen ere N-121-A errepidean Zozaia (Baztan) parean zendu zen kamioi bat konpontzen ari zen bitartean.

Hildako langilea mekanikoa zen eta aurretik kamioi gidaria ere izan zen. Langile honek Gruas Barragan enpresarentzako egiten zuen lan, enpresa madrildarra baino Espainiar estatuko puntu askotan baseak dituena. Konkretuki langile hau Calahorrako basetik atera zen Zozaiaraino joan zen aipatu matxuratutako kamioia konpontzen saiatzeko. Hau da, langile honek larunbata batean 126 kilometro baino gehiago egin zituen aipatu kamioia konpontzera joateko.

LAB sindikatutik, prentsa ohar honen bitartez, langilearen senitarteko eta lankide guztiei gure dolumina eta elkartasuna helarazi nahi diegu. Halaber, heriotza honek eta oro har, langileriak pairatu izan dituen hamaika heriotza eta lan istripu guztien ondorioz zenbait datu helarazi nahi diogu jendarteari, gogoeta orokorra egin dezagun.

Heriotza berri honekin gutxienez 25 langile dira Euskal Herrian hil direnak aurten. Eta Nafarroan ematen den 6. lan istripu hilgarria da.

Aldi berean, oroitarazi eta salatu behar da, pasa den urtean gutxienez 50 langilek bizitza galdu zutela beraien lan postuan.

LABetik zenbait galdera eta kezka helarazi nahi dugu:
• Langile honek bere lana modu egokian egiteko segurtasun eta lan arriskuen prebentziorako beharrezkoak diren neurri guztiak betetzen ziren istripua gertatu zenean?
• Nola da posible kamioi baten matxura konpontzeko Kalahorratik mekaniko batek etorri behar izana. Ez zegoen inor hurbilago lan hori egiteko?

Halaber, azpimarratu nahi dugu garraioko sektoreko langile askoren lan eta enplegu baldintzen egoera. Sektore honetan beheranzko kontratuak ematen diren eta mugikortasun geografiko handi batera behartuak dauden.

LAB sindikatutik argi dugu mobilizazioa eta borroka direla lan istripuekin bukatzeko eta hauek ekartzen dituzten kausa eta faktoreekin bukatzeko daukagun arma bakarra.

Honengatik guztiarengatik LABetik lan istripuak sortarazten dituzten kausak salatzen jarraituko dugu eta laneko segurtasuna lehentasun bat izan dadila borrokan eta lanean jarraituko dugu, interes ekonomiko eta enpresarialei loturiko zerbait izan beharrean.

Bukatzeko Zozaian gertaturiko lan istripu honen kausak argitzea exijitzen dugu, berriro gertatu ez dadin beharrezkoak diren neurriak har ditzatela exijitzen dugun aldi berean.

Baztanen 2014ko abuztuaren 25ean
 

 

 


Omenaldia Lezon Imanol Ugalde “Manolitori”


Imanol Ugalde “Manolito” abuztuaren 17an hil zen gaixotasun larri baten ondorioz. Oarso Bidasoako administrazioko arduradun hainbat urtez izandakoa, sektoretik haratago eskualdean militante eredugarria izan zen "Manolito".

Abuztuaren 22an omenaldia egin zion sindikatuak Lezoko Herriko plazan. Omenaldi hunkigarria izan zen, Lezoko plaza lagun eta ezagunez beteta. Agurrarekin hasi zen omenaldia, jarraian bere ibilbide militanteari eskerrak eman zizkion Lezoko Ezker Abertzaleak, eta nola ez, LABek jardun sindikalaren errepasoa egin zuen. Azkenik, bere kuadrilak, “Manolitok” zuen alaitasunarekin gogorarazi nahi izan zuen eta plaza osoa berak hain gustoko zuen "Mi caballo prieto azabache" rantxera abesten jarri zuten. Internazionala eta Eusko gudariakekin amaitu zen, "Manolitori" buruz esan ahal ziren guztiak ezin esan.

Imanol Ugalde “Manolitoren” jardun sindikalaren errepasoa LABen eskutik

Arratsaldeon denori,

LAB sindikatuaren izenean eta bereziki azken urteetan berarekin lan egiteko zortea izan dugun bere lankideen izenean: Purri, Xabi Martin, Juantxo, Alfredo Viaña, Kontxi, Antton, Arantxa, Jon, Gorka, Jabi, Alfredo frontoikua… eta abar luze bat.

Paper batean sartu ditugu, liburu batean ere sartu ezin diren hitzak irakurtzera noa. 

Juan zaigu gure Manolito eta guztiok bere hutsunea nabarituko dugu. Bere senitartekoek saminez bizi dituzte egun hauek; besarkadarik beroena sindikatuko kideen aldetik. Besteok tristuraz, lagun eta militante paregabe baten aurrean aurkitzen gara, baina bere izakera eta egin zuen ekarpen paregabea gogoratzen dugunean harrotasunak tristurari aurre egiten dio. 

Azken finean “Manolito” gazte gaztetik Euskal Herri independientea eta sozialista baten alde borrokatzea erabaki zuen. Behin baino gehiagotan kontatzen zuen Iruñean poliziak German hil zuenean bera han zegoela, zezen plazan. Edo txispas bezala lan egiten zuen tailerra itxi zutenean, Lezoko langabetuen asanblean parte hartzen zuela. Hor ibiltzen ziren aparteko orduak sartzen zituzten enpresetan, guztientzat lanpostuak egon zitezen borrokatzen. 

Gerora Agente “Manolito” bihurtu zen eta horrela ezaguna egin zen mundu sindikalean. LAB sindikatua izan zelako, Tiñeluren baimenarekin noski, “Manolitoren” bigarren etxea. Lezoko udalean langileen ordezkari urte luzez izandakoa, bere ekarpena ez zen hor gelditu eta hainbat urtez sindikatuan liberatua egon zen administrazioko arduradun bezala. Sindikatuan lan egiten dugunok badakigu ez dela oso ohikoa horrelako prestutasuna erakusten duen pertsona bat aurkitzea; bere lanpostuaren erosotasunetik besteen arazoetara salto egitea. Berak ordea, sindikalgintza odolean zeraman eta egunero antzematen zitzaion, bilerak prestatzerako orduan, edonorren aurrean arrazoi zorrotzekin, kontsultak pasatzerakoan, legedia nola zegoen begiratzekoan (askotan esaten zigun, “hi.. politikoa haiz”).

Ikaragarria zen “Manolitok” langileak defendatzeko zeukan sena. Urte luzez izan zen gure eskualdeko langile publikoen arduraduna baina bere lana ez zen hor amaitzen. Oraindik irriparrez gogoratzen ditugu egoitzara etortzen ziren Lezoko jubilatuak “Manolitorengatik” galdezka, garbitzaileak, kiroldegiko langileak, eraikuntzakoak… bera zen erreferentea. LAB Lezon norbait bazan hura “Manolito” zen. Berak ireki zuen Lezoko LABeko egoitza, esaten zuelako Lezok kategoria nahikoa zeukala bertan egoitza jartzeko. 

Inplikazioa erabatekoa izan zen. Eskualdean berarekin batera lan egin dugun guztioi lagundu digu “Manolitok”. Zenbat enpresa “pateatu” ditu LABen apologia eginez, LABen antolatzea eskeiniz. Berak horrela ulertzen zuen bere lana ere; sindikatua indartsua izan behar da toki guztietan. Maisu handia izan genuen “Manolito” sindikatuan, ez bakarrik asko zekielako, bere jarrera eta militante izaera eredu izan direlako. 

Bere irripar bihurri horrek guztiok konkistatu gintuen. Azken urteetan osasunak ez dio bere lan sindikalarekin jarraitzen utzi baina… zenbatek galdetu izan digute “Manolitorengatik”? Afiliatuak, ez afiliatuak, beste sindikatuetako kideak, eta abar luze bat. Bere itzala luzea zen gure artean eta utzi duen oroimena paregabea. Gure artean beti izango dugu gogoan; hauteskunde sindikal batzuk prestatzen, ordezkaritza sindikalaren datuak aztertzen baina, batez ere, gogoratuko gera, momentu onenetan, deskonektatzeko, oso gustoko zuen urteko afaria ta parrandan, ta nola ez bi azukredun kafesne batekin, bere purito amaigabea eskutan eta norbaiti bazilatzeko beti prest.

Mila esker “Manolito”, ez zaitugu ahaztuko, agur eta ohore!
 

 

 

BBVAko langileek Txente Askasibar euren lankidea berehala askatzea eskatu dute

0

Kontzentrazioa egin dute gaur Bilbon, BBVAren egoitzaren aurrean Topaseko kartzelan preso dagoen Askasibarrek bizi duen egoeraren inguruan informatuz.

BBVAko LABen atal sindikalaren irakurketa
TXENTE ASKASIBAR ASKATU!

Txente Askasibar, BBVAko lankide jubilatuak, 18/98 sumarioan epaitua izan zen eta 8 urte eta erdiko kartzela zigorra jasan zuen bere jarduera politikoagatik. Txentek 71 urte bete ditu, eta adin honekin Salamancako Topas kartzelan preso dago.

Bere militantzia politikoagatik kartzelan zazpi urte baino gehiago eman ostean, etxetik urrun gainera, uz dute ez begirune ez errukirik bere adinarengatik, eta kartzelan jarraitzen du zigor osoa betetzen inolako errebisio barik. Halaber, bere emazte, semeak eta senide zein lagunak ere kondenatu dituzte, astero astero 800 kilometro baino gehiago egin behar baitituzte Txente ikusteko, horrek dakarren gastu ekonomiko zein arrisku fisikoaz.

Espainiako PPren gobernuak itus eta gor jarraitzen du, eta gatazka politikoaaren zauria sendatu baino zornea dariola mantendu nahi dutela ematen du. Txente, eta bera bezala hainbat preso politikok (gaixo daudenak, zigorraren 3/4a beteta dutenak, adinez nagusiak direnak…) kalean egon behar ziren jadanik, gobernuak egungo legedia beteko balu.

BBVAko lankideeok Txente berehala askatzea eskatzen dugu, bere atxiloketa inoiz gertatu behar ez bazen ere, are ankerragoa baita oraindik gartzelan mantentzea.
 

 

 

Aste Nagusian babesa Urtzi eta Telle grebalariei

0

Grebalariak Aske herri-plataformak elkarretaratzea egin zuen astelehen arratsaldean, Bilboko udaletxe aurrean, Urtzi Martinez eta Jon Telleriaren egoeraren aurrean protesta egiteko. Bi gazteek 15 hilabeteko espetxe zigorrari aurre egin beharko diote duela bi urteko martxoaren 29ko greba orokorrean margoketa batzuk egiteagatik.

Ehundaka pertsona bildu zen 18:30ean udaletxe aurrean. Bertan, plataformako kideek adierazi zuten, agerikoa dela "ez dituztela desordena batzuk zigortu, baizik eta beste eredu sozioekonomiko baten aldeko borroka eta konpromisoa".

Margoketa batzuk egiteagatik bi gazte kartzelaratzea "bidegabekeria ikaragarria" dela azpimarratu eta gogora ekarri zuten epaia laster betearaziko dela biak espetxeratuz.

Plataformako kideen arabera gazteen kontrako epaia "sistema kriminal honen beste adibide bat" da. Ondorioz, "horrelakorik berriro gerta ez dadin lan egiteko eta beste eredu sozioekonomiko baten alde borrokatzeko" deialdia egin zuten.
 

 

 

2014ko urtarrilaren 8an Gerdau-Basaurin langile bat hil zuen istripuak argi uzten du honelakoek arrazoiak eta erantzukizunak dituztela

Duela egun batzuk LAB sindikatuak Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eginiko txostena jaso du, Pine Instalaciones y Montajeseko M.A.L.J. langilea hil zuen istripuari buruzkoa. Istripua urtarrilaren 8an izan zen, Gerdau-Basauriko (lehengo Sidenor) lantokian azpikontratuta lanean ari zela.

Osalan eta Lan Ikuskaritzak elkarrekin egindako ikerketaren ondorio den txosten honetan jasotzen ditugun irizpideekin bat egiten dugu.

Istripu hau, gehientsuenen antzera, saihets zitekeen inplikatutako enpresetako prozedurak bete izan balira: Gerdau, Cesinel Ingenieria, Pine Instalaciones y Montajes eta Argilan SAL, baina ez ziren betearazi eta ondorioa langile baten heriotza izan zen.

Aipatu ez betetzeak, ia beti gertatzen den bezala, lan edo konponketak amaitzeko estuasunetan oinarritzen dira, ahalik eta azkarren ekoizpenari berrekiteko helburuarekin.

Gainera, azpikontrateko langileek aginduak bete behar dituzte eta gero betetzen dira txekeorako zerrendak, egiaztatzeak energia egonda egongo dira edo agindutako jardueran oztopa lezaketen jarduerak burutzen ari badira ere.

Horrela, argi dago osasuna, eta sarritan bizitza, kendu ahal diguten arriskuak ezagututa, eta prebentzio neurriak ere bai, egitura jerarkikoa egokitu beharko litzateke eta prebentzioaz arduratzen direnek neurriok betearazi beharko lituzkete.

Espero dugu Enplegu eta Politika Sozialetako Saileko zuzendaritza politikoak bere egitea Osalan eta Lan-Ikuskaritzak egindako ikerketa. Honekin lotuta, inplikatutako lau enpresentzat proposatzen diren 6 arau-hauste aktak berrestea ere espero dugu: Gerdau Aceros Especiales Europa SL, Cesinel Ingeniería SL, Pine Instalaciones y Montajes SA eta Argilan Instalaciones y Montajes Eléctricos SAL. 2 dira arau-hauste oso larriak eta 8 larriak.

Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak proposatutako prestazioen errekargua inposa dezala ere espero dugu. Gizarte Segurantzaren prestazioen %50a suposatzen du honek.

Gure aldetik, gure lanpostuetan edo horien ondorioz istripuak edo gaixotasunak sortzen dituzten lan-baldintzak aldatzeko konpromisoa berresten dugu eta hau lehentasunezko helburu bezala onar dezala langileriak.
 

 

 

Imanol Ugalde “Manolito”-ri omenaldia ostiralean Lezon

Imanol Ugalde “Manolito” pasa de igandean hil zitzaigun gaixotasun larri baten ondorioz. Oarso Bidasoako administrazioko arduradun hainbat urtez izandakoa, sektoretik haratago eskualdean militante eredugarria izan zen Manolito. Eskualdean bere ardura zela eta ezagun eta erreferente, sindikatuko belaunaldi berrientzat maisu.

Ezingo dugu ahaztu sindikatuarentzat egin duzun lan guztia, zure prestutasuna eta zure laguntasuna. Gure oroimenean zure irripar bihurria. Agur eta Ohore Manolito, gure kontura kafesnea eta purito!

Omenaldia Lezoko Herriko plazan, abuztuaren 22an, ostirala, 20:00etan.