2024-04-19
HomeEkintza SozialaEragile sozial eta sindikalon Aurrezki-Kutxa eta Banku-Fundazioen Lege-aurreproiektuaren kritika

Eragile sozial eta sindikalon Aurrezki-Kutxa eta Banku-Fundazioen Lege-aurreproiektuaren kritika

Kutxabank Publikoa Euskal Kutxen pribatizazioaren aurkako plataforma osatzen dugun erakunde sozial eta sindikatuok berretsi egiten dugu euskal kutxak likidatu eta banku bat sortzea, zeinaren jabegoa akziodun pribatuen esku geratuko baiten, euskal jendarteari egindako iruzurra dela.

Salatu dugunez, prozesu hau babesten duten alderdi politikoek ez dute eman arrazoi bat ere euskal ekonomiaren eta herritarren aldekoa izango litzatekeela justifikatzeko. 
Alternatiba bideragarriak proposatu ditugu, baita exijitu ere ordezkatzen dugun gehiengo sozial eta sindikala aintzat har dezatela, gure herriari funtsezko tresna baten gaineko kontrol publiko eta soziala kendu baino lehenago: Funtsezkoa, diogu, enpresa txiki eta ertainentzako eta pertsonentzako kreditua errazteko. Horrela izan ohi da beste herrialde europar batzutan. 

Beti oztopo bera izan dugu aurrez-aurre: EAJ, PP eta PSEren erabakia. Hauen xedea da banku handien eskariak betetzea eta akziodun pribatuen esku jartzea Euskal Kutxen gordailupean dauden milaka milioi euro. 

EAJk, PPk eta PSEk zorrotz jarraitzen diote markatutako bide-orriari: Estatuko Kutxen legea erreformatu dute; Kutxak likidatu eta Fundazio bihurtu dituzte, eta maiatzeko hauteskundeak igarotzeko zain daude, desinbertsioari eta akzioen salmentari ekiteko.

Orain, Kutxak-Kutxabanken pribatizazioa atzeraezina izan dadin, Euskal Kutxen Legea aldatzeko prozesua hasi dute: horretarako aurkeztu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-Kutxa eta Banku-Fundazioen Lege-aurreproiektua.

Behean sinatzen dugun erakunde sozial eta sindikatuok lege-aurreproiektua erretira dezatela eskatzen dugu, honako arrazoiengatik:

EAEren arau-eremuan Euskal Kutxen likidazio-egiaztagiria besterik ez da. Hauek banku-fundazio bihurtu dituzte, eta beren banku-negozioa Kutxabanki eskualdatu diote; horrela Lege honen eremutik kanpo geratu dira. 

Ez gaude ados Legearen xedearekin. Lehen artikuluko lehen puntuaren ondorioz etorkizuneko euskal kutxak sortzeko eta garatzeko aukerak zeharo murrizten dira, onartu egiten baitira 26/2013 Legean ezarritako mugak. 

Halaber, salatu egin behar dugu artikulu horren beraren bigarren puntuan banku-fundazioen eredu antidemokratikoa betikotu egiten dela. Ez dira saiatu ere egin patronatu horiek Kutxentzat ezarritako osaera eta funzionamendu bera izan dezaten. 

Aurreproiektu honek ez duenez gaia aipatzen, 15 lagunen esku uzten du fundazioko patronatuaren esku dauden Kutxabankeko akzioak noiz eta nola saldu. Hauxe da kapital pribatuak akzioak eros ditzan inolako eragozpenik izan ez dadin. 

Gobernuak aurreproiektu hau guk ordezkatzan dugun gehiengo sozial eta sindikalarekin bat ere kontraste, negoziazio eta adostasunik gabe egin du, eta honi buruz plazaratu izan ditugun alternatibak baztertu egiten ditu. 

Gobernu-organoak osatzeko proposatu diren aldaketei gehiegi erreparatu gabe ere, erabat gaitzesten dugu aginte mailan herri-erakundeek duten presentzia galera, eta bezeroei dagozkien postuen %50 “ezarle handientzako” gorde nahi izatea.

Hau ez da euskal ekonomiak, ez enpresa txiki eta ertainek, ezta pertsonok behar dugun Legea; aitzitik, testuak estaldura formala ematen dio herritarren baliabideetan egin den harrapaketari, betiere akziodun pribatuen mesederako. 

Berriro diogu, gaur premiazkoa eta ezinbestekoa da:

– Banku-fundazioen esku dauden Kutxabankeko akzioak herri-erakunde sortzaileei itzultzea. 
– Fundazioak, administrazio-kontseilua eta Kutxabankeko akziodunen batzarra kudeatzeko, gestio-marko demokratikoa taxutzea.
– Benetako Kutxen Lege bat egitea, haien izaera publiko eta soziala hobetzearren, muga bakarra euskal herritar eta erakundeen erabakiak izango direlarik. 
– Euskal finantza-sistema publikoa eraikitzeko beharrezko diren ekimen politiko eta instituzionalak erabakitzea, euskal enpresa txiki eta ertainen eta pertsonen beharrizanak asetzeko aukera emango duena. 
– Honako aurreproiektua berretsi eta antzeko erabakiak hartu aurretik herritarrei kontsulta egitea, balizko alternatiba guztiak aztertzea eta erakunde sozial zein sindikatuen iritzia aintzat hartzea. 

Eragile sozialak: AHT Gelditu Elkarlana –Berri-Otxoak – Bilboko Auzo-Elkarteen Federazioa – Denok lan – Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak – Ezker Gogoa – IRPH Stop – Kontsumitzaile Elkarteak (EKE, UCE, EKA, EHKB, OCUV) – Kutxabank publikoa bilgunea – M15 – REAS (Red de Economía Alternativa y Solidaria) – PAH Kaleratzerik ez! – STOP desahucios Gasteiz – STOP deshaucios Gipuzkoa.
Sindikatuak: EHNE (primer sector) – HIRU (transportistas autónomos) – ELA – LAB – ESK – STEEILAS – CNT
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.
00:02:29

Amazon eta Alpha North Logistics enpresekin borrokan

Amazon enpresak Trapagaranen duen lan zentroan dauden langileek beste greba ziklo bat hasi dute lan-baldintzak duintzeko. Urtebetetik gora daramate enpresarekin prekarietate gordinetik ateratzeko Hitzarmena negoziatu nahian. Baina multinazionalak jarrera entzungorra izaten jarraitzen du eta negoziazio mahaia hasieratik blokeatu du. Aldarrikapenen artean, Amazonek bere salgaien garraiorako dauzkan enpresa azpikontratatutakoen langileen lan-baldintzak egonkortzea eta enplegua bermatzea dago.