LAB, STEILAS, CCOO eta ELAk borrokan jarraituko dugu grebara eraman gaituzten aldarrikapenak lortu arte.
Gaur sinatuko den dokumentuak ez ditu irakasleon aldarrikapenak inolaz ere asebetetzen. Ratioen jaitsiera ez da hezkuntza etapa guztietan emango eta urrun geratzen da sindikatuok planteatutako proposamenetik. Bestelako neurri asko asmo hutsa besterik ez dira, epeak eta finantzazioa zehaztu gabe geratzen delako. Era berean, eros ahalmenaren inguruan inolako aipamenik ez du aintzat hartzen dokumentuak.
Modu berean, oso larria iruditzen zaigu Gimenok eta Hezkuntza Departamentuak egindako mehatxua eta ultimatuma. Ez dugu onartuko hurrengo ikasturtean indarrean jarriko diren neurriak balizko Itun baten sinatzearekin lotzea. Gimenok 5 urte luze izan ditu sindikatuekin negoziatzeko eta orain, mobilizazioak bultzatuta irekitako negoziazio prozesua korrika eta presaka eta eskaintza lotsagarri batekin itxi nahi du. Irakasleon ahotsa ezin da horrela isilarazi. Sindikatuen gehiengoaren borondatea errespetatzen ez duen akordioa antidemokratikoa da, gutxiengoaren nahiak besterik ez dituelako jasotzen.
Horregatik guztiagatik, hemen bildu garen sindikatuok akordio honi erantzuna eman nahi diogu eta gure aldarrikapenak negoziatzen jarraitzeko berriz ere mobilizatuko gara. Abenduaren 19an, Parlamentuan aurrekontuak onetsiko diren egun berean, arratsaldeko 18:00etan kontzentrazioa deituko dugu. Era berean, urtarrilaren 30ean irakaskuntza publikoko irakaslegoa greba egunera deitzen dugu, xantaiarik ezta ultimatumik ez dugulako onartuko ozen aldarrikatzeko eta benetako negoziazio prozesua bultzatzeko.
LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRUk mobilizazioa egin dugu Donostian, Aldundiaren egoitzaren aurrean, 3 enbor eta beste horrenbeste motozerra eta krabelinekin, aurten basogintzan hildako 3 langileak gogoan. Era berean, eskari bana erregistratu dute Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundietan eta bi herrialdeetako Batzar Nagusietan, basogintzako langileen osasuna zaintzea eta eredu intentsiboan oinarritutako ustiaketa eredua aldatzea eskatuz.
Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko idazkariak adierazi du, azken urteetan, basogintzak hilkortasun tasa altuak izan dituela, “sektore hori eraikuntza bera baino 10-15 aldiz hilkorragoa da bere langile kopurua ikusita, nekez izango baititu 1.000 langile Euskal Herrian”.
Sektorearen sakoneko prekaritatea da oinarrizko arrazoietako bat; adibide gisara, 2018ra arte eremu horretan oso langilek gutxik ziharduen alta emanda dagokion CNAEan, eta ikuskaritza kanpaina baten ostean bat-batean altan emandako langile kopuruak nabarmen egin zuen gora. Horrek ez du esan nahi langile kopuruak gora egin zuenik, baizik eta lanean ziharduten langile asko altan eman zituztela.
Bistan da aktibitateak badituela berezko arriskuak, baina basogintza ereduak, hain zuzen intentsiboak, arrisku horiek nabarmen areagotzen ditu. Euskal Herrian, eredu hori batez ere Kantauri isurian ematen da, gerraosteaz (1940) geroztik, beraz, termino historikoetan oso berria da. Kanpoko espezieak, hazkunde azkarrekoak, aldatu, hazi eta matarrasa moduan ateratzen dira denbora ziklo motzetan.
Horretarako makineria astuna erabiltzen da eta mendian pistak irekitzen dira egurra atera ahal izateko. Gainera, interbentzioak askotan lur eremu pribatu txiki, bakan eta urrunetan egin behar izaten dira, lanerako planifikazio egokia eramateko aukerak murriztuz. Azken hamarkadetan ikuspegi ekonomikotik porrot egin du, bidean milioika euro publiko xahutu ditu diru laguntzetan; bioaniztasun ikuspegitik, berriz, gure mendi lurrak eraldatu ditu, bertako basoak eta espezieak masiboki alboratu ditu eta, era berean, matarrasek eta habitataren eraldaketak bertako fauna larri erasotu dute. Zer esanik ez lan osasunaren ikuspegitik. Izan ere, basoaren ustiaketa intensiboa ordekan edo lur lauetan egin behar litzakeenean, teknika horiek gure malkarretara ekartzean arrisku faktorea muga onargaitzetara iristen da.
Datu bat: azken hiru urteetan 9 langile hil dira basoan, horietatik 8 intentsiboan.
Bideragarritasun ekonomiko faltak lanaldi luzeak modu masiboan eginarazten ditu (7:00-19:00) baita larunbatetan ere; arrazoi beragatik makineria zaharra eta desegokia erabiltzen da malkar handietan, eta lan erritmoak oso altuak dira ustiatutako materialaren balioa oso eskasa delako.
Prebentzio neurriak ez dira aplikatzen, langileek modu isolatuan lan egiten dute, ez dago baliabide
prebentiborik, formakuntza falta nabaria da eta, oro har, ez da laneko araudia errespetatzen. Lanaren
berezko arriskuei gehitzen zaizkien faktore horiek dira istripu tasa handiaren eragileak.
Basogintza eredua aldatu beharra dago eta dei egiten diegu Gipuzkoako Foru Aldundiari
eta Batzar Nagusiei, mendi foru arauak alda ditzaten, basogintza jasangarri baten defentsan,
eredu intentsiboa baztertuz, bideragarritasun ekonomikoa, bioaniztasunarena, bermatzeko, eta,
horrekin batera, lan osasuna eta lan baldintzak ere bermatuak izan daitezen.
Baso politika horiek aldatu eta eraginkor bilakatu bitartean hainbat neurri proposatzen ditugu:
-Premiazkoa da lurraldearen okupazioa orekatzea, elikadura jardueraren beharrak kontutan hartuta. Ondorioz, beharrezkoa ikusten dugu ahalik eta epe laburrenean %30tik beherako malda duten lur azalerak elikagaiak ekoizteko erabiltzea.
– Lur publikoan basogintza intentsiboaren debekua, eta, ondorioz, mozketak eta matarrasak alde batera uzten joatea.
– Lur pribatuan arriskuen arabera zonifikazio bat egitea, non malkarra erabakigarria izango den eta%60tik gorako malda duten lur azalerak baso autoktonora bideratuko diren, kontserbaziorak %50eko maila ezarriz eta matarrasak albo batera utziz.
– Eredu aldaketa gauzatzen den bitartean Aldundiek “saka” baimenak baldintzatuko dituzte:
• Departamentutik baso baliabideak ateratzea kontrolatzeko prebentzio ikuspegitik
• Ordutegia mugatu eta ikuskatu ordu tartea, fitxajea.
Atzo agerraldia egin zuen plataformak Urdulizen, eta bertan parte hartu genuen Mecanerreko langileek, LABek, ESK-k, Urduliz eta Lemoizeko alkateek eta Uribe Kostako udaletako zinegotziek; Ernai, Ikama, Ekologistak martxan, Subflubialari ez, Jauzi Ekosoziala, Otxantegi eta Gune ekosozialistako ordezkariek eta EHUko irakasle eta Ekopol Ikerketa taldeko kideek.
2023ko irailean Stellantis multinazionalak Urdulizko Mecaner enpresaren itxiera zekarren EEE bat aurkeztu zuen. 2024ko maiatzean denok saihestu nahi izan genuena gertatu zen: 144 langileak kaleratu eta enpresa itxi egin zen.
Itxieraren ondoren, Mecaner herriarentzat plataforma bultzatu genuen LAB eta ESK sindikatuen, Jauzi eta Gune Ekosozialista eragile ekologisten eta Urdulizgo Udalaren artean.
Alde batetik, Mecanerren erosketa publikoa bultzatzeko eta bestetik, prozesu parte-hartzailea abian jartzeko helburuekin egin genuen. Baina ez edozein prozesu, baizik eta eskualdetik eta herritarrekin batera zer ekoitzi, nola eta zertarako erabakiko duena. Hau da, Mecanerren esperientzia aprobetxatu nahi dugu benetako trantsizio ekosozial justuko prozesua hasteko, eta horrela, Stellantisek suntsitu duen enplegua berreskuratzeko.
Une honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorrak negoziatzen ari dira. Berrindustrializazioaren, enpresa-sustraitzearen eta trantsizio energetikoaren erretorikaz betetako aurrekontuak dira. Hala ere, izaera korporatibo sakonak zeharkatzen du narratiba hori guztia.
Erabilgarri dauden baliabide publiko guztiak lankidetza publiko-pribatuaren esku jartzen dira. Baina enpresa pribatu handien eskuetan uzten dira erabakiak; non inbertitu, etekinak nola banatu eta produkzio-eraldaketak eragindako lan- ondorioei buruzkoak. Eusko Jaurlaritza inbertsio horiei laguntzera mugatzen da eta enpleguari eusteko inolako baldintzazkotasunik aplikatu gabe milioika euro publiko ematen du.
Esparru instituzional horren barruan, trantsizio energetiko eta berrindustrializazioko edozein erretorikak ez du bermatzen enplegu industrialaren etorkizuna, ez eta benetako trantsizio energetikoa ere. Aurrekontu horiek industria-proiektu publikoak bultzatzeko finantza-tresnarik ez dutela salatzen dugu. Izan ere, beste berrindustrializazio-eredu batean, eraginpeko langileen eta lurraldeen parte-hartzearekin behetik bultzatutako ereduan, aurrera egitea eragozten du gabezia horrek.
Mecanerren enpleguen aldeko borrokan, Trantsizio Ekosozialerako Plana aurkeztu eta haren inplikazio aktiboa ere eskatu egin genion Eusko Jaurlaritzari. Baina atal sindikalek industriarako aurrekontuan sartuta dauden funts publikoak eskatu ezin dituztela, behin eta berriz jaso genuen erantzuna izan zen; ez baitira enpresa pribatuentzat baino. Gure proposamenei behin eta berriz uko egiteak Stellantisek Mecaner behin betiko ixtea ekarri zuen.
Horregatik, gure ustez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorren Proiektuak dituen gabezia larriak adierazteko unea da. Horiekin, birmoldaketa ekologikoko proposamen mota horiei emango zaien erantzuna isiltasuna edo gaitzespena izango da aurrerantzean ere. Tresna publikoak behar ditugu proiektu horiek bultzatzeko behetik, atal sindikaletatik, udaletatik eta ehun industrialaren suntsipena zuzenean jasaten duen langile-klasetik.
Horregatik guztiagatik, honako hau eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari:
1. Mecaner enpresaren jabetzapeko lursailak eta instalazioak erostea, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorren kargura erosketa hori bermatuz. Urdulizko Udalak edo Uribe Kostako Mankomunitateak trantsizio ekosozialera bideratutako partaidetza-prozesuaren emaitzekin lotu behar da erosketa.
2. Titulartasun publikoko industria-proiektuetarako partida espezifikoak sortzea Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan, lankidetza publiko-pribatuaren esparrutik kanpoko berrindustrializazioko eta trantsizio ekosozialeko prozesuak bultzatu ahal izateko. Atal sindikalek, eragile sozialek eta udalek eska ditzakete partida horiek, prozesuaren jabetza eta kontrol publikoa bermatuz.
Tamalez, Mecanerren kasua ez da lehena izan, eta ez da azkena izango. Horregatik, beharrezkoak diren tresnak, araudiak eta aurrekontuak izan behar ditugu, etorkizunean gerta daitezkeen horrelako lan-gatazkei erantzuteko eta behar diren konponbideei babes instituzionala emateko.
Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Gizain fundazioaren Enpresa Batzordeak deituta, bertako langileek greba eguna izan dute gaur, Nafarroako Gobernuak fundazioaren lehenbiziko hitzarmenean sinaturikoa bete dezan eskatzeko, bigarren hitzarmenaren negoziazioak desblokea daitezen eskatzeko eta haien soldatak Administraziokoekin parekatzea eskatzeko. Gobernuak gutxieneko zerbitzua %50ean ezarri zuen arren, greba arrakastatsua izan da eta egiterik zuten langile gehienek egin dute.
Eguerdian, langileek manifestazio jendetsua egin dute Iruñean, Gizainen bulegoetatik Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiraino. Mobilizazioa hasi baino lehentxeago, Gizaingo Enpresa Batzordeak –LABeko 9 ordezkarik, ELAko 2k eta CCOOko 2k osatua– lehenik eta behin salatu du Nafarroako Gobernua ez dela betetzen ari fundazioaren 6.3 artikulua, hauxe dioena: “2023ko urtarriletik aurrera, FGko langileen ordainsariak, oinarrizko soldataren eta lanpostu-osagarriaren kontzeptuak batuta, FNTPAkoekin (FUNDAPA) parekatuko dira, eta hitzarmena ultraaktibitatean dagoen aldian, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileei oro har aplikatzen zaien soldata-igoera aplikatuko da”.
Gobernuak artikulu hori bete izan balu, 2023an Gizaingo langileek Administrazioko soldataren %93ko soldata izanen zuketen. Baina ez zuen bete, eta 2024an langile publiko guztiei aplikatu beharreko %2ko igoera egin zuen %93tik behera zegoen soldatari aplikatuta.
Gizaingo langileen ordezkariek bilerak egin dituzte Nafarroako Parlamentuan dauden talde politiko ezberdinekin, eta gehienek Gizain Fundazioaren I. Hitzarmena osorik betetzearen eta aplikatzearen alde agertu ziren. Baina 2025eko Nafarroako aurrekontuak negoziatzeko unea ailegatu zelarik, borondate politiko gutxi erakutsi zuten administrazioko langileekiko soldata arrakala murrizteko, eta are gutxiago langileen eskubideak errespetatzeko eta indarrean dagoen hitzarmena aplikatzeko.
Bigarrenik, Enpresa Batzordeak II. hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoera salatu nahi du. Batzordearen iritziz, zuzendari gerenteak jarrera immobilista hartu du negoziazioa 2023ko martxoan hasi zenetik oztopoak jarrita, eta hitzarmena ultraaktibitatean dago 2024ko urtarriletik.
Hori guztia dela eta, Enpresa Batzordeak grebarako deia egin zuen gaurko. Eguerdiko manifestazioaz aparte, 18:00etan bertze manifestazio bat eginen dute Iruñean, San Jose plazatik Sarasate pasealekuko PSNren egoitzaraino.
Aniztasun funtzionaleko enpresa honetako langileek asteak daramatzate lanuzteak egiten eta hitzarmen propioaren alde mobilizatzen. Gaur, 2 ordutako kontzentrazio zaratatsua egin dute Bilbon, Foru Jauregiaren aurrean, eta euren lan baldintzen hileta antzeztu dute. Abenduaren 3an ere mobilizatuko dira, Aniztasun Funtzionalaren Nazioarteko Egunean. Egun horretan, manifestazioa egingo dute 9:30ean, Aldunditik hasita Alhondegiraino, bertan ekitaldia egingo baitu enpresak 12:00etan hainbat gonbidatu instituzionalekin.
Fekoor-eko langileek desgaitasunari buruzko Estatuko Hitzarmenean ezarritakoa hobetzen duten zenbait eskubide onartuta dauzkate, baina gaur egun ez dute lortu enpresa-hitzarmen batean jasota izatea. Honek, euren eskubideak bermatuko lituzke, eta gainera, egindako lana behar bezala aitortu, arautu eta konpentsatuko luke.
Salatu dute enpresa-hitzarmenik ez dutenez, Espainiako Estatu mailan negoziatzen denaren esku daudela. Hitzarmen horretan ez dute parte hartzen ez Bizkaiko langileek, ezta ordezkatzen dituzten sindikatuek ere, eta gainera, bertan negoziatzen diren edukiak ez datoz bat Bizkaiko bizi-mailarekin.
Bestalde, finantzaketa publikoa duten azpikontratatutako aniztasun funtzionaleko Bizkaiko elkarte gehienek enpresa-hitzarmenak dituzte eta honek hobekuntza nabarmena dakar. Hori ez da Fekoor-eko errealitatea. “Gure enpresak ez du gurekin negoziatu nahi”, adierazi dute bertako langileek.
2023tik 2024ra bitartean, bataz beste, %16ko erosahalmena galdu dute sektoreko gainerako elkarteekin alderatuta. Eta ez hori bakarrik, ia 100 ordu gehiago lan egiten dituzte, euren lanaldia urtean 1.680 ordukoa da, gainerako elkarteetan 1.592 ordu lan egiten dituzten bitartean.
“Eta horrek ondorioak ditu gure osasunean” gaineratu dute. 2012. urteaz geroztik ez dago antzinatasunik Fekoor-en, beraz, “enpresan egiten dugun lana ez da balioesten, gurekin alderatuz, gainerako elkarteek langileekiko leialtasun hori aintzat hartzen dute eta ordainsaria hirurtekoen edo bosturtekoen arabera ordaintzen dute”.
“Kontziliazioaren arazoa” ere aipatu dute, arreta zuzeneko langileek euren lanaldia eta soldata murriztu behar baitituzte, kontziliatzeko eskubidea gauzatu ahal izateko.
Amaitzeko, Fekoorreko langileek adierazi dute borrokan jarraituko dutela beren beharrei erantzungo dien hitzarmen bat lortu arte, eta administrazio publikoak salatzen jarraituko dutela kudeaketa publikoko zerbitzuak pribatizatzeagatik.
Prentsaurrekoa egin dute gaur Zumaian, eta enpresaren itxieraren aurkako manifestazioa iragarri dute. Azaroaren 29an izango da, 18:00etan, ontziolatik abiatuta. Era berean, abenduaren 4an Gasteizen mobilizatuko dira, Jaurlaritzaren inplikazioa eskatzeko.
Agerraldian egindako irakurketa:
Balenciagako langileak nazkatuta gaude, enpresako zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza eta Ekonomia Ministerioa errusiar erruletara jokatzen ari dira gure etorkizunarekin. Orain arte isilik egon gara; instituzioekin egiten ari ziren negoziazioak eta zordunen gehiengoarekin egindako akordioek enpresa aurrera ateratzea lortuko zenaren esperoan. Nazkatu gara.
Hilabeteak dira egoera pairatzen ari garela. Momentu honetan 5 ordainsari zor dizkigute (zenbait kideren kasuan gehiago). Gainera, egoera hau kudeatzen ari direnek itxitzat jo dute enpresa, horrekin gure etorkizuna eta Urola Kosta eskualdearen zati handi batena hiltzat emanez. Duela bi urte, Balenciagak 200 langile zuzen zituen plantillako kideak eta kontratetakoak batuz; hori guztia, lan-zentrotik kanpo sortzen zuen lana kontuan hartu gabe. Langile horien guztien etorkizuna zakarrontzira botatzen ari dira, Balenciaga bideragarria dela garbi daukagu; izan ere, badago etorkizunerako lan-karga. Finantziazioa lortzeko babesa baino ez da behar.
Suminduta gaude: aurre-konkurtso egoeran lortutako bideragarritasun plana boikoteatzen ari da COFIDES enpresa publiko-pribatua. Hartzekodunen konkurtsoa eskatu izanaren erantzule nagusia da momentu honetan COFIDES, hala gertatuko balitz, baita ontziola ixtearena ere. Akordioa ez onartzea gutxi ez, eta behin Balenciaga itxitakoan bere soberakinetatik diru gehiago lortzeko asmo miserablearekin plana geldiarazten saiatu dira azken hilabeteetan egin dituzten mugimenduekin. Deigarria da Madrileko gobernua hain estrategia nazkagarriarekin lotuta egotea.
Eusko Jaurlaritzarekiko haserrea ere ezin dugu ukatu. Enpresari babes osoa helarazten diola adierazten dion bitartean, bideragarritasun planari inpugnazioa jarri ziola jakin genuen. Ez dakigu zertan ari den. Benetako interbentzioa egiteko exijitu nahi diogu hemendik, hala zor digutela ulertzen baitugu.
Hori guztia esanda, argi eta garbi utzi nahi dugu egoera honen erantzule nagusia enpresako zuzendaritza dela. Azken urteetan eraiki ditugun itsasontzien kudeaketa negargarriak ekarri gaitu hartzekodunen konkurtsora. Langileok enpresa aurrera ateratzeko egin dugun esfortzua azpimarratu nahi dugu; izan ere, momentu honetan, 5 hilabeteetako nominak zor dizkigu (zenbait kideri gehiago). Egunero ari gara sufritzen, hipotekak eta seme-alaben ikastetxeak ordaindu beharrarekin jarraitzen baitugu, besteak beste. Hemen gertatzen ari denaren ondorio nagusiak pairatzen ari garenak gu gara. Negoziaziotan ez gaitu kontuan hartu enpresak, albo batera utzita izan gaitu.
Horrengatik guztiagatik, Balenciagako langieok gure etorkizunaren alde borrokan jarraituko dugu. Azaroaren 29an, ostiralean, arratsaldeko 18:00etan, manifestazioa egingo dugu “Balenciaga ez itxi” lelopean ontziolatik bertatik abiatuta. Zumaiako eta Urola Kostako bizilagun guztiei bertan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu, gure etorkizuna jokoan dagoelako. Garbi izan behar dugu enpresa bideragarria dela eta irekita mantentzeko aukerak badaudela, horregatik garrantzitsua da Gasteizen eta Madrilen gure ahotsa ozen entzutea. Ezin da onartu hainbeste pertsonaren etorkizuna jokoan uztea politikariei axola izan gabe.
Zumaiako manifestazioaren ondoren, Gasteizen ere mobilizazioak egingo ditugula esateko aprobetxatu nahi dugu momentu hau, Gasteizko zein Madrileko gobernuen inplikazioa exijitzeko. Instituzioekin bilerak lotzen hasiak gara. Atzo Zumaiako udalarekin bildu ginen, eta bere babesa adierazi ziguten. Aste honetan Gipuzkoako Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bilduko gara. Ostiralean, berriz, Madrileko gobernu ordezkaritzarekin Gasteizen (kontzentrazioa egingo dugu langileok atarian). Astilleros Balenciagak etorkizuna izango du, politikoek hala egitea erabakitzen baldin badute. Beraien esku dago enpresaren etorkizuna.
Horrez gain, datorren astean (abenduak 4) beste mobilizazio bat egingo dugu Gasteizen instituzioak interpelatzeko.
Gaur, Osakidetzako zuzendaritzako kideek jardunaldia egin dute Bilboko Bizkaia Aretoan. Hainbat erakundetako gerente, zuzendari, arduradun, abokatu eta idazkariak Bilbon bildu dira kontratazioaren inguruko gogoetak egiteko, eta LABetik Osakidetzaren kontratazio politika salatu dugu. Horrela, kanpokaldean kontzentrazioa egin dugu eta sindikatuko bost militantek Susana RodrĂguez Carballeira Kontratazio Administratiboko Zerbitzu-Buruaren hitzartzea eten dute pribatizazioaren kontrako kartelak erakutsi eta leloak ohiukatuz.
Izan ere, LABentzat lehentasunezkoa da Osakidetzaren diru publikoaren erabilerarekin egiten ari diren politika neoliberala eta klientelarra aldatzea.
Horren erakusle da Osakidetzak bere pertsonalarekin eta modu publikoan egin beharreko hainbat lan kanporatzen dituela. Publikoa edukiz eta funtzioz husten ari dira, eta tantaz tanta egiten ari diren pribatizazio isila da hori. Jarraipen estua egiten ari gatzaizkio, eta hainbat salaketa sartu ditugu, baita hainbat pribatizazio geratzea lortu ere.
Gaurko jardunaldian antolatutako lehen bi mahai inguruek lotura zuzena dute LABen jardunarekin. Lehenik, plataforma logistikoen gaia jorratu dute. Osakidetzako zuzendaritzak ezin okerrago bideratu du Iurretako plataforma logistikoa martxan jartzeko prozesua, eta, hala ere, gai horri buruzko ikasgaiak eman nahi ditu. Plantillaren, sindikatuen eta biztanleriaren aurrez aurreko oposizioarekin, zuzendaritzak aldi baterako geldiarazi behar izan du proiektu hori, mahai sektorialean giza baliabideen hornidura jorratzeko.
Bestalde, jardunaldien bigarren mahai inguruan kontratazioaren arloko baliabide bereziei buruz hitz egin dute; nabarmentzekoa da baliabide horien azpikontratu izana salatu duela LABek, eta ondorioz, 194 milioi eurora arteko pribatizazio-espedienteak geldiarazi dituela, Osakidetzako zuzendaritzaren praktikak agerian utziz.
Industriak osasun-kontratazioan duen zeregina izan da hirugarren mahai inguruaren gaia.
Azken urteetako politika desegokiek Osakidetzaren irudia eta zerbitzua kaltetu dute. Publikoak behar bezala ez funtzionatzea eta pribatuaren beharra sortzea eragin dute. Horrek berarekin dakar osasun sistema pribatua indartzea eta aseguru pribatuak geroz eta jende gehiagok izatea, eta pribatizaziorako joera honek, herritarren eta klase sozialen arteko arrakalak handitzea eragiten du.
Gauzak horrela, LABek publikoaren aldeko borrokan jarraituko du, gaurko jardunaldietan beren burua zuritzeko antolatutako jardunaldiak salatuz eta sortzen dituzten plegu guztiak berrikusiz.
Lanera itzultzea errazteko mekanismoak baja psikosozial luze baten ondoren izenburupean egingo diren jardunaldietan aritzeko gonbidatua izan da LAB, baina parte hartzeari uko egin dio, arrisku eta baja psikosozialak lanak eragindakoak direnik aitortzen ez delako.
Dagoeneko arazo psikosozialak dira Euskal Herriko langileen artean lehen laneko arrisku faktorea, eta errealitate hori ukatzea langileriari egiten zaio iruzurrik handienetakoa da.
Arrisku psikosozialak, funtsean, lanaren kontzepzio, antolaketa eta kudeaketa desegokiaren ondorioz sortzen dira, baita ingurune soziolaboral eskasaren ondorioz ere; izan ere, faktore horiek, berez edo elkarren artean konbinatuta, arazo psikologikoak, fisikoak eta sozialak sor ditzakete, eta horiek pairatzen dituzten langileentzat ondorio oso negatiboak ekar ditzakete.
LAB sindikatuak behin eta berriz salatu du enpresek eta prebentzio zerbitzuek ez dituztela ebaluatzen arrisku psikosozialak, eta ildo beretik, sarritan kritikatu du lanak sorturiko arazo psikosozialak ez dituztela ez mutualitateek ez Espainiako Estatuko Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak ere.
Gaixotasun arrunt bezala kalifikatzen dituzte, prebentzio logika guztia hankaz gora jarriz. Nekez hartuko dituzte enpresek neurriak ez badira lanak eragindako arazotzat hartzen.
Absentismoa agenda politikoan dagoen garai honetan, salatu behar dugu arazo psikosozialak, esan bezala langileari lanak eragindako osasun arazo hedatuena, gaixotasun arrunt bezala hartzean, enpresek ardura saihesten dutela eta arazoaren zama guztia osasun sistema publikoaren eta langilearen bizkar uzten dutela.
Osalanen gaurko jardunaldia ez da protokolo eraginkor baterako oinarria izango, okerra baita jartzen duen abiapuntua.
Bestelako gogoeta eta urratsak eskatzen ditu LABek: kalifikatu daitezela gaixotasun mentalak laneko gaitzen zerrendan, indargabetu dadila mutualitateek jokatzen duten paper maltzurra, eta funtsean, beharrezkoak diren aldaketak egin daitezela enpresek eragindako arriskuen ardura har dezaten, neurriak eraginkorrak izateko. Hortik aurrera has gaitezke protokoloetaz hitz egiten.
Amaitzeko, aldarrikatu nahi dugu Osalanek gaitasun exekutiboa bereganatu behar duela, behingoz, lan ikuskaritzarekin batera, enpresei laneko osasunerako araudia betearazteko.
Azaroaren 18an, Elgoibarko Egondo enpresako langileek mobilizazio ziklo bat jarri zuten martxan euren enpresa–itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta. Gaur ere mobilizazioa egin dute, eta beste horrenbeste egingo dute aste honetako asteazken eta ostiralean ere.
2022ko abenduaren 31an azkenengo enpresa–itunaren indarraldia amaitu zenetik, berau berritzeko negoziaketari ekin zion LAB eta CCOOek osatzen duten Egondoko Langile Batzordeak eta bilerak joan, bilerak etorri, negoziaketak ez du emaitzarik ekarri. Azkenengo hilabetean, gainera, enpresaren jarrera erabat itxi da eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena aplikatzea proposatu du, lanaldi jaitsierari, KPItik gora lotutako soldata igoerei, bajen osagarriei edo errelebo kontratuei atea guztiz itxiz.
Honen aurrean, langileek 3 kontzentrazio egin zituzten enpresa parean pasa den astean eta, enpresaren jarrera inmobilista aldatu eta berriro negoziaketa erreal batean murgildu ezean, mobilizazioak areagotzeko erabakia hartu dute. Momentuz, beste hiru mobilizazio aurreikusi dituzte aste honetan, lehena gaur bertan, eta hurrengo asteetan asanbladak adostuko du zeintzuk izango diren hurrengo urratsak.
LABetik argi daukagu blokeo egoeraren aurrean langileon mobilizazioa dela tresna garrantzitsuena eta Egondoko langile guztiak deitzen ditugu mobilizazioetan parte hartzera.