2026-01-23
Blog Page 1146

LABek Hezkuntza Saila eta Mutualia salatu ditu bereizkeriaz dihardutelako

0

Hezkuntza Sailean lanaldia murriztuan jardunez haurdun dauden emakumeek jasan duten egoera dela-eta aurkeztu dugun salaketaren harira, LABek erabaki du Hezkuntza Saila eta Mutualia epaitegietara eramango dituela bazterkeriaz jokatzen dutela uste dugulako.

Aurreko batean azaldu genuen lanaldi partzialeko kontratua izanik, haurdun dauden emakumeei ukatzen ari zitzaiela haurdunaldiak eragin arriskuaren prestazio ekonomikoen eskaera.

Azaldu genuen ukapena Hezkuntza Sailak eskuartean zeukan arriskuen ebaluazio osatugabeetan oinarritzen zela; hori dela eta, prestazioaren ukapena lanaldi murriztuekin bakarrik justifikatzen zen.

LABek errekurtsoa aurkeztu zion Mutualiari hainbat kasuren harira eta honakoa erantzun ziguten: “zure lanpostuan haurdunaldiarentzat berariazko arriskurik ez dagoen iritzian berresten gara, batez ere, zure lanaldia ez delako osoa”.
LABek onartezina deritzo Mutualiaren jarrerari; hori dela eta, dauzkagun kasuak jurisdikzio-bidera eramango ditugu.

Era berean, Hezkuntza saila deitzen dugu amaitutzat eman dezan Mutualiarekin lotu duen laneko gertakizunak kudeatzeko kontratua eta zerbitzu publikora bueltatzea; aipatu eskaera azaltzeko, gure ustez, erakunde horrek “ez du pertsonentzat lan egiten”, haren helburuak guztiz ekonomikoak direlako.

 

 

 

Candyko berrindustrializazio prozesurako oinarriak jasotzen dituen akordioa sinatu da

0

Gaur Foru Aldundiak, Candy enpresak eta Enpresa Batzordeak berrindustrializazio prozesurako oinarriak jasotzen dituen akordioa sinatu dute. Enpresa Batzordeak oso akordio ona dela uste du, kalitatezko lanpostuak mantentzeko aukera bizirik mantentzeko oinarria delako.

CANDYko Enpresa Batzordearen Balorazioa Foru Aldundia, Candy eta Candyko Enpresa Batzordeak sinatutako akordioaren inguruan

«Gaurko egunez, Candyko berrindustrializazio prozesurako oinarriak jasotzen dituen akordioa sinatu dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako ibilbide orriaren arabera. Enpresa Batzordeak oso akordio ona dela uste du, kalitatezko lanpostuak mantentzeko aukera bizirik mantentzeko oinarria delako. Zentzu honetan, akordioa langile guztien inplikazioak egin duela posible uste dugu, Candyk hasieran trabak jartzen zituen arren. Bergarako herriaren elkartasuna ere garrantzitsua izan da akordio hau lortzeko.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskerrak eman nahi dizkiogu, Candyren berrindustrializaziorako ibilbide orria aurkezteagatik, eta inbertsore berri baten bilaketan hartu duen konpromisoarengatik. Ez dakigu fruituak emango dituen, baiezkoan gaude, baina gure egoera berean dauden hainbatentzat beste kasu askotan baliagarria izan daitekeen ekimen aitzindaria dela uste dugu.

Baita ere, bide honek fruituak eman ditzan beste instituzioei (eusko jaurlaritza, udaletxe…) euren inplikazioa eskatzen diegu.

Azkenik, ahalegin hauek fruituak eman ditzaten lanean jarraituko dugu, hasieran jarri genuen helburua lortzeko: etorkizuna izango duen proiektu industrial batean kalitatezko enpleguak sortzea.

Langile borrokaz, etorkizun duina Bergaran!»

 

 

 

Heziberri dekretuak ez dio euskal kulturaren transmisioari inolako ekarpen estrategiko eta eraginkorrik egiten

0

LABek Heziberri dekretuak euskal kulturaren transmisioari inolako ekarpen estrategiko eta eraginkorrik ez diola egiten eta era berean, konpetentzien gaineko formulazio integrala egiten bada ere, konpetentzia horiek ez daudela Euskal Herriaren berezitasun eta beharretara egokituak salatu nahi du. Hezkuntza Sailak bide propioa egin beharrean, etengabean Madrili begira dabil. LABek Euskal Curriculuma eta honen garapen lokala, Ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen mantentze eta murgiltze eredua eta euskal publikotasunaren definizio berriaren inguruko eztabaida eskatzen du.

LAB HEZIBERRI CURRICULUM ETA DEKRETUEN AURREAN

Aurkeztu zaigun dekretua azterturik, honakoa da LABen balorazioa:

1. Batetik, Hezkuntza Sailak bide propioa egin beharrean, etengabean Madrili begira dabil, horren lekuko dira hizkuntza eta eskolako parte hartzearekin lortutako akordioak, bertan akordio zabalik garatu ez duen bitartean. Bestetik, Madrilen eman daiteken balizko gobernu aldaketa batean jarri dituzte itxaropenak honek LOMCEa aldatuko duelakoan.

Gure iritziz, Heziberri bezalako egitasmo baten zutoinak hauek izatea okerreko emaitza batera eramaten gaitu. Euskal Herrirako eta Euskal Herrian garatu beharreko egitasmoa izan beharrean, herri honen behar eta nahiei ez dielako heldu. Guretzat norabidean dago gakoa, hau da, ariketa honek Euskal Herriko hezkuntza sistema antolatzeko, garatzeko, urratsa den edo ez.

Honetan, Eusko Jaurlaritzak erantzunkizun osoa du balizko egoerei nola aurre egin baino bide propioa ez duelako garatu. Are gehiago, azken curriculuma aztertuta, dagozkion erantzunkizunak beregain hartu baino ikastetxeen ardurapean uzten dituelakoan gaude, autonomiaren izenburupean.

2. Curriculum dekretuak jasotzen dituen edukiak ikusita LOMCEarekin lotura dutela diogu, bereziki, LOMCEk ezartzen duen kontrol neurriak (rebalidak) bereganatzen duelako. Inposizio honi heltzea baino LOMCEaren elementu batzuk ez aplikatzeko zirrikitu batzuk mahaiganeratzen ditu. Horrela, Euskal Curriculuma garatu beharrean, proposatu duten curriculumean ez da inondik inora modu zehatz, argi eta integral batean euskal kulturaren transmisioari inolako ekarpen estrategiko eta eraginkorrik egiten. Era berean, konpetentzien gaineko formulazio integrala egiten bada ere, konpetentzia horiek ez daude Euskal Herriaren berezitasun eta beharretara egokituak.

Gauzak horrela, burujabetzaren bidea hartu behar dugula uste osoa dugu, gure bide propioa. Egungo egoera honek agerian uzten ditu estatutismo honen mugak, bistaz da ez ditugula erabateko eskuduntzak. Horregatik, lehentasunez, Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propioaren bidean hezkuntza lege berria osatzea premiazkoa da. Lege propioa izango da guk geuk herri gisa behar dugun hezkuntza eredua erabakitzeko modu bakarra; estatuetatik datozkigun inposaketei aurre eginez.

Honako ezaugarriak bete beharko lituzke lege horrek eta berau osatzeko prozesuak:
1.-Prozesua hezkuntza eragile eta alderdi guztien parte hartzearekin gauzatu behar da. Elkarlanean denon adostasunak bilatu beharko ditu.

2.-Legearen osaketak, ezinbestean, orain arte egindako lana kontutan hartu beharko du. Hezkuntza eragileen zein bestelakoen lanak aitortu eta kontutan izan beharko ditu.

3.-Legeak Euskal Herri osorako marko pedagogiko eta normatibo bati bidea ireki behar dio. Jakitun gara, hala ere, Euskal Herria zatitutako herria izanik lege horrek itzulpen propioa izango duela eremu administratibo ezberdinetan.

LAB.en iritziz, marko berri horrek 3 eztabaida nagusiren baitan egituratu beharko litzateke:

• Euskal Curriculuma eta honen garapena lokala.
• Ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen mantentze eta murgiltze eredua.
• Eta euskal publikotasunaren definizio berriaren inguruko eztabaida bera, bere osotasunean.

LABek hezkuntza burujabetzaren bidean herri gisa elkarlanean legea osatzeko determinazioa du. Egungo markoa gainditu eta inposaketa orori aurre egiteko gure hezkuntza sistema urratsez urrats eraikitzeko bidegurutzean gaude. Autonomismoan sakondu beharrean gure bide propioa egiteko aukera ezin hobea dugu. Bide hau prest dagoen ororekin konpartitzeko prestutasuna dugu gainera. Ez dezagun aukera hau galdu.
 

 

 

Nafarroako Euskara Legea: aldaketa positiboa baina ez nahikoa

Atzo, hilak 19, Nafarroako Parlamentuan, D eredua herrialde osoan zabaltzeko lege proposamena onartu zen. LAB sindikatutik, urrats positibo gisa baloratzen dugu lege proposamen hau onartu izana. Urrats positiboa bai, baina ez nahikoa. Urrats hau, nafar guztion hizkuntza eskubideak bermatzetik urrun dagoela uste dugu.

Batetik, lege honek euskaraz ikasteko eskaerari ez dio osoki erantzuten, ondorioz euskaraz ikasteko eskubidea ez du bermatzen. Edozein hizkuntza normalizatzeko, eta kasu honetan euskara, euskararen ezagutzatik eta euskaraz ikastetik abiatzen da.

Bestetik, Nafarroan nafar guztiok euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea garatu ahal izateko “Ley del Vascuence” bertan behera uztea da berme bakarra, lege diskriminatzailea da nafarrak bizitokiaren arabera bereizten gaitu eta bizi diren tokiaren arabera eskubide batzuk aitortzen edo ukatzen zaizkigu herritarrei. Euskara ezagutzea nafar eskubidea da, ez da aukera bat, eta eskubidea denez, instituzioei dagokie hori bermatzea. 

Azkenik, euskararen normalizazio eta ezagutzan Administrazioak erantzunkizun handia du eta bide horretan behar diren baliabide eta politikak garatu beharko lituzke, administrazioa, hedabideak, lan mundua eta irakaskuntza bermatzeko alegia edozein hizkuntzaren lau funtzioak.

LABetik euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen dugu eta bide horretan lanean jarraituko dugu.

  

 

 

Gazteen lan eskubideen gidaren aurkezpena Lizarran

0

LAB eta ERNAIren arteko “ Gazteen lan eskubideen gida” eskualdez eskualde aurkezten ari gara. Atzokoan Lizarran 15 lagun batu ziren aurkezpenera. Konturatuak gaude, horrelakoak antolatzea guztiz beharrezkoa dela eragile bien arteko harremana sendotzeko, antolatzeko eta borrokatzeko beharra ikustarazteko eta gazteak egungo legeen barruan zein eskubide dituzten jakitun izateko, gero eskubide horiek beteak izan daitezen.

Gazteak beste garai batzuetan ere prekarietatea bizi izan badute, egoera hori beste sektore guztietara zabaldu denean, beraien egoera are larriagotu egin da, eta aurretik zail bazuten bizi proiektua aurrera eramatea, orain ezinezko bihurtu da. 

Ez ERNAIk ez LABek ez dugu egoera hau inondik inora onartuko, gure eginbeharra hau borrokatu eta iraultzea izango da beste eredu batera bidean. Hori posible izateko, gazteen eta langileon arteko aliantzan sakontzea da bidea, eta horretan pausoak ematen jarraituko dugu.
 

 

 

Correosen ematen ari den enplegu suntsiketa salatu dute Lasarte-Usulbilgo langileek

0

Lasarte-Usurbilgo Correoseko langileek eta Gipuzkoako Correoseko ordezkaritza sindikal guztiek banaketarako pertsonalaren murrizketa salatu dute gaur. Azken lau urteotan, Correosek pertsonalaren etengabeko murrizketari ekin dio, bost urtetan 14.000 lanpostu hain zuzen ere.

CCOO, UGT, ESK, LAB eta ELA sindikatuen irakurketa
KALITATEZKO ZERBITZU PUBLIKO BATEN ALDE
ENPLEGU SUNTSIKETARIK EZ

«Lasarte-Usurbilgo Correoseko langileok, eta Correoseko ordezkaritza sindikal guztiek Gipuzkoan, gure herriko banaketako pertsonalaren murrizketa salatu nahi dugu.
Azken lau urteotan, Correosek pertsonalaren etengabeko murrizketari ekin dio, bost urtetan 14.000 lanpostu hain zuzen ere, betetzeke diren lanpostuak kontratazioekin betetzen ez dituelarik.

Ildo honi jarraituz, Lasarte-Usurbilen, banaketarako bi sekzio kendu dituzte, ematen den zerbitzuaren kalitatea nabarmenki narriatu egin delarik, eta praktikan, korrespondentziaren eguneroko banaketa eragotziz.

Correoseko langileen lan baldintzak narriatu ez ezik, korrespondentzia bost egun astean hiritarren eskubidea ere urratzen da, Correosek ez ditu posta-zerbitzu publikoaren emaile bezala dituen bete¬kizun legalak. betetzen.

Korrespondentzia ziurtatua eta paketeriaren gehitzea, eta aipaturiko murrizketa direla bide, Lasarte-Usurbilgo Correoseko langile-kopurua eskasa suertatzen da gure herrietako beharrei behar bezala erantzuteko.

Hau dela-eta, Correosi esaten diogu behar den pertsonala manten dezala, eta indarrean den legedia betez, hiritarrei, posta egunero behar bezalako kalitateaz helarazi diezaiedela.
Lasarte-Usurbilgo Correoseko langileak.»

 

 

 

Isabel: “Praktika da pertsona bezala definitzen gaituena, eta hortan LAB altxorra da”

IIsabel LABeko Nafarroako Administrazioko arduraduna da. Sindikalismoaren inguruan entzun ohi diren topikoak salatu nahi ditu, LABen dihardugun delegatuon lana eta konpromisoa nabarmenduz. Horren erakusgarri nagusia LABeko kideok egunerokoan egiten dugu lana azpimarratu nahi du.
 

 

 

Kolore martxa batek aldaketa soziala bultzatuko du martxoaren 14an

37 erakunde sozial eta sindikalek ekimen berri eta berritzailea aurkeztu dute gaur prentsaurreko bidez, Nafarroan aldaketa soziala sustatzeko asmoz. "9 bloke, 9 sektore, 9 kolorez" osatutako martxa batek aldaketaren ortzadarra irudikatuko du, gainbehera doan Erregimenaren grisaren aurrean.

Antolatzaileen arabera funtsezkoa da kalean jarraitzea "krisiaren sortzailea den sistema kapitalistaren mesedetan ari den gutxiengoari aurre egiteko. Kontrabotere gisa eta ikuspegi kritikoz arituko den aliantza sindikal eta sozial indartsuan sinisten dugu, botere politikoaren nahiz instituzioen aurrean premia sozialak zeintzuk diren argi azaltzeko. Azken urteetan Nafarroan mobilizazio sozialak biderkatu dira eta oposizio parlamentarioaren aldetik kolektibo sozial zabalen interesentzako mesedegarriak diren legeak onar daitezen lortu da. Lege horien kontra auzitara jo dute Gobernu ordezkaritzak eta Nafarroako Gobernuak berak. Hemen erabaki nahi dugu. Agiri hau babesten dugun erakundeok nafar herritargoaren eta bere instituzioen askatasunez erabakitzeko eskubidea defendatzen dugu, eragiten dion gai sozial, ekonomiko, laboral nahiz politikoei dagokionez"

Programa Soziala
Erakunde sozial eta sindikalek Programa Sozial bat aplikatzea eskatzen dute, eredu ekonomiko eta sozial berria eraikitzeko. Hona hemen aldarrikatzen dituzten neurri nagusiak: 

Aberastasunaren banaketa. Zorraren gaineko auditoria. Progresibitatea ezartzeko erreforma fiskala. Iruzurraren eta paradisu fiskalen kontrako borroka erreala. Espainiako Gobernuak ezarritako aurrekontu mugapenak eta murrizketak ez onartu, instituzioek ezarritako murrizketa injustuak atzera bota. Osasun, hezkuntza eta babes sozialeko zerbitzu publiko propio, kalitatezko eta unibertsalak garatu. Pobreziaren mugaren gainetiko diru-sarrera bermatuko duen prestazio soziala. Etxebizitzarako eskubidea. 

Kalitatezko enpleguaren sorrera. Soldatak nabarmen igo, bereziki baxuenak. Lanaldia 35 ordura murriztu. Aparteko orduak ezabatu. Erretiro adina aurreratu. Gutxieneko Soldata berria ezarri, Europako Gutun Sozialaren ildoan. Enegia eta finantza sektoreetan baliabide eta kontrol publikoa sustatu. 

Bizitzaren jasangarritasuna eta ongizatea. Pertsonak, herriak nahiz natura, multinazionalen etekinen gainetik daude. Zainketa lanen aitortza eta banaketa, baldintza laboral eta sozialetan parekidetasuna bermatzeko. Genero, adin, aukera sexual, dibertsitate funtzional edota jatorri nazionalaren araberako diskriminazio ororekin amaitu. Emakumearen eskubide erreproduktibo eta sexualak, haurdunaldiaren borondatezko etenerako eskubidea osasun sistema publikoan. Emakumezkoek pairatzen duten zanpaketa eta bortizkeria ekiditeko neurri eta politika integralak. TTIPari ez. AHT gelditu, baita “autopista elektrikoa”, Esako urtegiaren zabalpena, frackinga eta Nafarroako ubidea ere. 

Demokraziaren eta eskubide kulturalen defentsa. Ez eskubide murrizketei, Mordaza legeari, isun errepresiboei, kode penal berriari. Egia, justizia, aitortza, erreparazioa eta oroimen historikoaren berreskurapena. Euskararen eta kulturaren normalizazioa, Vascuence Legea bertan behera utzi. Erabakitzeko eskubidea alor ekonomiko eta sozialean, bestelako jendarte eredua eraiki ahal izateko. 

Jendartearen parte hartzearen bermea. Instituzio guztiak berregituratu, jendarteak politika ororen erabaki eta kontrolean demokratikoki parte hartu ahal dezan. Nafarroako Gobernuak bere politikak aplikatzeko sortu dituen egitura klientelarrak bertan behera utzi (Moderna Plana, Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua, e.a.).

Blokeen antolaketa
Hurrengo asteetan zehar, bloke bakoitzak deialdia landuko du bere ikuspegi propiotik:

Gorria: Sindikatuak. Borrokan diren langileak.

Lila: Mugimendu feminista. 

Laranja: Gazte Mugimendua, ikasleak.

Horia: Bazterketa sozialaren kontra, etxebizitzaren alde, banka eta trasnazionalen diktadurari aurre egin.

Berdea: Lurraren defentsarako plataforma eta kolektiboak. 

Berde argia: Osasuna, desgaitasunak eta behar bereziak dituzten kolektiboak.

Urdina: Hezkuntza, hizkuntza eskubideak eta Kultura. 

Urdin argia: Pentsiodunak

Multicolor: Sexu aniztasuna, LGTB eskubideak

Atxikimenduen behin-behineko zerrenda / Listado provisional de adhesiones

3 Mugak Batera
AEK
AHT Gelditu
Asociación de Defensa de la Salud Pública de Navarra / Nafarroako Osasun Publikoaren Aldeko Elkartea (ADSP/NOPAE)
Asociacion de Mujeres “Entre Culturas” Berriozar
ATTAC Navarra
Autobus de la Memoria
Banatu
Bilgune Feminista
Burlataenea
CGT
Colectivo de Personas en Paro y Precarias
Coordinadora Monte Alduide (Zilbeti + Mendiaundi Bizirik)
Ecologistas en Acción Navarra / Ekologistak Martxan Nafarroa
EHGAM
EHNE
ELA
Ernai
ESK
Herri Ekimena
HIRU
Ikasle Abertzaleak
Kalaxka Taldea Larraun
Kalea Denona
Kontuz!
LAB
Martes Al Sol
Médicos del Mundo
Pentsionistak Martxan
Plataforma 8 de Marzo
Plataforma Navarra de Salud
Sakana Abian
Sasoia
Sortzen
STEILAS
Sumaconcausa
Yesa + No

 


 

 

Harreman justu eta parekideetan oinarritutako lan harreman eredu berri baten beharra dugu


Gehienentzat ezaguna ez bada ere, igande honetan emakume eta gizonen soldata berdintasunaren aldeko eguna da. Egun honen leloak aipatutako berdintasuna, oraindik ere, lortzetik oso urrun gabiltzala erakusten dute datuek tamalez. LABek lan harreman eredu berri baten beharra azpimarratu nahi dugu. Emakume eta gizonen arteko harreman justu eta parekideetan oinarritutakoa. Gaurko menpekotasunezko harremanak gaindituz, lanaren ikuspegi integrala bermatu eta ematen den sexuen araberako lan banaketarekin bukatuko duena.

Emakume eta gizonen soldaten arteko arrakala ez da gauza berria, baina kezkagarriena arrakala honek krisia hasi zenetik izan duen igoera da. Nafarroako kasuan, gizonezkoek, 2008an, urteko bataz bestekoz, emakumeek baino % 38,6a gehiago kobratzen zuten. 2012an aldiz (2012koak baitira INEk aurkeztutako azken datu ofizialak), % 42a gehiago kobratzen dute.

Eta datu hauek EAEra ekarrita, aldea % 29,9koa izatetik %34,8koa izatera pasa dela ikus dezakegu. 

Soldata-egituraren urteroko inkesta. Urteroko batazbesteko irabazia (eurotan). 2008-2012 seriea

Emakumeen soldata %36,2 igo beharko litzateke gizonen soldatarekin parekatzeko

Aurreko urteko ekainean INEk kaleratutako azken datuetatik, 2012ko datuetatik alegia, hurrengoa ondoriozta daiteke:

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, emakumeen urteko soldata gordina 7.771 euro gutxiagokoa izan zen, bataz bestez, gizonezkoen urteko soldata gordinarekin alderatuz. Ondorioz, emakumeek %34,8a gehiago irabazi beharko lukete bere lankide gizonezkoen soldata berdina jasotzeko.

Nafarroaren kasuan, emakumeek, bataz bestez, 8.170 euro gutxiago jaso zuten gizonezkoekin alderatuz. Beraz emakumeen soldata gizonen soldatari parekatzeko %42a igo beharko litzateke.

Bi datuak kontuan izanda, ozen esan eta salatu dezakegu, Hego Euskal Herrian, gizonen urteko soldata gordina, emakumeena baino 7.852 euro gehiagokoa dela. Edo beste modu batean esanda, emakumeen soldata % 36,2an igo beharko litzatekeela, bataz beste, gizonezkoen soldatari parekatzeko.

Soldata arrakalaren definizio ofizialera joko bagenu, lan egindako ordu bakoitzagatik jasotzen den irabazi ezberdintasuna neurtu beharko genuke. Lan ordu bakoitzagatik jasotakoari erreparatuz (beti ere soldatapeko lanaz ari garela), EAEn gizonek, bataz bestez, ordu bakoitzeko, emakumeek baino %25,1a gehiago irabazten dute. Nafarroan gizonen eta emakumeen arteko aldea %29,3koa delarik. Ondorioz, Hego Euskal Herrian gizonek egindako lan ordu bakoitzagatik, emakumeek baino %25,9a gehiago irabazten dute.

Soldata arrakala emakumeek, jendartean zein lan munduan, pairatzen duten diskriminazio estrukturalaren adierazlea

Emakume eta gizonen soldaten arteko arrakala, gaurko sistema kapitalista patriarkalak ezarri duen sexuen araberako lan banaketaren ondorioetako bat baino ez da. Emakumeoi zaintza eta etxeko lanak egotzi zaizkigu, emakumeen lan merkaturatzea oztopatu, eta era berean lan merkatu horretan aitortza eta maila baxuagoko lanetara bideratu gaitu. Oraindik ere emakumeak gara, lan merkatuan lan baldintza prekarioenak eta ezegonkortasuna pairatzen dugunak. Lanaldi partzialen % 82,3a guk betetzen dugu, eta gure behin behinekotasun tasa %25,9koa da gizonezkoena % 18,5ekoa denean. Soldata ezberdintasuna ez da beraz emakumeok lan munduan jasaten dugun diskriminazio bakarra.

Aurrekoa gutxi balitz, aspalditik pairatzen dugun egoera hau, krisiaren testuinguruan eta aitzakipean eman diren langileon kontrako erasoekin bereziki larriagotu egin da. Oro har, langileen soldaten aurka patronala burutzen ari den ofen­tsibak, azken lan erreformak ezarri duen lan harremanen erabateko desoreka eta negoziaketa kolektiborako eskubidea guztiz baldintzatu izana, emakumeon egoerak okerrera egitea ekarri du.

Gaur egungo diskriminazioekin amaitu, eta soldatak parekatzeko neurri eraginkorrak ezarri beharrean, soldaten aurkako ofentsiban sakontzea erabaki dutela ikusten ari gara. Lehiakortasuna lan kosteen murrizketan oinarritzea erabaki dute, bide horretan soldatak erasotuz. Pobreziaren etengabeko hedapena ari da ematen, eta ezberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira. Egoera orokorra hau izanik, emakumeon egoera jasanezina da kasu gehienetan. Gure soldatekin eta lan baldintzekin pobreziara kondenatuak izaten ari gara. 

Bien bitartean EAEko emakume eta gizonen berdintasunerako legeak hamar urte

Gaur, otsailak 18, EAEko emakume eta gizonen berdintasun legeak hamar urte betetzen ditu. Orain hamar urte, positiboki baloratu genuen sindikatutik behingoz berdintasun lege bat martxan jarri izana, baina era berean, nahiko eszeptikoak azaldu ginen, bertan arautzen ziren ekinbide gehienak jarrera boluntaristetan oinarritzen zirelako, betebehar konkretuak eta argiak ezarri beharrean.

Eta tamalez, gure susmoak egi bihurtu dira. Legeak, bere 36. artikuluan, esaten du euskal erakunde publikoek emakume eta gizonen arteko aukera berdintasun erreala eta eraginkorra lortze aldera, beharrezkoak diren baldintzak bultzatuko dituztela. Horretarako, lan munduan sartzeko aukera berdintasuna, eta lan baldintzetan zein soldatetan berdintasuna lortzeko, neurriak bultzatuz. 

Hamar urte eta gero egoera ez da aldatu, eta larriena dena, okerrera egin duela erakusten dute gaur plazaratutako datuek. Lege honen baliagarritasuna kolokan jartzen dute datuek, baina ez datuek bakarrik. Lege honek egungo lan harreman eredu bera, eta eredu honen ondorioz ematen den sexuen araberako lan banaketa, auzitan ez jartzeak, legeak duen galgarik garrantzitsuena da. Gaur egungo lan harreman eredua irauli gabe, emakumeok ez dugu berdintasunean aurrera egiterik.

Hortaz, lan harreman eredu berri baten beharra azpimarratu nahi dugu. Emakume eta gizonen arteko harreman justu eta parekideetan oinarritutakoa. Gaurko menpekotasunezko harremanak gaindituz, lanaren ikuspegi integrala bermatu eta ematen den sexuen araberako lan banaketarekin bukatuko duena. Soilik horrelako lan harreman eredu batekin lortuko dugulako emakume eta gizonen soldaten arrakalarekin behingoz bukatzea.