2025-12-23
Blog Page 1159

LABen balorazioa EAEko 2015erako Aurrekontu Proiektuari

Aurrekontu kontinuistak: murrizketa sozialak finkatzen dira, eta ez da inolako ekarpenik egiten jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko

2015erako aurrekontuen proiektuaren ezaugarri nagusiak kontinuismoa eta aurreko urteetan aplikatutako murrizketen iraupena dira; ondorioz, zerbitzu publikoek eta administrazioaren zerbitzuan diharduen pertsonalaren lan-baldintzek okerrera egiten jarraitzen dute. 

Langabetuekin ez da jolasten

«Burla gutxiago: edo enplegu duina edo prestazio duinak eta mugagabeak»

LAB sindikatuaren balorazioa PP, CCOO, UGT eta CEOEk iraupen luzeko langabetuentzako laguntza “berri” bat sinatu dutenen akordioaren aurrean.

Laguntza berriari dagokionez:

1/ Azken urteotan onartutako PRODI (langabetuen babeserako aldibaterako programa) eta PREPARA Planaren bertsio berri baten aurrean gaude. Programa hauek ez zuten balio izan langabetuen babes iraunkorra bermatzeko, ezta haiek lan munduratzeko ere. Goitik beherako porrotak izan ziren. Datuek argi eta garbi erakusten dute. Babesik gabeko langabetuen kopurua hazi baino ez da egin 2009az geroztik. Egun, Hego Euskal Herrian langabetuen % 54,5-ek ez du inongo prestazio ekonomikorik.

2/ Madrilen adostutako laguntza berriak orain arteko plan guztien akatsak eta gabeziak ditu:

• Behin-behikotasuna: behin bakarrik laguntza hau jaso ahal izanen dute 6 hilabetez.

• Ez da iraupen luzeko langabe guztientzako: bakarrik jasoko dute kargupeko senideren bat dutenek.

• Zenbateko eskasa: 426 euro hilabetero. Langabetuek jasoko duten diru-kopurua erabat eskasa da duintasunez bizi ahal izateko eta eguneroko beharrei (etxebizitza, elikagaiak,…) aurre egiteko.

• Gabezia denbora: langabetuak gutxienez 6 hilabete pasa beharko du diru-laguntzarik gabe.

• Langabetuak susmopean. Langabetuak enplegu bat aktiboki bilatzeko konpromezua sinatu beharko du, horren inguruan zalantzak egonen balira bi urtez langabezian egon ondoren.

3/ Laguntza berriarekin beste behin ere jauzi kualitatibo bat ematen da enpresak diru-publikoz finanziatzeko orduan, enpresei inongo kontrapartidarik eskatu gabe. Enplegurako estimulazioaren aitzakiarekin, enpresariak 426 euro deskontatu ahal izanen ditu iraupen luzeko langabetuak kontratatuz gero. Gauzak horrela, langilearen soldata enpresaren eta enplegu zerbitzuaren artean kofinantziatuko da. Langabetuentzako diru-publikoa enpresen eskuetan bukatuko da. Praktika honek, soldata baxuen eta lanaldi partzialen enpresen legea nagusi denean, suposazten du doako enplegua patronalarentzat. Desberdintasun sozialak areagotzeko beste urrats bat.

4/ Negoziazio honetan izandako sekretismoak argitu gabe utzi du zer gertatuko den Nafarroako Inklusio Sozialerako Errentarekin eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentarekin, batez ere, Madrileko laguntza eskasak osatzeko orduan.

Akordioari dagokionez, erabat deitoragarria iruditzen zaigu, besteak beste, CCOO eta UGT argazki berean egotea murrizketen, eskubide sozialen txikitzearen eta lan erreformaren Gobernuaren ondoan. Are gehiago, akordioaren edukinari erreparatuta, huts egindako antzeko programen errepikapena sinatu dutelako. Beste behin ere, langabetuak erabiltzea, hutsaren hurrena den PP-ren izaera soziala saltzeko, eskandalu handi bat da.edo enplegu duina edo prestazio duinak eta mugabeak.

 

 

 


Garbiñe Aranburu: «Jaurlaritzak Confebask patronalari babes politikoa ematen jarraitzeko hautua egin du»

EH Bilduren izenean, Belen Arrondo legebiltzarkideak Lehendakariari, ELA eta LAB bezalako sindikatuak legez kanpo uzteko aukera zabaltzen duen Confebaskek proposatutakoari aurre egiteko zer egiteko asmoa duen galdetu dio gaur Legebiltzarrean. Lehendakaritzaren izenean Aburtok hartu du hitza, argi geratu delarik, berriz ere, Eusko Jaurlaritzaren jarrera: Confebaski babes politikoa eskaintzen jarritzeko asmoa, patronalarekiko menpekotasuna eta gaia bukatutzat emateko gogoa.

LABeko bi kide, Garbiñe Aranburu, Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkaria eta Maider Jauregi, Komunikazio arduraduna, gonbidatu moduan parte hartu dute Legebiltzarreko saioan. Saioaren ostean eta Enplegu eta Gizarte Politikako sailburu Juan María Aburtoren hitzei erreparatuz,  Aranburuk Jaurlaritzak Confebask patronalari babes politikoa ematen jarraitzeko hautua egin duela salatu du. Gaia bukatutzat emateko azaldu duten nahia ere aipatu du Aranburuk. Hor kokatu duelarik  gehiengo sindikala albora batera utziz elkarrizketa sozialerako mahaia osatu izana.

Jaurlaritzaren erantzuna eta jarrera ez du ontzat ematen LABek eta hortaz, instituzioak interpelatzen eta Confebasken jarrera eta jasotzen duen babesa salatzen jarraituko dugula adierazi du Aranburuk.



  

 

 

Nafarroak behar duen aldaketa aldarrikatzeko bi hitzordu ditugu asteburuan

Asteburu honetan aldaketaren aldeko bi hitzordu ditugu Nafarroan. Batetik, bihar larunbata 17:30etan Aldaketa Sozialaren aldeko manifestazioa izango da Iruñeko Golem zinemetatik abiatuta, eta bestetik, igandean "Euskaraz Bizi eta Ikasi" plataformak ofizialtasuna aldarrikatzeko eguna antolatu du Tafallan. Eredu ekonomiko eta sozial berria nahiz euskararen ofizialtasuna dira, LABen ustez, Nafarroan benetako aldaketa emateko bi ardatz nagusienetakoak. Horregatik, langileei aipatutako hitzorduetan parte hartzeko deia luzatzen diegu. 
 

 

 

Langile bat larri zaurituta Arantzan zuhaitzak mozten lanean ari zen bitartean

0

Abenduak 10ean, Arantzan, Bortzirietan lan istripu bat gertatu zen langile bat larri zaurituta suertatu zelarik. M.H. 23 urteko langile Errumaniarra, larri zaurituta gelditu zen arratsaldeko 15:30ak aldera mendian lanean zegoelarik zuhaitz bat gainera erori zitzaionean. Langileak Lesakako Agiña Egurrak enpresarentzako egiten zuen lan.

LAB sindikatutik gure babes eta elkartasun guztia helarazi nahi dizkiegu senitarteko, lagun eta orokorrean langile klase guztiari. Aldi berean langile klaseak orokorrean pairatzen dugun prekarietate eta lan ezbehar kopurua salatu nahi ditugu. 

Lan istripu hau bertze lan istripu bat da jadanik Euskal Herrian luzeegia den lan istripuen zerrendan Ez dugu ahantzi behar nahi istripu honek langilearen heriotza ekarri ez badu ere, emaitza bertzelakoa izan zitekeela, eta jadanik 35 direla Euskal Herrian lan istripuetan aurten hil diren langileak, horietatik 7 Nafarroan izan direlarik. 

Aldi berean, gogoratu eta salatu egin behar da, pasa den urtean gutxienez 50 langileek galdu zutela bizitza lanean Euskal Herrian. 

LABetik sortzen zaigun zalantza nagusia ia langile honek segurtasun neurri eta Lan arriskuen prebentzio neurriak betetzen ote zituen. Are gehiago kontutan hartuta istripua gertatu zen tokia sarbide zaileko tokia zela, hain sarbide zaila langilea jasotzeko helikopteroak ezin izan zuela joan zegoen lainoarengatik. 

Azpimarratu nahi dugun bertze gauzetako bat mendian zuhaitzak mozten lanean aritzen diren langileen lan baldintzak dira, etorkinen kontratazio ugarirekin eta prekarietate handi batekin, beheranzko kontratuekin eta lan gogor eta arriskutsuak egitera behartuak egoten direlarik. 

LAB sindikatutik garbi dugu mobilizazioa eta borroka direla gure esku ditugun arma bakarrak lan istripuekin eta hauek sorrarazten dituzten kausa eta faktoreekin bukatzeko. 

Honengatik guztiarengatik LABetik lan istripuak sorrarazten dituzten kausak salatzen jarraituko dugu, eta lanean eta borrokan jarraituko dugu laneko segurtasuna lehentasun bat izan dadin eta ez interes ekonomiko eta enpresarialen menpe egonen den gauza bat. 

Aldi berean Arantzan gertatu den lan istripu honen kausak argitzea exijitzen dugu, eta beharrezkoak diren neurriak hartzea asteazkenean gertatu zena berriro gerta ez dadin. 

LAN ISTRIPU GEHIAGORIK EZ!! ¡¡NO MÁS ACCIDENTES LABORALES!!
 

 

 

Bi akordio sinatu ditugu Loramendiko egoitzan

LABek oso positibotzat jotzen du SR Loramendin lorturiko akordioa, langileen eskakizunak asetutz, Hirugarren Adinekoentzako Zentroetarako Bizkaiko IV. Hitzarmen Kolektiboari lotura argia idatziz geratzea lortu da besteak beste.

Prozesuaren balorazioa
Sanitas Loramendiko enpresa komitearen gehiengoak, LAB eta UGTko kideez osatua dagoena, iV. Hirugarren Adinekoentzako Zentroetarako Bizkaiko Hitzarmen Kolektiboak araututakoa hobetzen dituen bi akordio izenpetu zituen pasa den Abenduaren 3an, horrela 2014ko Ekainean hasitako prozesu negoziatzaileari bukaera ematen zaiolarik. 

Akordioen ezaugarriak
Alde batetik, Paktu erorkorra berrituz, 2015ko Abenduaren 31ra arte, betiere negoziazioa eta bake soziala baldin badago (orain arte gertatu bezala) indarrean egongo dena hitzartu dugu. Bestetik, LABentzako sekulako lorpena dena sinatu dugu, hots, langileen bizi kalitatea eta eskainitako zerbitzuaren kalitatea hobetzen dituen Akordioa finkatzea lortu dugu. 

Lehenaren arabera, 2014 eta 2015rako soldata igoeraz (0,6 eta 0,3 hitzarmen sektorialaren gainetik) eta Igandetako PLUSaren gehikuntzaz (2 € hitzarmenaren 1,7€ beharrean) gain, iV. Hirugarren Adinekoentzako Zentroetarako Bizkaiko Hitzarmen Kolektiboak agintzen duen jaiegunetako konpentsazioa eta lizentziak hobetzen dira ere bai. Horrela, orain arteko lizentziez aparte (aurreko akordioei esker lorturikoak direnak), familiartekoen gaixotasunengatiko lizentzia berria ere lortu dugu. Baita erabilera libreko ordu gehiago ere, 2014erako egun oso bat disfrutatuz, eta 2015erako 2 lanegun edukiz. Jaiegunak, hitzarmen kolektiboak araututakoaz aparteko konpentsazioa izango du; 3 jaiegunez lan egiteagatik, 4 egun segitu deskantsatuko dute langileek, laugarrena lanegun efektiboa balitz kontatzen delarik. 

Bigarrenak, LABentzako ezinbesteko marra gorria zena erregulatzen du. Gerokultoreen egutegi berria eta oporrentzako sistema berria indarrean egongo dira beste akordio batera heldu arte.

Bada, hiru asteburuz lan egin ostean hurrengoa libre izatetik (hitzarmenak dioen moduan), bi lan egitera eta hirugarrena deskantsatzera pasako dira Loramendiko gerokultoreak. Gainera, 6 pertsonez osaturiko langile taldeak osatuko dira oporretako rotazio sistema hobetzeko asmoz. Azkenik, enpresa jardunaldi murriztuak dituzten langileekin akordio indibidualetara iritsiko da lanaldi horiek handitzeko intentzioz. 

Negoziazio prozesua
LAB Loramendiren aburuz, Bizkaiko sektoreko lan baldintzak iV. Hirugarren Adinekoentzako Zentroetarako Bizkaiko Hitzarmen Kolektiboaren mahaian arautu beharreko gaia da eta horrela defendatu izan dugu beti. Horregatik, hura sinatu eta publikatu arte, ez genuen enpresa eremuan negoziaziorik ireki nahi. Guretzat ezinbestekoa da langile guztientzat derrigorrezko aplikazioa duen hitzarmen kolektiboa izatea eta hobetuz joatea; errespetuagatik eta elkartasunagatik. Horrela ere hitzarmen kolektibotik beheragoko baldintzak sinatzeko arriskua alde batera uzten dugu. Testuinguru horretan, iV. Hirugarren Adinekoentzako Zentroetarako Bizkaiko Hitzarmen Kolektiboa sinatu bezain laister, Loramendiko Mahaia ireki genuen zentroari loturiko eskakizunak lortzeko asmoz. 

Plantilak, bestalde, antolakuntza kaxkarra edo ezaz kexu zen eta ondoriozko erabaki enpresarial latzak eta kezkagarriak jasaten zituzten. Enpresa, bitartean, zentruaren okupazioagatik larrituta zegoelarik eskusarekin, plantila erabiltzaile kopuruaren arabera ajustatzen zuen (adibidez denbora mugak eta funtzioak aldatuz) eta ondorioz, Komiteak horri urgentziaz heldu beharreko gaia zela salatu eta aldarrikatu zuen.

Laburbilduz, Asanblada eta Komiteak Plataforma bateratua adostu zuten eta lehenengo momentutik enpresak ezeztatu zuen, zentroak hainbeste dirurik ez zuela argudiatuz. Loramendiko Mahai Negoziatzailearen bilerak beraz, etekinik gabekoak izan ziren, langileriak benetako negoziazio baten aldeko (plataforma bateratu horretatik abiaturiko negoziazioa) apustua egin zuen arte, izan ere, mobilizazio eta greba plangintza burutu eta komunikatu zuen arte. 

BALORAZIOA
LABek oso positibotzat jotzen du SR Loramendin lorturiko akordioak langileen eskakizunak asetuak gelditzen direlako: 

  • Hirugarren Adinekoentzako Zentroetarako Bizkaiko IV. Hitzarmen Kolektiboari lotura argia idatziz geratu da.
  • Gerokultoreen egutegi berria, langile zein erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzen duena.
  • Aurrerapausua handia suposatzen duen opor sistema berria.
  • Jardunaldia handitzeko bakarkako akordioetara heltzeko konpromisoa.
  • Zentroaren okupaziora lotuta ez dagoen enplegu egonkortasuna; enpresak ezin du lanpostu hutsa amortizatu.
  • SR Loramendiri, soilik, lotuta dagoen bake soziala egon behar du.
  • Soldata igoerak
  • Baimenen hobekuntza

Enpresak jakin badaki Loramendiko plantila honek demostratu izan duen konpromisoa eta komunikatutako mobilizazio eta greben aurrea, beharrei egokitutako benetako negoziaziori ekin zion ezinbestez. LABek ondoriozta dezake, markatutako helburuak lortuak direla eta honenbestez plantila zoriondu nahi du bai akordio berengatik, bai eta erakustitako jarreragatik.

ZORIONAK LORAMENDIKO LANGILEAK! EUTSI ESKAKIZUNEI, BORROKAZ LORTUKO DITUZUE ETA!
 

 

 

Euskal Herriaren burujabetza feministarantz Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministak bihar Ondarroan

Bihar, hilak 13, Emakume Abertzaleon VI Topaketa Feminista burutuko da Ondarroan. Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatuta eta herriz-herri Topaketaren eta bertan jorratuko diren gaien inguruko argibideak eman ostean, bihar, Burujabetza feminista helburu, hausnarketari hasiera-jarraipena emango zaio. Topaketen arratsaldeko mahai inguruan Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusia izango da, besteak beste, "Trantsizio feminista: intzidentzia politikoa, estrategiak eta boterea(k)" gaia aztertzen.

Emakume Abertzaleon VI Topaketa Feministaren ataria

Egitaraua

09:00 Sarrera KOFRADIAN
10:00 Ongi etorria eta eztabaidaren aurkezpena
10:30 Lantaldeetan eztabaidagai: "Kapitalismo heteropatriarkala Euskal Herrian. Zeintzuk dira aldaketa feministarako gakoak?"
13:00 Ondorioak josiz

14:00 Bazkaria

16:00 Mahaiaren bueltan: "Trantsizio feminista: intzidentzia politikoa, estrategiak eta boterea(k)"
Hizlariak: Ainhoa Etxaide Amorrortu, Ana Murcia Guevara,Idurre Eskisabel Larrañaga, Josebe Iturrioz Lopez, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Saioa Iraola Urkiola

20:00 Eguneko ondorioen kontaketa eta ekitaldi irekia

22:00 Jostorratzak dantzan! Festa feminista! — Euskabareta, Endemaño, DJ Gure Besta eta Las marines.
 

 

 

LABek Agoitzeko musika eskolan ordezkaritza lortu du

0

Ordezkari berriak, plantila osoaren babesa jaso du. Aste berean Doneztebeko musika eskolan lortutakoarekin batera, bi gehiago dira. LAB, ordezkaritza osoaren %65arekin, musika eskoletan sendotzen doa.

Ez dira garai onak musikarentzat Murrizketa hotsak datozkigu handik eta hemendik

LOMCE legearen ondorioz, Arte Hezkuntza (Musika eta Artea) lehen hezkuntzan, eta Musika DBHn, derrigorrezko irakasgai izatetik hautazkoa izatera igaro dira, “Arte Eszeniko, Musika eta Dantza” batxilergoa ezabatzen den bitartean. Ematen duenez, Nafarroako Gobernuak ikastetxe bakoitzaren esku utziko du datorren ikasturtetik aurrera Arte Hezkuntza eta Musika ikasle guztientzat bermatzeko ala hautazko gisa eskaintzeko erabakia.

Nafarroako Gobernuak Udal Musika Eskolak finantziatzeko diru partida %33an murriztu du 2008tik hona, horietako askoren bideragarritasuna kolokan jarriz.

Tokiko administrazioaren erreformak eragin kaltegarria izan dezake Udal musika eskoletan. Estatu mailan onartutako legearen arabera, 20.000 lagunetik beherako udalerrietan Musika Eskolena udal eskumen izateari utzi eta Gobernu autonomikoen eskumen izatera pasako da. Gobernuak erabakiko du eskumen horrekin zer egin: udalengan delegatu; “errentagarriak” iruditzen ez zaizkion Musika Eskolak itxi eta sare propioa osatu; edota Musika Eskola batzuk pribatizatu. Hain zuzen ere, zerbitzu publikoak pribatizatzea da tokiko administrazioaren erreformaren helburu estrategikoa. Nafarroan sei hilabetez atzeratu da estatu mailakoa egokituko lukeen lege propioaren diseinua, eta langileok geure hitza entzunarazi behar dugu eztabaida horretan. 

Gelditzen eta atzera botatzen ez baditugu, neurri hauek guztiek enplegua suntsituko dute (suntsitzen ari dira jada) musikaren arloan, herritarrei musika-hezkuntza jasotzeko aukera zailduko diete eta musika eskolako langileon lan baldintzak okertuko dituzte.
 

 

 

Askatasun sindikalarekiko bere konpromisoa adieraztea eskatuko diogu bihar Legebiltzarrari

Confebaskek Gobernu espainiarrari ELA eta LAB sindikatuak erregistrotik kanpo utzi eta "de fakto" ilegalizazio bat bultzatzen ari zela salatu ostean bi sindikatuek eragile politikoak interpelatu eta posizio bat hartu zezaten mozio bat sartu zuten legebiltzarrean. Gai honen inguruan, EH Bilduk interpelazio zuzena bideratu dio Lehendakariari eta bihar goizean, 10etan, tratatuko da Legebiltzarrean.
 Legebiltzarrean LAB eta ELAk aurkezturiko mozioa
 
Moción presentada por LAB y ELA en el Parlamento Vasco

Guzti honen inguruko azalpenak AMAIA MUÑOA ELAko Idazkari Nagusiaren Ondokoak eta GARBIÑE ARANBURU LABeko ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboko idazkariak emago dituzte bihar, hilak 12, 11etan Legebiltzarraren aurrean.