2026-07-03
Blog Page 1147

LABek Tubos Reunidosek langilegoa mehatxatu eta lan sindikala baldintzatzen duela salatzen du

0

 


Aste honetan Tubos Reunidoseko langileak bi langile inputatu izana eta hauen kontrako epaiketa salatzeko mobilizatuko dira. Enpresa batzordeak deituta, gaur eta bihar, txanda bakoitzeko, ordu bateko lanuztea egingo dute eta hilaren 10ean, 24 orduko lanuztea. Ostegunean epaiketa izango da, horregatik, egun berean, Gasteizen, 9:00etan, konzentrazioa deitu dute epaitegi aurrean.

LABetik Eusko Jaurlaritzako Barne Saila zein Tubos Reunidos enpresaren jarrera salatu nahi dugu, langilegoa mehatxatu eta lan sindikala baldintzatu besterik ez dute nahi. Patronalaren eta gobernuen asmoen kontrako borroken kriminalizazioa bilatzen dute eta horrela patronalak nahi dituen ekimen guztiak aurrera eraman ditzake beren benefizioak handituz eta langilegoa babesgabe utziz. 
  
 

Koldo Fernandez berehala berronartzea eskatzen dugu

0

Gaur kontzentrazioa egin dugu Bilbon, Zabalburuko Carrefour Marketeko saltokiaren atarian, Koldo Fernandezi babesa emateko eta bere lanpostua berronartzea eskatzeko.

Koldok jazarpena jasan du bere lantokian, zuzendaritzak jazarri du. Urte askotan zehar jasan du jazarpena. Arrazoia, antolatu eta langileen eskubideen alde borrokatzea, enpresa batzuk nahi ez dutena eta bide guztietatik eragotzi nahi dutena. Berdin die horretarako gezurretan ibili eta manipulatzen ibiltzeak.

Lehenik eta behin Koldok hitz egin du eta ondoren, Xabier Ugartemendiak, LAB sindikatuko Zerbitzu Pribatuen Federazioaren arduradunak.

KOLDO FERNÁNDEZen adierazpenak

Koldo Fernandez naiz. 55 urte ditut. 37 daramatzat Carrefourren lanean, azken 28ak nire lankideen ordezkari bezala LAB sindikatuaren eskutik. Urte guzti hauetan, gure eskubideen eta langile guztientzako lan-baldintza duinen alde egin dut borrokan nire lankideekin batera.

Abuztuaren 1an espedientea zabaldu zidaten bezero bati erosketa ez kobratzearren. Hori ez zen horrela izan. Astebete beranduago, enplegu-suspentsioa luzatu zidaten eta abuztuaren 27an, kaleratze gutuna eman zidaten. Urte luzez jazarri naute eta zoritxarrez, zigortu nindutenean sortu zitzaizkigun susmoak egia bitarte dira. Paretik kendu nahi ninduten eta kaleratuz egin dute. Horretarako gezurrak eta akusazio faltsuak erabili dituzte.

Carrefourren iritziz, soberan dauden sindikatuak eta euren langileen eskubideak. Langile otzan eta esanekoak nahi dituzte, euren aginduak beteko dituztenak. Gertatzen dena da gu ez gaudela horretarako prest. Eskubideak ditugu, duintasuna daukagu eta buru-belarri saiatuko gara hauen defentsan. Horregatik hasi ginen egunero mobilizazioak egiten zigorraren berri izan genuenean. Berton egin genituen kontzentrazioak, Zabalburuko dendan, Atxurikoan eta Sestaokoan. Eta berronartzea lortu arte jarraituko dugu mobilizatzen. Justizia kontua da. Bat ukitzen badute, guztiok ikutuko gaituzte. Konbentzituta gaude langileon batasun, antolaketa eta borroka dela bide bakarra errespeta gaitzaten eta gure lan-eskubideak berma daitezen.

XABIER UGARTEMENDIAren adierazpenak

Askatasun sindikalari eta langile guztioi egindako erasoa da hau. Alde batetik, Carrefour Marketeko langileen kontra, enpresako erreferente bat galtzen baitute. Berarekin arazoak partekatu eta eskubideen alde borrokatzen ziren. Lankide guztien eskubideen alde. Bestalde, Carrefour Marketeko langileen kontrako erasoa ere bada, hauek ere herri honetako langileak baitira.

Sindikatuan argi dugu ez dugula askatasun sindikalaren aurkako erasorik onartuko. Herri honetako langileok eskubidea dugu antolatu eta etorkizun hobe baten alde borrokatzeko, eskrupulorik ez duten enpresari batzuei gustatu ez arren eta antolatu eta eskubideen alde borrokatzen diren langileak paretik kentzeko gogoa duten arren.

Gaur hemen gaude, Koldoren berronartzea exijitu eta jazarpen sindikaleko kasu berri bat salatuz. Eta horrela egingo dugu gure eskubideak zapaltzen diren bitartean. Bat ukitzen badute, guztiok ukitzen gaituzte.

Bihar kontzentrazioa egingo dugu 12:00etan Sestaoko Carrefourren, Ibarzaharra poligonoan.

 

 

 

Langabeziak gora egin du abuztuan, laneko prekarietatearen krisialdia larriagotuz

Gaur, Enplegu Ministerioak jakinarazi dituen eta abuztuari dagozkion datuen arabera, Hego Euskal Herri osoan, langabezia 1.333 pertsonetan handitu da. Horrela, langabezia kopuru-ofiziala 197.536 pertsonetan kokatu da, eta langabetuen %54,3a emakumeak dira.

Urtarako faktoreek eragindako azken hilabeteetako beheranzko joera eten da. Bilakaera honek agerian uzten du, oraindik orain, sasoiko jarduera jakin batzuen izaera ziklikoak biziki baldintzatzen duela lan merkatuaren portaera; horrek une gorenetan sortu den enplegua guztiz ezegonkorra zela adierazten du.
EPAren azken datuok ere (uztaila amaieran argitaratuak) agerian utzi dute lana prekarizatzeko prozesu bortitz batean murgildu garela, non lanaldi osoko enplegu finkoa aldi baterako lanaldi partzialealarekin ordezkatzen den.
Baina, hala ere, kezkagarriena, enpresako jarduera horrek zuzenean eta zeharka sortzen dituen ondorio larriak ditugu. Honen harira, prekarietatearen aurkako ahaleginak biderkatu behar dira, hark eragiten dituen kostu handiengatik (ez bakarrik lan baldintzei dagokienez, baizik eta, laneko istripuei eta pertsonen bizitzei dagokienez ere).
Bestalde, salatu behar da, gaur egun, hiru langabetuetatik bik ez dutela inolako langabezia saririk jasotzen.
 

 

 

Lan istripuen kontra, 24 orduko lanuztea gaur eta kontzentrazioa 13:00etan bihar Volkswagenen

0

Atzo Volkswagenentzat lanean ari zen TEX azpikontratako langilea hil zen Iruñean lan istripuz. 2015eko 36. hildakoa da eta Nafarroako 11.a.

LAB sindikatutik gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu senide, lagun eta langilego osoari orokorrean. Salatu nahi dugu azken boladan pairatzen ari garen lan-istripuen jario izugarriak erantzuleak badituela, baita arrazoi garbiak ere.

Enpresen diru egarri asezinak eta etekinak gehitzearen logikak langileon bizitza eta osasunean ondorio larriak ditu. Jarduera honek langilegoaren lan baldintzen prekarizario orokorra ekarri du. Prekarizazioaren aurpegietako bat azpikontratazioa da baita lan-osasunean izandako murrizketak ere. Ez da kasualitatea azken aldian izandako istripuetan elementu bat langile azpikontratatuak izatea.

Volkswagen Navarra errealitate honen isla dugu. Etekin izugarriak lortzen dituen enpresa batek 8000 mila langile baino gehiago ditu azpikontratatuta.

LABek, gaitz sozial hau bukatzeko erakunde publiko eta Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatzen du: zero tolerantzia lan istripuen aurren, fiskalizazio eta kontrola handitu edota Prebentzio Zerbitzuen publifikazioaren aldeko apustua egitea derrigorrezko pausuak dira lan istripuekin bukatzeko.

Gaur, Enpresa-Batzordeak 24 ordutako lanuztea deitu du, 14:00etan hasi dena. Enpresaren jarduera gelditzea lortu du.

Bihar, kontzentrazioa deitu du Enpresa-Batzordeak Volkswagen aurrean, Landabengo poligonoan, 13:00etan. LABetik deia luzatzen diegu langile guztiei mobilizazio honetan parte hartzera.
 

 

 

Espainiako Bankua zein PPren Gobernuak alargun eta umezurtz pentsioak dituzte jomugan

Beste behin ere pentsioak erreformatzeko beharraren mezua zabaltzen ari dira. Azken asteotan Espainiako Bankua zein PPren Gobernua eztabaida irekitzeko ahaleginetan dabiltza. Azken helburua argia dute: babes sistema publikoa are gehiago ahuldu pentsio pribatuen planei bidea irekitzeko. Honetan alargun eta umezurtz pentsioak jomugan daude. Orain lotsagabeki sinestarazi nahi digute Gizarte Segurantza ez dela bideragarria eta Erretserba Funtsa agortzen ari dela pentsio hauen erruz.

LAB-ek gogorazten du pentsioen erreforma botere ekonomiko eta finantzieroen harrapakina izan dela, gure eskubide sozialen kontura. Estatu espainarrak hala erabaki du: pentsioek balioa galdu behar dute, soldatak edo langabezi prestazioek bezala. Orain PPk murrizketa berriak zuritu nahi ditu erreforma berriaren eztabaida pentsioen sistemaren sostenigarritasunean kokatuz alargun pentsioak kontribuzio sistematik aterata zergen bidez finantziatu daitezen. Hori bai, PPk ezkutatu egiten du azken urtetotan pentsioen sistemak, eta orohar babes sistema, era guztietako erasoak jasan dituztela, eta ekonomikoki itotzen ari direla. Baina ez gaitezen tronpa. Hemen funtsezkoena ondoko galdera da: nola lortu duintasunez bizitzea ahalbideratuko duten pentsio eta prestazioak?

Une hauetan, jada murritzak diren alargun pentsioen inguruan aurrera eramango den edozein neurrik edo erreformak eskubide murrizketa, zaurgarritasun handiago eta pentsioen zenbatekoen galera ekarriko dute baldin eta ondoko gaiak aldatzen ez baditu:

a) Neurriak emakumezkoen okupazio tasa igotzeko, borondatezkoak ez diren kontratu partzialen murrizketa, gizon eta emakumezkoen arteko soldaten arrakalaren desagerpena eta soldaten eta gutxieneko pentsio eta prestazioen igoera.

b) Patronalari emandako opariak kendu, iruzurrarekin bukatu kontratazioan, lan erreforma bertan behera utzi eta indarrean jarri egiazko erreforma fiskal progresiboa.

c) Onartu soldata soziala izateko eskubidea pobreziaren mugaren gainetik.

Beraz, zenbait erakunde politiko eta sindikal prest badaude PPren joko eremuan, inondik ere berme eta babes handiagoa ekarriko ez duten neurriak negoziatzeko ardura larria hartuko dute beste behin ere pentsiodunak, bereziki, adineko emakumeak, kapitalen biktima bihurtzerako orduan.

Berriro ere ikusten dugu Gizarte Segurantzaren sistema honek ez dituela betetzen Euskal Herrian bizi garenon babes beharrak. Ezin dugu onartu prekarietate eta babesgabetasun handiagoa ekarriko dituzten neurriak, orain bereziki emakumeak kolpatuko dituztenak. Beraz, pentsio eta prestazio ekonomiko murritzagoak ezartzeko ahalegin berrien aurrean, LAB-ek dei egiten die Gasteiz eta Iruñeko Gobernuei beste aldera ez begiratzeko: oraingo babes sistema Hego Euskal Herrian ez nahikoa da eta indartu behar da. Euskal Herriko eragile sozialak, sindikalak eta politikoak mobilizatu behar dira gure herriak babes sistema propioa izan dezan, zerbitzu pubilkoak eta 1000 tik gorako pentsio eta prestazio ekonomikoak inor ez dadin bizi prekarietatean, duintasun faltan eta pobrezian.
 

 

 

Volkswagenentzat lanak egiten ari zen TEX enpresako langilearen heriotza salatzen du LABek

0

Atzo, abuztuak 31, Volkswagenentzat pabiloi berri bat eraikitzen ari den TEX enpresako 34 urteko langilea zendu zen heriotz istripu baten ondorioz. Jada 36 dira urtea hasi zenetik beren lanpostuan bizitza galdu duten langileak. LAB sindikatuak haien sendi, lankide eta gertuko guztiei elkartasuna adieraztearekin batera, enpresa batzordeak, gaurko konbokatu duen, eta 14etan hasiko den, 24 orduko lan uztean, parte hartzeko deia luzatzen du.

Gertatutakoaren aurrean Volskwageneko enpresa batzordeak eta prebentzio ordezkarien komisioak honako hau onartu du:
1- VW Nafarraoaren izenean babesa eta doluminak adieraztea langile honen familia, lagun eta lankideei.
2- Enpresa zuzendaritzari urgentziazko bilera bat eskatzea gertatutakoaren inguruan hitz egiteko.
3- Gertatutako salatzeko eta laneko segurtasuna defendatzeko, Irailaren 1ean, 24 orduko lan uztea egitea 14etatik aurrera.

Egoera hau aldatzeari begira LABek bere konpromisoa berresten du eta lanean jarraituko du prekarietatea gainditu eta lan baldintza duinen defentsan.

 

 

 

Carrefourrek Koldo Fernández delegatua kaleratu du

0

Enpresak Bilboko Zabalburuko saltokiko Koldo Fernández LABen delegatua kaleratu berri du. Gaur goizean eman diote kaleratze gutuna. Ordezkari honek 25 urte baino gehiago daramatza enpresan lanean. Urte hauetan, arazo ezberdinak izan ditu enpresaren zuzendaritzarekin langileen ordezkari moduan jarduteagatik, jazarpen sindikalaren adibide garbia.

LABek berresten du Carrefourren jarrera langile-klasearen kontrako eraso zuzena dela enpresari molestatu egiten baitio langileak antolatu eta euren eskubideak aldarrikatzeak, eta horregatik kaleratu dute delegatua, bere lankideak etsipenera eraman asmoz, euren eskubideak defendatzeko antolatu eta borroka ez daitezen.

LABek urjentziazko bilera eskatu dio Carrefourreko zuzendaritzari zuzenean adierazteko bere jarrera antisindikalarekin eta langileen aurkako jarrerarekin amai dezan, bere langile zein bezeroen aurkako jarrerarekin, Carrefourreko bezeroak ere ere herri honetako langileak baitira.

LABek exijitzen du Carrefourren laneko jazarpenarekin eta jarrera antisindikalarekin amai dezan eta horretarako mobilizazio ezberdinak deituko ditu datozen egunotan.
 

 

 

Bilbon izango gara abuztuaren 28an gaixorik dauden presoen etxeratzearen aldeko manifestazioan

Gaixo dauden Bizkaiko euskal presoen senide eta lagunek manifestazioa antolatu dute datorren abuztuaren 28rako Bilbon. "Gaixo dauden presoak etxean behar ditugu" lelopean osasun eskubidea urratzen duen espainiar zein frantziar estatuen espetxe politika salatuko da.

LABek bat egiten du mobilizazioen ardarrikapenekin eta Euskal Herriko langilegoari dei egiten dio bertan parte hartzera. Manifestazioa 12:30an abiatuko da Plaza Eliptikotik.

Era berean, preso politikoen eskubideen aldeko borroka indartzera deitu nahi du sindikatuak, elkartasuna bera jopuntuan dagoen garai hauetan. Horretarako, preso politikoen eskubideen aldeko aldarria lantoki eta kaleetan presente egon dadin lanean jarraituko du LABek. Giza eskubideen alde eta dispertsioaren kontra dagoen gehiengo soziala aktibatu asmoz, lanean jarraitzeko prestasuna adierazi nahi du sindikatuak.
 

 

 

Urriaren 24a Bilbon. Alternatiba sozial eta ekonomikoen erakusleihoa izango den eguna


Alternatiben Herria ekimena urriaren 24an izango da Bilbon. Prestakuntza lanetan ari gara, Euskal Herrian bizirik dauden alternatiba sozial eta ekonomiko guztien erakusleihoa izango den eguna antolatzeko…